169. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

554/2026 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura gara dadin, 2026-2027 ikasturtean, Lanbide Heziketako oinarrizko mailako heziketa zikloak egiteko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatu itunduetan eta erakundeetan.

Hezkuntzako kontseilariak apirilaren 11n emandako 40/2024 Foru Aginduak arautzen eta garatzen du ikasleak onartzeko prozesua, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan funts publikoekin finantzatutako ikasketak egin ditzaten, aurrez aurreko modalitatean, Lanbide Heziketaren Sistemako D eta E graduetan zein Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetan, eta, bestetik, Nafarroako Foru Komunitatean baimena duten ikastetxe publikoetan eta entitate nahiz ikastetxe pribatuetan ikasketak egin ditzaten, aurrez aurreko modalitatean, Hezkuntza Departamentuak kudeatzen duen Lanbide Heziketaren Sistemako A, B eta C graduetako eskaintzaren barnean. Hala, foru agindu horren 4.5 eta 35.3 artikuluek ezartzen dute ikasleak onartzeko prozesua garatuko dela foru agindu horrexen xede diren irakaskuntzen eta prestakuntzen gaineko eskumena duen zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez.

Foru agindu horrek xedatzen duenez, ikasleak epe arruntetik kanpo onartzeko prozesuaren barnean sartzen dira, batetik, eskola-jarduerak hasi aurretik eskaerak egiteko aldia, ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura (IHEP) izenekoa, eta bestetik, jarduera horiek hasi ondoren eskaerak egiteko aldia, ikaspostu libreen esleipena (ILE) izenekoa. Era berean, ezartzen du eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpenaren bidez zehaztuko direla datak eta prozedura horiek garatzeko jarraibideak.

Oinarrizko heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxe publikoetan, itunpeko ikastetxe pribatuetan eta erakundeetan, ikasleen ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura abuztuaren amaieraren eta irailaren lehen hamabostaldiaren artean izanen da. Horregatik, beharrezkoa da honako hauek arautzeko jarraibideak onestea: ikaspostu hutsen argitalpena, parte har dezaketen pertsonak, eskabideen aurkezpena eta konfigurazioa, horiekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, onarpen irizpideak, behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzea, erreklamazioak eta zuzenketak aurkeztea, ikaspostuak esleitzea eta 2026-2027 ikasturteko matrikulak egitea.

Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak otsailaren 24an eman 41/2026 Ebazpenaren bidez onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2026-2027 ikasturtean ikasleak onartzeko prozesuaren egutegia, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak zein Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak egiteko.

Behin aztertuta zer jarduketa behar den behar bezala gara dadin oinarrizko mailako ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura, preziso da 41/2026 Ebazpenean prozedura horretarako aurreikusitako datak aldatzea. Aldaketaren xedea da behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik behin betiko lehen esleipenera arteko epea luzatzea, eskatzaileek epe nahikoa izan dezaten erreklamazioak aurkezteko eta aurkeztu gabeko dokumentazioa zuzentzeko, eta ikastetxe hartzaileek eta prozesua kudeatzeko eskumena duen Hezkuntza Departamentuko unitateak eskaerak egiaztatu, hautemandako gorabeherak ebatzi eta beharrezkoak diren kontrol zentralizatuak egin ahal izan ditzaten ikaspostuak behin betiko esleitu aurretik.

Ondorioz, ebazpen honen bidez, 2026-2027 ikasturterako oinarrizko mailako heziketa zikloetan ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura garatzeko jarraibideak onesten dira, eta 41/2026 Ebazpenean ezarritako datak aldatzen dira, prozedura horretarako soilik. Ebazpen horren bidez onetsitako onarpen-prozesuaren egutegiko gainerako datek eta jarduketek indarrean jarraituko dute.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Jarraibideak onestea ikasleen ikaspostu hutsak esleitzeko prozedura gara dadin, 2026-2027 ikasturtean, Lanbide Heziketako oinarrizko mailako heziketa zikloak egiteko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatu itunduetan eta erakundeetan. Jarraibideak 2026-2027 ikasturteko oinarrizko mailako IHEPean aplikatuko dira, eta ebazpen honen eranskinean agertzen dira.

2. Oinarrizko mailako ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurari dagokionez baino ez, aldatzea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak otsailaren 24an eman 41/2026 Ebazpenen ezarritako datak (ebazpen horren bidez onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2026-2027 ikasturtean ikasleak onartzeko prozesuaren egutegia, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak zein Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak egiteko).

Honako hauek izanen dira oinarrizko mailako ikaspostu hutsak esleitzeko prozeduraren datak:

a) Ikaspostu hutsak argitaratzea: 2026ko abuztuaren 27a.

b) Izena emateko eskaerak aurkeztea: 2026ko abuztuaren 28tik 31ra.

c) Behin-behineko zerrenda argitaratzea: 2026ko irailaren 3a.

d) Erreklamazioak aurkeztea eta dokumentazioa zuzentzea: 2026ko irailaren 4tik 8ra.

e) Onartuen behin betiko lehen zerrenda argitaratzea: 2026ko irailaren 9a.

f) Behin betiko lehen zerrendan onartutakoen matrikula: 2026ko irailaren 10a.

g) Onartuen behin betiko bigarren zerrenda argitaratzea: 2026ko irailaren 11.

h) Behin betiko bigarren zerrendan onartutakoen matrikula: 2026ko irailaren 14a.

Jarduera horietako bakoitzaren ordutegiak, lekuak, aurkezteko moduak eta gainerako baldintzak izanen dira ebazpen honen eranskinean ezarrita daudenak.

3. Ebazpen hau eta haren eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integrazioko Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Inklusio Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera, Eskolatze Bulegora eta Orientazio Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen eta dagokion eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 12an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA.–OINARRIZKO MAILAKO HEZIKETA ZIKLOETAN IKASPOSTU HUTSAK ESLEITZEKO PROZEDURA (IHEP) GARATZEKO JARRAIBIDEAK.
2026-2027 IKASTURTEA

1.–Alderdi orokorrak.

1. Oinarrizko mailako zikloetan onartua izateko ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurari (IHEP) dagokionez, foru agindu honetan xedatutakoa da aplikatzekoa, egun duen idazketaren arabera: 40/2024 Foru Agindua, apirilaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Horren bidez, ikasleak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko prozesua arautu eta garatzen da, funts publikoen bidezko irakaskuntzak egiteko, aurrez aurreko modalitatean, Lanbide Heziketako Sistemaren D eta E graduei eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketei dagozkienak, eta orobat, ikastetxe publikoetan, ikastetxe pribatuetan eta entitateetan, Nafarroako Foru Komunitatean baimenduetan, aurrez aurreko modalitatean, Hezkuntza Departamentuak kudeatzen duen Lanbide Heziketako Sistemako A, B, eta C graduei dagozkien irakaskuntzak egiteko.

