188. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

213/2026 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez praktikaldia arautzen baita, maisu-maistren kidegoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko plazetan, sartzeko hautapen prozedurari dagokiona. Hautapen prozedura hori Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 15eko 208/2025 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak irailaren 15ean emandako 208/2025 Ebazpenaren bidez, honako prozedura hauek onetsi ziren: batetik, maisu-maistren kidegoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko plazetan, sartzeko hautapen prozedura, eta bestetik, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura.

Aipatutako ebazpenaren I. tituluaren bederatzigarren eta hamargarren oinarrietan ezartzen da aukeratutako izangaiek praktikaldi bat egin beharko dutela, irakaskuntzarako gaitasuna duten egiaztatzeko.

Bidezkoa da, beraz, deialdiko oinarri horiekin bat, praktikaldia arautzea eta praktikak baloratu behar dituen kalifikazio-batzorde bakarreko kideak zein diren zehaztea.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren zuzendari nagusiaren martxoaren 13ko 2/2026 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Maisu-maistren kidegoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko plazetan, sartzeko hautapen prozedurari dagokion praktikaldia arautzea. Hautapen prozedura hori Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 15eko 208/2025 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta departamentuaren web-orrian argitaratzea 2026ko abuztuaren 31n.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen eta eranskinen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

OINARRIAK, MAISU-MAISTREN KIDEGOAN, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN KUDEAKETA ESPARRUKO PLAZETAN, SARTZEKO HAUTAPEN PROZEDURARI DAGOKION PRAKTIKALDIA ARAUTZEN DUTENAK

Lehena.–Praktikaldiaren xedea.

Maisu-maistren kidegoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko plazetan, sartzeko hautapen prozedurei dagokien praktikaldiaren xedea da aukeratutako izangaiek irakaskuntzarako gaitasuna duten egiaztatzea, eta ebazpen honetan ezartzen den prozeduraren arabera eginen da. Hautapen prozedura horiek Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak irailaren 15ean eman zuen 208/2025 Ebazpenaren bidez onetsi ziren.

Bigarrena.–Praktikaldiaren helburua.

Praktikaldiaren helburua da irakaskuntzarako gaitasuna egiaztatzea. Horretarako, lanpostuan txertatzeko jarduerak eginen dira: tutoretzapeko irakaskuntza funtzioa betetzea eta prestakuntza-jarduerak egitea.

Praktikaldiaren ebaluaziotik salbuetsita daude gutxienez ikasturte bat karrerako irakasle funtzionario gisa lanean aritu direla frogatzen duten izangaiak. Izangai horiek inguruabar hori jakinarazi beharko dute, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari eskabide bat igorriz. Horretarako, bost egun balioduneko epea izanen dute, prozedura gainditu duten izangaien zerrenda bakarrak onesten dituen ebazpena argitaratzen denetik hasita.

Hirugarrena.–Lekualdatze-lehiaketan parte hartzea.

Praktiketako funtzionario izendatutako izangai guztiek nahitaez parte hartu beharko dute irakasle lanpostuak betetzeko Hezkuntza Departamentuak deitzen dituen prozeduretan, hautapen prozedura zein espezialitate eta hizkuntzatan gainditu duten, espezialitate eta hizkuntza horietan.

Praktiketako funtzionario izendatutako izangaiek praktikaldia hurrengo ikasturtera arte atzeratu badute, izendapen horretatik aurrera deitzen den lehenengo lekualdatze-lehiaketan parte hartu beharko dute, eta, hala badagokio, lehiaketa horretan esleitzen zaien destinoan egin beharko dute praktikaldia. Destino hori behin betiko bihurtuko da karrerako funtzionario izendatzen dituztenean.

Laugarrena.–Kalifikazio-batzordea.

4.1. Sartzeko hautapen prozeduraren praktikaldia ebaluatze aldera, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria gaitzen da kalifikazio-batzorde bakarreko kideak izendatzeko. Nolanahi ere, honako kide hauek osatuko dute batzorde hori:

  • Batzordeburua: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen ikuskatzaile bat.
  • 1. batzordekidea: Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.
  • 2. batzordekidea: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bateko zuzendaria, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatua.
  • 3. batzordekidea: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bateko zuzendaria, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatua.
  • Batzordekide idazkaria: Hezkuntza Departamentuko Langileriaren arloko Laguntza Juridikoaren Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

4.2. Kalifikazio-batzorde bakarra arduratuko da praktikaldia ebaluatzeaz, eta une oro zainduko du ebaluazioa zorroztasunez, objektibotasunez, gardentasunez eta eraginkortasunez egiten dela. Horretarako, praktikaldiaren ebaluazioan diharduten guztiei argibideak eta frogak eskatzen ahalko dizkie.

