1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko abuztuaren 26an hartua, "Tuteran Unibertsitate Publikoa ezartzeko udalez gaindiko plan sektoriala", Ekonomia eta Ogasun Departamentuak sustatua, onura publikokoa eta gizarte interesekoa dela deklaratzen duena, desjabetzearen ondorioetarako.
Nafarroako Gobernuak 2005eko azaroaren 7an egin bilkuran onetsi zuen "Tuteran Unibertsitate Publikoa ezartzeko udalez gaindiko plan sektoriala", Ekonomia eta Ogasun Departamentuak sustatua. Erabaki hori 2005eko azaroaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Aipatu UGPSaren 5.3 puntuak esaten du desjabetze sistema erabiliko dela exekuzio unitateen barnean mugatutako lurzoruak lortzeko.
NUPen Tuterako campusa garatzeari lotutako konpromisoak eguneratzeko eta udalerri horretan ikastetxe berri bat eraikitzeko Nafarroako Gobernuaren, Tuterako Udalaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko hitzarmenaren arabera (2025eko uztaileko hitzarmena), haren zortzigarren klausulak hala jasotzen baitu, Nafarroako Gobernuak zenbait lurzati eskuratzeko konpromisoa hartu du, NUPek planteatutako campusa garatzeko beharrei erantzuteko.
Nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen bederatzigarren artikuluak ezartzen duenez, nahitaezko desjabetzea egiteko, ezinbestekoa izanen da, aurretik, desjabetu nahi den objektuari emanen zaion xedearen onura publikoa edo gizarte interesa deklaratzea. Aitorpen hori Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez egin behar da.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, 81. artikuluan, xedatzen duenez, desjabetze sistemaren bidez garatu beharreko exekuzio unitateen mugaketak eta hirigintza-planak onetsiz gero, onespenak berarekin ekarriko du obra horiek onura publikokoak direla eta behar diren lur eta eraikinak okupatu behar direla deklaratzea, desjabetzearen edo zortasunak ezartzearen ondorioetarako.
Abuztuaren 10ean, Barne Zuzendaritza Nagusiak proposatu zuen "Tuteran Unibertsitate Publikoa ezartzeko udalez gaindiko plan sektoriala"ren onura publikoa deklaratzea, desjabetzearen ondorioetarako, hura garatzeko behar den lurzorua eskuratzeko espedienteari hasiera emateko.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. "Tuteran Unibertsitate Publikoa ezartzeko udalez gaindiko plan sektoriala", Ekonomia eta Ogasun Departamentuak sustatua, onura publikokoa eta gizarte interesekoa dela deklaratzea, desjabetzearen ondorioetarako.
2. Erabaki hau Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiari eta Unibertsitateko Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Erabaki hau Tuterako Udalari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari jakinaraztea, eta adieraztea erabakiak amaiera ematen diola administrazio bideari eta haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 26an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.
Iragarkiaren kodea: F2611528