2. Jarraibide hauen ondorioetarako, «ikastetxe», «ikastetxe hartzaile» edo «ikastetxeko idazkaritza» aipatzean, ulertuko da erreferentzia egiten zaiela, halaber, oinarrizko mailako heziketa zikloak ematen dituzten eta onarpen-prozesuan parte hartzen duten erakunde baimenduei, hala dagokionean.

3. Ikasle hartzaileak, sartzeko baldintzak eta oinarrizko mailako zikloen IHEPean izena emateko prozedura dira ezarrita daudenak apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 39., 40. eta 46. artikuluetan. IHEPean, ulertuko da ikaspostu hutsak esleitzeko prozedurari egiten zaizkiola 40. artikuluan onarpen-prozesu arruntari egiten zaizkion erreferentziak, eta izena emateko epe arrunta amaitu ondoren hasten ahalko da izena emateko proposamenaren prozedura.

4. Honako hauek ere parte hartzen ahalko dute: Lanbide Heziketa Berezitik datozenek, oinarrizko mailako ziklo bateko lehen ikasmailatik datozenek edo curriculum bereziko unitate batetik datozenek, bai eta 2026an 15 eta 18 urte bitartean bete dituzten eta Espainiako hezkuntza sisteman eskolatuta egon ez diren gazteek ere, kasu bakoitzean aplikatu beharreko baldintza espezifikoen arabera.

5. Ulertuko da 2025-2026 ikasturteari dagokiola Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren edo, salbuespen gisa, bigarren ikasmaila edo curriculum egokituko programa bat egin izana eskatzen duen baldintza. 2026-2027 ikasturtean irakaskuntza edo ikasmaila jakin batean matrikulatzeak ez du berez ekarriko aurreko ikasturtean bete behar zen baldintza bat egiaztatzea.

2.–Oinarrizko mailako zikloetan izena emateko proposamenaren prozedura.

1. Onarpen-prozesu arruntean izena emateko azken proposamen baliozkorik aurkeztu ez duten ikasleek «Oinarrizko mailako zikloetan izena emateko azken proposamena» aurkeztu beharko dute IHEPean izena emateko epearen barnean, oso-osorik beteta eta egoki diren oniritziak dituela. Proposamena aurkeztu ez bada edo guztiz beteta eta baliozkotuta ez badago, «ez du parte hartzen» egoerarekin agertuko da eskaera behin-behineko zerrendan. Proposamena erreklamazioak eta zuzenketak egiteko epean aurkezten eta baliozkotzen bada, eskaerak behin betiko esleipenean parte hartzen ahalko du. Epe horretan aurkezten eta baliozkotzen ez bada, ez du behin betiko esleipenean parte hartuko.

2. Ikasleak 2025-2026 ikasturtean matrikulatuta dauden edo egon diren ikastetxeek behar den laguntza eman beharko dute izena emateko proposamenaren prozedura osatu eta dokumentazioa epe barnean aurkeztu ahal izateko. Irakasle-taldearen, ikasleen, familien, orientatzaileen, zuzendaritza-taldearen eta hezkuntza ikuskaritzaren esku-hartzea izanen da ezarrita dagoena apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 40. artikuluan.

3.–Curriculum bereziko unitate batean eskolatutako ikasleak inskribatzeko prozedura.

1. 2025-2026 ikasturtean curriculum bereziko unitate batean eskolatutako ikasleek IHEPean parte hartzen ahalko dute, baldin eta, irakasle-taldearen iritziz, gutxienez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren ikasmailako curriculum-maila badute eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren nahitaezko eta aldeko txostena badute.

2. Aplikatu beharko da Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren martxoaren 23ko 120/2026 Ebazpenaren eranskineko 6. eta 7. jarraibideetan ikasle horientzat ezarritako prozedura. Ulertuko da jarraibide horietan onarpen-prozesu arruntari egiten zaizkion erreferentziak IHEPeari egiten zaizkiola, eta jarduketak egiteko egunek aukera eman behar dute eskaera eta izena emateko azken proposamena jarraibide hauetan ezarritako epeen barnean aurkezteko. Izena emateko azken proposamena, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren aldeko txostena eta prozeduran sortutako gainerako dokumentazioa IHEPeko eskaeraren espedienteari erantsi beharko zaizkio.

4.–Espainiako hezkuntza sisteman eskolatu gabeko 15-18 urteko gazteak inskribatzeko prozedura.

2026an 15-18 urte bete dituzten eta Espainiako hezkuntza sisteman eskolatuta egon ez diren gazteak IHEPean inskribatzeko prozedura jarduketa hauen arabera eginen da, jatorrizko ikastetxerik ez baitute:

a) Gazteari sostengua ematen dion entitate, elkarte edo erakundeak prestakuntza eta komunikazio ebaluazio bat eta proposamen-txosten bat eginen ditu. Horretan, jasoko da oinarrizko mailako zikloan ikasteko hizkuntza-komunikazioko trebetasun nahikoak dituela, eta inskripzio hori neurri egokia dela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentziak lortu ahal izateko, lanbide munduari lotutako ingurune batean.

b) Gazteak zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du, dioena ez dela eskolatuta egon Espainiako hezkuntza sisteman.

c) Gurasoek edo legezko tutoretza betetzen dutenek adieraziko dute izena emateko proposamenarekin ados daudela, horretarako ezarritako ereduaren bidez.

d) Entitateak, elkarteak edo erakundeak Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalera bidaliko ditu proposamen-txostena, zinpeko adierazpena, familiaren adostasuna eta «Oinarrizko mailako zikloetan izena emateko azken proposamena», zehazki, ordenafp@educacion.navarra.es helbidera.

e) Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalak dokumentazioa aztertuko du, eta, balorazioa positiboa bada, azken proposamenaren oniritzia sinatuko du. Gero, eskaeraren ikastetxe hartzaileari bidaliko dio, IHEPeko espedientean sar dezan. Balorazioa negatiboa bada, horren arrazoien berri emanen zaio entitateari.

5.–Oinarrizko mailako IHEPeko ikaspostu hutsak.

1. Hezkuntza Departamentuak 2026ko abuztuaren 27an zehaztu eta argitaratuko du zer ikastetxe, ziklo, ikasmaila eta unitatetan dauden ikaspostu hutsak oinarrizko mailako IHEPerako, bat etorriz Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 41/2026 Ebazpenarekin.

2. Argitaratutako zerrenda bat etorriko da 2026ko abuztuaren 26ko 14:00etan dauden ikaspostu hutsekin, eta Hezkuntza Departamentuak egiaztatuko du.

3. IHEPerako argitaratutako ikaspostu hutsen zerrendan agertzen diren aukerak baino ezin izanen dira adierazi. Honako hauek agertuko dira aukera bakoitzean: heziketa zikloa, ikastetxea, ikasmaila –lehenengoa edo bigarrena– eta eskaintzaren ezaugarriak, besteak beste, hizkuntza eta txanda.