4.3. Kalifikazio-batzorde bakarra 2026ko urriaren 1a baino lehen eratu beharko da. Batzordearen eraketak balioa izateko, nahitaezkoa izanen da kide guztiak bertan izatea, salbu arrazoi justifikatuak daudenean; halakoetan, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak baloratuko ditu arrazoi horiek. Halaber, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari dagokio batzordeko kideak ordezteko baimena ematea, baldin kide horiek batzordea uzteko arrazoi justifikatuak edo ezinbestekoak badituzte.

Ebazpen honetan berariaz aurreikusiak ez dauden kontu guztietan, Administrazio Publikoko kide anitzeko organoen funtzionamendurako araudi orokorrari lotuko zaio kalifikazio-batzorde bakarra.

4.4. Behin prozesua amaituta, kalifikazio-batzorde bakarrak izangaiak ebaluatuko ditu, eta azken kalifikazioa emanen du haien irakaskuntzarako gaitasunari buruz, "gai" edo "ez-gai" diren adierazita.

Izangaiek bosgarren oinarrian jasotako praktikaldiaren iraupena betetzen ez badute eta ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eskatzen ez badute luzapena, kalifikazio-batzorde bakarrak behin betiko "ez-gai" kalifikazioa emanen du.

Batzordeak ezin izanen du praktiketako funtzionarioen kalifikazioak jasoko dituen behin betiko akta idatzi baldin eta bertan ez badaude gutxienez batzordeburua, idazkaria eta kideen erdiak.

4.5. Batzordeak egoitza izanen du Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Hautatze Prozeduren Atalean (San Domingo kalea z/g, 31001 Iruñea).

Bosgarrena.–Praktikaldiaren iraupena.

5.1. Praktikaldiak sei hilabete iraunen du. Praktikak 2026ko irailaren 1ean hasiko dira, eta 2027ko martxoaren 1ean bukatutzat emanen dira, hurrengo paragrafoetan adierazitakoari jarraikiz luzapenen bat onartzen ez bada.

5.2. Praktiketako funtzionarioek praktikaldiaren 1/8, 1/6 edo 1/4en baliokidea den lanaldi murrizketa edo irakastorduaren murrizketa badute, praktikak 2027ko martxoaren 1ean amaituko dira.

5.3. Praktiketako funtzionarioek praktikaldiaren 1/3, 2/5, %45 edo 1/2ren pareko lanaldi murrizketa badute, praktikak 2027ko maiatzaren 23ra arte luzatzen ahalko dira. Egoera horietakoren batean dauden praktiketako funtzionarioek kalifikazio-batzorde bakarrari jakinarazi beharko diote, eta praktiken luzapena eskatu, EvaComPro aplikazioaren bidez.

5.4. Praktiketako funtzionarioak 1/2 baino gehiago murrizten badu lanaldia, edo praktikaldi horren irakastorduak murrizten baditu hein berean, horren berri eman beharko dio kalifikazio-batzorde bakarrari, eta praktiken luzapena eskatu, EvaComPro aplikazioaren bidez. Kalifikazio-batzorde bakarrak proposatuko du, behin bakarrik, izangaiak praktikaldia hurrengo ikasturtean egin dezala, eta, egoki bada, erabaki izangaiak praktiketan benetan egindako denbora hurrengo ikasturtean aintzat har diezaiotela.

5.5. Baldin eta praktiketako funtzionarioei aldi baterako ezintasuna gertatzen bazaie, edo erditzeagatiko lizentzia ordaindua, ama biologikoa ez den gurasoaren baimena edo antzeko zerbait hartzen badute, edo 10 eskola-egun baino gehiagoko eszedentzia berezian badaude, horren berri eman beharko diote kalifikazio-batzorde bakarrari, eta praktiken luzapena eskatu, EvaComPro aplikazioaren bidez.

Kalifikazio-batzorde bakarrak 2027ko maiatzaren 23ra arteko luzapena emanen du, baldin eta praktiketako funtzionarioak eskatutako praktikaldia osatzeko modurik badu.

2027ko maiatzaren 23rako ezin badu eskatutako praktikaldia osatu, kalifikazio-batzorde bakarrak proposatuko du, behin bakarrik, praktikaldia hurrengo ikasturtean egitea, eta, hala badagokio, erabaki praktikaldi gisa benetan egindako denbora hurrengo ikasturtean konta dakion.

