172. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

177E/2026 FORU AGINDUA, abuztuaren 25ekoa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Altsasuko esku-hartze orokorreko proiektu baten indarraldia luzatzea (PIG 53).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aurrekoarekin bat etorriz, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren irailaren 26ko 49/2022 Foru Aginduaren bidez, esku-hartze orokorreko proiektu bat onetsi zen (PIG 53) Altsasuko Tomas Zumalakarregi plazako 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 zenbakietako eta Bake kaleko 36, 38 eta 40 zenbakietako jabeen erkidegoetarako.

Foru agindu hori 2022ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 30ekoan. Foru aginduaren lehenengo atalak ezartzen zuen jabeen erkidegoek jarduketa babesgarriaren behin-behineko kalifikazioa eskatu behar zutela lau urteko epean, foru aginduaren datatik hasita, eta epe hori beste lau urtez luzatzeko aukera aurreikusten zen.

Altsasuko Udalak luzapen hori eskatu du, beste 4 urterako, eta eremu horretako etxebizitzak udalaren birgaitze politikaren lehentasunezko xede direla adierazi du.

Etxebizitzak birgaitzea Nafarroako Gobernuaren helburu nagusia ere bada, 2018-2028 aldirako Etxebizitza Planak jasotzen duen bezala, eta are gehiago esku-hartze orokorreko proiektu baten barruan sartutako etxebizitzei buruz ari garela. Beraz, aurkeztu den eskaera baiesten ahal da, eta beste 4 urtez luzatuko da esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldia.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Esku-hartze orokorreko 53. proiektua beste lau urtez luza dadila onestea. Proiektu horretan, Altsasuko 10 jabeen erkidego hauek sartuta daude: Tomas Zumalakarregi plazako 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 zenbakietakoak eta Bake kaleko 36, 38 eta 40 zenbakietakoak.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea Altsasuko Udalari, ukitutako jabeen erkidegoei eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.etxebizitza.nafarroa.eus), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 25ean.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2611515