Iragarkia
169. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
555/2026 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura gara dadin, 2026-2027 ikasturtean, Lanbide Heziketako irakaskuntzetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-irakaskuntzetako erdi-mailako heziketa-zikloak egiteko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan.
Hezkuntzako kontseilariak apirilaren 11n emandako 40/2024 Foru Aginduak arautzen eta garatzen du ikasleak onartzeko prozesua, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan funts publikoekin finantzatutako ikasketak egin ditzaten, aurrez aurreko modalitatean, Lanbide Heziketaren Sistemako D eta E graduetan zein Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-irakaskuntzetan, eta, bestetik, Nafarroako Foru Komunitatean baimena duten ikastetxe publikoetan eta entitate nahiz ikastetxe pribatuetan ikasketak egin ditzaten, aurrez aurreko modalitatean, Hezkuntza Departamentuak kudeatzen duen Lanbide Heziketaren Sistemako A, B eta C graduetako eskaintzaren barnean. Hala, foru agindu horren 4.5 eta 35.3 artikuluek ezartzen dute onartzeko prozesua garatuko dela foru agindu horrexen xede diren irakaskuntzen eta prestakuntzen gaineko eskumena duen zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez.
Foru agindu horrek xedatzen duenez, ikasleak epe arruntetik kanpo onartzeko prozesuaren barnean sartzen dira, batetik, eskola-jarduerak hasi aurretik eskaerak egiteko aldia, ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura (IHEP) izenekoa, eta jarduera horiek hasi ondoren eskaerak egiteko aldia, ikaspostu libreen esleipena (ILE) izenekoa. Era berean, ezartzen du eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen baten bidez zehaztuko direla datak eta prozedura horiek garatzeko jarraibideak.
Erdi-mailako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan ikasleen ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura abuztuaren amaieraren eta irailaren lehen hamabostaldiaren artean izanen da. Horregatik, beharrezkoa da honako hauek arautzeko jarraibideak onestea: ikaspostu hutsen argitalpena, parte har dezaketen pertsonak, eskabideen aurkezpena eta konfigurazioa, horiekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, onarpen-irizpideak, behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzea, erreklamazioak eta zuzenketak aurkeztea, ikaspostuak esleitzea eta 2026-2027 ikasturteko matrikulak formalizatzea.
Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak otsailaren 24an emandako 41/2026 Ebazpenaren bidez onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozesuaren egutegia 2026-2027 ikasturterako, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak zein Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-irakaskuntzetako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak egiteko.
Behin aztertuta zer jarduketa egin behar diren erdi-mailako ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura behar bezala garatu dadin, beharrezkoa da 41/2026 Ebazpenean prozedura horretarako ezarritako datak aldatzea. Aldaketaren xedea da behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik behin betiko lehen esleipenera arteko epea luzatzea, eskatzaileek epe nahikoa izan dezaten erreklamazioak aurkezteko eta aurkeztu gabeko dokumentazioa zuzentzeko, eta ikastetxe hartzaileek eta prozesua kudeatzeko eskumena duen Hezkuntza Departamentuko unitateak astia izan dezaten eskaerak egiaztatzeko, hautemandako gorabeherak ebazteko eta beharrezkoak diren kontrol zentralizatuak egin ahal izateko, plazak behin betiko esleitu aurretik.
Ondorioz, ebazpen honen bidez zenbait jarraibide onesten dira 2026-2027 ikasturterako erdi-mailako heziketa-zikloetan ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura garatzeko, eta 41/2026 Ebazpenean ezarritako datak aldatzen dira, prozedura horretarako soilik. Ebazpen horren bidez onetsitako onarpen-prozesuaren egutegiko gainerako datek eta jarduketek indarrean jarraituko dute.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura (IHEP) garatzeko jarraibideak onestea, Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi-mailako heziketa-zikloak egiteko 2026-2027 ikasturtean. Ebazpen honen eranskinean daude jasota.
2. Erdi-mailako ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurari dagokionez baino ez, aldatzea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren 41/2026 Ebazpenean ezarritako datak (41/2026 Ebazpena, otsailaren 24koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2026-2027 ikasturterako onartzeko prozesuaren egutegia, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak zein Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak egiteko).
Honako hauek izanen dira erdi-mailako ikaspostu hutsak esleitzeko prozeduraren datak:
a) Ikaspostu hutsak argitaratzea: 2026ko abuztuaren 27a.
b) Izena emateko eskabideak aurkeztea: 2026ko abuztuaren 28tik 31ra.
c) Behin-behineko zerrenda argitaratzea: 2026ko irailaren 4a.
d) Erreklamazioak aurkeztea eta dokumentazioa zuzentzea: 2026ko irailaren 4tik 8ra.
e) Onartuen behin betiko lehen zerrenda argitaratzea: 2026ko irailaren 10a.
f) Behin betiko lehen zerrendan onartutakoen matrikula: 2026ko irailaren 11.
g) Onartuen behin betiko bigarren zerrenda argitaratzea: 2026ko irailaren 14a.
h) Behin betiko bigarren zerrendan onartutakoen matrikula: 2026ko irailaren 15a.
Ebazpen honen eranskinean ezartzen da noiz, non, nola eta zein baldintzatan egin behar diren jarduera horiek.
3. Ebazpen hau eta haren eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integrazioko Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Inklusio Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera, Eskolatze Bulegora eta Orientazio Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honen eta dagokion eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 17an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–ERDI-MAILAKO HEZIKETA-ZIKLOETAN IKASPOSTU HUTSAK ESLEITZEKO PROZEDURA (IHEP) GARATZEKO JARRAIBIDEAK. 2026-2027 IKASTURTEA
1.–Alderdi orokorrak.
1. Erdi-mailako zikloetan onartua izateko ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurari (IHEP) dagokionez, aplikatzekoa da honako foru agindu honetan xedatutakoa, egun duen idazketaren arabera: 40/2024 Foru Agindua, apirilaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Horren bidez, ikasleak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko prozesua arautu eta garatzen da, funts publikoen bidezko irakaskuntzak egiteko, aurrez aurreko modalitatean, Lanbide Heziketako Sistemaren D eta E graduei eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-ikasketei dagozkienak, eta orobat, ikastetxe publikoetan, ikastetxe pribatuetan eta entitateetan, Nafarroako Foru Komunitatean baimenduetan, aurrez aurreko modalitatean, Hezkuntza Departamentuak kudeatzen duen Lanbide Heziketako Sistemako A, B, eta C graduei dagozkien irakaskuntzak egiteko.
2. Apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduan ezarrita dago zer ikasleri dagoen zuzendua, zein baldintza bete behar dituzten eta zein irizpide erabiliko diren erdi-mailako zikloetako lehen ikasmailako ikaspostu hutsak esleitzeko prozeduran onartuak izateko; zehazki, Lanbide Heziketako zikloen kasurako, 50., 54. eta 55. artikuluetan ezarrita dago hori, eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-irakaskuntzen kasurako, berriz, 58., 62. eta 63. artikuluetan. Bigarren ikasmailan onartuak izateko, foru agindu horren 92. artikulutik 97.era bitartekoetan ezarritakoa aplikatuko da.
2.–Erdi-mailako IHEPeko ikaspostu hutsak.
1. Hezkuntza Departamentuak 2026ko abuztuaren 27an zehaztu eta argitaratuko du zer ikastetxe, ziklo, ikasmaila eta unitatetan dauden ikaspostu hutsak erdi-mailako IHEPerako, bat etorriz Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 41/2026 Ebazpenarekin.
