195. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

181E/2026 EBAZPENA, irailaren 7koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita toki entitateentzako dirulaguntzen deialdia, gazteriaren arloko politika publikoak bultzatu eta babesteko 2026-2027 aldian. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 928254.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak, 7. artikuluan, ezartzen du ezen, gazteen aukera berdintasuna lortzen laguntzeko, gazteriaren arloko eskumena duen departamentuak toki entitateei laguntza eta aholkuak emanen dizkiela gazteriaren arloko tokiko politikak bultzatzeko eta sustatzeko lanean, honako alderdi hauetan zehazki: tokiko gazteria planak prestatzea, gazteentzako instalazioak sustatzea, gazteentzako zerbitzu eta jarduerak garatzea prebentzioaren, informazioaren, prestakuntzaren eta mugikortasunaren arloan, bai eta gazteen eskaerei erantzuten dieten beste arlo batzuetan ere.

Nafarroako Gazteriaren Institutua da arlo horretan eskumena duen erakunde autonomoa, haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Bestalde, Nafarroako Gazteriaren Estrategian (2025-2028) adierazten da beharrezkoa dela toki erakundeekiko lankidetza indartzea; izan ere, funtsezkoak dira jarduketa-ildoak ezartzeko, gazteengandik hurbil daudelako, batez ere landa eremuetan. Helburu horrekin, estrategiak gazte-politika publikoak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren eta toki erakundeen artean modu koordinatuan eta zeharkakoan garatzearen aldeko apustua egiten du, erakundeen arteko lankidetza eta koordinazio mekanismoak indartzeko. Mekanismo horien artean dago dirulaguntzen deialdi hau.

Toki erakundeentzako laguntza hori gauzatzeko, egokitzat jotzen da dirulaguntzen deialdi berri bat onestea, norgehiagokako araubidean, erakunde horientzako laguntza sistema bat ezarriko duena gazteek gizartean duten parte-hartze aktiboa hobetzen lagunduko duten ekintzak egiteko, 2026ko urriaren 1etik 2027ko irailaren 30era bitarteko aldian. Horretarako, deialdi honen xedea da toki erakundeei honako hauekin laguntzea: gazteriaren arloko plangintza tresnak garatzearen ondoriozko gastuak partzialki finantzatzea; gazteriako teknikariak eta gazteentzako informazio zerbitzuetarako langileak kontratatzea edo finkatzea; gazteendako jardueren eta gazteria-arloko laborategien proiektuak garatzea; eta, azkenik, gazteentzako guneak hornitzea.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da era guztietako laguntza publikoak arautzen dituen esparru komuna.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntza deialdi bat onestea, gazteriaren arloko politika publikoak bultzatu eta babesteko, 2026-2027 aldian.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi hori aurrera eramateko, 1.025.000 euroko gastua baimentzea. Gastu hori partida hauei egotziko zaie:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

340002-34100-4609-232103: Toki entitateek gazteentzako programak egiteko dirulaguntzak

2027

875.000 euro

340002 34100 7609 232103: Toki entitateetako gazteendako guneak ekipatzeko dirulaguntzak

2027

150.000 euro

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2027ko ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretan.

4. Ebazpen hau eta haren oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko irailaren 7an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Burgaleta Encina.

I. ERANSKINA.–TOKI ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZA DEIALDIA, GAZTERIAREN ARLOKO POLITIKA PUBLIKOAK BULTZATU ETA BABESTEKO, 2026-2027 ALDIAN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei gazteriaren arloko politika publikoak bultzatu eta babesteko emanen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezartzea. Dirulaguntzak modalitate hauen bidez emanen dira:

–A modalitatea. Gazteriaren arloko plangintza tresnak.

–B modalitatea. Gazteriako teknikariak sortzea eta finkatzea.

–C modalitatea. Gazteentzako informazio zerbitzuetarako langileak.

–D modalitatea. Gazteentzako jardueren proiektuak.

–E modalitatea. Gazteriaren arloko laborategiak.

–F modalitatea. Gazteen guneetarako ekipamendua.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da modalitate horietako ekintzen ondoriozko gastuak finantzatzea.

Deialdi honen ondorioetarako, gaztetzat hartzen dira 14 urtetik 30 urtera bitarteko adina dutenak, hala xedatuta baitago Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean. Hala ere, 14 urtetik beherakoei edo 30 urtetik gorakoei zuzendutako jarduketak diruz laguntzen ahalko dira, betiere gazte jarduerak direla justifikatzen bada.

