Iragarkia
188. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2222/2026 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ataletako eta antzeko unitateetako burutzak merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiak honakoa xedatzen du –arautegia Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an hartutako erabaki baten bidez onetsi zen, eta 2026ko otsailaren 17ko erabaki baten bidez aldatu–: Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoak funtzionarioentzat gordetzen dituen eta izendapen librekoak ez diren lanpostu hutsak merezimendu lehiaketaren bidez beteko dira, eta horien artean daude, besteak beste, unitate organikoen burutzak eta zuzendaritzak.
Aintzat harturik Nafarroako Unibertsitate Publikoko ataletako eta antzeko unitateetako burutzak betetzearren Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak betetzeko aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraitu behar zaiola, eta kontuan hartuta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiaren berezitasunak.
Ikusirik TEKAZELak Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen txostena, zeina ontzat eman baitu Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko ataletako eta antzeko unitateetako burutzak merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak eta baremoa ere. Oinarriak eta baremoa I. eta II. eranskinetan daude zehazturik, eta burutzak III.ean.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean argitara dadila agintzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2026ko irailaren 10ean.–Kudeatzailea, Mar González Paredes.
I. ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ATALETAKO ETA ANTZEKO UNITATEETAKO BURUTZAK MEREZIMENDU LEHIAKETAREN BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdiaren xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko ataletako eta antzeko unitateetako burutzak (aurrerantzean burutzak) merezimendu lehiaketaren bidez betetzea. Deialdiaren III. eranskinean dago burutzen zerrenda.
Merezimendu lehiaketaren tramitazioa egin bitartean deialdiko burutzetakoren bat kentzen bada Nafarroako Unibertsitate Publikoko egitura organikoa aldatu delako, kudeatzaileak ebazpen bat emanen du burutza horri dagokionez deialdia baliorik gabe uzteko.
2.–Arau aplikagarriak.
Merezimendu lehiaketa hau arautzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onetsia eta 2026ko otsailaren 17ko erabaki baten bidez aldatua; Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren hirugarren xedapen gehigarria, 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia; Nafarroako Administrazio Publikoetan Langileen Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, 1985eko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; deialdi honen oinarriak, eta aplikatzekoak diren gainerako araudi guztiak.
3.–Argitalpenak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, deialdi honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (6.2 oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean azalduko dira, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak.
4.–Burutzen ezaugarriak.
III. eranskinean zehazten da deialdiko burutza bakoitza zein mailari atxikita dagoen, eta zein betekizun espezifiko dituen.
5.–Izangaiek bete beharrekoak.
Merezimendu lehiaketako burutzak betetzeko prozesuan parte hartzen dutenek betekizun hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta izendapena egiten denean:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa izatea edo hari atxikia egotea zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) Bete nahi den burutzarako eskatzen den mailakoa izatea (III. eranskinean daude adieraziak), edo, maila bat baino gehiago onartzen badira, haietako batekoa izatea.
c) III. eranskinean aipatutako burutzarako ezarritako betekizun espezifikoak betetzea, beharrezkoa bada.
6.–Eskaerak eta epea.
6.1. Eskaerak.
Lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez. Hartara sartzeko, iragarki ohol elektronikoan deialdi honi dagokion ataleko "Joan tramitera" botoian egin behar dute klik.
Izangaiek zein burutzatarako lehiaketan parte hartuko duten jarri behar dute parte hartzeko eskabidean.
Parte hartzeko eskabidearekin batera, lehiatzaileek burutzarako betekizun espezifikoak betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar dute, salbu eta aipatutako dokumentazioa jada Nafarroako Unibertsitate Publikoak duenean. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu dokumentu horiek lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.
6.2. Epea.
Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
7.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du deialdi honetako burutzetako bakoitzerako onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrendak onesteko.
Behin-behinean baztertu dituzten edo aipatu ez dituzten izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondorengo 5 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioak aurkeztea, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak deialditik bazterturik geldituko dira behin betiko.
