2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
XABIER
Ordenantza fiskala, autokarabanak eta bizitegi-ibilgailuak autokarabanen eremuan aparkatzea eta gaua ematea arautzen duena. Behin betiko onespena
Xabierko Udalak, 2026ko ekainaren 18an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Autokarabanak eta bizitegi-ibilgailuak autokarabanen eremuan aparkatzea eta gaua ematea arautzen duen ordenantza fiskala.
Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2026ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 21ean. Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi, eta agintzen da argitara eman dadila, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.
Xabierren, 2026ko irailaren 29an.–Alkatea, Laura Guindano Tainta.
UDAL ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA XABIERREN
AUTOKARABANAK ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUAK APARKATZEA
ETA HORIETAN GAUA EMATEA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da arautzea autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen aparkamendua eta horietan gaua ematea kanpaldietarako, aldi baterakoak zein ibiltariak izan, Xabierko udal-mugartean. Hori guztia, zaintzeko bertako natura baliabide eta espazioak eta bermatzeko pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena egiten dela, espazio publikoen erabiltzaile guztien artean.
2. artikulua. Ibilgailuetan gaua igarotzea.
Oro har eta berariaz kontrakoa baimendu ezean, debeku da ibilgailuen barruan gaua igarotzea udal-mugarte osoan, salbu eta horretarako diren eremuetan, bat etorriz ordenantza honetan araututakoarekin.
3. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.
Zehapena ezarriko zaio autokarabanak aparkatzeko erreserbatutako eremuan kanpaldi librea egiten duenari. Hurrengo artikuluetan zehaztuko da zein den kanpaldi librearen eta autokarabanak aparkatzearen arteko aldea.
4. artikulua. Kanpaldi librea.
Kanpaldi libretzat hartuko da:
–Aisiarako edozein tresna jartzea autokarabanaren espaziotik kanpo.
–Ordenantza honetan ezartzen dena baino denbora gehiago egotea autokarabanen aparkalekuan.
5. artikulua. Zilegi da autokarabanak eta horien gisako ibilgailuak gelditzea eta aparkatzea hiri bideetan; betiere, baldintza hauek betetzen badira:
–Ibilgailu bat gelditzea edo aparkatzea, arriskuan jarri gabe edo oztopatu gabe zirkulazioa edo oinezkoen joan-etorria.
–Jardutea indarrean dagoen araudiari jarraituz.
–Ibilgailua kokatzea horretarako baimendutako moduan eta tokian.
–Ez ateratzea aparkaleku-plazatik.
–Ez gelditzea edo aparkatzea etxebizitzen parean, baldin ataria, saltokiak edo beheko solairua badute.
Orientazio gisa, kasu hauetan ulertuko da autokarabana bat geldituta dagoela eta ez dagoela kanpatuta:
1. Gurpilekin bakarrik ukitzen badu lurra (ez badira jaitsi egonkortzeko euskarriak edo bestelako tresnak).
2. Autokarabana itxiaren espazioa baino gehiagorik okupatzen ez bada, hau da, ez badago leiho irekirik (leiho irekiak edo goitik kanpora irekitzen diren leihoak, ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen dutenak), aulkirik, mahairik, toldo irekirik eta abar.
3. Emisiorik egiten ez bada (kutsatzen duena edo ez), salbu eta ihes hodiaren motor errekuntza bera, eta ez badago gizalegearen edo osasungarritasunaren aurkako portaerarik, hala nola eremu publikoan ura hustea. Ez bada zarata gogaikarririk sortzen, hala nola sorgailu elektriko bat piztea ohiko atseden ordutegian edo denbora luzez.
6. artikulua. Zerbitzugunea.
Autokarabanetarako zerbitzugunea Xabierko aparkalekuan dago (1. poligonoko 95. lurzatia). Hona hura erabiltzeko arauak:
a) Erreserbatutako eremuetan, etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatutako ibilgailuek bakarrik aparkatzen ahalko dute (autokarabanak, karabanak, kanperrak eta antzekoak), eta gainerako ibilgailu guztiak kanpo geldituko dira.
b) Aparkatutako ibilgailuek beti errespetatu beharko dituzte plaza bakoitzerako espazio mugak, eta ez dute kanpora aterako mahairik, aulkirik, eguzkitakorik, toldorik edo bestelako tresnarik.
c) Gaua igarotzeko oinarrizko eremuak okupatzen ahalko dira egonaldiko 48 orduz gehienez ere. Betiere, okupatzen ahalko dira gaua emateko azken gauaren biharamuneko 10:00ak arte.