2. Argitaratutako zerrenda hori bat etorriko da 2026ko abuztuaren 26ko 14:00etan dauden ikaspostu hutsekin, eta Hezkuntza Departamentuak egiaztatuko du.
3. Erdi-mailako IHEPerako argitaratutako ikaspostu hutsen zerrendan agertzen diren aukerak baino ezin izanen dira adierazi. Honako hauek agertuko dira aukera bakoitzean: heziketa-zikloa, ikastetxea, ikasmaila –lehena edo bigarrena– eta eskaintzaren ezaugarriak; besteak beste, hizkuntza eta txanda.
4. Erdi-mailako IHEPeko ikaspostu hutsen argitalpenean sartzen ez diren ikastetxe, ziklo, ikasmaila edo eskaintza-ezaugarrietako ikaspostuak ez dira prozedura honetan esleituko. Lehenengo ikasmailan, ondoren eskaintzen ahalko dira, ikaspostu libreen esleipenean (ILE), aldi hori arautzen duen ebazpenari jarraituz. Bigarren ikasmailan, IHEParekin bukatzen da epe arruntetik kanpoko onarpen-prozesua.
3.–Parte har dezaketenak eta aukeren konfigurazioa.
1. Apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 36.1 artikuluan ezarritako kasuren batean daudenek aurkezten ahalko dute eskaera erdi-mailako IHEPean. Parte hartzeko, ezinbestekoa izanen da eskabide espezifiko bat aurkeztea erdi-mailako IHEPeko epearen barnean.
Jarraibide hauen ondorioetarako:
a) «Onarpen-prozesu arruntetik datorren aukeratzat» hartuko da onarpen-prozesu arrunteko eskabidean jasotako aukera, baldin eta prozesu hori bukatutakoan ere ondorioak baditu eta IHEPeko eskabidean baldintza horrekin sartzen bada, jarraibide hauetan ezarritako arauekin bat.
b) «IHEPeko aukeratzat» hartuko da IHEPeko eskabide espezifikoan jasotako aukera, baldin eta ez bazaio eusten onarpen-prozesu arruntetik datorren aukeraren izaerari eta ondorioei. Beste aukera batzuk ere halakotzat hartuko dira, jarraibide hauetan berariaz ezarritako kasuetan, materialki bat egin arren onarpen-prozesu arruntaren eskabidean aurrez jasotako aukerekin.
Aukera bat «onarpen-prozesu arruntetik datorren aukeratzat» edo «IHEPeko aukeratzat» hartzeak eragina izanen du IHEPeko irizpidea aplikatzeko orduan, jarraibide hauen 9. eta 10. ataletan ezarritakoari jarraikiz.
A taldea.–Onarpen-prozesu arrunta ikasposturik lortu gabe amaitu duten ikasleak.
2. Honako hauek sartzen dira talde horretan:
a) Onarpen-prozesu arruntean parte hartuta, onartuen behin betiko lau zerrendetan ikasposturik lortu ez zutenak.
b) Onarpen-prozesu arruntean parte hartuta, plaza lortu arren, ez matrikulatzeagatik baztertuta gelditu zirenak, eta ondoren, inskripzioa aktibatzeko eskatuta, onarpen-prozesu arruntean parte hartu bai baina ikasposturik lortu gabe bukatu zutenak.
3. Erdi-mailako IHEPean parte hartzeko, pertsona horiek eskabide bat aurkeztu beharko dute IHEPean, eta aukera izanen dute prozesu arrunteko eskabidean jasotako aukera guztiak, batzuk, bakarra edo bat ere ez hautatzeko, baldin eta IHEPeko ikaspostu hutsen zerrendan argitaratu badira, betiere eskabidean gutxienez baliozko aukera bat jasotzen bada (onarpen-prozesu arruntetik datorren aukera izan daiteke, edo IHEPeko aukera berria, bestela). Era berean, aukera berri batetik seira bitarte gehitzen ahalko dituzte, IHEPean argitaratutako ikaspostu hutsei dagozkienak.
Apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 36.3.f) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, honako hauek hartuko dira onarpen-prozesu arruntetik datozen aukeratzat, IHEPean parte hartzeko eskabide batean: onarpen-prozesu arrunteko eskabidean jasotako aukerak, IHEPean ikaspostu hutsen zerrendan argitaratu direnak eta eskatzaileak berariaz hautatu dituenak IHEPeko eskabidean. Hautatutako aukerek, nolanahi ere, eutsiko diote onarpen-prozesu arrunteko eskabidean zuten hurrenkera erlatiboari.
Hautatzen ez diren aukerak ez dira jasoko IHEPean parte hartzeko eskabidean, onarpen-prozesu arruntean jasoak egon arren, eta ez dute eskubiderik sortuko prozedura honetako itxarote-zerrendetan.
–Aukera berriak lehentasun-ordenaren arabera idatziko dira, eta aurreko puntuan adierazitako aukeren ondoren kokatuko dira beti. Ezin izanen dira aukera horien artean tartekatu.
–Eskaerak, nolanahi ere, baliozko aukera bat jaso beharko du gutxienez. Zilegi izanen da onarpen-prozesu arruntean hautatutako aukerak soilik agertzea, IHEPeko aukera berriak soilik agertzea, edo bi aukera-blokeetakoak agertzea.
–Eskabidean, gehienez, hamabi aukera jasotzen ahalko dira: sei aukera, gehienez, onarpen-prozesu arruntetik datozenak, eta IHEPeko beste sei aukera berri, gehienez.
–Eskabidea epearen barnean aurkezten ez duenak ez du IHEPean parte hartuko.
4. Onarpen-prozesu arruntaren eskabidean agertzen zen aukera bat ezin izanen da IHEPeko aukera berri gisa jaso eskabide hartan zuen posizioa aldatzeko. Hari eutsi nahi bazaio, prozesu arruntetik datorren aukera gisa identifikatu beharko da, eta jatorrizko ordena erlatiboari eutsiko dio nahitaez. Aukera bat ezin izanen da behin baino gehiagotan agertu parte hartzeko eskaeran.
5. A taldeko pertsonen lehen ikasmailako eskabideetan, gerta daiteke bost lehentasun-taldeetako bakoitzarekin bat datozen pertsonak egotea, aintzat hartuta apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 55.1 eta 63.1 artikuluetan ezarritako irizpideak.
Lehentasun-talde horietako bakoitzean eta aukera bakoitzerako, IHEPeko irizpidea aplikatuko da: lehenbiziko lehentasun-azpitaldean kokatuko dira aukera hori onarpen-prozesu arrunteko aukeratzat dutenak, eta bigarren lehentasun-azpitaldean kokatuko dira aukera hori IHEPeko aukeratzat dutenak.
B taldea.–Lehenengoa ez den beste aukera batean, aukera hobetzea hautatuz matrikulatutako ikasleak.
6. Honako hauek sartzen dira talde horretan:
a) Lehenengoa ez den beste aukera batean, aukera hobetzea hautatuz matrikulatutakoak.
b) Onarpen-prozesu arruntean parte hartuta, ikaspostua lortu arren, ez matrikulatzeagatik baztertuta gelditu zirenak, eta ondoren, inskripzioa aktibatzeko eskatuta, lehenengoa ez den beste aukera batean matrikulatuta eta aukera hobetzea hautatuz bukatu zutenak onarpen-prozesu arrunta.
