206. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 15a

5. HAUTESKUNDE PROZEDURA

LIZARRAKO ESKUALDEKO HAUTESKUNDE BATZORDEA

Lizarrako Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen hasierako eraketa

Lizarran, 2026ko urriaren 9an.

2026ko urriaren 6ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen urriaren 5eko 806/2026 Errege Dekretua, Diputatuen Kongresua eta Senatua desegiteari eta hauteskundeetarako deia egiteari buruzkoa. Deialdia egin eta hurrengo hirugarren egunean gaudenez, bidezkoa da hasierako eraketa egitea probintziako eta eskualdeko hauteskunde batzordeen kide judizialekin, bat etorriz Hauteskunde-araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 14.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Honako hau betez, Lizarrako Eskualdeko Hauteskunde Batzordea eratzen da, zeina osatuko baitute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Gobernu Salak 2026ko urriaren 6an izendatutako kide judizialek. Hain zuzen ere, honako hauek osatuko dute: Beatriz García Noain andreak, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko Arlo Zibilaren Ataleko 1. plazaren magistratu titularrak; María Francisca Gómez Soriano andreak, Lizarrako Auzialdiko Auzitegiko Arlo Zibilaren eta Instrukzioaren Ataleko 1. plazaren ordezko epaileak; eta, azkenik, Damián Rubio Negueruela jaunak, Lizarrako Auzialdiko Auzitegiko Arlo Zibilaren eta Instrukzioaren Ataleko 2. plazaren titularrak.

Jarraian, aipatu batzordeko burua hautatu da, 14. artikuluaren 3. puntuan xedatutakoaren arabera, eta, hiru kideen artean, Damián Rubio Negueruela jauna hautatu da, Lizarrako Auzialdiko Auzitegiko Arlo Zibilaren eta Instrukzioaren Ataleko 2. plazaren titularra.

Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoaren 11. artikuluaren 3. puntuan xedatutakoaren arabera, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeko idazkaria izanen da Esther Ana Jurío Guembe andrea, Justizia Administrazioaren letradua eta Izapidetze Zerbitzu Erkideko zuzendaria.

Jarraian, bat etorriz Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoaren 17. artikuluan xedatutakoarekin, Beatriz García Noain andreak, kide izendatu denak, eskatu du kargu horretatik kentzea, indarrean baita Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2026ko azaroaren 29tik 2026ko abenduaren 6ra bitartean emandako opor-baimena; izan ere, hauteskundeetarako deia egin aurretik bidaia bat zuen kontratatua eta horrek kalte ekonomikoa eta pertsonala dakar. Horretarako, agiri hauek aurkeztu ditu: bidaia-erreserbaren berrespena, 2026ko urriaren 1ean sinatua eta 2026ko azaroaren 29ko irteera-data duena, eta kontratatutako bidaiaren gordailuari lotutako transferentziaren banku-ziurtagiria.

Egintza honetan, batzordeko buruak onartu du Beatriz García Noain andreak alegatutako uko egitea, uste baitu justifikatua dela, Hauteskunde Batzorde Zentralaren ekainaren 8ko 329/2023 Erabakian jasotako doktrinaren antzeko aplikazioaren babesean. Erabaki horrek hizpide du hauteskundeetarako deia egin aurretik bidaia bat kontratatzearen kausa salbueslearen tratamendua, ezin delako atzeratu edo galera ekonomikoa dakarrelako. Batzordeko buruak uste du Beatriz García Noain andreak aurkezturiko agiriek behar adina islatzen dituztela Hauteskunde Batzorde Zentralak erabakian eskatutako baldintzak, eta horretarako faktore erabakigarri gisa honako hauek azpimarratzen ditu: bidaia zein egunetan kontratatu zen (2026ko urriaren 1ean, hauteskundeetarako deia egin baino lehen), oporraldiak bat egiten duela hauteskunde-egunarekin, eta bidaia bertan behera uzteak bidegabekeria ekonomiko eta pertsonala ekar dezakeela.

Ez dagoenez egintza honetan izenda daitekeen ordezko kiderik, Batzordeko buruak erabakitzen du akta honen lekukotza bidaltzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Gobernu Salara eta Probintziako Hauteskunde Batzordera, behar diren ondorioak izan ditzan. Akta amaitutzat jotzen da, eta Batzordeko kide guztiek sinatu dute. Horren fede ematen dut.

Lizarran, 2026ko urriaren 9an.–Lizarrako Eskualdeko Hauteskunde Batzordeko idazkaria, Esther Ana Jurío Guembe.

Iragarkiaren kodea: J2613242