2.–Entitate onuradunak eta betebehar orokorrak.

2.1. Entitate onuradunak.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean araututako toki entitateek eskatzen ahalko dute dirulaguntza, baldin eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

2.2. Betebehar orokorrak.

Toki entitate eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

–Dirulaguntza jasoko duten jarduerak egitea 2026ko urriaren 1a eta 2027ko irailaren 30a artean.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori. (III. eranskina).

–Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki beharko dituzte. Horretarako, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Nafarroako Gazteriaren Institutuari baimena ematea egoera hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eta ordainketa egiteko ebazpen-proposamena egiten direnean. (III. eranskina).

–Diruz lagundutako jarduketek bat etorri beharko dute Nafarroako Gazteriaren 2025-2028 aldirako Estrategiarekin.

–Ez dira ezein modalitatetan diruz lagunduko gazteen alorrekoak ez diren jarduketak edo dirulaguntzen beste deialdi espezifikoago bat dutenak.

–Dirulaguntza modalitate bakoitzerako eskatzen diren betebehar espezifikoak betetzea.

3.–Aurrekontu-kredituaren banaketa.

1.025.000,00 euroko gastua baimentzen da, partida hauen kargura:

  • 875.000 euro, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretan "Toki entitateek gazteentzako programak egiteko dirulaguntzak" deritzon partidaren baliokide den 2027ko gastuen aurrekontuko partidaren kargura.
  • 150.000 euro, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretan "Toki entitateetako gazteendako guneak ekipatzeko dirulaguntzak" deritzon partidaren baliokide den 2027ko gastuen aurrekontuko partidaren kargura.

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2027ko ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretan.

Modalitate batean erabilgarri dagoen kreditua ez bada nahikoa zenbateko diruz lagungarriak estaltzeko, kreditu hori modalitate horretako erakunde onuradunen artean hainbanatuko da.

A, B, C eta E modalitateei dagozkien eta "Toki entitateek gazteentzako programak egiteko dirulaguntzak" partidaren kargura finantzatzen diren eskaera guztiak ebatzi ondoren, modalitate horietako edozeinetako soberako funtsak D modalitatea finantzatzeko erabiliko dira (gazteentzako jardueren proiektuak).

Dirulaguntzaren zenbatekoak modalitate bakoitzaren oinarri espezifikoetan xedatutakora egokituko dira.

Toki entitate berak gehienez 70.000 euro jasotzen ahalko ditu dirulaguntza modalitate guztiengatik.

4.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

Eskaerak elektronikoki bakarrik izapidetuko dira, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan eskuragarri dagoen deialdiaren fitxaren bidez, esteka honetan:

https://tramitespersonal.navarra.es/es/tramites/on/-/line/subvencion-a-entidades-locales-para-el-desarrollo-de-programas-para-la-juventud-2026-1

Aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko oinarriotan adierazitako dokumentazioa aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatu bezala.

5.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin bat.

6.–Balorazio irizpideak.

Dirulaguntza eskaeren hurrenkera ezartzeko, bi faktoreren arabera kalkulatutako puntuazio-indize bat erabiliko da: udalerri bakoitzean erroldatutako 14 eta 30 urte bitarteko gazteen kopurua eta irizpide jakin batzuk betetzea. Irizpide bakoitzari dagozkion gehieneko puntuazioak taula honetan bildu dira:

IRIZPIDEAK

TOKI ENTITATEAN ERROLDATUTAKO GAZTEEN KOPURUA

(2026KO URTARRILA)

1.000 arte

1.001 eta

3.000 artean

3.001 eta

10.000 artean

10.000 baino gehiago

Eskaeraren oinarriak

25 puntu

20 puntu

15 puntu

10 puntu

Aurkeztutako proposamenaren kalitatea.

25 puntu

20 puntu

15 puntu

10 puntu

Udalerrian gazteentzako gune edo zerbitzu espezifiko bat izatea

25 puntu

20 puntu

15 puntu

10 puntu

Gazteria Plana edo azken bost urteetan egindako gazteria diagnostikoa

25 puntu

20 puntu

15 puntu

10 puntu

Gazteriaren figura teknikoa toki erakundeko langileen plantillan

25 puntu

20 puntu

15 puntu

10 puntu

Gazteentzako Informazio Sarean inskribatutako gazteentzako informazio zerbitzua

25 puntu

20 puntu

15 puntu

10 puntu

Teknikariak Nafarroako Gazteriaren Institutuak deitutako bileretara joatea

25 puntu

20 puntu

15 puntu

10 puntu

Gazteentzako informazio zerbitzuaren aurreko urteko arreten memoria ematea

25 puntu

20 puntu

15 puntu

10 puntu

Langileek Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskainitako prestakuntzetan parte hartzea

