Iragarkia
195. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 1a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Milagrosa auzora sartzeko arauak. Honako kale hauek eratzen duten perimetroaren barneko zona: Guelbenzu kalea, Blas de Laserna kalea, Queiles Errekaren kalea eta Zaragozako etorbidea
Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorreko zinegotzi ordezkariak ebazpen hau eman zuen, 2026ko irailaren 12an:
RSC 12-sept-2026 (8/SC).
Ikusi da beharrezkoa dela sarbideak eta zirkulazioa arautzea Urrobi Errekaren, Irati Errekaren eta Urederra Errekaren kaleetako zati batean, Milagrosa auzoan. Ukitutako zona dago honako kale hauek eratzen duten perimetroaren barnean: Guelbenzu kalea, Blas de Laserna kalea, Queiles Errekaren kalea eta Zaragozako etorbidea.
EBATZI DUT:
1. Sarbideak eta zirkulazioa arautzea Milagrosa auzoan; hala, zirkulazioa murriztuko da Urrobi Errekaren, Irati Errekaren eta Urederra Errekaren kaleetako zati batean.
Ukitutako zona dago honako kale hauek eratzen duten perimetroaren barnean: Guelbenzu kalea, Blas de Laserna kalea, Queiles Errekaren kalea eta Zaragozako etorbidea.
Ebazpen honi eransten zaio ukitutako zonaren planoa (I. eranskina).
2. Arau hauek 2026ko urriaren 1ean sartuko dira indarrean.
Iruñean, 2026ko irailaren 13an.–Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorreko zinegotzi ordezkaria, Endika Alonso Irisarri.
HITZAURREA
Iruñeko Udalaren xedapen honen helburua da hiriko gune berezienak babestea, eta helburu nagusia da behar ez bezalako aparkatzeak murriztea Milagrosa auzoan, eremu partekatuetan, eta, hala, zirkulazioa mugatzea bertako bizilagunen eta zerbitzuen erabilerara eta, orobat, joan-etorriko zirkulazioa gutxitzea.
Horregatik denagatik, ezartzen dira honako artikulu hauek, antolamendu-sistema arautzen dutenak.
I. TITULUA.–ESKUMENA, HELBURUAK, UKITUTAKO EREMUA
1. artikulua. Eskumenak.
Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluan udalerriei esleitzen zaizkie, besteak beste, honako eskumen hauek (legegintzako errege dekretu horren bidez onesten da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina): trafikoa antolatzea eta kontrolatzea beren titulartasuneko hiri barruko bideetan; hiri barruko bideen erabilera arautzea zirkulazioko udal ordenantzen bidez, aparkalekuen banaketa orekatua ahalbidetuz erabiltzaile guztien artean, kontuan hartuz ibilgailuen zirkulazioan beharrezkoa den arintasuna eta oinezkoen joan-etorria; hiri barruko bideak ixtea, beharrezkoa denean; eta hiri barruko bideetan ibilgailu jakin batzuen joan-etorria murriztea.
Honako hau ezartzen da Iruñeko Udalaren Mugikortasunari buruzko udal ordenantzan, 17. artikuluan: "Iruñeko Udalak sarbide murriztuko eremuak ezartzen ahalko ditu segurtasun arrazoiengatik edo hura aholkatzen duten beste edozein ziorengatik. Halako eremuetan guztiz edo parte batez murrizten ahalko dira ibilgailuen zirkulazioa eta aparkatzea, eta baldintza zehatzak xedatuko dira eremu horietako zirkulazioaren nondik norakoak zedarritzeko".
Gainera, 18. artikuluan honako hau ezartzen da:
"Sarbide kontrolatuko eremuak udal-organo eskudunak emandako xedapen baten bidez arautuko dira".
Eremu horiek erregulatzen dituzten arauak urratzea administrazioko arau-haustetzat joko da zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzko araudiarekin bat."
Era berean, eskumen hau esleitzen dio Herritarren Segurtasuneko Alorrari 2019ko ekainaren 21eko Udal Antolaketaren Dekretuak:
"Espazio publikoaren erabilera antolatu eta arautzea, ibilgailuen eta oinezkoen mugikortasuna bermatzeko.
Xedapenak eta arauak egitea, ibilgailuen zirkulazioa, trafiko-seinaleak, aparkatzeko tokiak eta bidaiarien zein salgaien garraioa arautzeko."
2. artikulua. Helburuak.