4. IHEPeko argitalpenean sartzen ez diren ikastetxe, ziklo, ikasmaila edo eskaintza-ezaugarrietako ikaspostuak ez dira prozedura honetan esleituko. Lehenengo ikasmailan, ondoren eskaintzen ahalko dira, ikaspostu libreen esleipenean (ILE), aldi hori arautzen duen ebazpenari jarraituz. Bigarren ikasmailan, IHEParekin bukatzen da epe arruntetik kanpoko onarpen-prozesua.

6.–Parte har dezaketenak eta aukeren konfigurazioa.

1. Apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 36.1 artikuluan ezarritako kasuren batean daudenek aurkezten ahalko dute eskaera oinarrizko mailako IHEPean. Parte hartzeko, ezinbestekoa izanen da berariazko eskaera bat aurkeztea IHEPeko epearen barnean, baita prozesu arruntekoei aukera berriak gehitzen ez zaizkienean ere.

A taldea.–Onarpen-prozesu arrunta ikasposturik lortu gabe amaitu duten ikasleak.

2. Honako hauek sartzen dira talde horretan:

a) Onarpen-prozesu arruntean parte hartuta, onartuen behin betiko lau zerrendetan ikasposturik lortu ez zutenak.

b) Onarpen-prozesu arruntean parte hartuta, ikaspostua lortu arren, ez matrikulatzeagatik baztertuta gelditu zirenak, eta ondoren, inskripzioa aktibatzeko eskatuta, onarpen-prozesu arrunta parte hartzen baina ikasposturik lortu gabe bukatu zutenak.

3. Oinarrizko mailako IHEPean parte hartzeko, ikasle horiek eskaera bat aurkeztu beharko dute IHEPean. Eskaera horretan, zenbait aukera hautatzen ahalko dituzte prozesu arrunteko eskaeran agertzen ziren eta IHEPeko ikaspostu huts gisa argitaratu diren aukeretatik: bat ere ez, bat, bat baino gehiago edo denak. Era berean, aukera berri batetik seira bitarte gehitzen ahalko dituzte, IHEPean argitaratutako ikaspostu hutsei dagozkienak.

–Hautatutako aukera arruntek jatorrizko ordena erlatiboari eutsiko diote nahitaez.

–Aukera berriak lehentasun-ordenaren arabera idatziko dira, eta hautatutako aukera arrunten ondoren kokatuko dira beti. Ezin izanen dira haien artean tartekatu.

–Eskaerak, nolanahi ere, baliozko aukera bat jaso beharko du gutxienez. Zilegi izanen da onarpen-prozesu arrunteko aukerak soilik agertzea, IHEPeko aukera berriak soilik edo bi aukera-blokeetakoak.

–Eskaeran hamabi aukera ager daitezke gehienez: sei aukera onarpen-prozesu arruntetakoak, eta beste sei IHEPekoak.

–Eskaera epearen barnean aurkezten ez duenak ez du IHEPean parte hartuko.

4. Onarpen-prozesu arrunteko eskaeran agertzen zen aukera bat ezin izanen da IHEPeko aukera berri gisa jaso eskaera hartan zuen posizioa aldatzeko. Hari eutsi nahi bazaio, prozesu arruntetik datorren aukera gisa identifikatu beharko da, eta jatorrizko ordena erlatiboari eutsiko dio nahitaez. Aukera bat ezin izanen da behin baino gehiagotan agertu parte hartzeko eskaeran.

5. Onarpen-prozesu arruntean izena emateari eta parte hartzeari buruzko irizpidearen ondorioetarako, hamar puntu emanen zaizkie.

B taldea.–Lehenengoa ez den beste aukera batean, aukera hobetzea hautatuz matrikulatutako ikasleak.

6. Honako hauek sartzen dira talde horretan:

a) Lehenengoa ez den beste aukera batean, aukera hobetzea hautatuz matrikulatutakoak.

b) Onarpen-prozesu arruntean parte hartuta, ikaspostua lortu arren, ez matrikulatzeagatik baztertuta gelditu zirenak, eta ondoren, inskripzioa aktibatzeko eskatuta, lehenengoa ez den beste aukera batean matrikulatuta aukera hobetzea hautatuz bukatu zutenak onarpen-prozesu arrunta.

7. Oinarrizko mailako IHEPean parte hartzeko, onarpen-prozesu arruntean parte hartzearen ondoriozko matrikulari eutsi behar zaio, eta eskaera bat aurkeztu IHEPean. Bertan, prozesu arrunteko eskaeran agertzen ziren aukeretako bat, batzuk edo guztiak hautatzen ahalko dira, baldin eta lehentasun handiagoa badute matrikulako ikaspostuak baino eta IHEPeko ikaspostu hutsen zerrendan argitaratuta badaude.

–Ezin izanen da aukera berririk gehitu, norbera matrikulatuta dagoen aukera hautatu edo lehentasun txikiagoko aukerarik hautatu.

–Aukera bat baino gehiago hautatzen bada, onarpen-prozesu arrunteko lehentasun-ordena erlatibo berari eutsi beharko zaio haien artean. Ezin izanen dira berrantolatu.

–Hautatu ez diren lehentasunezko aukerek ez dute parte hartuko IHEPean, eta ez dute eskubiderik sortuko prozedura honetako itxarote zerrendetan.

–Lehentasunezko aukera batean ez badago ikaspostu hutsik, ezin izanen da eskaerarik aurkeztu kasu horretan.

–Eskaera epearen barnean aurkezten ez duenak ez du IHEPean parte hartuko.

8. Onarpen-prozesu arruntean izena emateari eta parte hartzeari buruzko irizpidearen ondorioetarako, hamar puntu emanen zaizkie.

C taldea.–Onarpen-prozesu arrunta "baztertuta", "baliogabetuta" edo "uko eginda" dioen inskripzio batekin amaitu zuten ikasleak.

9. Honako hauek sartzen dira talde horretan:

a) Onarpen-prozesu arruntean ikaspostua lortu bai baina matrikula egin ez zutenak, eta, hortaz, baztertuta gelditu eta prozesu arrunta baztertu gisa amaitu zutenak.

b) Onarpen-prozesu arrunteko eskaera baliogabetu zutenak edo lortutako ikaspostuari edo matrikulari uko egin edo hura baliogabetu zutenak.

10. Oinarrizko mailako IHEPean parte hartzeko, ikasle horiek eskaera bat aurkeztu beharko dute IHEPean. Bertan, gutxienez aukera bat zehaztu beharko da, eta gehienez beste bost aukera gehitzen ahalko dira (guztira, sei gehienez). Aukera horiek askatasunez aukeratuko dira IHEPean argitaratutako ikaspostu hutsen artean, lehentasun-ordenaren arabera kontsignatuta. Parte hartzeko eskaeran, aukera horiek soilik agertuko dira.

11. Onarpen-prozesu arruntean izena emateari eta parte hartzeari buruzko irizpidearen ondorioetarako, bost puntu emanen zaizkie.

D taldea.–Lehen aukeran matrikulatutako ikasleak eta lehenengoa ez den beste aukera batean aukera ez hobetzea hautatuz matrikulatutako ikasleak, uko egiten diotenak IHEParen aurreko prozesu arruntean lortutako matrikulari.