25 puntu

20 puntu

15 puntu

10 puntu

Langileek Nafarroako Gazteriaren Institutuko organoetan edo lantaldeetan parte hartzea

25 puntu

20 puntu

15 puntu

10 puntu

Irizpide bakoitzean, taulan adierazitako gehieneko puntuazioa hura betetzearen proportzioaren arabera emanen da, baremo honi jarraiki: irizpidea betetzen ez bada, 0 puntu; funtsean betetzen bada, gehieneko puntuazioaren 1/3; neurri batean betetzen bada, gehieneko puntuazioaren 2/3; erabat betetzen bada, gehieneko puntuazioa emanen da.

Lortutako puntuazioaren arabera, toki erakundeek dirulaguntzaren ehuneko hau lortuko dute kategoria bakoitzean, diruz lagunduko den gastuari dagokionez:

LORTUTAKO PUNTUAZIOA

DIRULAGUNTZAREN

EHUNEKOA

90 puntu baino gehiago

% 100

89 eta 70 puntu artean

% 90

69 eta 50 puntu artean

%75

50 puntu baino gutxiago

%0

Taula honetan agertzen diren ehunekoek diruz lagunduko den gehieneko ehunekoa adierazten dute. Ehuneko horietatik beherako dirulaguntzak ematen ahalko dira, baldin eta eskaera guztietako diruz laguntzeko onartutako gastu guztiei aurre egiteko kreditu nahikorik ez badago.

Diruz lagundutako toki entitateek beren funtsen edo beste dirulaguntza batzuen bidez estali beharko dute dirulaguntzak estaltzen ez duen kostuaren ehunekoa.

7.–Antolaketa eta instrukzioa.

Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala da dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko organo eskuduna.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak erakunde onuradunei eskatzen ahalko die emandako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko, aurkeztutako eskaerak zehatzago baloratze aldera.

Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago edo deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileak hamar egun balioduneko epea izanen du, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko. Hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela joko da, dagokion ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoa betez.

8.–Laguntza emateko ebazpena.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

9.–Justifikatzeko epea eta modua.

Dirulaguntza justifikatzeko epea 2027ko urriaren 15ean agortuko da. Justifikaziorako epea bukatuta, entitate onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, justifikatzeko betebeharra bete gabe gelditu dela ulertuko da.

Justifikatzeko, memoria tekniko bat eta memoria ekonomiko bat aurkeztuko dira, dirulaguntzaren xedea bete dela adierazita.

Erakundeak bitarteko telematikoen bidez aurkeztu beharko du justifikazioa, eta deialdia justifikatzeko eranskinak bete beharko ditu. Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalera igorriko du.

9.1. Memoria teknikoa.

Justifikazio teknikoa dirulaguntzaren modalitate bakoitzera egokituko da; hona hemen:

–A modalitatea. Gazteriaren arloko plangintza tresnak: dirulaguntzaren xede den azken dokumentua aurkeztu beharko da.

–B modalitatea. Gazteriako teknikariak sortzea eta finkatzea: memoria bat aurkeztu beharko da, jasoko dituena zer eginkizun izan dituzten eta zer jardueratan parte hartu duten.

–C modalitatea. Gazteentzako informazio zerbitzuetarako langileak: memoria bat aurkeztu beharko da, jasoko dituena zer eginkizun izan dituzten eta zer jardueratan parte hartu duten.

–D modalitatea. Gazteentzako jardueren proiektuak: proiektuaren memoria bat aurkeztu beharko da, honako hauek jasoko dituena: diruz lagundutako jardueren deskribapena, lortutako helburuak, iraupena, non egin ziren, parte-hartzaileen kopurua, jarduera bakoitzaren ebaluazioa eta egindako jarduerak dokumentatzeko argazkiak.

–E modalitatea. Gazteriaren arloko laborategiak: diruz lagundutako jardueraren deskribapena, lortutako helburuak, iraupena, non egin zen, parte-hartzaileen kopurua eta ebaluazioa.

–F modalitatea. Gazteen guneetarako ekipamendua: jarduketaren memoria laburra, materialaren argazkiekin eta zertarako erosi den azalduta.

