1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
165E/2026 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroan gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko seigarren edizioaren deialdia eta horren oinarri arautzaileak onesten dituena.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak adierazten duenez, "gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak aitortzen ahalko du, publikoki, pertsonek, taldeek, erakundeek edo instituzioek, publikoek zein pribatuek, egindako lanaren eredugarritasuna, baldin eta lan horrek gazteen parte-hartzea, autonomia eta bizi kalitatea bultzatzen baditu. Gazteriaren arloko sari eta golardoak emanen dira horretarako". Halaber, gazteen ikerketak sustatzeko eta sostengu aktiboa emateko hainbat helburu ezartzen ditu.
Gazteriaren eta herritar talde horren inguruko errealitateen gaineko azterketak eta ikerketak sustatzen laguntzeko asmoz, planteatu da 2026an unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenentzako sarien seigarren ediziorako dei egitea, gradu amaierako lana (GrAL) eta master amaierako lana (MAL) kategorietan, haien edukietan jasotzen badira gazteriaren inguruko gaiak, Giza eta Gizarte Zientzien ezagutza-arloan.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1. Gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko seigarren edizioaren deialdia onestea, gradu amaierako lana (GrAL) eta master amaierako lana (MAL) kategorietan, bai eta haren oinarri arautzaileak ere.
2. 4.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Sariak, txapelketak eta lehiaketak" izeneko 340002-34100-4809-232105 partida ekonomikoaren kargura.
3. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.
4. Ebazpen honen eta haren eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, eta, orobat, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura.
Iruñean, 2026ko uztailaren 23an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Burgaleta Encina.
I. ERANSKINA.–NAFARROAN GAZTERIAREN ARLOAN UNIBERTSITATEKO IKASKETEN AMAIERAKO LANIK ONENENTZAKO SARIAK.
OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Xedea.
Oinarri hauen xedea da araubide juridikoa eta arauak ezartzea, Nafarroan gazteriaren arloan unibertsitateko ikasketen amaierako lanik onenei sariak emateko seigarren edizioaren deialdirako.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.
2.–Hartzaileak.
Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute 30 urte edo gutxiago dituzten gazte guztiek, baldin eta Nafarroan bizi badira, Europako Gazte Txartelaren Nafarroako titularrak badira eta unibertsitate ikasketen amaierako lana egin badute: gradu amaierako lana (GrAL) edo master amaierako lana (MAL) gazteriaren arloan, Nafarroan aplikatzekoa Giza eta Gizarte Zientzien ezagutza-arloan.
3.–Betebeharrak.
Betebehar hauek konplitu behar dituzte aurkezten diren lanek:
–Nafarroan erroldatutako ikasleek eginak izan behar dira, kontuan hartu gabe zer unibertsitatetan egin diren ikasketak.
–GrAL edo MAL bati eskatutako baldintza guztiak bete behar dituzte, eta fakultatean edo zentroan dagokien ebaluazioa gainditua izan.
–Lanaren ebaluazioan lortutako puntuazioa 8,00 edo handiagoa izan beharko da.
–Lanek 2025-2026 ikasturtean aurkeztu eta defendatuak izan beharko dute.
–Nafarroako Gazteriaren Institutuaren (NGI) GrAL eta MAL sarien deialdiaren aurreko edizioetan aurkeztu gabeak izan beharko dute.
–Lanek Nafarroako Foru Komunitateko berezko hizkuntzetako batean idatzita egon beharko dute, eta beste sariketa batzuetan saria jaso gabeak.
–Lanek banakakoak izan beharko dute (ez taldean egin edo sinatuak), baita jatorrizkoak ere (beste GrAL edo MAL batzuen kopia diren lanak automatikoki baztertuko dira).
4.–Gaia.
Behar den fidagarritasun akademikoarekin, lanen gai nagusiak berariaz herritar gazteen taldean (14-30 urte) zentratuak behar dute izan, eta ezagutza aipagarriak ekarri beharko dituzte Nafarroako gazteriari buruz, Giza eta Gizarte Zientzien ezagutza-arloan, hainbat diziplinatan, besteak beste, soziologian, hezkuntzan, psikologian, ekonomian, zuzenbidean, gizarte lanean, komunikazioan...
Ikerketa aberatsa izan dadin, deialdi ireki bat planteatzen da; hau da, gaiak askotarikoak izan daitezke, baina lotura izan behar dute 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotako esparruetako batekin (https://nastat.navarra.es/eu/desarrollo-nota-estadistica/-/tag/indicadores-ods), bai eta Nafarroako Gazteriaren Estrategian (2025-2028) jasotakoekin ere (https://www.juventudnavarra.es/imagenes/documentos/2025-2028-nafarroako-gazte-estrategia-973-eu.pdf?ts=20260826113324).
