177. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4802E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 18koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita 333.889,85 euroko gastua eta onesten baitira 2026rako dirulaguntza deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak, kontratazio konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak egiteko (bigarren deialdia), langabeei zuzenduta. DDBN kodea: 925449.

Enpleguari laguntza aktiboa emateko Espainiako 2025-2028 aldirako estrategiak lehentasunezko 7 ardatz ezarri ditu, eta prestakuntza da horietako bat. "Lanerako prestakuntzako zerbitzuak eskaintzea, langabeek eta landunek beren kualifikazioak, gaitasunak, trebetasunak eta enplegagarritasuna zabaldu eta hobetu ditzaten"; horixe da estrategiaren 1.2 helburu operatiboa, zeinaren baitan 1.2.2 neurria zehazten baita: "langabezian edo enplegu hobekuntzan izena emanda dauden langileentzako prestakuntza eskaintza malgutzea eta bizkortzea, etengabeko deialdi irekien bidez, enpresen eskariei azkarrago erantzun eta eskaintza-eskariak doitzeko".

Era berean, zeharkako helburu estrategikoen artean jasotzen da 7.3.8 neurria, hots, "emakumeek prestakuntzan eta ordezkaritza txikia duten beste zerbitzu batzuetan duten parte-hartzea sustatzea".

Ildo horretan, Nafarroako Enplegu Politika Aktiboetarako 2025-2028 aldirako Planak bere helburu estrategikoen artean jarri du enplegu zerbitzuen eskatzaile diren langile eta langabeen enplegagarritasuna hobetzea, enplegu bat eskuratzeko aukera handiagoak izan ditzaten, eta, horretarako, erdietsi beharreko helburu orokor gisa zehaztu da kontratatzeko konpromisoa atxikita duen prestakuntza handitzea, bai prestakuntza horren onuradun kopuruari dagokionez, bai halako programetan parte hartzen duten enpresa kopuruari dagokionez.

Nafarroako Enplegu Politika Aktiboetarako 2025-2028 aldirako Planak ere, honako hau jasotzen du generoaren zeharkakotasunari buruz: "Emakumeen enplegagarritasuna hobetzea eta arrakalen haustura bultzatzea" (4. HE).

Bestetik, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) argitaratutako "Enplegu eskaintzaren eta eskariaren arteko doikuntza 2025ean" azterlanean, zehaztu egiten da, batetik, zer zailtasun dituzten enpresek lanpostuetarako profil egokia duten langileak aurkitzeko eta, bestetik, zer arazo dituzten pertsonek enplegua lortzeko.

Ildo horretatik, "Nafarroako langile faltari buruzko analisia. 2023" izeneko txostenean, Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (CEN) azpimarratu egiten ditu enpresek lanpostu jakin batzuk betetzeko dituzten zailtasunak –3.479 lanpostu betetzeko zailtasunak dituztela dio–, eta prestakuntzaren eskaintza enpresen beharretara "behar bezala egokitzea" proposatzen du.

2025eko 2. hiruhilekoko biztanleria aktiboaren inkestan jasotakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen langabezia tasa %7,88 da (%7,01 gizonezkoentzat eta %8,88 emakumeentzat), eta bai "Lan Merkatuari buruzko Txostena. Nafarroako 2024ko datuak (SEPE 2025)" delakoan ageri diren kontratazio datuek, bai Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko prestakuntza ekintzetan emakumeek izan duten parte-hartzeari buruzko datuek aditzera ematen dutenez, genero-arrakala nabarmena da jarduera ekonomiko jakin batzuetan.

Hori horrela izanik, deialdi honen helburu nagusia enplegua sortzea da, kontratatzeko konpromisoa atxikita duen prestakuntza sustatuz.

Eta horrez gain, helburu espezifiko hauek ditu: langabeen laneratzea erraztea, enpresen produktibitateari laguntzea kontratazio beharrei erantzunez, eta emakumeei laguntzea emakume gutxi duten sektore profesionaletan laneratzen.

Deialdi hau jasota dago lan arloko enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legean, bai eta ondoren lege hori garatzeko eta betearazteko eman den araudian ere.

Bai lege horretan, bai hura garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuan jasota dago, lanerako prestakuntzaren arloko ekimenen barruan, langabeei eginen zaien prestakuntza eskaintza, eta hor daude kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza programak.

Bestalde, 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren, kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza programak barne hartuta. Agindu horretan ezartzen denez, administrazio publiko eskudunek dirulaguntzak emateko edozein prozedura aplikatzen ahalko dute, entitate onuradunen arteko lehia ahalbidetzen duena, eta prozedura horiek aipatutako aginduaren II. kapituluan ezarritako oinarri arautzaileek arautuko dituzte.

Deialdi honetako dirulaguntzak banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan dago ezarrita, eta xede du beste proposamen batzuekin alderatu beharrik ez duten jarduketa zehatzak finantzatzea. Horrenbestez, dirulaguntzak emateko ebazpenak eskaeren aurkezpen-hurrenkeraren arabera emanen dira, jarduketa diruz lagungarriaren konkurrentzia eta eskatutako gainerako betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren betiere, deialdiari esleitutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

Deialdi hau Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 318. fitxan dago jasota, askotariko kolektiboei zuzenduta dauden eta enplegua emateko konpromisoa berekin dakarten prestakuntza ekintzen lerroan.

Gobernuak 2026ko uztailaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari dirulaguntzen deialdi bat izapidetu zezan banakako ebaluazioaren araubidean, langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak diruz laguntzeko (bigarren deialdia).

Deialdi honetako dirulaguntzak bat datoz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin.

Halaber, laguntza hauek Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat datoz. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdiko oinarriak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

2. Dirulaguntza publikoak emateko deialdia onestea, 2026an Nafarroako Foru Komunitatean langabeei zuzendutako eta kontratazio konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko (bigarren deialdia).

3. Guztira 333.889,85 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastu aurrekontuko "Enplegu-konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzetarako laguntzak eta askotariko kolektiboentzat. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950002-96200-4709-242104 [PEP: E-24-000737-01] partidaren kargura.

4. Gehienez 1.500.000 euroko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko da, beste deialdi batzuetan kreditua sobera egotearen ondorioz aurrekontu-kreditua handitzeagatik edo Konferentzia Sektorialetik datozen diru-sarrera handiagoek funtsak sortzeagatik. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuko a) erregelako 2. kasuan xedatutakoa aplikatuz, hau da, erabilgarri dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa handitu bada kreditua sortu, gehitu edo eranstearen ondorioz.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 18an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Esther Fernández Razquin.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntzak emateko prozedura arautzea, langabezian dauden langileak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatu daitezen, Nafarroako Foru Komunitateko esparruan.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Honako hauek izaten ahalko dira deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradun:

a) Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak dituzten enpresak, haien elkarteak edo entitateak, diruz lagundutako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonak kontratatzeko konpromisoa beren gain hartzen badute.

b) Prestakuntza entitate publiko nahiz pribatuak. Kasu honetan, prestakuntza entitateek kontrataziorako konpromisoa beren gain hartzen ahalko dute, kontratazioa eginen duten beste enpresa batzuekin akordioak edo hitzarmenak sinatuz, azken horiek Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak badituzte, betiere. Nolanahi ere, prestakuntza entitate onuradunak hartuko du bere gain bai diruz lagundutako prestakuntza jarduera gauzatzeko ardura, bai kontratatzeko konpromisoa betetzekoa.

c) Prestakuntza entitate publiko edo pribatuen taldeak, enpresak eta haien elkarte edo entitateak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Taldeko entitate guztiek entitate onuradunentzat ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Talde horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, entitate onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, taldeko entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, bai eta haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere entitate onuraduntzat hartuko baitira. Taldea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

2.2. Prestakuntza entitate publikoak edo pribatuak, enpresak eta haien elkarteak edo entitateak kasuan kasuko prestakuntza entitateen erregistroan inskribatuta egon beharko dira dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak irakasteko; horrez gain, izena emateko epea hasi baino lehen, eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko instalazioak eduki beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean, behar bezala inskribatutakoak.

