Iragarkia
206. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 15a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ATARRABIA
Oposizio-lehiaketa, bete dadin langileriako administrari-ofizialaren plaza bat
Atarrabiako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko ekainaren 9an egin bilkuran, deialdi honen oinarriak onetsi zituen: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko langileriako administrari-ofizialaren plaza bat.
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea langileriako administrari-ofizialaren plaza bat, C mailakoa, Atarrabiako Udalean aritzeko. Plazak 10 08 03 / 01 identifikazio-kodea du plantilla organikoan.
1.2. Plaza lortzen duen izangaia funtzionario bihurtuko da, izanen ditu langileen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiak, afiliatuko da Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta bertan alta emanen zaio, araubide horrek Atarrabiako Udalarentzat ezartzen duen babesaren pean.
1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.4. Lanpostuak bere mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu, jarraikiz uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenari, bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.
1.5. Langileriako administrari-ofizialaren lanpostuaren eginkizun nagusiak hauei lotuta daude, besteak beste: langileak kontratatzeko administrazio prozesuak, nominen prestaketa, funtzionarioen komunikazioak Gizarte Segurantzarekin eta mutualitatearekin, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, lan segurtasuna eta osasuna, ordezkapenetarako zerrenden kudeaketa, bertaratzearen kontrola, bai eta beste jarduketa batzuk ere, aurrekoen antzekoak, baldin hala agintzen bazaizkie, zerbitzua dela-eta.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozedura hau gauzatuko da honako araudi honetan xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, zeinaren bidez arautzen baitira Toki Araubidearen Oinarriak; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.
3.–Baldintzak.
3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, bat etorriz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuekin.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek.
b) Hamasei urte beteak izatea, eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Titulu hauetako bat izatea: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta indarrean egon beharko dute plazaren jabetza hartu arte.
4.–Eskabideak.
4.1. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira, eskabide orokorra erabiliz Atarrabiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez: https://sedeelectronica.villava.es/.
Deialdian parte hartu nahi dutenek nahitaez erabili behar dute, eskabiderako, eranskinean ageri den eredu normalizatua.
Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira:
a) Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.
b) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nortasuna egiaztatzen duen beste agiri baliokide batena.
c) Titulazio akademikoa egiaztatzen duen kopia.
d) Desgaitasun maila bat izanik, baldin izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, erants dezakete, justifikatzeko, komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.2. Eskabideak aurkezteko epea.
20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.3. Tasak.
11,61 euroko tasa ordaindu behar da, funtzio publikoan sartzeko eta bertan jarduteko hautapen-prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik.
Eskabidea formalizatzean ordainduko da tasa, dirua kontu honetan sartuz: ES70 3008 0069 1926 2997 4524.
Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren zenbakia edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.
Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
5.–Izangaiak onartzea.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara eman dadila deialdiaren web-fitxan.
Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.
5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
Erreklamazioak telematikoki aurkeztu behar dira, Atarrabiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez: https://sedeelectronica.villava.es/.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, Atarrabiako alkateak ebazpena emanen du, prozeduran parte hartzeko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko argitara dadila deialdiaren web-fitxan.
5.4. Prozeduran parte hartzeko eskubideen tasa ez da itzuliko, baldin izangaiak baztertzen badira izangaiei berei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Baldin eta, hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Mikel Oteiza Iza, Atarrabiako Udaleko alkate udalburua. Ordezkoa: Diana Bruño Artazcoz, Udaleko alkateordea.
Epaimahaikidea: Eduardo Moler Mancho, Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria. Ordezkoa: Bidane Zabalza Alonso, Berriozarko Udaleko Giza Baliabideetako arduraduna.
Epaimahaikidea: M.ª Pilar Montañés Alsasua, Antsoaingo Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria. Ordezkoa: Yolanda Álvarez López, Burlatako Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.
Epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
Epaimahaikide idazkaria: Francisco Gil Izco, Atarrabiako Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Ainara Armendariz Castién, Antsoaingo Udaleko idazkaria.
6.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia, eta ez du eratzerik izanen, ez eta aritzerik ere, baldin kideen gehiengo osoa gutxienez biltzen ez bada.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.
6.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoa.
7.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu:
a) Oposizioaldia. Bi proba eginen dira:
a.1) Lehenbiziko proba galde-sorta teoriko-praktiko bat izanen da, gaztelaniaz, II. eranskinean agertzen den gai-zerrendari buruz. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte. Epaimahaiak esanen du, proba hasi aurretik, zer proportziotan. Proba honetan gehienez ere 40 puntu lortzen ahalko dira, eta baztertu eginen dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
a.2) Bigarren proban, praktikoa baita, ariketa bat edo batzuk ebatzi beharko dira mikroinformatikako tresnen erabilerari buruz: Windows 10, Word, Excel eta Outlook (2016ko bertsioak). Proba honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
b) Merezimenduen balorazioko fasea edo lehiaketaldia. Bertan baloratuko dira izangaiek alegatu dituzten merezimenduak, gero azalduko den baremoaren arabera.
Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatutakoan, lehiaketaldia.
7.1.1. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira proba egiteko eguna, tokia eta ordua.
7.1.2. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
7.1.3. Probak kalifikatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, Atarrabiako Udalaren web-orrian (www.villava.es), eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
7.1.4. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratutakoan, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten alegatzen dituzten merezimendu guztien frogagirien kopiak.
Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
7.2. Lehiaketaldia ez da baztertzailea, eta haren helburua da izangaien merezimenduak baloratzea, betiere zuzenean loturik daudenak deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin.
Gehienez 40 puntu lor daitezke. Honako merezimenduak baloratuko dira:
7.2.1. Deialdiko lanpostuaren eginkizunetan egindako zerbitzuak: 20 puntu gehienez.
7.2.1.1. Administrazio edo sozietate publiko batean egindako zerbitzuak: 4 puntu, zerbitzu egindako urte oso bakoitzeko.
7.2.1.2. Administrazio publikoetatik kanpo egindako zerbitzuak: 2 puntu, zerbitzu egindako urte oso bakoitzeko.
Kontratua egin duen administrazio edo sozietate publikoaren ziurtagiriaren bidez frogatuko dira egindako zerbitzuak, edo, enpresa pribatuen kasuan, kontratuaren eta lan-bizitzaren ziurtagiriaren bidez. Bertan jasoko dira honako hauek: lanpostuaren izena, kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partziala izanez gero, ehunekoa adieraziko da) eta lan egindako aldiaren hasiera eta bukaera datak.
Oharrak:
1. Deialdia argitaratu arte egindako zerbitzuak baloratuko dira.
2. Urte kopurua osoa ez bada edo zerbitzuak lanaldi partzialean egin badira, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
7.2.2. Prestakuntza osagarriarengatik, baldin zuzenean loturik badago lanpostuaren eginkizunekin, 10 puntu emanen dira gehienez, honako irizpide hauen arabera:
a) 20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,5 puntu.
b) 20 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitza, 100 ordura iritsi gabe: puntu bat.
c) 100 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko, 2 puntu.
7.2.3. Euskaraz jakiteagatik, 10 puntu emanen dira gehienez.
Gehieneko puntuazioa jasoko dute izangaiek, baldin frogatzen badute badutela lanpostu bakoitzerako ezarritako jakite-maila, hots, C1 maila ahoz eta B2 maila idatziz, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari. Jakite maila apalagoa frogatzen dutenei proportzioan baloratuko zaie.
Oharrak:
1. Ez dira onartuko azterketa-txartelak, ez eta ofizialak ez diren zentroek emandako ziurtagiriak ere.
7.3. Merezimenduak ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, baldin eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez badaude zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta. Betiere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu jakin bat ez dagoela behar bezala frogatua.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, apartatuan adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
7.3.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, telematikoki, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
7.3.2. Behin epaimahaiak ebatzitakoan behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak.
7.4. Azken kalifikazioa.
7.4.1. Azken puntuazioa izanen da oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioen batura.
7.4.2. Baldin berdinketarik gertatzen bada prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan, joko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde.
Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, ebatziko da egindako zerbitzuetan puntuazio handiena lortu duenaren alde, eta, bat baldin badatoz, kontuan hartuko da apartatu horretako azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuazio handiena, zerrendatzen diren hurrenkeran.
7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du prozesua gainditu dutenen zerrenda, jarraikiz hautapen-prozesuan guztira eskuratu duten puntuazioari, eta organo eskudunari igorriko dio, egin daitezen baldintzak egiaztatzeko eta plaza hutsak hautatzeko izapideak.
8.–Baldintzak frogatzea, izendapen proposamena eta agiriak aurkeztea.
8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du, prozesua gainditu eta plaza eskuratzen duten izangaiek dokumentazioa aurkez dezaten, honako baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Deialdian eskatzen diren titulu akademikoen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.
c) Eskatutako euskara maila egiaztatzen duen tituluaren edo egiaztagiriaren kopia, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
d) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez dutela karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dien eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
e) Zinpeko adierazpen edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
f) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
g) Hala behar izatera, Atarrabiako Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.
8.2. Baldintzak frogatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako plaza kopuruan sartzen diren izangaiak.
Kontratazio proposamen hori Atarrabiako Udalaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratuko da.
8.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskabidearen faltsukeria dela-eta dagokien erantzukizuna.