9.2. Memoria ekonomikoa.

Memoria ekonomikoak diruz lagundutako ekintzari egotzitako gastua jasoko du, honako dokumentu hauen bidez.

–Kalkulu-orria, gastuen zerrenda zenbakitu eta xehatuarekin, justifikazio ekonomikoaren V. eranskinari jarraiki.

–Fakturen, nominen eta dagozkien ordainketa egiaztagirien kopia digitalizatuak, Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritako jarraibideekin bat etorrita.

Jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, gastuak diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaizkiola adierazten duen ziurtagiria aurkezten ahalko da (toki entitateko idazkariak sinatua eta, kontu-hartzailea duten entitateetan, kontu-hartzaileak ikus-onetsia). Ziurtagiriarekin batera, kalkulu-orri bat aurkeztuko da, gastu-kontzeptuen zerrenda zenbakitu eta xehatuarekin, justifikazio ekonomikoari buruzko V. eranskinari jarraiki.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzaren ordainketa Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez onetsiko da, diruz lagundutako jarduketa burutu eta erakunde onuradunak dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren. Banku-transferentzia bidez ordainduko da.

Dirulaguntzan onetsitako zenbatekoa osorik jasotzeko, dirulaguntzarako onetsitako gastuaren zenbatekoa, gutxienez, justifikatu beharko da. Justifikatutako gastua onetsitakoa baino txikiagoa bada, ordainduko den dirulaguntzaren zenbatekoa ere murriztuko da, modu proportzionalean.

11.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

Dirulaguntzaren onuradunek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetarako erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

Entitate onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Gainera, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik aurrera, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak laguntzen dutela adierazi beharko dute egiten duten edozein publizitate edo zabalkundetan, bai eta diruz lagundutako proiektuarekin lotuta egiten duten dokumentazio guztian ere.

Erakunde onuradunek berehala jakinarazi beharko dute aurkeztutako proiektuan funtsezko aldaketarik eginez gero (jarduerak aldatzea, jardueren egutegia aldatzea, esleitutako langileak aldatzea, aurrekontua desbideratzea, etab.), eta aldaketa eragin duten inguruabarrak edo arrazoiak justifikatu beharko dituzte. Nafarroako Gazteriaren Institutuak berariaz onartu beharko ditu proposatutako aldaketak.

Proiektuaren komunikazio guztietan genero-berdintasuna errespetatuko duten hizkera eta irudiak erabiliko dira. Edozein irudi diskriminatzaile saihestuko da. Hala, sustatzen den irudiak islatu beharko ditu berdintasunaren, aniztasunaren, rol-askotarikotasunaren, erantzukidetasunaren eta berdintasunezko parte-hartzearen balioak. Hori lortzeko, "Komunikazio inklusiboko estrategiei buruzko gida: Generoa lehentasun gisa" dokumentuan xedatutakoa har daiteke oinarri.

Entitate onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak 12.4 artikuluan ezartzen duen gardentasun betebeharra bete beharko dute. Erakunde onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez hamabost hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Aldi hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta hilabete pasatu aurretik kendu beharko da, eskaera egiten denetik zenbatuta.

12.–Bateragarritasuna.

Erakunde onuradunek xede eta helburu bererako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen ahalko dituzte beste administrazio, entitate edo erakunde publiko edo pribatu batzuen eskutik, edozein izaeratakoak direla ere. Hala ere, dirulaguntza edo laguntza horien baturak, dirulaguntza hau barne hartuta, ez du proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditzen ahalko.

Entitate onuradunek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza edo baliabideren bat eskuratzen badute, horren berri eman beharko diote deialdi honetako dirulaguntzak ematen dituen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, hartutako funtsak justifikatu baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz (II. eranskina).

13.–Datuen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin ekarriko du Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak entitate parte-hartzaileei buruzko datuen tratamendua egitea, eta tratamenduaren arduraduna Nafarroako Gazteriaren Institutua izanen da.

Datuen tratamendua justifikatuta dago deialdiaren parte hartzea kudeatu behar delako, eta dirulaguntza ematen denean, alderdien artean sortzen den harreman juridikoa kontrolatu eta gauzatu behar delako. Helburu hori interes publikoko edo ahal publikoko legitimazioa da, Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluan zehazten den moduan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da oinarri juridikoa.

Dirulaguntzen onuradun diren entitateen datu hauek tratatuko dira: identifikaziokoak, harremanetarakoak, bankukoak, profesionalak eta ekonomiko-finantzarioak, edo aipatu helbururako behar den beste edozein.

