193. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1068E/2026 EBAZPENA, irailaren 11koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten baita Avícola El Prado SCk sustatutako «Oilasko gizendegia (57.000 plazatik 154.000 plazako azken edukierara handitzea)» proiektuarentzat.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, Avícola El Prado SCk «Oilasko gizendegia (57.000 plazatik 154.000 plazako azken edukierara handitzea)» proiektua aurkeztu zion organo substantiboari 2026ko martxoaren 31n.

Azaldutako ezaugarriak direla eta, proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. taldeko a) apartatuko 2. zenbakian sartzen da. Beraz, lege horretan ezarritakoaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du.

Era berean, proiektua Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 9.3.a) kategorian sartzen da; hortaz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago.

Ablitasko udal mugarteko 5. poligonoko 70. eta 182. lurzatietan dagoen oilasko gizendegia handitzea aurreikusten da. Gaur egun, lurzati horietan 2015ean eraikitako bi oilasko haztegi daude: J eta LC nabeak. Handitzeko, J1 eta J2 izeneko bi nabe berri eraikiko dira J nabearen ondoan, kota baxuagoan. Proiektuaren deskribapenaren laburpena ingurumen inpaktuaren adierazpen honen I. eranskinean dago.

–Aurrekariak.

Gaur egun jardunean den oilasko gizendegiak ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta. Ondoren, baimen hori abuztuaren 30eko 362E/2024 Ebazpenaren bidez eguneratu zen. Orain arte, jarduerari ez zaio egin ingurumen inpaktuaren ebaluaziorik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera.

–Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa izapidetzea.

21/2013 Legearen 36. artikuluari jarraikiz, Avícola El Prado SC sustatzaileak proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa aurkeztu zizkion Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari 2025eko abuztuaren 8an. Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen 30 egun baliodunez, 2025eko abuztuaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (167. zenbakia) argitaratutako iragarkiaren bidez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean adierazitako ondorioetarako. Jendaurrean egoteko epe horretan ez zen alegaziorik jaso.

21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarritako eraginpeko administrazio publikoei kontsulta egiteko izapidean, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Kutsaduraren Prebentzioaren Atalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Paisaiaren eta Lurzoru Rustikoaren Atalari, Ingurumen Ebaluazioaren Atalari eta Greenpeace gobernuz kanpoko erakundeari. Kontsultatutako guztien erantzunak jaso ziren, Greenpeacerena izan ezik. Erantzun horien laburpena adierazpen honen III. eranskinean dago.

2026ko martxoaren 31n, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, sustatzaileak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion organo substantiboari, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari. Zerbitzu horrek Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari igorri zion eskaera 2026ko apirilaren 16an, espedienteko dokumentazioarekin batera, 39.3 artikuluaren arabera.

–Espedientearen azterketa teknikoa.

Abeltzaintzako nabe berriak Ablitasko udal mugartean daude, 5. poligonoko 70. eta 182. lurzatietan, Prado de la Muerta parajean.

Alternatibak aztertu ondoren, ingurumen inpaktuaren azterketak proposamenik egokientzat jotzen du haztegi berriak lehendik dagoenaren ondoan kokatzea, ustiategiko sarbidea, ur hornidura eta elektrizitate hornidura baliatzeko.

Egungo nabeak eraikitzeko lurzatia berdintzean egindako obrek Bajabóngo putzutik abiatzen den drainatze sarea aldatu zuten. Putzuko hustubideetako baten urak proiektuko lurzatien berdindutako eremuaren oinean pilatzen dira, ekialdeko muturrean, eta hezeguneei lotutako landarediarentzat eta faunarentzat habitat interesgarria sortzen dute. Drainatze sarearen aldaketak eragindako inpaktua jadanik gertatua denez, orain ebaluatzen diren obrek eta jarduerak ez dute ingurumen balio jakin bat duen eremu horretan eraginik izan behar.

Lurzatia berdintzeko aurreikusitako lur mugimenduek, gehienez ere 30 cm-ko desnibela duen eremuan, ureztalur bat ukitzen dute. Lur hori ez da nekazaritzarako erabiltzen, zezenketarako aziendaren bazkaleku gisa baizik. Soberako lurra lurzatian bertan kudeatuko da.

