1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2744/2025 Ebazpena, 2025eko abenduaren 19koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez agintzen baita argitara dadila erabaki hau: "Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluaren erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatzen duena".
2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut argitara dadila Gobernu Kontseiluak 2025eko abenduaren 19an hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatzen duena.
"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO TEKNIKARIEN ETA KUDEAKETAKO ETA ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOA ALDATZEN DUENA
1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak plantilla organikoa onetsi egin behar dela ezartzen du. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileei aplikatu beharrekoa Unibertsitatearen Estatutuen 106. artikuluaren arabera. Plantilla horretan, lanpostuak zerrendatu behar dira, behar bezala sailkaturik, eta adierazi behar da bakoitza zein mailari dagoen atxikia, eta, bidezkoa denean, zein diren lanpostuan aritzeko egiaztatu behar diren betebehar espezifikoak, bai eta izendapen librearen bidez bete daitezkeen lanpostuak eta ezarritako ordainsari osagarriak erregelamenduaren arabera esleituak dauzkatenak ere.
Gobernu Kontseiluak 2009ko urriaren 6an hartu zuen erabaki baten bidez -zeina 2009ko urriaren 30ean errektoreak emandako 1600/2009 Ebazpenaren bidez argitaratu baitzen-, onetsi egin zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa. Plantilla hori behin eta berriz aldatu da, urtero argitaratzen da, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoera eta egitura organikoa islatzen ditu. Hain zuzen, 2025eko ekainaren 20an argitaratu zen azkenekoa, 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2025eko ekainaren 9an emandako 1131/2025 Ebazpenaren bidez.
Egiaztatu denez, zenbait aldaketa egin beharra dago plantilla organiko hori benetan dauden premietara egokitzeko.
Proposamena Negoziazio Mahaian aurkeztuta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ordezkaritza duten sindikatuei entzun ondoren, hau da kudeatzaileak, 2025eko abenduaren 19an egindako bileran, Gobernu Kontseiluari proposatu dion,
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoaren aldaketak onestea. Eranskin gisa gehitu den memorian daude aldaketa horiek.
Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Laugarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere erabakia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita."
Iruñean, 2025eko abenduaren 19an.–Ramón Gonzalo García, errektorea.
ERANSKINA.–MEMORIA: NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO TEKNIKARIEN ETA KUDEAKETAKO ETA ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOAREN ALDAKETAK
A.–Egitura aldaketak.
A.1. UNITATE BAT SORTZEA.
Unitate organiko hau sortu da:
KUDEATZAILETZA / IRAKASLE ETA IKERTZAILEEN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ARAU GARAPENAREN KUDEATZAILEORDETZA.
Justifikazioa:
Beharrezkotzat jotzen da kudeatzaileordearen lanpostua sortzea, kontuan hartuta Estatutu berriak onestearen ondorioz nahiz Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (LUO) indarrean jartzearen eta Unibertsitateei buruzko etorkizuneko Foru Legearen ondorioz Unibertsitateak datozen hilabete eta urteetan egin beharko dituen antolaketa-, arau- eta egitura-aldaketa sakonak. Inplementazio prozesua konplexua izanen da, eta berme juridikoekin, koherentzia instituzionalarekin eta koordinazio egokiarekin gauzatu beharko da. Era berean, Kudeatzailetzaren eta Gobernu Taldearen zuzendaritza-egitura estatutuak egokitzean plangintza-, zuzendaritza- eta gainbegiratze-eginkizun espezifikoak bere gain hartuko dituen figura baten bidez indartu beharko da, administrazio exekuzioa egokia dela eta legezkotasun- eta efizientzia-printzipioekin bat datorrela bermatzeko.
Bigarrenik, LOSUk aldaketa sakonak eragin ditu irakasle eta ikertzaileen konfigurazioan, bai kontratuen figurei dagokienez, bai sarbide-, sustapen- eta ebaluazio-prozedurei dagokienez ere. Arau-xedapen berri horiek aplikatzeak konplexutasun tekniko eta juridiko handia ekarriko du, eta horrek eragin zuzena izanen du unibertsitateko giza baliabideak kudeatzeko prozesuetan. Horiek horrela, ezinbestekoa da pertsona bakarreko zuzendaritza-organo bat izatea, erregulazio berri horiek koordinatu, interpretatu eta planifikatu ahal izateko, bai eta Unibertsitatearen barneko arauen eta prozeduren inguruko egokitzapenak bultzatzeko ere.