5.–Eskaera: lekua, epea eta dokumentazioa.
Interesdunek hemen aurkez dezakete izena emateko eskaera, II. eranskineko eskaera-orriaren araberakoa: Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren erregistroko edozein bulegotan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
Eskaera-orriarekin batera dokumentazio hau aurkeztuko da:
–NANaren edo AIZaren kopia.
–Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria.
–Unibertsitateko ikasketen amaierako lana egina izatea frogatzen duen titulazioa, deialdiko 2. oinarrian zehazten den bezala.
–Lortutako kalifikazioa 8,00 edo handiagoa dela frogatzen duen agiria.
–Unibertsitateari aurkeztutako unibertsitate-ikasketen amaierako lanaren kopia.
–Bideo bat, 2 eta 3 minutu artekoa, non izangaiak azalduko baititu gradu edo master amaierako lanaren gaia eta justifikazioa, lana egiteko prozesua eta lanaren ondorioak.
–Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera, banku entitateak behar bezala betea eta zigilatua.
Dokumentu hori ez da beharrezkoa ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve sinadura dutenentzat. Kasu horretan, alta ematen ahalko zaio sariaren transferentzia eginen den kontuari, eta horretarako jarraibideak esteka honetan daude: https://hacienda.navarra.es/ConsultaCuentasPagos/#/gestion-cuentas.
Ez dute programan parte hartzen ahalko dokumentazioa osorik aurkeztu ez dutenek, deialdi honen oinarrietan adierazi bezala. Aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko, hamar egun balioduneko epea emanen da, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.
6.–Epaimahaia eta balorazio irizpideak.
NGIko profesionalen epaimahai batek erabakiko du saria nori eman. Honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Ana Redín Pascual, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.
Ordezkoa: Carlos Amatriain Busto, Gazteriako zuzendariordea.
Buruordea: Gazteriaren Behatokiko soziologo bat.
Ordezkoa: Manolo Goñi Gamarra, gazteriaren arloko goi mailako teknikaria.
Epaimahaikidea: Ainara Hermoso de Mendoza San Juan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko erdi mailako teknikaria.
Ordezkoa: Lucía Andía García de Olalla, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.
Idazkaria: Arantxa Lalinde Zabala, Nafarroako Gazteriaren Institutuko administraria, hitzarekin baina botorik gabe.
Ordezkoa: Alicia Torrecillas Fernández, Nafarroako Gazteriaren Institutuko administraria.
Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, identifikatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.
Epaimahaiak Nafarroan kokatutako unibertsitateen aholkularitza eta laguntza (NUP, UNAV eta UHUN) jasotzen ahal du. Halaber, gaian adituak diren langileen kanpoko laguntza ere izan dezake epaimahaiak.
Epaimahaiak deliberazioen akta eginen du, gehiengoz hartuko ditu erabakiak eta proiektuak hautatuko ditu. Halaber, sariak nori eman proposatu eta justifikatu beharko du, honako irizpide hauen arabera:
1. Kalitate teknikoa eta zorroztasun kontzeptuala eta metodologikoa:
a. Oinarriak eta kokapena (errealitatearen azterketa, jarduera-eremua, kontsultatutako iturriak): 15 puntu, gehienez.
b. Koherentzia planteamenduan: 10 puntu, gehienez.
c. Erabilitako metodologia (praktikaren garapena eta erabilitako baliabideak): 15 puntu, gehienez.
d. Formulazioaren argitasuna: 5 puntu, gehienez.
e. Proiektua egiteko adierazitako motibazioa: 5 puntu, gehienez.
Lehen atal honetan, guztira: 50 puntu gehienez.
2. Aztergaiaren garrantzia: aztertutako gaiak gazteen bizitzan izan dezakeen eragina, emaitzei eta onurei dagokienez: 15 puntu gehienez.
3. Proiektuaren helburuak zehaztea eta horiek 2030 Agendako garapen jasangarrirako edozein helbururekin edo Nafarroako Gazteriaren Estrategiarekin (2025-2028 ) duten lotura zehaztea, arrazoituta: 5 puntu, gehienez.
4. Proiektuaren bideragarritasuna: 10 puntu, gehienez.
5. Bideoko azalpenaren argitasuna eta originaltasuna: 10 puntu, gehienez.
6. Ondorioak eta gomendioak: zehatzak, egokiak eta berritzaileak aztertutako kasuaren testuingururako: 10 puntu, gehienez.
2., 3., 4., 5. eta 6. atalak, guztira: 50 puntu, gehienez.