Entitate parte-hartzaileei buruzko datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta helburu horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko behar den denboran ere. Zehazki, gordetzeko aurreikusitako epea izanen da Nafarroako Gobernuaren agiriak gordetzeko indarreko egutegiak adierazten duena.

Interesdunek dpd@navarra.es helbidera joaz erabil dezakete datu pertsonaletan sartzeko eskubidea, bai eta haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramatekoak ere. Konforme ez egonez gero, jo dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegora: https://www.aepd.es/.

14.–Ez-betetzeak.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

Deialdi honen arauetan ezarri dena betetzen ez bada, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe datuak faltsutzen badira edo aldatzen badira, edo funtsak dirulaguntza eman zen beste helburu batzuetarako erabiltzen badira, dirulaguntza galduko da eta jasotako dirua itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ikertzen ahalko du ea adierazitako datuak egiazkoak diren, eta, gezurrezkoak badira, eskatzen ahalko du emandako dirulaguntza eta kasuan kasuko berandutze-interesak itzul daitezela, eta, arau-haustea oso astuna bada, zehapen espedientea irekitzen ahalko du.

15.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte diruz lagundutako jarduerak, osorik edo partez, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin. Kasu guztietan, azpikontratatutako entitateak bete beharko ditu entitate onuradunek dauzkaten betebehar berberak.

Ez dira inola ere azpikontratatzen ahalko diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.

Azpikontratatutako entitateak toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko du, bakar-bakarrik. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun osoa. Entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen dituzten jardueretan errespetatu egin beharko dira dirulaguntzaren gaineko arauetan ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta erakunde onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Azpikontratatutako erakundeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako lankidetza-betebeharra bete beharko du.

Entitate onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoa edo zati bat egitea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beraren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari, eta horretarako hilabete egonen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

17.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZA MODALITATEAK

A modalitatea.–Gazteriaren arloko plangintza tresnak.

A.1. Definizioak.

Honako tresna hauek garatzeko eskatzen ahalko da dirulaguntza:

a) Gazteriaren diagnostikoa. Herriko gazteen eskariei, premiei, indarguneei eta aukerei buruzko informazioa biltzen duen azterlana. Gutxienez, item hauek jaso beharko ditu: helburuak, azterketa soziodemografikoa eta metodologia; gazteen eskariak eta premiak; gazteek udalerrian duten parte-hartzearen azterketa; politiken, zerbitzuen eta programen balorazioa eta egokitasuna, eta jarduketa-ildoen definizioa.

b) Herriko gazteendako plana. Udalerrian gazteriaren arloan gauzatuko diren ekintzak jasotzen dituen dokumentua. Gutxienez, item hauek jaso beharko ditu: helburuak, ildo estrategikoak, arloak, ekintzak, epeak, aplikatzeko aurrekontua eta ebaluatzeko metodologia.

A.2. Gastu diruz lagungarriak.

Deskribatu diren gazteriaren arloko plangintza- eta ezagutza-tresnak garatzeko egiten diren kanpoko kontratazioen gastuak lagunduko dira diruz.

A.3. Zenbatekoak.

a) Modalitatearen gehieneko zenbatekoa guztira: 90.000 euro.

b) Gehieneko banakako zenbatekoa: 4.500 euro plangintza-tresna bakoitzeko; 9.000 euro gehienez diagnostiko bat eta plan bat egiteko eskatzen bada.

A.4. Betebehar espezifikoak.

–Toki entitate batek deialdi berean eskatzen ahalko du diagnostiko bat eta gazte plan bat egiteko dirulaguntza.

–Herriko gazteendako planak parte-hartze publikoa izan beharko du, eta gutxienez bost urteko aplikazio aldia izanen du.

–Herriko gazteendako plan bat egiteko, aldez aurretik gazteriaren diagnostiko bat egin behar da.

–Ezin da gazteendako plan bat egiteko dirulaguntzarik eskatu toki erakundeak aurreko bost urteetan onetsitako beste plan bat badu. Hala ere, indarrean dagoen plana burutu aurretik dirulaguntza eskatzen ahalko da, hurrengo plana egiten denean eta betiere indarraldia aurreko planarekin gainjartzen ez bada.

–Sortzen diren dokumentuak sarbide irekian argitaratu beharko dira toki erakundearen webgunean.

A.5. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskaera. (III. eranskina).

b) Dirulaguntzaren xede den gazteriaren arloko plangintza-tresna egiteko proiektua. Proiektu horrek, gutxienez, item hauek izan beharko ditu: helburuak, metodologia, faseak eta aurrekontua.

