Iragarkia
188. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2250/2026 EBAZPENA, 2026ko irailaren 14koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak emana, ikasleentzako lankidetza-beken 2026-2027 ikasturterako deialdia onesten duena. DDBN kodea: 928922.
Ikusirik Zerbitzu Juridikoaren txostena.
Ikusirik Ekonomia Gaietarako Zerbitzuaren txostena.
Aurrekontuan horretarako dirua badela kontuan harturik.
Ikusirik Sarbidearen, Beken eta Tituluen Ataleko buruak egindako txostena.
Barne Kontrolerako Zerbitzuak aldeko fiskalizazioa eginda.
Errektoretza-taldearen egitura orokorra eta eginkizunak onesten dituen 2023ko ekainaren 20ko 1306/2023 Ebazpenaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak delegatu dizkidan eskudantziak erabiliz –ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen 2025eko otsailaren 25eko 351/2025 Ebazpenaren, 2025eko maiatzaren 26ko 1026/2025 Ebazpenaren, 2025eko ekainaren 4ko 1101/2025 Ebazpenaren eta 2026ko apirilaren 28ko 879/2026 Ebazpenaren bidez aldatu zen–,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Sailetarako lankidetza-beken 2026-2027 ikasturterako deialdia onestea. Deialdi hori eranskin gisa doazen oinarriei egokituko zaie.
Bigarrena.–37.500 euroko gastua baimentzea 2026ko gastuen aurrekontuko "52.00/0540/480.01 Lankidetza-bekak" izeneko partidaren kargura (espediente zk.: 2026/0001837).
Hirugarrena.–Guztira 46.875 euroko gastua baimentzea, 2027. urteko Unibertsitatearen aurrekontuetan horretarako gaitutako partidaren kargura, 2026. urteko "52.00/0540/480.01 Lankidetza-bekak" izeneko partidaren antzekoa. Zenbatekoa handiagotzeko aukera egonen da, aurrekonturik badago.
Laugarrena.–Deialdi honetako aurrekontu kudeaketarako beharrezkoak diren kredituen doikuntzak edo liberazioak Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordearen esku geldituko dira.
Bosgarrena.–Beka hauek lan errendimenduak dira PFEZari dagokionez, eta ez dute atxikipenik, baina nahitaezkoa da onuradunek IFZa (NANa, AIZa) indarrean izatea.
Seigarrena.–Ebazpen hau Kontabilitate Atalari, Aurrekontuen Atalari, Gizarte Kontseiluaren Ekonomia Batzordeari eta Barne Kontrolerako Zerbitzuari aditzera ematea.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitara daitezela agintzea.
Zortzigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2026ko irailaren 14an.–Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea, Begoña Pérez Eransus.
ERANSKINA, EBAZPEN HONENA: "EBAZPENA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN GAIETARAKO, UNIBERTSITATEKO BIZITZAKO ETA KONPROMISO SOZIALEKO ERREKTOREORDEAK EMANA, IKASLEENTZAKO LANKIDETZA-BEKEN 2026-2027 IKASTURTERAKO DEIALDIA ONESTEN DUENA"
Urtero egiten da lankidetza-bekak izeneko beka-modalitaterako deialdia. Beka horien xedea da unibertsitateko ikasleei sailetan lankidetzan aritzeko modua ematea, ezartzen diren betebeharren arabera eta beren ikasketekin bateragarri eginez.
Beka-modalitate hori oso interesgarria da bai sailentzat, baita ikasleentzat ere, azken horiei aukera ematen dielako beren ikasketekin lotura zuzena duten egitekoak ezagutzeko eta, aldi berean, beren ezaguerak sakontzeko.
I. KAPITULUA.–HARTZAILEAK ETA EZAUGARRIAK
1. oinarria.–Xedea eta hartzaileak.
Deialdi honen xedea da beka bat esleituz graduko eta masterreko ikasketa ofizialetako ikasleak unibertsitateko sailetan ikerketa-lanetan hastea. Ikasleei egiten ari diren ikasketekin lotutako lanak esleituko zaizkie, gerora hartuko duten orientazio profesionala eta ikerketakoa erraztearren.
