177. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Udalak kiroldegian kudeatuko duen ibilgailu elektrikoak kargatzeko prezio publikoak arautzen dituen Ordenantzaren behin betiko onespena

Lekunberriko Udaleko Osoko Bilkurak, 2026ko abuztuaren 27an egindako saioan, ibilgailu elektrikoak kargatzeko prezio publikoak arautzen dituen Ordenantza behin betiko onestea erabaki zuen.

Hasierako onespena 2026ko ekainaren 30eko 126. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta hogeita hamar egun baliodunez egon da jendaurrean, erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu gabe; beraz, Ordenantza arautzailea behin betiko onetsita geratu da.

Behin betiko onetsi denez, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Lekunberrin, 2026ko irailaren 3an.–Alkatea, Arkaitz Goikoetxea Arriola.

UDALAREN TITULARTASUNEKO KARGATZE-PUNTUETAN EDO UDALAK KUDEATZEN DITUEN KARGATZE-PUNTUETAN IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO ZERBITZUA EMATEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

SARRERA

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), «Airearen kalitateari eta osasunari buruzko ohar deskribatzailean», airearen kutsadura osasunerako ingurumen-arrisku garrantzitsutzat jotzen du, eta uste du poluzio atmosferikoa murrizteak gutxitu egin dezakeela zenbait gaixotasunek eragindako hilkortasuna: istripu zerebrobaskularrek, biriketako minbiziak eta pneumopatia kroniko eta akutuek, besteak beste, asmak.

Europako Batasunaren helburuetako bat ingurumen-kalitatea hobetzea izan da, Kontseiluaren 1996ko irailaren 27ko 96/62/EE Zuzentarauarekin (giroko airearen kalitatea ebaluatzeari eta kudeatzeari buruzkoa) eta indarrean dauden Zuzentarauekin (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko abenduaren 15eko 2004/107/EE Zuzentaraua, artsenikoari, kadmioari, merkurioari, nikelari eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoei buruzkoa), eta, bereziki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/50/EE Zuzentarauarekin, 2008ko maiatzaren 21ekoa, inguruneko airearen kalitateari eta Europarako atmosfera garbiagoari buruzkoa (zeinak arautu egiten baititu kutsatzaileak, partikula esekiak, sufre eta nitrogeno oxidoa, karbono monoxidoa, beruna eta ozonoa, besteak beste).

Hiriari buruzko Eskubideen Babeserako Europako Gutunak (Saint Denisen onartua, 2000. urtean) herritarrek ingurumenerako duten eskubidea ezartzen du, bai eta udal-agintariek kutsadura prebenitzeko politikak kudeatzeko eta ibilgailuen trafikoa kontrolatzeko duten betebeharra ere, ingurumena errespetatuz eta kutsatzen ez duten ibilgailuen erabilera bultzatuz (XVIII. eta XX. artikuluak).

2015eko Parisko Akordioak, 1.a artikuluan, helburu gisa ezartzen du munduko batez besteko tenperaturaren igoera industria-aurreko mailen azpitik ondo mantentzea (2 ºC-tik behera), eta ahaleginak egitea igoera hori 1,5 ºC-ra mugatzeko, klima-aldaketaren arriskuak eta ondorioak nabarmen murriztuko liratekeela onartuz. Parisko Akordioaren 7. artikuluak egokitzapenari buruzko munduko helburua finkatzen du: erresilientzia indartzea eta klima-aldaketarekiko zaurgarritasuna murriztea, garapen iraunkorrari laguntzeko eta egokitzapen-erantzun egokia lortzeko. Artikulu berak onartzen du egokitzapena mundu osoko erronka dela, tokiko, eskualdeko, nazioarteko eta nazio azpiko dimentsioak dituena, eta klima-aldaketaren aurkako epe luzeko erantzunaren funtsezko osagaia dela pertsonak, bizibideak eta ekosistemak babesteko, klima-aldaketaren ondorio kaltegarrien aurrean bereziki zaurgarriak diren garapen-bidean dauden herrialdeen premiazko eta berehalako beharrak kontuan hartuta.

Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 2015eko irailaren 25eko Adierazpenak, garapen iraunkorrerako 2030 Agenda onartzen duenak, garapen iraunkorraren hiru dimentsioak (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa) uztartzen dituzten garapen iraunkorreko 17 helburuak eta izaera integratuko 169 mugarriak zehazten ditu. 2030 Agenda ekintza-plan bat da, eta, besteak beste, planeta ingurumen-degredaziotik babestu nahi du eta klima-aldaketa murrizteko premiazko neurriak abian jarri, planetak egungo eta etorkizuneko belaunaldien beharrak ase ahal izan ditzan. Adierazpen honek ezartzen du adierazpena sinatu duten estatuetako erakunde publiko, pribatu eta zibil guztiek inplementatuko dutela 2030 Agendak dakarren ekintza-plana.

Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Plan Nazionalak, Klima Aldaketaren Agendan, 2030 Agendan eta NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuetan oinarrituta (trantsizio ekologikoan, eraldaketa digitalean, lurralde- eta gizarte-kohesioan eta genero-berdintasunean sostengatuta), hogeita hamar ekintza-lerro biltzen dituzten hamar politika bultzatzailetan egituratzen da. Politika bultzatzaile horietako batek azpiegitura eta ekosistema erresilienteak barne hartzen ditu, eta seigarren ekintza-lerroa jasotzen du, mugikortasun iraunkor, seguru eta konektatuan zentratua.

Uztailaren 16ko PCM/756/2021 Ordenantzak, 2021eko uztailaren 13ko Ministro Kontseiluaren Akordioa argitaratzen duenak, Ibilgailu Elektriko eta Konektatua fabrikatzeko ekosistema baten garapena Berreskuratzeko eta Eraldaketa Ekonomikorako Proiektu Estrategikotzat (PERTE) deklaratzen du.

Aurrekoa kontuan hartuta, funtsezkoa da ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzu eraginkor bat izatea, mugikortasun elektrikoak dakarren erronkei eta kalitatezko karga-azpiegituren eskaera gero eta handiagoari erantzuteko gaitasuna izango duena.

LEHENENGO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Oinarria eta izaera.

Ordenantza honen helburua da ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua ematetik eratorritako prezio publikoa arautzea, udal-titulartasuna duten edo Udala karga-puntuaren kudeatzaile gisa aritzen den karga-puntuetan.

Ordenantza honen xede den prezioa Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen dagokion artikuluetan ezarritakoaren babesean ezartzen da.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau Lekunberriko udalerrian kokatuta dauden eta Udalaren titulartasunekoak diren edo Udalak kudeatzen dituen karga-estazio guztietan aplikatuko da.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, aplikagarria den energia-sektoreko araudiak ezartzen duenaren kalterik gabe eta betiere horrekin bat etorriz, honako definizio hauek ezartzen dira:

1. Ibilgailu elektrikoa: motorrezko ibilgailua, periferikoa ez den mekanismo elektriko bat gutxienez duen propultsio-talde batez hornitua, energia-bihurgailu gisa funtzionatzen duena eta kanpotik karga daitekeen energia elektrikoa biltegiratzeko sistema kargagarri bat duena.

2. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen azpiegitura: ibilgailu elektrikoak kargatzeko gailu fisiko eta logikoen multzoa, kasu bakoitzean aurreikusitako segurtasun- eta erabilgarritasun-baldintzak betetzen dituena eta karga-zerbitzua modu oso eta integralean emateko gaitasuna duena.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura batek barne hartzen ditu karga-estazioak (karga-puntu batez edo gehiagoz osatuak), kontrol-sistema, kanalizazio elektrikoak, aginte- eta babes-koadro elektrikoak eta neurketa-ekipoak (ibilgailu elektrikoa kargatzeko soilik direnean), bai eta komunikazio- eta elkarreragingarritasun-protokoloak eta kontratu motarik behar ez duen ordainketa-sistema bat ere, sarbide publikokoak direnean.

3. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzu energetikoa: karga-zerbitzu energetikoa, helburu nagusitzat duena energia doan edo ordainduta ematea ibilgailuak kargatzeko zerbitzuen bidez, karga modu eraginkorrean eta erabiltzailearentzat nahiz sistema elektrikoarentzat gutxieneko kostuarekin egin ahal izateko baldintzetan.

4. Karga-puntuaren operadorea (*CPO): ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioak ustiatzeko eskubideen titularra.