Hauek dira xedapen honen helburuak:
–Oinezkoen eta txirrindularien joan-etorri segurua bermatzea ukitutako kaleetan.
–Herritarren sarbide ordenatua eta baketsua ahalbidetzea hauetaraino: saltokiak, etxebizitzak, kultura etxeak, ikastetxeak, erakunde publikoak eta gune monumentalak.
–Eremu horretako ekonomia eta garapena sustatzea.
–Milagrosa auzoko kaleetatik (ondorengo artikuluetan aipatzen dira) igarotzen diren ibilgailu motordunen kopurua murriztea, eta behar ez bezalako aparkatzeak ezabatzea bertan. Hiri barneko kalitate handiagoa lortzea eremu horretan, estetika hobetuz, eta murriztuz ibilgailu motordunek sortutako zaratak eta keak.
3. artikulua. Ukitutako eremuak.
Zirkulazioa eta erregulazioa murriztu eginen dira Urrobi Errekaren, Irati Errekaren eta Urederra Errekaren kaleetako zati batean. Hiriko Milagrosa auzoari dagokio trafikoari buruzko araudi berezi honek ukitutako eremua.
Ukitutako eremua jasotzen duen planoa "I. eranskin" gisa sartu da xedapen honetan. Ukitutako zona dago honako kale hauek eratzen duten perimetroaren barnean: Guelbenzu kalea, Blas de Laserna kalea, Queiles Errekaren kalea eta Zaragozako etorbidea.
–Manuel de Falla kaletik edo Zidacos Errekaren kaletik igaro behar du sarbide kontrolatuko eremura sartzeko zirkulazioak.
II. TITULUA.–SARBIDEAK: LEKUAK ETA BALDINTZAK
4. artikulua. Seinaleak.
Manuel de Falla kalean, sarbide kontrolatuko eremurako sarbidean, bide-seinale bertikalak egonen dira, adierazten dutenak debekaturik dagoela sartzea (R-101) eta aparkatzea (R-308), eta Zidacos Errekaren kaleko sarbidean, adierazten dutenak debekaturik dagoela aparkatzea (R-308), betiere baimenik ez duten ibilgailuentzat, eta, horretaz gain, seinale orokor bat, adierazten duena eremu partekatua dela (S-47), honako hau esanen duena:
–20 km/h izanen da ibilgailuen gehieneko abiadura baimendua.
–Gidariek, betiere, lehentasuna oinezkoei emanen diete une oro.
–Ibilgailuek aparkatzen ahalko dute horretarako berariaz prestatutako tokietan bakarrik; seinaleztatuko dira egoki den bide-seinale bertikalen edo horizontalen bidez.
–Oinezkoek zirkulazio eremu guztia erabiltzen ahalko dute; betiere, errespetatu beharko dituzte bizikidetzako eta bide-segurtasuneko arauak.
–Bidea honako hauek partekatuko dute: automobilek, bizikletek eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek (MPI).
–Bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI) bi noranzkoetan ibiltzen ahalko dira, salbu seinaleztapenak kontrakoa badio.
–Oinezkoek ez dute beharrik gabe oztopatu behar baimendutako ibilgailuen zirkulazioa.
Era berean, sarrera kontrolatuko eremurako irteeretan bide-seinale bertikalak izanen dira, adierazten dutenak bukatzen dela baimenik gabeko joan-etorri eta/edo aparkaldi debekatuen eremua, eta berriro aplikatzen direla zirkulazioko arau orokorrak. Eremuaren barnean, ibilgailuen aparkalekuak pintura zuriz seinaleztatuko dira horizontalean, seinale bertikalen bidez edo zoladuran bereizitako egituraren bidez, eta erabiltzen ahalko dituzte matrikulak erregistratuta eta baimenduta dituzten ibilgailuek bakarrik; hain zuzen ere, 30 minutuz aparkatzeko tiketaren bidez, Telpark aplikazioaren bitartez.
Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko eta/edo handik ateratzeko guneetan, gailu batzuk egonen dira instalaturik, matrikulak irakurtzeko irudiak hartuz, eta, nolanahi ere, beste edozein bitarteko ere erabiltzen ahalko da kontrolatzeko.
5. artikulua. Matrikulak egiaztatzea.
Udalak beretzat hartzen du ahalmena aipatutako kameraren bat tokiz aldatzeko edo kamera berriak jartzeko toki desberdinetan, kontrol-sistemaren eraginkortasuna hobetze aldera, eta aldaketa horien berri emanen da jendaurrean.
