Iragarkia
170. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
220/2026 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana; honen bidez onesten dira Revivae Nafarroa lehenengo sarien deialdia eta haren oinarri arautzaileak.
Nafarroako Gobernuak, 2023ko apirilaren 26ko erabakiaren bidez, onetsi zuen Nafarroako Despopulazioaren aurkako Borrokaren Estrategia; harekin sustatu nahi da gobernu ekintza bateratu bat, helburu nagusia izanen duena gizarte, ekonomia eta lurralde mailako baldintzak ezartzea, Nafarroan despopulatzen ari diren eremuetako populazioa mantendu eta suspertu ahal izateko.
Estrategiaren barruan, 6. helburuaren izena da "Landa eremuko bizitzaren nortasuna eta balioa", eta bi ardatz ditu:
–6.1. ardatza. Landa eremuko nortasuna balioan jartzea eta positibizatzea.
–6.2. ardatza. Landa eremuko kultura eta ondarea eta haren eboluzio jarraitua sustatzea.
Azaroaren 15eko 249/2023ko Foru Dekretuak Lurralde Kohesioko Departamentuaren Estruktura ezartzen du; haren arabera, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak du eskumena Nafarroako Despopulazioaren aurkako Borrokaren Estrategiaren ondorioz sortzen diren proiektuak garatu eta kudeatzeko (26.c art.).
"Revivae Nafarroa Sarien" helburua da aintzat hartzea, ezagutaraztea eta balioan jartzea despopulazioaren aurkako borroka modu adierazgarrian bultzatuko duten ekimenak, proiektuak eta ibilbideak, bidenabar sendotuz tokian tokiko gizarte, ekonomia eta ingurumen arloak, eta aldi berean garatuz eta dinamizatuz, modu orekatu eta jasangarrian, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea.
Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak txosten bat egin du, Revivae Nafarroa sarien lehen deialdia egiteko. Orobat, eskatu du onets daitezela deialdi horren oinarriak, zeinak argitaratuko baitira Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Departamentuaren web-orrian: https://despoblacion.navarra.es/eu/ eta Nafarroako Gobernuaren atarian www.nafarroa.es/eu.
Sari horien bidez nabarmendu nahi dira gizartean, ekonomian, ingurumenean edo kulturan eragin positiboa izanen duten esperientziak, lurralde kohesioa bultzatuko dutenak eta Nafarroako udalerrietan berrikuntza, toki nortasuna eta bizi kalitatea sustatuko dutenak.
Sari horiek jasotzeko hautagai izanen diren pertsonek eta entitateek Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan eraman behar dute aurrera beren jarduera, eta egiaztatu behar dute beren ekarpen adierazgarri gehiena egiten dutela despopulazioaren aurkako borrokan edo toki ingurunearen dinamizazioan, eta egiten dela lurralde honetan despopulazio arriskuan dauden udalerrietakoren batean (herri horien zerrenda onetsi zen Lurralde Kohesioko kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduan).
Lehiaketaren oinarriek 5 modalitate arautzen dituzte: Ekintzaile Saria, Esentzia Saria, Publika Saria, Pionera Saria eta Inspirazio Saria. Sariek ez dute diru hornidurarik; helburua dute aintzat hartzea, kategoria horietako bakoitzean, despopulazioaren aurkako borrokan berritzaileenak diren proiektuak edo jarduerak.
Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuaren interesa da Revivae Nafarroa sariak bultzatzea, arestian aipatutako kanpaina instituzionala indartzeko, helburua dela, betiere, landa munduaren irudia positibizatzea (Estrategiaren 6.1 ardatza).
Horiek horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Onestea Revivae Nafarroa sarien lehenbiziko deialdia eta hura arautzen duten oinarriak; ebazpen honen eranskinean atxikirik doaz.
2. Hartuko den ebazpena eta haren eranskina argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Dokumentu horiek guztiak eskuragarri egonen dira web orri hauetan: https://despoblacion.navarra.es/eu/ eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es/eu/).
3. Ebazpen hau helaraztea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko uztailaren 29an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.
ERANSKINA
1. oinarria.–Xedea.
"Revivae Nafarroa Sarien" helburua da aintzat hartzea, ezagutaraztea eta balioan jartzea despopulazioaren aurkako borroka modu adierazgarrian sustatu duten ekimenak, proiektuak eta ibilbideak, bidenabar sendotuz tokian tokiko gizarte, ekonomia eta ingurumen arloak, eta aldi berean garatuz eta dinamizatuz, modu orekatu eta jasangarrian, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea.
Sari horien bidez nabarmendu nahi dira gizartean, ekonomian, ingurumenean edo kulturan eragin positiboa izan duten esperientziak, lurralde kohesioa bultzatu dutenak eta Nafarroako udalerrietan berrikuntza, toki nortasuna eta bizi kalitatea sustatu dutenak.
