206. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko urriaren 7an hartua, aldaketa bat onesten duena "Tuteran unibertsitate publikoa jartzea" udalez gaindiko plan sektorialean, haren eremua birmugatzeko. Sustatzailea Hezkuntza Departamentua da.

Nafarroako Gobernuak 2026ko maiatzaren 13an erabakita, hasiera ematen zaio "Tuteran unibertsitate publikoa jartzea" udalez gaindiko plan sektoriala eta plan sektorial horren 1. sektoreko plan berezia aldatzeko espedienteen izapidetzeari. Planaren eremua birmugatzeari edo 1. sektoreko azalera murrizteari buruzkoak dira espedienteak. Sustatzailea Hezkuntza Departamentua da. Erabaki hori 2026ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 2koan, eta hilabeteko epea hasi zen jendaurreko informaziorako eta Tuterako Udalari entzunaldia emateko.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean eta entzunaldian ez du inork alegazio idazkirik aurkeztu.

2026ko uztailaren 16an, departamentu sustatzaileak eskatu zuen udalez gaindiko plan sektorialaren (aurrerantzean, UGPS) aldaketari soilik dagokion izapidearekin jarraitzeko. 2026ko uztailaren 17an, aldaketa horren azken bertsioa aurkeztu zuen.

Udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketaren xedea da UGPSaren eremua berriz mugatzea, zehazki:

–UGPSaren eremutik kanpo uztea: Tarazona etorbideko espaloiari dagokion bide-lurzatiaren zerrenda eta 3. poligonoko 1817., 1386., 2020., 2205., 1823. eta 1822. katastro-lurzatiak (partzialki), bai eta bide-lurzatien zati bat ere (Huertas Mayores etorbidea, Tarazona etorbidea eta Rape bidea).

–UGPSaren eremua katastrorik eguneratuenera egokitzea.

Proposatutako bazterketen arrazoia da 1. sektorearen eremua egokitzea hura garatzen duen plan berezian definitutakora, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak hartutako konpromisoa betetzea, zeina hala xedatzen baitu lehenengo klausulak NUPen Tuterako campusa garatzeari lotutako konpromisoak eguneratzeko eta udalerri horretan ikastetxe berri bat eraikitzeko Nafarroako Gobernuaren, Tuterako Udalaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko hitzarmenean (2025eko uztailaren 24koa).

Aldaketaren edo birmugaketa berriaren ondorioz, 1. exekuzio-unitateri (UE1) eta bide sistema orokorrari (SGV) buruzko erreferentziak kendu behar dira 1. sektoreari buruzko arau-atalean, eta indarrean dagoen plan sektorialaren antolamendu-plano guztiak aldatu behar dira.

Lehen aipatutako hitzarmenak ezartzen zuen Tuterako Udalak bere plangintza berrian antolatuko zituela lursail horiek, ikastetxe bat ahalbidetzeko eta lehengo nekazari-kooperatibaren erabilerak definitzeko. Akordio horrek planteatu zuen alderdi sinatzaileek erabaki zezaketela UGPSaren eta plan bereziaren aldaketen eraginkortasuna etetea edo baldintzatzea, etorkizuneko udal-antolamenduarekin koordinatzeko.

Alderdi sinatzaileek berariazko adierazpenik egin ez dutenez, baztertu egiten da aldi baterako koordinazio-klausula hori aplikatzea. Beraz, aldaketa-espedientea onetsi ondoren, zuzenean eta berehala aplikatuko dira 1991ko toki plangintzaren determinazioak, hala nola ekipamendu- eta industria-eremuak, eremu libreak eta bide publikoak.

Aurkeztutako aldaketa-dokumentu berriak kontuan hartzen ditu prozedura hasteko Nafarroako Gobernuaren 2026ko maiatzaren 13ko Erabakian jasotako gogoetak. Zehazki, ukitutako jabeen zerrenda eta proposatutako araudia araztu dira, eta hirigintza-estandarrak betetzen direla justifikatzeko atal batekin osatu da, bai eta urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuak eskatutako edukiekin ere (foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta hirigintza- eta lurralde-plangintzako tresnak aurkezteko formatua).