7.2. III. eranskineko burutzetakoren baterako eskaerarik aurkeztuko ez balitz ezarritako epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du burutza hori betetzeko lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko.
7.3. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko.
Deialdiko burutzetarako lehiaketan onartutakoen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren betekizunak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat, deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak bertan behera geldituko dira.
7.4. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean epe bat ezarriko da izangaiek txosten-lana aurkez dezaten. Epe hori ezin izanen da izan 45 egun naturaletik beherakoa.
Txosten-lana telematikoki aurkeztu behar dute eskabide orokor baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan.
"Erantsi fitxategiak" eremuan kargatu behar dute lehiatzaileek txosten-lana.
Dena dela, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen egiaztagiriak txosten-lanaren balorazioa egin eta gero aurkeztuko dira, epaimahai kalifikatzaileak horretarako ezartzen duen epean. Txosten-lanari dagokion proba izangai bakar batek gainditzen badu, ez da aurkeztu beharrik izanen.
7.5. Onartutako eta baztertutako izangaien zerrendak argitaratuta, interesdunei jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.
8.–Epaimahai kalifikatzaileak.
8.1. Honako hauek osatuko dituzte deialdiko burutza bakoitzaren merezimendu lehiaketak kalifikatu behar dituzten epaimahaiak:
–Epaimahaiburua: NUPeko Kudeatzailetzaren titularra, edo, bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoa funtzionalki zein errektoreorderen mende dagoen, errektoreorde hori, edo haiek eskuordetutako pertsona.
–Ordezko epaimahaiburua: NUPeko Kudeatzailetzaren titularrak edo, bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoa funtzionalki zein errektoreorderen mende dagoen, errektoreorde horrek eskuordetutako pertsona.
–Epaimahaikidea: Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
–Ordezko epaimahaikidea: Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
–Epaimahaikide idazkaria: bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan zerbitzuko zuzendaria. Zerbitzu bati atxikiak ez dauden burutzen kasuan, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona arituko da epaimahaikide idazkari.
–Ordezko epaimahaikide idazkaria: bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan zerbitzuko zuzendariak eskuordetutako pertsona. Zerbitzu bati atxikiak ez dauden burutzen kasuan, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona arituko da epaimahaikide idazkari.
8.2. Burutza bakoitzerako onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen eta ordezkoen izenak.
8.3. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatutako egoera horietako bat gertatzen denean.
8.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauen interpretazioan eta aplikazioan sortzen diren zalantzak.
8.5. Epaimahaiak sei hilabete izanen ditu gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita, lehiaketaren atalen balorazioak egiteko eta dagokion proposamena kudeatzaileari bidaltzeko.
8.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.
9.–Elementuen balorazioa.
9.1. Elementu hauek baloratuko dira, ehun puntuko balio maximoa edukiko duen eta honela banatuta egonen den eskala batean:
a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: hogeita bost puntu gehienez.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: hamabost puntu gehienez.
c) Hizkuntzak jakitea: hamar puntu gehienez.
d) Lehiaketaren xede den burutzari buruzko txosten-lana: berrogei puntu gehienez.
e) Txosten-lanaren aurkezpena eta defentsa: hamar puntu gehienez.
9.2. Aurreko apartatuko a), b) eta c) letretan aipatzen diren elementuak deialdi honen II. eranskinean ezarritako merezimenduen baremoaren arabera baloratuko dira.
10.–Baloratzeko prozedura.
10.1. Dokumentu honen 7.4 oinarrian adierazitako ebazpenak ezartzen duen epean, izangaiek txosten-lan bat aurkeztu beharko dute, honako hauek osatua:
a) Sarrera, aurrekariak eta dagokion unitatearen egungo egoera (5 puntu gehienez).
b) Unitateko burutzaren eginkizunen analisia (12,5 puntu gehienez).
c) Eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren betekizun, baldintza eta bitartekoak (5 puntu gehienez).
d) Antolaketa tekniko-administratiboa (5 puntu gehienez).
e) Unitatearen aurrekonturako proposamena (5 puntu gehienez).
f) Hobekuntzarako proposamena eta plana hurrengo sei urteetarako (7,5 puntu gehienez).