6. artikulua. Ibilgailuen sarbidea Milagrosako Sarbide Kontrolatuko Eremuan (SKE), eta zirkulazioko arau orokorrak.
Sarbidea:
–Ez dute baimenik eskatu behar bizikletek eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek (MPI).
–Ibilgailuek ez dute baimenik eskatu behar baldin 2 zirkuituetara sartzen badira bidaiariak uzteko edo jasotzeko edo geralekuetan aparkatzeko denbora mugatu baterako, 30 minututarako gehienez, eta, betiere, baimendutako gehieneko masa (BGM) 5.500 kilogramokoa badu.
Zirkulatzeko arau orokorrak:
–Sarbide kontrolatuko eremura sartzen diren ibilgailuek indarrean eduki behar dituzte aseguru poliza eta ibilgailuen azterketa teknikoaren (IAT) aldeko txostena.
–Sarbide kontrolatuko eremura sartzen diren ibilgailuen baimendutako gehieneko masa (BGM) 5.500 kilogramokoa izanen da. Herritarren Segurtasuneko Alorreko zuzendaritzak baimendu beharko du BGM handiagoko ibilgailuak sartzea, baimenean jasotzen diren mugekin.
–Baimen bakoitzaren baldintza zehatzen arabera arautuko da nola erabili sarbide kontrolatuko eremuan dauden seinaleztatutako aparkalekuak. Paragrafo honetan sartzen dira honako hauek:
- Erreserbatua, desgaitasuna dutenentzat.
- Aparkaleku erreserbatuak.
Ibilgailuek geralekuan aparkatu dezakete soilik baldin eta aldez aurretik beren matrikulak erregistratu eta baimendu badira, horretarako lortuz 30 minutuz aparkatzeko tiket bat, Telpark aplikazioaren bitartez, salbu jada egoki den baimena duten ibilgailuek.
Bide publikoa okupatzeko ekitaldirako sarbide espezifikoaren bidez (udal ordenantza, Iruñeko Udalaren Mugikortasunari buruzkoa, 44. artikulua) arautuko dira gainerako ibilgailuak, hots, xedapen honetan azaldutako irizpideen arabera baimendu ezin direnak, honako arrazoi hauek direla-eta: neurriak, masak, sarbidearen iraupena, egonlekua, aparkatzeko aldi baterako erreserba eta abar.
III. TITULUA.–IRIZPIDEAK, MILAGROSA AUZOKO SARBIDE KONTROLATUKO EREMUETARA (SKE) SARTZEKO ETA HORIETAN EGOTEKO ETA FUNTZIONATZEKO
7. artikulua. Baimenak (motak).
Milagrosa auzoko sarbide kontrolatuko eremuan (SKE) sartzeko baimen-mota honen xede bakarra izan behar da eremu horretan egon beharra, 30 minutuz baino luzeago.
Sarbide iraunkorra duten ibilgailuen matrikulen altak emanen dira jarraikiz ezarritako irizpideei, eskubidez bakoitzari dagokion baimen-motaren arabera, eta honako modalitate hauek izanen dituzte:
C) Erabilera pribatuko garaje-plaza baten edo aparkaleku baten jabea edo errentaria.
1. Norentzat: araututako zonako kaleetan dagoen garaje-plaza edo aparkaleku pribatu baten titularra edo erabiltzailea.
2. Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek erantsi behar dituzte:
–Agiria, frogatzen duena baduela eskubidea garaje hori erabiltzeko, baldin jabea ez bada.
3. Sarbide mugatuko eremuan barna ibiltzea ahalbidetzen du, garajeraino dagoen ibilbide hurbilenetik, eta soilik garaje horretan aparkatzeko xedez. Ez dio gidariari baimenik ematen bere ibilgailua sarbide kontrolatuko eremuan aparkatzeko.
D) Erabilera pribatuko geraleku edo aparkaleku baten erreserbaren titularra.
1. Norentzat: sarbide kontrolatuko eremuko geraleku edo aparkaleku baten erreserba baten titular juridikoa.
2. Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek erantsi behar dituzte:
–Aparkaleku bat eskatuz gero, titulartasuna eta plaza kopurua frogatzen dituen agiria.
–Geralekuaren erreserbaren kasuan, titulartasuna, kokapena eta plaza kopurua.
