193. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VILLAMAYOR DE MONJARDÍN

Publizitateari buruzko udal ordenantza behin betiko onestea

Villamayor de Monjardíngo Udalak, 2026ko ekainaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Publizitatearen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2026ko uztailaren 28an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aipatu ordenantza behin betiko onesten da eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Villamayor de Monjardínen, 2026ko irailaren 10ean.–Alkatea, Jaime del Villar Tolosa.

PUBLIZITATEARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA

Landa izaerako udalerri historiko txikietan, jarduera ekonomikoak espazio publikoan duen proiekzio bisuala faktore erabakigarria da hiri multzoaren ingurumen-, paisaia- eta ondare-kalitateari begira. Villamayor de Monjardín Donejakue Bidean dago, eta balio arkitektoniko handiko baserri bat du. Baserri horren harmonia bereziki sentikorra da publizitate elementuak kontrolik gabe jartzeari dagokionez.

Fatxadetan eta espazio komunetan errotuluak, kartelak eta bestelako publizitate euskarriak modu desordenatuan jartzeak multzo hori degradatzea eta bizilagunek eta bisitariek inguruneari buruz duten pertzepzioa hutsaltzea ekar dezake. Horregatik, udalerrian gai hori erregulatu behar da, betiere enpresa askatasun legitimoa eta jarduera ekonomikoen sustapena kaltetu gabe eta elementu horiek irizpide estetiko eta teknikoen arabera eta ondarea errespetatuz ezar daitezen agintzeko.

Horiek horrela, ordenantzak araubide integral bat ezartzen du, honako hauek barne hartuta: errotulu edo publizitate elementu oro jartzeko erantzukizunpeko adierazpen bat egin behar izatea; udalerriaren fisonomiarekin bat datozen baldintza estetiko, kromatiko eta materialak finkatzea; fatxadei begira gehieneko neurriak eta proportzionaltasun-arauak ezartzea; banderatxoak, toldoak, arbel mugikorrak, publizitaterako hesiak eta aldi baterako publizitatea berariaz arautzea; fatxada partikularretan eta espazio edo elementu komunetan egiten diren esku-hartzeak bereiztea; lehendik dauden errotuluak berrikusteko eta egokitzeko prozedura; eta, azkenik, onetsitako xedapenen eraginkortasuna bermatuko duen zehapen-araubidea.

ATARIKO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Villamayor de Monjardín udalerrian errotuluak, kartelak, banderatxoak, toldoak, arbelak, hesiak eta publizitate, merkataritza, identifikazio edo seinaleen arloko gainerako elementuak jartzea, instalatzea, mantentzea, aldatzea eta kentzea arautzea, izan hirigunean, lurzoru urbanizaezinean edo udalerriko beste edozein gunetan.

Arauketaren helburuak honako hauek dira:

a) Hiri- eta landa-paisaia zaintzea, baita udalerriko arkitektura- eta kultura-ondarea ere.

b) Publizitate elementuak estetikoki integratzea ingurunearen fisionomian;

c) Pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzea;

d) Enpresa askatasunaren eta jendeari bidezko informazioa ematearen eta interes orokorra babestearen arteko harmonizazioa; eta

e) Tratu-berdintasuna eta objektibotasuna sustatzea baimenak emateari begira.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Villamayor de Monjardíngo udalerri osoan aplikatuko da, hirigunea eta lurzoru urbanizaezina barne, eta aurreko artikuluan jasotako edozein elementu instalatu nahi duen edo instalatuta eduki nahi duen pertsona fisiko edo juridiko –publiko zein pribatu– oro lotuko du.

Ordenantza honen eremutik kanpo geratzen dira, Udalari jakinarazteko betebeharra alde batera utzi gabe, sektoreko legeriak araututako trafiko seinaleak, higiezinen eta erakunde publikoen errotulazio ofiziala eta egintza administratibo edo judizialei lotutako identifikazio elementuak.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honi dagokionez, hona hemen zenbait definizio:

–Errotulua: establezimendu, jarduera edo zerbitzu bat identifikatzeko elementu grafikoa, alfanumerikoa, sinbolikoa edo piktorikoa, finkoa eta iraunkorra.

–Letra independenteak edo gorpuzdunak: fatxadako paramentuan zuzenean finkatutako karaktere exentuz osatutako errotulua, euskarri finkaturik gabea.

–Kartela: informazio grafikoa euskarri jarraituko pieza batean jasotzen duen errotulua.

–Banderatxoa: fatxadaren planoarekiko perpendikularrean jarritako errotulua.

–Toldoa: ehunezko edo antzeko materialezko elementu finko edo tolesgarria, eguzkitik edo euritik babesteko erabiltzen dena eta publizitate grafismoak izan ditzakeena.

