2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Udalaren 2026. urteko plantilla organikoa behin betiko onestea.
Berraztertze-errekurtsoak
«Ikusirik Iruñeko Udalaren plantilla organikoa eta haren eranskinak behin betiko onesten dituen 2026ko urtarrilaren 15eko Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren (2/CP) aurka honako kide hauek jarritako berraztertze-errekurtsoak:
Juana María Zaragüeta Urrutia andrea, bere plazaren araubide juridikoa berrikusteko: lantegi-eskolako irakaslea, B mailakoa,
Marcos Corral González jauna, Iruñeko Udaleko arkitekto teknikoa, udal-arkitekto teknikoaren lanpostuko osagarria berrikusteko eta udal-arkitektoaren lanpostuko osagarria igo den modu berean igotzeko,
Sara Ieregi Madotz andreak, zazpigarren erabakian jasotako inkongruentzia bat berrikusteko, ez baitzaio aurkeztutako alegazioari erantzuten,
Jesús María Ezcurra Ilarregui jauna, onetsitako plantilla organikoan bere administrazio-egoera berrikusteko,
Joseba Otano Villanueva jauna, plantilla organikoan aurreikusitako hizkuntza eskakizunak berrikusteko, eta euskara jakitea edo baloratzea derrigorrezkoa den lanpostuak gehitzeko,
Eta ikusirik espedientean dauden txosten juridikoa eta agiriak,
ERABAKITZEN DA:
Lehena.–Udal-plantilla organikoaren 1. eranskinean zuzentzea Juana María Zaragüeta Urrutia andrearen 1 - 203300 (lantegi-eskolako irakaslea) plazaren araubide juridikoa. Plaza hori funtzionario araubidekoa da, eta ez lan araubidekoa, oker adierazi zen bezala.
Bigarrena.–Marcos Corral González jaunak, udal-arkitekto teknikoak, jarritako berraztertze-errekurtsoa ezestea, ulertzen baita zuzenbidearen araberakoa dela arkitektoen eta arkitekto teknikoen ordainsari osagarriak ez parekatzea, eginkizun desberdinak dituzten lanpostu bereiziak direlako.
Hirugarrena.–Ieregi andreak jarritako errekurtsoa baiestea. Izan ere, 2026ko urtarrilaren 15eko Osoko Bilkuran hartutako erabakian behin-behineko plantilla organikoari egindako alegazioei emandako erantzuna inkongruentea da, alegatu ez den zerbaiti erantzuten baitio, eta, aitzitik, ez zaio erantzuten alegazioetako bati (administrari-laguntzailearen eta ofizial-administrariaren lanpostuen arteko ordainsari-aldea berdinduko duen soldata-osagarri bat aplikatzea eskatzen duenari).
Hala ere, erabakian egindako transkripzio-akats soil baten ondorio da inkongruentzia hori; izan ere, 2026ko urtarrilaren 15eko Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren oinarri den txosten juridikoa eta teknikoa bat datoz erantzunarekin, eta, beraz, alegazio horren ezeztapena berretsi eta arrazoitu egiten da, ondoko txostenean jasotzen den moduan:
"adierazi behar da Iruñeko Udalaren maila-igoerak eta ordainsari-kontzeptuek Nafarroako funtzio publikoaren araudiak horri buruz ezartzen duena izan behar dutela oinarri. Hala, ez dago egoera horretarako ordainsari-osagarririk, eta administrari laguntzaile plaza bat ofizial administrari izatera pasatzeko modua Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan aurreikusitakoa baino ez da: barne-igoera murriztua (birmoldaketa), ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta dagozkien probak gainditzen dituzten pertsonek eskuratzen ahalko dutena.
Horiek horrela, bidezkoa da alegazio hori ezestea, izan ere, igoera prozesua 2026ko ekitaldian eginen da, araudiaren arabera, eta prozesu hori ez dago lotuta aurretik inolako ordainsari-eskubiderik aitortzearekin".
Laugarrena.–Jesús María Ezcurra Ilarregui jaunaren administrazio-egoera zuzentzea, plantilla organikoan jasota gera dadin haren funtzionario plazari dagokionez (1-307200-2, Mantentze-lanetako eta hiri-kontserbazioko arduraduna), prestakuntzarako eta hobekuntzarako zerbitzu berezietako egoeran dagoela, aldi baterako atxikirik baitago (aipatutako egoeran, hain zuzen) gaur egun betetzen ari den plazari (1-307500-28, Hiri-kontserbazioko ofizial ikuskatzailea).
Bosgarrena.–Joseba Otano Villanueva jaunak jarritako berraztertze-errekurtsoa ezestea, eta plantilla organikoan euskarari buruz aurreikusitako hizkuntza-zehaztapenak berrestea. Plantilla organikoa 2026ko urtarrilaren 15eko Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen (2/CP)».
Erabaki honen aurka honako errekurtso hauetako bat paratzen ahal da:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau Iruñeko Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau Iruñeko Udalaren webgunean argitaratu eta hortik aitzina.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko administrazioarekiko auzien atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2026ko ekainaren 4an.–Alkatea, Joseba Asirón Sáez.
Iragarkiaren kodea: L2611588