7. Erdi-mailako IHEPean parte hartzeko, pertsona horiek onarpen-prozesu arruntean parte hartzearen ondoriozko matrikulari eutsi behar diote, eta eskabide bat aurkeztu IHEPean. Bertan, prozesu arrunteko eskabidean agertzen ziren aukeretako bat, batzuk edo guztiak hautatzen ahalko dituzte, baldin eta lehentasun handiagoa badute matrikulako ikaspostuak baino, eta IHEPeko ikaspostu hutsen zerrendan argitaratuta badaude.
–Ezin izanen da aukera berririk gehitu, norbera matrikulatuta dagoen aukera hautatu edo lehentasun txikiagoko aukerarik hautatu.
–Aukera bat baino gehiago hautatzen bada, onarpen-prozesu arrunteko lehentasun-ordena erlatibo berari eutsi beharko zaio haien artean. Ezin izanen dira berrantolatu.
–Hautatu ez diren lehentasunezko aukerek ez dute parte hartuko IHEPean, eta ez dute eskubiderik sortuko prozedura honetako itxarote-zerrendetan.
–Lehentasunezko aukera batean ez badago ikaspostu hutsik, ezin izanen da eskaerarik aurkeztu kasu horretan.
–Eskabidea epearen barnean aurkezten ez duenak ez du IHEPean parte hartuko.
8. B taldeko pertsonen lehen ikasmailako eskabideetan, gerta daiteke bost lehentasun-taldeetako bakoitzarekin bat datozen pertsonak egotea, aintzat hartuta apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 55.1 eta 63.1 artikuluetan ezarritako irizpideak.
Talde horretako pertsonek soilik onarpen-prozesu arruntetik datozen aukerekin parte har dezakete; hortaz, aukera bakoitzerako, dagokien lehentasun-taldean kokatuko dira, IHEPeko irizpideko lehenbiziko lehentasun-azpitaldean.
C taldea.–Onarpen-prozesu arrunta «baztertuta», «baliogabetuta» edo «uko eginda» dioen inskripzio batekin amaitu zuten ikasleak.
9. Honako hauek sartzen dira talde horretan:
a) Onarpen-prozesu arruntean ikaspostua lortu bai baina matrikula egin ez zutenak, eta, hortaz, baztertuta gelditu eta prozesu arrunta baztertu gisa amaitu zutenak.
b) Onarpen-prozesu arruntaren eskaera baliogabetu zutenak edo lortutako ikaspostuari edo matrikulari uko egin edo hura baliogabetu zutenak.
10. Erdi-mailako IHEPean parte hartzeko, pertsona horiek eskaera bat aurkeztu beharko dute IHEPean. Bertan, gutxienez aukera bat zehaztu beharko dute, eta gehienez beste bost aukera gehitzen ahalko dituzte (guztira, sei gehienez). Aukera horiek askatasunez aukeratuko dituzte IHEPean argitaratutako ikaspostu hutsen artean, lehentasun-ordenaren arabera kontsignatuta. Parte hartzeko eskabidean, aukera horiek soilik agertuko dira.
11. C taldeko pertsonen lehen ikasmailako eskabideetan, gerta daiteke bost lehentasun-taldeetako bakoitzarekin bat datozen pertsonak egotea, aintzat hartuta apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 55.1 eta 63.1 artikuluetan ezarritako irizpideak.
Talde honetako pertsona guztiek hautatutako aukerak, IHEParen ondorio guztietarako (onartuak izateko irizpideak aplikatzea barne), IHEPeko aukeratzat hartuko dira.
Halakotzat hartuko dira nahiz eta hautatutako aukeretakoren batek bat egin onarpen-prozesu arrunteko eskabidean jasotako aukera batekin; izan ere, pertsona horiek IHEPeko eskabide berri baten bidez parte hartzen dute, eta ez zaizkie gordetzen prozesu arrunteko aukerak eta eskubideak.
Horrenbestez, bost lehentasun-taldeetako bakoitzaren barnean eta aukera bakoitzerako, talde honetako pertsonak bigarren lehentasun-azpitaldean kokatuko dira, IHEPeko irizpidea aplikatuta.
D taldea.–Lehen aukeran matrikulatutako ikasleak eta lehenengoa ez den beste aukera batean aukera ez hobetzea hautatuz matrikulatutako ikasleak, uko egiten diotenak IHEParen aurreko prozesu arruntean lortutako matrikulari.
12. Honako hauek sartzen dira talde horretan:
a) Onarpen-prozesu arruntean lehen aukeran ikaspostua lortu eta bertan matrikulatu zirenak.
b) Onarpen-prozesu arruntean lehenengo aukera ez den beste batean ikaspostua lortu eta aukera ez hobetzea hautatuz matrikulatu zirenak.
13. Matrikulatuta dauden horiek ezin izanen dute IHEPean parte hartu matrikulak aktibo jarraitzen duen bitartean. IHEPean parte hartu nahi badute, lehendabizi matrikula baliogabetu eta, gero, eskabide bat aurkeztu beharko dute IHEPean. Bertan, gutxienez aukera bat zehaztu beharko dute, eta gehienez beste bost aukera gehitzen ahalko dituzte (guztira, sei gehienez). Aukera horiek askatasunez aukeratuko dituzte IHEPean argitaratutako ikaspostu hutsen artean, lehentasun-ordenaren arabera kontsignatuta. Parte hartzeko eskabidean, aukera horiek soilik agertuko dira.
14. D taldeko pertsonen lehen ikasmailako eskabideetan, gerta daiteke bost lehentasun-taldeetako bakoitzarekin bat datozen pertsonak egotea, aintzat hartuta apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 55.1 eta 63.1 artikuluetan ezarritako irizpideak.
Talde honetako pertsona guztiek hautatutako aukerak, IHEParen ondorio guztietarako (onartuak izateko irizpideak aplikatzea barne), IHEPeko aukeratzat hartuko dira.
Halakotzat hartuko dira nahiz eta hautatutako aukeretakoren batek bat egin onarpen-prozesu arrunteko eskabidean jasotako aukera batekin; izan ere, pertsona horiek IHEPeko eskabide berri baten bidez parte hartzen dute IHEPean, prozesu arruntean lortutako matrikula bat baliogabetu ondoan, eta ez zaizkie gordetzen prozesu arrunteko aukerak eta eskubideak.
Horrenbestez, bost lehentasun-taldeetako bakoitzaren barnean eta aukera bakoitzerako, talde honetako pertsonak bigarren lehentasun-azpitaldean kokatuko dira, IHEPeko irizpidea aplikatuta.
E taldea.–Onarpen-prozesu arruntean parte hartu ez duten ikasleak.
15. Honako hauek sartzen dira talde horretan:
a) Onarpen-prozesu arruntean izena eman ez dutenak.
b) Onarpen-prozesu arruntean izena eman ondoan, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 24. artikulua aplikatuz prozesu horretatik kanpo gelditu direnak.
c) Onarpen-prozesu arrunten izena eman duten baina prozesuan parte hartu ez dutenak.
16. Erdi-mailako IHEPean parte hartzeko, pertsona horiek eskaera bat aurkeztu beharko dute IHEPean. Bertan, gutxienez aukera bat zehaztu beharko dute, eta gehienez beste bost aukera gehitzen ahalko dituzte (guztira, sei gehienez). Aukera horiek askatasunez aukeratuko dituzte IHEPean argitaratutako ikaspostu hutsen artean, lehentasun-ordenaren arabera kontsignatuta. Parte hartzeko eskabidean, aukera horiek soilik agertuko dira.