Aldi horretan ez dago denbora mugarik, eta tasa bat ezarriko da eguneko, aparkatzeko eta gaua emateko.
Ezinbesteko arrazoiengatik edo beharragatik, gainditzen ahalko da gehieneko denbora hori, poliziak edo alkateak baimendu ondotik.
d) Erabiltzaileek espazioa izanen dute autokarabanetan edo horien gisako ibilgailuetan sorturiko ur gris eta beltzak isurtzeko, baita ur hargune bat ere. Espazio horretan ezin izanen da aparkatu, eta erabiltzaileen eskura egonen da. Erabili ondotik, higienea mantendu beharko da. Berariaz debeku da edozein motatako ibilgailuak garbitzea.
e) Aparkalekuko zerbitzuguneko erabiltzaileek bete beharko dituzte Udalak edo poliziak ematen dizkieten jarraibide, guztiak, zaintzari, errespetuari eta gizalegeari dagokienez. Era berean, Udalak noiznahi xedatzen ahalko du zerbitzuguneko espazioak beste zerbaitetarako erabiltzea, eta horrek ez die inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileei.
f) Egonaldian ez da sortu beharko zaratarik edo herritarrentzako eragozpenik.
7. artikulua. Ikuskapena.
Arau-haustea da ordenantza honetako edozein artikulu ez betetzea edo haustea, baita ordenantza garatzeko alkateak emandako xedapenak ez betetzea edo haustea ere, eta Osoko Bilkurari dagokio kasuan kasuko ikuskapenak egitea eta zehapenak ezartzea.
Polizia arduratuko da ordenantza hau betetzen dela zaintzeaz.
8. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.
1. Xabierko Udaleko alkate udalburua edo hark eskuordetutakoa izanen da zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna.
2. Zehapen-prozedura gauzatuko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
3. Espedientearen ebazpena jakinaraziko da prozedura hasten denetik gehienez ere sei hileko epean, eta bertan interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko dira, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.
Prozedura hasten denetik sei hilabetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunek eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz artxibatuta, salbu eta prozedura gelditu bada, interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz.
9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Ordenantza arautzaile honetan ezarritakoa hausten duen arau-hauste oro zehatuko da 90 eta 300 euro arteko isunarekin. Zehapenak mailakatuko dira eragindako arrisku, eragozpen edo inpaktuen arabera edo arau-haustea behin baino gehiagotan egitearen arabera. Ulertuko da arau-haustea berriz egin dela baldin bi urteko epean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egiten bada, administrazio-ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
Betiere, arau-hauste astuna izanen da kanpaldi librea egitea, eta 300 euroko isunarekin zehatuko da. Isuna 450 eurora arte igotzen ahalko da, jarduketak hiri-altzariei eragin badie edo kanpaldiaren espazioa zikindu bada, eragindako kalteak konpontzeko betebeharraz gain. Igoera hori aplikatuko da, halaber, baldin instalatzen badira inguruneari kalte egiten dioten edo ingurunea arriskuan jartzen ahal duten barbakoak edo horien gisako elementuak.
10. artikulua. Kautelazko neurriak.
Indarrean dagoen araudian zehaztutako kasuetan, ibilgailu arau-hauslea espazio publikoan geldiaraziko da, edo handik kendu.
Arau-hauste bat gertatzen denean, arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko bizilekua Espainiako lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak behin-behinean ezarriko du isunaren zenbatekoa, eta, zenbateko hori ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua geldiarazi eginen du.
11. artikulua. Erantzukizuna.
Arau-hauslea izanen da lege honetan zehaztutako arauak urratu izanaren erantzulea.
Kasua bada, ibilgailu arau-hauslearen titularrak edo errentariak deklaratu beharko du gidari arau-hauslea nor den, egiaz, hala eskatzen zaionean. Betebehar hori betetzen ez badu behar den prozedurazko izapidean, 300 euroko isunarekin zehatuko da, arau-hauste astunaren egile gisa.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
ERANSKINA.–TASAK
Aparkatzeagatik: 10,00 euro egunean.
Iragarkiaren kodea: L2613148