Entitate batek prestakuntza eman nahi baldin badu inskribatutakoez bestelako instalazioetan, adierazi beharko du, izena emateko epea hasi aurretik, zer instalazio erabiliko dituen prestakuntza emateko, eta hura eskura duela dioen akordioa edo kontratua aurkeztu beharko du. Nolanahi ere, instalazio horiek inskripzioa egina izan beharko dute eskatutako prestakuntza ekintzetarako, izena emateko epea hasi aurretik.

Aldez aurretik inskribatuta ez dagoen prestakuntza entitatea inskribatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko da, adierazteko behar adina instalazio eta giza baliabide dituela irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.

Eskaera sinatzean hartuko du indarra adierazpen horrek.

Erantzukizunpeko adierazpen hori kontuan hartuko da, soilik, entitatea onuraduna bada eta dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateetarako.

2.3. Honako hauek ezin izanen dira izan oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun:

a) Administrazio publikoak, sozietate publikoak, enpresa publikoak eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateak.

b) Lantokiak Nafarroako Foru Komunitatean izanik, kontratazio konpromisoa beren gain hartzen duten enpresak eta haien elkarteak eta entitateak, beren plantilla murriztu badute eskaera egin aurreko sei hilabeteetan, salbuespenezko kasuetan izan ezik, NL-NEZek ontzat ematen baditu. Ondorio horietarako, kontratu mugagabea dutenak eta, hala badagokio, bazkide langileak edo laneko bazkideak baino ez dira kontuan hartuko. Ez dira konputatuko heriotzaren, erretiroaren edo baliaezintasunaren ondoriozko bajak.

c) Prestakuntza entitate publiko nahiz pribatuak, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak dituzten eta kontratazioa egin behar duten enpresek beren plantilla murriztu badute aurreko atalean adierazitako baldintzetan.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatzen diren kasuetakoren batean dauden entitateak.

2.1 oinarriko c) atalean sartutako taldeak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta taldeko entitateren bat debeku-egoera horietakoren batean badago.

3.–Dirulaguntzaren xedeko jarduketak.

3.1. Prestakuntza proiektua:

a) Prestakuntza teknikoa.

Diruz laguntzen ahalko dira, bakarrik, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasotako ibilbidea osatzen duten espezialitate eta/edo moduluei buruzko prestakuntza ekintzak.

Haien iraupena, edukiak eta irakasteko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira: https://sede.sepe.gob.es/FOET_CATALOGO_EEFF_SEDE/flows/main?execution=e1s1.

Prestakuntza teknikoa antolatzen ahalko da, edo prestakuntza espezialitate bakar batean, edo zenbait espezialitateren konbinazioa egiten duen prestakuntza-ibilbide batean. Konbinaketa hori moduluak hautatuz ere egiten ahalko da, betiere prestakuntza espezialitateak modulutan banatuak badaude.

Salbuespen gisa, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasotako espezialitateek ez badiete erantzuten entitate eskatzaileak hautemandako premiei, entitate eskatzaileak espezialitate berriei alta emateko eskatzen ahalko dio NL-NEZi. Horretarako, eskaera arrazoitu bat aurkeztu beharko du, premia horietara egokitutako prestakuntza programaren proposamen batekin batera. Horretarako, bete beharko ditu NL-NEZek emandako jarraibide teknikoak.

Prestakuntza teknikoa diseinatzeko, kontsultatzen ahal da zeintzuk diren lanbide bakoitzaren konpetentzia espezifikoetarako prestakuntza-beharrak; Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) azterketan jasota daude: https://www.sepe.es/HomeSepe/que-es-observatorio/deteccion-necesidades-formativas.html.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baliozkotuko du, edo ez, entitateak proposatutako prestakuntza, bai eta haren egokitasuna, diseinua eta konfigurazioa ere, eta eskatzen ahalko du, proposamena oneste aldera, zuzenketak edo egokitzapenak egin daitezen. NL-NEZek uste badu proiektua ez datorrela bat lan-merkatuaren beharrekin, edo profil horietarako prestakuntza eskaintza behar bezala beteta dagoela deialdi honetan edo beste batzuetan, uko eginen zaio aurkeztutako proiektua onartzeari.

Prestakuntza horren 300 ordu finantzatzen ahalko dira, gehienez ere, parte-hartzaile bakoitzeko.

Desgaitasuna duten pertsonen prestakuntza faboratzeko, aurreikusten da desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako programako edo programetako prestakuntza espezialitateen iraupena %20 handiagoa izatea, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan desgaitasuna duten pertsonen kolektiboari zuzendutakoak ez diren espezialitateetan ezarritakoarekin alderatuta.

Prestakuntza teknikoa IRIS plataforma informatikoan erregistratuko da.

Prestakuntza teknikoak ez du barne hartuko lanbide-jardunerako laneko arriskuen prebentzioari (LAP) buruzko prestakuntza, ez eta txartel profesionalak lortzeko beharrezkoa dena ere. Prestakuntza hori NL-NEZek kudeatuko du, eta proiektu horietatik kanpoko funtsekin lagunduko da diruz.

b) CTRC0020 espezialitatea: Eraldaketa digitala, garapen jasangarria eta genero-berdintasuna.

Honako hauei buruzko espezialitatea da: lan-ingurunean teknologia digital berriak integratzea eta teknologia horiek duten eragina (zerbitzu berriak sortzea, profil profesionalak aldatzea edo sortzea, lan prozesuak aldatzea, komunikazio kanal berriak, etab.); garapen jasangarria (egungo premiak asetzea ahalbidetzen duen garapena, etorkizuneko belaunaldien gaitasuna arriskuan jarri gabe, eta oreka bermatuta hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte ongizatearen artean); eta genero-berdintasuna. Genero-berdintasuna estrategia eraginkor bat da emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiteko, genero-desberdintasunak ezabatzeko, lan prozedurak eta metodoak zuzentzeko eta arlo horretan gizarte aldaketarako joerak sustatzeko.

Prestakuntza hori egiteko NL-NEZek prestatutako erreferentziazko materialak erabili beharko dira: https://sites.google.com/view/td-y-sost-ndice-familias-profe/Indice-TD-SNE-familias-profesionales.

