1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
92E/2026 FORU AGINDUA, irailaren 23koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez César Layana Ilundáin jauna izendatzen baita Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimendu eta erreparaziorako Batzordeko kide (batzorde hori Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen bidez sortu zen).
Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legeak, 13. artikuluan, ezartzen du Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea sortuko dela kide anitzeko organo independente gisa.
16/2019 Foru Legearen 14. artikuluan ezartzen denez, batzordeak bederatzi kide izanen ditu, honela banatuta:
a) Sortzetiko kide izanen dira bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan eskudun den zuzendaritza nagusiko burua eta Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria, edo antzeko organismoetako buruak.
b) Bi peritu forentse eta psikologo bat, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak aukeratuak, guztiak ere biktimen arloan esperientzia dutenak.
c) Gainerako kideak Parlamentuak hautatuko ditu beren eskubide zibil eta politikoen erabilera osoa duten eta karguan jarduteko behar diren egokitasun-, zintzotasun-, kualifikazio- eta esperientzia-baldintzak betetzen dituzten herritar adindunen artetik.
Orobat, foru lege horren 15. artikuluan ezartzen da giza eskubideen arloko departamentu eskuduneko titularrak emandako foru aginduaren bidez izendatuko direla aurreko artikuluan aurreikusitako moduan aukeratutako Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeko kideak. Izendatutakoek izendapena argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epean jabetuko dira karguaz.
Bestalde, irailaren 9ko 61/2026 Foru Dekretuaren bidez, César Layana Ilundáin jauna Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendari izendatu zen.
Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da zerbitzu horretako titularra Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeko kide izendatzea.
Espedientean, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jaso da, Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusiaren oniritzia duena.
Horregatik guztiagatik, eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz, eta bat etorriz Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearekin,
AGINTZEN DUT:
1. César Layana Ilundáin jauna izendatzea Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimendu eta erreparaziorako Batzordeko kide (batzorde hori Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen bidez sortu zen).
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, orok jakin dezan.
3. Foru agindu hau interesdunari jakinaraztea eta Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzura eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko irailaren 23an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
Iragarkiaren kodea: F2612683