12. Honako hauek sartzen dira talde horretan:

a) Onarpen-prozesu arruntean lehen aukeran ikaspostua lortu eta bertan matrikulatu zirenak.

b) Onarpen-prozesu arruntean lehenengo aukera ez den beste batean ikaspostua lortu eta aukera ez hobetzea hautatuz matrikulatu zirenak.

13. Matrikulatuta daudenez, ezin izanen dute IHEPean parte hartu matrikulak aktibo jarraitzen duen bitartean. IHEPean parte hartu nahi badute, lehendabizi matrikula baliogabetu eta, gero, eskaera bat aurkeztu beharko dute IHEPean. Bertan, gutxienez aukera bat zehaztu beharko da, eta gehienez beste bost aukera gehitzen ahalko dira (guztira, sei gehienez). Aukera horiek askatasunez aukeratuko dira IHEPean argitaratutako ikaspostu hutsen artean, lehentasun-ordenaren arabera kontsignatuta. Parte hartzeko eskaeran, aukera horiek soilik agertuko dira.

14. Onarpen-prozesu arruntean izena emateari eta parte hartzeari buruzko irizpidearen ondorioetarako, bost puntu emanen zaizkie.

E taldea.–Onarpen-prozesu arruntean parte hartu ez duten ikasleak.

15. Honako hauek sartzen dira talde horretan:

a) Onarpen-prozesu arruntean izena eman ez dutenak.

b) Onarpen-prozesu arruntean inskribatuta egonda, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 24. artikulua aplikatuz prozesu horretatik kanpo gelditu direnak.

c) Onarpen-prozesu arruntean izena eman duten baina prozesuan parte hartu ez dutenak.

16. Oinarrizko mailako IHEPean parte hartzeko, ikasle horiek eskaera bat aurkeztu beharko dute IHEPean. Bertan, gutxienez aukera bat zehaztu beharko da, eta gehienez beste bost aukera gehitzen ahalko dira (guztira, sei gehienez). Aukera horiek askatasunez aukeratuko dira IHEPean argitaratutako ikaspostu hutsen artean, lehentasun-ordenaren arabera kontsignatuta. Parte hartzeko eskaeran, aukera horiek soilik agertuko dira.

17. Onarpen-prozesu arruntean izena emateko eta parte hartzeko irizpidearen ondorioetarako, ez zaie punturik emanen.

Aurrez aurreko inskripzio-orrian adieraztea eskatzailea zer taldetan dagoen.

18. Eskatzaileak IHEPeko inskripzio-orrian adierazi beharko du zer taldetan parte hartzen duen, eta eskatzen zaion dokumentazioa aurkeztu.

19. Ikastetxe hartzaileak egiaztatu eta erregistratuko ditu eskatzaileek jarraibide hauen arabera aurkeztu dituzten datuak eta dokumentuak.

20. A eta B taldeetako pertsonen IHEPeko eskaeretan:

a) Onarpena kudeatzeko EDUCA sisteman jasoko dira prozesu arruntaren inskripzioan agertzen ziren sarrerako datuak: jatorrizko ikamaila, asistentziaren ehunekoa, sarrera-nota eta "Parte hartu" erabakia.

b) Ikastetxeak egiaztatu beharko du, IHEPean adierazitako aukeren artean, zer ordenatan agertzen diren prozesu arruntean hautatutako aukeretatik datozenak, ziurtatzeko eusten diotela ordena erlatiboari, jarraibide hauetan adierazitakoarekin bat, eta adierazi direla, kasua bada, hautatutako aukera berriak baino lehentasun handiagoarekin. Ondoren, IHEPeko inskripzioa erregistratu beharko du EDUCAn.

21. C eta D taldeetako pertsonen IHEPeko eskaeretan:

a) Onarpena kudeatzeko EDUCA sisteman jasoko dira prozesu arruntaren inskripzioan agertzen ziren sarrerako datuak: jatorrizko ikamaila, asistentziaren ehunekoa, sarrera-nota eta "Parte hartu" erabakia.

b) Ikastetxeak IHEPeko inskripzioa erregistratu beharko du EDUCAn, adierazitako aukerak hautatutako ordenan kontsignatuta.

22. E taldeko pertsonen IHEPeko eskaeretan:

a) Onarpena kudeatzeko EDUCA sisteman ez dira sarrerako datuak sartuko: jatorrizko ikasmaila, asistentziaren ehunekoa, sarrera-nota eta "parte hartu" erabakia –oinarrizko zikloetan izena emateko azken proposamena aurkeztea–. Izan ere, bete beharko dira eskaerarekin batera aurkeztutako egiaztagirietan oinarrituta.

b) Ikastetxeak IHEPeko inskripzioa erregistratu beharko du EDUCAn, adierazitako aukerak hautatutako ordenan kontsignatuta.

23. IHEPeko eskaera jasotzen duen ikastetxeak egiaztatuko du, IHEPean zehaztu diren aukeren artean, zuzena dela prozesu arrunteko aukeretatik datozenen ordena erlatiboa. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak gaitutako baliabide informatikoa erabiliko da.

7.–Eskaera aurkeztea.

1. Ikasle bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du oinarrizko mailako IHEPean. Pertsona berak eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, IHEPetik kanpo geratuko da, nahiz eta horietako bati uko egin aurkezteko epea amaitu ondoren.

2. Eskaera adin nagusiko ikasleek eginen dute, edo, ikasle adingabeen kasuan, guraso-ahala duten amek edo aitek, legezko tutoreek edo haiek eskuordetzen dutenak.

3. Eskaera honela aurkezten ahalko da:

a) Ahal dela, aurrez aurre, zer ikastetxek ematen duen IHEPeko eskaeran lehenik dagoen aukera, horko idazkaritzan.

b) Telematikoki, EDUCA-Ataria bidez, «Lanbide Heziketako oinarrizko mailako zikloetan izena ematea» izeneko izapideen fitxan gaitutako estekaren bidez.

4. EDUCA guztiz garatu eta oinarrizko zikloetako bigarren ikasmailako onarpen-prozedurara egokitu arte, bigarren ikasmailako eskaerak eredu ofizialaren arabera aurkeztuko dira, eta posta elektronikoz bidaliko dira, ordenafp@navarra.es helbidera. Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalak modu zentralizatuan eginen ditu erregistroa, dokumentuen egiaztapena, baremazioa eta bigarren ikasmailako zerrendak. Eskaera horiei dagozkien erreklamazioak, zuzenketak eta aurkeztu beharreko dokumentuak ere helbide elektroniko berera bidaliko dira.

5. Aurkezpen telematikoan, IHEPeko eskaera aurkeztutzat joko da izapidea amaitu eta EDUCAn «aurkeztuta» egoeran agertzen denean. Izena emateko epea amaitzean «zirriborro» egoeran dauden eskaerak ez dira aurkeztutzat joko, eta ez dute IHEPean parte hartuko. Nahitaezko dokumenturen bat falta izanez gero, horrek ez du eragotziko eskaera formalki aurkeztea, baina ekarriko du, hala badagokio, «ez du parte hartzen» egoeran agertzea behin-behineko zerrendan. Dokumentazioaren zuzenketa egiten ahalko da jarraibide hauetan aurreikusitako epean.