Prestakuntza ekintzaren iraupenaren araberakoa izanen dira edukia eta iraupena:

–50 ordutik beherakoa bada, 1. modulua eman beharko da: 2 ordu.

–100 ordutik beherakoa bada, 1. eta 2. moduluak eman beharko dira: 5 ordu.

–100 ordu edo gehiago baditu, prestakuntza espezialitate osoa eman beharko da: 10 ordu.

CTRC0020 espezialitatea IRIS plataforma informatikoan erregistratuko da.

3.2. Koordinaziorako laguntza.

Enpresa elkarte edo klusterrei bakarrik zuzendutako laguntza da, emanen zaiena baldin eta prestakuntza proiektuak eskatzen badituzte enpresa txiki edo ertain baten baino gehiagoren kontratazio beharrei erantzuteko.

Koordinazio funtzio hauek barne hartuko ditu: lanbide profilaren definizioa (lanpostuaren funtzioen deskribapena, beharrezko trebetasunak eta gaitasunak), prestakuntza proiektuaren diseinua eta alderdi teorikoaren zein praktikoaren kudeaketa eta jarraipena.

Gehienez ere 2 orduko dedikazioa ezartzen da parte-hartzaile eta hilabete bakoitzeko.

3.3. Prestakuntza ekintzak 3 hilabeteko epean hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta 2027ko urriaren 30era arte gauzatzen ahalko dira. Prestakuntza ekintzak ez badira ezarritako epean hasten, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galerari buruzko ebazpena emanen da, eta entitate horrek ezin izanen du dirulaguntza eskaera aurkeztu profil profesional berari lotutako proiektu bererako, salbu eta horretarako arrazoi justifikaturik bada eta NL-NEZek ontzat ematen badu.

3.4. Prestakuntza ekintzak eskolak emateko sistema bimodal baten bidez ere egiten ahalko dira, irakasleak eta parte-hartzaile batzuk modu presentzialean aritzen direla eta gainerako parte-hartzaileak modu birtualean aritzen direla. Horrela, parte-hartzaile batzuk ikasgelan egonen dira eta, aldi berean, beste batzuk beste toki batzuetatik arituko dira prestakuntzan, modu partekatuan, ikasgela birtualaren bidez.

3.5. Eskolak emateko sistema bimodalean, ikasgela birtual bidezko prestakuntzak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Ondorio horretarako, honako hau hartzen da ikasgela birtualtzat: tutore-prestatzaileak eta ikasleak harremanetan egoteko ikaskuntza ingurune bat, non denbora errealean elkartzen diren, ezagutzak trukatzeko aukera ematen duen komunikazio sistema telematiko eta sinkrono baten bitartez, ikasgelan parte hartzen dutenei ikasteko aukera emanik.

–Prestakuntza ezin izanen da ikasgela birtualaren bidez eman baldin eta prestakuntza ekintzaren edukiak trebetasun praktikoak eskuratzekoak badira eta horretarako espazio, instalazio edo ekipamendu jakin batzuk erabili beharra badago; halako prestakuntzak modu presentzialean eman beharko dira nahitaez.

Proiektuaren fitxan ezarri beharko da zein modulu edo prestakuntza espezialitate emanen diren modalitate bimodalean, eta NL-NEZek aztertuko du hori, egokia den zehazteko.

–Ikasgela birtualaren bitartez emanen den prestakuntza egituratzean eta antolatzean kontuan izan behar da une oro bermatu beharra dagoela prestatzaileak eta parte hartzen duten ikasleak konektatuta egonen direla modu sinkronizatuan, eta komunikazioak bi noranzkokoak izanen direla.

–Ikasgela birtualaren aplikazioak sortutako konexioen erregistro bat izanen da, eta bertan identifikatuko dira, baliabide horren bidez garatutako prestakuntza ekintza bakoitzerako, ikasgelan parte hartzen duten pertsonak, ekintzen datak eta konexio-denborak. Horrez gainera, prestakuntzaren frogak gorde beharko dira (taldeko saioen pantaila argazkien edo grabazioen medioz, adibidez).

–Entitate onuradunak ikasgela birtualerako esteka eta sarbide-gakoak emanen dizkie NL-NEZeko teknikariei, prestakuntza jarduera kontrolatzeko eta jarraipena egiteko.

–Irakasleek sinadura orria aurkeztu beharko dute egunero, prestakuntzan parte hartu dutenen izenak adierazita.

3.6. Eguneko eskola-orduak ezin izanen dira 8 baino gehiago izan, eta asteko muga 40 ordukoa izanen da.

Modalitate presentzialean antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 20 ikasleko taldetan egiteko programatuko dira.

3.7. Nafarroako Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan ematen ahalko dira prestakuntza ekintzak.

4.–Kontratatzeko konpromisoa.

4.1. Enpresek, haien elkarteek edo gainerako entitate onuradunek kontratua egin beharko diete prestakuntza ebaluazio positiboaz gainditu duten pertsonen %40ri, gutxienez ere, kopurua zenbaki oso hurrenari borobilduta.

Entitate onuraduna prestakuntza entitate bat denean, kontratazioa beren gain hartzen duten enpresek edo entitateek kontratua egin beharko diete prestakuntza ebaluazio positiboaz gainditu duten pertsonen %40ri, gutxienez ere, kopurua zenbaki oso hurrenari borobilduta. Nolanahi ere, prestakuntza entitate onuradunak hartuko du bere gain bai diruz lagundutako prestakuntza jarduera gauzatzeko ardura, bai kontratatzeko konpromisoa betetzekoa. Enpresa edo entitateekin sinatutako akordioetan, prestakuntza jaso duten langileen kontratazio-konpromisoak jasoko dira, kopurutan.

4.2. Honako baldintza hauen arabera beteko da %40ko nahitaezko kontratazio ehuneko hori:

a) Kontratazioak emandako prestakuntza teknikoarekin lotura zuzena duten lanpostu egokietan egin beharko dira. Baldintza horiek betetzen dituela ulertuko da lanpostuaren xedea denean prestakuntza teknikoan eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoei lotutako lanak egitea.

b) Kontratazioa egiteko, epe bat izanen da, prestakuntza ekintzaren bigarren egunean hasten dena eta ekintza bukatu eta 6 hilabetera bukatzen dena.

Zilegi izanen da NL-NEZek epe hori luzatu dadin baimentzea, epea amaitu baino lehen, aurrez entitate onuradunak eskaera arrazoitua egiten badu.

c) Lan-kontratuak lan araudiaren araberakoak izanen dira, eta, ahal dela, mugagabeak edo, bestela, gutxienez 6 hilabetekoak, lanaldi osoa denean, edo 9 hilabetekoak, lanaldi partziala denean. Azken kasu horretan, eguneko lanaldia gutxienez %50ekoa izanen da.

Aldizkako kontratu mugagabe finkoen kasuan, lanaldi osokoak direnean, gutxienez 6 hilabetez lan egitea eskatuko da, kontratua formalizatzen den unetik 12 hilabeteko epean; eta lanaldi partzialekoak direnean, gutxienez 9 hilabetez lan egitea, kontratua formalizatzen den unetik 12 hilabeteko epean.

