2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Udal ordenantza, autotaxien hiri-zerbitzu publikoa arautzen duena. Behin betiko onespena
Tuterako Udalak, 2026ko ekainaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa bat honako honetan: "Udal ordenantza, arautzen duena Tuterako Udalaren (Nafarroa) autotaxien hiri-zerbitzu publikoa.
Espedientea argitaratu zen 2026ko 138. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 16an, eta, ondoren, jendaurrean jarri zen 30 egun baliodunean, Tuterako Udalaren iragarki-taulan, iragarkia aldizkari horretan argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Jendaurreko epea 2026ko abuztuaren 5ean amaitu zen, eta ez denez testuaren aurkako alegaziorik jarri, behin betiko onetsitzat jotzen da.
Horiek horrela, eta etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Foru Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan, Tuterako (Nafarroa) autotaxien hiri-zerbitzu publikoa arautzen duen udal ordenantzan egindako aldaketa argitaratzen da.
Ohartarazten da erabaki honen aurka honako errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara (eta ez da zilegi izanen errekurtsorik paratzea, harik eta ebazteko izapidean dagoen errekurtsoa espresuki ebatzi arte edota ustezko ezespena gertatu arte):
a) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Tuteran, 2026ko abuztuaren 31n.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.
ALDAKETA, TUTERAKO AUTOTAXIEN HIRI-ZERBITZU PUBLIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN
4. artikulua. c) letra berria gehitzen zaio.
c) Taxiaren sektorearen modernizazioa, hura egokituz zerbitzu-emate hobea eta ingurumenaren babestea ahalbidetzen duten aurrerapen teknikoetara, bai eta aukera-berdintasuna bermatuko duten irisgarritasun unibertsalerako neurriak hartuz ere.
6. artikulua. Beste modu batera idatzita gelditzen da.
1. Taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra, Tuterako udalerrian, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarraren 7. apartatuan eta hurrengoetan xedatuari jarraikiz finkatzen da.
2. Erreferentzia-indize orokorra aldatuko da, aldatzea bidezkoa bada, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.
7. artikulua. 3. apartatua beste modu batean idatzita gelditzen da.
3. Udalak lizitazio deialdiaren oinarriak onetsiko ditu, eta haietan zehaztuko dira bete beharreko prozedura eta adjudikazioetarako baloratu beharreko merezimenduak, betiere printzipio hauek bermatuko dituztenak: publikotasuna, aukeren berdintasuna, lehia librea eta bereizkeriarik eza. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.
8. artikulua. 4. paragrafoa beste modu batean gelditzen da idatzita, eta 5. apartatua gehitzen da.
4. Lizentzia baten titularra izateko, erantzukizun zibila estalirik izan behar da gutxienez ere 600.000 euro arte.
5. Taxi lizentzia bat lortzen duten titularrak beharturik daude Tuterako Udalarekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko, taxiaren arloko edozein administrazio-izapide egiteko.
14. artikulua. 4. apartatua beste modu batean gelditzen da idatzita.
4. Taxi lizentziak eskualdatzea baimentzeko ezinbesteko baldintza izanen da eskualdatzailea egunean egotea toki entitateak eskatu ahal dituen eta taxi-zerbitzuari dagokion jarduerarekin loturik dauden tributuen ordainketan, bai eta, kasua bada, foru lege honetan adierazitako diru-zehapenak ordainduak izatea ere, administrazio bidea amaitzen duen ebazpen baten bidez ezarri zaizkionak.
17. artikulua. 17. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:
1. Lizentziaren titularrak gehienez ere gidari bat kontratatzen ahalko du.
2. Taxi-zerbitzua gidari kontratatu baten bitartez ematen den guztizko denborak ezin izanen du gainditu, urtean, lizentziaren titularrak zerbitzuan ematen duena. Lizentziaren titularrak udalerrian edo Baterako Zerbitzurako Eremuko toki-entitate eskudunean aurkeztu beharko du horri buruz zehazten den informazioa, bai eta emandako baimenaren kontrola egiteko beharrezkotzat jotzen den bestelako informazioa ere, udalerri edo toki-entitate eskudunak ordenantza baten bidez zehazten duen aldizkakotasunaz.
