2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IZUKO KONTZEJUA
Ordenantza, hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzuak egiteko eskubide eta tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Izuko Kontzejuko Auzo Batzarrak, 2026ko ekainaren 20an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Izuko Kontzejuaren hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzuak egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.
Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2026ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 21ean. Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi, eta agintzen da argitara eman dadila, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.
Izun, 2026ko irailaren 15ean.–Kontzejuko burua, Moisés Garjón Villanueva.
ORDENANTZA, IZUKO KONTZEJUAREN HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZUAK EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA
LEHENBIZIKO KAPITULUA.–HILERRIA ERABILTZEA ETA ERABILTZEKO ESKUBIDEAK
1. artikulua. Izuko Kontzejuari dagokio, bere eskumenen esparruan eta indarreko legediarekin bat etorriz, Izuko Kontzejuaren hilerria administratzea, antolatzea, zuzentzea, kontserbatzea eta zaintzea, horrek ezertan ukatu gabe beste administrazio publiko batzuei dagozkionak.
2. artikulua. Administratzeak, zuzentzeak eta zaintzeak honako ahalmen hauek dakartza berekin:
a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin zerikusia duen guztia.
b) Gorpuak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.
c) Lurrak eta hilobiak antolatzea, banatzea, erabiltzea eta aprobetxatzea.
d) Eskubideak eta tasak kobratzea.
3. artikulua. Kontzejuko buruaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du, eta behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Kontzejuari, bere eginbehar hori ahalik eta hobekiena betetzeko.
4. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen diren gorpu guztiak hilobiratuko dira, betiere legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasei buruzko eranskinean jasotzen diren ehorzketa eskubideak.
5. artikulua. Desobiratzeak izan daitezke hilerrian berean lekuz aldatzeko edo beste hilerri batera eramateko. Nolanahi ere, atera behar dira jarraikiz osasunaren gainean indarra duten xedapenei, behar diren neurri guztiak hartuta osasunaren aldetik.
6. artikulua. Desobiratzea egin behar denean epea bukatzeagatik, ez da inolako abisurik eman beharko.
Desobiratzea eskatzen duenak bere kontura eginen ditu desobiratze lanak. Alkatetzari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.
7. artikulua. Ezin izanen da lur berria okupatu beste hilerri batetik ekarritako gorpu edo gorpuzkiak berriz ehorzteko; errauts-hobietan edo hezurtegi orokorrean jarri beharko dira.
8. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik izan ez badu, baltsamatu gabeko gorpuak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:
a) Lurpean ehortzitako gorpuak atera daitezke lurperatu zirenetik gutxienez hamar urte iraganda, arrunt hezurturik baldin badaude.
b) Hilobi mota guztietan, zinkezko hilkutxan ehortzi bada, noiznahi ateratzen eta lekuz aldatzen ahalko da, baldin hilkutxaren kontserbazio egoera guztiz ona bada.
Horiek baino epe laburragoetan ez da emanen gorpurik ateratzeko baimenik, epaile baten aginduz ez bada. Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da desobiratuko, epaileak agindu ezean.
9. artikulua. Noiznahi baimendu daiteke gorpu baltsamatuak hobitik atera eta lekualdatzea, baina hilkutxaren kanpoko kutxa berria paratu beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.
10. artikulua. Bai gorpu bat desobiratzen denean lekuz aldatzeko, bai berriz ere ehorzten denean, dagokion erregistroan jasoko da horren oharra.
11. artikulua. Hilerriko lursailak doan erabiltzen ahalko dira, behin ordaindurik Kontzejuak ezarritako tasak, ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak egitekoak.
12. artikulua. Hilerriko lurra ehorzketak egiteko bakar-bakarrik erabiliko da, eta ez dago baimendurik hilobi-elementurik jartzea.
Hilarriak eta apaingarriak hormarekin lerrokaturik paratu beharko dira, lurra egonkortutakoan.
Errauts-hobiak erabiliko dira haien zenbaki-hurrenkerari jarraikiz.
13. artikulua. Hilobien kokalekua, lur-erauzketako gastuak eta hobiak ireki eta ixteko gastuak Kontzejuaren kontura izanen dira. Kontzejuak behar diren tasak igorriko ditu, ordenantza honen eranskinean eta II. kapituluan ezarritako tarifen arabera.
14. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak, hobiak eta errauts-hobiak seguru, xahu eta apain edukitzea.
15. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamenduak honako hauengatik ere iraungi daitezke:
a) Hilerria desagertzeagatik.
b) Interes publikoagatik.
c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.
16. artikulua. Erroldatu gabekoek, gorpuzkiak hilerrian utzi nahi badituzte, baimena eskatu beharko diote eskabide orokorraren bidez Kontzejuko Burutzari, galarazi gabe salbuespen gisa jasotakoa eranskinaren I. puntuko B) apartatuan.
BIGARREN KAPITULUA.–HILERRIAN ZERBITZUAK EGITEKO TASAK
17. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:
a) Ehorzketak.
b) Errauts-hobien alokairua.
c) Hilobiei lotutako beste lan batzuk.
18. artikulua. Tasa hauen subjektu pasiboak dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen duten pertsona fisikoak, pertsona juridikoak, edo, nortasun juridikorik izan gabe, batasun ekonomiko bat edo ondare bereizia eratzen duten entitateak.
19. artikulua. Zerga-oinarria da ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dena. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.
20. artikulua. Lizentziak ematen ahal dira hobi berean batera lurperatzeko bi gorpu edo gorpuzki edo gehiago, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zedarriturik badaude. Alabaina, partikularraren kargura izanen dira gorpu bakarra lurperatzetik gorako lanak.
21. artikulua. Hilerri honetako edo beste hilerri bateko hilobietatik heldu diren gorpuzkiak berriz hobiratzeko, ehorzteko tasak baizik ez dira ordainduko, desobiratzea partikularraren kontura izanen baita.
22. artikulua. Eranskinean aurreikusitako zerbitzuen tasak ordainduko dira haiek eman aurretik, arrazoitutako ezintasuna dagoenean salbu; orduan, Kontzejuko buruak edo kontzejuak berak dagokion tarifa ordainaraziko du geroago.
Tasak autolikidazio bidez eskatuko dira, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 108.1 artikuluarekin.
23. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako baldintzetako edozein ez betetzeak zehapena ekarriko du berekin, ordaindu beharko baita ehorzketa bakoitzaren kostuaren pareko zenbatekoa, horrek galarazi gabe kalte-galerak ordaindu beharra, Izuko Kontzejuak peritazioa egin ondoren, gehituta horrek sortzen dituen gastuak.
TASEN ERANSKINA
1.–Ehorzketak.
A) Izun erroldatuak eta jaioak: salbuetsirik.
B) Izun erroldatu gabeak: 1.000 euro.
B) kasuan, herritarrak salbuetsirik daude baldin erroldaturik ez badaude eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik. Halakoetan A) kasukoekin parekatuko dira, eta ez dute inolako diru ordainketarik egin beharko.
2.–Errauts-hobien alokairua.
A) Erroldatuak: salbuetsirik.
B) Izun erroldatu gabeak: 300 euro (epea: hamar urte).
B) kasuan, herritarrak salbuetsirik daude baldin erroldaturik ez badaude eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik. Halakoetan A) kasukoekin parekatuko dira, eta ez dute inolako diru ordainketarik egin beharko.
3.–Hilerriko beste lan batzuk.
Kostu guztiak izanen dira lan horiek eskatu dituen partikularraren kargura.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan jarraikiko zaie Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuari eta indarrean diren gainerako arauei.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
Iragarkiaren kodea: L2612391