193. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

15/2026 FORU LEGEA, irailaren 24koa, zeinaren bidez aldatzen baita 17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA 17/2020 FORU LEGEA, ABENDUAREN 16KOA, INGURUMENEAN ERAGINA DUTEN JARDUERAK ARAUTZEN DITUENA.

HITZAURREA

Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan energia berriztagarrien integrazioa egitea, bai eta ekonomia zirkularreko ekimen haiek, zeinek modua ematen baitute ustiategietan sortzen diren hondakinak energian edo ongarri organikoetan eraldatzeko, bilakatzen dira klima-larrialdiari eta lehen sektoreak Europa osoan bizi duen kinka bereziki larriari erantzuteko estrategia.

Testuinguru horretan, munta berezikotzat jo behar da biometanoa, energia berriztagarriaren iturria izaki, eta eratorria nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan sortzen diren askotariko hondakin organikoei hurbileko lurralde batean berrerabiliak izateko egiten zaien tratamendu-prozesutik.

Ekimen horiek bateragarriak izan behar dira lurralde-oreka jasangarriko printzipioekin, energia berriztagarrizko eta beren inguruneko ekonomia zirkularreko azpiegitura-instalazioekiko konpromisoa duten udalen interes orokorrarekin eta haietako herritarren ongizate eta bizi-kalitatearekin. Izan ere, ekimen horiek jasangarritasuna haren hiru ildoetan bermatu behar dute: ingurumenarena, ekonomiarena eta soziala.

Jardueraren ikuspegitik, kontuan hartu behar da bi eginkizun dituela -hondakinen kudeaketa eta energia berriztagarrien produkzioa-, halako moldez diseinaturik non instalazio horiek helburu bikoitz hori modu orekatuan lortu behar duten.

Jarduera dimentsionatzeko orduan, bereziki garrantzitsua da ezarri nahi den lurraldearen benetako beharretara egokituta egotea hura, eremu horretan sortutako hondakinen tipologia, ezaugarriak eta bolumena aintzat hartuta.

Energia-iturri horrek piztu duen interes handiaren harira, biometanizazio-instalazioak ezartzeko proiektu ugari daude gaur egun Nafarroan, foru-erkidegoko zenbait lekutarako proposatuak, bai eta izapidetze-fasean dauden instalazioetatik oso gertu dauden leku batzuetarako ere, neurri desberdinetakoak, ezarpen orekatu bat lortzen lagunduko duen berariazko arau-esparrurik izan gabe.

Testuinguru horretan onetsi zen azaroaren 7ko 14/2025 Foru Legea (14/2025 Foru Legea, azaroaren 7koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea aldatzen duena), zeinak moratoria bat proposatzen baitu biometanizazio-instalazioei dagokienez, plangintza publikoko tresna bat eduki ahal izateko, Nafarroako Foru Komunitatearen errealitatera egokitutako arau-esparru batean oinarritua.

Arau horretan, departamentuarteko batzorde tekniko baten eraketa xedatu zen, zeina osatuko baitute landa-garapeneko, lurralde-kohesioko, industriako, eraldaketa ekologikoko eta osasuneko arloetan eskumena duten departamentuen ordezkariek. Haren egitekoak izanen dira egoerari buruzko txosten bateratu bat ematea, bai eta gomendioen dokumentu bat ere, plangintza orekatua, jasangarria, teknikoki zorrotza eta parte-hartze instituzionala eta herritarrena duena bermatze aldera. Batzorde hori lanean aritu da, eta zenbait alderdi zehaztu ditu, etorkizuneko araudi-proposamenean kontuan hartu behar direnak.

Departamentuarteko batzorde tekniko horrek egindako lanarekin batera, ukitutako sektoreek aldeztutako jarrerak entzuteko prozesu bat ere egin da: biometanizazioaren sektoreko enpresak, hurbilean (beren udal-barrutietan zein horietatik kanpo) ezarritako ekimenak dituzten toki-erakundeak, nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorea, gai honen inguruan antolatutako auzokide-elkarteak eta talde ekologistak. Horrek guztiak agerian utzi du arau-esparru zorrotz bat behar dela, modua emanen duena gizarte osoaren eskariak modu argi eta sistematikoan bateratzeko.

