193. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Aldaketa, Musika Eskolako ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Arangurengo Udaleko osoko bilkurak, 2026ko ekainaren 30ean egindako ohiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Musika eskolan ematen diren ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko prezio publikoak arautzen dituen 11. ordenantza fiskala aldatzea.

Jendaurrean jartzeko iragarkia argitara eman zen 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2026ko uztailaren 21ean, eta jendaurreko aldian inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta jarraian ematen da argitara haren testua.

Mutiloan, 2026ko irailaren 7an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

11. ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza honen xede den prezio publikoa ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean (lege hori martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu zuen).

Sortzapena

2. artikulua. Ordaindu beharra ikastaroetan izena ematen den unean berean sortzen da eta hartan parte hartzen dutenek ordaindu beharko dute.

Kudeaketako eta diru-bilketako arauak

3. artikulua. Izena emateko zenbatekoa edo matrikula ordaindu beharko da hura formalizatu baino lehen matrikulatzeko epearen barnean, ikaspostua erreserbatzeko edo eskaera berriak kudeatu eta izapidetzeko, haien balorazioa egite aldera.

Ikaspostua eskatzeko, ikasle berriek diru-sarrera egin beharko dute Udalaren banku-kontuan (ikaspostua eskatzeko dokumentazioan adieraziko da kontu hori), eta dagokion banku-frogagiria aurkeztu beharko dute musika eskolak eskaturiko gainerako agiriekin batera, aurrez aurre zentroko administrazioan.

Ikasle zaharrek automatikoki berrituko dute matrikula. Horretarako, Udalak matrikulari dagokion zenbatekoa kobratuko du, aurreko ikasturtean emandako banku-helbideratzea edo -kontua erabilita. Musika-ikasketetan segitu nahi ez dutenek baja formalizatu beharko dute matrikulatzeko epean edo horretarako ezarritako epean. Behar den eskabidea aurkeztuko dute musika eskolako administrazioan. Epe horretan baja jakinarazten ez bada, hurrengo ikasturterako matrikula berritutzat joko da eta dagozkion zenbatekoak kobratuko dira.

Matrikularen zenbateko bakarra ordainduko da, ikasleak zenbat ikasgaitan matrikulatu diren alde batera utzita.

Ikasle berriei dagokienez, ikaspostua eskatzeko prozesuan matrikularen zenbatekoa ordaintzeak ez du bermatzen ikasposturik erdiestea musika eskolan. Udalak ikastaroa bertan behera uzten duenean baizik ez da bidezko izanen matrikularen zenbatekoa itzultzea, edo eskatzaileek ikasposturik erdietsi ez dutenean eskaintzen diren espezialitateetan.

Musika eskolaren aurreko ikasturteetan zenbatekoak ez ordaintzeagatik Arangurengo Udalarekin zorrak dituzten ikasleek ez dute izena ematen ahalko, ez eta matrikula egiten ahalko ere.

Matrikulatzeko epea bukatutakoan, ikaspostu hutsik geldituz gero baino ez dira onartuko beste matrikula batzuk.

4. artikulua. Ikasleei urteko kuota kobratzeko irizpideak eta gerta daitezkeen bajak.

Ikaslea matrikulatu den mailarako urteko prezio publikoari dagokion zenbatekoa (ikus tarifen eranskina) ordainduko da kopuru bereko hiru ordainketa zatikatutan.

Ordainagirien ordainketa banku-kontu batean helbideratu behar da; kontu horren datuak matrikula egitean adieraziko dituzte matrikulatzen direnek.

Hona hemen Udalak zenbateko horiek kobratzeko ezarritako datak:

a) Lehenbiziko kobrantza: irailean.

b) Bigarren kobrantza: abenduan.

c) Hirugarren kobrantza: martxoan.

Musika eskolan ikastaroa hasitakoan onartzen diren ikasleek matrikula osoa ordainduko dute, bai eta egin behar dituzten ikasketei dagokien prezio publikoa ere, ikastaroari falta zaizkion hilabeteen arabera, izena zer hilabetetan ematen den, hura barne dela.