2. oinarria.–Beka kopurua eta finantzaketa.
1. 75 lankidetza-bekatarako deialdia egin da 2026-2027 ikasturterako, eta lehiaketa bidez esleituko dira. Graduko ikasleentzat izanen dira horietatik 50, eta 25, berriz, masterreko ikasleentzat.
Deialdi horren barnean, graduko ikasleentzat zuzendutako beken artean baten bat esleitu gabe gelditzen bada, masterreko ikasleentzat izanen da, eta alderantziz.
Masterrean onartuak dauden baina hartarako sarbidea ematen duen gradua oraindik bukatu ez duten ikasleei dagokienez, haien eskaerak graduko ikasleenak balira bezala tratatuko dira, eta graduko ikasleei zuzenduriko 50 bekekin egonen dira lehian.
2. Onuradunen kopurua deialdiko 75 bekena baino txikiagoa baldin bada, esleitu gabeko beken zenbatekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sailetarako lankidetza-beken beste deialdira gehituko da, hau da, bekak esleitzean zailtasun ekonomikoak kontuan hartzen dituen deialdira.
3. Zailtasun ekonomikoak kontuan hartzen dituen deialdian esleitu gabeko bekak deialdi honetara etortzen badira –beste deialdiaren 2. oinarriaren 2. apartatuan adierazten da–, zilegi izanen da beka kopurua handitzea.
Gerta daitekeen areagotze/handitze horri begira, bekadunak hautatzeko organoak eskatzaileen itxaron zerrenda bat ezarriko du puntuazioaren arabera.
4. Beken zenbatekoa 84.375,00 eurokoa da, eta horietatik 37.500,00 euro honako partida honetarako ezarri den kredituaren kargura ordainduko dira: 2026ko gastuen aurrekontuko "52.00/0540/480.01 Lankidetza-bekak" partida (espediente zk.: 2026/0001837). Gainerako 46.875,00 euroak Unibertsitatearen 2027ko aurrekontuetan horretarako eratuko den aurrekoaren antzeko partidaren kargura ordainduko dira.
5. Beka kopurua handiagotzeko aukera egonen da, aurrekonturik badago.
3. oinarria.–Bekaren zenbatekoa.
1. Onuradun bakoitzak 1.125,00 euro jasoko ditu. Bekaren zenbatekoa aldi hauetan ordainduko da ikaslearen kontuan: 500,00 euro 2026ko abenduan, eta gainerako 625,00 euroak behin lankidetza lankidetza-proiektuan ezarritakoaren arabera burutu ondoren eta egindako lanei buruzko txostena aurkeztu ondoren, deialdi honetako 14. oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz.
2. Beka hori emateak ez du esan nahi onuradunari irakaskuntza-zerbitzuak direla-eta ordaindu beharreko prezio publikoak murriztuko zaizkionik, ezta haiek ordaintzetik salbuetsita dagoenik ere.
4. oinarria.–Beken araubidea. Bateraezintasunak.
1. Beka hauek bateraezinak izanen dira edozein lankidetza-bekarekin edo mugikortasun programa baten esleipenarekin, deialdia egin duen entitatea edozein dela ere, baldin eta aldi berean egiten badira. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean esleipen horietakoren bat duten eskatzaileak baztertu eginen dira.
2. Bekadunak eginen duen lankidetzak zuzeneko zerikusia izanen du bere ikasketekin, eta ez du inola ere ekarriko lan edo administrazio harremanetakoak diren lanak egin beharrik.
3. Lankidetza-beka bat edukitzeak ez du legezko ondoriorik edo lan ondoriorik sortuko onuradunaren eta Unibertsitatearen artean.
4. Ikasle bakoitzari beka bakarra esleitzen ahalko zaio, 10. oinarrian azaldutako irizpideei jarraikiz. Pertsona berak ezin izanen du batera eskuratu lankidetza-beka bat baino gehiago.
