2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BURLATA
Erabilera apartamentu edo etxebizitza turistikoetara aldatzeko lizentzien tramitazioa etetea
Burlatako Udalak, 2026ko irailaren 24an egin osoko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:
Ikusirik erabilera apartamentu edo etxebizitza turistikoetara aldatzeko aukera ezartzeko baldintza zehatzak aztertzeko beharra, ulertuta erabilera nagusitzat mantendu nahi dela etxebizitzaren bizitegi-erabilera, ezinbesteko eskubide gisa, eta saiatuta indarrean dagoen Udal Plan Orokorraren egungo zehaztugabetasuna arautzen, apartamentu eta etxebizitza turistikoei dagokienez, bat etorriz 340219C espedientean dauden txostenekin.
Aintzat hartuta komeni dela erabilera aldaketa horiek sortzen ahal dituzten ondorioak zehatz-mehatz aztertzea, lizentzia eskaeren ondoriozko presiorik gabe.
Hori guztia ikusirik, eta kontuan harturik, halaber, Hirigintzako, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko Informazio Batzordeak 2026ko irailaren 17an emaniko irizpena, Osoko Bilkurak
ERABAKITZEN DU:
1. Aztertzen hastea erabilera apartamentu eta etxebizitza turistikoetara aldatzeko baldintza arautzaileak, eta zehaztea erabilera hori garatzeko bete behar diren izapideak eta baldintzak; horretarako, idaztea eta izapidetzea horri buruzko egungo erregulazioa aldatzeko idatzi behar den hirigintza-dokumentua. Lehentasunezkoa izanen da etxebizitzaren bizitegi-erabilera mantentzea, oinarrizko eskubide gisa.
2. Dekretatzea eten egiten dela, gehienez urtebeterako, erabilera apartamentu edo etxebizitza turistikoetara aldatzeko lizentzien izapidetzea, Burlatako udal-mugarteari dagokionez. Etendura horrek izanen ditu uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70. artikuluan arauturiko ondorioak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
3. Erabakia argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Komunitatean argitaratzen diren egunkarietan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70. artikuluarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
4. Alkateari ahalmena ematea, erabaki hau aplikatu eta garatzeko behar diren agiri guztiak sina ditzan.
Erabaki honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
Burlatan, 2026ko irailaren 29an.–Alkatea, Berta Arizkun González.
Iragarkiaren kodea: L2612823