Kontratuaren mota eta iraupena edozein dela ere, aurreko bi paragrafoetan ezarritako denboran mantendu beharko dira pertsonak enplegaturik.

d) Aurreko atalean adierazitako aldi baterako kontratazioa, ahal dela, kontratu bakar batean eginen da.

e) Kontratazio bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egonen da, eta behin bakarrik zenbatuko da.

f) Bazter geratuko dira enplegu sozial babestuko kontratuak eta beste laguntza eta/edo dirulaguntza batzuei lotuta dauden guztiak, salbu eta enplegu-zentro bereziek era laneratze enpresek egindako kontratuak. Enplegu-zentro bereziek era laneratze enpresek egindako kontratuak ez dira bateragarriak diruz lagundutako prestakuntzarekin eta, beraz, baldintza hori betetzeko moduan formalizatu beharko dira.

g) Kontratazio-baldintza betetzat joko da, halaber, kontratazioa enpresa-talde bereko enpresetan egiten bada edo kontratatu beharreko pertsonak bazkide langile edo laneko bazkide gisa sartzen badira kooperatiba eta lan-sozietateetan.

h) Ikasleek kontratazioari uko egiteak ez du justifikatuko ez betetzea nahitaezko kontratazio-ehunekoa, %40koa, non eta ez den kontratatzeko moduko beste ikaslerik. Ukoak onargarriak izanen dira bakar-bakarrik NL-NEZek deialdiaren fitxan eskuragarri jarritako eredu ofizialaren arabera egiten badira; ez da onartuko ukoak aurkeztuko beste ezein modurik. Ukoa sinatu beharko dute entitate edo enpresa onuradunak, lan eskaintza egin duen enpresak eta kontratuari uko egiten dion pertsonak; ukoaren arrazoia zehaztu beharko da dokumentuan.

i) Kontratatutako pertsona edozein arrazoirengatik lanpostutik kentzen bada, entitate onuradunak 15 egun naturaleko epean ordeztuko du, kontratatzeko moduko beste ikaslerik ez dagoenean izan ezik; halakoetan, entitateak gertaera hori justifikatu beharko du. Lanpostua bere borondatez uzten badu, ordezkapena ez da nahitaezkoa izanen, eta kontratua baliozkotzat joko da.

4.3. Kontratu horiek Gizarte Segurantzaren kotizaziorako pizgarri edo onurez baliatzen ahalko dira, edo kasuan kasuko kontratuagatik legozkiokeen bestelako laguntzez, horrelako pizgarri edo onurak arautzen dituen araudiaren arabera.

4.4. 4.2.b) oinarrian aipatzen den epea igarotakoan, kontratatutako ikasleen zerrenda igorri beharko da sgestionf@navarra.es helbide elektronikora.

5.–Irakasleei ordaintzea.

5.1. Irakasleen kostuen barnean sartzen dira prestakuntza ekintza ematearen ondoriozkoak, bai eta irakaslanaren prestakuntza, jarraipena eta kontrola, irakaskuntza ebaluatzea, tutoretzak, joan-etorriak eta prestakuntza jarduerako irakasleei egotzitako beste edozein ere.

Oinarri honetan aipatzen den orduko kostua kostu gordina da, hau da, barnean hartzen ditu zergak, kenkariak edo legez egin beharreko beste edozein gastu.

5.2. Prestakuntza ekintza bakoitzean, entitate onuradunak prestakuntza bukatu ondoren aurkeztu beharreko justifikazioko jarduketa memorian eskatzen duen dirulaguntzaren zenbatekoaren %35, gutxienez, irakasleen kostuak izanen dira.

Eskatutako dirulaguntzan akatsen bat badago, irakasleen kostuak kalkulatzeko, akatsa zuzendu ondoren ateratzen den zenbatekoa hartuko da kontuan.

5.3. Honela kalkulatuko da orduko kostua: prestakuntza ekintzarako eskatutako dirulaguntzaren %35 zati ekintza horren ordu guztien kopurua.

Orduko kostua 40 euro izanen da gutxienez ere, baita zatiketa eginda 40 eurotik beherakoa ateratzen bada ere.

Kopuru horrek ez du zerikusirik prestakuntza ekintzaren mailarekin, prestakuntza amaitzen duten pertsonekin edo entitateari azkenean ordaintzen zaion dirulaguntzarekin.

5.4. Prestakuntza ekintza batean irakasle bat baino gehiago badago, horietako bakoitzak kostu desberdina izan dezake entitatearentzat. Nolanahi ere, irakasle guztien guztizko gastuak eskatutako dirulaguntzaren %35 izan beharko du gutxienez, eta irakasle bakoitzaren orduko kostua, aurreko puntuan adierazitakoa.

5.5. Oinarri honetan aipatutako kostuak gutxieneko kostuak dira. Prestakuntza entitateak ehuneko eta orduko kostu handiagoak ordaintzen ahalko dizkie irakasleei.

5.6. Oinarri honetan adierazitakoa betetzen ez bada, entitateari eskatuko zaio hilabeteko epean zuzentzeko. Zuzentzen ez bada, entitateari eskatuko zaio itzul dezala eskatutako dirulaguntzaren %35 gehienez, gehi dagozkion berandutze-interesak, likidatutako dirulaguntza ordaindu zen egunetik itzulketaren ebazpena ematen den egunera artekoak.

Itzulitako zenbatekoak irakasleei ordainduko zaizkie, oinarri honetan ezarritakoa bete arte.

5.7. Oinarri honetan adierazitakoa noraino bete den kontuan hartzen ahalko da etorkizuneko deialdien balorazioan.

6.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

6.1. Prestakuntza ekintzetatik gehienez 300 prestakuntza ordurako dirulaguntza emanen da parte-hartzaile bakoitzeko.

6.2. Prestakuntza.

a) Prestakuntza teknikoa.

Prestakuntza espezialitate bakoitzeko emanen den dirulaguntza kalkulatzeko, parte-hartzaile eta lanbide arloko prestakuntza ordu bakoitzeko modulu ekonomiko espezifikoa aplikatzearen zenbatekoa erabiliko da. Modulu ekonomiko espezifiko hori NL-NEZek ezarriko du dirulaguntza emateko momentuan, eta 300 ordu finantzatzen ahalko dira, gehienez ere, parte-hartzaile bakoitzeko.

Desgaitasuna duten pertsonendako programei dagokienez, 360 ordu finantzatzen ahalko dira, gehienez ere, parte-hartzaile bakoitzeko.

b) CTRC0020 espezialitatea: Eraldaketa digitala, garapen jasangarria eta genero-berdintasuna. Emanen den dirulaguntza kalkulatzeko, zeharkako konpetentzien lanbide arloko modulu ekonomikoa aplikatuko da parte-hartzaile eta prestakuntza ordu bakoitzeko, irakatsi beharreko espezialitateko moduluen arabera.

6.3. Koordinaziorako laguntza: 22 euro/ordu.

7.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.

7.1. Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan:

a) Langabeek, enplegu zerbitzu publikoetan lan eskatzaile gisa inskribaturik badaude.

b) Enplegu prekarioa duten langileek; ulertuko da langile batek enplegu prekarioa duela indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherako soldata duenean hilean.

c) Enplegu sozial babestuko programetan ari diren landunek.