6. Aurrez aurreko aurkezpenean, aipatutako izapideen fitxan argitaratutako eredu ofiziala erabiliko da. Ikastetxeak kopia zigilatu eta datatu bat emanen du egiaztagiri gisa. Orriak, gutxienez, honako hauek jaso beharko ditu:

a) Eskatzaileak parte hartzeko zer talde adierazten duen, ebazpen honetan adierazitakoen artetik (A, B, C, D edo E taldea).

b) Talde bakoitzerako, dagokionaren arabera: onarpen-prozesu arruntetik datozen aukeretarako bloke berariazko bat eta IHEPeko aukera berrietarako bloke bereizi bat; edo IHEPeko aukerak dituen bloke bakar bat.

c) Aukera bakoitzaren identifikazio osoa: ikastetxea, zikloa, ikasmaila, hizkuntza eta txanda.

d) Berariazko adierazpen bat, zehazten duena jasotako aukerak eta aurkeztutako dokumentazioa eskatzailearen benetako egoerarekin bat datozela.

e) Eskaerarekin batera aurkeztu behar den nahitaezko dokumentazioaren zerrenda, parte hartzeko kasuaren arabera.

7. Ikasleak 2025-2026 ikasturtean matrikulatuta dauden edo egon diren ikastetxeek laguntza emanen dute eskaera izapidetzeko, eta, hala eskatzen zaienean, telematikoki aurkeztuko dute, eskuordetuta. Ikastetxeek begiratuko dute eskaera behar bezala beteta dagoela eta eskatzen den dokumentazioa aurkezten dela.

8. Eskatzaileak izena emateko epea amaitu arte aldatu edo zuzentzen ahalko du eskaera. Epe hori amaitutakoan, ezin izanen ditu aukerak gehitu edo ezabatu, ez eta lehentasun-ordena aldatu ere. Geroago zuzenketak egiten badira erregistroko akats materialak zuzentzeko edo juridikoki baliozkoak ez diren aukerak ezabatzeko, ez dira eskaeraren aldaketatzat hartuko. Jarraibide hauen 9. atalean ezarritakoari jarraituz ebatziko dira prozesu arruntetik datozen aukeren ordena erlatiboaren aldaketak.

9. IHEPean izena emateko eskaera aurkezteak berekin ekarriko du baimena ematea argitara eman daitezen beharrezkoak diren datu pertsonalak onartze, baztertze eta itxaroteko behin-behineko eta behin betiko zerrendetan, bat etorriz apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 36.3.o) artikuluan ezarritakoarekin.

8.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Dokumentazio orokorra eta berariazkoa honela aurkeztuko da:

a) Adierazitako talde guztietako ikasleek (A, B, C, D eta E): bai eskaera telematikoan, bai aurrez aurrekoan, NANaren, AIZaren edo pasaportearen kopia arrunta aurkeztuko dute, bi aldeetatik, edo IHEPeko eskaeraren xede den pertsonaren nortasuna egiaztatzen duen beste edozein legezko dokumenturena.

b) E taldekoek aurkeztu beharko dituzte oinarrizko mailako zikloetan izena emateko azken proposamena, sartzeko baldintza egiaztatzen duen dokumentazioa, sarrera-notaren ziurtagiria eta asistentziaren ziurtagiria.

c) 2026an 15-18 urte bete dituzten eta Espainiako hezkuntza sisteman eskolatuta egon ez diren gazteek aurkeztu beharko dute eranskin honetako 4. jarraibidean adierazitako dokumentazioa. Ez dute sarrera-notaren ziurtagiririk edo asistentziaren ziurtagiririk aurkeztu beharko. Sarrera-nota hiru puntukoa izanen da, eta asistentziaren balorazioa zero puntukoa.

d) Curriculum bereziko unitate batetik datozen ikasleek aurkeztu beharko dituzte izena emateko azken proposamena eta eranskin honetako 3. jarraibidean adierazitako dokumentazio berariazkoa, barne dagoela Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren nahitaezko aldeko txostena.

2. Bigarren ikasmaila eskatzen dutenek aurkeztu beharko dituzte sartzeko baldintza egiaztatzen duen dokumentazio akademikoa eta bigarren ikasmailara sartzeko notaren ziurtagiria, salbu eta datuak EDUCAn kontsultatu badaitezke.

3. Ez zaie eskatuko parte hartu eta ikasposturik lortu ez zutenei emaitza hori egiaztatzen duen dokumentu berariazkorik, eta beste horrenbeste gertatuko zaie adierazten dutenei baztertuak izan direla, eskaerari edo matrikulari uko egin diotela edo hura baliogabetu dutela. Eskaerak jasotzen dituzten ikastetxeek inguruabar horiek egiaztatuko dituzte, EDUCAn garatuko den eta eskuragarri izanen den baliabide informatikoaren bidez.

4. Nahitaezko dokumentazioa falta bada, horrek ez du eragotziko IHEPeko eskaera EDUCAn erregistratzea; faltak oinarrizko mailako zikloetan inskribatzeko azken proposamenari eragiten badio, behin-behineko zerrendan «ez du parte hartzen» egoeran agertuko da. Falta den dokumentazioa aurkezten ahalko da behin-behineko zerrendari erreklamazioak eta zuzenketak egiteko epean. Epe hori amaituta beharrezko dokumentazioa aurkeztu ez bada edo baliozko aukerarik egiaztatu ez bada, eskaerak ez du behin betiko esleipenean parte hartuko.

9.–Aukerak egiaztatzea eta aurkezpen oker baten ondorioak.

1. Ikastetxe hartzaileek IHEPeko inskripzio-eskaeran adierazitako datuak egiaztatuko dituzte, horretarako erabiliz aurkeztutako dokumentazioa eta EDUCAn eskuragarri dauden bitarteko informatikoak.

2. Aukeren konfigurazioan izandako gorabeherak honako arau hauen arabera ebatziko dira:

a) Baldin eta IHEPeko eskaerak badauka abuztuaren 27an IHEPeko ikaspostu huts gisa argitaratuta ez zegoen aukera bat, ez da erregistratuko eta ezin izanen da beste aukera batekin ordeztu.

b) Baldin eta A eta B taldeetako pertsonen IHEPeko eskaerak badauzka ordena erlatiboa gorde ez duten epe arrunteko aukerak, IHEPean adierazitako epe arrunteko lehenengo aukera bakarrik erregistratuko da, eta, A taldearen kasuan, jarraian, IHEPeko aukera berriak erregistratuko dira, halakorik badago.

c) Baldin eta B taldeko pertsonen IHEPeko eskaeran sartu diren epe arrunteko aukerek lehentasun txikiagoa badaukate ikasleek ikaspostua lortu duten eta matrikulatuta dauden aukerak baino, aukera horiek ez dira erregistratuko.

d) Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalak emandako jarraibide funtzionalen arabera ebatziko da adierazitako aukerak erregistratzeari buruzko beste edozein egoera.