Jadanik matrikulaturik egonik musika eskola beren borondatez utzi nahi duten ikasleek idatziz eskatu beharko dute, musika eskolako administrazioan edo Udalaren erregistro elektronikoaren bidez, ez baita ahozko eskaerarik onartuko. Eskola uzteak honako ondorio hauek ekarriko ditu:

Ez zaie inondik ere itzuliko matrikulagatik ordaindutako zenbatekoa.

a) Uzteko eskaera ekainaren 30etik abuztuaren 31ra bitartean egiten bada, ez dira ordainduko 4. artikuluan jasotako ordainketa zatikatuak.

b) Uzteko eskaera irailaren 1etik azaroaren 30era bitartean egiten bada, 4. artikuluan jasotako lehen ordainketa zatikatua bakarrik ordaindu beharko da.

c) Uzteko eskaera abenduaren 1etik otsailaren 28ra bitartean egiten bada, 4. artikuluan jasotako lehen eta bigarren ordainketa zatikatuak ordaindu beharko dira.

d) Uzteko eskaera martxoaren 1etik aurrera egiten bada, ikasleek urteko prezio publiko osoa ordaindu beharko dute, 4. artikuluan jasotako hiru ordainketa zatikatuak barne.

Zentroak ikasturte bakoitzean ezartzen ahalko du beharrezko materialaren zerrenda prestakuntza maila eta/edo irakasgai bakoitzerako; horri dagokion gastua agertuko da matrikulatzeko prozedurari buruzko informazio publikoan.

5. artikulua. Ikasle berriak erroldaren arabera onartzea.

Zentroan ematen diren maila eta prestakuntza aukera guztietarako, bai Arangurenen erroldaturiko ikasleak, bai erroldatu gabekoak onartuko dira, gelditzen diren ikaspostu hutsen arabera hala instrumentu espezialitateetan nola beste irakasgai batzuetan, ikasle zaharrek matrikula egin ondoren.

Maila guztietarako eta instrumentu talde nahiz ahots talde guztietarako, erroldatutzat hartuko dira matrikula egiteko garaian Arangurengo Udalaren erregistroan inskribaturik daudenak, bai eta gurasoak banantzearen edo dibortziatzearen ondorioz erroldaturik ez daudenak ere, gurasoetako bat erroldaturik badago. Inguruabar hori frogatu egin beharko da.

6. artikulua. Ikaspostuak, instrumentu espezialitateak eta taldeko irakasgaien ordutegiak esleitzea.

Musika eskolak ikasturte bakoitzean ezarriko du, ikastegiaren antolaketa- eta pedagogia-premien arabera, zenbat plaza eskainiko diren prestakuntza maila bakoitzean, instrumentuen espezialitateetan eta eskainitako irakasgaietan.

Ikaspostuak zozketa publiko bidez esleitzen ahalko dira eskaeren kopuruak ikaspostuen kopurua gainditzen badu. Zozketa horietan parte hartzeko, eskatzaileek ordezkatuta egon beharko dute, musika eskolak ikasturte bakoitzean ezartzen duen prozeduraren arabera. Zozketaren hautaketa prozesuan parte hartzeko, ikasleek edo hain ordezkariek bertan egon behar dute nahitaez. Behar bezala ordezkatuta ez dauden pertsonei zentroak esleituko dizkie plaza eta ordutegia zozketa burutu ondoren, une horretan dauden ikaspostu hutsen arabera.

Ikasle berriei dagokienez, zentroak ikaspostua eskatzeko inprimakian jasotako hiru instrumentu espezialitateetako edozeinetan esleitzen ahalko du, premien arabera.

Ikaspostuak eta espezialitateak honela esleituko dira:

A.–I. maila - Musika hastapena (3-4 urtetik 6-7 urtera).

Musika hastapeneko talde ikasgaian ikasle berrientzako ikaspostuak ikaspostu hutsen arabera esleituko dira, lehentasun-ordena honi jarraiki:

1. Arangurenen erroldaturiko ikasleak, zentroan anaia edo arrebaren bat daukatenak.

2. Arangurenen erroldaturiko ikasleak, zentroan anai-arrebarik ez daukatenak.

3. Arangurenen erroldatu gabeko ikasleak, zentroan anaia edo arrebaren bat daukatenak.

4. Arangurenen erroldatu gabeko ikasleak, zentroan anai-arrebarik ez daukatenak.

B.–II. maila - 1. ikasmaila (7-8 urte, instrumentu ezagutzarik gabe).

II. mailako 1. ikasmailara sartzeko ikasleentzako instrumentuen ikaspostuak honako lehentasun-­ordena honi jarraiki esleituko dira:

1. Zentroko uneko ikasleak, ikaspostua zein ikasturtetarako eskatzen den, aurreko ikasturtean bukatu dutenak Musika hastapeneko 4. ikasmaila, Arangurengo Lino Otano Musika Eskolan hastapeneko 3. eta 4. ikasmailak gutxienez eginak dituztenak; eta aurreko ikasturtean II. mailako 1. ikasmaila bukatu dutenak, instrumentu espezialitatea aldatu nahi badute hurrengo ikasturterako.

