188. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CORELLA

Lekualdatze-lehiaketa, eskolazain plaza bat betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko abuztuaren 27an egin bilkuran, deialdi baten oinarriak onetsi zituen, eskolazainaren plaza huts bat betetzeko lekualdatze-lehiaketaren bidez, Corellako Udalaren zerbitzuan aritzeko.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da eskolazainaren plaza huts bat betetzea, lekualdatze-lehiaketaren bidez, Corellako Udalaren zerbitzuan aritzeko, Ciudad de Corella ikastetxe publikoan. Plazak 49 kodea du Corellako Udalaren plantilla organikoan.

1.2. Plaza honetan aritzeak berekin dakar, besteak beste, honako betebehar hauek betetzea:

–Eskolazainari dagozkion egitekoak beteko ditu, ikastetxean jarduna dagoen orduetan, ordutegi orokorrean eta eskolaz kanpoko jarduerak egiten direnean; horien artean sartzen da atezaintzaz eta berogailuaz arduratzea.

–Goiz eta arratsaldez (ordutegi zatituan) betetzea bere egitekoak, eskolarako ezartzen den ordutegiari eta zerbitzuaren beharrei lotuta.

–Ateak irekitzea eta langileen sartu-irtenak kontrolatzea bide informatikoen eta/edo eskuzkoen bidez, eta langileei kasu egitea. Honetan sartzen dira ikastetxearen patioko ateak.

–Ikastetxeko telefonoguneaz eta faxaz arduratzea, baita erosgai eta paketeak kontrolatu, jaso eta entregatzeaz ere.

–Informatika, elektrizitate, igeltserotza eta beste lan batzuetan aritzen diren gremioetako langileei kasu egin eta laguntzea.

–Iturgintza, elektrizitate eta zurgintzako lantxoak egitea, altzariak paratzea, landare eta zuhaitzak zaintzea, etab.

–Solairuetako argiak kontrolatu eta itzaltzea, leihoak ixtea, etab.

–Kasu berezietan, eraikinaren kanpo aldea txukuntzea.

–Atsedenaldi bakoitza bukatzen denean, haurren parkea eta ataripeak garbitzea.

–Eskolako altzariak eta lokalak garbitzea, edozein arrazoirengatik zikintzen direnean eta berehala garbitzea premiazkoa denean.

–Botika-kutxaz arduratzea, eta istripua izandako haurrei laguntzeko lanetan aritzea.

–Fotokopiak eta koadernatze txikiak egitea, erakunde eta enpresetara joatea, etab.

–Eta lanpostu hau betetzeagatik eskatzen ahal zaion beste edozein, bereziki ikastetxeko zuzendariak bere eskumenen barrenean agintzen dizkionak.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Alkateak, 697/2026 Ebazpenaren bidez, onetsi zuen Corellako Udalaren lan publikoaren eskaintza handitzea 2026. urterako, eta hura argitara eman zen 2026ko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 4an. Eskaintza horretan jaso zen, besteak beste, eskolazainaren plaza. Lan-araubidekoa da, E mailakoa.

Lekualdatze lehiaketa hau ondoko arauei jarraikiz eginen da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; hura garatu eta betearazteko Erregelamendua, lanpostuak betetzeari buruzkoa, zeina onetsi baitzen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

3.–Plaza hutsen kopurua handitzea.

3.1. Deialdi honetako plazen kopurua ondoren handitzen ahalko da; hain zuzen ere, gehitzen ahal diren plazak izanen dira hutsik daudenak epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean.

3.2. Lehiaketa honetan beteko diren plazak hauek izanen dira: deialdian bertan hasieratik sartutakoa eta, hala badagokio, aurreko lerroaldean aipatzen den kopuru handitzearen ondoriozkoak, baita lehiaketan beste plaza bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak ere.

3.3. Aurrekoa gorabehera, izangaiek lekualdatze lehiaketan plaza lortuta hutsik uzten dituzten plazak ez dira eskainiko baldin eta "iraungitzeko" plazak direlako bete behar ez badira edo antolaketa arrazoiak direla-eta bete behar ez badira.

4.–Baldintzak.

4.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta plaza hutsak aukeratu eta adjudikatutako plazaz jabetu bitartean:

a) Corellako Udalaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) E mailakoa izatea, edo Corellako Udaleko plantilla organikoko eskolazainaren lanpostua betetzen egotea, lanpostuari egokitu gabeko langileak birkokatzeko lekualdatze-lehiaketa baten ondorioz.

c) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisikoa nahiz psikikoa izatea.

4.2. Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horrek aldatzen du Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

4.3. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete daramaten langile finkoek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta plaza bat behin betiko adjudikatuko zaie.

4.4. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inola ere aldaketarik ekarriko bertan parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoan.