17. E taldeko pertsonen lehen ikasmailako eskabideetan, gerta daiteke bost lehentasun-taldeetako bakoitzarekin bat datozen pertsonak egotea, aintzat hartuta apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 55.1 eta 63.1 artikuluetan ezarritako irizpideak.
Talde honetako pertsona guztiek hautatutako aukerak, IHEParen ondorio guztietarako (onartuak izateko irizpideak aplikatzea barne), IHEPeko aukeratzat hartuko dira, nahiz eta talde honetan sartutako kasuren batean, aukeretakoren batek bat egin onarpen-prozesu arrunteko eskabidean jasotako aukera batekin.
Horrenbestez, bost lehentasun-taldeetako bakoitzaren barnean eta aukera bakoitzerako, talde honetako pertsonak bigarren lehentasun-azpitaldean kokatuko dira, IHEPeko irizpidea aplikatuta.
Aurrez aurreko inskripzio-orrian adieraztea eskatzailea zer taldetan dagoen.
18. Eskatzaileak IHEPean izena emateko orrian adierazi beharko du zer taldetan parte hartzen duen, eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztu.
19. Ikastetxe hartzaileak egiaztatu eta erregistratuko ditu eskatzaileek jarraibide hauen arabera aurkeztu dituzten datuak eta dokumentuak.
20. A eta B taldeetako pertsonen IHEPeko eskaeretan:
a) Onarpena kudeatzeko Educa sisteman jasoko dira prozesu arruntaren inskripzioan agertzen ziren sarrerako datuak: jatorrizko ikasmaila, sarbide-nota eta "Parte hartu" erabakia.
b) Ikastetxeak egiaztatu beharko du, IHEPean adierazitako aukeren artean, zer ordenatan agertzen diren prozesu arruntean hautatutako aukeretatik datozenak, ziurtatzeko eusten diotela ordena erlatiboari, jarraibide hauetan adierazitakoarekin bat, eta adierazi direla, kasua bada, hautatutako aukera berriak baino lehentasun handiagoarekin. Ondoren, IHEPeko inskripzioa erregistratu beharko du Educan.
21. C eta D taldeetako pertsonen IHEPeko eskabideetan:
a) Onarpena kudeatzeko Educa sisteman jasoko dira prozesu arruntaren inskripzioan agertzen ziren sarrerako datuak: jatorrizko ikasmaila, sarbide-nota eta "Parte hartu" erabakia.
b) Ikastetxeak IHEPeko inskripzioa erregistratu beharko du Educan, adierazitako aukerak hautatutako ordenan kontsignatuta.
22. E taldeko pertsonen IHEPeko eskabideetan:
a) Onarpena kudeatzeko Educa sistemak ez ditu automatikoki jasoko sarbide-datuak (jatorrizko ikasmaila, sarbide-nota eta "Parte hartu" erabakia), eta eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta bete beharko dira.
b) Ikastetxeak IHEPeko inskripzioa erregistratu beharko du Educan, adierazitako aukerak hautatutako ordenan kontsignatuta.
23. IHEPeko eskabidea jasotzen duen ikastetxeak egiaztatuko du, IHEPean zehaztu diren aukeren artean, zuzena dela prozesu arrunteko aukeretatik datozenen ordena erlatiboa. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak gaitutako baliabide informatikoa erabiliko da.
4.–Eskabidea aurkeztea.
1. Ikasle bakoitzak eskabide bakarra aurkezten ahalko du erdi-mailako IHEPean. Pertsona berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, IHEPetik kanpo geldituko da, nahiz eta horietako bati uko egin aurkezteko epea amaitu ondoren.
2. Eskaera adin nagusiko ikasleek egin behar dute, edo, ikasle adingabeen kasuan, guraso-ahala duten amek edo aitek, legezko tutoreek edo haiek eskuordetutako norbaitek.
3. Eskabidea honela aurkezten ahalko da:
a) Ahal dela, aurrez aurre, zer ikastetxek ematen duen IHEPeko eskabidean lehenik dagoen aukera, horko idazkaritzan.
b) Telematikoki, Educa-Ataria bidez, «Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi-mailako zikloetan izena ematea» izeneko izapideen fitxan gaitutako estekaren bidez.
4. Aurkezpen telematikoan, IHEPeko eskabidea aurkeztutzat joko da izapidea amaitu eta Educan «aurkeztuta» egoeran agertzen denean. Izena emateko epea amaitzean «zirriborro» egoeran dauden eskabideak ez dira aurkeztutzat joko, eta ez dute IHEPean parte hartuko. Nahitaezko dokumenturen bat falta izanez gero, horrek ez du eragotziko eskabidea formalki aurkeztea, baina ekarriko du, hala badagokio, «ez du parte hartzen» egoeran agertzea behin-behineko zerrendan. Dokumentazioaren zuzenketa egiten ahalko da jarraibide hauetan aurreikusitako epean.
5. Aurrez aurreko aurkezpenean, aipatutako izapideen fitxan argitaratutako eredu ofiziala erabiliko da. Ikastetxeak kopia zigilatu eta datatu bat emanen du egiaztagiri gisa. Orriak, gutxienez, honako hauek jaso beharko ditu:
a) Eskatzaileak parte hartzeko zer talde aitortzen duen, ebazpen honetan adierazitakoen artetik (A, B, C, D edo E taldea).
b) Aukeren zerrenda bakarra, ordenan. Onarpen-prozesu arruntetik datozen aukerak eta IHEPeko aukera berriak eduki ditzaketen taldeetan, prozesu arruntekoak aukera berrien aurretik kokatuko dira (onarpen-prozesu arruntean adierazitako ordena erlatibo berean); hala, onarpen-prozesu arruntetik datozen aukeren bloke bat osatuko dute, eta ondoren beste bloke bat izanen da, kasua bada, IHEPeko aukera berriez osatua.
c) Aukera bakoitzaren identifikazio osoa: ikastetxea, zikloa, ikasmaila, hizkuntza eta txanda.
d) Berariazko adierazpen bat, zehazten duena jasotako aukerak eta aurkeztutako dokumentazioa eskatzailearen benetako egoerarekin bat datozela.
e) Eskaerarekin batera aurkeztu behar den nahitaezko dokumentazioaren zerrenda, parte hartzeko kasuaren arabera.
6. Eskatzaileak izena emateko epea amaitu arte aldatzen edo zuzentzen ahalko du eskaera. Epe hori amaitutakoan, ezin izanen ditu aukerak gehitu edo ezabatu, ez eta lehentasun-ordena aldatu ere. Geroago zuzenketak egiten badira erregistroko akats materialak zuzentzeko edo juridikoki baliozkoak ez diren aukerak ezabatzeko, ez dira eskaeraren aldaketatzat hartuko. Jarraibide hauen 6. atalean ezarritakoari jarraituz ebatziko dira prozesu arruntetik datozen aukeren ordena erlatiboaren aldaketak.
7. IHEPean izena emateko eskaera aurkezteak berekin ekarriko du baimena ematea argitara eman daitezen beharrezkoak diren datu pertsonalak, onartzeko, baztertzeko eta itxaroteko behin-behineko eta behin betiko zerrendetan, bat etorriz apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 36.3.o) artikuluan ezarritakoarekin.