Nolanahi ere, b) eta c) letretan deskribatutako parte-hartzaileen kopurua ez da izanen programatutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30 baino handiagoa.

Langileak prestakuntzaren hasieran zein lan egoeratan dauden, horren arabera esanen da langileak landunak edo langabeak diren.

Aldi baterako enplegu erregulazioko espediente baten menpe dauden langileen kasuan, Enplegua babesteko zenbait neurri sozial hartu zituen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzetan badaude, ez dira lanean dauden pertsonatzat hartuko TMS/368/2019 Aginduaren 18.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako, azaroaren 25eko TES/1109/2020 Aginduan ezarritakoa betez.

Eskatzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

7.2. Honako hauek ezin izanen dute ebazpen honetan araututako prestakuntza ekintzetan parte hartu:

a) Administrazio publikoetako, sozietate publikoetako, enpresa publikoetako eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateetako langileek.

b) Dirulaguntzaren onuradun diren enpresetako edo bestelako entitateetako langileek, bai eta dirulaguntza emateko oinarri izan ziren konpromisoak (langileak kontratatzekoak) beren gain hartu zituzten enpresetakoek ere.

7.3. Ikasleen inskripzio-orriak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

7.4. Entitate onuradunak hautatuko du nork hartzen duen parte prestakuntza ekintzetan; era berean, ardura izanen du segurtatzeko ezen parte-hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko konpetentziak dituztela, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

7.5. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Hilabete batean hirutan baino gehiagotan huts egitea justifikatu gabe.

b) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea oztopatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitateko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitateko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

7.6. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute ez izena eman ez parte hartu NL-NEZek kudeatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

7.7. NL-NEZek prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.

7.8. Prestakuntza ekintzaren ikaskuntzaren ebaluazioa eginen da. Ebaluazio hori modu independentean eginen da prestakuntza espezialitate bakoitzean. Parte-hartzaile bat espezialitate batean gai dela jotzeko, espezialitate horretako orduen %75era, gutxienez ere, joan beharko du, eta hura probetxuz gainditu.

8.–Laguntzak eta bekak.

8.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako laguntzen eta beken onuradun izaten ahalko dira, baldin eta betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak.

Deialdi honetan biltzen diren beka eta laguntzen onuradun izateko, beharrezkoa izanen da langabezian egotea eta lan eskatzaile gisa enplegu zerbitzu publikoetan inskribatuta egotea prestakuntza ekintza hasten denean.

Beka edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da langabezian egoteari uzten dionean.

Bekak eta laguntzak zuzeneko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduak helaraziko dizkie. Nafarroako Gobernuaren atarian egonen dira eskuragarri, tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzkoa eta eskaera ereduak (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/enpresentzako-laguntzak-kontratatzeko-konpromisoa-egonda-langabeei-zuzendutako-prestakuntza-ekintzak-egin-ditzaten-2026ko-bigarren-deialdia).

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Eskaera horietan jasotako informazioa IRIS aplikazio informatikoaren Beken atalean erregistratu beharko da, erabilgarri badago.

Entitate onuradunak, prestakuntza ekintza amaitu eta hurrengo egunetik hasita 10 egun naturaleko epean, eskatutako laguntzaren edo bekaren arabera eskatzen zaizkion eskabideak eta dokumentazioa bidaliko dizkio NL-NEZi, beka eta laguntzen eskatzaileen bertaratze-laburpenaren eredu ofizialarekin batera. Laburpenean, bekak eta/edo laguntzak eskatzen dituzten pertsonak bakarrik agertuko dira.

Prestakuntza ekintzak bi hilabete baino gehiago irauten badu, entitateak tarteko ordainketa bat eskatzen ahalko du. Kasu horretan, parte-hartzaile bakoitzak eskaera bakarra bidali beharko du, agiriak eta beka eta laguntzen eskatzaileen bertaratze-laburpenak erantsita, eskatutako aldiari dagozkionak.

Parte-hartzaileek prestakuntza-saio presentzialetara bertaratu beharra dutenean baino ez da eskubidea izanen bekak eta laguntzak jasotzeko.

Nolanahi ere, bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe.

8.2. Laguntza- eta beka-motak.

a) Garraiorako laguntza.

Enplegu-eskaeran agertzen den helbidea hartuko da kontuan. Bekak eta laguntzak eskatzeko helbidea ez badator bat enplegu-eskaeran jasotakoarekin, enplegu-eskaerakoa kontuan hartuko da, salbu eta errolda-ziurtagiriaren edo alokairu-kontratuaren bidez egiaztatzen bada ohiko bizilekua beka eta laguntzen eskaeran adierazitako helbidean dagoela. Garraiorako laguntza hauek eska daitezke:

a.1) Hiri-garraio publikoa. Ezarritako tarifa ofizialak aplikatuko dira, eta gehieneko laguntza 1,5 euro izanen da bertaratze-egun eta ikastaro bakoitzeko.

a.2) Hiriarteko garraio publikoa. Eskaerarekin batera garraio-txartel baten kopia aurkeztuko da, gastu erreala justifikatuko duena. Laguntza gehienez 15 euro izanen da bertaratze-egun eta ikastaro bakoitzeko.

a.3) Norberaren ibilgailua. Laguntza bat ordainduko da norberaren ibilgailua erabiltzeagatik, soilik, langabearen ohiko bizilekutik zentrora joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek ez badu prestakuntza ekintzarekin bateragarria den ordutegi erregular egokia; organo eskudunak erabakiko du ordutegi hori prestakuntza ekintzarekin bateragarria den ala ez. Laguntzaren zenbatekoa kilometroko 0,19 euro izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze-egun eta ikastaro bakoitzeko.

b) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez egiten diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute mantenurako laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 euro izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

c) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak eskolak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori NL-NEZ organo kudeatzaileak aitortu beharko du. Gehienez ere 33,33 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu horrengatik. Zenbateko horrez gainera, langabeak hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du; gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

d) Kontziliaziorako laguntza.

Laguntza hau jasotzen ahalko dute prestakuntza ekintza hasten denean 12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen senideren bat (2. mailara artekoa) duten langabeek, baldin eta haiekin bizi badira eta OAEAParen %75etik gorako errentarik ez badute.

Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen %75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen %75 izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

e) Emakumeentzako beka, emakume gutxi duten lanbide arlo jakin batzuetako prestakuntza ekintzetara bertaratzeagatik.

Honako lanbide arlo hauetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten emakumeek izanen dute beka hau jasotzeko eskubidea: Nekazaritza; Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Fabrikazio Mekanikoa; Erauzketa-industriak; Instalazioa eta Mantentze-lanak; Zurgintza, Altzarigintza eta Kortxogintza; Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak. Bekaren zenbatekoa 9 euro izanen da prestakuntza ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko.

Pertsona batek egun berean parte hartzen badu NL-NEZek enplegurako prestakuntza sistemaren barnean diruz lagundutako lanbide arlo horietako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, haietako batengatik bakarrik jasoko du beka hau.

f) Desgaitasuna dutenentzako beka.