Txosten-lanak 50 orrialde izanen ditu gehienez ere. Epaimahaiak ez ditu balorazioan kontuan hartuko kopuru hori gainditzen duten orrialdeak.
Epea igarota txosten-lana aurkezten ez dutenak lehiaketatik kanpo geldituko dira.
10.2. Txosten-lana azaldu eta defendatu beharko dute izangaiek, eta epaimahaikideek galderak egiten ahalko dizkiete txosten-lana hobeki ebaluatzeko. Gutxienez 15 egun natural lehenago argitaratuko da noiz eginen den irakurketa, eta, gehienez, 4 hilabete lehenago. Azalpena eta defentsa honela baloratuko dira:
a) Aurkezpenaren argitasuna eta antolaketa: 4 puntu gehienez.
b) Egokitasuna eta zehaztasuna epaimahaiari emandako erantzunetan: 6 puntu gehienez.
Izangairen bat txosten-lana aurkeztu eta defendatzera agertzen ez bada, lehiaketatik kanpo geldituko da automatikoki.
Epaimahaiak azalpen- eta defentsa-fasea egin aurretik irakurri eta ebaluatuko ditu txostenak. Ebaluazio hori izangaien anonimotasuna bermatuko duen prozedura baten bidez eginen da.
10.3. Txosten-lana baztertzailea izanen da. Gainditzeko, ezinbestekoa izanen da gutxienez hogei puntu lortzea txosten-lanaren ebaluazioan, eta gutxienez bost puntu, txosten-lanaren azalpenean eta defentsan.
10.4. Epaimahai kalifikatzaileak arrazoizko zalantzak baditu izangaiak aurkeztutako txosten-lanaren egiletzari buruz, proba osagarri bat egiteko eskatzen ahalko du benetan hark egin duela egiaztatzeko.
Proba osagarria idatzizko ariketa bat izanen da, aurrez aurrekoa eta gainbegiratua, eta, hartan, izangaiak bere txosten-lanaren funtsezko alderdiak garatu beharko ditu, epaimahaiak egindako galderei erantzun beharko die edo bere lanaren edukiarekin lotutako analisi kritiko bat egin beharko du.
Txosten-lanaren irakurketa egin aurretik edo ondoren, epaimahai kalifikatzaileak idatziz justifikatu beharko ditu proba osagarria egiteko arrazoiak, eta objektibotasunaren, inpartzialtasunaren eta izangaiaren eskubideekiko errespetuaren printzipioak bermatu beharko ditu une oro. 5 egun balioduneko epea emanen da erabaki horri buruzko alegazioak aurkezteko.
Alegazioak ebatzi ondoren, 5 egun baliodun igaro baino lehenago eginen da proba.
Baliteke txosten-lanaren azken kalifikazioa aldatzea proba osagarriaren emaitzaren ondorioz, epaimahaiak aldez aurretik ezarritako irizpideen arabera.
10.5. Ondoren, eta txosten-lanaren proba gainditzen duten izangaien kasuan baino ez, 9. oinarriaren a), b) eta c) apartatuei dagokienez alegatu dituzten merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, II. eranskinean ezarritako baremoarekin bat etorriz.
Izangaiek, horretarako, bost egun balioduneko epea izanen dute, txosten-lanaren balorazioaren emaitzak argitaratu ondotik, II. eranskinean ageri diren merezimenduen egiaztagiriak aurkezteko. Txosten-lanari dagokion proba izangai bakar batek gainditzen badu, ez da aurkeztu beharrik izanen.
Ez da dokumentaziorik aurkeztu beharko baldin eta, ordurako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baldin badago. Eskabidean hala dela adierazi beharko da betiere. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu dokumentu horiek lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.