5. Saileko irakasle baten tutoretzapean emanen da lankidetza (biren tutoretzapekoan gehienez), eta gutxienez horietako batek bekaduna matrikulatuta dagoen titulazioan eman behar ditu eskolak. Ikasle bekadunak titulazioan ematen diren irakasgai batekin edo batzuekin lotutako gaitasun espezifikoak garatuko ditu lankidetzaren bidez.
5. oinarria.–Ikasle hautatuen betebeharrak.
Beka honen onuradunak diren ikasleek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Eskaerak aurkezteko epea amaitzean eta beka egiten den aldi osoan bekaren esleipendun izateko betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.
b) Beka emateko baldintzak betetzen dituztela eta baldintzak eraginkorrak direla egiaztatzeko beharrezkoak diren froga-jarduerak egitea.
c) Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten ari den ikasketa ofizialetan matrikulaturik egon beharko du beka egiteko aldi osoan esleipendunak, eta prezio publikoak ordainduak eduki beharko ditu.
Horri begira eta beren ikasketak 2026-2027 ikasturtean amaitu behar dituzten ikasleentzat, beka egiteko aldi osoan matrikulatuta daudela ulertuko da, betiere azken kredituak 2027ko apirilaren 30a baino geroago gainditzen badituzte.
d) Lankidetza 7. oinarrian adierazitako lankidetza-proiektuan ezarritako moduan garatzea, 13. oinarrian adierazitako epeetan eta arduraldi motarekin.
Onuradunak bere lankidetza bertan behera uzten badu, lehenbailehen jakinarazi beharko dio Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalari, zeinak jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatuko baitio beharrezkoa bada.
e) Bekaren iraunaldian egindako lanei buruzko txostena aurkeztea Unibertsitatearen erregistro elektronikoan, 14. oinarrian ezarritako baldintzetan eta epean.
II. KAPITULUA.–BEKAK JASOTZEKO BETEBEHARRAK
6. oinarria.–Eskatzaileek bete beharreko betebeharrak.
1. 2026-2027 ikasturtean matrikula Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa ofizial hauetakoren batean formalizatu duten ikasleek jasotzen ahalko dute lankidetza-beka:
a) Graduko ikasketa unibertsitario ofizialetan matrikulatutako ikasleak, graduko, masterreko, doktoretzako, lizentziako, ingeniaritzako, arkitekturako titulurik edo maila baliokideko atzerriko titulu akademiko ofizialik ez dutenak edo titulu hori eskuratzeko legezko xedapenik ez dutenak.
Graduko edo gradu bikoitzeko ikasleek beka eskuratzeko aukera izanen dute baldin eta ikasketak bukatzeko kredituen erdiak edo gutxiago gelditzen bazaizkie, Gradu Amaierako Lanari dagozkion kredituak barne.
Gradu bikoitz batean matrikulatutako ikasleek ere aukera izanen dute lankidetza-beka jasotzeko, nahiz eta ikasketa ofizialen programa osatzen duten tituluetako bat eduki edo titulu hori eskuratzeko legezko xedapena izan.
b) Masterreko ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasleak, masterreko edo doktoretzako titulurik edo maila baliokideko atzerriko titulu akademiko ofizialik ez dutenak edo titulu hori eskuratzeko legezko xedapenik ez dutenak.
Ikasle horiek 2026-2027 ikasturtean masterreko lehen ikasmailako irakasgai edo kreditu guztietan edo amaitzeko falta diren kreditu guztietan egon behar dute matrikulatuta, Master Amaierako Lana barne.
Master bikoitz batean matrikulatutako ikasleek ere aukera izanen dute lankidetza-beka jasotzeko, nahiz eta ikasketa ofizialen programa osatzen duten tituluetako bat eduki edo titulu hori eskuratzeko legezko xedapena izan.
2. Beka eskuratzeko aukera izateko, nahitaezko betebeharra da prezio publikoak ordainduta izatea lankidetza-beken ebazpen proposamena ematen denean.