2. oinarria.–Sarien xede diren pertsonak eta entitateak.
Pertsona fisiko edo juridiko hauek izanen dira Nafarroako Revivae sarietarako hautagai:
A.–pertsona ekintzaileak, profesionalak edo langile autonomoak.
B.–Enpresak, kooperatibak, elkarteak, fundazioak eta beste erakunde pribatu batzuk.
C.–Toki entitateak eta sektore publikoko erakundeak.
D.–Kolektiboak, plataformak edo ekimen komunitarioak, nortasun juridikoa dutenak edo gabeak, antolaketa egitura eta ordezkari bat baldin badute.
E.–Pertsona fisikoak, ibilbide ezaguna dutenak toki garapenaren arloan, lurralde dinamizazioan, toki ingurunearen defentsan edo lurralde egituraketan, edo despopulazioaren aurkako borrokan ekarpen adierazgarria egin dutelako.
Sari horiek jasotzeko hautagai izanen diren pertsonek eta entitateek Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan eraman behar dute aurrera beren jarduera, eta egiaztatu behar dute beren ekarpen adierazgarri gehiena egiten dutela despopulazioaren aurkako borrokan edo toki ingurunearen dinamizazioan, eta egiten dela lurralde honetan despopulazio arriskuan dauden udalerrietakoren batean (herri horien zerrenda onetsi zen Lurralde Kohesioko kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduan).(https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2023/49/25).
3. oinarria.–Sariak.
Honako sari hauek emanen dira, kategoria tematiko desberdinetan:
–"Ekintzaile" saria: ekintzaile edo enpresa proiektuentzat; eskatzen zaie 4 urte baino gutxiagoko ibilbide ofizial eta formala izatea, enplegua sortzea eta tokiko jarduera ekonomikoa dinamizatzea, eta beren apustuan defendatzea berrikuntza, dibertsifikazio ekonomikoa, aukerak sortzea eta lurraldeko baliabideen eta ahalmenen aprobetxamendu jasangarria.
–"Esentzia" saria: kultura, gizarte edo komunitate proiektuentzat; eskatzen zaie gizarte kohesioa, bizi kalitatea, inklusioa, berdintasuna, herritarren parte-hartzea eta tokiko nortasuna sendotzen aritzea, eta aldi berean erraztea bizikidetza, biztanleria errotzea eta gizarte-ehunaren dinamizazioa, tokiko ingurunean.
–"Publika" saria: tokian tokiko entitate publikoentzat, nabarmendu direnean berrikuntzan, zerbitzu publikoen hobekuntzan, digitalizazioan, jasangarritasunean, gobernantzan edo administrazioaren modernizazioan egindako eginahalagatik, modu eraginkorrean lagunduz herritarren bizi kalitatea handitzen eta despopulazioaren aurkako borrokan.
–"Aitzindari" saria: zalantzarik gabe emakumeen lidergoa duten tokiko eta landa inguruneko ekimenentzat prestatua dago, eta saritzen ditu haien gaitasun eraldatzailea, haien inpaktu positiboa eta tokiko eta lurraldeko garapenari egindako ekarpena, aldi berean emakumeen lidergoa, berdintasuna eta lurraldean aukera berriak sortzea sustatuz.
–"Inspirazioa" saria: pertsona edo erakunde baten ibilbidearen ohorezko aitortza, haren lana, konpromisoa edo proiektua bereziki garrantzitsua izan bada urtez urte gizartearen, lurraldearen eta ekonomiaren kohesioa garatzeko eta indartzeko, eta Nafarroan despopulazioak ukitzen dituen udalerri edo eremuetan gaitz horren aurkako dinamizazio eta borrokarako ere bai.
4. oinarria.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, eta hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta hurrengo hilabeteko egun berean bukatuko da.
4.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian, izapideen katalogoan, dagokion esteka erabiliz. www.nafarroa.es/eu.
4.3. Hautagaitza aurkezteak oinarri hauek eta deialdian ezarritako baldintzak osorik onartzea ekarriko du.
5. oinarria.–Dokumentazioa.
Hautagaitzekin batera dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Izena emateko inprimakia, behar bezala beteta, hautagai zerrendaren eta proposamena egin duen pertsonaren edo erakundearen identifikazio eta harremanetarako datuak jasoko ditu, eta zer kategorian aurkezten diren ere bai.
b) Azalpenezko memoria, gehienez 1.000 hitzekoa. Bertan, aurkeztutako proiektua, ekimena edo ibilbidea deskribatuko dira, lurraldean duen eragina, despopulazioaren aurkako borrokan egiten duen ekarpena eta hautagaitza justifikatzen duten merezimenduak.
c) Aurkeztutako proiektua edo ekimena irudiz hornituko duen material grafikoa edo ikus entzunezkoa (argazkiak, bideoak edo beste euskarri batzuk).
d) Hala badagokio, proiektuari lotutako erakunde, instituzio edo kolektiboen laguntza gutunak edo abalak, lurraldean duten eragina edo garrantzia erakutsiko dituztenak.
e) Alegatutako merezimenduak egiaztatzen ahal duten beste edozein dokumentazio osagarri, gehienez ere bi dokumentu, bakoitza gehienez 1.000 hitzekoa.