3. Sarbide mugatuko eremuan barna ibiltzea ahalbidetzen du, aparkalekuraino edo erreserbaturaino dagoen ibilbide hurbilenetik, plaza horretan aparkatzeko xedez. Ez dio gidariari baimenik ematen bere ibilgailua sarbide kontrolatuko eremuan aparkatzeko.
4. Ibilgailuen titularrek ibilgailuen kontrola errazteko eta sinplifikatzeko, sar daitezke baimendutako ohiko matrikulen kopuru bat, izanen dena erreserbako edo aparkalekuko aparkaleku-plazak halako bi.
Aparkalekuan edo erreserbatuan noizean behin sartu behar den ibilgailuari buruzko informazioa (sartzeko eta ateratzeko data eta matrikula), baimenaren titularrak sartuko du zuzenean sarbidea kontrolatzeko sisteman, horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidez. Izapide hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren 72 orduko epea izanen da gehienez, sarrera egin dela komunikatzeko.
5. Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko denbora zamalanak egiteko izanen da, horretarako ezinbestekoa den denboran, eta denbora hori ez da erabili behar bestelako zereginik egiteko.
6. Zamalanak, ahal den neurrian, egin behar dira jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan. Zamak ez dira inola ere lurzoruan pilatu edo utzi behar.
I) Larrialdietako ibilgailuak.
1. Norentzat: suteak itzaltzeko zerbitzuak eta poliziaren, babes zibilaren, hileta-autoen eta anbulantzien zerbitzuak ematen dituzten ibilgailuen titularrak. Baldin ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2. Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera honako informazio hau erantsi behar dute:
–Ahal dela, zerbitzuetatik bertatik emanen dituzte matrikulen zerrendak, eta matrikula sisteman irauliko dira.
–Halakorik ezean, baldin ibilgailuak behar bezala errotulaturik eta atzealdean identifikatuak badaude, egiten diren sarrerak ofizioz baimenduko dira.
3. Ahalbidetuko du egunaren edozein unetan eta kontrolgune guztietatik sartzea eta sarbide kontrolatuko eremuan egotea, baldin ari badira larrialdietako lanak egiten edo esleitutako zaintza lanak egiten.
M) Iruñeko Udalean zerbitzuak egiteko enpresa emakidadunen ibilgailuak.
1. Norentzat: Iruñeko Udalaren enpresa emakidadun baten titularra, baldin ibilgailuak Udalaren logotipoarekin errotulaturik badaude, eta baldin sartzeko beharra arrazoituz frogatzen bada. Baldin ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2. Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar du:
–Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko beharraren azalpen arrazoitua.
3. Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik, baimenean zehaztutako mugarekin eta ezinbesteko denboran. Ibilgailua ezin da egon sarbide kontrolatuko eremuan, baldin egiten diren lanetarako beharrezkoa ez bada.
4. Baimenaren indarraldia emakidaren epearekin bat etorriko da.
N) Mugikortasun murriztua dutenek aparkatzeko txartelaren titularrak.
1. Baimen hori mugikortasun murriztua dutenek aparkatzeko txartelen titularrentzat da. Baldin ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2. Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar du:
–Mugikortasun murriztua dutenek aparkatzeko txartelaren fotokopia.
3. Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidean barna eta horretarako ezarritako lekuetan aparkatzea. Txartela ikusteko moduko lekuan jarri beharko da.
4. Alta ematen ahalko diete bi ibilgailuri.
5. Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko baimenen indarraldia txartelaren indarraldiaren epearekin bat etorriko da; 5 urtekoa gehienez ere.
R) Ekitaldiak egiteko behar den baimena.
1. Ekitaldi erlijioso edo zibiletan eta erakusketa, azoka, ekitaldi ludiko edo kulturaletan parte hartzen dutenentzat da.
2. Sartzeko baimena lortzeko, bete beharko du Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantzan (V. titulua) adierazitakoa, eta bete beharko ditu Herritarren Segurtasuneko Zinegotzitzaren ebazpenaren irizpideak, RPC 03-JUN-05 (17/PC) espedientekoak, eta, eskabidearekin batera, honako hauek erantsi beharko ditu:
–Sarbidea justifikatzen duen informazio ulergarria.
–Iraupena.
–Okupatu beharreko eremuak.
–Ekitaldian parte hartzen duten matrikulen zerrenda.
3. Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea, xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik eta ezinbesteko denboran.
U) Egoera bereziak.