Ez da inola ere administrazio publikoetan emandako zerbitzuen egiaztagiria aurkeztu beharko baldin eta NUPek aitortu baditu. Orobat, ez da aurkeztu beharko NUPek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu izanaren ziurtagiririk baldin eta Langilearen Atarian jasoak badaude. Dokumentazio hori zuzen-zuzenean sartuko da lehiatzailearen espedientean, eta epaimahaiaren esku egonen da baremazioa egin dezan.
Alegatutako merezimenduen egiaztagiriak telematikoki aurkeztu beharko dira eskabide orokor baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan.
10.6. Epaimahaiak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan du aukera azalpenak eta datu osagarriak eskatzeko, izangaiek garaiz eta forman alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.
11.–Gainditu duten pertsonen zerrenda, izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
11.1. Txosten-lanaren proba gainditzen duten izangaiek lortutako puntuazioa merezimenduen kalifikazioan lortutakoari gehituko zaio, izangaietako bakoitzaren guztizko puntuazioa lortzeko.
Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da.
11.2. Lehiaketako elementu guztiak baloratu ondoren, epaimahaiak prozesua gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek dagokiena alega dezaten balorazioaren gainean. Pertsona bakar baten txosten-lana baloratu bada, proba horretan lortu duen puntuazioa baizik ez da argitaratuko.
11.3. Behin erreklamazioak ebatzi ondoren, edo epea igarota erreklamaziorik aurkeztu ez bada, epaimahai kalifikatzaileak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dio proba gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, espediente osoarekin batera.
11.4. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak puntuaziorik altuena lortu duen pertsona izendatuko du burutza bakoitzerako.
11.5. Izendapenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.
11.6. Izendatuak diren lehiatzaileek izendapenaren jakinarazpena egin eta hurrengo hamar egun naturaleko epean jabetu behar dute burutzaz.
Ezarritako epean burutzaz jabetzen ez direnek izendatu dituzten burutzan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte salbu eta behar bezala egiaztatutako ezinbesteko kausa dagoenean. Kasu horietan, onartutakoen zerrendako hurrengo izangaiek hartuko dituzte lanpostuak (zerrenda hori oinarri honen bigarren apartatuan aipatutakoa da).
12.–Datu pertsonalen tratamendua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.
Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamenduaren deskribapena Tratamendu Jardueren Erregistroan dago kontsultatzeko, hemen: https://www.unavarra.es/eu/sites/portal-transparencia/home.html.
Datuen tratamenduaren eraginpeko interesdunak hautaketa-prozesuetako izangaiak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak izanen dira. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.
Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo giza baliabideen arloan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskumenekoak diren beste batzuk.
Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.
13.–Errekurtsoak.
Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, aurkaratutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: guztira, 25 puntu gehienez.
a.1.) Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdian eskatzen diren maila/talde eta titulazio bereko edo altuagoko lanpostuetan: 2 puntu urte bakoitzeko.
a.2.) Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, aurrekoetan ez bezalako lanpostuetan: 0,75 puntu urte bakoitzeko.
Oharra a) atalari buruz: urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: guztira, 15 puntu gehienez.
Oharra b) atalari buruz: atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.
b.1.) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 10 puntu gehienez. Prestakuntza lantaldeen zuzendaritzari buruzkoa bada, edo burutza bat betetzeko berariazko prestakuntza bada, 0,20 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko.
Oharrak b.1. atalari buruz:
1. Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
2. Ikastorduen kopurua adierazten ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.
3. Ikasturte bateko iraupena adierazten duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.
4. Puntuazio berarekin baloratuko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Unibertsitatearen aginduz egin badira edo Unibertsitateak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barnean antolatutakoak.