Deialdiko bekak lan errendimenduak dira PFEZari dagokionez, eta ez dute atxikipenik. Beraz, beka-eskaera aurkezten duenean, beka lortzeko aukera izateko, indarrean dauden dokumentu hauetako bat eduki beharko du ikasleak: nortasun agiri nazionala (NANa), atzerritarraren identifikazio zenbakia (AIZa), edo, legez dagokionean, identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa).
Dokumentu horren indarraldia beka bukatu baino lehen bukatzen bada, kaltetutako pertsonak hura berritu duela egiaztatu beharko du lankidetzako bekadun izaten jarraitzeko, dokumentu berria aurkeztuta.
7. oinarria.–Lankidetza-proiektua.
1. Hautatutako sailean martxan den ikerketa-lerroetako baten barrenean garatu beharreko lankidetza-proiektu batean gauzatuko dute beka ikasleek. Proiektu horrek egin beharreko lanak deskribatuko ditu, eta berariaz aipatuko du prestakuntzako zer eragin osagarri izanen duen bere garapenak eskatzailea egiten ari den titulazioaren irakasgaiei lotzen zaizkien gaitasun espezifikoetan, eta sailak hura abalatu eta 0 puntutik 4 puntura bitartean puntuatu beharko du. Sailek aurreko eskakizun horiek betetzen dituzten proiektuak abalatu eta puntuatuko dituzte.
2. Berme hori emateko, sail bakoitzak eduki hauek hartu beharko ditu kontuan aurkeztu diren proiektuak ebaluatzeko:
a) Proiektuaren eduki berritzailea, puntu 1 gehienez ere.
b) Sailean garatu beharreko lanaren aplikazioa, 1 puntu gehienez ere.
c) Etorkizuneko lankidetza- edo ikerketa-proiektuetan jarraitzeko aukera, puntu 1 gehienez ere.
d) Teknologia berriak sartzea lan metodoetan, puntu 1 gehienez ere.
Behar den bermea ez duten proiektuek, puntuatzen ez direnek edo 0 puntu lortzen dutenek ezin izanen dute bekarik lortu.
8. oinarria.–Lankidetza-proiektuaren aldaketa.
1. Tutoreak edo tutoreek behar bezala justifikatutako arrazoiak direla-eta ezinezkoa bada jatorrizko proiektua aurkeztu eta onartu zen moduan egitea edo jarraitzea, proiektuaren aldaketa edo proiektu berri bat aurkezten ahalko da, tutorearen edo tutoreen eta bekaren onuradunaren sinadura elektronikoekin, sailak behar bezala abalatuta, Unibertsitatearen erregistro elektronikoan.
2. Proiektuen aldaketak edo proiektu berriak bekaren lehen hilabetean baizik ezin izanen dira aurkeztu, hau da, azaroan.
3. Aldaketa edo aurkeztutako proiektu berria Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzara bidaliko dira, eta errektoreordetza horrek proposamenaren eskaerari eta onarpenari buruzko ebazpena emanen du 5 eguneko epean.
4. Ez da onartuko aurreko apartatuetan ezarritakoa betetzen ez duen proiekturik edo proiektu berririk, eta, kasu horietan, deialdi honetako 13.4 oinarrian uko egiteko edo bertan behera uzteko ezarritako ondorio berak izanen ditu bekaren kobrantzari eta itzulketari dagokienez.
III. KAPITULUA.–PROZEDURA-ARAUAK
9. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa.
1. Lankidetza-bekaren eskaera deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik 2026ko urriaren 7ra bitartean aurkeztuko da, eskabide elektroniko bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren esteka honen bidez, eta hori da aurkezteko balio duen bide bakarra:
https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8626&entity=1096
2. Onartua izateko, eskabide elektronikoa dokumentu hauekin batera aurkeztu beharko da:
a) Lankidetza-bekaren eskaeraren inprimakia, Unibertsitatearen egoitza elektronikotik deskargatu beharrekoa 1. apartatuan adierazitako estekaren bidez.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, Unibertsitatearen egoitza elektronikoan –1. apartatuan adierazitako estekan–, argitaratutako ereduaren araberakoa. Erantzukizunpeko adierazpen horren bidez, interesdunak bere ardurapean adierazten du, batetik, bete egiten dituela beka jasotzeari buruz deialdiak ezarritako betebeharrak; bigarrenik, baduela hori egiaztatzen duen dokumentazioa, eta Unibertsitateari helaraziko diola hala eskatzen zaionean; eta, hirugarrenik, konpromisoa hartzen duela aipatutako betebehar horiek bekaren ekitaldi osoan betetzeko.