2. Zentroko uneko ikasleak, Arangurengo Lino Otano Musika Eskolan Musika hastapeneko 4. ikasmaila soilik egin dutenak, aurreko ikasturtean.

3. Arangurenen erroldaturiko ikasle berriak, zentroan anaia edo arrebaren bat daukatenak.

4. Arangurenen erroldaturiko ikasle berriak, zentroan anai-arrebarik ez daukatenak.

5. Arangurenen erroldatu gabeko ikasle berriak, zentroan anaia edo arrebaren bat daukatenak.

6. Arangurenen erroldatu gabeko ikasle berriak, zentroan anai-arrebarik ez daukatenak.

C.–II. maila (2. ikasmaila eta hurrengoak –8-9 urtetik aurrera–) eta III. maila.

Goragoko mailetako ikasle berrientzako instrumentuen ikaspostuak adin txikienetik handienera esleituko dira, ikasturte bakoitzean lehentasun-ordena honi jarraiki:

1. Arangurenen erroldaturiko ikasle berriak, zentroan anaia edo arrebaren bat daukatenak.

2. Arangurenen erroldaturiko ikasle berriak, zentroan anai-arrebarik ez daukatenak.

3. Arangurenen erroldatu gabeko ikasle berriak, zentroan anaia edo arrebaren bat daukatenak.

4. Arangurenen erroldatu gabeko ikasle berriak, zentroan anai-arrebarik ez daukatenak.

Musika ezagutzak dituzten ikasleek, II. mailako 2. ikasmailatik aurrera edo goragoko ikasmailetan sartzea eskatzen badute, froga bat egin beharko dute, sartzeko maila egokiena zein den zehazteko.

Onartua izateko, frogaren emaitzaren eta zentroko ikasketa-planaren arabera esleitutako ikasmailako irakasgai guztietan ikaspostu hutsak egon beharko dira.

D.–Helduak.

–Helduen mailan sartzen ahalko dira Batxilergoko 2. mailatik edo horren parekotik aurrerako ikasleak (17 urte).

–Ikaspostuak lehentasun-ordena honen arabera esleituko dira:

1. Arangurenen erroldaturiko ikasleak.

2. Arangurenen erroldatu gabeko ikasleak.

Instrumentu espezialitate batean ikaspostua eskatzen duten ikasle berri guztientzat, egin nahi duten prestakuntza maila edozein dela ere, ikastetxeak baldintza berdinetan baloratuko ditu dagokion ikaspostuaren eskaera-orrian adierazitako hiru espezialitateak.

Taldeak eta ordutegiak honela esleituko dira:

Prestakuntza maila eta, hala badagokio, instrumentu espezialitate bakoitzari dagozkion ikaspostuak esleitu ondoren, taldeko irakasgaien ordutegiak zentroko antolaketa- eta pedagogia-irizpideen arabera antolatu eta esleituko dira.

Irakasgai bererako ordutegi-aukera bat baino gehiago badago eta ikasmailaren batean eskaerak dauden ikaspostuak baino gehiago badira, esleipena zozketa publiko bidez egiten ahalko da.

Musika hastapeneko eta Musika-hizkuntzako irakasgaietan, bai ikasle zaharrek bai berriek (zentroak ikasturte bakoitzean ezarritako matrikulazio-epearen barruan onartzeko eskaera aurkeztu duten pertsona guztiek) taldeak eta ordutegiak esleitzeko prozeduran parte hartuko dute.

Musika eskolak egoki deritzon antolamendu-prozedura ezartzen ahalko du ikasturte bakoitzerako, ikasleen taldeak modu orekatuan banatuko direla bermatzeko, ikastetxearen pedagogia-, antolamendu- eta funtzionamendu-irizpideak kontuan hartuta.

7. artikulua. Irakaskuntzen antolaketa.

Taldekako irakasgai guztietarako, gutxienez 6 ikasle behar dira, salbu eta kontserbatoriorako prestatzeko taldeen Musika-hizkuntzako irakasgairako; azken kasu horretan, eskola-denbora doituko da, ikasturte bakoitzeko ikasle kopuruaren arabera.

Ez da onartuko taldez aldatzea, baldin eta aldaketa horrekin eragozten bada talde bakoitzeko ezarrita dagoen gutxieneko ikasle kopuruari eustea.

Instrumentu eskolak talde txikikoak dira (2-3 ikasle), instrumentu espezialitatearen arabera.