Antolakuntzak proposatzen ahalko du, hala badagokio, hautagaitza baten kategoria aldatzea, beste modalitate batera hobeki egokitzen dela uste badu.
Pertsona, enpresa edo erakunde bakoitzak kategoria desberdinetarako bi hautagaitza aurkezten ahalko ditu gehienez, eta ez da saritzen ahalko hautagaitza bat bera, kategoria batean baino gehiagotan.
6. oinarria.–Eskaeren akatsak zuzentzea.
Epe barruan aurkeztutako eskaerak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, edo behar den dokumentazioa ez bada aurkezten, interesdunari eskatuko zaio akatsa gehienez hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, edo behar diren dokumentuak aurkezteko, eta argituko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.
7. Oinarria.–Baloratzeko prozedura, epaia eta emakida.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak berariaz izendatutako epaimahaiak baloratuko ditu aurkeztutako hautagaitzak.
Epaimahaia osatuko dute epaimahaiburuak, bi mahaikidek eta idazkariak.
–Epaimahaiburua: Miren Sanz de Galdeano Martínez de Eulate andrea, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuko zuzendaria.
–Epaimahaiburu ordezkoa: Ana Rodríguez Hidalgo andrea, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria.
–Epaimahaikidea: Maite Solano Pitillas andrea, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuko Analisi eta Plangintza Estrategikorako eta Politika Publikoen Koordinaziorako Ataleko burua.
–Ordezko epaimahaikidea: Fernando Imaz Martínez jauna, nekazaritzako ingeniaria Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuan.
–Epaimahaikidea: Sara Esparza Gonzalez andrea, Lursarea - Nasuvinsako despopulazioko taldearen koordinatzailea.
–Ordezko epaimahaikidea: Natalia Soto Moraleda andrea, Lursarea - Nasuvinsako despopulazio taldeko teknikaria.
–Idazkaria: Inge Zelaia Zubikoa andrea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).
–Idazkari ordezkoa: Ana Barcos Aranburu andrea, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuko Proiektu Estrategikoen Ataleko burua.
Idazkaria epaimahaiaren bileretara joaten ahalko da, hitzarekin baina botorik gabe, eta eztabaiden eta erabakien akta egiteaz arduratuko da.
Obrak ebaluatzeko, epaimahaiak parametro hauen arabera ezarriko ditu puntuazio irizpideak, garrantzitsutzat jotzen dituen beste batzuez gain: kalitate teknikoa, originaltasuna, sormena eta lehiaketaren gaiarekiko egokitasuna.
Epaimahaiak sarietako bat eman gabe uztea proposatzen ahalko du, baldin eta uste badu aurkeztutako hautagaitzek ez dituztela betetzen saritua izateko eskatzen diren gutxieneko merezimenduak edo kalitatea.
Oinarri hauetan aurreikusi gabeko egoerarik sortzen bada ebaluazio prozesuan, epaimahaiak ebatziko du, eta haren erabakiak, azken erabakia barne, autonomia osoz hartuko dira, eta ez dira aurkaratzen ahalko.
8. oinarria.–Baloratzeko prozedura, epaia eta emakida.
8.1. Aurkezteko epea agorturik, onartutako hautagaitzak hemen argitaratuko dira: https://despoblacion.navarra.es/eu, proiektuei ikusgarritasuna emateko eta herritarrek ezagutu ditzaten.
8.2. Balorazioa eta puntuazioa emateko prozedura.
Irabazlea izanen da modalitate bakoitzean epaimahaiaren boto gehien lortu dituen hautagaitza.
Erabakia hartzeko, epaimahaia osatzen duten kideetako bakoitzak baloratuko ditu aurkezten diren hautagaitzak, irizpide hauen arabera, hautagaitza guztiekin haztapen berbera erabiliz:
a) Gizarte, ekonomia eta lurralde arloetan duen eragina.
b) Despopulazioaren aurkako borrokari egindako ekarpena.
c) Berrikuntza eta izaera eraldatzailea.
d) Ikuspegi inklusiboa eta genero eta aukera berdintasuna.
Hautagaitzen balorazioa eginen da objektibotasun, gardentasun eta berdintasun irizpide zorrotzen arabera eta, behar izanez gero, epaimahaikideek beren botoa eskuordetzen ahalko dute.
