Iragarkia
2. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
369E/2025 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: "2026. urterako laguntzak, SINAIko eragileek I+G ekipamendua eta azpiegiturak eros ditzaten". Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 875856.
Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legean jasota dagoenez, ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B) sortzea, zabaltzea eta hainbat eremutan aplikatzea funtsezkoa da Nafarroaren aurrerakuntzarako. I+G+B-k oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du, eta konponbide sortzaileak ekartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako.
Horrez gain, lege horrek, bere helburuak eta xedeak lortzeko tresna zela iritzirik, sistemaren efizientzia sustatzen duten neurriak ezarri zituen I+G+B-ko azpiegiturak erosteko eta horien erabilera partekatzeko laguntzen bidez.
Aurrekoarekin bat, zentro teknologikoek eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeek I+G ekipamendua eta azpiegiturak erosteko laguntzen 2017ko lehen deialdiak Nafarroako gaitasun zientifiko eta teknologikoa handitzen lagundu zuen, azpiegitura zientifiko eta teknikoak mantentzeko eta eguneratzeko balio izan zuelako. Horrela, ekipamendua eta azpiegiturak erosteko laguntzak eman ziren, azpiegiturak erabili behar dituzten erakundeek erabilera partekatua egiten lagundu zen, erakundeek sarean funtzionatzea sustatu zen, eta kalitateko ikerketa zientifiko-teknikoa bultzatu zen.
Halaber, bigarren, hirugarren eta laugarren deialdiak egin ziren 2020an, 2022an eta 2024an hurrenez hurren, eta eskaera ugari jaso ziren.
SINAI-Nafarroako I+G+B Sistemako eragileen artean –eta, bereziki, zentro teknologiko eta ikerketa zentroen artean– kalitate handiko ikerketa zientifiko-teknikoa sustatzen jarraitzeko asmoz, 2026rako deialdia onestea proposatzen da, lagunduko baitu ikerketarako azpiegiturak eta ekipamenduak indartzen gure erkidegoko zentro teknologiko eta ikerketa zentroetan.
Dirulaguntza hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte izanen da. Plan hori Nafarroako Gobernuak 2025eko apirilaren 30ean hartutako erabakiaren bidez onetsi zen, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. Honela definituta dago XIV. eranskinean (erregistro zenbakia: 453): "SINAIko eragileendako laguntzak, ekipamendu zientifiko-teknologikoa eta instalazioak erosi edo hobetu ditzaten, kalitate handiko ikerketa zientifiko-teknikoa sustatzeko".
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi hau onestea: "2026. urterako laguntzak, SINAko eragileek I+G ekipamendua eta azpiegiturak eros ditzaten".
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa badago:
AURREKONTUKO PARTIDA HONEN BALIOKIDEA DEN PARTIDA: | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
G20001-G2100-7819-467302: SINAIko eragileen I+G ekipamendua | 2026 | 1.455.000 |
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2025eko abenduaren 16an.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen xedea da ikerketa zentro eta zentro teknologikoei laguntzea ekipamendu zientifiko eta teknologikoak erosten eta hobetzen, ekipamendu horiek erabilgarri edukitzeak kalitateko ikerketa zientifiko-teknikoa gauzatzeko bidea eman dezan.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Erakunde onuradun izaten ahalko dira Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluan definitutako exekuzioko eragile hauek, baldin eta onuradun gisa egiaztatuta badaude otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduaren bidez araututako Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileen erregistroan:
a) Ikerketa zentroak.
b) Zentro teknologikoak.
2. Erakunde horiek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den unean:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak erakunde eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
c) Erakundeak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta betetzeke dagoen berreskuratze-agindu baten mende badaude (Europako Batzordeak aurretik hartutako erabaki baten ondorioz laguntza bat legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo duelako), ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuko definizioaren arabera, krisian dauden enpresatzat sailkaturik badaude ere.
Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten erakundeak.
3. Laguntzen eskaerarekin batera, erakunde eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko.
3. oinarria.–Jarduketa eta gastu diruz lagungarriak.
1. Diruz lagungarriak izanen dira ekipamendu zientifiko-teknologikoa erosi edo instalatzeko jarduketak edo ekipamendu hori hobetzeko edo eguneratzeko esku-hartzeak, eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibila eta ikerketa jarduerarako behar diren altzariak barne.
Alde horretatik, ekipamendu zientifiko-teknologikoaren hobekuntzatzat jo behar dira ekipamendu bati ezaugarriak gehitzea dakarten jarduerak edo haren zahartzea atzeratzeko eguneraketak, eta onuradunek behar bezala justifikatu beharko dituzte inguruabar horiek.