3. Zantzu arrazoituak eta nahikoak badaude pentsatzeko aurkezturiko dokumentazioa edo hartan agerturiko datuak faltsuak direla, ikastetxeak gorabehera hori jakinaraziko dio Hezkuntza Departamentuko unitate eskudunari, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 36.4.b) eta 24.2 artikuluetan aurreikusitako ondorioetarako. Akats material batek edo parte hartzeko kasuaren sailkapen oker batek ez du berez ekarriko faltsukeriaren ondoriozko bazterketa.

10.–Izena emateko epea, behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta zuzenketak.

1. Atal honetan ezarritako datek ordeztuko dituzte, oinarrizko mailako IHEPerako, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 41/2026 Ebazpenean ezarritakoak.

2. Eskaera eta nahitaezko dokumentazioa 2026ko abuztuaren 28tik 31ra bitartean aurkeztu beharko dira. Aurrez aurreko aurkezpena abuztuaren 31n amaituko da, 14:00etan, eta aurkezpen telematikoa, 23:59an. Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako eskaerarik, hargatik eragotzi gabe dokumentazioa zuzentzen ahal dela behin-behineko zerrendari erreklamazioak egiteko epean, jarraibide hauetan ezarritako baldintzetan.

3. 2026ko irailaren 3an argitaratuko da oinarrizko mailako IHEPeko behin-behineko zerrenda. Argitalpena eginda, egiaztatzen ahalko dira eskaeraren egoera, aplikatutako baremoa, erregistratutako aukerak eta behin-behineko emaitza.

4. 2026ko irailaren 4tik 8ra bitartean aurkezten ahalko dira, 14:00ak arte, behin-behineko zerrendaren aurkako erreklamazioak eta aurkeztu ez den dokumentazioa. Lehen ikasmailako eskaerei dagozkien erreklamazioak eta zuzenketa-agiriak IHEPeko eskaeraren ikastetxe hartzailean aurkeztuko dira. Bigarren ikasmailako eskaeretan, helbide elektroniko honetara bidali behar dira: ordenafp@navarra.es.

5. Erreklamazioak aurkezteko epean, dokumentuak eta egiaztapenaren akatsak zuzentzen ahalko dira, baina ezin izanen da aukera berririk gehitu, hautatu gabeko aukerarik berreskuratu, edo izena emateko epearen barnean hautatutako lehentasun-ordena aldatu.

6. Erreklamazioak aurkezteko epean, inskripzioa EDUCAn erregistratzean egindako akatsak zuzentzen ahalko dira, Hezkuntza Departamentuak ofizioz eginda edo IHEPeko eskaeren ikastetxe hartzaileek eskatuta.

7. Erreklamazioak lehen behin betiko zerrenda argitaratu aurretik ebatziko dira.

11.–Ikasleak lehen ikasmailan onartzeko irizpideak.

1. Oinarrizko mailako zikloetako lehen ikasmailako ikaspostu hutsen esleipenak men eginen die apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 47. artikuluan eta 2. eranskinean ezarritako lehentasun-irizpideei:

–Onarpen-prozesu arruntean izena ematea eta parte hartzea.

–2025-2026 ikasturtean egindako ikasmaila edo programa.

–Eskatzailearen adina.

–Asistentziaren ehunekoa 2025-2026 ikasturtean.

–Oinarrizko mailako heziketa zikloetan sartzeko nota.

2. 2026-2027 ikasturteko oinarrizko mailako IHEPerako ez da ezarri adierazitakoez bestelako irizpiderik.

3. Irizpide bakoitza barematu eta zenbakizko puntuazio bat emanen zaio. Eskatzaileak lehiatuko dira lortutako puntuen baturarekin, horrek zehaztuko baitu onartze eta itxarote zerrenden ordena.

4. Honako hau izanen da onarpen-prozesu arruntean izena emateko eta parte hartzeko irizpidearen balorazioa:

–Onarpen-prozesu arruntean parte hartzea ikasposturik lortu gabe: 10 puntu.

–Aukera hobetzea hautatuz matrikulatutakoak: 10 puntu.

–Onartze eta baztertze prozesu arruntean parte hartzea eta baztertuta gelditzea lortutako ikaspostuan matrikula ez egiteagatik, hari uko egiteagatik edo izen-ematea baliogabetzeagatik: 5 puntu.

–Onarpen-prozesu arruntean ez inskribatzea edo parte ez hartzea: 0 puntu.

–Onarpen-prozesu arruntetik kanpo gelditzea, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 24. artikulua aplikatuz: 0 puntu.

5. Onarpen-prozesu arruntean berriz aktibatutako eskaeretan, puntuazioa zehaztuko da kontuan hartuta kasuan kasuko pertsonak prozesu hori amaitzean duen behin betiko egoera:

a) Parte hartzen eta ikasposturik lortu gabe amaitu bazuen: 10 puntu.

b) Matrikula ez egiteagatik baztertuta gelditu bazen, edo inskripzioari edo ikaspostuari uko egin bazion edo hura baliogabetu bazuen: 5 puntu.

c) Matrikultua, aukera hobetzea hautatuz amaitu bazuen: 10 puntu.

6. Gainerako irizpideen balorazioa honako hau izanen da:

a) 2025-2026 ikasturtean egindako ikasmaila edo programa:

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren ikasmaila: 10 puntu.

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren ikasmaila: 8 puntu.

–Curriculum Egokituko Programa: 8 puntu.

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren ikasmaila: 4 puntu.

–Lanbide Heziketa Berezia: 6 puntu.

–Oinarrizko mailako ziklo bateko lehen ikasmaila: 6 puntu.

–Curriculum bereziko unitatea: 6 puntu.

–Espainiako hezkuntza sisteman eskolaturik egon ez diren ikasleak: 6 puntu.

b) 2026an betetako urteak:

–Hemezortzi urte edo gehiago: 4 puntu.

–Hamazazpi urte: 4 puntu.

–Hamasei urte: 2 puntu.

–Hamabost urte: 1 puntu.

c) Asistentziaren ehunekoa 2025-2026 ikasturtean:

–Ehuneko 80ko edo hortik gorako asistentzia: 5 puntu.

–Ehuneko 80tik beherako asistentzia: 0 puntu.

d) Sarrera-nota: oinarrizko mailako zikloetara sartzeko notaren ziurtagirian agertzen den zenbakizko kalifikazioa.

