188. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CORELLA

Oposizio-lehiaketa, bete dadin gizarte-langilearen plaza bat, B mailakoa, lan-kontratudunen araubidekoa, Oinarrizko Gizarte-Zerbitzuari atxikia

Tokiko Gobernu Batzarrak 2026ko abuztuaren 27an egindako bilkuran, honako honen oinarriak onetsi ziren: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gizarte-langilearen plaza bat, B mailakoa, Corellako Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari atxikia. Lan-kontratudunen araubidekoa da, eta 31 zenbakia du plantilla organikoan.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren bidez betetzea gizarte-langilearen plaza bat, B mailakoa, Corellako Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari atxikia. Lan-kontratudunen araubidekoa da, eta 31 zenbakia du plantilla organikoan.

1.1. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.2. Lanpostuak bere mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu –jarraikiz uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenari–, bai eta udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.3. Hautatutako izangaiaren zeregin nagusia izanen da kudeatzea Gizarte Zerbitzuen Zorroan zehaztutako oinarrizko programak, Nafarroako esparru orokorrekoak, eta, orobat, dagokion foru dekretuan zehazten direnak, hots, zehazten direnak oinarrizko gizarte zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema arautzen dituen foru dekretuan. Honako hauek dira eginkizun nagusiak: herritarrei harrera egitea eta informazioa ematea, haien prestazioak kudeatzea, behar diren laguntza izapidetzea autonomia pertsonalari eusteko, inklusio-ibilbideak elkarrekin diseinatzea, eta haurrak babestea, horretarako esku-hartuz familia-arriskuko egoeretan. Orobat, funtsezko helburua da baloratzea, diagnostikatzea eta behar diren baliabideak aktibatzea, komunitatearen ongizatea bermatzeko, bai eta beste jarduketa batzuk ere, aurrekoen antzekoak, baldin hala agintzen bazaizkie, zerbitzua dela-eta.

1.4. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazi edo hutsaltzen ahalko du, baldin iruditzen bazaio emaitzak ez direla izan Udalak nahi bezalakoak, lanpostuaren zereginak betetzean.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozesu hau gauzatuko da honako araudi honetan xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, zeinaren bidez arautzen baitira Toki Araubidearen Oinarriak; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuei, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren ezkontideek eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

Legezko bizileku iraunkorra Espainian duen atzerritarra izatea, edo lan baimena edukitzea, indarrean, aukera ematen duena lanpostuan aritzeko.

b) Hamasei urte beteak izatea, eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Unibertsitateko Gizarte Laneko gradudun titulua izatea, edo Gizarte Laneko diplomadun titulua, edo baliokidetzat hartutako beste bat, edo titulu hori eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) B motako gidabaimena izatea.

f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

Izangaiek baldintza horiek frogatu beharko dituzte deialdiaren oinarrietan ezartzen den unean. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta indarrean egon beharko dute plazaren jabetza hartu arte.

4.–Eskabideak.

4.1. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabidea Corellako Udaleko erregistroan aurkeztu beharko da, dela Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.corella.es ), dela urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako bitartekoen bidez (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea). Kasu horretan, agiriak aurkeztu dituztela frogatu beharko dute, frogagiria bidaliz ayuntamiento@corella.es helbide elektronikora, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Baldin eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, postako langileek data eta zigilua jartzeko eskabideari, ziurtatu baino lehen. Era berean, mezu elektronikoa igorri beharko da arestian adierazitako helbidera, agertzeko eskabidea posta bulego baten bidez igorri dela.

Eskabideak, edukiari dagokionez, deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasuna frogatzeko agiria (NANa...).

b) Ikasketa-tituluak.

c) Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

d) Desgaitasun maila bat izanik, baldin izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, erants dezakete, justifikatzeko, komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

25,30 euroko tasa ordaindu behar da, funtzio publikoan sartzeko eta bertan jarduteko hautapen-prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik.

Eskabidea formalizatzean ordainduko da tasa, dirua kontu honetan sartuz:

ES 3221003721642100316133.

Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren zenbakia edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

5.–Izangaiak onartzea.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Corellako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdiak web-orrian duen fitxan.

Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkez daitezke Corellako Udalaren erregistroan, bai Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.corella.es), bai urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bitarteko baten bidez (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, Corellako alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko argitara dadila deialdiaren web-fitxan.

5.4. Prozeduran parte hartzeko eskubideen tasa ez da itzuliko, baldin izangaiak baztertzen badira izangaiei berei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Baldin eta, hautapen-prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Gorka García Izal, Corellako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Pilar Perez Gil, Gizarte-ongizate, Berdintasun eta Kulturako zinegotzia.

1. Epaimahaikidea: María Jesús Arellano Ayala, Corellako Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko burua.

Ordezkoa: Aitana Aguirre Bueno, Corellako Udaleko gizarte-langilea.

2. Epaimahaikidea: Inés Fernandez García, gizarte-langilea.

Ordezkoa: Susana Gutierrez, gizarte-langilea.

3. Epaimahaikidea: Yolanda Riccobene Liroz, Corellako Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Milagrosa Gil García, Corellako Udaleko langileen ordezkaria.

Epaimahaikide idazkaria: Milagrosa López Mendoza, Corellako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Ana Isabel Enrique Escribano, Corellako Udaleko Zuzenbideko lizentziaduna.

6.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia, eta ez du eratzerik izanen, ez eta aritzerik ere, baldin kideen gehiengo osoa gutxienez biltzen ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon behar dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

6.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoa.

7.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldia. Hiru proba eginen dira:

a.1) Lehena, proba teorikoa izanen da, eta test motako galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko, zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei hura egiteko. Proba baloratzeko irizpideetan, ezarriko da erantzun okerrak zehatu eginen direla, aukera anitzeko galderetan. Proba honetan gehienez ere 25 puntu lortzen ahalko dira, eta baztertu eginen dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

a.2) Bigarren proba teoriko-praktikoa izanen da. Epaimahaiak proposatutako kasu batzuk ebatzi beharko dira, zerikusia dutenak II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiekin. Proba honetan 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

a.3) Hirugarren proban, psikoteknikoa, zenbait galdetegi bete beharko dira, ezagutzeko izangaien nortasun orokorra eta lanerako gaitasunak eta/edo trebetasunak, eta eginen dira elkarrizketa pertsonalak eta/edo talde-lanekoak. Haien bidez zehaztuko da izangaiak zenbateraino diren egokiak lanpostuaren profil profesiografikoak eskatzen dituen ezaugarrietarako. Proba honetan gehienez ere 15 puntu lortzen ahalko dira, eta baztertu eginen dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

Psikologia Aplikatuaren Atalak prestatuko du hirugarren proba (Psikologia Aplikatuaren Atala, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutukoa), eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

b) Merezimenduen balorazioko fasea edo lehiaketaldia. Bertan baloratuko dira izangaiek alegatu dituzten merezimenduak, gero azalduko den baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

7.1.1. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira proba egiteko eguna, tokia eta ordua.

7.1.2. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.1.3. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu, deialdiaren web-fitxan, eta 5 egun balioduneko epea emanen du, interesdunek egoki irizten diotena alega dezaten telematikoki. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.1.4. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratutakoan, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten alegatzen dituzten merezimendu guztien frogagirien kopiak.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.2. Lehiaketaldia ez da baztertzailea, eta haren helburua da izangaien merezimenduak baloratzea, betiere zuzenean loturik daudenak deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin.

Gehienez 30 puntu lor daitezke. Honako merezimenduak baloratuko dira:

7.2.1. Egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan: 20 puntu gehienez.

7.2.1.1. Toki-erakundeetan nahiz gizarte zerbitzuen mankomunitateetan egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan: 5 puntu, zerbitzu egindako urte oso bakoitzeko.

7.2.1.2. Aurreko 7.2.1.1 apartatuan azaldutako erakundeetatik kanpo egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan: 2 puntu, zerbitzu egindako urte oso bakoitzeko.

7.2.1.3. Kontratua egin duen erakundearen ziurtagiriaren bidez frogatu beharko dira egindako zerbitzuak, edo, enpresa pribatuen kasuan, kontratuaren eta lan-bizitzaren ziurtagiriaren bidez. Bertan jaso beharko dira honako hauek: lanpostuaren izena, kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partziala izanez gero, ehunekoa adieraziko da) eta lan egindako aldiaren hasiera eta bukaera data zehatzak.