3. Titularrak baliaezintasuna edo lanerako ezintasun iragankorra badu, edo behar bezala baimendurik zerbitzu-ematea eteten badu, edo hiltzen bada edo erretiroa hartzen badu, edo zerbitzu-emate pertsonala ezindu egiten duten egokiro frogaturiko gainerako egoera supituetan, zilegi izanen da pertsona bat kontratatuz aldi baterako ustiatzea lizentzia, 2. apartatuan ezarritako mugapena eta eskakizunak bete gabe. Nolanahi ere, egoera horren gehieneko iraupena ez da bi urte baino gehiagokoa izanen.
4. Langileak kontratatu aurretik baimena eman beharko du udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak. Baimen hori lizentziaren titularrak eskatu beharko du. Langileak kontratatzeko eskaerari baiezkoa eman zaiola ulertuko da baldin eta hilabeteko epean udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak ez badu ebazpen espresik ematen eta jakinarazten. Behin baimena lorturik, hilabeteko epean entitate eskudunari aurkeztuko zaio langilearen kontratuaren kopia. Halaber aurkeztuko zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean langile horri emandako alta; edo langile autonomoen araubide bereziko alta, baldin bi aldeen arteko ahaidetasuna dela-eta pertsona kontratatua araubide horretan alta hartuta egon badaiteke, laneko eta gizarte-segurantzaren arloko araudiari jarraikiz.
Bi aldeen arteko ahaidetasuna dela-eta, kontratatutako pertsona ezin denean alta emanda egon Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, langile autonomoen araubide berezian egon beharko du alta emanda.
5. Lizentziaren titularra da erantzulea udalaren aurrean zerbitzu hau egoki emateari dagokionez.
21. artikulua. 1.c) apartatua beste modu batean gelditzen da idazita, eta 1.h) apartatua gehitzen da.
c) Oro har, gehienez zazpi eserleku dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak eta baimenak (gidariaren eserlekua barne dela). Hala ere, gehienez bederatzi eserleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako baimenak ematen ahalko dira, inguruabarrak kontuan izanik; adibidez, mugikortasun urriko pertsonek taxia erabili ahal izatea, edo zerbitzua egin behar den tokiaren berezitasunak, batez ere geografiaren edo biztanleriaren aldetik ezaugarri bereziak dituenean edo trafiko gutxiko aldea denean.
h) Taxi lizentziak dauzkaten ibilgailuek "zero emisio" edo "ECO" ingurumen-bereizgarriaren arabera egon beharko dute sailkaturik, bat etorriz Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroko sailkapenarekin.
27. artikulua. 1., 2. eta 3. apartatuak beste modu batean gelditzen dira idatzita.
1. Taxi lizentzia eta baimen berriei bi urte baino gutxiagoko antzinatasuna duten ibilgailuak baizik ez zaizkie atxikiko. Antzinatasuna lehen matrikulaziotik hasita neurtuko da.
2. Taxi lizentziak eta baimenak dituzten ibilgailuak lehen aldiz matrikulatu zirenetik hamar urte iragan baino lehen, haien ordez beste batzuk jarri beharko dira.
Eco-taxi eta euro-taxi bereizgarriak dituzten ibilgailuen kasuan, lehenbiziko aldiz matrikulatu zirenetik hamabi urte iragan baino lehen ordeztu beharko dira.
3. Lizentziei eta baimenei atxikitako ibilgailuak beste ibilgailu batzuekin ordeztu ahal izanen dira, Tuterako Udalak aurretiazko baimena emanez gero, baldin eta ordezko ibilgailua bestea baino berriagoa bada, "zero emisio" edo "ECO" ingurumen-bereizgarriarekin sailkatuta badago Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailu Erregistroaren sailkapenaren arabera, edo, gutxienez, honako kategoria hauetako bat (edo baliokide bat) badu: A, B edo C kategoria, Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuaren sailkapenaren arabera, eta, gainera, zerbitzuak emateko eskatzen diren baldintza eta ezaugarri guztiak baldin baditu.
29. artikulua. Testu berria.
1. Erabiltzaileek bide publikoan eskatzen ahalko dute zerbitzua, edo emisoreen bidez, halakorik bada, edo beste sistema batzuen bidez (telefonoa, web orriak, mugikorretako aplikazioak edo antzeko sistemak), bat etorriz ezarrita dagoenarekin Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean.
Indargabetuta gelditzen dira 30., 43., 44., 45., 46., 47., 48., 49., 50., 51. eta 52. artikuluak eta azken xedapenetatik bigarrena.
Iragarkiaren kodea: L2611680