5.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1. Dokumentazio orokorra eta berariazkoa honela aurkeztu beharko da:
a) Adierazitako talde guztietakoek (A, B, C, D eta E): bai eskabide telematikoan, bai aurrez aurrekoan, NANaren, AIZaren edo pasaportearen kopia arrunta aurkeztuko dute, bi aldeetatik, edo IHEPeko eskabidean xede den pertsonaren nortasuna egiaztatzen duen beste edozein legezko dokumenturena.
b) E taldeko pertsonek sartzeko baldintza eta sarbide-nota egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute (salbu eta jada Educan badago). Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloen kasuan, gaitasun artistikoaren proba gainditu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, edo proba horretatik salbuetsita daudela egiaztatu.
c) A, B, C eta D taldeetakoek bestelako agiriak aurkezten ahalko dituzte IHEPean, baldin eta ez badute eraginik baremoan eta ez bazituzten aurkeztu onarpen-prozesu arruntean.
2. Bigarren ikasmailako aukerak eskatzen dituztenek behar den dokumentazio akademikoa aurkeztu beharko dute, bigarren ikasmailan sartzeko baldintza eta sarbide-nota egiaztatzeko, datu horiek ez badaude Educan edo ikastetxe hartzaileak ezin baditu haiek kontsultatu.
3. Parte hartu eta ikasposturik lortu ez zutenei ez zaie eskatuko emaitza hori egiaztatzen duen dokumentu berariazkorik, eta beste horrenbeste gertatuko zaie adierazten dutenei baztertuak izan direla, eskaerari edo matrikulari uko egin diotela edo hura baliogabetu dutela. Eskabideak jasotzen dituzten ikastetxeek inguruabar horiek egiaztatuko dituzte, Educan garatuko den eta eskuragarri izanen den baliabide informatikoaren bidez.
4. Nahitaezko dokumentazioa falta izateak ez du eragotziko IHEPeko eskabidea Educan erregistratzea; ez bada sartzeko baldintza egiaztatzen, behin-behineko zerrendan "Ez du parte hartzen" egoeran agertuko da. Falta den dokumentazioa aurkezten ahalko da behin-behineko zerrendari erreklamazioak eta zuzenketak egiteko epean. Epe hori amaituta beharrezko dokumentazioa aurkeztu ez bada edo baliozko aukerarik egiaztatu ez bada, eskaerak ez du behin betiko esleipenean parte hartuko.
6.–Aukerak egiaztatzea eta aurkezpen oker baten ondorioak.
1. Ikastetxe hartzaileek IHEPean izena emateko eskabidean adierazitako datuak egiaztatuko dituzte, horretarako erabiliz aurkeztutako dokumentazioa eta Educan eskuragarri dauden bitarteko informatikoak.
2. Aukeren konfigurazioan izandako gorabeherak honako arau hauen arabera ebatziko dira:
a) Baldin eta IHEPeko eskabidean jaso bada abuztuaren 27an IHEPeko ikaspostu hutsen zerrendan argitaratuta ez zegoen aukera bat, aukera hori ez da erregistratuko eta ezin izanen da beste bat hautatu haren ordez.
b) Baldin eta A eta B taldeetako pertsonen IHEPeko eskabidean jaso badira ordena erlatiboa gorde ez duten epe arrunteko aukerak, IHEPean adierazitako epe arrunteko lehen aukera bakarrik erregistratuko da, eta, A taldearen kasuan, jarraian, IHEPeko aukera berriak erregistratuko dira, halakorik badago.
c) Baldin eta B taldeko pertsonen IHEPeko eskabidean sartu diren epe arrunteko aukerek lehentasun txikiagoa badaukate ikasleek ikaspostua lortu duten eta matrikulatuta dauden aukerak baino, aukera horiek ez dira erregistratuko.
d) Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalak emandako jarraibide funtzionalen arabera ebatziko da adierazitako aukerak erregistratzeari buruzko beste edozein egoera.
3. Zantzu arrazoituak eta nahikoak badaude pentsatzeko interesdunek aurkezturiko dokumentazioa edo hartan agerturiko datuak faltsuak direla, ikastetxeak gorabehera hori jakinaraziko dio Hezkuntza Departamentuko unitate eskudunari, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 36.4.b) eta 24.2 artikuluetan ezarritako ondorioetarako. Akats material batek edo parte hartzeko kasuaren sailkapen oker batek ez du berez ekarriko faltsukeriaren ondoriozko bazterketa.
7.–Izena emateko epea, behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta zuzenketak.
1. Atal honetan ezarritako datek ordeztuko dituzte, erdi-mailako IHEPerako, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 41/2026 Ebazpenean ezarritakoak.
2. Eskaera eta nahitaezko dokumentazioa 2026ko abuztuaren 28tik 31ra bitartean aurkeztu beharko dira. Aurrez aurreko aurkezpena abuztuaren 31n amaituko da, 14:00etan, eta aurkezpen telematikoa, 23:59an. Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako eskaerarik, hargatik eragotzi gabe dokumentazioa zuzentzen ahal dela behin-behineko zerrendari erreklamazioak egiteko epean, jarraibide hauetan ezarritako baldintzetan.
3. 2026ko irailaren 4an argitaratuko da erdi-mailako IHEPeko behin-behineko zerrenda. Argitalpenari esker, egiaztatzen ahalko dira eskaeraren egoera, aplikatutako baremoa, erregistratutako aukerak eta behin-behineko emaitza.
4. 2026ko irailaren 4tik 8ra bitartean aurkezten ahalko dira, 14:00ak arte, behin-behineko zerrendaren aurkako erreklamazioak eta aurkeztu ez den dokumentazioa. IHEPeko eskabidea jaso duen ikastetxean aurkeztu beharko dira erreklamazioak eta zuzentzeko dokumentazioa.
5. Erreklamazioak aurkezteko epean, dokumentuak eta egiaztapenaren akatsak zuzentzen ahalko dira, baina ezin izanen da aukera berririk gehitu, hautatu gabeko aukerarik berreskuratu, edo izena emateko epearen barnean hautatutako lehentasun-ordena aldatu.
6. Erreklamazioak aurkezteko epean, inskripzioa Educan erregistratzean egindako akatsak zuzentzen ahalko dira, Hezkuntza Departamentuak ofizioz eginda edo IHEPeko eskabidea jaso duen ikastetxeak eskatuta.
7. Erreklamazioak behin betiko lehen zerrenda argitaratu aurretik ebatziko dira.
8.–Sartzeko eta parte hartzeko baldintzak.
1. Aukera bakoitzaren esleipenean, aukera horretan sartzeko baldintza betetzen eta egiaztatzen dutenek baizik ez dute parte hartuko.
2. Lanbide Heziketako erdi-mailako lehen ikasmailako aukeretarako, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 50. artikuluan ezarritako sarbide-baldintzak bete beharko dira.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-irakaskuntzetako erdi-mailako zikloetako lehen ikasmailako aukeretan, foru agindu horren 58. artikuluan ezarritako sarbide-baldintzak bete beharko dira, eta, gainera, eskatzaileak frogatu beharko du gaitasun artistikoaren proba gainditu duela edo proba horretatik salbuetsita dagoela.
3. Bigarren ikasmailako aukeretan, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 92. artikulutik 96.era bitartekoetan parte hartzeko ezarritako betebeharrak eta baldintzak bete beharko dira.