Oharrak:

1. Deialdia argitaratu arte egindako zerbitzuak baloratuko dira.

2. Urte kopurua osoa ez bada edo zerbitzuak lanaldi partzialean egin badira, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

7.2.2. Apartatu honetan, honako hauek baloratuko dira: graduondoko prestakuntza eta espezializazio akademikoa, zuzenean loturik baldin badago gizarte zerbitzuen arloekin: 10 puntu gehienez.

7.2.2.1. Master tituluak edukitzea baloratuko da.

–Unibertsitateko master ofiziala (60 kreditu gutxienez). Unibertsitateko master ofizial bakoitzeko, baldin lurralde nazional guztian balio badu: 7 puntu.

–Master berekia / graduondoko titulua / espezializazio diploma (59 eta 31 kreditu bitarte). Unibertsitate bateko unibertsitate-titulu bereki bakoitzeko: 4 puntu.

–Unibertsitateko espezializazio diploma eta/edo unibertsitateko aditu titulua (30 kreditu baino gutxiago): 2,50 puntu.

Zehaztapen teknikoak:

–Eskatutako gaiekiko lotura. Baremoan sar daitezkeen tituluen kasuan, haien curriculumak honako hauei buruzkoa izan behar du nahitaez:

1. Esku-hartzea: familiak, adingabeak eta babes sistemak.

2. Arreta dependentziari, desgaitasunari eta autonomia pertsonalari.

3. Genero-berdintasunari buruzko politikak eta genero-indarkeriaren prebentzioa.

4. Oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta/edo komunitarioak kudeatzea.

5. Gizarteratzeko eta laneratzeko programak.

6. Ikerketa, ebaluazioa eta

7. diagnostiko soziala, tokiko eta autonomia-erkidegoko esparruan.

Hori dena frogatzeko, erabili behar da titulu ofizialaren fotokopia, edo ziurtagiri ofizial ordezkoarena, non agertu behar baitira ikasketa programa edo egindako kredituak.

7.3. Merezimenduak ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, baldin eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez badaude zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta. Betiere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu jakin bat ez dagoela behar bezala frogatua.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, apartatuan adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

7.3.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak, web-fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, telematikoki, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.3.2. Behin epaimahaiak ebatzitakoan behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken puntuazioa izanen da oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioen batura.

7.4.2. Baldin berdinketarik gertatzen bada prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan, joko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde.

Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, ebatziko da egindako zerbitzuetan puntuazio handiena lortu duenaren alde, eta, bat baldin badatoz, kontuan hartuko da apartatu horretako azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuazio handiena, zerrendatzen diren hurrenkeran.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du prozesua gainditu dutenen zerrenda, jarraikiz hautapen-prozesuan guztira eskuratu duten puntuazioari, eta organo eskudunari igorriko dio, egin daitezen baldintzak egiaztatzeko eta plaza hutsak hautatzeko izapideak.

8.–Baldintzak frogatzea, izendapen proposamena eta agiriak aurkeztea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du, plaza eskuratzen duten proposatutako izangaiek aurkez dezaten dokumentazioa, honako baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdian eskatzen diren titulu akademikoen kopia konpultsatua, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

c) B motako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

d) Deialdiaren xede den lanpostuan aritzeko "gai" dela egiaztatzen duen agiria, Corellako Udaleko Lan Osasunaren Zerbitzuak egina. Hori lortzeko, azterketa mediko bat egiteko deituko zaio izangaiari, bere gaitasun psikofisikoa egiaztatzeko. Epaimahaiak behin betiko puntuazioen zerrenda egin eta organo deitzaileak hura jaso ondoren, izangaiak hamar eguneko epean jasoko du zitazioa. Alkatetzaren ebazpenaren bidez emanen da zitazioa. Izangaiak azterketa medikoa egiteari uko egiten badio, hautaketa-prozeduratik kanpo geldituko da.

e) Zinpeko adierazpen edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.

f) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

g) Hala behar izatera, Corellako Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.

8.2. Baldintzak frogatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamenean izanen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako plaza kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen-proposamen hori deialdiaren web-fitxan argitaratuko da.