Egindako eskarien zati handi batek arreta jartzen du jarduera lurraldean ezartzeko fase giltzarrian, haren dimentsionamenduan eta distantziak eta eskakizun teknikoak zehazteko beharrean, balizko eraginak minimizatze aldera, eta ingurumenean eta ezartzen den lurraldean inpaktu positiboa bermatze aldera. Gaur egun, zenbait azterlan daude abian, modua emanen dutenak hartu beharreko erabaki horiek modu objektiboan oinarritzeko, eta alderdi espezifikoak kontuan hartzeko, hala nola paisaian duten eragina eta sarbideak, trafiko astunari buruzko gogoeta berariazkoekin.

Orobat, kargen eta onuren oreka sendotuko duten neurriak antolatzea, batez ere mugakide diren toki-entitateei eragiten ahal dieten ezarpenetan. Indarreko arau-esparruaren baitan aztertu beharreko alderdia da hori.

Parte hartzeko prozedurak sendotzea lurraldean, kalitatezko informazioa emanez, administrazio eskudunak proiektuaren onargarritasunari buruzko aurretiko egiaztapenak eginez, eta partaidetzazko prozesu indartu bat eginez lurraldean, espedientearen izapidetze arruntaren aurretiko eskakizun gisa.

Instalazio horien eraikuntza-baldintza zehatzak arautzea, instalazioaren elementu desberdinena.

Bai ezarpen-unean, bai jarduera garatzen den bitartean, neurriak ezartzea, instalazioaren hasierako faseetan eta baimendutako jardueraren aldaketen bidez ez dadin jarduera urrundu hasieran baimendutako jardueratik.

Nafarroan etorkizunean ezarriko diren biometanizazio-instalazioen funtzionamendu-fasean hausnartu beharreko beste alderdi giltzarri bat da kontrol eta bermeekin lotutakoa; hondakinen jatorria eta trazabilitatea kontrolatzeko sistema zorrotzak bermatu behar dira, eta inguruko biztanleriari eragiten zaizkion inpaktuak minimizatu, arreta berezia jarrita usain-sorrerarekin lotutako gaietan, besteak beste.

Eratorritako digestatoak kontrolatzeko prozedura; analitikak eta aplikazio-metodoak, Nafarroako Foru Komunitatean digestato-balorizazioa aurreikusten duten biometanizazio-instalazio guztietarako. Horrek esan nahi du aplikazio-irizpide horien mende egon beharko liratekeela hala Nafarroan nola Nafarroatik kanpo kokaturik dauden instalazioak.

Azkenik, digestatoak aplikatzen zaizkien lurzoruen bilakaeraren gaineko jarraipen eta kontrol bat ezarri beharra.

Hori dela-eta, baldin eta xedea bada kalitatezko araubide bat edukitzea, detektaturiko zertzelada guztiak landuko dituena eta modua emanen duena bermeak emateko Foru Komunitateari, toki-entitateei, biometanizazioaren sektoreari, nekazaritzako elikagaien eta abeltzaintzaren sektoreari eta, oro har, gizarteari, beharrezkotzat jotzen da 14/2025 Foru Legearen bitartez onetsitako moratoria luzatzea, arlo honen gaineko parte-hartze prozesu zabala aurrera eramateko modua emanen duena, adostasunik handiena erdieste eta araupetze zorrotza faboratze aldera.

Moratoria horren aplikazioa eta ulermena errazte aldera, testu bategin berri bat proposatzen da, zeinak, nahiz eta ez duen betekizun edo murriztapen berririk ekartzen gaur den egunean kautelazko etendurapean dauden instalazioentzat, bai du luzatzen, ordea, moratoriaren aplikazio-denbora.