5.6. Kalifikazio-batzorde bakarrari luzapenak eskatzeko, Irakasleen Gaitasunak Ebaluatzeko aplikazioan (EvaComPro) gaitutako tresna erabiliko da, eta luzapena ematea justifikatzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazio guztia erantsi beharko da.

Kalifikazio-batzorde bakarra aldian behin bilduko da jasotako luzapen-eskaerak aztertzeko, eta baimena emateko edo ukatzeko erantzuna emanen du, batzordeburuak sinatutako gutun baten bidez.

Kalifikazio-batzorde bakarrak praktikaldia luzatzeko baimena emanen du baldin eta izangaiak 2027ko maiatzaren 23a baino lehen egiten ahal badu ebazpen honetan eskatzen den sei hilabeteko praktikaldia.

Horretara behartuta egonik, oinarri honetan ezarritakoaren arabera praktikaldia luzatzeko eskatzen ez duten izangaiei "ez-gai" kalifikazioa emanen die kalifikazio-batzorde bakarrak.

Seigarrena.–Kalifikazio-batzorde bakarrarekiko komunikazioak.

6.1. Praktiketako funtzionarioei alta emanen zaie Irakasleen Gaitasunak Ebaluatzeko aplikazioan (EvaComPro). Horretarako sarbidea eskura egonen da Educa plataforman edo zuzenean helbide honetan: https://appseducacion.navarra.es/EvaComPro.

EvaComPro plataforman gaitutakoan, praktiketako funtzionarioek abisu-mezu automatiko bat jasoko dute Educa plataforman erregistratuta duten posta elektronikoan.

6.2. Oro har, kalifikazio-batzorde bakarrarekiko komunikazioak EvaComPro bidez eginen dira, behin kalifikazio-batzorde bakarra eratuta eta EvaComPro aplikazioan praktiketako funtzionario izendatutakoei alta emanda.

6.3. Praktikaldia luzatzeko eskaerak EvaComPro tresnaren bidez baino ez dira izapidetuko, eta, eskaerarekin batera, luzapena ematea justifikatzeko behar den dokumentazioa aurkeztuko da.

Kalifikazio-batzorde bakarrak, aldian behin, EvaComPro aplikazioaren bidez, jaso diren luzapen eskaerei erantzunen die.

6.4. EvaComPro aplikazioan izangai bakoitza gaitu aurretik kalifikazio-batzordeari jakinarazi behar zaizkion premiazko komunikazioak practicasfun@navarra.es helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Seigarrena.–Hasierako prestakuntza.

7.1. Praktikak egiten ari diren funtzionarioek prestakuntza-jarduera hau egin beharko dute: "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko maisu-maistren kidegoko praktiketako irakasle funtzionarioentzako hasierako prestakuntza".

Prestakuntza horrek gutxienez ere 25 ordu iraunen du, eta 2026ko martxoaren 1a baino lehen bukatu beharko da.

Honako ezaugarri hauek izanen ditu:

1) Praktiketako irakasle funtzionario guztiek prestakuntza-modulu bat eginen dute Lan Osasunari eta Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko gaiei buruz, 9 ordu iraunen duena gutxienez.

2) Halaber, irakasle funtzionarioek parte hartuko dute Prestakuntza eta Kalitate Atalak diseinatutako prestakuntza-jardueretan. Jarduera horiek 16 orduko iraupena izanen dute gutxienez.

7.2. Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko Prestakuntza eta Kalitate Atalak txosten bat igorriko dio kalifikazio-batzorde bakarrari. Bertan egiaztatuko da praktiketako funtzionarioek praktikaldian lehen aipatutako ikastaroa egin dutela edo praktikak bukatzeko egunean hura egiten ari direla.

Jarduera horiek egitea nahitaezkoa da azken kalifikazioan "gai" lortzeko.

7.3. Praktikaldiko prestakuntzaren alderdiei buruzko edozein kontsulta Prestakuntza eta Kalitate Atalera bidali beharko da posta elektronikoz: seccformacion@educacion.navarra.es.

Zortzigarrena.–Tutoretza.

8.1. Izangai bakoitzari irakasle bat esleituko zaio tutore gisa, ikastetxeko zuzendaritzak izendatuko duena, irizpide hauei jarraikiz:

–Ahal den guztietan, funtzionario eskarmentudun bat izanen da, ahal delarik izangaiaren kidego eta espezialitate berekoa, edo parekatutako lanpostukoa, eta behin betiko edo behin-behineko destinoa praktikak egiten diren ikastetxean duena.

–Hori ezinezkoa bada, beste edozein funtzionario izanen da tutorea, izangaiaren kidego berekoa edo parekatutako lanpostukoa, behin betiko edo behin-behineko destinoa ikastetxean duena, zuzendaritzaren irizpidearen arabera hautatua, kontuan hartuz irakasle bera praktiketako pertsona baten baino gehiagoren tutore aritzen ahal dela.