2. "Ekipamendu zientifiko-teknikoa erosteko plan" bakoitzaren gastu diruz lagungarriak 10.000 eurotik gorakoa izan behar du. Ekipamenduaren erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Zentro eskatzaile bakoitzak "Ekipamendu zientifiko-teknikoa erosteko plan" bat aurkeztuko du. Bertan aztertuko du zein den erosi, aldatu, eguneratu edo hobetu nahi den sistema edo ekipo bakoitzari aplikatzekoa zaion ikerketa-esparruaren egungo egoera eta zer egoeratara iritsi nahi den dena delako ekipamendu edo sistema erosi, aldatu, eguneratu edo hobetu eta gero.
3. Diruz lagundutako jarduketak eskaera aurkezten den egunetik aurrera egin behar dira, 2026ko azaroaren 30era arte. Hortaz, epe hori amaitu aurretik erosi, aldatu, eguneratu, hobetu (fakturazioa) eta martxan jarri beharko da dena delako ekipamendu zientifiko-teknikoa. Baliozkoak izanen dira laguntza justifikatzeko epean –eta 2026ko abenduaren 9ra arte– egindako fakturen ordainketak.
4. Diruz lagungarria den ekipo edo jarduketa baten gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), ekipo ondasunez hornitzearen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman laguntzen fitxan dagoen "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian. Kontratu publikoei buruzko legediaren mende dauden erakundeei dagokienez, araudi horretan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatu beharko da.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, alderdi hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko da.
5. Ez dira diruz lagungarriak izanen honako hauek:
a) Zientziari lotu gabeko erabilera orokorreko altzariak, gailuak eta tresnak, irakaskuntzan edo zerbitzu teknikoak egiteko aplikatzen direnak eta kalitatea kontrolatzeko direnak.
b) Bulegoko altzariak.
c) Kudeaketako ekipo informatikoa (prozesua kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo espezifikoak izan ezik).
d) Software lizentziak mantentzeko aldizkako kuotak.
4. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Laguntzaren gehieneko kopurua gastu diruz lagungarriaren %50 izanen da, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 26.6 artikuluarekin bat etorriz.
5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2026ko otsailaren 10ean bukatuko.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat (GHE) eduki beharko da nahitaez.
3. Erakunde eskatzaile bakoitzak eskabide bat aurkeztuko du "Ekipamendu zientifiko-teknikoa erosteko plana"rekin batera. Planean, aurreikusitako jarduketa guztiak jaso beharko ditu.
4. Dirulaguntza eskatzeko dokumentazioa aurkezteko, laguntzen fitxan eskuragarri dauden agiri-ereduak erabili behar dira. Agiriok bereizita aurkeztu behar dira, eta izenaz identifikatuta. Hona hemen:
a) Eskaera telematikoa, 2. eta 10. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.
b) Eskaeraren xede den "Ekipamendu zientifiko-teknikoa erosteko plana", zeinak bildu beharko baititu honako agiri hauek:
i. Ekipamendu zientifiko-teknikoa erosteko planaren erosketa edo jarduketa bakoitzaren beharra justifikatzen duten I+G jardueren memoria teknikoa.
ii. Planaren jarduketa bakoitzaren ardura duen ikerketa-taldearen deskribapena.
iii. Honako hauen azterketa eta deskribapena: zein den zentroaren egungo egoera (aplikatzekoa zaiona erosi, aldatu, eguneratu edo hobetu nahi den sistema edo ekipo bakoitzari), eta zer egoeratara iritsi nahi den dena delako ekipamendu edo sistema erosi, aldatu, eguneratu edo hobetu eta gero.
iv. Eskaintzak, proformako fakturak edo jarduketen kostua frogatzeko balio duten agiri baliokideak. Planeko jarduketa bakoitzaren aurrekontua.
v. I+G arloan ari diren ikertzaileen kopurua erakunde eskatzaileak eskaera egiten duen egunean. Lanaldi osoaren baliokide den modalitatean ari diren langileak.
5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, I+G+B Zerbitzuak erakunde interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.
6. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.
1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.
Zentroek aurkeztutako ekipamendu zientifiko-teknologikoa erosteko planak eta diruz lagungarriak diren ekintza eta gastuen (planei lotuta daude) aurrekontua berrikusi eta gero, onartutako aurrekontuak ezarriko dira, kasua bada.
