206. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Oposizioa, betetzeko gizarte-hezitzailearen plaza bat

Tafallako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko irailaren 24an egin bilkuran, erabaki zuen onestea deialdi baten oinarriak, oposizio bidez betetzeko gizarte-hezitzailearen plaza bat, Tafallako Udalean aritzeko. Hona hemen hura arautzen duten baldintzak:

1. oinarria. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da gizarte-hezitzailearen plaza bat betetzea, oposizio bidez eta funtzionarioen araubidean, Gizarte Zerbitzuen arloari atxikia. Plantilla organikoan 05.18 zenbakiarekin identifikatuta dago.

Deialdia gauzatuko da honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, onesten dituena aparteko eta premiazko neurriak, langileen arloan, behin-behinekotasuna murrizteko Nafarroako administrazio publikoetan; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat, izangaien zerrenda bat eratzea, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera gizarte-hezitzailearen lanpostua aldi baterako betetzeko.

1.3. Izendapenak nominako funtzionario bilakatuko du izendatua, Tafallako Udaleko funtzionarioentzat indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, eta aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 9. xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), baldin afiliaturik badago Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen ditu: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

1.4. Lanpostua B mailakoa da, eta plantilla organikoan zehaztutako oinarrizko ordainsariak eta ordainsari osagarriak izanen ditu, bai eta akordio kolektiboan eta aplikatu beharreko bestelako xedapenetan ezartzen direnak ere.

1.5. Lanaldia eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira. Horrez gain, beharrezkoa bada, kanpoaldean lan eginen du, joan-etorriak eginen ditu, gorabeherez arduratuko da, lan programatuak eginen ditu, eta, hala badagokio, prestutasuna izanen du eta txandak eginen ditu, jarraikiz aplikatu beharreko arauei eta hitzarmenean ezarritakoari.

2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan parte hartzeko, izangaiak honako baldintza hauek bete beharko ditu eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek –baldin zuzenbidez bananduta ez badaude–, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Unibertsitate titulu hauetako bat izatea: Gizarte Hezkuntzako gradua edo diploma, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat; bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.

Prozesuan parte hartzen ahalko dute, orobat, unibertsitateko diplomadun tituluren bat edo ingeniaritza teknikoaren edo arkitektura teknikoaren titulua dutenek, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean haietako bat eskuratzeko moduan daudenek, baldin eta Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialak emandako lanbide gaikuntza badute.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko da agiri bat, frogatzen duena baliozkotuak edo homologatuak daudela. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide-kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.

d) Gaitasun fisiko eta psikiko nahikoa izatea lanpostuaren berezko eginkizunak egiteko, esate baterako, eskulanak egiteko, erremintak erabiltzeko eta lanak kanpoaldean egiteko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea diziplinazko espediente baten bidez.

f) Ordainduak izatea azterketa eskubideen tasak, edo ordaintzeko salbuespena frogatzea.

g) Aldi baterako kontratazioetarako zerrendetan daudenek, baldin eta nahi badute aldi baterako kontratu batean aritu euskarako B2 mailako hizkuntza-eskakizuna duten gizarte-hezitzaileen plazetan, horretarako beharrak sortzen direnean, frogatu beharko dute maila horretako titulua edo egiaztagiria dutela, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek zehaztu dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

2.2. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik, hautapen-prozesuak iraun bitartean, bai eta kontratua sinatu eta plazaren jabetza hartu arte ere.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1. Aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Aurkezteko modua.

Eskabideak aurkeztu beharko dira I. eranskineko eskabide ereduari jarraituz, Tafallako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.tafalla.es/), Tafallako Udalaren erregistro orokorrean (Nafarroako Frantzisko plaza 5, Tafalla), 8:30etik 14:00etara, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea); kasu horretan, eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria igorri beharko da posta elektronikoaren bidez rrhh1@tafalla.es helbidera, ezarritako epearen barnean.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Hautapen-prozesuan parte hartzeko, izangaiek 18,30 euro ordaindu beharko dituzte, espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik. Tasa hori ordaindu beharko da diru-sarrera eskudirutan eginez edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: ES 22 2100 3696 69 2200068626 (La Caixa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa/IFZa.

Azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (3. ordenantza fiskala) ezarritakoaren arabera, tasa ordaintzetik salbuetsita egonen dira langabezian dauden izangaiak (ez, ordea, enplegu hobekuntzako eskatzaileak), baldin agiri bidez frogatzen badute. Dagokion tasa ez ordaintzea hartuko da izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko arrazoitzat, eta azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du ordeztuko, inola ere, eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea. Ez da azterketa eskubiderik itzuliko, baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaion arrazoiren batengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta agiri hauekin batera aurkeztuko da:

a) NANaren edo horren baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.