B modalitatea.–Gazteriako teknikariak sortzea eta finkatzea.

B.1. Definizioa.

Gazteriako teknikariak arduratzen dira gazteriaren arloko tokiko politikak eta planak diseinatu, kudeatu eta ebaluatzeaz; gazteentzako programak eta jarduerak diseinatu eta antolatzeaz; gazteek parte hartzeko guneak sustatzeaz; eta udalerriko gazteen bizitza-garapena erraztuko duten beste ekintza batzuez.

B.2. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza udalerri bakoitzeko pertsona bakar baten kontratua finantzatzeko erabiliko da, 2026ko urriaren 1etik 2027ko irailaren 30era bitartean eta kontratuaren lehen 36 hilabeteetan.

Erreferentziako kostua izanen da Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen B mailari dagokion hasierako soldata (2026ko irailaren 30ean indarrean dagoena) eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota.

B.3. Zenbatekoak.

a) Modalitatearen gehieneko zenbatekoa guztira: 75.000 euro.

b) Gehieneko banakako zenbatekoa: kontratazioaren lehenbiziko eta bigarren urteetan, dirulaguntza erreferentziako kostuaren %75 izaten ahalko da gehienez. Hirugarren urtean, %50 izaten ahalko da gehienez.

B.4. Betebehar espezifikoak.

–Diruz lagundutako langileek gutxienez B mailako funtzionario lanpostua bete beharko dute, administrazio- edo lan-araubidean, lanaldi oso edo partzialean.

–Lanaldia partziala bada, lanaldi arrunt baten %50 izanen da gutxienez, eta gazteriaren arlokoa izan beharko da.

–Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa dirulaguntzaren aldiko lan-hilabeteekiko proportzionala izanen da (2026ko urriaren 1etik 2027ko irailaren 30era), bai eta gazteriaren arloko lanaldiaren ehunekoarekiko proportzionala ere, zeina ez baita inola ere lanaldiaren %50 baino txikiagoa izanen.

–Gazteria arloko teknikariak kontratatzeko hautaketa prozesua administrazio publikoko kontratazioari buruz indarrean dagoen araudiari eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren aholkularitza teknikoari jarraiki egin beharko da.

–Kontratazio berrien kasuan, lanpostua lehen aldiz jasoko da plantilla organikoan.

–Diruz lagundutako teknikariek Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteen arloan antolatutako prestakuntza programetan parte hartu beharko dute.

–Toki erakundeak, 2028ko irailaren 30a baino lehen, Nafarroako Gazteriaren Institutuak modu ofizialean aitortutako gazteentzako informazio zerbitzu baten titularra izan beharko du.

B.5. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskaera. (III. eranskina).

b) Gazteria arloko teknikariaren kontratu sinatuaren kopia, hasteko eguna, administrazio maila eta lanaldiaren ehunekoa adierazita.

C modalitatea.–Gazteentzako informazio zerbitzuetarako langileak.

C.1. Definizioa.

Gazteentzako informazio zerbitzuetako langiletzat jotzen dira gazteei informazio zuzena emateko, gazteentzako informazio interesgarria hainbat euskarritan zabaltzeko eta gazteei informazioa zabaltzen laguntzeko eginkizunak betetzen dituztenak. Langile horiek zuzenean edo zeharka kontratatzen ahalko ditu toki erakundeak.

C.2. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza toki erakundearen langileen kontratuak finantzatzeko erabiliko da, 2026ko urriaren 1etik 2027ko irailaren 30era bitarte.

Erreferentziako kostua izanen da Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen C mailari dagokion hasierako soldata (2026ko irailaren 30ean indarrean dagoena) eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota.

C.3. Zenbatekoak.

a) Modalitatearen gehieneko zenbatekoa guztira: 300.000 euro.

b) Gehieneko banakako zenbatekoa: erreferentziako kostuaren %100.

C.4. Betebehar espezifikoak.

–Toki erakundeak Nafarroako Gazteriaren Institutuak modu ofizialean aitortutako gazteentzako informazio zerbitzu baten titularra izan behar du.

–Gazteentzako informazio zerbitzua emateko kontratatutako langileek gutxienez Batxilergoko edo bigarren mailako Lanbide Heziketako titulazioa edo baliokidea izan beharko dute.

–Kontratatutako langileek astean gutxienez 15 orduko lanaldia izan beharko dute gazteentzako informazio gune batean, eta 30 ordukoa gazteentzako informazioko bulego batean.