Erantzukizunpeko adierazpen horretan jasotako daturen edo informazioren bat zehatza ez bada, faltsua bada edo aipatzen ez bada, edo adierazpena bera edo aitortutakoa betetzen duela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa Unibertsitatean aurkezten ez badu, ez da onartuko bere eskaera, eta, kasu horretan, beka baliogabetu eginen zaio eta ordaindu zaion diru kopurua itzuli egin beharko du.
c) Lankidetza-proiektua, sailak behar bezala abalatua eta puntuatua eta, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera, saileko zuzendariak elektronikoki sinatua. Proiektuaren inprimakia 1. apartatuan adierazitako estekatik deskargatuko da.
Proiektua zer sailetan garatuko den, sail horretako kontseiluak behar bezala abalatuta eta puntuatuta aurkeztu beharko da, osoko bilkuran edo batzordean bilduta, deialdi honen 7. oinarrian zehaztutakoarekin bat etorriz. Proiektua ez bada aurkezten deskribatutako baldintzetan eskaerak aurkezteko epearen barruan, beka ezetsi eginen da.
d) Eskatzaileak atzerrian masterrerako sarbidea ematen dion titulazioa ikasi badu, unibertsitateko atzerriko ikasketen batez besteko notaren baliokidetasunaren aitorpena aurkeztu beharko da. Baliokidetasun hori Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren webgunean lortu beharko da, esteka honen bidez:
https://universidades.sede.gob.es/pagina/index/directorio/Equivalencia_notas_medias/language/eu_ES
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztutako eskabideari aurreko dokumentu horietako bakoitzaren aztarna digitala erantsi beharko dio eskatzaileak bere zintzotasuna egiaztatzeko. Hala, eskatzaileak eskabidearekin batera horiek guztiak ere sinatu dituela ulertuko da.
3. Unibertsitateak edozein unetan eska diezaioke betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko, eta hura aurkeztu egin beharko du interesdunak.
4. Eskaera aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.
10. oinarria.–Aukeratzeko prozedura.
1. Aurkeztu diren eskaerak eta bekaduna izateko proposamenak aztertzeko lankidetza-bekadunak aukeratzeko organoa eratuko da, errektoreak 2025eko ekainaren 19an emandako 1233/2025 Ebazpenaren bidez izendatua.
Bekadunak aukeratzeko organoak proiektuetan aipatutako funtzioak aztertzeko ahalmena izanen du, eta zilegi izanen du bekaren xedea betetzen ez dutenak edo garatu beharreko eginkizunak argi eta garbi zehazten ez dituztenak, bai eta abalatuta eta puntuatuta ez daudenak ere, baztertzeko erabakia hartzea, eta lankidetzaren bidez zabaldu nahi den prestakuntza ematen duten irakasgaiaren edo irakasgaien gaitasun espezifikoekin lotuko ditu.
2. Bekak honako irizpide hauen arabera esleituko dira:
a) Bekadunak aukeratzeko organoak elementu hauen baturaren arabera ordenatuko ditu abalatutako eta puntuatutako eskaerak: 1) Eskatzaileak lortu duen eta hurrengo oinarriak esaten duen bezala kalkulatu den espediente akademikoaren batez besteko nota; eta 2) Proiektuari behar bezala abalatuta emandako puntuazioa.
b) Lankidetza-bekadunak aukeratzeko organoak beka bat esleituko dio eskaeraren bat duen sail bakoitzari, eskatzaileen puntuazio osoen hurrenkeran, dauden guztiak esleitu arte.
c) Aurreko apartatuak ezartzen duena aplikatuz esleitu ezin izan diren bekak berriz esleituko dira, irizpide beraren arabera.
d) Ez badago beka nahikorik eskaeraren bat duten sail guztientzat, oinarri honen a) puntuaren arabera lortutako puntuazioa kontuan hartuta esleituko zaizkie bekak sailei.
e) Berdinketa gertatuz gero, ohorezko matrikula, bikain, oso ongi eta gainditua kalifikazioetan kreditu gehien dauzkanaren eskaerari emanen zaio lehentasuna.
