1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
310E/2026 EBAZPENA, irailaren 17koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat, banakako laguntzena, irakasleak prestatzeko 2026-2027 ikasturtean, zuzendurik baitago Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleei. DDBN kodea: 930966.
Etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, baita hezkuntzako administrazioen eta ikastetxeen beren erantzukizuna ere; hala ezartzen du maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzkoak. Era berean, legeak ezartzen du hezkuntza administrazioei dagokiela sustatzea irakaskuntzaren kalitatea eta zentroen funtzionamendua hobetzeko programak.
Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 13ko 41/2025 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen "Nafarroan ekitatean eta hezkuntza-kalitatean aurrera egiteko Ituna", eta bertan jasotzen da sortuko dela irakasleen prestakuntzarako banakako laguntzen lerro espezifiko bat, urteko 20.000 euroko hasierako zuzkidurarekin.
Bestetik, Europar Batasunak hezkuntzarako ezarritako erreferentzia esparruan jasota dago Europako gazteek helduarorako prestatzeko funtsezko konpetentziak garatu behar dituztela. Era berean, Europako zuzentarau hori bete nahian, deialdi honek bereziki sustatu nahi du irakaskuntzarako konpetentziak garatzeko prestakuntza, zeinak, aldi berean, laguntzen baititu funtsezko konpetentzien curriculum-garapena eta irakatsi eta ikasteko prozesuen hobekuntza.
Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txosten bat aurkeztu du, onets dadin banakako laguntzak emateko deialdi bat, 2026-2027 ikasturtean presta daitezen Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleak.
Bat etorriz azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuarekin, zeinak ezartzen baitu Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea, banakako laguntzena, irakasleak prestatzeko 2026-2027 ikasturtean, zuzendurik baitago Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleei. Ebazpen honen I. eranskinean bildu dira deialdia arautuko duten oinarriak.
2. Honako hauetarako gastua baimentzea: banakako laguntzak, presta daitezen, 2026-2027 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleak. 20.000 euroko zenbatekoa izanen da gehienez. Gastu hori egotziko zaio 2027ko gastuen aurrekontuan honako honen baliokide gisa gaitzen den partidari: 2026ko gastuen aurrekontuko 420002 - 42100 - 4809 - 321200 partida, "Irakasleen prestakuntzarako banakako laguntzak" izenekoa. Betiere, kreditu egokia eta nahikoa badago.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honek eta beronen eranskinak ez dute administrazio bidea amaitzen, eta horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko Prestakuntza eta Kalitate Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari, eta Hezkuntza Departamentuko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko irailaren 17an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
DEIALDIA, BANAKAKO LAGUNTZENA, IRAKASLEAK PRESTATZEKO 2026-2027 IKASTURTEAN, ZUZENDURIK BAITAGO UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IKASTETXE PUBLIKOETAKO IRAKASLEEI. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehena.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen helburua da banakako laguntzak arautzea, prestakuntza-jardueretara joan eta horietan parte har dezaten, 2026-2027 ikasturtean, ikastetxe publikoetako irakasleek.
Bigarrena.–Hartzaileak.
Laguntza hauek eska ditzakete Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleek, baldin eta jarduneko egoeran badaude edo administrazio edo lan kontratu bat badute prestakuntza-jarduera hasten den egunean eta/edo matrikula egiten den unean.
Hirugarrena.–Jardueren deskribapena.
3.1. Laguntzak emanen dira joateko eta parte hartzeko 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren jardueretara. Jarduera horiek lotura izan behar dute eskatzailearen irakasgaiarekin, arloarekin, zikloarekin edo espezialitatearekin, eta haren gaitasun profesionalak garatzen lagundu beharko dute.
Jarduerak, gainera, hezkuntza administrazio batek edo unibertsitate batek antolatu beharko ditu, edo irabazi-asmorik gabeko erakunde edo instituzio batek, betiere bermatzen baldin bada jarduerak kalitatezkoak direla eta irakasleak prestatzeko egokiak direla, zortzigarren oinarrian aipatzen den batzordearen iritziz.
3.2. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira jarduera hauek:
–Unibertsitate-tituluak lortzera bideratutako ikasketak, hala nola gradua, masterra, aditua, doktorea eta abar.
–Hizkuntza-tituluak lortzera bideratutako ikasketak.
–Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen prestakuntza-planean sartuak dauden prestakuntza-jarduerak.
–Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen prestakuntza-planean aurreikusitakoen antzekoak diren prestakuntza-jarduera guztiak.
Laugarrena.–Laguntzen deskribapena eta zenbatekoak.
4.1. Laguntzak modalitate hauetan banatuko dira:
–A modalitatea: Espainian egiten diren hitzaldiak, biltzarrak, ikastaroak, mintegiak eta antzekoak. Gehieneko laguntza: 400 euro.
–B modalitatea: atzerrian egiten diren hitzaldiak, biltzarrak, ikastaroak, mintegiak eta antzekoak. Gehieneko laguntza: 800 euro.
Gastuak justifikatzeko, dagozkien fakturak aurkeztu ondoren, kontuan hartuko dira honako modulu ekonomiko hauek:
–Matrikula eta inskripzioa: dagokien kostua.