–Kontratatutako langileek gazteentzako informazioari buruzko prestakuntza espezifikoa izan beharko dute, edo dirulaguntza eskatu eta ondoko hamabi hilabeteetan hori jasotzeko konpromisoa hartu.

C.5. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskaera. (III. eranskina).

b) 2026ko urriaren 1etik 2027ko irailaren 30era diruz lagunduko diren langileen soldata-gastuen aurreikuspena jasotzen duen aurrekontua.

D modalitatea.–Gazteentzako jardueren proiektuak.

D.1. Definizioa.

Gazteentzako jardueratzat hartuko dira gazteen hazkunde pertsonala, hezigarria eta soziala sustatzen dutenak, bai eta haien inplikazio eta parte-hartze komunitarioa sustatzen dutenak ere, hala nola:

–Aisialdi hezigarriari eta denbora libreari lotutako jarduerak.

–Esparru ez-formaleko prestakuntza jarduerak.

–Gazteek parte hartzeko jarduerak (foroak, elkarrizketak, etab.).

–Gizarte-integrazioko jarduerak.

D.2. Gastu diruz lagungarriak.

–Garraioko gastuak.

–Mantenu eta ostatu gastuak, gaua kanpoan ematea barne hartzen duten mugikortasun jardueretan.

–Jarduera egiteko beharrezkoak diren material suntsigarrien gastuak.

–Kanpoko profesionalak kontratatzetik datozen kostuak edo entitateko langileei egozten ahal zaizkien kostuak, jarduerak antolatzeko eta aurrera eramateko.

–Kirol jardueretako gastuak (ez-federatuak eta lehiaketatik kanpokoak).

Kontzeptu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

–Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako eskumeneko gaiei lotutako jarduketak edo dirulaguntza deialdi berariazko batean sartuta daudenak.

–Material inbentariagarriak.

–Azpiegituren funtzionamendu edo mantentze gastuak.

–Erlijio jarduerak, animalien aurkako tratu txarrak sustatzen dituztenak edo diskriminazioa sustatzen dutenak.

D.3. Zenbatekoak.

a) Modalitatearen gehieneko zenbatekoa guztira: 395.000 euro.

b) Gehieneko banakako zenbatekoa: 25.000 euro.

–Joan-etorrien gastuak. Gehieneko gastua 1.500 euro izanen da joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da (turista maila).

–Ostatua eta mantenua. Udalerritik kanpo egiten diren eta gaua kanpoan ematea eskatzen duten jardueretan, gehienez 30 euroko dirulaguntza emanen da parte-hartzaileko eta eguneko.

D.4. Betebehar espezifikoak.

–Gastu diruz lagungarriak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, baldin diruz laguntzen den jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta diruz lagundutako jarduerak egiteko ezarri den epe berari baldin badagozkio.

–Programak edo proiektuak 2025-2028 aldirako Nafarroako Gazteriaren Estrategiaren arloei buruzkoak izanen dira: gazteen emantzipazioa, ongizatea, parte-hartzea eta informazioa.

–Jarduketa diruz lagungarriak onartzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak balorazio tekniko bat eginen du aurrez.

D.5. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskaera. (III. eranskina).

b) Honako hauek biltzen dituen jardueren proiektua: 1) proiektuaren izenburua; 2) deskribapena; 3) helburuak; 4) biztanle hartzaileak; 5) metodologia; 6) proiektuko jardueren deskribapena; 7) jardueren kokapen geografikoa; 8) egutegia; eta 9) aurrekontu xehea. (III. eranskina).

E modalitatea.–Gazteriaren arloko laborategiak.

E.1. Definizioa.

Gazteei zuzenean eragiten dien lehentasun tematiko eta gaurkotasuneko bati lotutako laborategiak, gazteei zuzenduak. Deialdi bakoitzean zehazten den lehentasun espezifikoari lotutako hezkuntza, aisialdi edo partaidetzako jarduerak proposatzen ahal dira diruz laguntzeko.

Deialdi honen lehentasuna Nafarroako gazteen alfabetatze mediatikoa eta informaziozkoa izanen da: pentsamendu kritikoa indartzera bideratutako gizarte- eta hezkuntza-ekintzak eta prebentzio-estrategiak; informazioaren erabilera arduratsua sustatzea; desinformazioaren, gorroto diskurtsoen eta hedabide digitaletan zabaldutako bestelako indarkeria edo diskriminazioen prebentzioa.