11. oinarria.–Ikasketa-espedientearen batez besteko notaren kalkulua.
1. Eskatzaile bakoitzaren ikasketa-espedientearen batez besteko nota kalkulatzeko, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da.
2. Espedientean ez badago kalifikazioa zenbakien bidez adierazita, erdietsitako kalifikazioen balorazioa honako baliokidetza-taulan azaltzen denarekin bat etorriz eginen da:
Ohorezko matrikula: 10,00 puntu.
Bikain: 9,00 puntu.
Oso ongi: 7,50 puntu.
Nork onetsia: 5,50 puntu.
3. Honako arau hauei jarraituko zaie batez besteko nota kalkulatzeko:
a) Onartu edo baliokidetu diren kredituak eta egokitu diren kredituak jatorrizko ikastegian ikasleak izan duen kalifikazioarekin batera zenbatuko dira. Erdietsitako kalifikazioa zehazten ez denean, 5,50 punturekin baloratuko dira gaindituak.
b) Masterreko titulazioak direnean, batez besteko nota erdiesteko, kontuan hartuko dira sarbidea eman zuen titulazioan erdietsitako kalifikazioak.
Bete beharreko irakaskuntza-betebeharrak betetzeko, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean espedientean azaltzen direnak baizik ez dira kontuan hartuko.
12. oinarria.–Behin-behineko argitalpena, erreklamazio epea eta behin betiko ebazpena
1. 2026ko urriaren 15eko 14:30 baino lehenago argitaratuko da Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan eskatzaile aukeratuen behin-behineko zerrenda, eta bakoitzaren batez besteko kalifikazioa eta bere lankidetza-proiektuari eman zaion puntuazioa jasoko ditu, eta, halaber, zein sail edo ikastegitan eman behar den lankidetza. Halaber, zerrendan adieraziko da zer eskaeratarako proposatzen den ezezkoa ematea.
2. 2026ko urriaren 16tik 26ra bitarte izanen da epea behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioak aurkezteko. Erreklamazioak eskabide orokor baten bidez aurkeztuko dira, Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalari zuzendua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez bidalia.
3. Behin-behineko zerrendaren aurkako erreklamazioak ebatzi ondoren, beka edukitzeko hautatu diren ikasleen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Aipatu zerrenda hori 2026ko urriaren 29ko 14:30 baino lehenago argitaratuko da, Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan.
4. Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ikasle bekadunak izendatzeko ebazpen honek administrazio-bidea agortzen du, eta, haren aurka, zilegi da berraztertzeko aukerako errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Esleipenaren ebazpena argitaratu eta gero, beka esleitu zaien ikasleek bekari dagozkion lanak eginen dituzte, 13. oinarriak ezartzen duenaren arabera. Ikasleren batek uko egiten badio bekari, beka hori eman gabe geldituko da.
13. oinarria.–Bekak gauzatzeko epea eta beken ordainketa.
1. Bekari dagozkion lanak sei hilabeteko epean egin behar dira, 2026ko azaroaren 3an hasi eta 2027ko apirilaren 30era arte.
2. Ikasle bekadunak astean 9 orduz aritu beharko du lankidetzan destinoko sail edo ikastegiarekin, lanean hasten den egunetik kontatzen hasi eta bekaren iraunaldi osoan, lankidetza-proiektuan ezartzen diren baldintzetan. Lankidetza presentziala izanen da, eta ezin izanen da urrutitik egin mugikortasun programa batean lortu delako edo tartean beste arrazoi bat dela-eta.
Ordutegia ikasle bekadunekin adostuko da, eta eskoletara joateko aukera errespetatuko zaie. Bekadunak ezin izanen du inoiz bere ordutegia beste zeregin batzuen baldintzapean jarri esanez Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikulatuta dagoen ikasketetako titulazioak eskatutakoak ez diren beste jarduera batzuk egiten ari dela.