–Arbela: euskarri mugikorra, eskuz idatzia edo berridazteko modukoa; establezimendu publiko bati lotua egon daiteke.

–Publizitaterako hesia: euskarri exentua, monozutoina edo egiturazkoa, edozein motatako publizitatea jasotzen duena.

–Aldi baterako publizitatea: kartelak, pankartak, olanak edo iraupen mugatuko ekitaldiak, jarduerak edo promozioak iragartzeko bestelako euskarriak.

–Fatxada partikularra: bide publikora, espazio publikora edo espazio komunetara ematen duen titulartasun pribatuko higiezin baten kanpoko paramentua.

–Espazio edo elementu komuna: jabari publikoko ondasunak, bideak, plazak, iturriak, gurutzadurak, frontoiak, garbitokiak, portikoak, arkupeak eta, oro har, titulartasuna edo erabilera herritarrei edo udalari dagokion espazio edo elementu oro.

I. TITULUA.–ADMINISTRAZIOAK ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA

4. artikulua. Aldez aurretik erantzukizunpeko adierazpena egin behar izatea.

Ordenantza honetan araututako errotuluak eta gainerako elementuak paratzeko, instalatzeko, ordezteko, funtsean aldatzeko edo berriz instalatzeko, ordenantza hau betetzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, 5. artikuluan adierazitako dokumentazioarekin batera. Ez da publizitaterako elementua paratzen ahalko ordenantza hau osorik betetzen dela justifikatu ezean.

Publizitate elementua jartzeko elementu publikoren bat erabili behar bada edo bide publikoa erabili behar bada, udaleko alkateak emandako berariazko lizentzia ere izan beharko da.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa bete gabe edozein elementu instalatzea hirigintzako eta administrazioko arau-haustea izanen da, VIII. tituluan ezarritakoaren arabera, eta berehala kentzeko agindua eta legezkotasuna berrezartzeko betebeharra ezartzen ahalko dira.

5. artikulua. Eskaera, erantzukizunpeko adierazpena eta dokumentazioa.

Lizentzia eskaera eta/edo erantzukizunpeko adierazpena udal erregistroan aurkeztuko dira, honako agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen identifikazioa eta, hala badagokio, establezimenduaren edo higiezinaren titularrarena.

–Errotuluaren edo publizitate elementuaren deskripzio-memoria, eduki grafikoa, neurriak, materialak, finkatze-sistema eta, hala badagokio, argiztapen-sistema adierazita.

–Jartzea aurreikusten den fatxadaren edo kokalekuaren argazkia, fotomuntaketa edo eskalako simulazioarekin, elementua bere testuinguruan nola integratzen den ikusteko.

–Errotuluaren eta fatxadaren gainean duen kokapenaren plano kotatua, altuerak, mugetarako tartea, eta baoekiko, balkoiekiko, teilatu-hegalekiko eta beste elementu arkitektoniko batzuekiko erlazioa adieraziz.

–Ordenantza honetako kromatismoari, materialei, neurriei, eta, hala badagokio, argiei buruzko aginduak betetzen direla berariaz frogatzea.

–Euskarriaren eskuragarritasun juridikoaren egiaztagiria, bereziki fatxada edo espazioa eskatzailearen titulartasunekoa ez bada.

6. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena izapidetzeko prozedura eta epeak.

6.1. Erantzukizunpeko adierazpenak titularrari ahalmena emanen dio eskaeran adierazitako errotulua eta/edo kartela jartzeko, baldin eta 5. artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten badu eta egoki diren egiaztatze, kontrol eta ikuskatze ahalmenak galarazi gabe.

6.2. Prozedura hasteko, sustatzaileak sinatutako eskaera bat zuzendu beharko zaio Udalari. Gutxien-gutxienez, honako agiri hauek erantsiko dira, udal araudiak bestelako batzuk gehitzea eskatzen ahal du eta:

a) Udalerrian indarrean dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

b) Berariazko adierazpena, aditzera ematen duena betetzen direla indarrean den araudian eskatutako baldintzak eta baduela hori frogatzen duen dokumentazioa.

c) 5. artikuluan adierazitako informazioa.

6.3. Eskaerak babes-katalogoetan sartutako higiezinei, haien inguruneari edo kultur ondareko elementuei eragiten badie, txosten teknikoa izan beharko da aldez aurretik, eta, hala badagokio, Vianako Printzea Erakundearena edo kultur ondarearen arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiarena.

6.4. Udal administrazioak atzematen badu egindako aurretiazko komunikazioak gabeziak dituela, aurreko manuetan ezarritako baldintzaren bat ez delako betetzen edo zehaztugabea delako, edo informazioa zehaztugabea bada komunikatutako egintzaren legezkotasuna baloratzeko, sustatzaileari eskatuko zaio egoera hori zuzen dezan.

