177. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

353E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batez onesten duena Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialeko AR-2 arearen urbanizazio proiektua aldatzeko espedientea. Besteak beste, urbanizatzeko faseei, lurzatietarako sarbideei eta bidegorriaren kokapenari eragiten die, eta UGANA XXI SLk sustatu du.

Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialeko AR-2 arearen urbanizazio proiektua Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 28ko 154E/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zen (2023ko 167. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 14koa) eta, 2026ko otsailaren 6an, UGANA XXI SLk urbanizazio proiektu hori aldatzeko xedea duen espedientea aurkeztu zuen. Ukitzen dituen alderdien artean, urbanizatzeko faseak, lurzatietarako sarbideak eta bidegorriaren kokapena dira azpimarragarrienak.

Ondoren, 2026ko otsailaren 24an, apirilaren 20an eta ekainaren 29an, eskaera osatu zuen.

Aurkeztu den "Erripagañako AR-2 banaketa areako UE-AR2 exekuzio unitatearen urbanizazio proiektuan sartutako aldaketen justifikazio memoria" izeneko agiriak proposatutako lehenbiziko aldaketen deskribapena eta justifikazioa biltzen ditu.

Halere, falta zaio proposatutako aldaketek ukitzen dituzten araudiko determinazioak betetzeari buruzko justifikazioa. Ondorioz, agiria zuzendu beharra dago, honako hauek justifikatzeko atal bat erantsita:

–Betetzen dela irisgarritasun eta erabilera unibertsalaren araudia, bereziki, uztailaren 23ko TMA/851/2021 Agindua (zeinaren bidez garatzen baita irisgarritasuneko eta diskriminaziorik ezeko baldintza oinarrizkoen agiri teknikoa, espazio publiko urbanizatuak eskuragarri eta erabilgarri egon daitezen) eta, orobat, EKTren DB SI 5 atala (Eraikingintzaren Kode Teknikoa - Suteetarako segurtasunari buruzko oinarrizko agiria - Suhiltzaileen esku-hartzea).

–Bat datorrela Plan Sektorialarekin, bereziki, espazio libre publikoan izan beharreko aparkalekuen zuzkidurari eta 115. artikuluari (Urbanizazioaren baldintza orokorrak) dagokienez.

–Bat datorrela Burlatako Udal Plan Orokorrarekin, bereziki, hirigintzako araudiko 197. artikulutik 201.era bitartekoei eta espazio publikoaren urbanizazio baldintzei dagokienez, eta, halaber, aplikatzekoak diren Iruñeko ordenantzekin.

Horrez gain, justifikazio memoria osatu behar da, aurreikusitako aldaketa guztiak jaso ditzan, bereziki Kopenhage kalearen diseinurako proposatutakoak. Eguneratze horretan puntu hauek sartu beharko dira:

–Aldaketen deskribapen teknikoa.

–Proposatutako soluzioen justifikazioa.

–Aurrekontuaren aldaketa, halakorik bada.

Gainera, urbanizazio proiektuari gehituko zaizkion plano berrien izenak eta zenbakiak argitu behar dira. Izan ere, onetsitako urbanizazio proiektuak 10 plano ditu "Proposamena. Zoladura: oinplanoaren xehetasunak" atalean, A.06.1etik A.06.9ra zenbakituak. Sorta hori osatzeko plano berriek (A.06.12, A.06.13 eta A.06.14), ordea, ez diote eusten zenbakien korrelazioari.

Bestetik, Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa arautzen duen urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuko zehaztapenetara egokiturik aurkeztu behar da aldaketa tresna. Horretarako:

–Dokumentazio tekniko grafikoa osatzen duten orri guztiek, bidezkoa denean, lau izkinen koordenatu geografikoak agertuko dituzte, foru dekretuaren eranskinean zehazten den erreferentziako sistema geodesikoan.

–Aurkeztu behar dira, fitxategi digital batean, 1. datu multzoari (jarduketaren eremua) buruzko informazio geografiko bektorialari loturiko datuak (CODSIUN: 112766).

Urbanizatzeko faseei dagokienez, urbanizazio lanen programazioa aldatzeko eskatu du interesdunak, halako moduz non fase berri bat gehitu (N1 fasea) eta beste fase batzuen mugaketa geografikoa aldatuko baita (G, H, I eta D faseena).

Urbanizazio lanen programazioaren aldaketa horiek urbanizazio proiektuei dagozkien determinazioak dira, izan (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategineko 134.1 artikulua), eta ez da aurkeztu horiekin joan behar duen justifikazio teknikoa. Orobat, bigarren kontua, lau urbanizazio faseren mugaketa geografikoa aldatzeari buruzkoa, ez da deskribatu. Agirian, azalpeneko eta justifikazioko eduki horiek zuzendu behar dira.

Era berean, eskatutako fase berria ezarri ahal izateko, honako hauek sartu behar dira aurkeztutako memorian:

–Fase berriak zuzenean erabiltzen ahalko den unitate funtzional bat eratuko duela bermatzen duen justifikazioa, hala ezartzen baitu, 134.3 artikuluan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak (LAHFLTB), uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak.

–Fase bakoitzeko urbanizazio lanen, azpiegituren eta zerbitzuen deskribapena eta zehaztapen grafikoa.

Horrez gain, agiria aztertzean honako akats hau aurkitu da, eta zuzendu egin behar da: "2.7 Zuhaitzen egokitzapena AB-C-D lurzatien sustatzailearen eremuko parterreetan" atalean, proiektuko soluzioren irudiak ez du islatzen urbanizazio proiektuan onetsitako lorezaintza soluzioa, baizik eta orain proposatutakoa.