Berdinketa izanez gero, epaimahaiburuak ebatziko du, kalitateko botoa erabiliz.
8.3. Emaitzen argitalpena.
Epaimahaiak hautagaitzak baloratu eta sariak erabaki ondoren, emaitzak argitaratuko dira web orri hauetan: www.navarra.es.eu eta https://despoblacion.navarra.es/eu/. Berdinketarik bada, epaimahaiburuak ebatziko du kalitateko botoa baliatuz.
Hautagaitza irabazleen zerrenda argitara emanen da, eta irabazleei jakinaraziko zaie saria jaso dutela; edo, hala badagokio, saria eman gabe geratu dela adieraziko da.
9. oinarria.–Sariak ematea.
Revivae Nafarroa sarien banaketa ekitaldi publiko instituzional batean eginen da, Nafarroako Foru Komunitateko herri batean.
Saria diploma batez eta oroigarri batez osatuko da, eta Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, horretarako antolatutako ekitaldi publiko batean emanen dio irabazleari, dagokion deialdian zehazten diren egunean eta lekuan.
10. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudia betez —Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa—, parte-hartzaileei jakinarazten zaie lehiaketa honen ondorioz ematen dituzten datu pertsonalak Nafarroako Gobernuaren ardurapeko fitxategi edo datu-base batean sartuko direla.
Datu horien tratamenduaren helburua da behar bezala kudeatzea lehiaketako parte-hartzea, epaiaren jakinarazpena eta sari ematea, eta kasua bada, irabazleen izena eta irudia zabaltzea ere bai, oinarri hauetan adierazitako komunikabideetan eta bitartekoetan, lehiaketa ezagutarazteko eta emaitzaren berri emateko.
Hau da tratamendu hori legezko bilakatzen duen oinarri juridikoa: parte-hartzaileek lehiaketan izena ematean emandako adostasuna, bai eta antolakundeak bere helburu publikoak sustatzeko duen interes legitimoa ere. Helburu horietarako dira beharrezkoak eskatutako datuak, eta horretarako bakarrik erabiliko dira. Antolakuntzaz kanpoko hirugarrenen eskura jarriko diren datu pertsonal bakarrak izanen dira saritua izanez gero edo legezko betebeharrak betetzeko beharko direnak (egilearen izena eta jatorrizko herria, bereziki). Lehiaketa bukatu eta sariak eman ondoren, datu pertsonalak soilik gordeko dira legezko erantzukizunak erator daitezkeen epean, eta gardentasuneko eta artxibatze historikoko betebeharrak bete arte. Ondotik, ezabatu eginen dira.
Parte-hartzaileek eskubidea dute beren datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko, tratamendua inoren esku uztea aurkaratu edo mugatzeko; eskubidea baliatzeko, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar diote Lurralde Kohesiorako Departamentuari, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo edozein erregistro bulegoren bidez, gaian honako hau adieraziz: "Datuen babesa - Revivae Nafarroa sariak".
Halaber, jakinarazten zaie eskubidea dutela erreklamazio bat aurkezteko, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, beren eskubideak urratu direla uste badute.
Lehiaketan parte hartzeak adierazten du interesdunak datuen babesari buruz azaldutako informazioa irakurri eta ulertu duela, eta baimena ematen duela bere datuak adierazitako baldintzetan tratatzeko.
11.–Oinarrien onarpena.
Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek guztiak osorik onartzea, inolako mugarik eta baldintzarik gabe, bai eta epaimahaiaren epai apelaezina ere.
Lehiaketan aurrera egin ahala oinarri hauetan ezarritako xedapenen bat betetzen ez bada, berehala baztertzen ahalko da araua hautsi duen parte-hartzailea, erakunde deitzailearen edo epaimahaiaren iritziari jarraituz.
Antolakuntzak beretzat gordetzen du oinarri hauen interpretazioari buruz edo bertan aurreikusi ez diren egoerei buruz planteatzen diren gai guztiak ebazteko eskubidea, bere irizpiderik onenaren arabera eta modu loteslean.
Era berean, erakunde deitzaileak aldaketak egiten ahalko ditu lehiaketak aurrera egin ahala edo, are deialdi hau bertan behera uzten ahalko du, behar bezala justifikatutako interes publikoko arrazoiak, arrazoi teknikoak edo antolakuntzakoak tarteko, eta konpromisoa hartzen du hori behar besteko aurrerapenez jakinarazteko, deialdirako erabilitako bitarteko berberen bidez, horrek parte-hartzaileen erreklamaziorako inolako eskubiderik sortu gabe.
Oinarri hauen interpretazioan bat ez etortzeak sortuz gero, antolakuntzaren irizpidea nagusituko da.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz honen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
Iragarkiaren kodea: F2610579
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