7. Onarpen-prozesu arruntean izena emateko eta parte hartzeko irizpidea ofizioz egiaztatuko da, eta EDUCAren bidez zentralizatuko da. Sarrera-notaren ziurtagiririk ez izateak puntu bateko kalifikazioa ekarriko du sarrera-notaren irizpidean. Espainiako hezkuntza sisteman eskolatu gabeko 15-18 urteko gazteak hiru puntuko sarrera-notarekin lehiatuko dira, eta ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko. Asistentziaren ziurtagiririk ezean, balorazioa zero puntukoa izanen da. Espainiako hezkuntza sisteman eskolatu gabekoak ere zero punturekin lehiatuko dira asistentziaren irizpidean.

8. Nafarroako hezkuntza sisteman berandu sartu diren ikasleek, baldin eta 2025-2026 ikasturtean eskolatu badira curriculum egokituko programan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren, hirugarren edo laugarren ikasmailan, eskaera aurkezten ahalko dute. Horretarako, bete beharko dituzte oinarrizko mailako zikloetan izena emateko baldintzak eta prozedura.

12.–Ikasleak bigarren ikasmailan onartzeko irizpideak.

1. Bigarren ikasmailako ikaspostu hutsak esleitzeko, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 92. artikulutik 97.era bitartekoak aplikatuko dira.

2. Lehenik eta behin, talde hauek bereiziko dira:

a) Gaindituta eta/edo baliozkotuta dituztenak lehen ikasmailako lanbide modulu guztiak, eta, hala badagokio, esparru guztiak Nafarroako curriculumaren arabera.

b) Bigarren ikasmailara igarotzeko moduan daudenak lehen ikasmailako lanbide moduluren bat edo, hala badagokio, esparruren bat gainditu gabe izanik.

3. Lehen ikasmaila beste autonomia-erkidego batean eginda erkidego horretako ebaluazio araudiaren arabera mailaz igotzen diren ikasleak dagokien taldean sartuko dira, aurkeztutako dokumentazio akademikoarekin bat.

4. Talde bakoitzaren barnean, lehentasuna izanen dute, aukera bakoitzerako, onarpen-prozesu arruntean hura eskatu dutenek, eskatu ez dutenen aurrean. Azpitalde bakoitza bigarren ikasmailara sartzeko notaren arabera ordenatuko da, handienetik txikienera, eta berdinketak 2026-2027 ikasturteko zozketa publikoaren bidez ebatziko dira.

5. Bigarren ikasmailan sartzeko nota lehenengo ikasmailako batezbesteko aritmetikoa izanen da, Nafarroako curriculumaren arabera. Bi dezimalekin adieraziko da, gertueneko ehunenera biribilduta, eta, distantzia beraren kasuan, handienera. Kalkulatzeko, espedientean edo lehen ikasmailako modulu bakoitzaren ziurtagiri akademikoan agertzen den kalifikazioa erabiliko da. Nafarroako curriculumari dagozkion moduluetako bat espedientean edo ziurtagirian agertzen ez bada, puntu bateko kalifikazioa emanen zaio, kalkulua egiteko. Sartzeko baldintza egiaztatzen bada baina aurkeztutako ziurtagiritik zenbakizko nota lortzerik ez badago, lau puntuko kalifikazioarekin lehiatuko da.

13.–Ikaspostuak erreserbatzea eta zozketa egitea.

1. Apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 9. artikuluaren arabera, IHEPean ez da ikaspostuen erreserbarik aplikatuko oinarrizko mailako zikloetan.

2. Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko da zer emaitza izan zen 2026-2027 ikasturtean ikasleak onartzeko prozesurako zozketa publikoan, zeina Hezkuntza Departamentuan ikasleak irakaskuntza akademikoetan onartzeko eskumena duen organoak egin baitzuen. Emaitza automatikoki aplikatuko da EDUCAn, hala dagokionean.

14.–IHEPeko eskaerari uko egitea edo hura baliogabetzea.

1. Eskatzaileak eskatzen ahalko du IHEPeko eskaera baliogabetzeko. Baliogabetzeak eskaera osatzen duten aukera guztiei eraginen die. Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren egiten bada, ezin izanen da beste eskaerarik aurkeztu IHEP berean.

2. Inskripzio epea amaitu ondoren bikoiztutako eskaeretako bat baliogabetzeak ez du bikoiztuen izaera aldatuko, ezta baztertzea saihestuko ere.

3. Esleitutako ikaspostu bati uko eginez gero, galdu eginen dira ikaspostu hori eta IHEPeko itxarote zerrendetatik eratorritako eskubideak. Lehen ikasmailan, ikasleak, gero, ILEan parte hartzen ahalko du, berariazko ebazpenean ezarritako baldintzetan.

15.–Emaitzak eta zerrenda osagarriak argitaratzea.

1. Onartuen behin betiko zerrendak izanen dira IHEPeko emaitzen berri emateko baliabide ofiziala. «Lanbide Heziketako Oinarrizko Mailako zikloetan izena ematea» izeneko izapideen fitxan argitaratuko dira, eta ikastetxeek bakoitzari dagokion informazioa argitaratuko dute. Era berean, oinarrizko mailako IHEPean eskaera bat aurkeztu dutenek beren emaitza indibidual osoa kontsultatzen ahalko dute EDUCA-Atarian.

2. EDUCAk sortutako behin betiko zerrenden dokumentu orokorrak (PDF formatuan dago) aukera ematen du eskaera bakoitzeko gehienez hamar aukeraren xehetasunak ikusteko. Bistaratzeko muga horrek ez du eraginik hamaikagarren eta hamabigarren aukeren esleipenean, ez eta parte-hartzean ere (halakorik badago; egoera hori A taldeko pertsonen eskaeretan soilik gerta daiteke, baldin eta hamar baino gehiago badira, guztira, onarpen-prozesu arrunteko aukerak eta IHEPeko aukera berriak).

3. Eskaera batek hamaika edo hamabi aukera baditu eta PDF orokorrak hamaikagarren eta hamabigarren aukeren emaitza osoa jasotzen ez badu, zerrenda osagarri bat argitaratuko da harekin batera. Zerrenda osagarriak identifikatuko du, aukera horiei dagokienez, nor dagoen onartuta eta nor onartu gabe edo itxarote zerrendan, bakoitzaren puntuazioarekin eta posizioarekin. Argitalpen ofizial beraren parte izanen da, eta behin-behineko zerrendarako zein behin betiko zerrendetarako prestatuko da.

4. Banakako kontsulta eginda, aukera guztien emaitza osoa erakutsiko da EDUCA-Atarian. Izapideen fitxako jarraibideek berariaz ohartaraziko dute komeni dela kontsulta hori egitea, baldin eta eskaeran hamar aukerarekin baino gehiagorekin parte hartzen bada.

5. Onartze, baztertze eta itxaroteko behin betiko bi zerrenda argitaratuko dira:

–Behin betiko 1. zerrenda: 2026ko irailaren 9a.

–Behin betiko 2. zerrenda: 2026ko irailaren 11.

6. Onartutakoen zerrendekin batera, honako hauek ere argitaratuko dira: baztertutako eskaerak, itxarote zerrendak, dagokion baremoa eta ondorengo jarduketei buruzko informazioa. Behin betiko zerrenda bakoitzaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

16.–Onarpena, matrikula eta aukera hobetzea.