Hala ere, indarrean dagoen UGPSarekin bat etorriz eta nahasketak saihesteko, antolamendu-planoetan "proposatutako muga" dioten erreferentziak aldatu dira ofizioz, eta haien ordez "eremuaren muga" jarri. Orobat, ez da onartzen espazio-unitateei buruzko bektore-geruza edo -informazioa, esparru horiek ez baitira jasotzen edo justifikatzen indarrean dagoen edo izapidetzen ari den udalaz gaindiko plangintzaren hirigintza-antolamenduko determinazio egituratzaileetan.

Bestalde, aurkeztutako dokumentu berriak berrikuntza bat aurreikusten du eremuaren birmugaketan: egungo katastroko lurzati-zerrendara eta 1. sektoreko plan berezira egokitzen da, Nafarroako Gobernuak, Tuterako Udalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak aurretik sinatutako hitzarmenean adierazitako lurzatiak baztertzeaz gain.

Aldaketa horiek ez dira funtsezkotzat jotzen jendaurrean jarri zen dokumentuari dagokionez. Beraz, ez da uste espedientea berriz jendaurrean jarri behar denik.

Bestalde, arau-hierarkia eta plangintzaren koherentzia bermatzeko, araubide iragankor bat ezarri behar da, aplikatu beharko dena harik eta indarrean dagoen antolamendu xehatua (1. sektoreko plan berezia) errealitate egituratzaile berrira edo aldaketa honetara egokitu arte.

2026ko irailaren 23an, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak aldeko txostena egin zuen, eta izapidetzea bat etorri zen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Aldaketa bat onestea "Tuteran unibertsitate publikoa jartzea" udalez gaindiko plan sektorialean, haren eremua birmugatzeko. Sustatzailea Hezkuntza Departamentua da.

2. Aldaketa honek indarra hartutakoan, onetsitako determinazio egituratzaileak zuzenean eta lehentasunez aplikatuko dira. Indarrean dauden antolamendu xehatuko determinazioek (1. sektoreko plan berezia) indarrean jarraituko dute, baldin eta kontra egiten ez badiote antolamendu egituratzaile berriari, hura oztopatzen ez badute edo harekin bateraezinak ez badira.

Ondorioz, ez da eraikuntzari, partzelazioari edo jarduerari buruzko hirigintza-lizentziarik emanen, eta erantzukizunpeko adierazpenen eraginkortasuna etenda geldituko da, baldin eta kasuan kasuko eremu sektorialean edo lurzatian zuzeneko kontraesana badago antolamendu xehatuaren eta plan sektorialaren determinazio egituratzaile berrien artean, harik eta 1. sektoreko plan bereziaren aldaketa bat onesten den arte, haren determinazio xehatuak determinazio egituratzaile berrietara egokitzen dituena.

3. Adierazi behar da ezen, UGPStik kanpo utzitako lurzoruetan, 1991n onetsitako Tuterako HAPOko tokiko plangintzaren determinazioak aplikatuko direla.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, tresnan jasota dauden arauekin batera (eranskinean daude).

Onetsitako eta eginbidetutako agiria Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean eskuratzen ahalko da.

5. Erabaki hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Tuterako Udalari, NUPi eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari eta Hezkuntza Departamentuari.

6. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eta onetsitako hirigintza araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko urriaren 7an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

HIRIGINTZA-ARAUDI EGITURATZAILEA (ALDATUA)

1. SEKTOREA.

• Sailkapena:Hiri-lurzoru finkatugabea (UE 2) eta lurzoru urbanizagarri sektorizatua (UE 3).

Zizur Nagusian, 2026ko uztailean. Luis Turiel Díaz, arkitektoa. Mikel Zabalza Zamarbide, arkitektoa.

Iragarkiaren kodea: F2613111