206. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 15a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA

Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, EDistribución Redes Digitales SLUri aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen dizkiona "Erdi tentsioko saihesbidea Cortes TAEtik" proiekturako, Malléngo (Zaragoza) eta Cortesko (Nafarroa) udal mugarteetan

Ingest de Proyectos SLk (aurrerantzean, Ingest de Proyectos), Copisa Constructora Pirenaica SA ordezkatuz, 2025eko ekainaren 4ko idazki bidez (geroago zuzendu zen) eskatu zuen aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eman zekizkiola "Erdi tentsioko saihesbidea Cortes TAEtik" proiekturako, Malléngo (Zaragoza) eta Cortesko (Nafarroa) udal mugarteetan.

Espedientean jasota dago EDistribución Redes Digitales SLren idazki bat, non adierazten baitu ezen, Copisa Constructora Pirenaica SA A-68 errepidearen eraikuntzaren adjudikazioduna izanik, eta EDistribución Redes Digitales SLUren jabetzako erdi tentsioko aireko linea baten afektazioagatik, hornidura-baldintzak eskatu zizkiola konpainia horri, linea horren saihesbide bat egiteko, eta EDistribución Redes Digitales SLUk eman zituela jarduketa horiek egiteko baldintza tekniko-ekonomikoak, Copisak baimentzekoak. Era berean, EDistribución Redes Digitales SLUk bere idazkian adierazten duenez, instalazioaren titularra EDistribución Redes Digitales SLU izanen da, bera izanen baita instalazioaren jabea eta hura mantentzeaz arduratuko dena; beraz, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoa betetzen da, ezartzen baitu banatzailea arduratuko dela banaketa-instalazioak eraikitzeaz, mantentzeaz eta eragiteaz.

Proiektuko jarduketaren xedea da erdi tentsioko sarearen saihesbide bat eraikitzea: aireko eta lurpeko lineetarako bihurketa-euskarria, lurpeko sarea eta erdi tentsioko aireko sareak Cortes TAEtik, hori guztia A-68 errepide berriaren eraikuntza lanak direla eta.

Ingest de Proyectosek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu du, frogatzen duena aplikatzekoa zaion araudia betetzen dela, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluan ezarri bezala.

Espedientea izapidetu zen Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloan eta Gobernuak Zaragozan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloan, eta izapidetu zen, hain zuzen, bat etorriz Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin, eta kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak ukitzen dituen heinean.

Honako hauen erantzunak jaso ziren: E-Distribución Redes Digitales SLU, Estatuko Errepideen Demarkazioa Aragoin, Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioa, Mallengo Udala, Cortesko Udala eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentua. Erantzun horietan, ageri da zer baldintza dituzten sustatzaileak egin beharreko jarduketek. Sustatzaileari igorri zaizkio erantzun horiek, eta ados dagoela adierazi du.

Zaragozako Hirigintzako Probintzia Kontseiluari galdetuta, ez da erantzunik jaso; horrenbestez, ados dagoela ulertzen da, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.2, 131.1 eta 146.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Horrez gain, eskaera jendaurrean jarri zen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, iragarki bat paratu baitzuten Gobernuak Zaragozan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak eta Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak 2025eko 295. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 9koan; 2025eko 33. Zaragozako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 15ekoan, eta 2026ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 8koan. Ez zen alegaziorik jaso horretarako legez ezarritako epean.

Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak eta Gobernuak Zaragozan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Bulegoak txosten bana egin zuten proiektatutako instalazioaren aurretiazko administrazio-baimenaren eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaerari buruz.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 128., 131. eta 148. artikuluekin bat, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi hau eskuduna da ebazteko ebazpen honen xede diren jarduketen aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena emateko prozedura, bai eta haren onura publikoa zehazki deklaratzekoa ere.

Aintzat hartuz Administrazioaren jarduera zuzendu behar duten printzipioak, prozesuaren azkartasuna eta ekonomia, alegia, bidezkoa da egintza bakar baten bidez ebaztea Ingest de Proyectosen eskaera, aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena emateari buruzkoa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat, zuzendaritza nagusi honen ebazpen proposamenak Ingest de Proyectosi entzunaldia emateko tramitea bete du, eta hark aldeko erantzuna eman du. Era berean, Ingest de Proyectosek adierazi du ezen, saihesbidea egin ondoren, erabileraz kanpo geratzen den linea deseginen dela, izapidetutako proiektuan jasotzen den bezala.

