169. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EULATE

Ordenantza, rokodromoaren erabilera eta kudeaketa arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Eulateko Udalak, 2026ko ekainaren 3an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen rokodromoaren erabilera eta kudeaketa arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia 2026ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 23an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Eulaten, 2026ko abuztuaren 7an.–Alkatea, Beñat Ruiz de Larramendi López.

ROKODROMOAREN ERABILERA ETA KUDEAKETA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ohar orokorrak.

Eulateko Udalak helburutzat du kirola egitea sustatzea Eulateko udalerrian. Beste hainbat eginkizunen artean, bere esku dago kirol erabileretara bideratuta dagoen udal rokodromoaren kudeaketa, mantentze lanak, hobekuntza eta ikuskapena.

Eulateko Udalak edozein pertsona edo erakunderen esku jartzen du udal rokodromora sartzeko aukera, bai Udalak sustatutako jardueretan integratzeko, bai jarduera askeak egiteko.

Helburu horiek hobeki betetzeko, Eulateko Udalak zenbait arau garatu ditu. Arau horiek baliagarriak izanen dira, batetik,rokodromoaren erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, eta, bestetik, horiek gainerako erabiltzaileekin, instalazioekin eta kirol ekipamenduarekin dituzten betebeharrak finkatzeko.

2. KAPITULUA.–ERABILTZAILEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHAR OROKORRAK

2. artikulua. Erabiltzaileak.

1.–Araudi honen ondorioetarako, Eulateko rokodromoaren erabiltzailetzat joko dira pilotalekua erabiltzen duten pertsonak edo erakundeak, bai Udalak berak sustatutako eta kudeatutako jardueretan parte hartuz, bai kirol espazio horren alokairuan edo lagapenean parte hartuz.

2.–Gomendatzen da kirol-instalaziora joaten diren erabiltzaileek dokumentu hauetakoren bat izatea:

a) Federazioaren lizentzia.

b) Aseguru pertsonala.

c) Erantzukizun ziurtagiria (Udalaren inprimakia).

2.–Instalazioaren erabiltzailea adingabea bada, gurasoak edo legezko tutoreak izanen dira bere ekintzen ondorioen erantzuleak. 18 urtetik beherako adingabeek instalazioa erabiltzen ahalko dute haietaz arduratzen den tutore batek lagunduta.

3.–Instalazioa erabiltzea doakoa da Eulaten erroldatutakoentzat.

Eulaten erroldatu ez direnek instalazioa erabili nahi badute, tarifa hauek izanen dituzte:

  • 5 lagun bitarteko taldeak: 5 euro/taldea.
  • 5 eta 10 lagun bitarteko taldeak: 10 euro/taldea.
  • 10 eta gehienez ere 20 laguneko taldeak: 20 euro/taldea.

Erabiltzaileak ez badu rokodromoa erabiltzea ordaindu behar ere, beti nahitaez erregelamendu hau bete beharko du.

3. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

1.–Instalazioez baliatzea, ezarritako arauen arabera.

2.–Zerbitzu gehigarriak erabiltzea, aurreikusitako baldintzetan.

3.–Instalazioak, altzariak eta kirol materiala erabiltzeko baldintza egokietan egotea.

4.–Egoki iritzitako kexak, iradokizunak edo erreklamazioak idatziz aurkeztea udaletxean.

4. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

1.–Instalazioak, materiala eta altzariak behar bezala erabiltzea, instalazioetan edo beste erabiltzaileen osasunean eta eskubideetan kalte edo narriadurarik ez eragiteko.

2.–Gainerako erabiltzaileak eta Udal langileak behar bezala errespetatzea, eta kirol-instalazioetako langileen jarraibideak beti betetzea, haien zeregina eskala murruan egiten den jarduera oro kontrolatzea baita.

3.–Jarduera burutzeko kirol-instalazioan sartzean, kirol janzkera egokia izatea [eskalatzeko oinetakoak, kordel dinamikoa, eskaladako arnesa, grigria edo autoblokeagarria, zinta expressak eta kirol arropa (CE UIA arauak homologatutako materiala)].

4.–Nahitaezkoa da grigria erabiltzea, segurtasuneko neurri gisara.