Estatuko edo autonomia-erkidegoko dagokion erakundeak egiaztatutako %33ko desgaitasun-maila edo handiagoa dutenek eskatzen ahalko dute beka hau. Bekaren zenbatekoa 9 euro izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko.

Pertsona batek egun berean parte hartzen badu NL-NEZek enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, haietako batengatik jasoko du beka hau.

g) Genero-indarkeriaren emakumezko biktimendako beka.

Beka hau eskatzen ahalko dute Nafarroako Gobernuko Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak edo erakunde baliokideak egiaztatutako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek. Bekaren zenbatekoa 10 euro izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko.

Pertsona batek egun berean parte hartzen badu NL-NEZek enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, haietako batengatik jasoko du beka hau.

h) Deialdi honetan jasotako programak gauzatu bitartean beste beka- edo laguntza-motaren bat onetsiko balitz, prestakuntzako parte-hartzaileek haien onuradun izaten ahalko lirateke, baldin eta onetsitako beka edo laguntza horren araudian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

9.–Lanetik kanpoko praktika profesionalak.

Ezin izanen dira lanekoak ez diren lanbide praktikak egin dirulaguntza deialdi honekin loturik.

10.–Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

10.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztu behar dira, Nafarroako Gobernuaren atariko (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/enpresentzako-laguntzak-kontratatzeko-konpromisoa-egonda-langabeei-zuzendutako-prestakuntza-ekintzak-egin-ditzaten-2026ko-bigarren-deialdia) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxako "Eskaerak aurkeztea" tramitetik, fitxa horretan bertan eskuragarri dagoen eskaera-orriaren eredu normalizatua erabilita.

10.2. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo jasotako dirulaguntzen gaineko adierazpena.

c) Behar adina instalazio eta giza baliabide badituela dioen adierazpena, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.

10.3. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskaera-orria sinatzen duenak edo dutenek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko du(t)en ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Prestakuntza proiektuaren fitxa.

c) Aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, ordainketa jasotzeko kontua erregistra daiteke kontuen eta ordainketen kontsulta izapidearen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

d) Onuraduna prestakuntza entitate bat bada eta beste enpresa batek hartzen badu bere gain kontratazioa, bi alderdiek sinatutako kontratua edo hitzarmena aurkeztu beharko da.

e) Aurrekoaz gain, NL-NEZek espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Beste edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta NL-NEZek elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

10.4. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta 2026ko azaroaren 30ean amaituko.

10.5. Entitate bakoitzak gehienez eskaera bat aurkezten ahalko du hilean, eta prestakuntza proiektu bakarra jasoko du.

10.6. Ezin izanen da Gizarte eta Kultur eta Komunitatearentzako Zerbitzuak lanbide arloko Gizarte Laguntzaren lanbide eremuari lotutako proiekturik eskatu. Izan ere, aurreko deialdiak bete zuen profil horietarako prestakuntza eskaintza.

11.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

Dirulaguntzarako eskaera aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunei errekerimendua eginen zaie akatsak zuzen ditzaten 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, eta behar diren informazioak edo agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

12.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

12.1. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren neurrian eta hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

12.2. NL-NEZeko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

12.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa NL-NEZeko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

12.4. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

12.5. Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaera aurkeztu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

13.1. Deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) "Datu pertsonalen tratamendurako arduradunaren hitzarmena" dokumentua ekartzea. Dokumentu hori Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dago (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/enpresentzako-laguntzak-kontratatzeko-konpromisoa-egonda-langabeei-zuzendutako-prestakuntza-ekintzak-egin-ditzaten-2026ko-bigarren-deialdia). Sinatuta bidali behar da sgestionf@navarra.es helbidera, diruz lagundutako prestakuntza hasi aurretik.

b) Bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonentzat.

c) Ikasleei honako hauen gaineko informazioa ematea: prestakuntzaren hedadura; eskubideak eta betebeharrak; eta, halakorik bada, aurreikusitako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

d) Prestakuntza ekintza hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei jakinaraztea kontrataziorako konpromisoa duen programaren onespena, proposatutako kontratazioaren oinarrizko baldintzak eta prestakuntza ekintzan parte hartuko duten ikasleen zerrenda.

e) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza ekintza egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

f) Deialdi honetan jasotako edozein jardueratara joateak dakarren arriskua estaltzea; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du, edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren ordutegiaren barruan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean dago bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik edo aldi baterako bizilekutik (behar bezala frogatua) ikastaroa ematen den tokira joateko behar den denbora (joan-etorriak edozein garraiobidetan izaten ahal dira). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek sortzen badira ikastaroan, irteeretan, bisitetan eta in itinere joan-etorrietan gertatutako istripu baten ondorioz.

g) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

h) Entitate onuradunak emanen dio parte-hartzaile bakoitzari ebaluazio positiboaz gainditutako prestakuntzaren diploma. Diploma hori NL-NEZek emanen du, IRIS aplikazio informatikoaren bitartez.

i) Kontratatutako pertsona lanpostuan mantentzea, deialdi honetako 4.2.c) oinarrian aipatzen den moduan. Oinarri honetan xedatutakoa bete ezean, 19. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

j) NL-NEZek eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozeduraren instrukzio fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzeko fasean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak, eta ikaskuntza ebaluatzeko kontrolak.

k) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako diru zenbatekoen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori betearazpen bidera jo aurreko erreklamazioaren bitartez edo itzulketa egin beharrari buruzko ebazpenaren bitartez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

l) NL-NEZi jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik hartu den, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da dirulaguntza.

m) Nafarroako Foru Ogasunarekiko tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

n) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

o) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, NL-NEZi igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

p) Oinarri honetan berariaz ezarri ez den orotan, bete beharrekoak izanen dira NL-NEZek ezarritako betebeharrak, lanerako prestakuntzaren gaineko lan esparruko araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak.

Jarduerak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

13.2. Gardentasun betebeharrak.

13.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Era berean, 12.5 artikuluan adierazten denez, Nafarroako Administrazio publikoek isun hertsatzaileak ezartzea erabakitzen ahalko dute, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari oharra egin eta entzunaldia eman ondoren, eskaeran horretarako emandako epea hura bete gabe iragan ondoren.

Horretarako, inguruabar horiek dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuka banakatuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua zenbatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren atariko web-orrian argitaratuta badago.

13.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete beharrik, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

13.2.3. Aurreko bi ataletan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztea" tramitearen bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/enpresentzako-laguntzak-kontratatzeko-konpromisoa-egonda-langabeei-zuzendutako-prestakuntza-ekintzak-egin-ditzaten-2026ko-bigarren-deialdia).

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera 10 egun balioduneko epean, horren bidez frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

14.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

14.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematerakoan, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan araututakoa beteko da.

14.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza bakoitza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko da, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Ezarritako epeetan jakinarazi ezean, ez egintzat joko da prestakuntza ekintza, salbu eta aurreikus ezineko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala justifikaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

14.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrenda IRIS aplikazio informatikoaren bidez bidaliko da, prestakuntza ekintzaren orduen %25 eman baino lehen.