6.5. Baldin erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez da eskatutako hirigintza jarduera hasten ahalko, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izaten ahal den erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

6.6. Erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintza plangintzaren aurkakoak diren ahalmenak.

6.7. Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintza plangintzaren aurkako erantzukizunpeko adierazpenak, baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.

6.8. Erantzukizunpeko adierazpena behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, ondorio guztietarako joko da lizentziarik gabeko jarduketatzat, eta aplikatuko zaie lizentziarik gabeko obren eta erabileren lege-babeseko eta zehapeneko araubide bera.

7. artikulua. Udal lizentzia izapidetzeko prozedura eta epeak (espazio publikoa okupatzeagatik edo elementu publikoak erabiltzeagatik).

7.1. Espazio publikoan eta/edo elementu publikoren batean publizitaterako elementuren bat jarri nahi bada, aldez aurretik berariazko lizentzia lortu beharko da.

7.2. Udalak gehienez ere bi hilabeteko epean ebatziko ditu lizentzia eskaerak, dokumentazio osoa aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik eman ez bada, eskaera administrazio-isiltasunez ezetsitzat joko da. Nolanahi ere, isiltasun horrek ez du esan nahiko ordenantza honen, plangintzaren edo aplikatu beharreko legeriaren aurkako ahalmenak eskuratu direnik.

7.3. Ebazpenak, betiere behar bezala arrazoituta, baimena ukatzen ahalko du hiri paisaia, ondarea, segurtasuna edo hirigintza legezkotasuna babesteko. Era berean, ordenantza honetara egokitzeko beharrezkoak diren aldaketa teknikoak edo estetikoak egitea ezartzen ahal da.

8. artikulua. Indarraldia, baliogabetzea eta berrikustea.

Baimenak epemugarik gabe emanen dira, betiere emateko baldintzek bere horretan jarraitzen badute. Aldi baterako publizitatearen kasuan, baimena berariaz ezarritako eperako emanen da.

Udalak lizentzia eta/edo erantzukizunpeko adierazpena baliogabetzen ahalko du egiaztatzen badu errotuluaren ezaugarrietan aldaketak daudela, estetikoki hondatuta dagoela, segurtasunerako arriskua dagoela, ordenantza honen aginduak gerora ez direla bete, edo behar bezala arrazoitutako hirigintza-arrazoiengatik. Errebokazio horrek ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortuko titularrari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik bada.

VII. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, ordenantza hau indarrean jarri aurretik zeuden errotulu guztiak berrikusten ahalko dira, eta, hala badagokio, egoki diren aldaketak, egokitzapenak edo kentzea agindu, ordenantzaren aginduetara egokitzeko.

II. TITULUA.–BALDINTZA ESTETIKOAK, DISEINUKOAK ETA MATERIALAK

9. artikulua. Printzipio estetiko orokorrak.

Errotuluen eta gainerako publizitate elementuen diseinuak kalitatezkoa eta soila izan beharko du, eta fatxadaren antolamendu orokorra eta udalerriaren izaera historikoa, landakoa eta ondarea errespetatu beharko ditu. Errotulazioa arkitekturaren mendeko elementutzat hartuko da, eta arkitekturarekin bat ez datozen, konposizioa aldatzen duten, elementu bereziak ezkutatzen dituzten edo eraikinaren aurrealdearen batasuna hausten duten irtenbideak saihestuko dira.

Arreta berezia jarriko zaie fatxadaren konposizioari, baoen modulazioari, moldurei, azpadurei, teilatu-hegalei eta lehendik zeuden elementu heraldikoei edo artistikoei. Debekatuta dago elementu horiek zulatzea, moztea edo ezkutatzea dakarren edozein irtenbide.

10. artikulua. Kromatismoa.

Kolore soilak eta beroak erabiliko dira, mate tonalitatekoak, udalerriko paleta tradizionalarekin bateragarria den gaman (lur koloreak, okreak, terrakota tonuak, zuri hautsiak, gris beroak, berde itzaliak, beltzak eta urdin ilunak). Debekatuta daude kolore biziak, fluoreszenteak eta saturazio handikoak.

Establezimenduaren logotipoak, markak, ikurrak edo identitate grafikoak adierazitako paletarekin bateragarriak ez diren koloreak dituenean, titularrak kromatikoki egokitutako bertsio bat aurkeztu beharko du, tonalitate leunagoekin, betiere irudi korporatiboa errespetatuta baina integrazio estetikoa bermatuta. Bertsio egokituak berariazko baimena beharko du.

Salbuespenez eta aldez aurretik behar bezala arrazoituta, legez babestutako marken berezko koloreak erabiltzea onartuko da, horiek ordeztea juridikoki desegokia bada. Dena den, okupatutako azalera eta intentsitate kromatikoa identifikaziorako ezinbestekoa den gutxienekora murriztuko dira.

