3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA
Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez ezesten baita aurretiazko administrazio baimenaren eskaera, Energía Inagotable de Tara SLk egina, Tausteko udal mugartean, Zaragozako probintzian, 23,7 MW-eko potentzia instalatuko "Tara" eguzki-parke fotovoltaikoa eta Zaragozako, Nafarroako, Errioxako, Arabako eta Burgosko probintzietan parke horrekin lotutako ebakuazio-azpiegitura ezartzeko proiekturako, eta erabakitzen baita PFot-753 espedientea artxibatzea
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta haren horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, honako hauek kontuan hartuz:
I.–AURREKARIAK
Lehena.–Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.
2021eko uztailaren 27an, Energía Inagotable de Tara SLk aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen Tausteko udal mugartean, Zaragozako probintzian, 25,69 MWp / 23,70 MWn-eko potentzia instalatuko "Tara" parke fotovoltaikoa eta Zaragozako, Nafarroako, Errioxako, Arabako eta Burgosko probintzietan parke horrekin lotutako ebakuazio-azpiegitura ezartzeko proiekturako (aurrerantzean, proiektua).
Parkearekin loturiko ebakuazio-azpiegitura honako honetan datza:
–30/220 kV-eko J2 Tauste TAE.
–220 kV-eko GTAL, 30/220 kV-eko Tauste J2 TAE - 220/400 kV-eko Fréscano TAE.
–400/200 kV-eko Fréscano TAE.
–400 kV-eko GTAL, 220/400 kV-eko Fréscano TAE - 400/200 kV-eko Promotores Jundiz TAE.
–400/220 kV-eko Promotores Jundiz TAE.
–Aireko eta lurpeko 220 kV-eko linea, 400/200 kV-eko Promotores Jundiz TAE - 200 kV-eko Jundiz TAE (REE).
Bigarrena.–Izapidetzeko onartzea.
Zuzendaritza nagusi honek egiaztatu zuen proiekturako aurretiazko administrazio baimenaren eskaera aurkeztu eta izapidetzeko onartu zela.
Era berean, 2021eko abuztuaren 10ean, zuzendaritza nagusi honek metatzeko erabakia eman zuen, "Tara" eta "Umiko" parke fotovoltaikoak eta horien ebakuazio-azpiegiturak Zaragozako, Nafarroako, Errioxako, Arabako eta Burgosko probintzietan ezartzeko aurretiazko administrazio baimenaren espedienteak batera izapidetzeko, PFot-752AC espediente-zenbakiarekin.
Hirugarrena.–Eskaera abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren arabera izapidetzea.
Zuzendaritza nagusi honek espedientea igorri zuen Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzako Industria eta Energia Arlo Funtzionalera, Gobernuaren Burgosko Ordezkariordetzaren Industria eta Energia Bulegora, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlora, Gobernuaren Errioxako Ordezkaritzaren Industria eta Energia Arlora eta Gobernuaren Aragoiko Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlora, horiek baitira baimen-eskaeraren espedientea izapidetzeko eskumena duten organoak, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 113. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera, aurretiazko administrazio baimenaren eskaera, proiektuarekin eta ingurumen-inpaktuaren azterketarekin batera, jendaurrean jarri zen, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta ukitutako probintzietako aldizkari ofizialetan behar bezala argitaratuta, eta, halaber, kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak uki ditzakeen heinean, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera txostena aurkeztu behar duten erakundeei ere.
2022ko martxoaren 24an, Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzako Industria eta Energia Arloaren txostena eta izapidetze-espedientea jaso ziren.
2022ko martxoaren 30ean, Gobernuaren Burgosko Ordezkariordetzako Industria eta Energia Bulegoaren txostena eta izapidetze-espedientea jaso ziren.
2022ko otsailaren 25ean, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloaren txostena eta izapidetze-espedientea jaso ziren.
2022ko martxoaren 18an, Gobernuaren Errioxako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloaren txostena eta izapidetze-espedientea jaso ziren.
2022ko apirilaren 1ean, Gobernuaren Aragoiko Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloaren txostena eta izapidetze-espedientea jaso ziren.
Laugarrena.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.
2022ko apirilaren 29an, Ingurumen Ebaluaziorako Zuzendariordetza Nagusiari bidali zitzaion espediente hori, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
2023ko azaroaren 24an, Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena eman zuen, "Tara" eta "Umiko" parke fotovoltaikoak eta haien ebakuazio-azpiegiturak Zaragozako, Nafarroako, Errioxako, Arabako eta Burgosko probintzietan ezartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko. Ebazpen hori esteka honetan eskuratu daiteke:
https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2023-24897
Bosgarrena.–Espedienteen metaketa desegiteko erabakia.