E.2. Gastu diruz lagungarriak.

–Jarduera egiteko kanpoko profesionalak kontratatzeko gastuak.

–Jarduera egiteko beharrezkoak diren material suntsigarrien gastuak.

–Proposatutako jarduerarekin lotutako beste edozein gastu zuzen (garraioa, mantenua, etab.).

Kontzeptu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

–Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako eskumeneko gaiei lotutako jarduketak edo dirulaguntza deialdi berariazko batean sartuta daudenak.

–Material inbentariagarriak.

–Azpiegituren funtzionamendu edo mantentze gastuak.

–Erlijio jarduerak, animalien aurkako tratu txarrak sustatzen dituztenak edo diskriminazioa sustatzen dutenak.

E.3. Zenbatekoak.

a) Modalitatearen gehieneko zenbatekoa guztira: 15.000 euro.

b) Gehieneko banakako zenbatekoa: 3.000 euro.

E.4. Betebehar espezifikoak.

–Gastu diruz lagungarriak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, baldin diruz laguntzen den jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta diruz lagundutako jarduerak egiteko ezarri den epe berari baldin badagozkio.

–Jarduera diruz lagungarriak onartzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak balorazio tekniko bat eginen du aurrez.

E.5. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskaera. (III. eranskina).

b) Proposatutako jardueraren deskribapena, honako hauek jasoko dituena: 1) jardueraren izenburua; 2) deskribapena; 3) helburuak; 4) biztanle hartzaileak; 5) metodologia; 6) jardueren kokapen geografikoa; 7) egutegia; eta 8) aurrekontu xehea. (III. eranskina).

F modalitatea.–Gazteen guneetarako ekipamendua.

F.1. Definizioak.

–Gazteen gunea. Titulartasun publikoko lokala, berariaz gazteen zerbitzura dagoena gazteentzako informaziorako eta prestakuntzako jarduerak eta jarduera sozial, kultural, artistiko edo aisiakoak egiteko. Sortu berria edo lehendik dagoena izan daiteke, eta beste udal zerbitzu batzuekin partekatutako instalazioetan egon daiteke.

–Gazteentzako ekipamendua. Gazteentzako informazioko zerbitzuak ematera eta gazteentzako guneetan jarduerak egitera bideratutako ondasun inbentariagarriak, hala nola: altzariak, material informatikoa, ikus-entzunezko baliabideak, ikastaroetarako materiala eta jolas eta dibertimendu materiala, bai eta azpiegiturak behar bezala funtzionatzeko ezinbesteko ekipoak ere.

F.2. Gastu diruz lagungarriak.

–Material informatikoa eta ikus-entzunezkoa.

–Altzariak eta gauzak.

–Gazteentzako jarduerak egiteko jolas eta dibertimendu materiala.

–Guneak behar bezala funtzionatzeko ezinbestekoak diren ekipamenduak eta horiek instalatzeko beharrezko obra txikiak.

Kontzeptu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

–Material inbentariaezina.

–Azpiegituren funtzionamendu edo mantentze gastuak.

–Osasunerako kaltegarriak diren substantzien kontsumoa sustatzen duten jarduerak garatzeko materiala.

F.3. Zenbatekoak.

a) Modalitatearen gehieneko zenbatekoa guztira: 150.000 euro.

b) Gehieneko banakako zenbatekoa: 15.000 euro.

F.4. Betebehar espezifikoak.

–Materiala 2026ko urriaren 1etik 2027ko irailaren 30era bitartean eskuratu beharko da.

–Gazteentzako guneek astean gutxienez hamar orduz irekita egon beharko dute, arratsaldez eta asteburuetan.

–Finantzatutako ekipamenduak balio beharko du gazteentzako informazioko, integrazioko eta partaidetzako ekintzak, prestakuntza ekintzak edo aisialdi hezigarriko eta denbora libreko ekintzak egiteko.

F.5. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskaera. (III. eranskina).

b) Enpresa hornitzaileen aurrekontuak edo fakturak. Horietan agertu beharko da zer material erosi den edo erosi nahi den.

c) Materiala zertarako erabiliko den azaltzen duen txostena.

III., IV., V. ERANSKINAK–AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

III., IV. eta V. eranskinak tramiteen katalogoaren fitxan aurkituko dituzu, URL honetan:

https://tramitespersonal.navarra.es/es/tramites/on/-/line/subvencion-a-entidades-locales-para-el-desarrollo-de-programas-para-la-juventud-2026-1

Iragarkiaren kodea: F2612080