Nahiz eta 1:50.000 eskalako habitat kartografiak kokalekuan eta inguruan gatzagetako landaredia, landaredi halonitrofiloa eta igeltsu lurretako landaredia identifikatzen dituen [kartografiatutako habitatak: Mediterraneoko ihitoki belardi halofiloak (1410), lur gazi biluzietako urteko landaredi aitzindaria (1310), eta Mediterraneoko eta Atlantikoko eremu beroetako sastrakadi halofiloak (1420)], ez da landare komunitate horien aztarnarik ikusten ez obren eremuan, ez egungo abeltzaintza instalazioan. Aitzitik, lurzorua landarediarik gabe eta trinkotuta dago, lehendik dagoen jardueraren ondorioz.

Proiektuaren eremua estepa izaerako ingurune batean dago, habitat horretako hegaztiak hartzeko ahalmen potentziala duena. Hala ere, ingurumen inpaktuaren azterketak dioenez, ureztalur hori irla baten gisakoa da espezie horientzat interes handiagoa duten inguruko eremuen aldean. Azpimarratzekoa da inguruan, 500 metro ingurura, ganga azpibeltzaren, atalar arruntaren eta txoriandre pispoletaren presentzia erregistratu dela.

Hurbilen dauden naturaguneak hauek dira: Bajabóngo putzua, Nafarroako Hezeguneen Inbentarioan jasoa eta 1.220 metrora dagoena; eta Natura 2000 Sareko ES2200042 Peñadil, Montecillo eta Monterrey Kontserbazio Bereziko Eremua, 1.000 metrora dagoena. Hurbilen dagoen herrigunea Ablitas da, 2.089 metrora. Distantzia eta jarduerak ingurunean duen eragin txikia direla eta, ez da espero eremu eta herrigune horietan zuzeneko edo zeharkako ingurumen eraginik izatea.

Obrak egiten diren bitartean kamioien joan-etorria eta makina astunen zirkulazioa handitzeak zarata eta bibrazioak eraginen baditu ere, ez da espero ibilgailuen mugimendu handirik izatea: langileen ibilgailuak egunero, pentsua ekartzekoak hamabost egunean behin, simaurra kentzeko eta txitak sartzekoak urtean bost aldiz, eta hildako animaliak kentzekoak hilero.

Jardueran ur gutxiago kontsumitzeko neurriak erabiltzen dira: presio txikiko titi edangailuak, balbula eta ura berreskuratzeko erretilua dituztenak.

Ingurumen inpaktuaren azterketaren arabera, hildako animaliak kudeatzeko ganbera hermetiko eta klimatizatu bat jarriko da nabearen barruan. Bertan egonen dira baimendutako kudeatzaileak bildu arte. Horrela, usainekin, hildako animalien deskonposizioak eragindako kutsadurarekin edo gaixotasunak ustiategiko beste animalia batzuei transmititzearekin lotutako eraginak saihesten dira.

Nabe berriak elikatuko dituen linea elektriko berria lurpekoa izanen da, eta lehendik dagoen lurpeko lineatik abiatuko da.

Ingurumen inpaktuaren azterketa berrikusi ondoren (haren laburpena adierazpen honen II. eranskinean dago), egiaztatu da jarduera nabe itxien barruan gauzatuko dela, herriguneetatik eta ingurumen balioa duten eremuetatik urrun. Horregatik, identifikatutako arriskurik handiena simaurra kudeatzeari eta ongarri gisa erabiltzeari lotuta dago, lurzoruan eta uretan izan dezakeen eraginagatik. Hala ere, eragin hori arindu egiten da, baimendutako kudeatzaile batek simaurra zuzenean nabeetatik eramatea aurreikusten baita; nabeek hormigoizko zolata eta lastozko azpiak izanen dituzte. Ebaluatutako bestelako eragin txikiagoak usainen sorrerari, hildako animaliak kentzeari, gaueko argi emisioari eta instalazio multzoa ingurunean integratzeari dagozkie.

Espedientearen ingurumen inpaktuaren azterketa teknikoa egin eta proiektuak ingurumenean izanen dituen ondorioak ebaluatu ondoren, ondorioztatu da ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozedura behar bezala gauzatu dela. Halaber, proiektuak ez du inpaktu nabarmenik eraginen ingurumenean, baldin eta ingurumen baimen integratuaren baldintzetan jasoko diren neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aplikatzen badira, baita ingurumen inpaktuaren adierazpen honetan gehituko diren neurri osagarriak ere.