2025eko ekainaren 5ean, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak erabaki zuen bereizita izapidetzea 46,5 MW-eko potentzia instalatuko "Umiko" eta 23,7 MW-eko potentzia instalatuko "Tara" instalazio fotovoltaikoak eta haien ebakuazio azpiegiturak Zaragozako, Nafarroako, Errioxako, Arabako era Burgosko probintzietan ezartzeko proiektuak, bakoitzaren aurretiazko administrazio baimenen prozedura behin betiko ebazteko, zein bere aldetik.
Horrenbestez, 23,70 MW-eko potentzia instalatuko "Tara" eguzki-parke fotovoltaikoaren proiektua Zaragozako probintzian ezartzeko proiektuari administrazio baimena emateko prozedura PFot-753 kodeko espedientean gauzatuko da.
Seigarrena.–Sarbide- eta konexio-baimenak.
Proiektuak garraio-sarean sartzeko baimenak lortu zituen, sarera sartzeko bideragarritasun txostenaren bidez, 220 kV-eko Jundiz azpiestazioan (Red Eléctrica de España SAU da jabea).
"Tara" proiektuari 2023ko urriaren 29an iraungi zitzaizkion garraio-sarera sartzeko eta konektatzeko baimenak, ez baitzuen epe barnean eskuratu aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpenik.
2023ko abenduaren 19an, Red Eléctrica de España SAUren idazki bat sartu zen ministerio honen erregistroan, zeinaren bidez jakinarazten baita iraungi egin direla ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuan xedatutakoa aplikatuz emandako sarbide- eta konexio-baimenak (errege lege-dekretu horren bidez, energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste arlo batzuetako neurriak onesten dira).
Zazpigarrena.–Entzunaldiaren izapidea.
2025eko ekainaren 13an, entzunaldiko tramitea eman zen ebazpen proposamen honetarako: ezestea aurretiazko administrazio baimenaren eskaera, Energía Inagotable de Tara SLk egina, Tausteko udal mugartean, Zaragozako probintzian, 23,7 MW-eko potentzia instalatuko "Tara" eguzki-parke fotovoltaikoa eta Zaragozako, Nafarroako, Errioxako, Arabako eta Burgosko probintzietan parke horrekin lotutako ebakuazio-azpiegitura ezartzeko proiekturako, eta erabakitzea PFot-753 espedientea artxibatzea. Hamabost egun balioduneko epea emanda, ez zen jaso sustatzailearen erantzunik.
Gero, 2026ko ekainaren 29an, Energía Inagotable de Tara SLren erantzuna jaso zen, zeinaren bidez eskatzen baitu PFot-753 espedientea artxibatzea, "Tara" parke fotovoltaikoari eta haren ebakuazio azpiegiturari buruzkoa.
II.–OINARRI JURIDIKOAK
Lehena.–Aplikatu beharreko arauak.
Kontuan hartu da abenduaren 26ko 24/2013 Legean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, Ingurumen inpaktuaren ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuan ezarritakoa.
Bigarrena.–Energia elektrikoa sortzeko instalazioak baimentzea.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak energia elektrikoa ekoizteko jarduerei buruzko 21. artikuluan xedatzen duenez, energia elektrikoa ekoizteko instalazio bakoitza abian jartzeko, aldatzeko, aldi baterako ixteko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, 53. artikuluan eta hori garatzeko araudian ezarritako baimen-araubidea bete beharko da aldez aurretik.
53. artikuluak arautzen du nola jarri behar diren martxan energia elektrikoa garraiatzeko, banatzeko eta ekoizteko instalazio berriak, bai eta zuzeneko lineak ere. Hartan ezartzen denez, honako administrazio baimen hauek lortu behar dira horretarako: aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta ustiatzeko baimena.
Bat etorrita abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 3.13 artikuluarekin, Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkio, lege horretan ezarritako baldintzetan, honako eskumen hauek:
"Honako instalazio elektriko hauek baimentzea:
a) Energia elektrikoa ekoizteko penintsulako instalazioak –ebakuazio-azpiegiturak ere barnean hartuta–, 50 MW elektrikotik gorako potentzia elektrikoa instalatuta dutenak; penintsulako lehen mailako garraio-instalazioak eta 380 kV-eko edo gehiagoko tentsio-harguneak".
[... ] b) Ekoizpen-instalazioak –huste-azpiegiturak ere barnean hartuta– [...] autonomia erkidego baten lurralde-eremua gainditzen dutenak, bai eta Estatuaren eskumeneko sortze-instalazioetara konektatutako linea zuzenak ere.