4. Parte hartzeko baldintzak, beranduenez, 2026ko abuztuaren 31n bete behar dira; hots, IHEPeko eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
Erreklamazioak eta zuzenketak aurkezteko epean, aurrez aurkeztu gabeko dokumentazioa aurkezten ahalko da, egiaztatzeko baldintza horiek betetzen zirela izena emateko epearen barnean. Zuzenketaren bidez ezin izanen da egiaztatu 2026ko abuztuaren 31ren ondoren eskuratutako baldintza bat.
5. Baldin eta Educan jasota badaude sartzeko baldintza edo sarbide-nota egiaztatzeko datuak, eta organo kudeatzaileak modua badu haiek kontsultatzeko, ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori berriz aurkeztea.
6. Sartzeko baldintza ezberdinak dituzten aukerak badaude eskabidean, sartzeko baldintza egiaztatuta gelditu den aukeretan baizik ez du parte hartuko eskatzaileak.
7. Aukeraren batean sartzeko baldintza egiaztatu ez bada, eskatzaileak ez du parte hartuko aukera horren esleipenean, eta "ez du parte hartzen" egoeran agertuko da zerrendetan, aukera horri dagokionez. Baldintza behar bezala egiaztatzen bada erreklamazioak eta zuzenketak aurkezteko epean, eskabideak behin betiko esleipenean parte hartzen ahalko du. Epe hori bukatutakoan ez bada egiaztatu, ez du parte hartuko aukera horien esleipenean.
9.–Ikasleak lehen ikasmailan onartzeko irizpideak.
1. Erdi-mailako zikloetako lehen ikasmailako ikaspostu hutsak esleitzeko, aintzat hartuko dira erdi-mailako zikloetako IHEPean onartzeko baldintzak, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 55. eta 63. artikuluetan ezarritakoak.
2. Zerrendako hurrenkera ezartzeko, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 55.1 eta 63.1 artikuluetan ezarritako lehentasun-taldeak hartuko dira aintzat.
Lehentasun-talde bakoitzaren barnean eta aukera bakoitzerako, «IHEPeko irizpidea» aplikatuko da, eta haren bidez bi lehentasun-azpitalde bereiziko dira: lehen azpitaldean egonen dira onarpen-prozesu arruntetik datorren aukera batekin parte hartzen dutenak, eta bigarrenean, berriz, IHEPeko aukera batekin parte hartzen dutenak.
Jarraibide hauen 3. atalean ezarritakoa hartuko da kontuan, aukera bat onarpen-prozesu arruntetik datorren aukeratzat edo IHEPeko aukeratzat hartzeko.
Zerrendako hurrenkera honela ezarriko da:
a) Lehenbiziko lehentasun-taldea.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren edo oinarrizko teknikariaren titulua edo baliokidea 2025-2026 ikasturtean lortu dutenak.
Talde horretako ikasleak, aldi berean, bi lehentasun-azpitaldetan banatuko dira:
a.1) Lehenik, onarpen-prozesu arruntetik datorren aukera batekin parte hartzen dutenak.
a.2) Bigarrenik, IHEPeko aukera batekin parte hartzen dutenak.
Azpitalde bakoitzeko hurrenkera ezartzeko, irizpide hauei jarraituko zaie: lehenik, erdi-mailan sartzeko notaren arabera ordenatuko da; eta bigarrenik, berdinketarik badago, kontuan hartuko da zer emaitza izan zen 2026-2027 ikasturteko onarpen-prozesuetako berdinketak hausteko egindako zozketa publikoan.
b) Bigarren lehentasun-taldea.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren edo oinarrizko teknikariaren titulua edo baliokidea 2023-2024 edo 2024-2025 ikasturteetan lortu dutenak; eta erdi-mailako zikloetan sartzeko proba bat edo erdi-mailako zikloetan sartzeko ikastaro bat gainditu dutenak.
Talde horretako ikasleak, aldi berean, bi lehentasun-azpitaldetan banatuko dira:
b.1) Lehenik, onarpen-prozesu arruntetik datorren aukera batekin parte hartzen dutenak.
b.2) Bigarrenik, IHEPeko aukera batekin parte hartzen dutenak.
Azpitalde bakoitzeko hurrenkera ezartzeko, irizpide hauei jarraituko zaie: lehenik, erdi-mailan sartzeko notaren arabera ordenatuko da; eta bigarrenik, berdinketarik badago, kontuan hartuko da zer emaitza izan zen 2026-2027 ikasturteko onarpen-prozesuetako berdinketak hausteko egindako zozketa publikoan.
c) Hirugarren lehentasun-taldea.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren edo oinarrizko teknikariaren titulua edo baliokidea 2022-2023 ikasturtean edo lehenagokoetan lortu dutenak; goi-mailako zikloetan sartzeko proba bat edo goi-mailako zikloetan sartzeko ikastaro bat gainditu dutenak; eta 2. mailako lanbide-ziurtagiria dutenak, baldin eta inskribatu diren erdi-mailako prestakuntza-zikloan ziurtagiri hori sartzen bada (Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetarako baizik ez).
Talde horretako ikasleak, aldi berean, bi lehentasun-azpitaldetan banatuko dira:
c.1) Lehenik, onarpen-prozesu arruntetik datorren aukera batekin parte hartzen dutenak.
c.2) Bigarrenik, IHEPeko aukera batekin parte hartzen dutenak.
Azpitalde bakoitzeko hurrenkera ezartzeko, irizpide hauei jarraituko zaie: lehenik, erdi-mailan sartzeko notaren arabera ordenatuko da; eta bigarrenik, berdinketarik badago, kontuan hartuko da zer emaitza izan zen 2026-2027 ikasturteko onarpen-prozesuetako berdinketak hausteko egindako zozketa publikoan.
d) Laugarren lehentasun-taldea.
2025-2026 ikasturtean titulu hauetako bat dutenak edo lortzeko moduan daudenak: teknikariaren titulua, Batxilergoko titulua edo baliokideak, eta 25 urtez gorakoak unibertsitatean sartzeko proba bat gainditu dutenak.
Talde horretako ikasleak, aldi berean, bi lehentasun-azpitaldetan banatuko dira:
d.1) Lehenik, onarpen-prozesu arruntetik datorren aukera batekin parte hartzen dutenak.
d.2) Bigarrenik, IHEPeko aukera batekin parte hartzen dutenak.
Azpitalde bakoitzeko hurrenkera ezartzeko, irizpide hauei jarraituko zaie: lehenik, erdi-mailan sartzeko notaren arabera ordenatuko da; eta bigarrenik, berdinketarik badago, kontuan hartuko da zer emaitza izan zen 2026-2027 ikasturteko onarpen-prozesuetako berdinketak hausteko egindako zozketa publikoan.
e) Bosgarren lehentasun-taldea.
2025-2026 ikasturtean titulu hauetako bat dutenak edo lortzeko moduan daudenak: goi-mailako teknikariaren titulua, unibertsitateko titulua edo baliokideak.
Talde horretako ikasleak, aldi berean, bi lehentasun-azpitaldetan banatuko dira:
e.1) Lehenik, onarpen-prozesu arruntetik datorren aukera batekin parte hartzen dutenak.
e.2) Bigarrenik, IHEPeko aukera batekin parte hartzen dutenak.
Azpitalde bakoitzeko hurrenkera ezartzeko, irizpide hauei jarraituko zaie: lehenik, erdi-mailan sartzeko notaren arabera ordenatuko da; eta bigarrenik, berdinketarik badago, kontuan hartuko da zer emaitza izan zen 2026-2027 ikasturteko onarpen-prozesuetako berdinketak hausteko egindako zozketa publikoan.