Aurkeztutako lan bakoitzak gehienez 100 puntu lortzen ahal ditu, eta onartua izateko gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu. Lehiaketarako onartzen diren lanen artean, epaimahaiak puntuaziorik altuena lortzen duten lanak aukeratuko ditu: bi onenak (GrALaren lehenengo saria eta MALaren lehenengo saria), eta bi bigarrenak (GrALaren accesita eta MALaren accesita); eta saria eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren lanen kalitatea eta gaiak ez bazaizkie lotzen lehiaketaren oinarri izan diren irizpideei.
Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da, eta saria ematearen justifikazioa haren akta izanen da.
7.–Sariak.
Lan kategoria bakoitzean (GrAL eta MAL) egindako lanik onena eta accesit bat aitortuko dituzte sariek, banaketa eta zenbateko hauekin:
–GrALaren lehen saria: 1.500 euro.
–GrAL accesita: 500 euro.
–MALaren lehen saria: 1.500 euro.
–MAL accesita: 500 euro.
8.–Ebazpena.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira finalera iritsi diren proposamenen sariak. Sarien esleipena Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web orrian (www.juventudnavarra.es/eu) eta sare sozialetan argitaratuko da.
9.–Jabetza intelektuala.
Egileek aurkezten duten lan bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren.
10.–Datuen babesa.
Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:
Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.
Xedea: NGIri dagozkion laguntza eta dirulaguntzen esleipena, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko prozesuak.
Legitimazioa: ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
Hartzaileak: ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dutela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.
Eskubideak: datuetara sartzea, datuok zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea.
Eskubide horiek baliatzeko helbidea:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea
Informazio gehigarria: informazio gehigarria web-orrian kontsultatzen ahal duzu:
https://www.juventudnavarra.es/imagenes/documentos/clausulas-informativas-proteccion-de-datos-inj-526-es.pdf#lnk
11.–Antolatzaileen erantzukizuna.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena du sortzen diren gorabeheren gainean erabakiak hartzeko, oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez.
Orobat, ez du inola ere erantzukizunik izanen parte-hartzaileek plagioa edo jabetza intelektualaren alorrean indarra duen legeriaren urraketak eginez gero.
12.–Harremanetarako datuak.
Nafarroako Gazteriaren Institutua.
Yanguas y Miranda kalea 27, 31003 Iruña,
848 423900.
juventud@navarra.es
www.juventudnavarra.es/eu
ANEXO II / II. ERANSKINA.–FORMULARIO DE SOLICITUD / ESKABIDEA
PREMIOS A LOS MEJORES TRABAJOS DE FIN DE GRADO Y DE FIN DE MÁSTER EN MATERIA DE JUVENTUD / GAZTERIAREN ARLOKO GRADU BUKAERAKO ETA MASTER BUKAERAKO LAN ONENETARAKO SARIAK
Datos personales / Datu pertsonalak |
Apellidos, Nombre / Deiturak, Izena | |
DNI / NIE NANa/AIZa | |
Domicilio / Helbidea | |
Localidad / Herria | |
Teléfono de contacto / Harremanetarako telefonoa | |
Correo electrónico / Helbide elektronikoa | |
Datos académicos / Ikasketen gaineko datuak |
Titulación en la que se presenta el trabajo/ Lana zein titulaziotan aurkeztuko den | |
Año académico del egreso/Ikasketen amaierako ikasturtea | |
Información sobre el TFG / TFM Gradu bukaerako lanaren/Master bukaerako lanaren informazioa |
Trabajo de fin de grado / Gradu amaierako lana Trabajo de fin de máster / Master amaierako lana |
Título / Izenburua | |
Tutor/a / Tutorea | |
Fecha de defensa y calificación / Defentsa data eta kalifikazioa | |
Resumen / Laburpena | |
Palabras claves / Gako-hitzak | |
Marque esta casilla con una X si desea recibir las respuestas (notificaciones y comunicaciones derivadas de este procedimiento) por medios electrónicos / Jarri X bat bitarteko elektronikoen bidez erantzunak (prozedura honen komunikazioak eta jakinarazpenak) jaso nahi badituzu.
Declaro bajo mi responsabilidad que el trabajo presentado se corresponde con el que fue evaluado por parte de la Universidad correspondiente, que no fue presentado el mismo trabajo en ediciones anteriores de la Convocatoria de premios TFG y TFM y que no fue premiado en otros certámenes / Nire erantzukizunpean adierazten dut aurkeztutako lana bat datorrela dagokion unibertsitateak ebaluatu zuenarekin eta ez duela saririk jaso beste lehiaketa batzuetan.
Declaro que quiero recibir información de actividades del Instituto Navarro de la Juventud / Nafarroako Gazteriaren Institutuaren jarduerei buruzko informazioa jaso nahi dudala adierazi nahi dut.
Fdo/Sin.: ......................................................................
Iragarkiaren kodea: F2610357