1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
71/2026 FORU AGINDUA, irailaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena 58/2024 Foru Agindua, 2024ko maiatzaren 22koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 531 zenbakiko ordainketa-gutunaren eredua, konturako ordainketa egin dadin geroratzeko eta zatikatzeko eskaera telematikoetan.
Uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitatearen diru-bilketarako Erregelamendua, eta haren 48. artikuluan eta hurrengoetan araututa daude diru-bilketaren prozedurako geroratzeak eta ordainketa zatikatuak.
Aipatu erregelamenduaren 31. artikuluak eta hurrengoek arautzen dituzte ordainketa egiaztagiriak, eta horien artean daude, hain zuzen, ordainketa-gutunak.
Diru-bilketa kudeatzeko garapen informatikoetan egin berri diren hobekuntzen ondorioz, beharrezkoa da ordainketa-gutunaren eredu berri bat sortzea, geroratzeko eta zatikatzeko eskaera telematikoetan konturako ordainketak egiteko, posible izan dadin bereiztea borondatezko epean eta epe exekutiboan egiten direnak eta, halaber, eredu horri publizitatea egitea, herritarrek haren berri izan dezaten.
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan ezartzen denez, tributu arloko erregelamendu-ahala Nafarroako Gobernuari dagokio, eta tributu arloan eskuduna den departamentuko titularrak gauzatuko du ahal hori, legezko arau eta xedapenak betez eta aplikatuz. Bestalde, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluko e) eta g) letretan, kontseilariei esleitzen zaie haien departamentuetako berezko eskumenei loturiko erregelamendu-ahala, zeina foru agindu bidez gauzatuko baitute.
Horrenbestez, eta eskudantzia hori erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra. Aldatzea 58/2024 Foru Agindua, 2024ko maiatzaren 22koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 531 zenbakiko ordainketa-gutunaren eredua, konturako ordainketa egin dadin geroratzeko eta zatikatzeko eskaera telematikoetan.
Aldaketa hauek egiten dira maiatzaren 22ko 58/2024 Foru Aginduan:
Bat.–Izenburua.
"58/2024 Foru Agindua, 2024ko maiatzaren 22koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira 531 zenbakiko eta 535 zenbakiko ordainketa-gutunen ereduak, konturako ordainketa egin dadin geroratzeko eta zatikatzeko eskaera telematikoetan.
Bi.–Agintzen dut.
"1. Onestea, batetik, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko 531 zenbakiko ordainketa-gutunaren eredua (Konturako ordainketa geroratzeko eta zatikatzeko eskaera telematikoetan, borondatezko epean), konturako ordainketa borondatezko epean egin dadin geroratzeko eta zatikatzeko eskaera telematikoetan, eta, bestetik, 535 zenbakiko ordainketa-gutunaren eredua (Konturako ordainketa epe exekutiboan egin dadin geroratzeko eta zatikatzeko eskaera telematikoetan), exekuzio-epeko eskaeretarako. Ereduek honako aipu hauek, gutxienez, jaso beharko dituzte:
a) Borondatezko epeko eskaeretarako ordainketa-gutunaren zenbakia: 531. Exekuzio-epeko eskaeretarako ordainketa-gutunaren zenbakia: 535.
b) Ordainketa-gutunaren kontzeptua: konturako ordainketa egitea geroratzeko eta zatikatzeko eskaera telematikoetan .
c) Zordunaren izen-deiturak, sozietate-izena edo izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
d) Zorraren zenbatekoa.
e) Ordainketaren data.
f) Ordainketa-gutuna eman duen organoa, pertsona edo entitatea.
2. Ordainketa-gutuna bitarteko mekanikoen bitartez ematen bada, arestian aipatutako horiek kode edo laburtzapenen bidez eman daitezke, baldin eta, oro har, kasuan kasuko zorduna eta ordaindutako zorra identifikatzeko nahikoak badira".
Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iruñean, 2026ko irailaren 15ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2612312