3. Espedientean edo ziurtagirian ez bada agertzen sarbide-nota zein den, pertsona horiek beren azpitaldeko azken tokira igaroko dira, eta lau puntuko kalifikazioarekin lehiatuko dira. Lanbide Heziketako aukeretan, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 53. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da sarbide-nota zehazteko; Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-irakaskuntzetako aukeretan, berriz, foru agindu horren 61. artikuluan ezarritakoa.
4. Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-irakaskuntzetako erdi-mailako zikloei dagozkien aukeretan, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 63. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da lehentasun-taldeetan kokatzeko eta haien barneko hurrenkera ezartzeko.
Eskatzaileek egiaztatu beharko dute gaitasun artistikoaren proba gainditu dutela edo proba horretatik salbuetsita daudela, eta foru agindu horren 61. artikuluaren arabera zehaztuko da sarbide-nota.
10.–Ikasleak bigarren ikasmailan onartzeko irizpideak.
1. Bigarren ikasmailako ikaspostu hutsak esleitzeko, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 92. artikulutik 97.era bitartekoak aplikatuko dira.
2. Lehenik eta behin, talde hauek bereiziko dira:
a) Gaindituta edo baliozkotuta dituztenak lehen ikasmailako modulu guztiak, edo, hala badagokio, prestakuntza-bloke guztiak, Nafarroako curriculumaren arabera.
b) Bigarren ikasmailara igarotzeko moduan daudenak lehen ikasmailan gainditu gabeko moduluren batekin edo, hala badagokio, prestakuntza-blokeren batekin.
3. Lehen ikasmaila beste autonomia-erkidego batean eginda erkidego horretako ebaluazio-araudiaren arabera mailaz igotzen diren ikasleak dagokien taldean sartuko dira, aurkeztutako dokumentazio akademikoarekin bat.
4. Atal honetako 2. jarraibidean adierazitako taldeetako bakoitzaren barnean eta aukera bakoitzerako, IHEPeko irizpidea aplikatuko da:
a) Lehenbiziko lehentasun-azpitaldean kokatuko dira onarpen-prozesu arrunteko aukera batekin parte hartzen dutenak.
b) Bigarren lehentasun-azpitaldean kokatuko dira IHEPeko aukera batekin parte hartzen dutenak.
Aukera bakoitza mota batekotzat edo bestekotzat hartzeko, jarraibide hauetako 3. atalean ezarritakoa aplikatuko da. Zehazki, C, D eta E taldeetako pertsonen aukerak IHEPeko aukeratzat hartuko dira beti, nahiz eta haietako batek bat egin onarpen-prozesu arrunteko eskabidean jasotako aukera batekin.
Irizpide honen ondoriozko azpitalde bakoitzean, eskabideak ordenatu eginen dira, bigarren ikasmailara sartzeko notaren arabera, handienetik txikienera. Berdinketak hausteko, aintzat hartuko da 2026-2027 ikasturteko onarpen-prozesuari dagokion zozketa publikoaren emaitza.
5. Bigarren ikasmailan sartzeko nota lehen ikasmailako batezbesteko aritmetikoa izanen da, Nafarroako curriculumaren arabera. Bi dezimalekin adieraziko da, gertueneko ehunenera biribilduta, eta, distantzia beraren kasuan, handienera. Kalkulatzeko, espedientean edo lehen ikasmailako modulu bakoitzaren ziurtagiri akademikoan agertzen den kalifikazioa erabiliko da. Nafarroako curriculumari dagozkion moduluetako bat espedientean edo ziurtagirian agertzen ez bada, puntu bateko kalifikazioa emanen zaio, kalkulua egiteko. Sartzeko baldintza egiaztatzen bada baina aurkeztutako ziurtagiritik zenbakizko nota lortzerik ez badago, lau puntuko kalifikazioarekin lehiatuko da.
11.–Ikaspostuak erreserbatzea eta zozketa egitea.
1. Apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 9. artikuluaren arabera, ez da ikaspostuen erreserbarik aplikatuko IHEPeko erdi-mailako zikloetan.
2. Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko da zer emaitza izan zen 2026-2027 ikasturtean ikasleak onartzeko prozesurako zozketa publikoan, zeina Hezkuntza Departamentuan ikasleak irakaskuntza akademikoetan onartzeko eskumena duen organoak egin baitzuen. Emaitza automatikoki aplikatuko da Educan, hala dagokionean.
12.–IHEPeko eskaerari uko egitea edo hura baliogabetzea.
1. Eskatzaileak eskatzen ahalko du IHEPeko eskaera baliogabetzeko. Baliogabetzeak eskaera osatzen duten aukera guztiei eraginen die. Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren baliogabetzen bada, ezin izanen da beste eskaerarik aurkeztu IHEP berean.
2. Inskripzio-epea amaitu ondoren bikoiztutako eskaeretako bat baliogabetu arren, eskaerak bikoiztutzat hartuko dira, eta baztertu eginen dira.
3. Esleitutako ikaspostu bati uko eginez gero, galdu eginen dira ikaspostu hori eta IHEPeko itxarote-zerrendetatik eratorritako eskubideak. Lehen ikasmailan, ikasleak, gero, ILEan parte hartzen ahalko du, berariazko ebazpenean ezarritako baldintzetan.
13.–Emaitzak eta zerrenda osagarriak argitaratzea.
1. Onartuen behin betiko zerrendak izanen dira erdi-mailako IHEPeko emaitzen berri emateko baliabide ofiziala. Argitara emanen dira «Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi-mailako zikloetan izena ematea» izeneko izapideen fitxan, eta ikastetxe bakoitzak bere informazioa argitaratuko du. Era berean, erdi-mailako IHEPean eskaera bat aurkeztu dutenek beren emaitza indibidual osoa kontsultatzen ahalko dute Educa-Atarian.
2. Educak sortutako zerrenden dokumentu orokorrak (PDF formatuan dago) aukera ematen du eskaera bakoitzeko gehienez hamar aukeraren xehetasunak ikusteko. Bistaratzeko muga horrek ez du eraginik hamaikagarren eta hamabigarren aukeren esleipenean, ez eta parte-hartzean ere (halakorik badago; egoera hori A taldeko pertsonen eskaeretan soilik gerta daiteke, baldin eta hamar baino gehiago badira, guztira, onarpen-prozesu arruntetik datozen aukerak eta IHEPeko aukera berriak).
3. Eskaera batek hamaika edo hamabi aukera baditu eta PDF orokorrak hamaikagarren eta hamabigarren aukeren emaitza osoa jasotzen ez badu, zerrenda osagarri bat argitaratuko da harekin batera. Zerrenda osagarriak identifikatuko du, aukera horiei dagokienez, nor dagoen onartuta eta nor onartu gabe edo itxarote-zerrendan, bakoitzaren puntuazioa eta posizioa adierazita. Argitalpen ofizial beraren parte izanen da, eta behin-behineko zerrendarako zein behin betiko zerrendetarako prestatuko da.
4. Banakako kontsulta eginda, aukera guztien emaitza osoa erakutsiko da Educa-Atarian. Izapideen fitxako jarraibideek berariaz ohartaraziko dute komeni dela kontsulta hori egitea, baldin eta eskaeran hamar aukera baino gehiagorekin parte hartzen bada.
5. Onartzeko, baztertzeko eta itxaroteko behin betiko bi zerrenda argitaratuko dira:
–Behin betiko 1. zerrenda: 2026ko irailaren 10a.
