204. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Udal Plan Orokorraren 13. artikuluan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2026ko irailaren 1ean egindako ohiko osoko bilkuran, honako hau ERABAKI zuen aipatutako gehiengoa zuela:

Lehena.–Behin betiko onestea 13. artikuluaren aldaketa xehatua Berriobeitiko Udal Plan Orokorreko Hirigintza Araudi Orokorrean. Aldaketak eragiten dio gune berdeei aplikatzekoa zaion erregulazioari. Hona hemen:

13. artikulua. Lurzoruaren kalifikazioa. Erabilera orokorrak.

Erabilera "berdea": espazio libre eta berdeguneetarako erabilera, hiria eta lurraldea egituratzen baitituzte, eta haien erabilera desberdinak orekatzen. Honako hauek bereizten dira:

a) Parke eta eremu libreak: erabilera publikoko espazioak, herritarren jostetarako eta atsedenerako, edo paisaiaren aldetik dituzten balioen babespen eta kontserbaziorako direnak.

b) Oinezkoendako bide sistema: oinezkoendako eta motorrik gabeko ibilgailuendako komunikazio bideak, udalerriko aldeak bata bestearekin lotzen dituztenak.

c) Gurpildun ibilgailuetarako eta trenetarako komunikazio-bideen babes zerrendak: bide horien ertzetan kokatutako luzetarako zerrendak dira; zabalera konstantea izan ohi dute.

Udalak baimena ematen ahalko du espazio libreetan eta izaera publikoko berdeguneetan paratzeko altzariak edo eraikin txikiak (telefono kabinak, autobus geralekuak eta abar...). Elementuok aldi baterako izan behar dute, edo arinak.

Orobat paratzen ahalko dira eskailerak, arrapalak, bide zolatuak, iturriak, harmailak, pergolak, aire zabaleko kirol-pistak, komunetarako eraikinak, egiturak eta, zehazki, espazio estaliak, egurats zabaletik babesteko eta kirola egin eta jolasteko. Horiek guztiak bateragarriak izanen dira tradiziozko espazio libre publikoaren kontzeptuarekin (frontoi estalia).

Kasu horietan, eraikinak soluzio arkitektoniko egokia izanen du, halako moduz non espazio ireki bat sortuko duen (fatxada batek, gutxienez, gainerako espazio publikoari irekia egon beharko du).

Bigarrena.–Interesdunek egindako alegazioak guztiz ezestea. Ezesteko arrazoiak Udaleko Idazkaritzaren 2026ko abuztuaren 25eko txosten juridikoan daude jasota.

Hirugarrena.–Erabaki hau jakinaraztea interesdunei, eta agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Modu ofizialean eta legez ezarritako eran osorik argitaratu ondoren jarriko da indarrean erabakia, eta orduantxe betearaziko da.

Orobat, behin betiko onespenaren erabakia igorriko zaio lurralde antolaketaren eta hirigintzaren arloetan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari, baita behin betiko onetsitako plangintza-tresnaren ale baten kopia autentifikatua ere, hura osatzen duten plano eta agiriekin (Udaleko Idazkaritzak eginbidetuak), eta izapidetutako espediente osoaren kopia. Hori guztia, aipatu onespenetik 10 eguneko epean, gehienez ere, haren gaineko kontrola egiteko, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuarekin.

Hori guztia jakinarazten da, eta ohartarazten honako errekurtsoak jartzen ahal direla ebazpen honen aurka:

Aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita (Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikulua eta hurrengoak).

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta bi hilabeteko epean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30., 114.1.c eta 112.3 artikuluak, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8., 10. eta 46. artikuluak).

Berriobeitin, 2026ko irailaren 22an.–Alkatea, Félix Remírez Hoyos.

Iragarkiaren kodea: L2612603