Bestetik, UGPSko araudiaren 103.3 eta 116.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera, G-H-I lurzatien sustatzaileak eraiki duen arrapala berriari lotutako zoladuren aldaketaren baliozkotasuna baldintzatua gelditzen da, horretarako Burlatako Udalaren baimena frogatu beharko duelako.

Gainera, LAHFLTBren 134.1 eta 134.3 artikuluak betetzeko, osatu egin behar da urbanizatzeko faseen proposamen berria, honako hauekin: aldaketen deskribapen xehea, justifikazio teknikoa eta fase berriak batasun funtzionala izatearen gaineko bermea eta lanen, azpiegituren eta zerbitzuen zehaztapen grafikoa.

Aplikatu beharreko arau sektorialen xedapenekin bat etorriz, 2026ko otsailaren 13an eta martxoaren 2an, hurrenez hurren, beren eskumeneko gaiei buruzko txosten teknikoa eskatu zitzaien Iruñerriko Mankomunitateari eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari.

Iruñerriko Mankomunitateak aldeko txostena eman zuen, 2026ko martxoaren 20an.

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, berriz, hiru txosten eman ditu, 2026ko martxoaren 11n, ekainaren 4an eta uztailaren 23an. Irizpen horietako azkenak baldintza bat ezarri zuen PA-33 errepidearen zerbitzu-bidetik KL lurzatirako ibilgailuentzako sarbide berria onetsi ahal izateko, hain zuzen ere, determinazio hauek betetzea:

"a) Kontuan hartuta puntako orduetan eskariak handiak direla (300 ibilgailu/ordu larunbatetan 11:00etatik 13:00etara) eta hurbil dagoela (80 m) ibilgailu arinek PA-33 errepidearen zerbitzu-bidetik biribilgunera duten sarbidea, mikrosimulazio bat aurkeztu beharko da adierazitako ordu tarterako, teknikari eskudun batek egina, ukitutako biribilgunearen eta zerbitzu-bidearen funtzionamendua irudikatzen duena, gaur egungo egoerarekin eta supermerkatua egin ondoren izanen denarekin.

Mikrosimulazio horretan, berariaz zehaztu beharko da, gutxienez, zer luzera izanen duten zerbitzu-bidean sortzen diren ilarek, supermerkatua erabat funtzionatzen hasten denean.

b) Zerbitzu honek zabalik uzten du zamalanetarako eta bezeroentzat (ibilgailu arinentzat) aurreikusitako sarbideak trukatzeko aukera, zerbitzu-bidetik ibilgailu astunak eta banaketako furgonetak sar daitezen, eta ibilgailu arinak, berriz, barruko kaletik.

Kasu horretan, PA-33 errepidearen zerbitzu-bidetik hipermerkatura aurreikusitako sarbidearen osotarako zabalerak hura erabiliko duten ibilgailuentzako behar bezain handia izan behar du, sarrera-irteera maniobretan zirkulazioaren kontrako noranzkoa inbaditu ez dezaten. Sarbide hori erabiliko duten ibilgailuek bertan egiten dituzten sarrera-irteera mugimenduetako ekorketen eskema aurkeztu beharko da, eta mikrosimulazio egokia egin, aurreko atalean adierazitako prozedura berarekin".

Azkenik, 2026ko maiatzaren 11n, Iruñeko Udalak Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko eta Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko alorrek eginiko txostenak igorri zituen, non irisgarritasunari, zuhaitzak landatzeari eta argiteria publikoari buruzko jarraibide teknikoak biltzen baitira.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2026ko martxoaren 10eko txostena ikusirik, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak ezarritakoarekin (testu hori uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batez onestea Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialeko AR-2 arearen urbanizazio proiektua aldatzeko espedientea. Besteak beste, urbanizatzeko faseei, lurzatietarako sarbideei eta bidegorriaren kokapenari eragiten die, eta UGANA XXI SLk sustatu du.

2. Sustatzaileari eskatzea aurkez dezala, espedientea ebatzi baino lehen, aurrekoak ordezten dituen agiri bakar eta bategina. Agiri horretan txertatu beharko ditu, konponbide egokia emanez, ebazpen honetako oharrak eta Iruñeko Udalak adierazitakoak eta, halaber, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren 2026ko uztailaren 23ko txosteneko determinazioak.

3. Sustatzaileari gogoraraztea ezen, AR-2 arearen urbanizazio proiektua behin betiko onetsi zuen ebazpenaren arabera (Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 28ko 154E/2023 Ebazpena), proiektu hori tramitatu bitartean jaso ziren txosten sektorialetan xedatutakoa bete behar duela. Bereziki, txosten hauek diotena: Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko ekainaren 12ko eta 2023ko uztailaren 6ko txostenek; Iruñerriko Mankomunitatearen 2023ko ekainaren 14ko eta 2023ko uztailaren 11ko txostenek; Iberdrolaren 2023ko martxoaren 30eko txostenak; eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren 2023ko apirilaren 13ko txostenak.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hogei egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, agiria Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren web-orrian kontsultatzen ahalko da, "Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa" izeneko atalean: www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak, eta epe horretan, nahi beste alegazio aurkezten ahalko dira, idatziz.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Burlatako eta Iruñeko udalei, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Espedientearen sustatzaileari eta Burlatako eta Iruñeko udalei ebazpen honekin batera igortzea Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Iruñeko Udalak egindako txostenak, baita Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2026ko uztailaren 28an egindakoa ere, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 7an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Rafael Araujo Guardamino, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren ordez, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren urtarrilaren 26ko 11/2024 Foru Aginduari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F2611482