–Azkenik, aurreko irizpideak aplikatzea ezinezkoa denean, izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko ikuskatzaileak beteko ditu tutoreari esleitutako eginkizunak.

Nolanahi ere, ikastetxeko zuzendaritzak izendapenaren berri emanen die tutoreari, izangaiari eta kalifikazio-batzorde bakarrari 2026ko urriaren 1a baino lehen, EvaComPro aplikazioaren bidez. Zuzendaritzei jakinaraziko zaie noiz gaitzen den EvaComPro aplikazioan tutorearen izendapenak erregistratzeko aukera.

Praktikaldian zehar, esleitutako tutoretza-lana betetzea eragozten duen gorabeheraren bat gertatzen bada, ikastetxeko zuzendaritzak, ahalik eta lasterren, beste tutore bat izendatuko du arestian adierazitako irizpideei jarraikiz, eta izendapen horren berri emanen die praktiketako funtzionarioei eta kalifikazio-batzorde bakarrari. Azken horrek sartu beharko ditu aldaketa horiek EvaComPro aplikazioan.

8.2. Tutoreak eginkizun hauek izanen ditu: tutoretzapean daukan irakaslegaiaren irakasle lana eta lan instituzionala zuzentzea eta horri buruzko informazioa eta aholkuak ematea, betiere aintzat hartuz ikastetxeko urteko programazio orokorrean, bizikidetza planean, hezkuntza proiektuan, hobekuntza eta kalitate planetan, memoria administratiboan eta Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen hezkuntza arloko legerian ezarrita dauden irizpide eta edukiak. Halaber, arreta berezia jarriko die gelako programazioari eta ikasleen ebaluazioari; ikastetxeko gobernu- eta partaidetza-organoen eta koordinazio didaktikoko organoen antolamenduaren eta funtzionamenduaren berri emanen du, eta, bereziki, ikasleen tutoretzan arreta berezia jarriko du.

8.3. Ikastetxeko zuzendaritzak ikastetxean aritzen diren praktiketako funtzionarioen jarraipena eginen du, arlo hauei dagokienez: eginkizunak betetzen ote dituzten, ikastetxearen antolaketan nola parte hartzen duten eta integratzen diren, irakaskuntzarako gaitasuna ote duten, eta nola aritzen diren lanbidean. Ikastetxe berean praktiketako irakasle asko daudenean, ikastetxeko zuzendariak zuzendaritza-taldeko beste kide baten esku uzten ahalko du zeregin hori.

8.4. Pertsona bera ezin izanen da praktiketako funtzionario beraren tutorea eta zuzendaria izan.

Bederatzigarrena.–Ebaluazioaren ezaugarriak.

9.1. Praktiketako funtzionarioen jardunaren ebaluazioak ezaugarri hauek ditu:

a) Diagnostiko batzuk eskaintzen ditu izangaiek beren eginkizunak betetzeko moduari buruz.

b) Irakaslanean aritzeko gaitasun-maila zehazteko aukera ematen du (gai/ez-gai).

c) Egindako lanaren ebidentziak aurkezten ditu.

d) Irakaslanean hobetu beharreko alderdiak identifikatzen ditu.

e) Irakaslana hobetzeko eta garapen profesionala sustatzeko pizgarria eta lagungarria da.

9.2. Irakaslanaren ebaluazioa honako dimentsio hauetan zehazten da:

1. Planifikazioa.

2. Praktika.

3. Ebaluazioa.

4. Tutoretza.

5. Garapena.

6. Betetzea.

Dimentsio horietako bakoitza zenbait adierazleren bidez konfiguratzen da. Adierazle horiek deskribatzaileen (errubriken) laguntzarekin baloratzen dira, zeinak ebaluatzeko erreferentzia izanen baitira.

Dimentsio eta adierazle horiek guztiak I., II. eta III. eranskinetan zehazten dira.

Hamargarrena.–Ikastetxeko irakaskuntza-praktikaldia ebaluatzeko prozedura.

10.1. Ebaluazio-prozedurak irakaslana nola egiten den ezagutzeko informazio garrantzitsua biltzea eta aztertzea errazten du.

Ikastetxean praktiketan ari diren izangaien irakaslanaren jarraipena eta ebaluazioa egitea tutoreei eta zuzendaritzari dagokie.