Instrumentu eskolak pareko adin eta instrumentu mailen arabera antolatuko dira.

Honelakoetan baizik ez da ematen ahalko bakarkako eskola:

–Ikasmaila batean ikasle bakarra badago matrikulatuta eta dagokion instrumentua irakastea beharrezkoa bada zentroko taldeen funtzionamendurako.

–Irakasleek halako ikasle batez emandako orientabide baten kariaz, haren prestakuntzaren mesedetan, pedagogikoki arrazoiturik eta zuzendaritza taldeak oniritzia ematen badu.

–Ikasleen aniztasunari erantzuteko.

–Lehen ikasmaila baino gorakoak ikasi behar dituzten ikasle berriek mailakatze froga bat egin eta Musika-hizkuntzako talde baterako lekua erdietsi ondoan, irakasleek uste badute instrumentu mailan ez dela pareko ikaslerik taldekako eskolak antolatzeko, eta hura beharrezko instrumentua bada zentroko instrumentu taldeentzat.

Matrikulatutako ikasle batek baja ematen badu ikasturtea hasita dagoenean, eskola-denbora doituko da instrumentu eskolan, talde txikian gelditzen den ikasle kopuruaren arabera.

Ikasleek instrumentu espezialitatea aldatzeko eskatzen ahalko dute, baldin eta instrumentu berriari dagokion ikasmailari eta ikasketa-planaren arabera egin behar dituzten gainerako ikasgaiei begira ez badago ikasmaila bateko baino gehiagoko alderik matrikulatuta dauden ikasmaila orokorrarekiko.

Instrumentua aldatzeko baimena emateko, ikaspostu hutsak egon behar dira, eta ikastetxeak balorazio pedagogikoa eta antolakuntzakoa egin behar du.

Ikasle zaharrek baino ez dute izanen bigarren instrumentu espezialitate bat egiteko aukera. Horretarako, bigarren instrumentu bat egin gogo duten ikasleek kasuan kasuko eskaera aurkeztu beharko dute matrikula berritzeko dokumentazioarekin batera, eta eskabide bat aurkeztu beharko dute zentroko administrazioan. Zentroak hori egiteko aukera aztertuko du, antolaketaren eta eskaintzen diren ikaspostu hutsen arabera. Instrumentu eskolaren antolaketa izanen da lehen ezarritakoa, eta ikasketa-planari jarraikiz egin beharreko instrumentu ikastaroaren araberakoa.

Zer eskari dagoen, horren arabera baloratuko da instrumentu berriak sartzea, gutxienez 4 lagun badaude espezialitate berean interesaturik. Espezialitate hori ezarriko da, baldin eta interesaturik dauden 4 lagunek (gutxienez) dagokion matrikula formalizatzen badute.

Instrumentu Taldeak ikasteko, aurretik musika ezagutzak dituzten 11 urtetik gorako ikasleek ezagutza horiek frogatu beharko dituzte eta/edo, matrikulatu baino lehen, mailakatze proba bat egin, onar daitezkeen ala ez erabakitzeko.

Espezialitateko irakasleak banatuko ditu ikasleak espezialitate bakoitzari dagozkion instrumentu taldeen artean, kontuan harturik ikasle bakoitzaren musika maila eta zentroaren beharrak.

8. artikulua. Eskariaren arabera eta Arangurengo Udalaren euskarari buruzko ordenantza oinarri harturik, euskarazko irakasgaiak ematen segituko da.

Musika hastapeneko eta Musika-hizkuntzako talde irakasgai teorikoetarako euskara aukeratuz gero, hizkuntzaren aukeraketa mantendu eginen da dagokion prestakuntza mailarako, egonkortasun pedagogikoa eta zentroaren antolaketa akademiko egokia bermatzeko.

Ikastetxeko zuzendaritzak, salbuespenez, behar bezala justifikatutako aldaketak baimenduko ditu.

9. artikulua. Prezio publikoak aplikatzea.

Aplikatu beharreko prezio publikoak arau honen eranskinean ageri dira, eta barne hartzen dute balio erantsiaren gaineko zerga, hala badagokie.

Prezio publikoak aplikatzeari dagokionez, familia-unitatea da definitzen dena Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 71. artikuluan. Hura 2008ko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 30ean.

Erroldaturik dagoen ikasle batek errolda beste udalerri batera aldatzen badu ikasturtean, erroldatu gabeko ikasleentzat ezarritako zenbatekoa ordaintzen hasiko da zuzenean.

