1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
959E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Antsoaingo udal plan orokorraren aldaketari buruz. Aldaketak 22. poligonoko 189. lurzatiari eragiten dio, eta Felisa Sarasíbar Esquírozek sustatu du.
Antsoaingo Udalak 2026ko apirilaren 24an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean jarri zuen iragarki bat argitaratuz 2026ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 28koan. Espedientearen parte dira planaren aldaketaren memoria, hirigintzako arauak eta agiri grafikoak.
Proposatutako aldaketa Antsoaingo 22. poligonoko 189. katastro-lurzatiaren iparraldeko zatia birsailkatzean datza. Izan ere, lurzoru urbanizaezina izatetik bizitegietarako hiri-lurzoru finkatua izatera igaroko da, lurzatian dagoen eraikina familia bakarreko etxebizitza gisa erabiltzeko. Horretarako, antolamendu-unitate berri bat sortzen da (V5), aldaketaren eremua barne hartzen duena.
Plangintzaren aldaketak 1.612,70 metro koadroko eremu bati eragiten dio, zeina hirigunearen iparraldean baitago, fisikoki hiri-sarean integratuta. Lursail horrek ibilgailuentzako sarbidea eta zerbitzu guztiak ditu. Aldaketaren eremua malda ertaineko lurrak dira, Ezkaba mendiko magalean, lur elkor gisa sailkatuak, eta haietan ingurumen balio aipagarririk identifikatu ez denez, ez da ingurumen ukipen nabarmenik aurreikusten.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea Antsoaingo udal plan orokorraren aldaketari buruz, ingurumen ukipenik sortzen ez duela iritzita. Aldaketak 22. poligonoko 189. lurzatiari eragiten dio, eta Felisa Sarasibar Esquírozek sustatu du.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Antsoaingo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
ERANSKINA

Antsoaingo 22. poligonoko 189. katastro-lurzatiaren aldaketaren eremua
Iragarkiaren kodea: F2612351