2. Zentro bakoitzari dagokion gehieneko laguntza zehazteko, modulu unitarioa bider zentro bakoitzeko ikertzaileen kopurua egin behar da:
a) Modulu unitarioa honela kalkulatzen da: deialdiko kreditu erabilgarriaren eta zentro eskatzaile guztietako ikertzaile guztien arteko zatidura. Modulu unitario hori zehaztuko da eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren.
b) Eskabidean jasota dago I+G arloan ari diren ikertzaileen kopurua. Kopuru hori neurtzen da lanaldi osoaren baliokide den modalitatean ari direnen arabera.
c) Aipatutako kalkuluaren arabera dagokion gehieneko laguntza zentroak proposatutakoa baino handiagoa bada, zentroak berak mugatuko du laguntza.
3. I+G arloan ari diren ikertzaileak dira: Ezagutza berriak sortzen lan egiten duten profesionalak. Kontzeptu, teoria, eredu, ekipo eta tresna, software edo metodo operatiboak ikertu eta hobetzen edo garatzen dituzte (ez dira sartzen ez teknikariak ez laguntzaileak).
4. Eskaera guztiei erantzun ondoren gerakina egonez gero deialdiaren kredituan, gerakin hori proportzionalki banatuko da, aurrekontu onartua lehen itzulian banatutako laguntza baino handiagoa duten zentro eskatzaileetako ikertzaileen kopuruaren arabera. Prozesu hori errepikatuko da kreditua ahitu arte.
7. oinarria.–Laguntzak ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Erakunde onuradunen zerrenda eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.
2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusia izanen da dirulaguntzak nori eman ebazteko organo eskuduna. Ebazpena eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez ere, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan (GHE).
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
8. oinarria.–Aldaketak ekipamendu zientifiko-teknologikoa erosteko planean.
1. Plana gauzatzen ari den bitartean zentro batek funtsezko aldaketak egin nahi baditu hasieran onartu eta aurreikusitako ekintzetan, aldez aurretik eskatu beharko dio organo kudeatzaileari, eta berariaz baimendu beharko da.
Hauek dira funtsezko aldaketak:
a) Ekipamendu zientifiko-teknologikoa erosteko planean hasiera batez aurreikusitako eta onartutako ekintzak kentzea edo hasiera batez aurreikusi gabeko ekintzak sartzea.
b) Diruz lagundutako gastuen guztizko zenbatekoa %20tik gora aldatzea ekintza batean, beste partida bateko gastua jaitsiz konpentsatzen bada.
2. Gainerako aldaketetarako ez da aldez aurreko eskaerarik egin beharko, baina jarduera gauzatzen ari den bitartean jakinarazi eta modu egokian justifikatu beharko da 9.1 oinarrian adierazitako gauzatze txostenean.
3. Hasiera batean aurkeztutako planaren aldaketek ez dute inola ere ekarriko erakunde onuradunari emandako laguntza handitzea.
9. oinarria.–Egindako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.
1. Laguntzak jasotzeko, erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, finantzatutako ekipamendu-proposamen bakoitzerako, 2026eko abenduaren 9a baino lehen (egun hori barne):
a) Diruz lagundutako ekipamendurako proposamenei lotzen zaizkien ekintzei buruzko exekuzio edo jarraipen txosten teknikoa.
b) Justifikazio memoria ekonomikoa, egindako ekintzen kostuarena, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduen araberakoa.
c) Justifikatutako gastuen dokumentazio lagungarria (ordainketa egiaztatzen duten fakturak eta banku ziurtagiriak).
d) Hornitzailea 3.4 oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.
e) Kontabilitateko dokumentuak, diruz lagundutako inbertsioak banan-banan kontabilizatu direla justifikatzen dutenak.
f) Ekipo esanguratsuen kasuan, dokumentazioa, frogatzen duena deialdi honen kontura finantzatutako ekipamendu edo azpiegitura zientifiko-teknikoa SINAIko eragile guztien eskura dagoela (SIESS-en web orrirako esteka).
g) Agiri sinatu bat, honako alderdi hauek jasotzen dituena emandako laguntza bakoitzerako:
–Deialdiaren bidez eskuratutako ekipoen finantza-iturriak. Deialdiak berak finantzatu ez duen zatiak zer baliabide ekonomiko izan dituen eta nondik etorri diren.
–Adierazpen bat, azaltzeko ez duela jaso beste dirulaguntza bat deialdi honen xedeko gastu diruz lagungarriagatik.
–Finantzaketa osagarria jaso badu beste deialdi publikoren batean, adierazi beharko ditu deialdiaren izena, laguntzaren intentsitatea, dirulaguntza eman duen erakunde publikoaren izena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
2. Dokumentazioa modu telematikoan aurkeztu behar da, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz.
3. Onuraduna behartua dago organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, jardueren finantzaketa justifikatzeko.