Europar Batasuneko beste estatu kideetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarrean dagoena, non agertu beharko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea. Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (hala izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).

b) Tasa ordaindu izanaren frogagiria, edo tasa ordaintzetik salbuetsita egotea frogatzen duen agiria.

c) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:

a.–IMSERSOk edo autonomia-erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b.–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona, hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

c.–Organo eskudunari %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortzeko eskatu diotela frogatzen duen agiria.

d) Aldi baterako kontratazioetarako zerrendetan dauden izangaiek, baldin euskarako B2 jakite-maila edukitzeko betebeharra duen plaza bat eskuratu nahi badute, horri dagokion titulua edo frogagiria erantsi beharko dute, deialdi honen 2.1.e apartatuan xedatuaren arabera.

3.5. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe dagokien erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren fitxan, egoitza elektronikoan.

4.2. Behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak bide telematikoz aurkeztuko dira, Tafallako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web-fitxan.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko.

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

4.4. Izangairen bat kanporatzen bada hautapen-prozesutik berari egotz dakiokeen arrazoi batengatik, ez zaizkio parte hartzeko tasak itzuliko.

4.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-­prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Xabier Alcuaz Andueza, Tafallako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Gonzalo Ibarrola Inchusta, Tafallako Udaleko lehen alkateordea.

Lehen epaimahaikidea: María Marco Castillo, Tafallako Udaleko gizarte-langilea.

Ordezkoa: Aurora Beroiz Zaratiegui, Tafallako Udaleko gizarte-langilea.

Bigarren epaimahaikidea: Nerea Biurrun Abaigar, Tafallako Udaleko gizarte-hezitzailea.

Ordezkoa: Pilar Areso Elduayen, Zarrakazteluko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-hezitzailea.

Hirugarren epaimahaikidea: Ana Isabel Elrio Del Río, Tafallako Udaleko langileen enpresa batzordeak izendatuta.

Ordezkoa: Miren Koldobike Pérez de Iriarte Ruiz, Tafallako Udaleko langileen enpresa batzordeak izendatuta.

Idazkaria: Tafallako Udaleko idazkariaren plaza betetzen duena.

Ordezkoa: Marta Pernaut Ojer, Tafallako Udaleko aholkulari juridikoa.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.2. Epaimahaia hautaprobak baino lehen eratu beharko da, eta epaimahaiak jarduteko beharrezkoa izanen da kideen gehiengo osoa bertan egotea.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengoa bertan ez bada.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6. oinarria. Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Oposizioa 2027ko urtarriletik aurrera hasiko da.

6.2. Oposizioak 2 proba izanen ditu. Oposizioan ariketei gehienez ere 100 puntu emanen zaizkie. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Ariketa hasi baino lehen, kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko du zenbat iraunen duen ariketa bakoitzak.

6.3. Probak.

6.3.1. Lehen proba, gehienez ere 40 puntu: test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdiaren II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Aukera batzuk eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Proba hasi baino lehen, zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta erantzun okerren penalizazioa. Ariketan gehienez ere 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan 20 puntu gutxienez lortzen ez dituztenak.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

6.3.2. Bigarren proba, gehienez ere 60 puntu: teoriko-praktikoa izanen da. Kasu praktiko bat edo batzuk garatu beharko dira idatziz, epaimahaiak proposatuko dituenak ebazpen honen II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruz, eta lanpostuaren berezko funtzioak garatzeko beharrezkoak diren ezagutzekin loturikoak.

Epaimahaiak aldez aurretik zehaztuko du idatzizko proba hori egiteko gehieneko denbora.

Bigarren proba honetan gehienez 60 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira proba honetan 30 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak. Bazterturik geldituko dira, orobat, kasuetako batean zero puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

Proba hau idaztean, hautagaiei ez zaie utziko testurik edo dokumentaziorik kontsultatzen, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabiltzen ere, bolalumak izan ezik, tinta urdin edo beltzekoak eta punta lodikoak.

Plika sistemaren bidez eginen da bigarren proba hau.

6.4. Dei bakarra eginen da, eta izangaiek beren burua identifikatu beharko dute. Agertzen ez dena baztertu eginen da, salbu eta epaimahaiak onartzen badu ezinbesteko kasua dela.