Bekadunek ez dute lankidetza-lanik eginen Gobernu Kontseiluak 2026-2027 ikasturterako onetsi duen irakaskuntza-egutegian dauden festa-egunetan eta eskolarik gabeko egunetan.
3. Emandako bekari dagokion zenbatekoa ikasle bekadunak eskaerarekin batera emandako kontu zenbakira transferituko da, eta deialdi honen 3. oinarrian ezarritako aldietan ordainduko da. Bigarren ordainketa 2027ko ekainean eginen da.
4. Ikasleak, lankidetza-proiektuan ezartzen dena bete ez, eta bekari uko egiten badio edo uzten badu, bekarako ezarri diren diru kopuruak ez zaizkio ordainduko, eta jasotako diru kopuruak itzuli beharko ditu.
Eskatu arren ez badu dirua itzultzen, eta 42E/2026 Foru Aginduaren eranskinaren 7.1 artikuluan ezarritakoaren arabera –63E/2026 Foru Agindua, 2026ko ekainaren 8koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoan titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoengatik eta gainerako eskubideengatik 2026-2027 ikasturtean ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzen dituena–, aurreko matrikulengatik edo beste edozein kontzepturengatik kobratzeko dauden zenbatekoak ordaintzeko eskatuko dio Unibertsitateak, matrikula egin, tituluak edo ziurtagiriak eman edo beste edozein administrazio kudeaketa egin aurreko baldintza modura.
14. oinarria.–Bekan egindako jardueren txostena, nahitaez aurkeztu behar dena.
1. 2027ko maiatzaren 3tik 7ra bitarte, ikasle bekadunek bekaren iraunaldian gauzatutako zereginei buruzko txosten bat aurkeztuko dute, eta berariaz adierazi beharko dute zein irakasgairekin (batekin edo gehiagorekin) dauden lotuak egindako lankidetza, lortutako prestakuntza eta proiektua gauzatzearen ondoriozko emaitzak. Txostena bidaltzeko, eskabide orokor bat egin beharko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez, eta Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalari zuzenduko diote. Bekadunak berak aukeratuko ditu txostenaren formatua eta luzera.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztutako eskabide orokorrak txostenaren aztarna digitala edukiko du, eskatzaileak erantsitakoa bere zintzotasuna egiaztatzeko. Hala, eskatzaileak eskabidearekin batera txostena ere sinatu duela ulertuko da.
2. Ez da onartuko aurkezpenerako ezarritako epea eta modua betetzen ez duen txostenik. Txostena oinarri honetan ezarritakoarekin bat etorriz aurkezten ez duten bekadunek ez dute bekaren zenbatekoa kobratuko.
3. Bestalde, Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalak sail bakoitzari frogagiria eskatuko dio egiazta dezan txostena aurkeztu duten ikasleek egiaz egin dutela lankidetza-proiektua deialdi honetan eta ezarritako baldintzetan.
4. Oinarri honetan aipatu diren txostenak eta frogagiriak ondorioak izanen dituzte emandako dirulaguntza justifikatzeko, Dirulaguntzei buruzko 2005eko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak. Bi horiek aurkeztu eta gero ordainduko da beka. Dirulaguntza ez bada ezarritakoaren arabera justifikatzen, ordaindutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta galdu eginen da ordaindu gabe daudenak kobratzeko eskubidea, eta 13.4 oinarrian ezarritako ondorioak aplikatuko dira eskatutako itzulketa egin ezean.
15. oinarria.–Sailen betebeharrak.
1. Saileko kontseiluei dagokie, osoko bilkuran edo batzordean bilduta, ikasleek aurkeztutako lankidetza-proiektuak ebaluatu eta, hala badagokio, abalatu eta puntuatzea, deialdi honen 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. Irakasle tutoreei eta bekadun bakoitzak bekaren lanak egin behar dituen sail eta ikastegiei dagokie ikuskatzea ikasle bakoitzak bere beka garatzen duela eta betetzen duela esleitu zaion lankidetza-lana, eta Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeari jakinarazi behar diote 5. oinarrian ezartzen diren betebeharrak ez badira bete, espedienteak irekitzeko, eta, hala badagokio, eman den bekaren dirua itzultzeko.