10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.
Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.
b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte diruz lagundutako jarduketak.
Laguntzaren zenbatekoa 60.000 euro baino handiagoa bada, diruz lagundutako inbertsioak materialki egiaztatu beharko dira, 11.2 oinarrian ezartzen den moduan.
c) Diruz lagundutako inbertsioak banan-banan kontabilizatuko dituzte.
d) Finantzatutako ekipamendua erabiliko dute dirulaguntza zertarako eman zen, xede zehatz horretarako, bi urtez, gutxienez, laguntzaren ordainketari buruzko ebazpena ematen den egunetik aurrera zenbatuta.
e) Nafarroako SINAIko eragile guztien eskura jarriko dituzte deialdiaren kontura finantzatutako ekipamendu eta azpiegitura zientifiko-tekniko guztiak. Hori 5.4.a) oinarrian aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasoko da.
f) Finantzatutako ekipamenduari lotzen zaizkion I+G jardueren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatua dela adierazi beharko dute.
g) Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko dute, eta begiratuko dute berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia ematen duena, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.
h) Laguntzek kudeatzen dituen organoari eman behar diote hark laguntza ebaluatzeko eskatzen dien informazioa, exekuzioari, emaitzari eta inpaktuari buruzko adierazleak lortze aldera.
i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
j) Finantzatutako ekipamenduan edo azpiegituran, ongi ikusteko moduko toki batean, kartel edo plaka informatibo bat paratu beharko dute, non Nafarroako Gobernuaren ikur ofizialaz gain, testu hau erakutsiko baita: "Nafarroako Gobernuak finantzatutako ekipamendua", edo "Nafarroako Gobernuak finantzatutako azpiegitura". Kartel/plaka informatibo horrek bi urtez, gutxienez, egon beharko du ikusgai, laguntza ordaintzeko ebazpena ematen den egunetik hasita.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:
Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, eta finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz ez badira gainditzen, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira gardentasunaren adierazpena eta jarduketaren justifikazioa (9. oinarria) aurkezteari loturikoak.
11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Gastuaren adierazpena aztertuta, organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari, zeinean onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten baldintzak betetzen dituztela jasoko baita.
2. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak direnean, haiek ordaindu ahal izateko, beharrezkoa izanen da organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egitea. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, aktaren bidez edo egiaztapen txostenaren bidez.
3. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du sei hilabeteko gehieneko epean, 9. oinarrian aipatzen den justifikazio dokumentazioa aurkezten denetik hasita.
4. 2026. urtean, laguntza aldez aurretik ordaintzen ahalko da, bi modalitate hauetako baten bidez:
a) Erakunde onuradunak justifikatzen duenean funtsez hornitu beharra duela dirulaguntzaren xedea betetzeko eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako bermeak aurkezten dituenean.
b) Laguntzaren ordainketa partziala egiten ahalko da, konturako ordainketa eginda, onuradunak dagoeneko egindako gastuaren adierazpena aurkezten duenean, baldin eta gastu hori 30.000 eurotik gorakoa bada eta guztizko gastuaren %30 adinakoa gutxienez. Halakoetan, ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzaren xedea betetzeko funtsez hornitu beharra justifikatzea.
Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 9. oinarrian adierazitako moduan eginen da.
12. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna eta laguntzak metatzea.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Betiere, ekintza bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
2. Laguntza hauei beste batzuk gehitzen ahal zaizkie, baldin eta beste kostu diruz lagungarri eta identifikagarri batzuetarako badira.
Diruz lagun daitezkeen kostu berberei badagozkie osorik edo zati batean, bakarrik gehitzen ahalko dira baturak ez badu gainditzen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 26.6 artikuluan adierazitako laguntzaren intentsitatea.
Estatuko laguntza horiek ez zaizkie metatuko kostu diruz lagungarri berberei dagokien "de minimis" motako beste laguntza batzuei baldin horrek berekin badakar Erregelamenduaren 26.6. artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea gainditzea.
13. oinarria.–Laguntzen araubidea.
Deialdi honen xede diren laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eta III. kapituluen mende daude, zehazki 26. artikuluaren mende (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa); horrenbestez, aitzinetik jakinarazteko betebeharretik salbuetsirik daude.
Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).
Laguntza hauek pizgarriak izan daitezen bermatzeko, eskatzaileek ezin izanen diete ekintza diruz lagungarriei ekin eskaera aurkeztu baino lehen.
14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
I+G+B Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.
15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2516679
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