14.4. Prestakuntza ekintza hasi ondoren ikaspostu hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, baldin eta prestakuntzak irauten duen denboraren %25 gainditu ez bada.

14.5. Prestakuntza entitateak IRIS aplikazio informatikoan erregistratu beharko du prestakuntza ekintzan parte hartzen duten pertsona guztien zerrenda, aurreko atalean adierazitako epe berberetan. Baliozkotzat joko dira prestakuntzaren %25 gainditzen den eskola egunera arte (egun hori barne) egindako informazio erregistroak.

14.6. Behin prestakuntza ekintza hasita, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipen-dokumentazioa bete beharko dute, "Agirien taula. Langabeak" agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Dokumentu hori Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dago, "Oinarrizko informazioa"/"Aurkeztu beharreko dokumentazioa" atalaren barruan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/enpresentzako-laguntzak-kontratatzeko-konpromisoa-egonda-langabeei-zuzendutako-prestakuntza-ekintzak-egin-ditzaten-2026ko-bigarren-deialdia).

15.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan gastu diruz lagungarriei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

16.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

16.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen modalitatean eginen da.

16.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, onuradunak jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko ditu, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hala eskatzen duen beste edozein legezko betebehar ere.

16.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Diruz lagundutako ekintza hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 gehiago ere aurrez ordaintzea aurreikus daiteke, diruz lagundutako ekintza hasi dela egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60koa gehienez, diruz lagundutako ekintza hasi dela egiaztatu ondoren. Entitate onuradunak aurrerakin-eskaera aurkeztu beharko du, funtsez hornitu beharra justifikatuta.

b) Justifikazio partzialaren bidez ordaintzea. Entitate onuradunak ordainketa partziala egiteko eskaera aurkeztu beharko du, gauzatutako ekintzak eta gauzatuaren ehunekoa zehaztuta. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, hemen erregistratu daiteke ordainketa jasotzeko kontua, kontuen eta ordainketen kontsulta tramitearen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/consulta-de-cuentas-y-pagos.

16.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Prestakuntza ekintzaren kalitatea ebaluatzeko txosten bat, 17.2 oinarrian adierazten den bezala.

2. Justifikazio memoria ekonomikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

a) Onuradunaren egiaztapena edo, halakorik ez bada, adierazpen bat, egindako unitate fisikoen kopuruari buruz:

–Prestakuntza ekintzagatik: amaitzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak.

–Koordinazio jarduketengatik: egindako jardueren eta orduen xehetasunak.

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jardueren datuetan eta oinarri arautzaileetako moduluetan edo fakturetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

16.5. Dirulaguntza justifikatzeko, hilabeteko epea izanen da gehienez, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita.

Dagokion dokumentazioa aurkezten bada aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko justifikazio epea –hots, hilabete– iraganda, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoari penalizazioa aplikatuko zaio, zehazki %1eko penalizazioa eguneko, %20ra arte gehienez ere.

Dirulaguntza justifikatzeko epea igaro eta aurreko ataletan aipatzen diren agiriak aurkeztu ez badira, NL-NEZek entitate onuradunari eskatuko dio 15 eguneko epe luzaezinean agiri horiek aurkez ditzala. Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak berekin ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 18. oinarrian ezarritako itzulketa-prozedura hastea.

16.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela NL-NEZen alde, aldez aurretik edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

16.7. Frogagiriak egiaztatuta, NL-NEZek espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkezten denetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat ez datozenak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

16.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada.

16.9. Justifikazioaren ondorioetarako, ulertuko da langabeen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela baldin eta ekintza utzi behar izan badute lana aurkitzeagatik edo beka baten onuradun suertatzeagatik, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza jardueraren %25 egin badute.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanekoak ez diren praktikak hasten diren egunera arte.

16.10. Baldin prestakuntza orduen %25 eman ondoren ekintzak uzten badira aurreko apartatuan ezarritakoez bestelako arrazoiengatik, prestakuntza ekintzak hasi dituzten parte-hartzaileen kopuruaren %15era arteko desbideratzeak onartuko dira, prestakuntza ekintza bakoitzeko.

Prestakuntza hasi denetik %25eko aldiaren barruan ikasgelara joan diren pertsona guztiek hasi dutela joko da.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nor diren zehazteko oinarri honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorrita abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

16.11. Behin-behineko bizileku- eta lan-baimenak dituzten pertsonen kasuan, erregularizazio-prozeduraren azken ebazpena kontrakoa izateagatik utzi behar badute prestakuntzaren eta zeharkako konpetentzien garapenaren orduen ehuneko 25 eman ondoren, ulertuko da prestakuntzaren eta zeharkako gaitasunen garapena amaitu dutela, justifikazioaren ondorioetarako.

17.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

17.1. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluazio hori IRIS aplikazioan eskuragarri dagoen kalitate digitala ebaluatzeko galdetegiaren bidez eginen da. Prestakuntza entitateak galdetegi hori emanen die parte-hartzaileei, ahal dela prestakuntza ekintza bukatu aurretik.

17.2. Galdetegiak betetzeko eta entregatzeko epea bukatu ondoren, IRIS aplikazioak lortutako erantzunen batezbestekoak eta ehunekoak tabulatu eta kalkulatuko ditu.

Entitate onuradunek, galdetegien emaitzak aztertuta eta prestakuntza prozesuaren beste alderdi batzuk kontuan hartuta, 16.4.1 oinarrian aipatutako kalitate-ebaluazioaren txostena bete beharko dute IRISen, balorazioarekin eta, hala badagokio, hartutako neurriekin.

17.3. NL-NEZek jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:

a) "Denbora errealeko" jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea ematen den tokian bertan, ebidentzia fisikoak eta testigantzak bilduz jarduera egin bitartean, prestakuntzaren arduradunak, ikasleak eta irakasleak elkarrizketatuz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko xedearekin: prestakuntza ekintza nola egiten den, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den jarduerak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

b) "Ex post" jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira. Entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketak eginen zaizkie, froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak jaso eta, beste batzuen artean, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko:

–Prestakuntza ekintzak egin diren.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua zein izan den.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaien.

–Irakasleei ordaindu zaien.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, NL-NEZen iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrol ekintzen ondorioz ez-betetzeak atzematen badira, NL-NEZek entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan.

18.–Azpikontratazioa.

18.1. Kontratatzeko konpromisoa beren gain hartzen duten enpresek, haien elkarteek edo entitateek beren baliabideak erabiliz edo behin bakarrik azpikontratatuz –partzialki edo osorik– ematen ahalko dute prestakuntza. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak kontratatzea. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen eta juridikoen kontratazioa dela ulertzen da.

Nolanahi ere, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna hartuko du bere gain administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

18.2. Entitate onuradunek ezin izanen dituzte hirugarrenekin azpikontratatu esleitu zaien prestakuntza jarduera gauzatzea. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak kontratatzea. Irakasleak kontratatzea aipatzen denean, pertsona fisikoak kontratatzea baizik ez dela ulertzen da.

18.3. Azpikontratazioa entitateari lotutako entitateekin egiten bada, honako inguruabar hauek gertatu beharko dira:

–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzetan egitea.

–Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.