10.2. Tutoreak praktiketako funtzionarioak emanen dituen eskola saioetatik bitara joan beharko du gutxienez, eta txosten bat eginen du ikasgelako esku-hartzeaz eta eskola saioaren garapenaz. Txosten hori kalifikazio-batzorde bakarrari igorriko dio 2027ko martxoaren 5a baino lehenago, EvaComPro aplikazioaren bitartez. Txosten horiek bat etorriko dira ebazpen honen I. eranskinean ageri diren adierazleekin.

10.3. Era berean, zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen zuzendaritza-taldeko pertsona, praktiketako funtzionarioek ematen dituzten bi eskola saiotara joanen da gutxienez, eta irakaskuntza-gaitasunari eta lanbide-jardunari buruzko txosten bat eginen du. Txosten hori kalifikazio-batzorde bakarrari igorriko dio 2027ko martxoaren 5a baino lehenago, EvaComPro aplikazioaren bidez. Txosten horiek bat etorriko dira ebazpen honen II. eranskinean ageri diren adierazleekin.

10.4. Ikasgelara lehendabiziko aldiz joan ondoren, tutoreak eta ikastetxeko zuzendaritzak elkarrizketa izanen dute praktiketako funtzionarioarekin, eta hobetu daitezkeen gai garrantzitsuenen berri emanen diote.

Ondoren, ikasgelara bigarren aldiz joaten direnean, tutoreak eta ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatu beharko dute praktiketako funtzionarioak kontuan hartu dituela eta zuzendu dituela elkarrizketan jakinarazi zitzaizkion kontuak.

10.5. EvaComPro aplikazioan betetzen ahalko dira txostenak, aktibatu bezain laster, praktikaldian zehar sortzen diren ebidentzia guztiak errazago erregistratu ahal izateko. Hala ere, txosten horiek ezin izanen zaizkio bidali praktikaldiko kalifikazio-batzordeari praktikaldiaren azken fasera arte, eta adierazle guztiei erantzuten ez zaien bitartean.

Ebidentziatzat hartuko da praktikaldian izandako benetako egoeren deskribapena. Horretarako, ez da beharrezkoa inolako dokumentazio gehigarririk eranstea, baina kontuan hartuko da ezen, txosten osagarririk behar izanez gero, ebidentzia horiek egoki den moduan egiaztatu beharko direla.

10.6. Txosten horiek bidaltzeko aukera gaitu ondoren, ebaluatzaileei jakinaraziko zaie.

Ondorio horietarako, kontuan hartu behar da galdetegi bat behar bezala bidali dela hori justifikatzen duen hartu-agiria jaso denean.

10.7. Ebaluazio galdetegiak bidaltzea nahitaezkoa da.

Tutoretzak edo zuzendaritzak ezarritako epeetan galdetegiren bat bidali ez badu, batzordeak erregistratu eginen ditu, omisio horrek eragin negatiborik izan ez dezan ebaluatuarengan, baldin eta galdetegi horiek osatu gabe badaude.

10.8. Irakasle ibiltariek esleiturik daukaten oinarrizko ikastetxean eginen dituzte praktikak.

10.9. Tutoreak eta ikastetxeko zuzendaritzak, edo hark eskuordetzen duen zuzendaritza-taldeko pertsonak, 1. mailatik 4. mailara bitarte baloratu beharko dituzte praktiketako funtzionarioak eranskinetan azaldutako adierazle bakoitzean. Gutxienez 2. mailara iristen ez diren kalifikazio guztiak negatiboak izanen dira. Txostenak egokitzat joko dira horietako bakoitzean balio negatiboa (1) duten adierazleen kopurua ≤%10 bada, araudia betetzeari dagokionez izan ezik, kasu horretan positiboen kopurua %100 izan beharko baita.

Maila horietako puntuazioa 1etik 4ra bitartekoa izanen da, eta ez da dezimalik onartuko.

Kalifikazioa negatiboa bada, zertan oinarritu diren azaldu beharko dute, baita txostena egiteko erabili duten dokumentazioa adierazi ere, eta egokitzat jotzen diren frogak aurkeztu.

10.10. Kalifikazio-batzorde bakarrak EvaComPro aplikazioaren bitartez bidalitako txostenak baizik ez ditu baliozkotzat hartuko.

Hamaikagarrena.–Autoebaluazioa.

11.1. Izangaiek beren irakaskuntza gaitasunaren eta jardun profesionalaren autoebaluazioa eginen dute, III. eranskineko adierazleetan oinarrituta. Horretarako, behar diren ataletan deskribapen labur bat idatzi beharko dute, dimentsio bakoitzaren gainean egindako balorazioa justifikatzeko.

