169. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EULATE

Aldaketa, udal ordenantza fiskal honetan: Urez hornitzeko zerbitzua eta hura emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Eulateko Udalak, 2026ko ekainaren 3an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea ordenantza fiskal honetan: Urez hornitzeko zerbitzua eta hura emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2026ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 23an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Eulaten, 2026ko abuztuaren 7an.–Alkatea, Beñat Ruiz de Larramendi López.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA UR HORNIDURAREN PREZIO PUBLIKOAK

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikulua eta hurrengoak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da eskura izatea edateko uraz hornitzeko zerbitzua, baita hura erabiltzea ere, eta, orobat, edateko uraren banaketa sareari lotzeko eskubidea eta eskura izatea saneamendu zerbitzuko sarea, eta, halaber, sare hura mantentzea eta hari lotzea.

A. Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eskura izatea eta hura mantentzea, hau da, hornidura kontratatu zen tokian edateko ura berehala izateko aukera, eta saneamendu zerbitzua eskura izatea eta hura mantentzea, hau da, urez hornitutako toki batean hondakin urak edo soberakoak berehala husteko aukera, Udal honetako saneamendu sarearen bitartez.

B. Udalak banatzen duen edateko ura erabiltzea eta eskura izatea. Emandako urak zer erabilera edo xede dituen eta saneamendu zerbitzuak zer erabilera duen, horren arabera aldatuko da tasa.

C. Ura banatzeko edo hondakin ura husteko sareetara lotzea, hau da, hornidura edo saneamendu zerbitzua fisikoki eskuratzea.

D. Hondatutako kontagailuak konpontzea, erabiltzailearen kargura. Hau da, matxuratutako kontagailu bat kendu, konpondu eta berriz jartzeko egin beharreko jarduketa guztiak.

E. Kontagailu berriak jartzea.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honetan.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergadunak diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta, halaber, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak, baldin eta eskatu badute edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua edo hartaz baliatzen badira.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei jasanarazten ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

Tarifak

5. artikulua. Ondotik azaltzen diren kontzeptuengatik kobratuko dira tarifak, jarraikiz Eulateko Udalak urtero onesten dituen tarifei:

a) Tasa, hornidura zerbitzua erabilgarri edukitzeagatik eta mantentze-lanengatik: 30 euro urtero (urtero berrikusiko edo eguneratuko da, karga-tasak onestearekin batean).

b) Hornidurarengatik: 0,35 euro metro kubikoko (urtero berrikusiko edo eguneratuko da, karga-tasak onestearekin batean).

c) Matxuraren bat dagoelako ur kontsumoa gehiegizkoa denean, alegia, kontsumoa bat ez datorrenean abonatuaren beharrekin, honela jokatuko da ordainagiria kobratzeko:

  • a. Abonatuak frogatu beharko du matxura bere kontura konpondu duela, fakturaren kopia aurkeztuta.
  • b. Kontsumitutako metro kubikoen arabera kobratzea: aurreko urtean kontsumitutakoak zenbatuko dira.
  • c. Kontsumitutako metro kubikoen eta kontagailuan zehaztutako kontsumoaren arteko aldea kobratzeko, ordaindu beharko da ekitaldiari dagokion hornidurarako prezioaren erdia (gehi %10eko BEZa).

d) Hornidurako hargunea edo saneamendu sarekoa baimentzeagatik, 200 euro (gehi %10eko BEZa). Urtero berrikusiko edo eguneratuko da, karga-tasak onestearekin batera.

e) Hornidurako edo saneamenduko hargunea Udalak jarriko du, eta kostua eskatzaileak ordaindu beharko du.

f) Ur kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeagatik: kontagailua konpontzeko, berria jartzeko edo tokiz aldatzeko lanen zenbatekoa.

Likidatu beharreko kuota

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota zehazteko, aplikatuko dira Udalak urtero onesten dituen tarifak.

Sortzapena

7. artikulua. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen dira:

a) Zerbitzua eskura izateagatik eta mantentze lanengatik, hornidura edo saneamendu sarera lotzen den unetik beretik.

b) Kontsumoagatik, ura erabiltzen hasten denetik.

c) Harguneagatik, tasa sortuko eta ordainaraziko da onartzen denean haren irekiera, lizentzia edo baimena.

d) Ur kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeagatik: halako jarduketa gertatzen den unean.