Berariaz zehazten da aipatu moratoriak ukiturikoak direla, soil-soilik, kanpokoek sorturiko hondakin organikoen, nekazaritzako elikagaien alorrekoen eta/edo abeltzaintza gorozkien kudeaketarako biometanizazio-instalazioak, eta moratoriatik kanpo geratzen direla urteko 25.000 tona baino gutxiagoko ahalmena duten autogestiozko biometanizazio-instalazioak.

Gainera, moratoria hedatzen da kanpo-kudeaketazko hondakin organiko, nekazaritzako elikagaien alorreko eta/edo abeltzaintza-gorozkien biometanizazio-instalazio guztietara, urteko 100.000 tona baino gehiagoko ahalmena izanik, 2026ko uztailaren 15ean baimentze-fasean daudenetara, zertarako eta, horrela, berdintasun-printzipioa bermatzeko, halako moduz non Nafarroan paratuak izatekoak diren biometanizazio-instalazio guztiek betekizun-maila berari erantzunen baitiote, halako moldez non ez baita salbuespenezko egoerarik gertatuko, eragina izanen duenik proiektuaren kalitatean, ezarpen-betekizunetan eta haiei aplikatzekoak diren kontroletan, eta babes-maila berbera bermatuko baita Nafarroako biztanleria guztiarentzat.

Horregatik guztiagatik, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen aldaketa hau proposatzen da:

Artikulu bakarra.–Aldatu egiten da Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen zortzigarren xedapen gehigarria, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"Zortzigarren xedapen gehigarria.–Biometanizazio-instalazioetarako moratoriaren luzapena.

1. 2025eko azaroaren 14tik 2028ko abenduaren 31ra arte, ezein administrazio publiko eskudunek ez du izapidetzera onartuko biometanizazio anaerobikoko halako instalazioetarako proiektu berririk, xede-jarduera duenik instalaziotik kanpoko beste instalazio batek sorturiko hondakin organikoen, nekazaritzako elikagaien alorrekoen eta/edo abeltzaintza-gorozkien kudeaketa.

2. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenez 2026ko uztailaren 15ean kautelazko etenduran dauden biometanizazio-instalazioetarako baimentze-espedienteak etendurapean mantenduko dira aipatu ebazpena arrazoitu zuten baldintza beren pean, salbu eta etendura-epeari dagokionez, zeina 2028ko abenduaren 31ra arte luzatzen baita.

3. Biometanizazio anaerobikoko halako instalazioak, zeinen jarduera baita kanpo-instalazioek sorturiko hondakin organikoen, nekazaritzako elikagaien alorrekoen eta/edo abeltzaintza-gorozkien kudeaketa, 100.000 tona baino gehiagoko urteko kudeatze-ahalmena izanik eta 2026ko uztailaren 15ean baimentze-fasean egonik, kautelaz etenak izanen dira 2028ko abenduaren 31ra arte.

4. Moratoria honetatik kanpo uzten dira:

a) Autogestiozkoak diren biometanizazio anaerobikoko instalazioak, urteko 25.000 tona baino gutxiagoko kudeatze-ahalmena dutenak.

b) Kudeaketa publikokoak diren biometanizazio anaerobikoko instalazioak, beste eskumen-esparru batzuen osagarriak diren prozesuei erantzuten dietenak, hala nola hondakin organikoen bosgarren edukiontzitik datozen etxeko hondakinen udal-kudeaketa eta hiriko hondakin-uren arazketa, baldin eta instalazio horietan egitekoa den jarduera mugatzen bada bere jardueran bertan sorturiko hondakinen kudeaketara, zein ere den horiek sortu diren puntua.

5. Moratoria honen indarraldia amaituko da biometanizazio-instalazioen ezarpen, jarraipen eta kontrolari buruzko foru-araudi berriak indarra hartzen duen unean, edo aurreikusitako 2028ko abenduaren 31ko epea betetzen denean".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru-lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru-lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2026ko irailaren 24an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2612671