Baimen hauek ematen badira ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren emakidak eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guztiak ere. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak eskuratu beharko dira.

Horregatik guztiagatik, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan legez ezarritako eskumenak baliatuz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizi.–Aurretiazko administrazio-baimena ematea EDistribución Redes Digitales SLUri, "Erdi tentsioko saihesbidea Cortes TAEtik" proiekturako, Malléngo (Zaragoza) eta Cortesko (Nafarroa) udal mugarteetan.

Lan hauek eginen dira proiektatutako jarduketan:

–Erdi tentsioko lurpeko linea.

  • Hasiera: Cortes azpiestazioa.
  • Amaiera: S41489 euskarri berria.
  • Ezaugarriak:
    • Frekuentzia: 50 Hz.
    • Tentsioa: 13 kV.
    • Zirkuitu bakuna.
    • Eroale mota: 3x1x240 AL XLPE 12/20 kV.
    • Luzera: 176 m.

–Erdi tentsioko aireko 1. linea:

  • Hasiera: S41489 euskarri berria.
  • Amaiera: 1 euskarria.
  • Ezaugarriak:
    • Frekuentzia: 50 Hz.
    • Tentsioa: 13 kV.
    • Zirkuitu bakuna.
    • Eroale mota: LA-56 eroalea.
    • Luzera: 43 m.

–Erdi tentsioko aireko 2. linea:

  • Hasiera: S41489 euskarri berria.
  • Amaiera: 3 euskarria.
  • Ezaugarriak:
    • Frekuentzia: 50 Hz.
    • Tentsioa: 13 kV.
    • Zirkuitu bakuna.
    • Eroale mota: LA-56 eroalea.
    • Luzera: 67 m.

Bigarrena.–Eraikitzeko administrazio-baimena ematea EDistribución Redes Digitales SLUri, "Erdi tentsioko saihesbidea Cortes TAEtik" proiekturako, Malléngo (Zaragoza) eta Cortesko (Nafarroa) udal mugarteetan, ebazpen honen eranskinean jasotzen diren baldintza bereziekin.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren Estatuko Idazkaritzari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

Madrilen, 2026ko irailaren 23an.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

ERANSKINA.–BALDINTZAK

Eraikitzeko administrazio-baimena ematen da, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat eta baldintza berezi hauekin:

1. Lanak egin beharko dira aurkeztu den proiektuarekin eta aplikatzekoak zaizkion erregelamenduzko xedapenekin bat, eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda, beharrezkoak badira.

2. Ustiapen-baimena emateko epea hemezortzi hilabetekoa izanen da, ebazpen hau eskatzaileari jakinarazten zaionetik hasita.

3. Instalazio horren titularrak lanen amaieraren berri eman beharko dio probintziako organo eskudunari, ustiapen baimena behin betikoz onartu eta zabaltzeko.

4. Eraikitzeko administrazio-baimenak ez du inola ere instalazioaren titularra salbuesten instalazioek behar dituzten gainerako baimen osagarriak lortzetik; besteak beste, lortu beharko ditu industria segurtasunaren arloko legeriak, sistema laguntzaileei dagokienez, horiek instalatu edo abian jarri aurretik, eskatzen dituen baimenak, autonomia erkidegoen eskumenekoak, edo, bestela, kontrolerako beste formalitate guztiak bete beharko ditu.

5. Administrazioak ondoriorik gabe utziko du ebazpen hau baldin eta ikusten bada, denboraren joanean, ebazpenean ezartzen diren eskubideen titularrak ez dituela betetzen bertan ezarritako baldintzak. Kasu horietan, Administrazioak, behar den espedientea bideratu ondoren, kasuko baimena baliogabetzea erabakiko du, horrek dakartzan ondorio administratibo eta zibil guztiekin, indarra duten lege xedapenekin bat.

6. Instalazioaren titularrak kontuan hartuko ditu, hura egiteko, erakundeek ezarri dituzten baldintzak, zeinak jakinarazi zaizkion eta berak berariaz onartu dituen.

7. Baldintzatzat ezartzen da linea desegitea, jarduketa hau egiteko beharrezkoa baita, bai eta desegite hori egin dela organo eskudunaren aurrean egiaztatzea ere, behar den ustiapen-baimena eman dezan.

Iragarkiaren kodea: E2612660