–Joan-etorriak: txartelen kostua. Hegazkin txartelik ez da ordainduko, salbu joateko atzerrira, Kanarietako Autonomia Erkidegora edo Balear Uharteetako Autonomia Erkidegora. Era berean, ez dira ordainduko norberaren autoan egindako bidaiak, ez eta aparkalekuko gastuak, asegurua eta/edo autobideko bidesarien gastuak ere.
–Ostatua eta otorduak: 150 euro gehienez eguneko, bi kontzeptu horiengatik. Jarduera egiteko, otorduak besterik ez bada egin behar etxetik kanpo, 50 euro gehienez eguneko.
4.2. Irakasle eskatzaileei jarduera baterako edo gehiagotarako laguntza ematen ahalko zaie, betiere 4.1 puntuan jasotako gehieneko zenbatekora iritsi arte, helburu horretarako erabilgarri dauden kredituen barnean.
4.3. Baldin, aurrekontu-mugagatik, ezin bazaie eskaera guztiei erantzun, hainbanaketa bat eginen da, eta behar den ehunekoa murriztuko zaie eskaera guztiei.
Bosgarrena.–Bateraezintasunak.
Honako egoera hauetakoren batean daudenak ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan:
–Jaso dutenak beste laguntza edo bekaren bat, helburu berarekin eta ikasturte bererako, honako hauek emana: Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak, beste autonomia erkidego batzuek edo beste erakunde batzuek.
–Ikasketak egiteko lizentzia bat duten irakasleak.
Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 2027ko irailaren 1ean hasiko da, eta urte eta hil bereko 15ean bukatuko.
Zazpigarrena.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.
Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dira, eta horretarako erabili beharko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa:
https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/ayudas-individuales-para-la-formacion-del-profesorado-de-centros-publicos-de-ensenanza-no-universitaria-2026-2027
Eskaerak aurkezteko epea hasten denean, fitxa horretan esteka bat (Eskatu) gaituko da, bideratuko duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikora, eta bertan egonen da bete beharreko inprimaki berariazko bat, erantsi beharreko agiriekin batera.
Inprimaki horretan jasotzen da, besteak beste, erantzukizunpeko adierazpen bat, zeinaren bidez agertu beharko baita deialdi honen bosgarren oinarrian adierazitakoa.
Orobat, eskatzaileak honako agiri hauek erantsi beharko ditu:
–Bertaratze-ziurtagiria edo prestakuntza-jarduera gainditu izanaren ziurtagiria, erakunde antolatzaileak emana. Bertan, honako hauek jasoko dira: eskatzailearen izen-abizenak, NANa edo antzekoa, jardueraren izena, jarduera zer egunetan egin den eta ikastaroaren ordu kopurua.
–Dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagozkion gastuen fakturak eta ziurtagiriak, deialdi honen laugarren oinarrian ezartzen direnak, eskaneatuak.
–Faktura horiek ordaindu izanaren frogagiriak.
–Hautapen batzordeak jatorrizko agiriak eskatzen ahalko ditu behar diren egiaztapenak egiteko, baldin horrelakorik beharrezkotzat jotzen badu.
Zortzigarrena.–Hautapen batzordea.
Laguntzak emateko proposamena egiteko, hautapen batzorde bat eratuko da, kide hauek izanen dituena:
–Prestakuntza eta Kalitate Ataleko burua, batzordeburu gisa arituko dena.
–Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoko burua, idazkari gisa arituko dena.
–Unibertsitateaz kanpoko Irakasleen Batzordeak proposatutako pertsona bat, batzordekide gisa arituko dena.
–Kide titular bakoitzari ordezko bat esleitzen ahalko zaio, haren ordez arituko dena justifikatutako absentzia-kasuetan, hitzarekin eta botoarekin.
Bederatzigarrena.–Deialdia ebaztea.
Ebazpen proposamena ikusirik, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendaritza nagusiak hiru hilabeteko epean ebatziko du, gehienez, laguntzen emakida, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ebazpen horrek hauek jasoko ditu:
–I. eranskina: laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda.
–II. eranskina: laguntza onartzen ez zaien edo ukatzen zaien pertsonen zerrenda, deialdiko baldintzak ez betetzeagatik.
Hautapen batzordeak jendaurrean jarriko ditu esleipen prozesuaren emaitzak, honako hauetan argitaratuz:
–Hezkuntza Departamentuaren web-orria:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio
–Nafarroako Gobernuaren ataria:
https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/ayudas-individuales-para-la-formacion-del-profesorado-de-centros-publicos-de-ensenanza-no-universitaria-2026-2027
Hamargarrena.–Laguntzak ordaintzea.
Esleitutako laguntzak eskaerak ebatzi ondoren ordainduko dira, bederatzigarren oinarrian jasotzen den bezala.
Laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, banku-kontua erregistratu behar da Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean, Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Katalogoko "Banku-kontuak jakinaraztea, Foru Administrazioaren ordainketak jasotzeko" tramite-fitxaren bidez, esteka honetan:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
Hamaikagarrena.–Konpromisoak.
Deialdi honetara aurkezteak berekin dakar deialdiaren oinarriak onartzea.
Deialdi honen babesean dirulaguntzak jasotzen dituzten irakasleek konpromisoa hartzen dute lankidetzan aritzeko Hezkuntza Departamentuarekin, zabaltzeko bai eskuratutako ezagutzak, baita jasotako materiala eta dokumentazioa ere, prestakuntza-jarduerarko gaiarekin lotuta dauden irakasleen artean.
Hamabigarrena.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta berau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2612626