–Behin betiko 2. zerrenda: 2026ko irailaren 14a.
6. Onartutakoen zerrendekin batera, honako hauek ere argitaratuko dira: baztertutako eskaerak, itxarote-zerrendak, dagokien baremoa eta ondorengo jarduketei buruzko informazioa. Behin betiko zerrenda bakoitzaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
14.–Onarpena, matrikula eta aukera hobetzea.
1. Pertsona bat onartutzat joko da IHEPeko behin betiko zerrenda batean hala agertzen bada. Ikaspostua lortzeko lehentasunik handiena duen aukeran eginen da esleipena, eskaerako aukeren baliozko ordena kontuan hartuta.
2. Ikaslea IHEPeko ikaspostu batean onartzeak automatikoki ekarriko du 2026-2027 ikasturterako zeukan aurreko ikaspostua galtzea, ikastetxe berean edo beste batean izan. Aukera hobetzea baliatuz ikaspostu bat lortzeak ekarriko du automatikoki galtzea aurretik esleitutako ikaspostua.
3. Matrikula egun hauetan eginen da:
–IHEPeko behin betiko 1. zerrendan onartutakoek: 2026ko irailaren 11n, 14:00ak arte.
–IHEPeko behin betiko 2. zerrendan onartutakoek: 2026ko irailaren 15ean, 14:00ak arte.
4. Adin nagusiko ikasleek ikaspostua lortu duten ikastetxean egin beharko dute matrikula aurrez aurre, edo, adin txikikoak badira, guraso-ahala duten gurasoek, legezko tutoretza dutenek edo haiek eskuordetutako norbaitek. Ikastetxeek matrikularako eskatzen den dokumentazioa argitaratuko dute.
5. Eskaeran lehena ez den beste aukera batean ikaspostua lortzen dutenek, matrikula egitean, «aukera hobetzea» edo «aukera ez hobetzea» aukeratu beharko dute:
a) Aukera hobetzea hautatuz gero, pertsona horrek jarraituko du IHEPeko hurrengo zerrendarako baliozkoak diren lehentasunezko aukeren itxarote-zerrendetan.
b) Aukera ez hobetzea aukeratuz gero, pertsona horrek galduko ditu lehentasunezko aukeretako itxarote-zerrendetatik eratorritako eskubideak.
6. Aukera hobetzearen ondorioz egiten den matrikula berri bakoitzean, ikasleak berriro aukeratu beharko du «aukera hobetzea» edo «aukera ez hobetzea», oraindik argitaratzeke dauden zerrendei dagokienez.
7. Aukera hobetzearen ondorioz ikaspostu berri bat lortzen dutenek matrikula berri bat egin beharko dute. Esleipen berriak automatikoki ekarriko du aurreko ikaspostua galtzea, nahiz eta matrikula berria egin ez.
8. Lortutako ikaspostu berria beste ikastetxe batekoa bada, matrikula berria egin ondoren, interesdunak aurreko ikastetxeari eskatzen ahalko dio aurkeztutako dokumentazioa itzultzeko. Aurreko matrikula aukera hobetzearen ondorioz galtzen bada, ikasleak eskubidea izanen du baliogabetutako matrikularengatik egindako ordainketen ehuneko ehun itzultzeko, halakorik balego. Ikaspostu berria ikastetxe berean lortzen bada, matrikula berria egitean eginen dira jarduketa horiek.
9. Ikaspostua lehen aldiz edo aukera hobetzea baliatuz lortu ondoren, ikasleak matrikula epearen barnean egiten ez badu, esleitutako ikaspostua eta itxarote-zerrendetatik eratorritako eskubideak galduko ditu, eta IHEPetik kanpo geldituko da. Lehen ikasmailako onarpen-prozesuan, hala badagokio, beste eskaera bat aurkezten ahalko du ILEan. Bigarren ikasmailako onarpen-prozesuan ez da egonen ondorengo ILE aldirik.
10. Lehen ikasmailako IHEPeko behin betiko azken itxarote-zerrendak ondorioak izanen ditu ondorengo ILEan. Honako hauek egonen dira zerrenda horretako ikaspostu aktibo batean:
a) IHEPean ikasposturik lortu ez dutenak.
b) Lehena ez den beste aukera batean ikaspostua lortuta, matrikula egin eta «aukera hobetzea» hautatu dutenak.
11. IHEPeko behin betiko azken itxarote-zerrendako posizioa esleipen-irizpidearen parte izanen da ILEan, bat etorriz apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 37. artikuluan ezarritakoarekin. Bigarren ikasmailan ez da ILErik egonen, eta azken itxarote-zerrendak ondorioak izateari utziko dio IHEPa amaitzean.
15.–Ikastetxean hastea eta IHEPa amaitzea.
1. Matrikulatutako ikasleak arau hauei jarraituz hasiko dira:
a) Eskola-jarduerak hasi aurretik matrikulatu diren ikasleek ikasturtea hasten den egunean hasi beharko dute ikastetxean. 2026ko irailaren 16a baino lehen hasten ez badira, ikaspostua galduko dute.
b) Eskola-jarduerak hasi ondoren matrikulatu diren ikasleek matrikularen hurrengo eskola-egun baliodunean hasi beharko dute. Matrikula egin eta hurrengo hamar eskola-egun baliodunean hasten ez badira, ikaspostua galduko dute.
c) Zuzendaritza nagusi eskudunak aurreko epeak luzatzen ahalko ditu arrazoi justifikatuak tartean daudenean, aldez aurretik jakinarazi badira kasuan kasuko epea amaitu baino lehen. Ikastetxeak inguruabar horren berri emanen dio zuzendaritza nagusi horri, balora dezan.
d) Betebehar eta ondorio horiek matrikulatutako ikasle guztiei aplikatuko zaizkie, kontuan hartu gabe parte hartu duten edo ez onarpen-prozesu arruntean edo IHEPean.
2. Behin betiko 2. zerrendako matrikularen ondoren, 2026ko irailaren 15ean, erdi-mailako IHEPa amaituko da. Libre geratzen diren lehen ikasmailako ikaspostu hutsak ILEaren bidez eskainiko dira, ebazpen espezifikoaren arabera. Bigarren ikasmailan, IHEP honekin bukatuko da epe arruntetik kanpoko onarpen-prozesua.
16.–Dokumentazioa artxibatzea eta gordetzea.
1. Ikastetxe hartzaileek eta Hezkuntza Departamentuko unitate kudeatzaileak gutxienez bost urtez artxibatu eta gordeko dute IHEPari dagokion dokumentazio guztia, ikaspostuak esleitzeko ebazpena ematen den egunetik zenbatzen hasita.
2. Betebehar horren barnean sartuko dira, besteak beste, onarpen-prozesu arruntarekin loturiko eskabideak, ziurtagiriak eta dokumentazioa –baldin eta IHEPeko espedientearen parte badira–; sartzeko baldintza eta sarbide-nota egiaztatzeko dokumentazioa; aukera hobetzeari buruzko dokumentazioa, bidezkoa bada; eta erreklamazioak, zuzenketak eta gorabeheren txostenak.
17.–Komunikazio-bideak.
Hauek dira erdi-mailako zikloen IHEPerako komunikazio-bideak:
–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atala: 848 426628 / 848 426036 / 848 423232 / 848 428981 / 848 426549 / 848 426597.
–Herritarrek harremanetarako duten helbide elektronikoa: ordenafp@navarra.es.
Iragarkiaren kodea: F2611197
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