B.–Lanpostuak amortizatzea eta sortzea.
B.1. LANPOSTUAK AMORTIZATZEA.
Lanpostu hauek amortizatu dira:
LANPOSTU ZK. | IZENA | KOKALEKUA |
602 | INFORMATIKAKO KUDEAKETARIA | KUDEATZAILETZA / INFORMATIKA ZERBITZUA / KUDEAKETA KORPORATIBOAREN ATALA / |
610 | INFORMATIKAKO KUDEAKETARIA | KUDEATZAILETZA / INFORMATIKA ZERBITZUA / ERABILTZAILEARI LAGUNTZEKO ATALA / |
831 | ZERBITZUETAKO OFIZIALA | KUDEATZAILETZA / LIBURUTEGI ZERBITZUA / ZERBITZUEN ATALA / OSASUN ZIENTZIEN FAKULTATEKO BULEGOA |
387 | ADMINISTRAZIOKO OFIZIALA | KUDEATZAILETZA / |
411 | ADMINISTRAZIOKO OFIZIALA | KUDEATZAILETZA / |
Justifikazioa:
Informatikako kudeaketarien 602 eta 610 zenbakiko lanpostuak eta administrazioko ofizialen 387 eta 411 zenbakiko lanpostuak amortizatu dira, Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 27ko erabaki baten bidez onetsitako salbuespenezko sustapen prozesuan erabaki horren lehenbiziko apartatuaren c) letran ezarritakoa aplikatu ondoren.
Zerbitzuetako ofizialaren 831 zenbakiko lanpostua amortizatu da, liburutegietako teknikari laguntzailearen lanpostu bat sortzeko. Hala, zerbitzuetako ofizialen lanpostu generikoak liburutegietako teknikariaren lanpostu espezifiko bihurtzen jarraitzen da, esleitutako zereginak liburutegiko egungo beharretara egokitzeko.
B.2. LANPOSTUAK SORTZEA.
Lanpostu hauek sortu dira:
KUDEATZAILETZA / IRAKASLE ETA IKERTZAILEEN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ARAU GARAPENAREN KUDEATZAILEORDETZA.
Irakasle eta Ikertzaileen Araubide Juridikoaren eta Arau Garapenaren Kudeatzaileordea:
–Izendapen libreko behin-behineko langilea.
–Lanpostuaren zk.: 919.
Justifikazioa:
Sortutako kudeatzaileorde lanpostua betetzea.
KUDEATZAILETZA / LIBURUTEGI ZERBITZUA / ZERBITZUEN ATALA / OSASUN ZIENTZIEN FAKULTATEKO BULEGOA.
Liburutegietako teknikari laguntzailea:
–Lanpostuaren zk.: 920.
–Maila: C.
–Mailaren osagarria: % 12.
–Lanpostuaren osagarria: % 14,20.
–Lanaldia: arratsaldez.
–Herria edo hiria: Iruñea.
Justifikazioa:
Liburutegietako teknikari laguntzailearen lanpostu bat sortu da. Hala, zerbitzuetako ofizialen lanpostu generikoak liburutegietako teknikari laguntzaileen lanpostu espezifiko bihurtzen jarraitzen da, esleitutako zereginak liburutegiko egungo beharretara egokitzeko.
C.–Lanpostuak aldatzea.
C.1. LANALDIAREN ERREGIMENA ALDATZEA.
Lanpostu honen lanaldia aldatu da:
LANPOSTU ZK. | IZENA | KOKALEKUA | LEHENGO LANALDIA | ORAINGO LANALDIA |
779 | ADMINISTRAZIOKO OFIZIALA | KUDEATZAILETZA / IKERKETA ZERBITZUA /-/ NADOE | A | LZ |
Justifikazioa:
Lanaldia NADOEren arretaren beharretara egokitzea.
Iragarkiaren kodea: F2600548