Horrenbestez, adierazitakoarekin bat eta honako arau hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea Avícola El Prado SCk sustatutako «Oilasko gizendegia (57.000 plazatik 154.000 plazako azken edukierara handitzea)» proiektuarentzat.

2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoan jasotzen diren baldintzei jarraikiz gauzatuko da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

–Ingurumen baimen integratuaren espedientean kontrolatuko dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin ditzakeen ingurumen inpaktuak, bai eta hondakinen sorrerak edo natura baliabideen, energiaren eta uraren kontsumoak eragin ditzaketenak ere.

–Simaurraren eta hildako animalien kudeaketari dagokionez, ustiategia halako moduan gobernatuko da non ez baita animalia oportunista edo sarraskijaleen (hegaztiak, karraskariak, azeriak eta abar) ugaltzea erraztuko. Simaurra ez da inola ere nabeen kanpoaldean utziko, eta hildako animaliak nabe barruko hilotzentzako edukiontzi berezietan gordeko dira, ingurumen inpaktuaren azterketaren 13.3 apartatuan adierazten den bezala.

–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) jasotakoa, eta, zehazki, honako hau:

  • Argi-puntuek igorritako goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak % 5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi-puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 apartatua. Argi-emisioen mugak).
  • Argi zuri-urdinkara duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo anbar koloreko LEDak (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaztea.
  • Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da lanorduetan edo lanetan behar denean, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

–Proiektua gauzatzean, eraikuntza lanak, makinen mugimenduak eta materialen pilaketak lurzatien barruan eginen dira, ondoko lurzatietan eraginik izan gabe. Bereziki, saihestu eginen da instalazioak hartuko dituzten lurzatien ekialdeko muturreko ondoko hezegunera lurrik isurtzea edo isuri kutsatzailerik egitea.

–Irekitako zangak egun bat baino gehiagoz itxi gabe badaude, berrikusi eginen dira, ustekabean erori eta barruan harrapatuta gelditu diren animaliak askatzeko.

–Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, lurra prestatu eta landaketak egin beharko dira; aurkeztutako dokumentazioak ez ditu landaketa horiek zehazten. Lehendik dauden landare ilarak mantentzea eta, edonola ere, zabaltzea proposatzen da, ekialdeko alboan ere milazka aleak (Tamarix gallica/T.canariensis) eta olibondoak (Olea europaea) landatuz.

–Landaketa horiei behar dituzten ureztaketa eta zaintza lanak emanen zaizkie, jardueraren bizitza osoan iraunen dutela bermatzeko.

–Era berean, lurra mugitu behar den eremuetatik aldez aurretik kendutako landare lurra zabalduko da proiektuko lurzatien gainazalean.

–Obrak burututakoan, hondakin guztiak kenduko dira eta lurzatia garbituko da, lur-hondarrik eta obra-materialik gabe uzteko. Eraikuntza- eta eraispen-hondakin guztiak indarrean dagoen araudiaren arabera kudeatuko dira.

–Handitutako instalazioa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak laburpen bat aurkeztu beharko du. Horri erantsitako dokumentazioan zehaztuko dira zuzentzeko eskatu den eremuetan ingurumena lehengoratzeko egindako jarduketak eta sartutako landaketak. Dokumentazio horrek abere hilak biltegiratzeko hartutako soluzioaren dokumentazio grafikoa ere jasoko du.

–Proiektua gauzatzeko zangak ireki eta zolatak egiteko lurra mugitu behar denez, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari txostena eskatu beharko zaio, proposamena inguruko ondare arkeologikoa zaintzearekin bateragarria ote den jakiteko.

–Beharrezko bada egoeraren baten berri ematea Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera, etab.), mezu elektroniko bat bidaliko zaio Tuterako Koordinazio Unitateari (948 847 033 edo 609 904 957, gmatudela@navarra.es).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau organo substantiboari, Ablitasko Udalari eta Ingurumena Zaintzeko Taldearen Tuterako Koordinazio Unitateari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko irailaren 11n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña De la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Ablitasko udal mugarteko 5. poligonoko 70. eta 182. lurzatietan dagoen oilasko gizendegia handitzea aurreikusten da. Gaur egun, lurzati horietan 2015ean eraikitako bi oilasko haztegi daude: J eta LC nabeak. Handitzeko, J1 eta J2 izeneko bi nabe berri eraikiko dira J nabearen ondoan, kota baxuagoan. Aurreikusitako nabe bakoitzak 134 m-ko luzera eta 17,30 m-ko zabalera izanen ditu, eta eraikitako azalera 2.318,20 m²-koa izanen da. Bakoitzak bere lokal tekniko bereizia izanen du.