18.4. Aurreko atalean aipatutako organo emaileak aldez aurretik eman beharreko baimenari dagokionez, espresuki ematen ahalko da dirulaguntza emateko ebazpenaren bidez, edo baimena eskatu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean igorritako ebazpenaren bidez. Baimena eman dela ulertuko da aipatu epea igaro denean laguntza ematen duen organoaren erabakirik gabe.

18.5. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan ezartzen diren betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunei eta kontratistei.

19.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

19.1. Ez baldin badira betetzen deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharko da, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa egiten denetik itzulketa egin beharra dagoela erabakitzen den egunera artekoak).

Orobat, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere eginbeharrak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren. Ez-betetzeak mailakatuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluaren arabera.

19.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Dirulaguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea erabatekoa bada, emandako dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da. Era berean, ez-betetze osoa gertatu dela ulertuko da diruz lagundutako jarduera ez bada bere helburuen ehuneko 25era iristen, emandako dirulaguntzaren adierazlearen arabera neurtuta.

b) Dirulaguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea partziala bada, emandako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da. Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea %25etik %100era bitarte bete bada, ez-betetzearena adinako ehunekoa kenduko zaio dirulaguntzari, baldin eta gastuak behar bezala justifikatu badira.

c) Prestakuntza bukatzen dutenen ehuneko 40 gutxienez kontratatzeko konpromisoa ez betetzeak berekin ekarriko du likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza gutxitzea edo, kasua bada, likidatutako dirulaguntzaren zati bat itzultzea. Itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, kalkulatuko da dirulaguntzaren zer ehuneko legokiekeen kontratatu ez diren ikasleei (kontratatu ez diren ikasleen daturako, bi hamartarrekin borobildutako zenbakia hartuko da aintzat, eta ez zenbaki oso hurrena). Ehuneko hori %20 handituko da, eta hori aplikatuko zaio likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzari.

Kontratatutako pertsonak 4.2.c) oinarrian ezarritako denboran enpleguari eusten ez badio, aurreko paragrafoan aurreikusitakoa aplikatuko da.

Ez-betetzea zehaztearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko kontratatutako pertsonen borondatezko bajak.

Ez-betetzea zehaztearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko borondatezko bajak, bidezko kaleratzeak edo probaldia gainditu ez izana. Behin-behineko bizileku- eta lan-baimenak dituzten pertsonen kasuan, ez da ez-betetzetzat hartuko pertsona horren baja, arrazoia baldin bada erregularizazio-prozeduraren azken ebazpena kontrakoa izan dela.

19.3. Dirua itzultzeko prozedura ofizioz abiatuko da, dirua itzuli beharra dakarren kasuren bat gertatu dela ikusten den unetik (oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarrita dauden kasuak).

19.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean "Dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei" buruz ezarritakoa.

19.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo uko egiteengatik askatutako zenbatekoak erabil daitezke kontratatzeko konpromisoa atxikia duten beste prestakuntza ekintza batzuk gauzatzeko, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izanen beste deialdi bat egitea.

20.–Datuen babesa.

20.1. Deialdi honetan araututako datu pertsonalak tratatuko dira bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduan (DBEO) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin.

20.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua (NL-NEZ) da datuen tratamenduaren arduraduna. Tratamendu hori legitimatzen duen zilegitasuna eta oinarri juridikoa ez da interesdunaren adostasuna, baizik eta eginkizun bat betetzea interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz (DBEOaren 6.1.e artikulua), honako hauen babesean: enpleguari buruz aplikatu beharreko funtsezko legeria, irailaren 9ko 30/2015 Legea, Enplegurako lanbide-prestakuntzaren sistema lan arloan arautzen duena, eta martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa.

21.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan agertzen ez den orotan uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da. 694/2017 Errege Dekretuaren bidez garatu zen irailaren 9ko 30/2015 Legea, Lanbide Prestakuntzaren Sistema lan arloko enplegurako arautzen duena. Aipatu agindua, berriz, azaroaren 25eko TES/1109/2020 Aginduak aldatu zuen. Aplikagarri izanen dira, orobat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea; Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein arauzko xedapen.

22.–Dirulaguntzen publizitatea.

22.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren atarian (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/enpresentzako-laguntzak-kontratatzeko-konpromisoa-egonda-langabeei-zuzendutako-prestakuntza-ekintzak-egin-ditzaten-2026ko-bigarren-deialdia), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, entitate onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa lehentasunezko toki batean agertu beharko da, eta ezin izanen da inola ere izan entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

22.2. Entitate onuradunak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

23.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, noiznahi jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

24.–Jakinarazpen elektronikoak eta epeen zenbaketa.

Jakinarazpenak modu elektronikoan bakarrik eginen dira, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez edo Nafarroako Gobernuaren jakinarazpen-sistema korporatiboaren bidez.

Jakinarazpena egoitza elektronikoaren esku jarri eta hamar egun natural igarotzen badira interesduna edukian sartu gabe, ez onartutzat joko da legez, ulertuko da izapidea egin dela eta prozedurak aurrera jarraituko du (39/2015 Legearen 43.2 artikuluaren arabera).

Oinarri hauetan zuzenketak, alegazioak edo erantzunak egiteko emandako epeen ondorioetarako, egun baliodunetan adierazitako epea hasiko da kontatzen jakinarazpenaren edukira berariaz sartu eta biharamunetik aurrera. Hamar egun naturalak igarotzeagatik presuntziozko ukoa gertatzen bada, egun baliodunen epea hasiko da kontatzen izapidea legez baztertutzat jotzen den egunaren hurrengo egun baliodunetik aurrera, baldin eta egun baliogabe batean izan bada hamar egun naturalen epemuga hori.

II. ERANSKINA.–PENALIZAZIOEN ARAUBIDEA, EZ-BETETZEEN KASUAN APLIKATU BEHARREKOA

NL-NEZek, deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz, egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketetan aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubide hau ezartzen da:

1) Ez-betetzeak %20raino zigortuko dira, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzari dagokionez, honako graduazio honen arabera:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: %1eko penalizazioa.

–Ez-betetze astun bakoitzagatik: %5eko penalizazioa.

–Ez-betetze oso astun bakoitzagatik: %10eko penalizazioa.

2) Aipatutako ez-betetzeak metagarriak izanen dira, eta, guztiak batuta, penalizazioa ezin da sekula izan deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %20 baino gehiago.

3) Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskaerarik ez izatea.

–Ez jakinaraztea prestakuntza jardueran izandako aldaketak, egunei, ordutegiei, emateko lekuei, irakasleei edo tutoreei dagokienez.

4) Hauek izanen dira ez-betetze astunak:

–Irakasleei ez ordaintzea deialdian zehaztutakoarekin bat.

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Asistentzia-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura.

–Ikasleei gai kalifikazioa ematea ekintzaren %75era bertaratu gabe.

–Hilean justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egin dituzten ikasleei prestakuntza ekintzan jarraitzeko aukera eman izana.

5) Hauek izanen dira ez-betetze oso astunak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Bertaratze-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta NL-NEZen gordailura bidalitakoak.

Iragarkiaren kodea: F2611221