5. Mugikortasun elektrikoko zerbitzuen enpresa hornitzailea (*EMSP): karga energetikoko zerbitzuak ematen hirugarren gisa parte hartzen duen enpresa, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen azpiegituren edo horiek ustiatzeko eskubideen titularra izan gabe.

6. Elkarreragingarritasun-akordioa: karga-puntuaren operadorearen (*CPO) eta mugikortasun elektrikoko zerbitzuen enpresa hornitzailearen (*EMSP) artean sinatutako akordioa, ibilgailu elektrikoen karga-zerbitzu energetikoa modu eraginkorrean ematea ahalbidetzen duena.

BIGARREN TITULUA.–ORDAINTZEKO ETA KOBRATZEKO BETEBEHARRA

4.artikulua. Ordaintzera behartutakoak.

Udal-titulartasuneko karga-zerbitzu energetikoa erabiltzen duten ibilgailu elektrikoen erabiltzaileak (pertsona fisikoak nahiz juridikoak) daude prezio publikoak ordaintzera behartuta.

5. artikulua. Ordaintzeko betebeharraren jatorria.

Ordaintzeko betebeharra ibilgailu elektrikoa kargatzeko zerbitzua hasten den unean bertan sortzen da.

6. artikulua. Prezio publikoen ordainketa.

1. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzuaren prezio publikoen ordainketa autolikidazio-erregimenean egin behar dute zerbitzuaren erabiltzaileek, karga-puntuan horretarako jarritako bitarteko fisiko edo elektronikoen bidez dagokion ordainketa eginez. Energiaren prezioa (euro/kWh) modu argi eta gardenean aurkeztu behar da, baita emandako energia erreala ere.

2. Udala, karga-puntuaren operadore gisa, mugikortasun elektrikorako zerbitzuen enpresa hornitzaile baten (*EMSP) bidez aritzen denean, elkarreragingarritasun-akordio baten indarrez, prezio publikoen ordainketa aipatutako elkarreragingarritasun-akordioarekin bat etorriz eta EMSP-k eskura jartzen duen plataforma elektronikoaren bidez egituratu beharko da.

HIRUGARREN TITULUA.–PREZIO PUBLIKOEN ZEHAZTAPENA ETA EGUNERATZEA

7. artikulua. Prezio publikoen zenbatekoa.

1. Prezio publikoen zenbatekoak, gutxienez, ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzuaren kostua estali behar du.

2. Hala gomendatzen duten gizarte-, ongintza-, kultura-arrazoiak edo interes publikoko arrazoiak daudenean, Udalak aurreko paragrafoan aurreikusitako mugatik beherako prezio publikoak ezarri ahal izango ditu.

3. Prezio publikoen zenbatekoa zehaztean ez da balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) sartuko, eta hori jasanarazi beharko da hala dagokionean.

4. Prezio publikoaren zenbatekoa honako hau izango da:

  • 0.40 euro/kWh jende arruntarentzako kargagatik.
  • 0.35 euro/kWh Lekunberriko Udalerrian erroldatutakoen kargagatik.
  • 0.32 euro/kWh udal-langileen eta Ixkier energia-komunitateko bazkideen kargagatik.

5. Aurrean azaldu diren zenbatekoak aldatu egin daitezke ibilgailu elektrikoaren kategoriaren arabera, edo egokitzat jotzen diren beste parametro batzuen arabera, betiere ordenantza honetan jasotako formula edo taulekin bat etorriz, edo hurrengo artikuluan ezarritako prezioak aldatzeko eta eguneratzeko prozeduren ondoriozkoekin bat etorriz. Gainera, egokitzat jotzen diren beste exonerazio, murrizketa edo hobari batzuk zehaztu ahal izango dira.

8. artikulua. Prezio publikoak aldatzeko eta eguneratzeko prozedura.

1. Erabiltzaileentzako ordainketa-tarifak aldizka aldatu ahal izango dira.

2. Udalak eta Ixkier Tokiko Energia Komunitateak ezarriko dituzte karga-tarifak (euro/kWh), kasu hauek bereiziz:

–Ixkier KEko kideak eta udaleko langileak.

–Udalerrian erroldatutako herritarrak.

–Jende arrunta.

Lehenengo azken xedapena.–Ordenantza hau, Udalbatzak onartu ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta indarrean jarraituko du harik eta hura berariaz aldatzea edo indargabetzea erabakitzen ez den bitartean.

Iragarkiaren kodea: L2611935