5.–Ordainsariak.

Lekualdatzen den langileak jasoko ditu indarra duten xedapenetan eta indarreko plantilla organikoan ezarritako lansariak.

6.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

6.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Corellako Udalaren erregistro orokorrean (Espainiako plaza z.g.), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik.

6.2. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari jarraikiz aurkeztuko dira; haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako baldintza guztiak betetzen dituztela.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

6.3. Eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dira deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak. Salbuespen gisa, ez dira aurkeztu beharko Corellako Udalean egindako zerbitzuei buruzko merezimenduak, administrazio honek ofizioz egiaztatuko baititu.

7.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta deialdiaren web-fitxan argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean bazterturiko izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituztela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, deialdia onetsi duen organoak lehiaketa hutsik gelditu dela deklaratuko du, eta horren berri eman beharko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia paratuta.

7.2. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onetsiko du behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko da.

7.3. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.

8.–Epaimahaiaren osaera.

8.1. Honako hauek osatuko dute lehiaketako kalifikazio-epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Gorka García Izal, Corellako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Félix Bienzobas Lázaro, Corellako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikideak:

1. Pilar Pérez Gil, Corellako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Amaya Bienzobas Gómez, Corellako Udaleko zinegotzia.

2. Yolanda Riccobene Liroz, Corellako Udaleko ordezkari sindikala.

Ordezkoa: Milagrosa Gil, Corellako Udaleko langileen ordezkari sindikala.

–Idazkaria: Milagrosa López Mendoza, Corellako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Ana Isabel Enrique, Corellako Udaleko Zuzenbideko lizentziaduna.

8.2. Epaimahaia eratu beharko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost egunean.

8.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

8.4. Epaimahaia ezin da eratu gutxienez bere kideen gehiengoa bertaratzen ez bada.

8.5. Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

9.–Merezimenduen kalifikazioa.

9.1. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

9.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta eman ere atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik.

9.3. Izangaiek lehiaketan lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, izangai adinez zaharrenari emango zaio lehentasuna.

9.4. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduei buruz.

9.5. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du parte-hartzaileek lortutako puntuazioa deialdiaren web-fitxan, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean alega dezaten eskubideko jotzen duten guztia.

10.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera.

Epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, izangaien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Corellako Udaleko iragarki taulan eta deialdiaren web-fitxan, bai eta izangaien zerrenda ere, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, deialdia egin duen organoari igorriko dio espediente osoarekin batera.

Deialdia egin duen organoak jasotzen duenean izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, beharrezkoa bada, hasiera batez deitutako plaza kopurua handitzeari buruzko erabakia hartu edo ebazpena emanen du.

11.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

11.1. Izendapena egin aurretik, honako hauek aurkeztu beharko ditu izangaiak:

–Deialdiaren xede den lanpostuan aritzeko "gai" dela egiaztatzen duen agiria, Corellako Udaleko Lan Osasunaren Zerbitzuak egina. Hori lortzeko, izangaia azterketa mediko batera zitatuko da, bere gaitasun psikofisikoa egiaztatzeko. Epaimahaiak behin betiko puntuazioen zerrenda egin eta organo deitzaileak hura jaso ostean, izangaiak hamar eguneko epean jasoko du zitazioa. Alkatetzaren ebazpen bidez eginen da zitazioa. Izangaiak azterketa medikoa egiteari uko egiten badio, hautaketa prozeduratik kanpo geldituko da.

–Frogagiri bat aurkeztea, erakusten duena ez dela agertzen Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren datu-basean.

11.2. Deialdia egin duen organoak plaza adjudikatuko du eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

11.3. Izangai izendatuak plazaren jabetza hartu beharko du izendapenaren eta adjudikazioaren jakinarazpena eman ondoko hamar egun naturaleko epean.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Corellan, 2026ko abuztuaren 28an.–Alkatea, Gorka García Izal.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://sedeelectronica.corella.es

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Merezimendu profesionalak: gehienez 30 puntu.

–Deialdiaren xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak: 3 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

–Beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak: 1,5 puntu egindako zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Gehienez ere 30 puntu emanen dira a) atal honetan.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez 20 puntu.

–Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza, ikastaro eta tituluak. Helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, eta, hortaz, kontuan hartuko dira lanpostuaren eginkizunekin lotura zuzena duten arloetakoak. Balorazioa proportzionala izanen da egindako orduekiko, puntuazio honi jarraikiz:

–20 ordutik beherako iraupena: 8 puntu.

–20 orduko iraupena edo luzeagoa: 10 puntu.

Ez dira baloratuko ordu kopurua zehaztua ez duten ikastaroak.

Iragarkiaren kodea: L2611631