Erroldatu gabeko ikasle batek errolda Arangurenera aldatzen badu ikasturtea hasi ondoren, erroldatutako ikasleei dagokien prezio publikoa aplikatuko da, ikaslea noiz erroldatzen den, horren ondoren Udalak igortzen duen hurrengo ordainketatik hasita, eta arau honen 4. artikuluan ezarritako hilabeteen arabera.

Ikasleren batek ikasturte batean zehar musika prestakuntza eten nahi badu musika eskolan, bizilekua Nafarroatik kanpora aldatzen duelako, izena eman eta matrikula egiteagatik dagokion zenbatekoa ordaindu beharko du, "ikaspostu erreserba" gisa. Ikasturte bat igarota, ez badu berriz sartzeko eskaera egiten matrikulazio aldian, ez da hartuko ikasle zahar gisa.

Hiru ordainketa zatikatuetako bat ordaintzetik salbuesteko, arrazoi medikoengatik edo atzerrian ikasketak egiteagatik dela behar bezala justifikatu beharko da, eta horretarako dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

10. artikulua. Familia ugarien murriztapenak izan nahi dituztenek horren egiaztagiria aurkeztu beharko dute nahitaez, ikasturte bakoitzerako matrikulazio aldian.

Arangurenen erroldaturik daudenek baino ez dute izanen murriztapen hori.

Deskontua aplikatuko da indarrean den egiaztagiria eskola musikan aurkeztu eta hurrengo ordainketaren kopuruan.

TARIFEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Prezio publikoak.

–Matrikula: 62 euro ikastaro bakoitzeko.

–Urteko prezio publikoa: kopuru bereko hiru ordainketa zatikatutan ordainduko da bankuko helbideratze bidez, jarraian adierazten diren datetan eta zenbatekoekin, ikasleen prestakuntza mailaren arabera.

ORDAINTZEKO MODUAK

Lehen kobrantza

Iraila

Bigarren kobrantza

Abendua

Hirugarren kobrantza

Martxoa

MAILAK

ERROLDATUAK

ERROLDATU GABEAK

I. maila

110 euro/ordainketa

176 euro/ordainketa

II. maila

Orokorra

251 euro/ordainketa

401 euro/ordainketa

Sarbide taldeak, denbora laburreko musika-hizkuntzarekin

219 euro/ordainketa

351 euro/ordainketa

Kontserbatoriorako Prestakuntza edo Errepertorista*

298 euro/ordainketa

100 euro ordainketa bakarrean, 3. hiruhilekoan

475 euro/ordainketa

100 euro ordainketa bakarrean, 3. hiruhilekoan

2. musika-tresna

131 euro/ordainketa

210 euro/ordainketa

Taldeko Kantu Modernoa

32 euro/ordainketa

51 euro/ordainketa

(*) 5. Kontserbatoriorako Prestakuntza eta Errefortzuko Ikastaroa (Lanbide irakaskuntzetarako sarrera probak prestatzeko ikastaroak): instrumentu espezialitateetako ikasleek errepertorista behar badute lanbide irakaskuntzetara sartzeko proban.

III. maila

1. aukera: instrumentua eta talde bat

219 euro/ordainketa

351 euro/ordainketa

2. aukera: instrumentua eta bi talde

251 euro/ordainketa

401 euro/ordainketa

2. musika-tresna

131 euro/ordainketa

210 euro/ordainketa

Taldeko Kantu Modernoa

32 euro/ordainketa

51 euro/ordainketa

Ikasle helduak

Instrumentua

175 euro/ordainketa

280 euro/ordainketa

Taldeko irakasgaiak: Musika-hizkuntza, konbinazioa edo instrumentu talde txikiak

87 euro/ordainketa

139 euro/ordainketa

Taldeak bakarrik (zentroaren ikasketa-plan arruntetik kanpo)

Abesbatza

65 euro/ordainketa

79 euro/ordainketa

Instrumentu-taldeak

65 euro/ordainketa

79 euro/ordainketa

Taldeko Kantu Modernoa

100 euro/ordainketa

121 euro/ordainketa

2. epigrafea.–Familia ugaria.

–%10eko murriztapena eginen da urteko prezio publikoaren gainean, eta inoiz ere ez matrikularen zenbatekoaren gainean.

–Arangurenen erroldaturik daudenei baino ez zaie aplikatuko.

–Ezinbestekoa izanen da musika eskolako administrazioan fotokopia bidez aurkeztea familia ugariaren egiaztagiria, indarrean dena.

–Deskontua aplikatuko da indarrean den egiaztagiria aurkeztu eta hurrengo ordainketaren kopuruan.

Iragarkiaren kodea: L2612031