Ez-betetzea gertatu dela baieztatzen denean egin beharko da komunikazioa Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeari zuzendutako txostenaren arabera, eta ez-betetze horren gorabeherak adieraziko dira.
3. Sail bakoitzak Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalera bidali beharko du, azaroko azken astean, sailean beka egiten ari den ikasle esleipendun bakoitzak beka bete duela egiaztatzen duen agiria, dagokion lankidetza-proiektuan ezarritako moduan. Egiaztagiri hori beharrezkoa izanen da deialdiaren 3. oinarrian aipatzen den 500,00 euroko zenbatekoa kobratzeko eta beka bukatzen den arte egiten jarraitzeko.
4. Halaber, bekaren iraunaldi osoa amaitu eta gero, sail bakoitzak Unibertsitateko Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalera bidaliko du beka egin izanaren frogagiria, txostena garaiz eta forman aurkeztu duten ikasleei dagokiena, sinatua eta zigilatua.
16. oinarria.–Beka baliogabetzea.
Lankidetza-beka ematea honako kasu hauetan baliogabetuko da: beka ematean datuak ezkutatu edo faltsutu baldin baziren, ez bada bateragarria beste pertsona fisiko edo juridikoengandik datozen mota bereko beste onura batzuekin edo deialdiaren oinarriak bete ez badira.
17. oinarria.–Datu pertsonalen babesa
1. Lankidetza-beken deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar eskatutako datu pertsonalen tratamendua (izena, deiturak, NANa, AIZa, IFZa, datu akademikoak, bere lankidetza-proiektuari buruzko informazioa, banku kontuaren zenbakia eta deialdiaren helburuetarako beharrezkoak diren beste batzuk). Nafarroako Unibertsitate Publikoa da jasotako datuen tratamenduaren arduraduna, eta araudi hauek bete beharko ditu: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 EB Erregelamendua –2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena– eta 3/2018 Lege Organikoa –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa–.
2. Zure datu pertsonalak, beraz, aipatutako deialdia tramitatzeko eta gauzatzeko tratatuko dira (unibertsitateko ikasleak akuilatzea ikerketa-lanetan lankidetzan jarduteko), Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluarekin bat etorriz. Kasu honetan, helburu horien oinarri juridikoa ikerketa sustatzea da, dirulaguntzak emanez, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren eta Dirulaguntzei buruzko 2005eko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera.
Zure datuak "SARBIDEAREN, BEKEN ETA TITULUEN ARLOAK" izenarekin erregistratuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko Datuak Tratatzeko Jardueren Erregistroan.
Lankidetza-beken eskaeren balioespenari dagokionez, ez da erabaki automatizaturik hartuko, deialdiaren oinarrietako 10. eta 11. puntuetan ezarritakoaren arabera.
3. Sarbiderako, informaziorako eta beste batzuetarako dituzun eskubideak datuak babesteko araudiarekin bat etorriz erabiltzeko helburuz, harremanetan jar zaitezke datuen babeserako delegatuarekin delegado.protecciondatos@unavarra.es. Zure kontsultari behar bezalako arreta ez diotela eman uste baduzu, erreklamazio bat aurkezteko aukera duzu Datuak Babesteko Espainiar Agentziari zuzendua (https://www.aepd.es/es).
18. oinarria.–Errekurtsoen araubidea.
Deialdi honek eta honen ebazpenak administrazio bidea agortzen dute, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren (LOSU) 38.4 artikuluak ezartzen duen moduan.
Hori dela-eta, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak– 112. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin arabera, zilegi da honako errekurtso hauek jartzea deialdiaren eta ebazpenaren aurka:
–Hala nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa errektorearen kontra, hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
–Administrazioko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena eta oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iragarkiaren kodea: F2612324
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
