2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERROIBAR
Aldaketa, Ikasteko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
Erroibarko Udalak, 2023ko irailaren 20an egin bilkuran, Ikasteko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzaren testu bategina onetsi zuen hasiera batean. Testu hori argitaratzen denean jarriko da indarrean eta atzeraeragina izango du osoko bilkuran hasierako onarpena eman zitzaion egunetik aurrera.
Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraituz, hartutako erabakia 206 zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2023ko urriaren 3an, argitaratu zen, baita udaletxeko iragarki oholean ere, eta jendaurrean egon zen hogeita hamar egunean.
Legez ezarritako jendaurreko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iragan denez, eta aipatutako Foru Legearen 325.1.c) artikuluan ezarritako aginduak betez, behin betiko onetsitako aldaketak argitara ematen dira.
Lintzoainen, 2026ko irailaren 17an.–Alkatea, Leire Remiro Esnoz.
ERROIBARKO UDALAREN IKASKETETARAKO DIRULAGUNTAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Erroibarko Udalak aurreko ikasturtean ikasten aritu diren bizilagunei dirulaguntzak emanen dizkie, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte:
I.–Ondorengo baldintzak betetzen dituzten ikasleek soilik jasoko dituzte dirulaguntzak:
a) Erroibarko Udalerrian erroldatuak egotea eta Biztanlego Udal Erroldan gutxienez urte beteko antzinatasuna izatea.
b) Familia unitatea urtero 9 hilabetez gutxienez udalerrian bizitzea (ikasketak eta gaixotasuna dela eta udalerritik kanpo egon behar dutenek izan ezik).
c) Erroibarko Udalari dirulaguntza eskaera idatziz egitea, Udalak ezarritako epean. Eskaerarekin batera honako agiriak aurkeztu behar dira: aurreko ikasturtean egindako ikasketen ziurtagiria, lortutako emaitzen ziurtagiria eta ikasturtea osatzen duten ikasgaien ziurtagiria.
II.–Hauek dira dirulaguntzak jasoko dituzten ikasketa motak eta horien zenbatekoak:
A) Haur Hezkuntza: 61,01 euro.
B) Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehenengo eta bigarren zikloak: 120,20 euro, gainditutako ikasmaila bakoitzeko.
C) LOGSE Batxilerra, Gradu Ertaineko Formakuntza-Zikloak (L.H.-ko Bigarren Maila), Goiko Graduko Formakuntza-Zikloak (Perituak-LOGSE Batxilerra).
Idatz-zati honetan Hasierako Lanbide-Prestakuntza Programak (PCPI) eta Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko proba prestatzeko ikasketak (Hezkuntza Orientabideko zentroetan eginak) sartzen dira.
Gutxieneko laguntza 300,51 eurokoa izango da; ikasmaila osoa gainditzen duten ikasleek 601,01 euro jasoko dute eta ikasgai 1 edo 2 gainditzen ez dutenek 450,76 euro.
Ikasmaila bat urte bat baino gehiagotan gainditzen dutenek ezingo dute maila urte bakarrean gainditzen dutenek baino dirulaguntza gehiago jaso.
D) Unibertsitate mailako ikasketak.
1. Unibertsitate mailako ikasketen kasuan, ikasturte bakoitzeko 992 euroko dirulaguntza ezarri da.
2. Dirulaguntza hauek jasotzeko eskubidea duten ikasleek dirulaguntza jaso nahi badute, Udalari jakinarazi beharko diote zein den hautatu duten ikasketa mota, zenbat urte irauten duen eta zenbat kredituz osatua dagoen. Guzti hori ezagutu ondoren ikasleak gainditzen duen kreditu bakoitzeko dirulaguntza kalkulatuko da ondoan aipatzen den moduan:
Ikasketek irauten duten urteen zenbatekoa 992 euroz biderkatuko da.
Ateratzen den zenbatekoa ikasketak osatzen duten kredituez zatituko da.
Hau izanen da ikasleak gainditzen duen kreditu bakoitzeko jasoko duen dirulaguntza.
3. Udalak unibertsitatean ikasten ari den eta dirulaguntza eskatu duen ikasle bakoitzeko espediente bat irekiko du eta horretan datu hauek jarriko dira:
–Hautatutako ikasketak.
–Ikasketa horien iraupena (urte kopurua).
–Ikasketak osatzen duten kredituen kopurua.
–Kreditu bakoitzeko emanen den dirulaguntza.
–Dirulaguntza jaso duten kredituen kopurua.
4. Kasu bereziak:
4.1. Ikasketak hasi ondoren dirulaguntza eskatu edo jasotzeko eskubidea duen ikaslea:
Ikasketak bukatzeko falta zaion urte kopurua 992 euroz biderkatuko da eta zenbateko hori gainditzeko dituen kredituez zatituko da.
4.2. Ikasketak bukatu gabe bertze ikasketa mota bat egitera pasatzen den ikaslea:
Ikasketa berriek irauten duten urte kopurua 992 euroz biderkatuko da. Zenbateko horri aurreko ikasketak egin zituenean jasotako dirulaguntza kenduko zaio eta gelditzen den zenbatekoa ikasketa berrien kredituen kopuruaz zatituko da. Zenbateko hori izanen da ikasketa berriak egitean gainditzen duen kreditu bakoitzeko emanen zaion dirulaguntza.
4.3. Ikasketak bukatu ondoren bertze ikasketa mota egin nahi duen ikaslea:
Aurreko ikasketak egitean kreditu bakoitzeko jaso zuen zenbateko berbera aplikatuko zaio.