Praktiketako funtzionarioek EvaComPro aplikazioaren bidez bidaliko diote autoebaluazio txostena kalifikazio-batzorde bakarrari 2027ko otsailaren 24tik martxoaren 5era bitartean.

Hamabigarrena.–Praktiketako funtzionarioen azken ebaluazioa.

12.1. Kalifikazio-batzorde bakarrak ebaluatuko ditu praktiketako funtzionarioak, honako hauek kontuan hartuz:

a) Tutoreak edo, hala badagokio, ikuskatzaileak praktiketako funtzionarioaren ikasgelako esku-hartzeari buruz egindako txostenak. Txosten horiek ebazpen honen I. eranskinean adierazitako ereduaren arabera eginen dira.

b) Ikastetxeko zuzendariak irakaslanari buruz egindako txostenak. Txosten horiek ebazpen honen II. eranskinean adierazitako ereduaren arabera eginen dira.

c) Izangaiaren autoebaluazioa/azken txostena, ebazpen honen III. eranskinean adierazitako ereduaren arabera, VI. eranskinaren arabera.

12.2. Kalifikazioa negatiboa bada, kalifikazio-batzorde bakarrak ikastetxeko ikuskatzaileari txosten osagarri bat eskatuko dio, bidalitako kalifikazioa justifikatzeko. Ikuskatzaileak oinarritzat hartu diren datu guztiak bilduko ditu, bai eta zuzendariak eta tutoreak txosten negatibo hori emateko erabili duten dokumentazioa ere. Halaber, ikuskatzaileak elkarrizketa bat izanen du interesdunarekin, non egokitzat jotzen dituen datu eta txosten guztiak eskatuko baitizkio.

12.3. Ikuskatzailearen txostena ikusirik, kalifikazio-batzorde bakarraren ardura izanen da izangaiaren azken kalifikazioa ematea. Azken kalifikazioa ematean, kalifikazio-batzorde bakarrak izangaiaren autoebaluazioa-txostena kontuan hartzen ahalko du.

Kalifikazio-batzorde bakarraren epaia "gai" eta "ez-gai" izan daiteke. Praktiketako funtzionarioa "gai" dela ondorioztatuko da tutoreari eta ikastetxeko zuzendariari eskatutako txostenetan agertzen den kalifikazioa positiboa bada, betiere ikastetxeko ikuskatzaileak kontrako txostenik egiten ez badu.

Hala ere, kalifikazio-batzorde bakarrak, egoki iruditzen zaionean, txosten osagarri bat eskatzen ahalko dio ikastetxeko ikuskatzaileari, jaso dituen txostenetako puntu eta alderdiei buruz.

12.4. Kalifikazio-batzorde bakarrak praktiketako funtzionarioen zerrenda eta lortu dituzten kalifikazioak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari igorriko dizkio.

"Ez-gai" kalifikazioa jasotzen duten praktiketako funtzionarioek karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Horretarako, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpen arrazoitua beharko da.

Hamahirugarrena.–Azterketa medikoa.

Praktikaldian zehar, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua harremanetan jarriko da sarrerako hautapen prozeduren ondorioz praktiketako funtzionario direnekin, egiaztapen txosten bat egiteko; txosten horrek frogatu beharko du izangaiek ez dutela irakaskuntzan aritzea eragozten dien eritasunik edo gabezia fisiko edo psikikorik. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak igorriko dio txosten hori Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari.

Ezin bada egiaztatu praktikako funtzionario batek gaitasun nahikoa duela irakaskuntzan aritzeko, betiere aurreko paragrafoaren arabera, karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko ditu, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emanen duen ebazpenaren bidez.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 31n.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Ricardo Iribas Latour.

I. ERANSKINA.–IRAKASLE-TUTOREAREN ADIERAZLEAK

DIMENTSIOAK

IRAKASLE-TUTOREAREN ADIERAZLE-TAULA

1

2

3

4

PLANGINTZA

Eskola bakoitza aldez aurretik planifikatzen du, bere ikasgelako programazioaren arabera.

Jarduerak planifikatzen ditu programatutako helburu eta edukiekin koherentzia mantenduta.

Ikasleen parte-hartze aktiboa dakarten jarduerak programatzen ditu.

Zenbait edukiren hautapen bat sartzen du ikasgelako programazioan edo programazio indibidualean, eta askotariko jarduerak proposatzen ditu berariazko premiak dituzten ikasleendako edo ikasgelako aniztasunari erantzuteko.

PRAKTIKA

Kontuan hartzen ditu ikasleen banakako eta testuinguruko ezaugarriak. Proposatzen ditu bana-banako helburuak.

Jarraipena egiten du, ikasleekin egitea aurreikusitako banakako edota taldeko lanaren arabera.