Udalak ulertzen du gerta daitezkeela aurreko puntuetan jaso gabeko egoerak, beren berezitasunagatik jaso ez direnak baimen zehatz batean. Horregatik, salbuespen moduan, Udalak egoera berezietarako baimen bereziak ematen ahalko ditu sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzeko.
Interesdunak arrazoitu beharko ditu sarbiderako beharra eta inguruabar bereziak, araututakoak ez bezalakoak.
Eskabidea edozein erregistrotan aurkezten ahalko dute, Herritarren Segurtasuneko Alorreko zuzendaritzari zuzenduta, eta eskatzaileak ez du sartzerik izanen harik eta baimenaren berrespena jasotzen duen arte.
IV. TITULUA.–KONTROLA, ZAINTZA ETA ESKABIDEAK
8. artikulua. Baimenen jarraipena eta kontrola.
Herritarren Segurtasuneko Alorrari dagozkio baimen iraunkorrak edo adli baterakoak emateko alderdi tekniko eta administratiboak.
Herritarren Segurtasuneko Alorrari dagokio izapidetzea sarbide kontrolatuko eremura (Milagrosako SKE) sartzeko, egoteko eta zirkulatzeko baldintzak ez betetzearen ondoriozko zehapen-espedienteak, bat etorriz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko araudiarekin, eta Udaltzaingoari eta haren laguntzaileei dagozkie zaintza, diziplina, behin-behineko baimenak ematea eta matrikulak irakurtzeko gailuen erabilera.
Aldizkako kontrolak eginen dira, egiaztatzeko betetzen diren sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko baimenen baldintzak. Horretarako, eskatzaileei edo baimena ematea proposatzen duten erakundeei eskatzen ahalko zaizkie behar diren agiriak, justifikatzen dutenak betetzen dituztela baldintzak.
9. artikulua. Baimen eskabideak eta berritzeak.
Interesa duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek, edozein baimen eskatu baino lehen, alta eman behar dute, eta beren burua identifikatu eta autentifikatu behar dute, Iruñeko Udalak komunikazio pertsonal eta pribaturako hiritarren eskura jartzen duen bitarteko birtualean. Eragiketa hori egiteko, pertsona juridikoek eduki behar dute Iruñeko Udalak onartutako sinadura elektronikoko sistema bat.
Sinadura elektronikorik ez duten eta interesa duten pertsona fisikoen eskura prozedura bat jarriko da, eta horretan behar bezala identifikatzen ahalko dira.
Sisteman alta emateko, eta baimen iraunkorretarako edo aldi baterako baimenerako eskabideak egiteko, aurkeztu behar dira xedapen honetan kasu bakoitzean ezarritako dokumentazioarekin batera, honako online bitarteko hauen bidez:
Honako web-orri hauetan: https://policia.pamplona.es/eu eta https://www.pamplona.es/eu.
Interesdunak baimenak online kudeatzea ezinezkoa denean, honela kudeatzen ahalko ditu:
–Telefono bidez, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez (010 edo 948420100 telefono zenbakia).
–Aurrez aurre, Herritarren Segurtasuneko Alorreko bulegoetan (Iratxeko Monasterioa 2) edo, aldez aurretik hitzordua eskatuta, Herritarren Arretarako Bulegoan, Kondestablearen Jauregian (Kale Nagusia, 2).
Baldin premiazko, behin-behineko edo aldi baterako eskabideak, arrazoi justifikatua izanik, ezin badira egin 2. puntuan ezarritako bideetatik, salbuespen moduan, egiten ahalko dira Iruñeko Udaltzaingoaren bidez.
10. artikulua. Baimena galtzea.
Baldin aldatzen badira baimena emateko oinarritzat hartutako datuak edo baldintzak, titularra behartua dago hori jakinaraztera, baimena luzatu edo eteteko, egiaztatu ondoren. Hala ere, ahal dela, egiaztapen hori ofizioz eginen da aldian behin, eta indargabetu eginen dira eskatutako baldintzak jada betetzen ez dituzten baimenak. Egiaztapena ofizioz egiteak ez du salbuesten baimenaren titularrak aipatutako aldaketak jakinarazteko duen betebeharretik.
Eremu horietako funtzionamenduaren arauak behin eta berriz ez-betetzeak berekin ekarriko du espediente bat, eta, horren ondorioz, baimena ezeztatzen ahalko da, aldi baterako edo behin betiko.
1. ERANSKINA.–PLANOA

Iragarkiaren kodea: L2612582
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