11. artikulua. Materialak.

Euskarriak eta errotuluak material nobleetan, iraunkorretan eta ingurunearekin bateragarriak direnetan jarriko dira. Honako hauek hartzen dira material baimendutzat, besteak beste: xafla metalikoa (corten altzairua, burdina margotua, aluminio anodizatu matea, letoia, brontzea edo kobre patinatua); kanpoalderako tratatutako zura; zeramika, gresa edo azuleju tradizionalak; PVC espumatua; eta dibond motako euskarriak, polietilenozko edo aparrezko nukleo zentrala duten aluminiozko sandwich panelez osatuak bi aldeetatik, bereziki kanpoko errotulaziorako sortutakoak.

Debekatuta daude material plastiko distiratsuak, metakrilato atzeraargiztatu generikoak, bai eta distiragatik, itxura industrialagatik edo iraunkortasun eskasagatik ingurunearekin bat ez datozen bestelako materialak ere.

Finkatze-sistemak fatxadaren fabrikan ahalik eta eragin txikiena sortzeko moduan jarriko dira, eta produktu kimiko urratzaileak, ainguraketa neurrigabeak edo euskarriaren egonkortasuna edo kontserbazioa arriskuan jartzen duten elementuak erabiltzea saihestuko da.

12. artikulua. Argiak.

Oro har, argi-errotulazioa onartuko da. Kontsumo txikiko eta tenperatura beroko aplike edo luminariak erabiliko dira, errotulua sotilki argiztatzeko eta itsualdiak, argi-kutsadura eta paramentuaren gehiegizko esposizioa saihesteko.

Hala ere, funtsezko zerbitzu publikoen (farmaziak, osasun arretako bulegoak, larrialdi zentroak eta antzekoak) argi-errotulazioa baimenduko da, aplikatzekoa den sektoreko legerian ezarritako baldintzei eta sinbologiari jarraiki.

Gaueko ordutegian argiztapena deskonektatuko da, Udalak zehaztutako baldintzetan eta ordu-tarteetan, energia-efizientziako eta gaueko zerua babesteko politikak betetzeko.

13. artikulua. Tamaina, proportzionaltasuna eta irakurgarritasuna.

Errotuluaren tamaina bat etorriko da hura ikusteko ezarritako distantziarekin eta jarrita dagoen fatxadaren eskalarekin. Ahal dela, ez da dimentsionamendu handiegirik edo txikiegirik eginen, euskarri arkitektonikoarekiko edo behatzailearen ikuseremuarekiko neurrigabea ez izateko.

Hurrengo artikuluetan ezarritako berariazko aginduak alde batera utzi gabe, errotuluak ahal dela lokalaren ateburuaren gainean jarriko dira, balkoien baoak eta bizitegi-erabilerarako goiko solairuak inbaditu gabe, salbu eta fatxadaren edo establezimenduaren konfigurazioaren ondorioz, eta behar bezala justifikatuta, beste konponbide bat ezarri behar bada.

III. TITULUA.–FATXADAKO ERROTULUEN ARAUBIDEA

14. artikulua. Fatxadari atxikitako errotuluak.

Fatxadaren planoari atxikitako errotuluek honako zehaztapen tekniko hauek beteko dituzte:

–Fatxadaren planoarekiko gehieneko irtengunea: hiru zentimetro (3 cm).

–Errotuluaren gehieneko azalera: 1 m² gehienez.

–Errotulu bakarra onartuko da fatxada bakoitzeko.

–Fatxadaren osaera eta antolamendu orokorra errespetatzen duten eremuetan kokatzea, moldurak, azpadurak, balkoiak, teilatu-hegalak eta elementu bereziak inbaditzea saihestuz.

–Kalitatezko diseinua eta kolore soilak, II. tituluko xedapenei jarraiki.

Errotulua fatxadaren konposizio-ardatzekin behar bezala bat etortzeko moduan instalatuko da, eta dagoeneko baimenduta dauden alboko errotuluekin harmonian egoteko moduan.

Hirigune historikoan, Udalak, arrazoitutako ebazpen bidez, neurri murriztaileagoak ezartzen ahalko ditu paisaia-integrazioak hala eskatzen duenean.

15. artikulua. Kartelak.

Debekatuta dago fatxadetan kartelak jartzea.

16. artikulua. Banderatxoak.

Fatxadaren planoarekiko perpendikularrean jarritako banderatxoek honako zehaztapen hauek beteko dituzte:

–Ordenantza honen II. tituluan ezarritakora egokituko dira.