4.4. Aurreko ataletan aipatu ez diren ikasketak: masterrak, karrera bukaerako proiektuak eta abar, batzordeak baloratuko ditu eta alkateak ebazpena emango du. Dirulaguntza matrikularen %25 izango da; matrikula eskaerarekin batera aurkeztuko da. Emango den dirulaguntza gehienez ere 900 euro izango da, betiere ikasketak gainditu direla frogatu ondoren.
Paragrafo honetan aipatzen diren master, proiektu eta antzeko bat bakarrik lagunduko da, ez gehiago.
4.5. Erroibarrerako interesgarriak izan daitezkeen lanak egiteko laguntza osagarriak.
1.–Diruz lagunduko dira gradu bukaerako, master bukaerako eta lanbide heziketako zikloen bukaerako lanak, baita maila altuagoko beste formakuntza ikasketenak ere.
2.–Dirulaguntza hauen helburua izanen da ibarrari buruz eginen diren lanak edo proiektuak baloratzea, beti ere udalaren edo bizilagunen interesekoak baldin badira.
3.–Dirulaguntzak Udalaren ikasketa batzordeak erabakiko ditu, eginen den proiektua udalaren interesekoa den baloratzeko. Hartara, proiektuen interesaren graduaren arabera dirulaguntzen kopurua aldatuko da.
3.1.–Ez du udalarentzako interesik. Proiektu horiek ez dute dirulaguntzarik izanen, bai berriz ikasteko dirulaguntza arrunten bidez.
3.2.–Intereseko Lan edo Proiektua. Proiektu horiek diruz lagunduko dira irizpide hauen arabera:
–Gradu bukaerako lana: 15 euro kreditu bakoitzeko.
–Master bukaerako lana: 25 euro kreditu bakoitzeko.
–Goi mailako zikloaren bukaerako proiektua: 150 euro.
3.3.–Interes handiko Lan edo Proiektua. Proiektu horiek diruz lagunduko dira irizpide hauen arabera:
–Gradu bukaerako lana: 30 euro kreditu bakoitzeko.
–Master bukaerako lana: 50 euro kreditu bakoitzeko.
–Goi mailako zikloaren bukaerako proiektua: 300 euro.
3.4.–Aipatutako goi mailako ikasketen proiektu edo lanez gain, Udalak ibarrarentzako interesekoak izan daitezkeen bestelako proiektuak ere baloratuko ditu.
4.–Dirulaguntza horiek ez dira inola ere ez emanen aldez aurretik ikasketen batzordeak aztertu ez baditu. Batzorde hori izanen da gaia aztertu eta baloratuko duena beti, dirulaguntza eman baino lehen.
5.–Dirulaguntza hau ikasteko dirulaguntzen ordenantzan aipatzen diren ziklo eta graduentzako dirulaguntza arruntaren osagarria da.
E) Euskara ikasketak.
Dirulaguntza hauek jasoko dituzte ordenantza honetan diruz lagunduak diren ikasketetan sartuak ez dauden euskara ikastaroak egiten dituzten bizilagunek.
Ondoan aipatzen diren ikasketa motak egiten dituztenek jasoko dute dirulaguntza:
1) Barnetegi moduko ikastaro trinkoak. Gutxieneko iraupena: bi aste.
2) Ikastaro trinkoak, egunero gutxienez lau orduko iraupena dutenak (astero hogei ordu).
3) Ikastaro estentsiboak.
4) Autoikaskuntza ikastaroak.
5) Udako Euskal Unibertsitateko Ikastaroak (UEU).
–Dirulaguntzaren zenbatekoa matrikularen kostuaren %50 izanen da eta horretarako gordeta dagoen aurrekontua agortu arte emanen dira. Dirulaguntzen zenbateko osoa aurrekontuan erreserbatutako kopurua baino handiagoa baldin bada, deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.
–Ez dira inola ere gastutzat hartuko garraioari eta materialari dagozkienak ez eta titulua lortzeko ordaindutako azterketa-eskubideei dagozkien gastuak ere.
–Eskatzaileak ikastaroaren gutxienez %80ko asistentzia/aprobetxamendua egiaztatu beharko du.
–Eskabidearekin batera honako dokumentuak aurkeztu behar dira:
a) Ikastaroa antolatzen duen erakundearen ziurtagiria, horren ezaugarriak zehazten dituena: maila, iraupena eta dirulaguntza eskatzen duen ikasleak izan duen asistentzia portzentajea.
b) Matrikularen ordainagiria.
–Birziklatze plangintzetan sartuak dauden administrazio publikoetako langileek ezinen dute hemen aipatzen diren dirulaguntzak jaso.
F) Eskola garraioa.
Garraioarentzako kontu-saila onartuz gero, laguntza emango zaie derrigorrezkoak ez diren ikasketa arautuak egiten dituzten ikasleei, beti ere egunero ikastetxera joan-etorria egiten badute eta gurasoek Erroibarko Udalarekin elkarlanean antolatzen duten garraioa erabiltzen badute. Emango den dirulaguntza ikasle bakoitzeko kostuaren %50 izango da eta horretarako Udalak onetsi daukan aurrekontua agortu arte emanen dira.
Modu berean 600 euroko dirulaguntza emango zaie aurreko paragrafoan aipatutako zerbitzua ordutegiengatik edo bertze arrazoirengatik erabili ezin dutenei, beti ere ikastetxeek emandako txostenen bidez behar bezala justifikatzen badira.
Ezingo dute dirulaguntza hauek jaso unibertsitate eta goi-zikloetako ikasleek, ezta garraio hori erabili dezaketen baina inolako justifikaziorik gabe erabiltzen ez dutenek ere.
III.–Ordenantza honetan aurreikusten ez denari eta haren ulerkuntzari buruz sor daitezkeen zalantzei dagokienez, Erroibarko Udalak xedatzen duenari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: L2612492