Aurretiazko administrazio baimenari dagokionez, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan xedatzen da ezen instalazioaren aurreproiektuarekin izapidetuko dela, dokumentu tekniko gisa, eta, hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioarekin batera, bat etorriz abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin, eta baimendutako enpresari eskubidea emanen diola instalazio jakin bat baldintza zehatz batzuetan egiteko. Elektrizitatea sortzeko instalazioen administrazio baimena ezin izanen da eman baldin eta titularrak ez baditu aldez aurretik lortu kasuan kasuko garraio edo banaketa sareetarako sarbide eta konexio baimenak. Halaber, baimen eskaerak bete beharko ditu urriaren 1eko 39/2015 Legean oro har jasotako administrazio baldintza orokorrak, baita aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotako baldintza orokor teknikoak ere.
Bestalde, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, 121., 122., 123. eta 124. artikuluetan, arautzen ditu, oro har, administrazio baimenaren eskaerarekin lotutako zenbait kontu. Zehazki, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. artikuluak ezartzen du ezen energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioen proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eginen zaiela, arlo horretan aplikatu beharreko legeriak hala exijitzen duenean.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen duenez, organo substantibo honek behar bezala hartu beharko du kontuan, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.
Hirugarrena.–Elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko sareetara sartzeko eta konektatzeko administrazio-urratsak betetzea.
Ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuak, zeinaren bidez onesten baitira energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako zenbait neurri, 1. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen du ezen energia elektrikoa sortzeko instalazioetarako sarbide-baimenen titularrek, baldin eta baimen horiek eskuratu badituzte 2020ko ekainaren 25etik aurrera, ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena lortu beharko dutela 31 hilabeteko epean, eta aurretiazko administrazio baimena 34 hilabeteko epean, baimenak lortu zituztenetik.
Goian adierazitakoa abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin lotu behar da; izan ere, artikulu horren arabera ezin da sorkuntzarako instalazioetako administrazio baimenik eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu banaketa- edo garraio-sareetarako sarbide- eta konexio-baimenak.
Jarraian, honako hau gehitzen da ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluaren 2. apartatuan:
"Administrazio-pausu horiek behar den moduan eta epean bete direla frogatzen ez bazaio sarearen kudeatzaileari, besterik gabe iraungiko dira emandako sarbide-baimenak, bai eta, hala badagokio, sarbide- eta konexio-baimenak ere, eta administrazio baimenak emateko eskumena duen organoak berehala betearaziko ditu berme ekonomikoak, garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide-eskaera izapidetzeko aurkeztutakoak. Hala ere, sustatzaileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ingurumen inpaktuaren adierazpena aldekoa ez bada, berme horiek ez dira betearaziko".
Laugarrena.–Garraio-sarera sartzeko eta konektatzeko eskaerei aplikatu beharreko berme ekonomikoa.
Abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuak, Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoak, 23. artikuluan arautzen du zer berme ekonomiko behar diren elektrizitatea sortzeko instalazioen sarbide- eta konexio-prozedurak izapidetzeko. Zehazki, artikulu horren 1. apartatuan honako hau xedatu da: "Elektrizitatea sortzeko instalazioen kasuan, eskatzaileak, garraio-sarera edo, hala badagokio, banaketa-sarera sartzeko eta konektatzeko eskaera egin aurretik, aurkeztu beharko du, instalazioa baimentzeko eskumena duen organoaren aurrean, errege dekretu honek indarra hartu ondoren berme ekonomiko bat (40 euro, instalatutako kW bakoitzeko) jarri duela egiaztatzen duen frogagiria".
Era berean, 23. artikulu horren 6. apartatuak honako hau ezartzen du: "Baldin sarbide- eta konexio-baimenak iraungitzen badira errege dekretu honen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio baimenak emateko eskumena duen organoak berehala betearaziko ditu garraio- edo, kasua zein den, banaketa-sarera sartzeko eskaera izapidetzean aurkeztutako berme ekonomikoak.
Nolanahi ere, instalazioa baimentzeko eskumena duen organoak jarritako bermea betearazi behar izatetik salbuetsi ahal izanen du, baldin eta sarbide- eta konexio-baimenak iraungi badira administrazio publiko baten txosten edo ebazpen batek eraikuntza hori eragotzi duelako, eta hark hala eskatzen badu".
Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, egindako izapidetzeak kontuan hartuta, eta bat etorriz abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta haren horniketa egiteko jarduerak arautzen dituenak, ematen dizkion eskumenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
Bakarra.–Ezestea aurretiazko administrazio baimenaren eskaera, Energía Inagotable de Tara SLk egina "Tara" eguzki-parke fotovoltaikoaren proiekturako, eta erabakitzea SGIISE/PFot-753 espedientea artxibatzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Energiaren estatu-idazkariaren aurrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guzietarako. Hilabetekako epeak zenbatzeko, aintzat hartu beharko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa.
Iruñean, 2026ko irailaren 14an.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.
Iragarkiaren kodea: E2612194