1. Pertsona bat onartutzat joko da IHEPeko behin betiko zerrenda batean hala agertzen bada. Ikaspostua lortzeko lehentasunik handiena duen aukeran eginen da esleipena, eskaerako aukeren baliozko ordena kontuan hartuta.

2. Ikaslea IHEPeko ikaspostu batean onartzeak automatikoki ekarriko du 2026-2027 ikasturterako zeukan aurreko ikaspostua galtzea, ikastetxe berean edo beste batean izan. Aukera hobetzea baliatuz ikaspostu bat lortzeak ekarriko du automatikoki galtzea aurretik esleitutako ikaspostua.

3. Matrikula egun hauetan eginen da:

–IHEPeko 1. behin betiko zerrendan onartutakoek: 2026ko irailaren 10ean, 14:00ak arte.

–IHEPeko 2. behin betiko zerrendan onartutakoek: 2026ko irailaren 14an, 14:00ak arte.

4. Adin nagusiko ikasleek ikaspostua lortu duten ikastetxean eginen dute matrikula aurrez aurre, eta, adin txikikoak badira, guraso-ahala duten gurasoek, legezko tutoretza dutenek edo haiek eskuordetzen dutenak. Ikastetxeek matrikularako eskatzen den dokumentazioa argitaratuko dute.

5. Eskaeran lehenengoa ez den beste aukera batean ikaspostua lortzen duenak, matrikula egitean, «aukera hobetzea» edo «aukera ez hobetzea» aukeratu beharko du:

a) Aukera hobetzea aukeratuz gero, pertsona horrek jarraituko du IHEPeko hurrengo zerrendarako baliozkoak diren lehentasunezko aukeren itxarote zerrendetan.

b) Aukera ez hobetzea aukeratuz gero, pertsona horrek galduko ditu lehentasunezko aukeretako itxarote zerrendetatik eratorritako eskubideak.

6. Aukera hobetzearen ondorioz egiten den matrikula berri bakoitzean, ikasleak berriro aukeratu beharko du «aukera hobetzea» eta «aukera ez hobetzea», oraindik argitaratzeke dauden zerrendei dagokienez.

7. Aukera hobetzearen ondorioz ikaspostu berri bat lortzen duenak matrikula berri bat egin beharko du. Esleipen berriak automatikoki ekarriko du aurreko ikaspostua galtzea, nahiz eta matrikula berria egin ez.

8. Lortutako ikaspostu berria beste ikastetxe batekoa bada, matrikula berria egin ondoren, interesdunak aurreko ikastetxeari eskatzen ahalko dio aurkeztutako dokumentazioa itzultzeko. Aurreko matrikula aukera hobetzearen ondorioz galtzen bada, ikasleak eskubidea izanen du baliogabetutako matrikularengatik egindako ordainketen ehuneko ehuna itzultzeko, halakorik balego. Ikaspostu berria ikastetxe berean lortzen bada, matrikula berria egitean eginen dira jarduketa horiek.

9. Ikaspostua lehen aldiz edo aukera hobetzea baliatuz lortu ondoren, ikasleak matrikula epearen barnean egiten ez badu, esleitutako ikaspostua eta itxarote zerrendetatik eratorritako eskubideak galduko ditu, eta IHEPetik kanpo geldituko da. Lehen ikasmailako onarpen-prozesuan, hala badagokio, beste eskaera bat aurkezten ahalko du ILEan. Bigarren ikasmailako onarpen-prozesuan ez da egonen ondorengo ILE aldirik.

10. Lehen ikasmailako IHEPeko behin betiko azken itxarote zerrendak ondorioak izanen ditu ondorengo ILEan. Honako hauek egonen dira zerrenda horretako ikaspostu aktibo batean:

a) IHEPean ikasposturik lortu ez dutenak.

b) Lehenengoa ez den beste aukera batean ikaspostua lortuta, matrikula egin eta «aukera hobetzea» aukeratu dutenak.

11. IHEPeko behin betiko azken itxarote zerrendako posizioa esleipen-irizpidearen parte izanen da ILEan, bat etorriz apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren 37. artikuluan ezarritakoarekin. Bigarren ikasmailan ez da ILErik egonen, eta azken itxarote zerrendak ondorioak izateari utziko dio IHEPa amaitzean.

17.–Ikastetxean hastea eta IHEPa amaitzea.

1. Matrikulatutako ikasleak arau hauei jarraituz hasiko dira:

a) Eskola-jarduerak hasi aurretik matrikulatu diren ikasleek ikasturtea hasten den egunean hasi beharko dute ikastetxean. 2026ko irailaren 16a baino lehen hasten ez badira, ikaspostua galduko dute.

b) Eskola-jarduerak hasi ondoren matrikulatu diren ikasleek matrikularen hurrengo eskola-egun baliodunean hasi beharko dute. Matrikula egin eta hurrengo hamar eskola-egun baliodunean hasten ez badira, ikaspostua galduko dute.

c) Zuzendaritza nagusi eskudunak aurreko epeak luzatzen ahalko ditu arrazoi justifikatuak tartean daudenean, aldez aurretik jakinarazi badira kasuan kasuko epea amaitu baino lehen. Ikastetxeak inguruabar horren berri emanen dio zuzendaritza nagusi horri, balora dezan.

d) Betebehar eta ondorio horiek matrikulatutako ikasle guztiei aplikatuko zaizkie, kontuan hartu gabe parte hartu duten edo ez onarpen-prozesu arruntean edo IHEPean.

2. Behin betiko 2. zerrendako matrikularen ondoren, 2026ko irailaren 14an, oinarrizko mailako IHEPa amaituko da. Libre geratzen diren lehen ikasmailako ikaspostu hutsak ILEaren bidez eskainiko dira, ebazpen espezifikoaren arabera. Bigarren ikasmailan, IHEP honekin bukatuko da epe arruntetik kanpoko onarpen-prozesua.

18.–Dokumentazioa artxibatzea eta gordetzea.

Ikastetxe eta erakunde hartzaileek eta Hezkuntza Departamentuko unitate kudeatzaileak gutxienez bost urtez artxibatu eta gordeko dute IHEPari dagokion dokumentazio guztia, ikaspostuak esleitzeko ebazpena ematen den egunetik zenbatzen hasita. Betebehar horren barnean dokumentu hauek egonen dira, besteak beste: eskaerak, onarpen-prozesu arruntaren egiaztagiriak, aukera hobetzea hautatuz eginiko matrikulen ziurtagiriak, izena emateko azken proposamenak, sartzeko eta barematzeko dokumentazioa, erreklamazioak, zuzenketak eta gorabeheren txostenak.

19.–Komunikazio bideak.

Hauek dira oinarrizko zikloen IHEPerako komunikazio bideak:

–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atala: 848 426628 / 848 426036 / 848 423232 / 848 428981 / 848 426549 / 848 426597.

–Herritarrek harremanetarako duten helbide elektronikoa: ordenafp@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2611151