Kudeaketa-arauak

8. artikulua. Sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenak ordaindu beharko ditu kontagailua erosteko gastuak, bai eta instalaziorako eta hornidurarako behar diren materialen eta eskulanaren gastuak ere.

Orobat, erabiltzailearen bizkar izanen dira kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeko gastuak.

Kontagailuak toki saneatuetan ezarriko dira, aise heltzeko eta ikusteko lekuan, ahalik eta erosoen zaintzeko, aztertzeko eta irakurtzeko moduan. Betiere, Udalak edo hark baimendutako pertsona batek erabakiko du non kokatu, eta hari dagokio zigilatzea kontagailuaren eta instalazioko hodiaren arteko lotunea. Edozein inguruabar dela-eta, zigilua hautsiz gero, erabiltzailea behartua dago horren berri ematera Udalari, neurri egokiak har ditzan.

Eskabidea aurkeztu beharko diote Eulateko Udalari higiezin batean hargunea jarri nahi duten sustatzaile, eraikitzaile, pertsona juridiko edo fisikoek. Bertan adierazi beharko dute zenbat etxebizitza, etxabe edo lokaletan instalatzen ahal den hornidura partikularra, zenbatek hartzen duten zerbitzua, higiezinaren azalera erabilgarria eta ezarri nahi den hargunearen diametroa. Beharrezkoa da kontagailu bat izatea herritar edo familia-unitate bakoitzeko.

Eskabidea ikusita, Udalak eskaria ebatziko du. Egoki iritziz gero, argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta emanen ditu hargune orokorra egiteko komenigarritzat jotzen dituen jarraibideak.

Hornidura edo saneamenduko sare orokorrari lotzeko lanak ezin dira hasi aldez aurretik Udalaren Diruzaintzan edo horretarako gaitutako banku edo aurrezki bulegoetan ordaindu gabe, ordenantza honen 6. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

9. artikulua. Udalak ardura handiz zainduko du ahalik eta baldintza hoberenetan ematen dela ur horniduraren zerbitzua eta antzeko zerbitzuak, eta lanak ahalik eta baldintza hoberenetan egiten direla, baina horregatik ez da erantzule izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, presio gutxiegi izanez gero, ur hornidura etenez gero edo zerbitzuan beste edozein gorabehera gertatuz gero.

Udalak bando bidez ohartaraziko du etenaldi luzeak izaten direnean, salbu eta larritasun handiko kasuak badira.

Prebentziozko neurri gisa, ur hornidura mozten ahalko zaio hargunearen titularrari, baldin eta galera dakarten matxurak baditu etxe edo instalazio barnean.

10. artikulua. Erabiltzaileak inola ere ezin du urez hornitu beste norbait, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da erantzule bakarra.

11. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude toki-erakundeari lehenbailehen jakinaraztera ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak.

12. artikulua. Erabiltzaileari dagokio zaintzea behar bezala egon dadin kontagailua eta paso-giltza dauden tokia, eta betetzea toki-erakundeak ematen dituen jarraibideak.

13. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile baimenduari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki-erakundeko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo horren antzeko beste zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu behar badute.

Diru-bilketa

14. artikulua. Ezarritako ordainarazpenak urtean behin pagatuko dira. Hornidurarako hargunea jartzeagatik (obra berria ez denean), ordainarazpena sortzearekin batera ordaindu beharko da.

Arau-hauste eta zehapenak

15. artikulua. Definizioa.

Erabiltzailearen arau-haustetzat hartuko dira ordenantza honetan ezarritakoa urratzen dituzten ekintzak eta omisioak.

16. artikulua. Sailkapena.

Garrantziaren arabera, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke, ondoko artikuluetan zehazten denaren arabera.

17. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Ez betetzea betebehar hau: behar duen ura bakarrik erabiltzea, eta, orobat, beharrik gabe ur gehiegi ez kontsumitzea. Betebehar horren xedea da hornidura sareko erabiltzaile guztiek errazago izatea ura eskura.

b) Ez betetzea betebehar hau: Udalari ahalik lasterren jakinaraztea ikusten duen edozein matxura. Batez ere baldin horren ondorioa bada ur-ihesa, edo edateko nahiz hondakin urak galtzea, edo traba gertatzea saneamendu sarean.

c) Ez betetzea betebehar hau: Udalari komunikatzea, baldin, edozein arrazoirengatik, aldaketa nabarmena egiten badu bere ohiko kontsumoan eta/edo isurketetan, eta/edo horien ezaugarrietan, eta, halaber, aldatzen badu kontsumitzen duen uraren erabilera, betiere horrekin batera aldatu behar badira tarifak edo, oro har, kontratuaren baldintzak.

d) Berari dagokion ur hornidura erabiltzea kontratuan jartzen ez diren gauzetarako, edo aldatzea kontratuan jarritako isurketarako baldintzak.

e) Aurrekoez gain, arinak dira ordenantza honetan ezarritakoa urratzen dituzten ekintzak eta omisioak, baldin astunak edo oso astunak ez badira.

18. artikulua. Arau-hauste astunak.

Honako hauek dira arau-hauste astunak:

a) Ez betetzea betebehar hau: hondakin urak isurtzea indarrean diren legeek ezarritako baldintzen eta mugen barnean.

b) Ez betetzea betebehar hau: eraikinaren barneko instalazioa arreta osoz erabiltzea, zaintzea eta kontserbatzea.

c) Ez betetzea betebehar hau: polizan ageri den finkan, etxebizitzan, lokalean edo toki itxian sartzen eta lanak egiten uztea Udaleko enplegatuei, edo Udalak akreditatutakoei (Udalaren langileak ez izan arren); alegia, aipatutako langileak etortzen zaizkionean hornidura eta saneamenduaren ikuskapena egitera edo neurgailua berriz jartzera edo irakurtzera.

d) Ez betetzea betebehar hau: ahalik eta zehatzen ematea Udalak eskatzen dituen datuak, zerbitzuei buruz edo haiekin zerikusia dutenei buruz.

e) Ura ekartzeko edo husteko hodiei zuzenean txertatzea (edo, oro har, baimenik gabe erabiltzea) ponpak eta beste edozein aparatu edo elementu, baldin horrek aldaraz badezake hornidura eta/edo saneamendu sarearen egoera eta, ondorioz, beste erabiltzaile batzuei ematen zaien zerbitzua, edo hartan eraginik izan badezake.

f) Udalak emandako ura edo husteko ahalmena beste norbaiti saltzea edo doan lagatzea, ohikotasunez.

g) Neurgailua lekuz aldatzea edo bertara heltzeko bidea aldatzea, Udalaren baimenik izan gabe.

h) Manipulatzea sare edo instalazioen edozein elementu, edo ura kargatu edo erabiltzeko edozein elementu, edo horiei kalte egitea, baita neurgailuak manipulatzea ere.

i) Isurketak ez lotzea dagokien husteko hodiarekin, arloko araudiaren arabera.

j) Hornidura sareko edozein elementutatik ura hartzea, modu irregularrean eta baimenik gabe.

k) Erabilera murriztuetarako ura erabiltzea lehorte larrialdi latzetan.

19. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Aurreko artikuluan astuntzat jotako arau-hausteak oso astunak izanen dira baldin eta isurketaren kantitate edo kalitateagatik arrisku handia eragiten bada pertsonen osasunerako, baliabide naturaletarako edo ingurumenerako, baldin hondakin uren kolektoreetan efluenteak behar bezala zirkulatzen ez badu, hodiei kalte egiten bazaie edo hondakin uren araztegiak behar bezala funtzionatzen ez badu.

b) Arriskuak edo larrialdiak ez komunikatzea, edo ez betetzea egoera horietan Administrazioak agintzen duena.

c) Isurketak eteteko aginduak ez betetzea.

d) Udalaren berariazko baimenik gabe ura hartzea, horretarako erabiliz hornidura sarean kutsadura eragin dezaketen prozedurak.

e) Erabilera murriztuetarako ura erabiltzea lehorte larrialdi latz eta muturrekoetan.

f) Ur kontsumoak egitea neurgailu batek kontrolatu gabe edo behar den kontratua sinatu gabe, edo instalazioak nolanahi bestelakotzea hori posible egiteko. Gauza bera, kontrolatu beharreko isurketekin.

g) Neurgailuaren zigiluak aldatzea edo haustea, beretzat irabazia ateratzeko asmoz.

20. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.

Arau-hauste horiei aplikatzen ahal zaizkien zehapenak honako hauek dira: 3.000 euro bitarte, arau-hauste oso astunetarako; 1.500 euro bitarte, arau-hauste astunetarako; eta 750 euro bitarte, arau-hauste arinetarako.

21. artikulua. Zehapenen graduazioa.

1. Zehapenak aplikatzeko, kontuan hartuko da egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den, egindako kalteak nolakoak izan diren eta urte batean antzeko beste arau-hausteren bat egin den, hala deklaratu bada ebazpen irmo baten bidez.

2. Zehapena %20 merkeago ordaintzen ahal da, behar den zenbatekoaren gainean aplikatuta, baldin ordaintzen bada zehapen espedientea abiarazi dela jakinarazi ondoko lehen hamabost egunean.

3. Behin-behineko neurri gisa, hornidura eteten ahalko da.

22. artikulua. Konpentsazioa iruzurra egiteagatik.

1. Instalazioak nola edo hala manipulatuz iruzurra egiten denean, kontratatutako zerbitzuak eten eginen dira, harik eta instalazioak hasierako egoeran berriz utzi arte eta arau-hausleak eragindako gastuak ordaindu arte.

2. Arau-hausteen ondorioz erabiltzaileak irabazi ekonomikoa lortzen badu, 22. artikuluan ezarritako zehapenez gain, iruzurrari dagokion likidazioa eginen da.

3. Iruzurraren ezaugarriak direla-eta ez dagoenean zehazterik kontsumitutako ur bolumena, aurreko apartatuan aipatutako likidazioa egiteko, kalkulu hau eginen da: iruzurrak iraun duen bitartean egunero hamar orduko kontsumoa egin izan balitz hargunetik pasatuko zatekeen gehienekoa.

4. Ezinezkoa bada iruzurrak zenbat denbora iraun duen zehaztea, ikusirik kasu bakoitzaren inguruabarrak eta zantzuak, likidazioan denbora-eskala hau erabiliko da:

a) Zantzuengatik, uste denean iruzurrak ez duela iraun hamabost egun baino gehiago: hamar egun.

b) Uste denean gutxi gorabehera hilabete iraun duela: hogeita bost egun.

c) Uste denean hilabetetik hiru hilabetera bitarteko denbora iraun duela: hirurogei egun.

d) Uste denean hiru hilabetetik sei hilabetera bitarteko denbora iraun duela: ehun eta berrogeita hamar egun.

e) Uste denean sei hilabetetik urtebetera bitarteko denbora iraun duela: hirurehun egun.

f) Uste denean urtebetetik gora iraun duela: zazpiehun eta hogeita hamar egun.

23. artikulua. Aldatutako errealitate fisikoa konpontzea.

1. Zehapenez gain, egindako kaltea konpondu beharko da eta iruzurrez lortutakoa itzuli, eta beste erantzukizunik baldin bada, horiei ere egin beharko zaie aurre. Sortutako kaltea konpontzeko, behar diren eragiketak egin beharko dira lehengora daitezen instalazioak eta hornidura eta/edo saneamendu sareen elementuak, eta hasteko eta bukatzeko epeak finkatuko dira.

2. Epeak errespetatzen ez badira edo hasitako lanak geldiarazten badira, subsidiarioki, Udalak exekutatuko ditu lanak, arau-hauslearen kontura betiere.

3. Orobat, Udalak ahalmena du subjektu erantzuleari eskatzeko fidantza bat jar dezala, bermatu dadin ezarritako neurrien eraginkortasuna.

24. artikulua. Zehapenak ezartzea.

Udaleko organo batek ezarriko ditu ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteen zehapenak, hain zuzen toki araubideko araudiaren arabera kasu bakoitzean eskuduna den organoak.

25. artikulua. Zehapen-prozedura.

Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteei zehapenak ezartzeko, jarraituko zaio urriaren 1eko 39/2015 Legeari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), edo hura ordezten duen arauari.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, indargabetu egiten dira, eta inolako baliorik eta ondoriorik gabe uzten, maila bereko edo apalagoko xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, baldin ordenantzaren aurkakoak badira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2610968