8.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta dagokien erantzukizuna.

8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den plaza beteko da jarraikiz 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendari, plazarako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.–Izendapena, plaza hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

9.1. Corellako Udaleko funtzionario izendatuko dira, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak.

9.2. Izendatzeak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatutakoa lan-kontratadun bihurtzea, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori hala da, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).

9.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

9.4. Hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko dira plazaz.

9.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Corellako Udaleko lan-kontratudun izateko. Kasu horretan, jarraikiko zaio deialdiaren 8.4 apartatuan ezarritakoari.

10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

10.1. Hautaketa prozedura honetan plaza lortzen ez duten izangaiekin zerrenda bat eginen da, puntuazio-ordenaren araberakoa, aldi baterako kontratazioak egiteko, erantzute aldera Corellako Gizarte Zerbitzuetan sortzen diren beharrei. Hori guztia, jarraikiz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42. artikuluari (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).

10.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda horrek lehentasuna izanen du, aldi baterako kontrataziorako eraturik dagoen edozein zerrendaren gainetik –beraz, lehendik dagoen zerrenda subsidiarioa izanen da, deialdi honen ondorioz eratzen den zerrendari dagokionez–, eta gehienez bost urteko indarraldia izanen du, hau onesteko ebazpena ematen denetik hasita, salbu eta epe laburragoan agortzen bada edo beste deialdi bat egiten bada.

10.3. Bi hilabeteko probaldia ere ezartzen da, deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.

10.4. Udaleko burutzaren ardura izanen da zerrenda kudeatzea.

10.5. Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; zehazki, zazpigarren xedapen gehigarriko 4. apartatuan ezarritakoa. Aldez aurretik, Corellako Udalak hautatutako mediku zerbitzuek egin beharko dute bateragarritasunari buruzko adierazpena, lanpostuko zeregin eta eginkizunak normal betetzeari dagokionez.

10.6. Deitutako izangaiak lanpostuan hasi beharko du Administrazioak ezartzen dion epean, bere eginkizunak betetzeko. Aldez aurretik, aurkeztu beharko du sexu delituen ziurtagiria, uztailaren 28ko 26/2015 Legean ezarritakoa (lege horrek aldatzen du Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema), zeina aldatu baitzuen Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren 13. artikulua. Izangaia lanean hasten ez bada –behar adina justifikatutako kasuak salbu–, organo eskudunak kontratatzen ahalko du kontratazio-zerrendan hurrengoa den izangaia.

10.7. Eskainitako lanpostu batean jarduteari uko egiten diotenek edo eskatutako agiriak ezarritako epean aurkezten ez dituztenek galduko dute zerrendetan egoteko eskubidea, salbu bidezko arrazoiak frogatzen badituzte; azken horiek Alkatetzaren ebazpen baten bidez hartuko dira aintzat.

10.8. Deietarako lehentasun berezia: Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, baldin izangai bat lanpostu batean ari bada edo aritu bada aldi baterako kontratu baten bidez, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 egun naturalen barnean lanpostu bera bete behar baldin bada, Udalak kontratua izangai horri eskainiko dio, baldin eta dei berria egitean eskura badago indarreko kontratazio zerrendan, eta ez bada 6 hilabetetik gorako lanpostu huts edo kontratu bat.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe izapide batzuk Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharra, Corellako Udalaren iragarki-taulan (www.corella.es) argitaratuko da honelako informazioa: epaimahaiak proben deialdiei eta kalifikazioei buruz ematen dituen ebazpenak eta jarduketak, eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://sedeelectronica.corella.es

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Zati orokorra.

1.–Lege Organikoa, hizpide duena Nafarroako Foru Eraentza Berrezartzea eta Hobetzea: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

4.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, onesten duena Toki-entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua: toki-erakundeen beharrezko antolaketa: udalerria.

5.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako toki ogasunen baliabide motak eta haien ezaugarri nagusiak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

6.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten dituena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua. Xedapen orokorrak; II. titulua. Funtzionario publikoak.

7.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

8.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa.

9.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Zati espezifikoa.

1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2.–Gizarte Zerbitzuen Zorroa eta geroko eguneratzeak: 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, onesten duena Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa. Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Zorroa.

30/2019 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, onesten duena gizarte zerbitzu orokorren zorroa.

