1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko abuztuaren 19an hartua, deklaratzen duena presakoa dela "Etsaingo (Nafarroa) hondakin-uren tratamendua" izeneko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
2026ko martxoaren 17an, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk (NILSA), Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearekin ezarritako lankidetza hitzarmenaz baliatuz, eskatu zion Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari jendaurrean jar zezala "Etsaingo hondakin-uren tratamendua" izeneko proiektua, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak 2025eko urriaren 11ko bilkuran onetsia, bai eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, hori baita aurrez egin beharreko tramitea desjabetze prozedura irekitzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak ezartzen duena. Onuraduna Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea da.
Udalaren zerbitzu publikoa izaki, tokiko obra eta zerbitzuen proiektuak onesteak berekin dakar onura publikoa deklaratzea eta proiektuetako ondasunak okupatu beharra, nahitaezko desjabetzea egiteko, bat etorriz Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan ezarritakoarekin eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan xedatutakoarekin. Hortaz, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak apirilaren 10ean emandako 114/2026 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea deklaratu zen desjabetze espedientearen onuradun. Hasierako onespen hori 2026ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 30ekoan.
Jendaurreko aldia bukatuta eta alegazioei erantzuna emanda, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren uztailaren 1eko 187/2026 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespenak berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra. Behin betiko onespen hori 2026ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 23koan.
2026ko abuztuaren 4an, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk (NILSA) eskabide bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, zeinaren bitartez eskatzen baitu "Etsaingo (Nafarroa) hondakin-uren tratamendua" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzeko, nahitaez desjabetzeko. Aurkeztutako dokumentazioan presako izaera justifikatzen duen txosten bat dago, 2026ko abuztuaren 3koa.
2026ko abuztuaren 5ean, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri (NILSA) jakinarazi zitzaion Aholkularitza Juridikoko eta Toki Erakundeekiko Lankidetzako Zerbitzuaren errekerimendua, zeinaren bidez eskatzen baitzaio alegatutako presaren arrazoi zehatzagoak eta/edo argiagoak emateko, 10 eguneko epean.
2026ko abuztuaren 6an, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk (NILSA) presa justifikatzeko txostena bidali zuen, 2026ko abuztuaren 6koa, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan eskabidea sartuta. Txostena espedientean sartu zen.
Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk (NILSA) emandako txostenaren arabera, "Etsaingo (Nafarroa) hondakin-uren tratamendua" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da, ukitutako eremuetan tratamendurik eta arazketarik gabeko isurketen arazoari konponbidea eman beharra dagoelako, horrek ingurumen- eta osasun-arrisku nabarmena eragiten baitu herritarrentzat eta ingurunearentzat. Gaineratu dutenez, jarduketa hori Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Gidariaren barruan ezarrita dago (goi saneamendua).
Espedientean jasota dago Nafarroako Toki Azpiegiturak SAko zuzendari kudeatzailearen ziurtagiria, non adierazten baita badela aurrekontu-kontsignazioa, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko behar dena.
Horrekin guztiarekin, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk (NILSA) Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56. artikuluan adierazitako dokumentazioa helarazi du, "Etsaingo (Nafarroa) hondakin-uren tratamendua" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzea presakoa dela deklaratzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Deklaratzea presakoa dela "Etsaingo (Nafarroa) hondakin-uren tratamendua" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri (NILSA) eta Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateari jakinaraztea.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 19an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.
Iragarkiaren kodea: F2611357