195. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEOTZ

Udal ordenantza, arautzen duena etxebizitza hutsen gaineko zerga. Behin betiko onespena

Leozko Udalak, 2026ko uztailaren 2an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza.

Erabaki hori 2026ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 21ean.

Jendaurreko aldia iragan denez inork haren aurkako alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aditzera ematen da, eta ohartarazten da erabaki honen kontra errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dela:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluarekin (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Iratxetan (Leotz), 2026ko irailaren 10ean.–Alkatea, Amaia Ruiz Marcolain.

ORDENANTZA FISKALA, ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA LEOZKO UDALERRIAN

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; zehazki, II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluak, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da Leozko udal-mugartean diren etxebizitza hutsen titulartasuna.

3. artikulua. Zerga honen ondorioetarako, etxebizitza huts gisa hartzen da etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak halakotzat deklaratu, eta Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta eman zaiona Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari jarraikiz.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta, nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean ez dagoenean bestelako gozamen- edo erabilera-eskubide errealik.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamen- edo erabilera-eskubide erreal baten titular badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak

5. artikulua.

1. Zergaren aplikaziotik salbuetsita egonen dira:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzekoa zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak baldin badira ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak, arrazoi teknikoengatik, antolamendukoengatik nahiz ekoizpenekoengatik edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkion kontratazioengatik, edo langileek lanean tokiz aldatu behar izateagatik.

c) Administrazio publikoaren (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatea) esku jarri diren etxebizitzak, gizarte-alokairurako erabiltzeko.

2. Betiere zerga-salbuespena etxebizitza bakar batek izanen du.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga-oinarria izanen da indarrean dagoena hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren ordainarazpenerako.

Kuota

7. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

Karga-tasa

8. artikulua.

1) Karga-tasa izanen da Udalak osoko bilkuran onesten duena ekitaldi bakoitzerako, etxebizitza Etxebizitza Hutsen Erregistroan inskribaturik dagoen lehenengo eta bigarren urteetarako. Horietan, karga-tasak tarte hauen barnean egon beharko du:

–%0,25 eta %0,50 artean lehen urterako.

–%0,50 eta %1 artean bigarren urterako.

–Hirugarren urterako eta hurrengoetarako %1,5 izanen da.

2) Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako.

Zergaren sortzapena

9. artikulua.

1) Zerga lehen aldiz sortuko da ebazpen bat ematen denean deklaratzen duena etxebizitza hutsik dagoela.

2) Gero, zerga-urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, Etxebizitza Hutsen Erregistroan etxebizitza alta emanda dagoen bitartean.

3) Kuotak seihilekokoak izanen dira, seihilekoak naturalak izanen direlarik, eta horien barnean, zatiezinak eta txikiezinak.

4) Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute itzul dakiela zergaren sortzealdiari dagozkion kuoten zati proportzionala, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrerakoa.

Zergaren kudeaketa

10. artikulua. Zergaren ordainarazpena egiteko, Leozko Udalak eguneratuta eduki beharko du Etxebizitza Hutsen Udal Errolda, Etxebizitza Hutsen Erregistroan gertatzen diren altak eta bajak kontuan harturik. Alta eta baja horiek Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak ofizioz jakinaraziko dizkio Udalari.

11. artikulua. Erregistroan alta emanda, Udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, zerga-oinarria eta karga-tasa indarduna adierazita.

12. artikulua. Zerga kudeatzeko, erabiliko dira lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak, eta kasuko likidazioak eta kobrantza-dokumentuen igorpenak eginen dira.

Iragarkiaren kodea: L2612141