Ura hornitzeko, ustiategian lehendik dagoen hargunea erabiliko da.

Urbanizatutako eremuko gainazaleko euri urak biltzeko, lurrezko arekaz eta zanga drainatzaileen sare batez osatutako sarea egitea aurreikusten da. Sare horrek estalkietako eta urbanizatutako eremuetako urak bilduko ditu, ibilgu publikora eramateko (bideko arekara). Ez da industria urik sortuko. Ustiategiko komunetan sortutako ur fekalak hobi batean biltegiratzen dira, eta baimendutako kudeatzaile batek aldian-aldian husten du.

Nabe berriei elektrizitatea lurpetik hornituko zaie, egungo nabeen hargunetik.

Nabe berrietan oilaskoak hazteko behar den berokuntza sistemarako, 16.000 litro inguruko gas depositu bat jarriko da. Depositu hori ustiategiko sarbidetik hurbil egonen da.

Argindarrak huts egiten badu nabeei elektrizitatea hornitzeko sorgailu elektriko bat jartzea aurreikusten da. Sorgailu hori nabeetako biltegi osagarrietako batean kokatuko da. Sorgailu horiek gasolioz funtzionatuko dute.

Kanpoko argiztapena irailaren 15eko 149/2007 Foru Dekretuaren 3. artikulura egokitu beharko da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua.

Ustiategia 1,8 m-ko altuerako sare bihurritu bakuneko hesi batez inguratuta dago. Ustiategira Prado de la Muerta bidetik sartuko da, 8 m-ko luzera eta 2 m-ko altuera duten metalezko bi ate lerragarriren bidez.

Haztegiko nabe bakoitzak 38.500 oilaskorentzako tokia izanen du; beraz, guztira 154.000 oilaskorentzako tokia izanen da. Animaliak egun batekin sartzen dira haztegian, eta 42 egun igaro ondoren hiltegira eramaten dira. Kudeaketa loteen arabera egiten da, «denak batera sartu, denak batera atera» sistemaren bidez. Nabe bakoitza hutsik gelditzen denean, ustiategiaren titularrak garbitu eta desinfektatzen du. Garbiketarako okupaziorik gabeko epe hori 20 egun ingurukoa da.

Simaurra nabeen barruan biltegiratuko da gizentze ziklo osoan. Simaurra kentzeko eta nabea garbitu eta ekortzeko lanak makina egokiekin eginen dira.

–Instalazioen planoak.

II. ERANSKINA.–INGURUMEN INPAKTUAREN AZTERKETAREN LABURPENA

Ingurumen inpaktuaren azterketak proiektuaren laburpena jasotzen du, eta aurkeztutako proposamena «0» alternatibarekin alderatzen du.

Dokumentuak inpaktua eragin dezaketen proiektuko jarduketa nagusiak identifikatzen ditu: lur mugimenduak; lurzatiko sastrakak kentzea eta lurra berdintzea; drainatze obrak; aurreikusitako sestraren arabera material pikortsua (legar naturala) ekarriz urbanizatzea; sare orokorrak eta hornidurak jartzea (ur hornidura, saneamendua eta elektrizitatea); nabeak eraikitzea, zimenduak, zolata, estalkia eta instalazioak barne (saneamendua, ur hornidura, aireztapena, klimatizazioa, argiteria eta suteen aurkako instalazioak); ekipamendua jartzea (siloak, kontrol ekipoak, janontziak eta edangailuak); eta perimetroko hesia eta desinfekzio pasabideak egitea.

Ingurumen inbentarioak klima, erliebea, hidrologia, landaredia eta fauna hartzen ditu kontuan. Proiektuaren eremuan 1:50.000 eskalan kartografiatutako habitat hauek identifikatzen ditu: gatzagetako landaredia, landaredi halonitrofiloa eta igeltsu lurretako landaredia; Mediterraneoko ihitoki belardi halofiloak; eta itsasertzeko edo barnealdeko lur gazi biluzietako urteko landaredi aitzindaria.