–Paramentura finkatzeko sistemak sendotasun frogatua eta oxidazioa saihesteko elementuak izan beharko ditu, eta titularrak ainguraketaren egiturazko nahikotasuna egiaztatu beharko du.

–Banderatxo bakarra jartzen ahalko da establezimendu eta fatxada bakoitzeko.

Banderatxoek ez dute pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen duen edo zarata sortzen duen elementu mugikorrik izanen, ezta oszilazio-mekanismorik ere.

IV. TITULUA.–BESTE PUBLIZITATERAKO ELEMENTU BATZUK

17. artikulua. Toldoak.

Toldo finko edo tolesgarriek ordenantza honen II. tituluan koloreei eta materialei buruz ezarritakoa bete beharko dute, eta ez dute pertsonen eta ibilgailuen zirkulazio askea oztopatuko.

Inskribatzen diren grafia eta publizitate edukia kartelaren parekotzat hartuko dira dimentsio-zenbaketari dagokionez, eta 15. artikuluan ezarritako azalera- eta luzera-neurriak errespetatu beharko dituzte.

18. artikulua. Arbel mugikorrak.

Baimena ematen da alde bakarreko edo bi aldeko arbel mugikorrak jartzeko bide publikoan edo establezimenduaren kanpoaldeko espazioan. Eskuz idatziko da edo berridazteko arbelak izanen dira, eta zoruan bermatuta egonen dira. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Gehieneko neurriak: hirurogeita hamar zentimetroko zabalera (70 cm) bider ehun eta hogei zentimetroko altuera (1,20 m).

–Arbel bakarra establezimendu bakoitzeko.

–Egiturak botatzea saihesteko egonkortasun nahikoa izanen du, eta behar den gutxieneko mailagaina baino txikiagoa ez den berme-oinarria edukiko du.

–Oinezkoentzako gutxienez ehun eta laurogei zentimetroko (1,80 m) pasabide librea eta irisgarritasun unibertsala errespetatuko dituen toki batean jarriko da.

–Egunero kenduko da establezimendua ixten denean. Ez da bide publikoan uzten ahalko ixteko ordutegian, gauez edo jarduerarik gabeko egunetan.

Arbela egunero biltzeko betebeharra betetzen ez bada, Udalak arbela kentzen ahalko du. Titularrak berreskuratzen ahalko du, sortutako gastuak ordaindu ondoren. Hala ere, zehapen-espediente bat irekitzen ahalko da.

19. artikulua. Publizitaterako hesiak.

Lurzoru urbanizaezinean eta udalerriko edozein gunetan publizitaterako hesiak jartzeko, ordenantza hau ez ezik, aplikatzekoak diren hirigintzako eta sektoreko legeak ere bete beharko dira, bereziki errepideen eta paisaia babestearen arloko foru araudia.

Oro har, debekatuta dago publizitaterako hesi exentuak jartzea hirigunean eta ondoko inguruan, bai eta Monjardíngo gazteluaren eta udalerriko elementu babestuen begiratoki, sarbide eta bista berezietan ere. Lurzoru urbanizaezinean, baimena salbuespenezkoa izanen da, eta paisaiaren integrazioa, azaleraren mugak eta euskarriaren behin-behinekotasuna bermatuko beharko dira.

Hesien araubidetik kanpo geldituko dira jarduera enologikoekin, turistikoekin edo Donejakue bidearekin zerikusia duten informazio-seinaleak, norabidekoak edo homologatuak, berariazko arauak izanen baitituzte.

20. artikulua. Aldi baterako eta behin-behineko publizitatea.

Iraupen mugatuko ekitaldiak, jaiak, kultur jarduerak, kirol jarduerak edo promoziozko jarduerak iragartzeko kartelak, pankartak, olanak, oroitzapenezko banderatxoak edo bestelako euskarriak jartzeko, udalaren baimena beharko da. Baimen horretan, epea, kokapena eta kentzeko baldintzak adieraziko dira.

Ekitaldia amaitutakoan, titularrak edo erakunde antolatzaileak euskarriak kendu beharko ditu bost egun balioduneko epean, eta hiri elementuak jatorrizko egoerara itzuli beharko ditu. Berariaz debekatuta dago fatxadetan, hiri altzarietan, zuhaitzetan, faroletan edo berariaz gaitu ez diren jabari publikoko elementuetan kartelak itsastea edo atxikitzea.

V. TITULUA.–FATXADA PARTIKULARREN ETA EREMU KOMUNEN ARTEKO BEREIZKETA

21. artikulua. Fatxada partikularrak.

Titulartasun pribatuko fatxadetan errotuluak jartzeko, II. eta III. tituluetako araubide orokorra bete beharko da. Eskatzaileak euskarriaren eskuragarritasun juridikoa egiaztatu beharko du, eta, hala dagokionean, jabeen erkidegoaren edo higiezinaren titularraren adostasuna izan beharko du.