8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den plaza beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera, plazarako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
9.–Izendapena, plaza hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.
9.1. Atarrabiako Udaleko funtzionario izendatuko da, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia.
9.2. Izendapenak eta plazaren jabetza hartzeak funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori hala da, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).
9.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).
9.4. Hautatutako izangaia izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko da plazaz.
9.5. Emandako epean jabetza hartzen ez dutenek (ezinbesteko kasuetan salbu) galduko dituzte Atarrabiako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Kasu horretan, deialdiaren 8.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
10.1. Hautapen-prozesu honetan plaza lortzen ez duten izangaiekin zerrenda bat eginen da, puntuazio-ordenaren arabera, aldi baterako kontratazioak egiteko.
10.2. Izangaiei dei eginen zaie jarraikiz "Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak kudeatzeko arauei". Arau horiek 2016ko ekainaren 28an onetsi zituen Atarrabiako Udalak, eta www.villava.es web-orrian daude.
11.–Datu pertsonalak babestea.
Atarrabiako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, datu pertsonalak erabiltzen direnean enplegu deialdiak kudeatzeko, Udalak dituen botere publikoak baliatuz.
Aipatutako helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira datuak, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izaten ahal duen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala.
Orobat, datuak beste toki-erakunde batzuei lagatzen ahalko zaizkie, baldin eta aldi baterako kontratazioen bidez bete nahi badituzte deialdi honetako lanpostuaren antzeko lanpostuak.
Interesdunek eskubidea dute beren datu pertsonalak ikusteko, zuzenak ez badira zuzentzeko, datuak ezabatzeko eskatzeko, haien tratamenduaren aurka egiteko eta gainerako eskubideez baliatzeko; horretarako helbide honetara jo beharko dute: Atarrabiako Udala. Kale Nagusia 22. 31610 Atarrabia (Nafarroa). Telefonoa: 948 13 66 80. Helbide elektronikoa: ayuntamiento@villava.es. Datuak babesteko ordezkaria: dpd@villava.es.
Web-orrian kontsultatzen ahal da datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza, pribatutasun-politikaren atalean.
12.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Atarrabiako Udalaren web-orrian (www.villava.es) argitaratuko dira proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den guztia ere.
13.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Atarrabian, 2026ko irailaren 24an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea.
2. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: I. kapitulua. II. kapitulua. III. kapitulua. IV. kapitulua. V. kapitulua.
3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua. II. titulua. V. titulua. VI. titulua: II. kapitulua: jarduerak eta zerbitzuak.
4. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, hizpide duena Nafarroako Toki Administrazioa. VII. titulua. Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak.
5. gaia.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, onesten duena Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua: atariko titulua. II. titulua: I. kapitulua. III. titulua. IV. titulua. VI. titulua. VII. titulua.
6. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Datu babesaren printzipioak.
7. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, hizpide dituena Gardentasuna, Informazio Publikoa Eskuratzea eta Gobernu Ona: II. titulua: I. eta III. kapituluak. III. titulua: I., II. eta III. kapituluak.
8. gaia.–Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I., II., III. eta IV. tituluak (I., II., III. eta IV. kapituluak). Atarrabiako udal esparruan komunikazio barneratzailea eta hizkuntza ez-sexista erabiltzea eta sustatzea arautzen duen udal ordenantza. Atarrabiako emakumeen eta gizonen arteko III. Berdintasun Plana: tokiko gobernantza eta genero-zeharkakotasuna. Ordenantza eta plana eskuragarri daude udalaren web-orrian (https://www.villava.es/eu/).
9. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
10. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.
11. gaia.–215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena.
12. gaia.–68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituena.
13. gaia.–158/1984 Foru Dekretua, uztailaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Ordainsariei buruzko behin-behineko Erregelamendua onesten duena.
14. gaia.–117/1985 Foru Dekretua, ekainaren 12koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen diziplina araubidearen erregelamendua onesten duena.
15. gaia.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duena.
16. gaia.–39/2014 Foru Dekretua, maiatzaren 14koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezartzen dituena.
17. gaia.–27/2011 Foru Dekretua, apirilaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.
18. gaia.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa: IV. titulua. Nafarroako Polizietako Langileen Estatutua.
19. gaia.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretua): 1. artikulutik 19. artikulura.
20. gaia.–2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena. I. titulua eta III. titulua. I. kapitulua.
21. gaia.–8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina. I. titulua. Gizarte Segurantzaren sistemako arau orokorrak. I. kapitulutik IV.era, biak barne. II. titulua. Gizarte Segurantzako araubide orokorra. I. kapitulutik X.era, biak barne.
Iragarkiaren kodea: L2612829
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