Ondoren, proiektuak ingurumenean izanen dituen ondorio nagusiak ebaluatzen dira, bai obrak egiteko fasean, bai ustiapen fasean, bai jarduera uzteko fasean. Zehazki, honako hauek aztertzen dira: zarata eta bibrazioak; keak, gasak, usainak eta hautsa sortzea; hondakin solidoak eta azpiproduktuak sortu eta kudeatzea; hondakin urak eta euri urak sortzea; atmosferarako eta lurzorurako emisioak; eta gizarte alderdia.

Inpaktuen ebaluazioaren arabera, azterketak ondorioztatzen du inpaktu iturri nagusia simaurra sortzea eta horrek pertsonengan, uretan eta lurzoruan izan ditzakeen ondorioak direla; azken batean, ordea, inpaktu hori ia ezdeusa dela ondorioztatzen du.

Simaurraren ondorioak arintzeko neurri zuzentzaileak proposatzen dira. Ingurumena lehengoratzeko neurrien artean, lur mugimenduek eragindako eremuetako landare lurra berreskuratzea, instalazioen perimetroko itxituran landare pantaila bat osatzea eta euri urak lurzatian bertan, hustubide moduko ibilgu irekien bidez, kudeatzea proposatzen da.

Ingurumena Zaintzeko Plana (IZP) obrak egiteko faseko kontrol hauetan oinarritzen da: hondakinak eta landare lurra behar bezala kudeatzen direla egiaztatzea; obra eremua, bereziki zangak, aldian-aldian berrikustea, harrapatuta gelditu diren animaliak askatzeko; eta makinak mantentzea. Ustiapen fasean, IZPk landare pantaila mantentzea, animaliek edaten duten ura urtero aztertzea eta herritarrengan eragina izan dezaketen usain emisioak kontrolatzea proposatzen du.

III. ERANSKINA.–ERAGINPEKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA PERTSONA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTAK

Jasotako erantzunen laburpena

–Kutsaduraren Prebentzioaren Atalak 2025eko abuztuaren 19ko txostenean egiaztatu zuen proiektuak betetzen dituela Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintza instalazioen ingurumen baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko kokapen baldintzak. Halaber, adierazi zuen proiektuak simaurra sortzeko eta kudeatzeko plan eguneratua jaso behar duela, eta Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian ezarritako teknika erabilgarri onenak bete behar dituela, abeltzaintza sektoreko teknika erabilgarri onenak justifikatzeko formularioa betez. Erabaki horrek hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiborako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera. Gainera, adierazi zuten proiektuak egiaztatu behar duela hegazti ustiategiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituen uztailaren 27ko 637/2021 Errege Dekretuaren 12. artikulua betetzen duela.

–Abeltzaintza Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen 2025eko azaroaren 3an, eta bertan adierazi zuen proiektuak indarrean dagoen araudia betetzen duela. Proiektua lehendik dagoen ustiategi bat handitzeko denez, ez da beharrezkoa Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatzea.

–Paisaiaren eta Lurzoru Rustikoaren Atalak 2025eko urriaren 22ko erantzunean ondorioztatu zuen jarduera hirigintza eta lurralde antolamenduarekin bateragarria ote den osorik baloratuko dela dagokion ingurumen izapidetzea hasteko eskaera aurkezten denean. Izapidetze horretan integratuko da lurzoru urbanizaezineko jardueraren baimena. Nolanahi ere, baieztatu zuen proposatutako handitzea udal plangintzarekin bateragarria izanen litzatekeela, baldin eta sustatzaileak egiaztatzen badu Ablitasko Udal Plan Orokorreko lurzoru urbanizaezinaren araudia betetzen dela, bereziki lurzoru urbanizaezineko eraikuntza mota desberdinetarako baldintza bereziei buruzko 53. artikulua. Baldintza hori lehendik dauden jarduketei eta proposatutako handitzeari dagokie (martxoaren 14ko 37E/2017 Foru Aginduaren bidez behin betiko onetsitako Udal Planaren aldaketa; 2017ko apirilaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 82. zenbakia).

–Ingurumen Ebaluazioaren Atalak 2025eko abuztuaren 20ko txostenean inguruko ingurumen balioak nabarmendu zituen, bereziki egungo instalazioak hartzen dituzten lurzatien ekialdeko aldean dagoen ur hustubidea. Nabe berriek behar dituzten zerbitzu guztiak zehazteko eskatu zen, ur hornidura eta saneamendua barne, baita instalazio osoan hildako animalien kudeaketa hobetzeko ere, espezie nekrofagoak erakartzeko gune bihur ez daitezen.

Iragarkiaren kodea: F2612504