6.5. Probetan, ahal dela, izangaien anonimotasuna bermatuko da. Epaimahaiak neurriak hartzen ahal ditu baimendu gabeko gailuak erabili ez daitezen eta prozesuan zehar berdintasuna mantentzeko.

6.6. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Tafallako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.tafalla.es/), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena balorazioei buruz.

7. oinarria. Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Hautaprobak amaituta, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, Tafallako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.tafalla.es/), adierazita hautagai bakoitzak zer kalifikazio lortu duen oposizioan, lortutako puntuazioaren ordenan; horrez gain, Tafallako Udaleko alkateari igorriko dio zerrenda, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren aldeko proposamena eginen du.

7.2. Azkeneko emaitzan berdinketarik izanez gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna. Berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da.

8. oinarria. Izendapen proposamena.

8.1. Epaimahaiak Tafallako Udaleko alkateari igorriko dio izendapen proposamena, espediente osoarekin batera. Oposizioa gainditu eta deialdiko plaza kopuruan sartzen den izangaiaren alde eginen da proposamena.

Izendapen proposamena Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Epaimahaiak, orobat, honako hauek igorriko dizkio alkateari: batetik, hautapen-prozesua gaindituta plaza eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta, bestetik, oposizioaldia gainditu ez baina hautaprobetako bat gainditu dutenena. Hala, bi zerrenda eratuko dira, aldi baterako sor daitezkeen kontratazioei erantzuteko.

9. oinarria. Agiriak aurkeztea.

9.1. Izendapen proposamena egoitza elektronikoko fitxan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Tafallako Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:

a) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Administrazioak noiznahi egiaztatzen ahalko du aurkeztutako dokumentazioa. Baldin zehaztasun faltarik edo faltsukeriarik bada aurkeztutako agirietan edo datuetan, eskatuko dira erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

b) Zinpeko adierazpena edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

d) Izangaiari hitzordu bat emanen zaio, egiaztatzeko baduela lanpostua betetzeko gaitasun psikofisikoa. Hori dena, jarraituz deialdi honetako 2.1. apartatutako d) letrari. Tafallako Udalaren Prebentzio Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa hori.

9.2. Baldin proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da kontratatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (7. oinarrian aipatutako zerrenda), eta aurreko apartatuetan ezarri bezala jokatuko da.

10. oinarria. Izendatzea eta kontratatzea.

10.1. Hautapen-prozesua burututa eta izangaiak aurreko 9.1. oinarrian zehaztutako agiriak aurkezturik, alkateak emandako ebazpen bidez, proposaturiko izangaia Tafallako Udaleko funtzionario izendatuko da, eskatutako baldintzak ezarritako moduan eta epean bete baditu.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izendapenaren ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du plazaz izangaiak.

Ezinbesteko kasuetan salbu, epe horretan ez bada jabetza hartzen, izendapenak dakartzan eskubide guztiak galduko ditu, 7.3 oinarrian ezarritako moduan eta ondorio berekin.

11. oinarria. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, honako zerrenda hauek eratuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaiak aldi baterako kontratatzeko:

a) Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda. Izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

b) Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda. Izangaien hurrenkera ezartzeko, kontuan hartuko da, lehenik, gainditutako proba kopurua, eta, gainditutako proba kopuru bera izanik, guztirako kalifikazioa hartuko da kontuan.

11.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira bi zerrendak: batetik, probak gainditu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaiena; hori guztia, aplikatzekoak diren kudeaketa-arauetan ezarritakoari jarraikiz.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

11.3. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

11.4. Hartara, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko, deialdi honen III. eranskinean biltzen diren arauei jarraikiz eginen dira deiak.

12. oinarria. Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da deialdia egin duen udal-organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo bereko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina, aldez aurretik egintza egin duen organoari errekurritzeko asmoa jakinarazita; edo bestela,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, orobat errekurritutako erabaki edo egintzak jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena udalaren web-orrian argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.

Tafallan, 2026ko irailaren 25ean.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEAREN EREDUA

https://www.tafalla.es/wp-content/uploads/2026/09/INSTANCIA-Educador-a-social-ANEXO-I.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Lehenengo zatia.–Oinarrizko araudia.

1. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. eta V. tituluak.

2. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea.

3. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Ondare erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

4. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, hizpide duena Nafarroako Toki Administrazioa. Atariko titulua eta I., II., III., VII. eta IX. tituluak.

5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

6. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

7. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

8. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, hizpide duena Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna.

9. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzak itzultzea.

Bigarren zatia.–Oinarrizko araudi berariazkoa, planak, programak eta gidak.

1. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzea.

2. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa.

3. gaia.–31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Diskriminaziorik eza eta autonomia. III. titulua: II. kapitulua. Gizarte zerbitzuak. III. kapitulua. Eremu soziosanitarioa. VII. titulua: V. kapitulua. Irisgarritasuna herritarren eta Nafarroako Administrazio Publikoen arteko harremanetan. VIII. titulua: desgaitasuna dutenen arreta eta partaidetza antolatzea.

4. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (1): xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea.

5. gaia.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, onesten duena gizarte zerbitzu orokorren zorroa (2): prestazio bermatuak eta bermatu gabeak (mendekotasuna duten pertsonentzako arreta). Norberaren autonomiaren sustapenerako eta mendekotasuna duten pertsonen arretarako prestazioak. Etxeko laguntza-zerbitzua, eguneko arreta eta egoitzako arreta. Mendekotasunari lotutako prestazio ekonomikoak.

6. gaia.–92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen dituena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, nahasmendu mentala dutenen, adigabeentzako arretaren eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

7. gaia.–Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Borrokarako Nafarroako Plana (2021-2026).

8. gaia.–13/2023 Foru Legea, apirilaren 5ekoa, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka borrokatzekoa.

9. gaia.–Nafarroako Gazteriaren Estrategia (2025-2028): gazteen emantzipazioa, ongizate integrala, parte-hartzea eta informazioa. 11/2011 Foru Legea, apirilaren 1ekoa, Gazteriari buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Administrazio-eskumenak eta plangintza. II. titulua. Gazteriaren arloko politikak.

10. gaia.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.

11. gaia.–Haurren eta Nerabeen Eskubideen Estatuko Estrategia (2023-2030).

12. gaia.–Adikzioei buruzko III. Prebentzio Plana (2025-2030).

13. gaia.–Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Plana (2021-2026).

14. gaia.–130/1999 Foru Dekretua, apirilaren 26koa, gizartetik bazterturik dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze eta laneratze programak garatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituena Atariko titulua: xedapen orokorrak. I. kapitulua, Enplegu sozial babesturako laguntzak.

15. gaia.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituena: hitzaurrea. I. kapitulua: xedapen orokorrak. II. kapitulua: gizarte inklusiorako eskubidea. 26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak garatzeari buruzkoa: Hitzaurrea. I. kapitulua: xedapen orokorra. II. kapitulua: gizarte inklusiorako eskubidea. III. kapitulua: errenta bermaturako eskubidea, 1. atala: xedapen orokorrak; 3. atala: gizarteratzerako eskubidearekin batera baliatzea.

16. gaia.–19/2021 Legea, abenduaren 20koa, Bizitzeko Gutxieneko Errenta ezartzen duena. Hitzaurrea. I. kapitulua: xedapen orokorrak. II. kapitulua: aplikazio-eremu subjektiboa.

Hirugarren zatia.–Gizarte Hezkuntzako gai berariazkoak.

1. gaia.–Gizarte-hezitzaileen kode deontologikoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.

2. gaia.–Eginkizunen eta eskumenen katalogoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.

3. gaia.–Talde lana. Gizarte-hezitzailea talde multiprofesionalaren barrenean. Diziplinartekotasuna heziketa lanaren esparru gisa.

4. gaia.–Asertibitatea eta komunikazio estiloak. Teknika asertiboak eta hezkuntzako entrenamendua.

5. gaia.–Trebetasun sozialak. Kontzeptua. Portaera sozial motak. Trebetasun sozialen defizita eta defizit horren zergatiak. Trebetasun sozialak erakusteko metodoak. Trebetasun sozialak.

6. gaia.–Prebentzioa: kontzeptua eta motak. Esku-hartze prebentiboa, selektiboa eta berariazkoa aurrera eramateko gida metodologikoa (ADES).

7. gaia.–Esku-hartze sozioedukatiboa. Definizioak eta kontzeptuak. Esku-hartze sozioedukatiboaren esparruak. Esku-hartzearen estrategiak eta teknikak. Akonpainamendu soziala esku hartzeko metodo gisa. Taldean esku hartzeko tresnak. Dokumentazioa: Gizarte Hezkuntzako graduko liburuak.

8. gaia.–Pertsonarengan zentratutako arreta integralaren eredua.