22. artikulua. Publizitatea elementu publikoetan jartzeko debeku orokorra.

Oro har eta berariaz debekatuta dago jabari publikoko ondasunetan errotuluak, kartelak, pankartak, olanak, itsasgarriak edo beste edozein publizitate elementu instalatzea, finkatzea, itsastea, zintzilikatzea edo edozein modutan jartzea, bereziki elementu hauetan:

–Eraikin publikoetako fatxadak, paramentuak eta arkitektura elementuak.

–Elizak, ermitak, hilerriak, gurutzadurak, otoiztegiak, iturriak, garbitegiak, askak, frontoiak, atariak, arkupeak eta monumentuzko, erlijiozko edo etnografiazko gainerako elementuak.

–Monjardíngo gaztelua, haren babes-ingurunea eta gazteluaren parte diren begiratokiak eta sarbideak.

–Hiri altzariak (bankuak, paperontziak, jardinerak, iturri apaingarriak, edukiontziak, markesinak, mugarriak eta oztopo-zutoinak).

–Farolak, paldoak, argiteria publikoko zutoinak eta argiztapen-sistemaren edozein elementu.

–Zuhaitzak, bideetako landaredia eta landare-paisaiako elementuak.

–Jabari publikoko galtzadak, espaloiak, zintarriak, zoladurak eta euste-hormak.

–Erakunde informaziorako, bide-seinaleetarako eta panel ofizialetarako euskarriak.

Aurreko apartatuan ezarritako debekuak barne hartuko ditu bai materiala finkatzea, bai pintatzea, proiektatzea, itsastea eta elementuan eragina duen beste edozein teknika. Gainera, VIII. tituluan xedatutako zehapenak ezartzen ahalko dira, eta arduradunak berehala kendu beharko du.

Ez dira debekatuta egonen, eta dagokien araubide bereziaren mende egonen dira:

–Administrazio eskudunak ezarritako bide-, norabide- eta zerbitzu-seinale homologatuak.

–Udalaren informazio instituzionala.

–Donejakue bidearen seinaleztapen homologatua eta turismo-sustapen ofiziala.

–Berariaz gaitutako euskarrietan baimendutako aldi baterako publizitatea, 21. artikuluari jarraiki.

–Hurrengo artikuluan araututako udal eredu bakarrari lotutako zutoineko publizitate bertikala.

Udalak informazio komuneko panelak edo euskarriak jartzen ahalko ditu udalerriko establezimenduak batera sustatzeko. Horietan, koherentzia estetikoa eta operadoreen arteko tratu-berdintasuna bermatuko dituen diseinu homologatua ezarriko da.

23. artikulua. Zutoineko publizitate bertikala eta udalaren seinale uniformeak.

Ordenantza honi dagokionez, honako hau hartuko da zutoineko publizitate bertikaltzat: publizitate euskarriaren edo identifikazio euskarriaren modalitatea, fatxadan jarri beharrean, zutoin, masta, makila edo antzeko egitura batean jartzen dena, bertikalean eta udalerriko establezimenduen informazio komertziala, identifikatzailea edo norabidekoa jasotzeko alde edo aldeekin.

Zutoinetan jarritako publizitate bertikal oro Villamayor de Monjardín udaleko osoko bilkurak onartzen duen eredu bakarrera egokitu beharko da, salbuespenik gabe. Eredu horixe bera bete beharko dute udalerriko establezimendu guztiek. Ereduak honako hauek zehaztuko ditu, gutxienez:

–Euskarriaren eta pieza grafikoen neurriak, formatua eta geometria.

–Materialak, akaberak eta zimenduak jartzeko sistema.

–Paleta kromatikoa eta onartutako tipografiak, II. tituluko zehaztapenei jarraiki.

–Establezimendu bakoitza identifikatzeko sistema, guztien artean aurkezpen-berdintasuna bermatuz.

–Baimendutako kokalekuak, honako hauek lehenetsita: hirigunerako sarbideak, bidegurutze nagusiak eta bisitariarentzako orientazio nodoak, betiere bista bereziei eta Monjardíngo gazteluaren inguruneari eragitea saihestuz.

Osoko bilkurak eredu bakarra onartu arte, etenda dago zutoineko publizitate bertikal berria jartzeko baimena. Lehendik zeuden euskarriak onartutako ereduarekin bat ez badatoz, VII. tituluan ezarritako araubidearekin bat etorriz egokitu beharko dira, edo kendu.

Udalerriko establezimendu bakoitzak, gehienez ere, identifikazio pieza bat edukitzen ahalko du seinale-nodo bakoitzeko, salbu eta onartutako ereduak beste arau batzuk ezartzen baditu.

