206. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4518E/2026 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Trafiko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita radar-kabina bat instalatu eta erabiltzea, bai eta irudiak hartzeko gailu bat ere, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako, A-12 autobian, 5,948 kilometro-puntuan, beheranzko noranzkoan (Iruñera bidean), Zizur Nagusira sartzeko eraztunaren inguruan, Nafarroako Foru Komunitateko bide-­sarean.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.3 artikuluak ezartzen duenez, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloan, Nafarroari dagozkio, bere esku dituen ahalmen eta eskumenez gain, bai Estatuaren legeria betearazteko eskumena, bai eta trafikoa zaindu eta kontrolatzeko lanak ere, hori guztia bere foru araubidearen eta lege organiko horretan xedatutakoaren arabera.

Apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan. Errege dekretu hori abuztuaren 27ko 841/2024 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen.

Ondoren, apirilaren 8ko 277/2025 Errege Dekretuaren bidez, zabaldu egin ziren apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateari trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren eginkizunak. Zehazki, eskualdatzeari buruzko akordioaren B).1 apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eginkizunak zabaldu ziren, 2026ko uztailaren 1etik aurrera arau-hausteak detektatzeko eginkizuna sartu baitzen, trafikoari eta ibilgailu motordunen zirkulazioari buruzko araudian ezarritako administrazio zehapenak ezartzeko ahalmenaren esparruan, alde batera utzita toki entitateei dagozkien zehapenak.

Radar-kabinak instalatzeak eta erabiltzeak, bai eta trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko gailuak ere, gehiegizko abiaduraren faktorea murrizten laguntzen du. Eta faktore hori da, hain justu, bide-sarean gertatzen diren trafiko-istripuen ondoriozko istripu-tasa baldintzatzen duten ohiko faktore erabakigarrienetako bat.

Esperientziak erakutsi duenez, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako zinemometroak erabiltzea modurik eraginkorrenetako bat da zirkulazio-abiadura kasuan kasuko bidean markatutako mugetara egokitu dadin.

Hori horrela izanik, Trafiko Zerbitzuko Berrikuntza Teknologikoaren Atalak proposatu du abiadura kontrolatzeko sistemak ezartzea A-12 autobian, 5,948 kilometro-puntuan, beheranzko noranzkoan (Iruñera bidean), Zizur Nagusira sartzeko eraztunaren inguruan, Nafarroako Foru Komunitateko hiri arteko bide-sarean. Neurri honen helburua da bide-istripuak prebenitzea eta murriztea, trafikoa baretzea eta azpiegituraren segurtasun operatiboa hobetzea. Kasu honetan, zehazki, helburua da puntu finkoko zinemometroa instalatzea (disuasio-efektu lokalizatua), zeina aproposa baita puntu beltz oso espezifikoetarako, malda handietarako, bihurgune arriskutsuetarako edo hurbil dauden bidegurutze kritikoetarako eta hiri-korapilo neuralgikoetarako.

Abiadura kontrolatzeko sistema, baimendu nahi dena, behar bezala ziurtatuta dago, espedientean dagoen dokumentazioaren arabera.

Bat etorriz Segurtasun indar eta kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan eta aipatutako lege organikoa garatzen duen apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuan ezarritakoarekin, bideokamerak eta trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko beste edozein bitarteko instalatu eta erabili nahi izanez gero, trafikoa arautzeko eskumena duen administrazio publikoaren baimena beharko da.

Horren ondorioz, eta Trafiko Zerbitzuko Berrikuntza Teknologikoaren Atalak proposatuta, Barneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 10eko 267E/2024 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz (ebazpen horren bidez, Trafiko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetu zaizkio langileen, kontratazio publikoaren eta trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloko zenbait eskudantzia),

EBAZTEN DUT:

1. Baimentzea radar-kabina bat instalatu eta erabiltzea 5,948 kilometro-puntuan, beheranzko noranzkoan (Iruñera bidean), Zizur Nagusira sartzeko eraztunaren inguruan, bai eta irudiak hartzeko gailu bat ere, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako (I. eranskinean dago adierazita).

Baimen horrek ondorioak izanen ditu ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2. Kontrolatu beharreko lekuan, herritarrei jakinaraziko zaie irudiak hartzeko gailuak daudela, horretarako informazio seinaleak jarriz.

3. Bide-segurtasunari buruzko araudiaren aurkako arau-hauste administratibotzat har litezkeen egitateak jasotzen dituzten irudiak bidaliko zaizkie behar diren zehapen prozedurak izapidetu eta ebazteko eskumena duten organoei. Grabazioak zigor arloan ez-zilegiak izan daitezkeen egitateak jasotzen baditu, grabazio horiek agintaritza judizial eskudunari igorriko zaizkio.

4. Bide-segurtasunari buruzko araudiaren aurkako arau-hauste administratibotzat har litezkeen egitateak jasotzen dituzten irudiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Datu Pertsonalen Tratamendurako Jardueren Erregistroan sartuko dira, eta zilegi izanen da datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatzea, helbide elektroniko honetan: https://www.navarra.es/eu/datuen-babesa.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Ebazpen hau igortzea Barne Zuzendaritza Nagusira, Trafiko Zerbitzuko Berrikuntza Teknologikoaren Atalera eta Laguntza Juridikoaren eta Zehapenen Atalera, eta Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Ondare Zerbitzura.

Iruñean, 2026ko urriaren 5ean.–Trafiko Zerbitzuko zuzendaria, José Javier Boulandier Herrera.

I. ERANSKINA

ZINEMOMETROAREN SERIE ZENBAKIA

KABINAREN SERIE
ZENBAKIA

INSTALAZIO MOTA

BIDE MOTA

ERREPIDEA

KILOMETRO-­PUNTUA

NORANZKOA

TKZa

73105

TRA-C-0

Kabina

Autobia

A-12

5,948

Beheranzkoa

Nafarroa

Iragarkiaren kodea: F2613042