9. gaia.–Akonpainamendu soziala, esku hartzeko metodologia inklusio prozesuetan. Akonpainamendu sozialaren kontzeptua. Printzipioak eta ezaugarriak. Harreman profesionala. Lagun egiteko prozesua. Diagnosi partekatua. Esku-hartzearen proiektua. Pertsonen parte-hartzea eta autonomia. Sare-lana. Zerbitzuen arteko koordinazioa. Lagun egiteko prozesuaren ebaluazioa.

Erreferentzia bibliografikoak: lagun egitea esku-hartze metodo gisa inklusio prozesuetan. Hausnarketa berriak. Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarea (Iruña, 2016).

10. gaia.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua.: lege esparrua. Printzipio teknikoak. Babesgabetasun egoeretan esku hartzeko eta horiek prebenitzeko eskumenak. I., II. eta III. liburukiak.

11. gaia.–Arlo sozioedukatiboan esku hartzeko programen diseinua eta ebaluazioa. Programen prestaketa. Beharren analisia. Ebaluazioa.

III. ERANSKINA.–ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO IZANGAIEN ZERRENDA KUDEATZEKO ARAUAK

1.–Deia.

Onetsitako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitzen ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Aurrekoaz gain, deia egiterakoan, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan; horren bidez, hain zuzen, desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan lanean sartzeko xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33ko edo maila handiagoko desgaitasun aitortua dutenek egoera hori frogatu beharko dute, organo eskudunak berariaz emaniko agiri jatorrizkoaren edo kopia konpultsatuaren bidez.

2. Dei egiteko arau orokorrak.

2.1. Lokalizaturik egon daitezen, izangaiek harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat jakinarazi behar dituzte gutxienez; izangaiak arduratuko dira informazio hori une oro eguneraturik edukitzeaz.

2.2. Deiaren bidez eskura dagoen eskaintzaren berri emanen zaio izangaiari. Deia egiteko, honako baliabide hauek erabiliko dira, ordena honetan berean, erabilgarri baldin badaude:

–Helbide elektronikoa.

–Telefono mugikorra.

–Telefono finkoa.

–Telefono mugikorrerako mezularitza (SMS).

2.3. Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da, eta 2.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.

2.4. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.

2.5. Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta arestian dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, bete behar izan gabe oinarri honen 3. atalean ezarritakoa.

2.6. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie eskainiko beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik, salbu deialdia beste lanpostu bati dagokion beste zerrenda batetik egiten denean.

2.7. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 eguneko epearen barruan, lanpostu berbera edo alor bereko beste berdin bat aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion momentuan baldintza hauek betetzen badira:

a) Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

b) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

2.8. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia osatzeko, zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

3.–Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

Amatasun edo adopzio lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barnean aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jasotzen duten izangaiei, kontratua onartzen badute, hura erreserbatuko zaie, lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

Lanean hasiko dira amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatutakoan.

4.–Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

4.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten badio, zerrendako azken tokira pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetakoren batean dagoela; izan ere, kasu horretan, duen postuari eutsiko dio:

a) Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik, edo aldi baterako ezintasuneko egoeran egotea. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatzen duten arte uko egiteko arrazoia bukatu dela.

c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatu arrazoia lehenago desagertzen bada.

d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinarengatik, istripuarengatik edo eritasunarengatik. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatu arrazoia lehenago desagertzen bada.

e) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

f) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

4.2. Aurreko atalean jasotako kasuetan, f) letrakoetan izan ezik, izangaiek zerbitzu emateko moduan daudela jakinarazi beharko dute. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendatik. a), c) eta d) letretako kasuetan, arrazoi eragile bera bi aldiz baino ezin izanen da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.

4.3. 4.1 atalean adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean segituko dute.

5.–Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokia hartuko dute izangaiari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik kontratua sinatzen ez duten izangaiek, behin deialdiaren ondoriozko lanpostua onartu ondoren.

6.–Zerrendetatik baztertzea.

Deia jaso duten izangaiak zerrendatik baztertuko dira, baldin honako egoeraren bat gertatzen bada:

a) Izangaiari kontratua hutsaltzea probaldian dagoen bitartean.

b) Lanpostua bertan behera uztea.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, alegia, kontratatzen den langileak lanpostuan aritzeko gaitasunik ez izateagatik edo ez egokitzeagatik, baldin horrek badakar errendimendu eskasa izatea, lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazteko moduan.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Kontratua azkentzea diziplinazko zehapen baten ondorioz.

7.–Lan kontratuak.

Deialdiaren xedeko lanpostua betetzeko izangaiei aldi baterako kontratu bat eskainiko zaie, kasuan kasuko beharraren arabera iraunen duena, eta haren araubide juridikoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoa.

Iragarkiaren kodea: L2612742