Debekatuta dago eredu bakarrari egokitzen ez zaion zutoineko publizitate bertikal oro, lurzoru publikoan nahiz pribatuan egon, bide publikotik ikus daitekeenean.

Udalari dagokio eredu bakarrari dagozkion euskarriak instalatzea, mantentzea eta, hala badagokio, kentzea. Hala ere, establezimendu onuradunei sistemaren kostua ordaintzeko kasu bakoitzean onartzen diren tasak edo prezio publikoak ezartzen ahalko zaizkie.

VI. TITULUA.–LURZORU URBANIZAEZINA ETA LANDA INGURUNEA

24. artikulua. Errotulazioaren eta publizitatearen araubidea landa eremuan.

Udal mugarteko lurzoru urbanizaezinean nekazaritzako, abeltzaintzako, mahastizaintzako eta ardogintzako edo turismoko ustiategiei lotutako errotuluak jartzeko, diskrezio handieneko eta paisaia integrazio osoko irizpideak beteko dira, eta II. eta III. tituluetako aginduei jarraituko zaie aplikatzekoak diren alderdietan, eta, bereziki, honako arau hauei:

–Debekatuta dago argi-errotulazioa jartzea, segurtasun arrazoiengatik edo zerbitzu publikoagatik ezinbestekoa dena izan ezik.

–Material naturalak (zura, corten altzairua, harria, burdin sarea, zeramika) edo akabera mateko dibond motako euskarriak erabiltzea.

–Euskarriaren eta errotuluaren altuera identifikatzeko behar-beharrezkoak diren neurrietara mugatzea.

–Berariaz debekatuta dago begiratokietan, ortzi-mugan, Monjardíngo gaztelurako sarbideetan eta paisaia balio bereziko gainerako puntuetan jartzea.

Upategiek, establezimendu enoturistikoek eta landa-ostatuek identifikazio-errotulu bat edukitzen ahalko dute jabetzara sartzeko bidean, eta, hala badagokio, administrazio eskudunak errepide-sarerako edo Donejakue biderako onartutako norabide-seinale homologatuekin osatuko da.

VII. TITULUA.–LEHENDIK ZEUDEN ERROTULUAK EGOKITZEA

25. artikulua. Inbentarioa eta berrikustea.

Ordenantza hau indarrean jartzen denean, udalak udalerrian dauden errotulu, banderatxo, toldo, hesi eta gainerako publizitaterako elementu guztien inbentarioa eginen du, eta titularra, kokalekua, neurriak, materialak eta kontserbazio egoera adieraziko ditu.

Inbentarioa oinarri hartuta, udalak elementu bakoitza banan-banan berrikusiko du, ordenantza honen aginduetara zenbateraino egokitzen den kalifikatzeko eta, hala badagokio, titularrei dagozkion oharrak egiteko.

26. artikulua. Egokitzeko epea.

Ordenantza honetara egokitzen ez diren errotuluek lau hilabeteko epea izanen dute, indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita, ordenantzaren aginduetara egokitzeko. Dena den, eskatutako aldaketen izaera, garrantzia edo kostua kontuan hartuta, udalak beste epe batzuk ezartzen ahalko ditu, betiere arrazoituta.

Egokitzapena, kasuaren arabera, izan daiteke errotulua ordeztea, neurriak aldatzea, leuntze kromatikoa, materialak ordeztea, desmuntatzea edo beste toki batean jartzea.

27. artikulua. Aldatzeko edo kentzeko agindua.

Egokitzeko epea igarotzen bada eta errotuluaren egoera erregularizatu ez bada, udalak aldatzeko edo kentzeko agindu arrazoitua emanen du, eta ohartaraziko du betebeharra duenaren kontura betearazpen subsidiarioa eginen dela, hargatik eragotzi gabe dagokion zehapen-espedientea hastea.

Betearazpen subsidiarioa urriaren 1eko 39/2015 Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da, eta dagozkion kostuak zergapekoari jasanaraziko zaizkio.

VIII. TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA

28. artikulua. Arau-hausteak.

28.1. Ordenantza honetan xedatutakoa urratzen duten ekintzak edo ez-egiteak administrazioko arau-hausteak direla joko da. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahalko dira.

28.2. Hona hemen arau-hauste arinak:

–Baimenik gabe errotuluak edo publizitate elementuak instalatzea, garrantzi txikikoak direnean eta ordenantza honekin bat datozenean.

–Errotuluen mantentze, garbiketa edo kontserbazioko baldintzak ez betetzea.

–Propaganda gaitutako lekuetatik kanpo uztea.

–Arbel mugikorrak egunero kentzeko betebeharra ez betetzea.

28.3. Hona hemen arau-hauste astunak:

–Baimenik gabe errotuluak instalatzea, baldin eta kromatismoari, neurriei, materialei eta argiztapenari begira ezarritako arauak urratzen badituzte.