Modu koordinatuan egiten du lan gainerako profesionalekin eta, ikastetxearen antolaketaren arabera, ikasgelara beste irakasle batzuk ekartzen ditu.

Ikasgelako zereginak erregistratzen ditu, programazioak edo curriculum-egokitzapen esanguratsuek ezartzen dutenaren arabera.

Egoki erabiltzen ditu lanpostuan aritzeko behar dituen programa eta aplikazioak (esaterako testu-prozesagailua, kalkulu-orria, aurkezpen digitala, Moodle plataforma, drive, etab.).

Azalpenak argi ematen ditu irakasgaia emateko erabiltzen duen hizkuntzan eta ikasleen maila akademikoaren arabera

Aplikatzen duen metodologia ikastetxean ezarritakoa eta programazioan jasotakoa da.

Unitate didaktiko edo programazio indibidual bakoitzean jarduera konpetentzialak sartzen ditu.

Ikasgela antolatzen du ikasleen lankidetza sustatzeko, baita haien inklusioa ere ikasgelako eta ikastetxeko jardueretan.

Ikasgelara eramaten dituen materialak eta baliabideak aldez aurretik prestatuak izaten ditu.

Egoki antolatzen ditu espazioak eta denborak ikasgelan, planifikatutakoaren arabera.

Lan egiteko arau argiak ezartzen ditu, eta horiek bere lana erraztu egiten dute ikasgelan.

Gatazkei aurrea hartzeko estrategiak hartzen ditu.

Egoki kudeatzen du gatazkei konponbidea emateko modua.

EBALUAZIOA

Begiratzen du ikasleen ulermen- eta aurrerapen-maila, ebaluazio etengabearen eta hezigarriaren esparruaren barrenean.

Programazioan esplizitatutako askotariko ebaluazio-tresnak (kontrolak, lanen azterketa, behaketa sistematikoak, etab.) erabiltzen ditu.

Ikasleak kalifikatzen ditu edo, hala badagokio, erabakietan parte hartzen du ezarritako irizpideen arabera.

Ikasleei modu argi eta agerikoan ematen die beren ikaskuntzaren eta errendimenduaren emaitzen berri.

TUTORETZA

Familiei ikaslearen ikaskuntza prozesuaren eta jarreraren gaineko informazioa ematen die.

Tutoretza plana ikasgelan betearazten du/horretarako elkarlanean aritzen da.

Irakasle taldearekin modu koordinatuan aritzen da.

Behar den informazio guztia biltzen du familiekin egindako banakako edo/eta taldeko bilerak eraginkorrak izan daitezen.

GARAPENA

Parte hartzen du bere lanaren gainean hausnartzen eta hura hobetzen laguntzen duten proiektuetan, hala nola jardunbide egokiei buruzkoetan, metodologia berrien gainekoetan, lankidetza-sistemenetan eta abarretan.

II. ERANSKINA.–ZUZENDARIAREN ADIERAZLEAK

DIMENTSIOAK

ZUZENDARIAREN ADIERAZLE-TAULA

1

2

3

4

PLANGINTZA

Eskola bakoitza aldez aurretik planifikatzen du, bere ikasgelako programazioaren arabera.

Jarduerak planifikatzen ditu programatutako helburu eta edukiekin koherentzia mantenduta.

PRAKTIKA

Modu koordinatuan egiten du lan gainerako profesionalekin eta, ikastetxearen antolaketaren arabera, ikasgelara beste irakasle batzuk ekartzen ditu.

Azalpenak argi ematen ditu irakasgaia emateko erabiltzen duen hizkuntzan eta ikasleen maila akademikoaren arabera.

Gatazkei aurrea hartzeko estrategiak hartzen ditu.

Egoki kudeatzen du gatazkei konponbidea emateko modua.

EBALUAZIOA

Ikasleak kalifikatzen ditu edo, hala badagokio, erabakietan parte hartzen du ezarritako irizpideen arabera.

TUTORETZA

Familiei ikaslearen ikaskuntza prozesuaren eta jarreraren gaineko informazioa ematen die.

Irakasle taldearekin modu koordinatuan aritzen da.

Behar den informazio guztia biltzen du familiekin egindako banakako edo/eta taldeko bilerak eraginkorrak izan daitezen.

GARAPENA

Parte hartzen du bere lanaren gainean hausnartzen eta hura hobetzen laguntzen duten proiektuetan, hala nola jardunbide egokiei buruzkoetan, metodologia berrien gainekoetan, lankidetza-sistemenetan eta abarretan.

Parte hartzen du hezkuntza berrikuntzako proiektuetan.