38/2023 Foru Dekretua, apirilaren 5ekoa, honako hauek aldatzen dituena: batetik, 92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen duena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barnean, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea; eta, bestetik, 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, onesten duena gizarte zerbitzu orokorren zorroa eta, horrekin batera, onesten dituena gizarte eta osasun arloko arreta integralerako zerbitzu soziosanitarioak eta migrazio politiken zerbitzuen zorroa.

3.–Nafarroako gizarte zerbitzuen oinarrizko laguntzari buruzko esparru dokumentua, 2019ko uztailekoa.

4.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, arautzen dituena oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema.

5.–5/2026 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Boluntariotzari buruzkoa.

6.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, arautzen dituena Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak.

7.–26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, hizpide duena gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen garapena.

8.–19/2021 Legea, abenduaren 20koa, ezartzen duena Bizitzeko Gutxieneko Errenta.

9.–94/2016 Foru Dekretua, urriaren 26koa, araubidea ezartzen duena Nafarroako Gizarteratze eta Laneratze Enpresen kalifikaziorako, erregistrorako eta laguntzetarako.

10.–442/2020 Foru Agindua, abenduaren 28koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, prozedura garatzen duena gizarteratzeko aparteko laguntzak balioetsi eta emateko.

11.–Lagun-egitea esku-hartze metodo gisa inklusio prozesuetan.

12.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea.

13.–210/2009 Foru Agindua, ekainaren 1ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, arautzen dituena zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak.

14.–224/2019 Foru Agindua, maiatzaren 31koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, arautzen duena mendekotasun eta/edo desgaitasun egoera bat aitortua duten pertsonen laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa.

15.–62/2013 Foru Agindua, urtarrilaren 18koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, ezartzen duena mendekotasuna dutenentzako laguntzaren arloko hainbat prestazio eta zerbitzuren arteko bateragarritasun araubidea, eta laguntza ekonomikoak arautzen dituena mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko eta haien zaintzaileei sostengua emateko.

16.–476/2018 Foru Agindua, abenduaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, arautzen dituena mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko dirulaguntzak, zerbitzu bat kontratatzeko: zaintzaile profesional bat eta/edo zerbitzu enpresa bat.

17.–1/2011 Foru Legea, otsailaren 15ekoa, prozedura ezartzen duena mendetasun-egoera aitortzeko, eta ezartzen dituena Nafarroan mendetasun-egoera baloratzeko ekipoak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea.

18.–197/2018 Foru Agindua, ekainaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, arautzen duena familiako egoera baloratzeko zer prozedura eta zer baremo aplikatuko diren, egoitza plazetara sar daitezen adineko pertsonak, desgaitasun bat dutenak, gaixotasun mental bat dutenak edo gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan daudenak, bertan artatzeko.

19.–Ordenantza, arautzen duena Corellako Udalaren etxeko laguntza zerbitzua.

20.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, onesten duena Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta haiek Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina: atariko titulua. Legearen xedea, definizioak eta printzipioak. Aplikazio eremua. II. titulua. Aukera berdintasunerako eskubidea. Sustapen- eta defentsa-neurriak.

21.–31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Desgaitasunari buruzkoa.

22.–8/2021 Legea, ekainaren 2koa, zeinaren bidez legeria zibila eta prozesala erreformatzen baitira, desgaitasuna duten pertsonei gaitasun juridikoa egikaritzen laguntzeko. Bigarren artikulua. Kode Zibila aldatzea. IX., X. eta XI. titulua.

23.–1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoarena, Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren aldaketa partziala egitekoa.

24.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa ematekoa eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.

25.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 1. eta 2. liburukiak.

26.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

27.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa.

28.–Elkarrizketa gizarte lanean: ezaugarri eta fase nagusiak.

29.–Gizarte lanaren kode deontologikoa. Gizarte Laneko Diplomadunen Kontseilu Ofiziala.

30.–Pertsonarengan zentratutako arreta integraleko (PZAI) ereduko printzipioak eta irizpideak - PZAI ereduarekin lotutako jardunbide egokien sarea.

Corellan, 2026ko abuztuaren 28an.–Alkatea, Gorka García Izal

Iragarkiaren kodea: L2611630