–Baimenik gabe argi-errotuluak instalatzea, funtsezko zerbitzu publikoen kasuetatik kanpo.

–Lehendik zeuden errotuluak egokitzeko epea ez betetzea.

–Ondarean edo hiri altzarietan propaganda jartzea.

–Bi arau-hauste arin edo gehiago egitea urtebeteko epean.

28.4. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

–Kultur ondareari, paisaia babestuari edo gazteluaren inguruneari kalte larria eragiten dieten errotuluak edo hesiak jartzea edo mantentzea.

–Udalak kentzeko edo aldatzeko emandako agindua behin eta berriz ez betetzea.

–Udalaren ikuskapen-jarduera oztopatzea.

–Bi arau-hauste astun edo gehiago egitea urtebeteko epean.

29. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteak isunekin zehatuko dira, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 141. artikuluan eta bat datozen arauetan ezarritako gehieneko zenbatekoen arabera, honako tarte hauei jarraiki:

–Arau-hauste arinak: zazpiehun eta berrogeita hamar eurora arteko isuna (750 euro).

–Arau-hauste astunak: mila eta bostehun eurora arteko isuna (1.500 euro).

–Arau-hauste oso astunak: hiru mila eurora arteko isuna (3.000 euro).

Zehapenaz gain, elementua kentzeko agindua ematen ahalko da, legezkotasuna berrezartzea ezartzen ahalko da eta, hala badagokio, jarduera-lizentzia kentzen ahalko da ez-betetze bereziki larriak edo errepikatuak gertatzen direnean.

Zehapenak mailakatzeko, kontuan hartuko dira proportzionaltasunaren, asmoaren, berriz egitearen, eragindako kalteen izaeraren eta arau-hausleak lortutako onuraren printzipioak, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 28. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

30. artikulua. Zehapen-prozedura.

Zehapen-prozedura urriaren 1eko 39/2015 Legean eta urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin bat etorriz ezarriko da, eta erabat errespetatuko dira defentsa-eskubidea, errugabetasun-presuntzioaren printzipioa eta zehapen-legezkotasunaren printzipioa.

Toki araubidearen legeriaren arabera eskumena duten udaleko organoei dagokie prozedurari hasiera ematea, instrukzioa egitea eta ebaztea. Udalak, prozedura martxan dagoela, kaltea finkatzea saihesteko beharrezko behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu, legez kanpoko elementua kautelaz kentzea barne.

31. artikulua. Legezkotasuna lehengoratzea eta kalteak ordaintzea.

Zehapena jartzeaz gain, araua hautsi duen pertsonari eska dakioke aldatutako egoera lehengoratzeko, baita udal ondareari edo hirugarrenei eragindako kalte-galerak ordaintzeko ere.

32. artikulua. Preskripzioa.

Arau-hauste arinak urtebetera preskribatuko dira, astunak bi urtera eta oso astunak hiru urtera, egiten direnetik edo, arau-hauste jarraituen kasuan, akitzen direnetik zenbatzen hasita.

Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenak urtebetera preskribatuko dira, arau-hauste astunei dagozkienak bi urtera, eta arau-hauste oso astunei dagozkienak hiru urtera, zehapen-ebazpena irmo bihurtzen denetik zenbatzen hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK.–IRAGANKORRAK, INDARGABETZAILEA ETA AZKEN XEDAPENA

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Kultur ondareari buruzko araudiarekin koordinatzea.

Nafarroako kultur ondarearen parte diren higiezinei, haren inguruari edo aztarnategi arkeologikoei eragiten dien orotan, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legea aplikatuko da lehentasunez, bai eta hura garatzeko xedapenak ere. Desadostasunik izanez gero, aipatu legean eta xedapenetan ezarritako aginduak gailenduko zaizkie ordenantza honetan jasotakoei.

Bigarren xedapen gehigarria.–Karta kromatikoaren eredua eta materialen katalogoa.

Udalak, alkateak emandako ebazpenaren bidez, karta kromatiko bat eta materialen eta eraikuntzako irtenbideen katalogo orientagarri bat onesten ahalko ditu. Horiek erreferentziatzat hartuko dira eskatzaileentzat nahiz udaleko zerbitzu teknikoentzat.

Xedapen iragankor bakarra.–Lehendik dauden errotuluen araubidea.

Ordenantza hau indarrean jarri aurretik instalatutako errotuluek eta gainerako publizitaterako elementuek 29. artikuluan ezarritako epea izanen dute ordenantzaren aginduetara egokitzeko, xedatutako baldintzei jarraiki eta ezarritako ondorioekin.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoarekin bat ez datozen edo bateraezinak diren maila bereko edo beheragoko udal xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2612121