Bere prestakuntza beharrak identifikatzen ditu bere lanbide gaitasunak sakondu eta hobetzeko.

BETETZEA

Joaten da deitzen diren bileretara.

Betetzen ditu lanaldia eta ordutegia.

Betetzen ditu zereginetarako ezarritako epeak.

III. ERANSKINA.–AUTOEBALUAZIOA

DIMENTSIOAK

AUTOEBALUAZIO-ADIERAZLEEN TAULA

1

2

3

4

PLANGINTZA

Eskola bakoitza aldez aurretik planifikatzen du, bere ikasgelako programazioaren arabera.

Jarduerak planifikatzen ditu programatutako helburu eta edukiekin koherentzia mantenduta.

Ikasleen parte-hartze aktiboa dakarten jarduerak programatzen ditu.

Zenbait edukiren hautapen bat sartzen du ikasgelako programazioan edo programazio indibidualean, eta askotariko jarduerak proposatzen ditu berariazko premiak dituzten ikasleendako edo ikasgelako aniztasunari erantzuteko.

PRAKTIKA

Kontuan hartzen ditu ikasleen banakako eta testuinguruko ezaugarriak. Proposatzen ditu bana-banako helburuak.

Jarraipena egiten du, ikasleekin egitea aurreikusitako banakako edota taldeko lanaren arabera.

Modu koordinatuan egiten du lan gainerako profesionalekin eta, ikastetxearen antolaketaren arabera, ikasgelara beste irakasle batzuk ekartzen ditu.

Ikasgelako zereginak erregistratzen ditu, programazioak edo curriculum-egokitzapen esanguratsuek ezartzen dutenaren arabera.

Egoki erabiltzen ditu lanpostuan aritzeko behar dituen programa eta aplikazioak (esaterako testu-prozesagailua, kalkulu-orria, aurkezpen digitala, Moodle plataforma, drive, etab.).

Azalpenak argi ematen ditu irakasgaia emateko erabiltzen duen hizkuntzan eta ikasleen maila akademikoaren arabera

Aplikatzen duen metodologia ikastetxean ezarritakoa eta programazioan jasotakoa da.

Unitate didaktiko edo programazio indibidual bakoitzean jarduera konpetentzialak sartzen ditu.

Ikasgela antolatzen du ikasleen lankidetza sustatzeko, baita haien inklusioa ere ikasgelako eta ikastetxeko jardueretan.

Ikasgelara eramaten dituen materialak eta baliabideak aldez aurretik prestatuak izaten ditu.

Egoki antolatzen ditu espazioak eta denborak ikasgelan, planifikatutakoaren arabera.

Lan egiteko arau argiak ezartzen ditu, eta horiek bere lana erraztu egiten dute ikasgelan.

Gatazkei aurrea hartzeko estrategiak hartzen ditu.

Egoki kudeatzen du gatazkei konponbidea emateko modua.

EBALUAZIOA

Begiratzen du ikasleen ulermen- eta aurrerapen-maila, ebaluazio etengabearen eta hezigarriaren esparruaren barrenean.

Programazioan esplizitatutako askotariko ebaluazio-tresnak (kontrolak, lanen azterketa, behaketa sistematikoak, etab.) erabiltzen ditu.

Ikasleak kalifikatzen ditu edo, hala badagokio, erabakietan parte hartzen du ezarritako irizpideen arabera.

Ikasleei modu argi eta agerikoan ematen die beren ikaskuntzaren eta errendimenduaren emaitzen berri.

TUTORETZA

Familiei ikaslearen ikaskuntza prozesuaren eta jarreraren gaineko informazioa ematen die.

Tutoretza plana ikasgelan betearazten du/horretarako elkarlanean aritzen da.

Irakasle taldearekin modu koordinatuan aritzen da.

Behar den informazio guztia biltzen du familiekin egindako banakako edo/eta taldeko bilerak eraginkorrak izan daitezen.

GARAPENA

Parte hartzen du bere lanaren gainean hausnartzen eta hura hobetzen laguntzen duten proiektuetan, hala nola jardunbide egokiei buruzkoetan, metodologia berrien gainekoetan, lankidetza-sistemenetan eta abarretan.

Parte hartzen du hezkuntza berrikuntzako proiektuetan.

Bere prestakuntza beharrak identifikatzen ditu bere lanbide gaitasunak sakondu eta hobetzeko.

BETETZEA

Joaten da deitzen diren bileretara.

Betetzen ditu lanaldia eta ordutegia.

Betetzen ditu zereginetarako ezarritako epeak.

Iragarkiaren kodea: F2611690