5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.
b.2.) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 3 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.
b.3.) Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu izana edo halakoetan irakasle aritu izana: 3 puntu gehienez, epaimahai kalifikatzaileak baloratu beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.
b.4.) Beste titulazio eta espezialitate akademiko batzuk, deialdian eskatzen denaren maila berekoak edo altuagokoak: 1,5 puntu emanen dira haietako bakoitzeko, eta 3 puntu gehienez.
b.5.) 1,5 puntu emanen dira lizentzia edo graduondokoa izategatik, eta 2 puntu doktoretza izateagatik, betiere deialdian eskatutako titulazioari buruzkoa bada: guztira, 2 puntu gehienez.
b.6.) Bestelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, hala nola sektore pribatuko lanak, bekak edo prestakuntza-egonaldiak, edo kontsultako, aholkularitzako, partaidetzako edo ordezkaritzako organoetan parte hartu izana: guztira, 2 puntu gehienez.
c) Puntuazioa hizkuntzak jakiteagatik: 10 puntu gehienez.
c.1.) Merezimenduen baremo guztietan, baloratu beharreko merezimendu gisa gehituko da frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira. Bakoitzarengatik gehienez ere 5 puntu emanen dira.
c.2.) Merezimenduen baremoetan baloratu beharreko merezimendu gisa gehituko da euskara jakitea, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen araudiarekin bat etorriz, eta gehienez ere 6,9 puntu emanen dira.
Oharrak c) atal osoari buruz:
1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.
2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.
c.3.) Atal batean lanpostu bat baino gehiago badaude ingeleseko C1 mailako edo euskarako C1 mailako hizkuntza-eskakizuna dutenak, 1,5ekin biderkatuko da dagokion hizkuntza jakiteagatik esleitutako puntuazioa, merezimenduen baremoetako c) atalean ezarria.
III. ERANSKINA.–ATALETAKO ETA ANTZEKO UNITATEETAKO BURUTZEN ZERRENDA, DEIALDI HONETAN SARTUAK DAUDENENA
–Ataleko burutza / Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atala / Ekonomia Gaietarako Zerbitzua.
Lanpostuaren zenbakia: 61 Lanaldi zatitua.
Betekizun espezifikoak: A/B maila.
–Ataleko burutza / Ikastegien eta Sailen Atala / Informazio eta Komunikazio Zerbitzua.
Lanpostuaren zenbakia: 150 Lanaldi zatitua.
Betekizun espezifikoak: A/B maila.
–Ataleko burutza / Euskararako Atal Teknikoa / Irakaskuntza Zerbitzua.
Lanpostuaren zenbakia: 277 Lanaldi zatitua.
Betekizun espezifikoak: A/B maila Euskarako C1 maila.
–Unitateko arduraduna / Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko Laborategiari Laguntzeko Unitatea / Ikastegien eta Sailen Atala / Informazio eta Komunikazio Zerbitzua.
Lanpostuaren zenbakia: 625 Lanaldi zatitua.
Betekizun espezifikoak: B/C maila.
–Unitateko arduraduna / Ingeniaritza Saileko Laborategiari Laguntzeko Unitatea / Ikastegien eta Sailen Atala /Informazio eta Komunikazio Zerbitzua.
Lanpostuaren zenbakia: 627 Lanaldi zatitua.
Betekizun espezifikoak: B/C maila.
–Unitateko arduraduna / Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko Laborategiari Laguntzeko Unitatea / Ikastegien eta Sailen Atala / Informazio eta Komunikazio Zerbitzua.
Lanpostuaren zenbakia: 628 Lanaldi zatitua.
Betekizun espezifikoak: B/C maila.
–Ataleko burutza / Europako eta Nazioarteko Proiektuen Atala / Ikerketa Zerbitzua.
Lanpostuaren zenbakia: 890 Lanaldi zatitua.
Betekizun espezifikoak: A/B maila Ingeleseko C1 maila.
–Unitateko arduraduna/ Teknologiaren eta kudeaketaren unitatea.
Lanpostuaren zenbakia: 952 Goizeko lanaldia.
Betekizun espezifikoak: B/C maila.
Iragarkiaren kodea: F2612167
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