5.–Dagokion prezioa ordaintzea.

6.–Rokodromoaren erabilera araudia betetzea.

7.–Jarduera bukatu ondoren, instalaziotik ateratzea.

8.–Instalazioan ez jatea, edatea edo erretzea.

9.–Rokodromoaren zolan ez da onartzen poltsa edo motxilarik sartzerik, eskaladarako materiala soil-soilik. Horretarako gaitutako beste eremu bat dago.

10.–Ez uztea objektuak horiek uzteko eremutik kanpo. Udalak ez du erantzukizunik izanen instalazioetan galtzen diren gauzen gainean. Galdutako gauzen departamentu bat dago Udalean. Bertan utzitako edozer gauza gehienez ere 10 egunez egonen da. Denbora hori igarotzean, Udala ez da gauza horien arduradun izanen.

11.–Udalak ez du bere gain hartuko erantzukizunik erabiltzailearen aurrean, honako hauei dagokienez: arau hauek ez betetzearen ondoriozko istripu edo kalteak; beste erabiltzaile baten jokabide arduragabea, edo instalazioak, ekipamenduak eta zerbitzuak gaizki erabiltzea.

12.–Edozer anomalia edo kalte jakinarazi behar zaie Udal langileei.

3. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK ERABILTZEKO ARAUAK

6. artikulua. Instalazioak erreserbatu eta erabiltzeko arau orokorrak.

1.–Instalazioak erabili aurretik, erabiltzaileek instalazio hori erabiltzeko eskaera-orria bete behar dute. Eskaera-orri hori Udal langileek emanen diete.

2.–Instalaziora sartzeko ordainketa interesdunek eginen dute, Udalak adierazitako modura.

3.–Ikusle eta laguntzaileak sartzen ahalko dira, jardueraren eta instalazioaren ezaugarrien arabera.

7. artikulua. Instalazioak erreserbatu eta erabiltzeko arau orokorrak, denboraldiko abonamenduen bidez.

1.–Instalazioa erregularki erabili nahi duten klub eta elkarteek Udalak ezarritako epean bete beharko dute haiei dagokien eskabidea.

2.–Erabilera mota hori emateko, lehentasuntzat hartuko dira honako hauek:

–Klubak edo elkarteak egoitza Eulaten edo Ameskoa Ibarran izatea.

–Kluba edo elkartea Eulateko Aterpe Turistikoaren erabiltzailea izatea.

8. artikulua. Instalazioaren informazio espezifikoa.

1.–Rokodromoan berariazko argibideak egonen dira, honako hauek jasoko dituztenak: instalazioaren irekiera ordutegiak, jendearentzako ordutegiak eta erabiltzaileentzat interesgarria izan daitekeen beste edozein informazio.

2.–Informazio hori ikusgai jarriko da urte guztian zehar kirol-instalazioaren iragarki-taulan.

4. KAPITULUA.–KIROL JARDUERA EGINEN DUENAREN ARAU OROKORRAK

9. artikulua. Instalazioak erreserbatu eta erabiltzeko arau orokorrak.

Artikulu honek eta hurrengoek instalazioan kirol jarduera arautzen duten arau orokorrak garatzen dituzte.

1.–Erabiltzaile guztiek instalazioa erabiltzeko eskaera-orria beteta eta sinatuta aurkeztu behar dute, jarduerarekin hasi aurretik. Adingabeen kasuan, gurasoetakoren batek edo tutoreak sinatuko du.

2.–Beroketarako zeharkaldiko eskalada hertsiki mugatuta dago 1. aseguruaren lerroaren azpiko presetara, eta soilik ez dagonean soka talderik eskalatzen.

3.–Erabiltzaileak jarritako sokak aurkitzen baditu, derrigorrezkoa izanen da soka gainetik jarrita eskalatzea edo Top Rope egitea.

4.–Erabiltzaileren batek instalazioa erabiltzen badu beharrezko dokumentazioa gabe, hari sarrera ukatzeko eskubide dago.

5.–Ezin da inolako biderik, presarik edo asegururik aldatu, Udal langileen baimenik gabe. Presak soilik Eulateko Udalak aldatuko ditu.

10. artikulua. Istripu asegurua.

1.–Udalaren jabetzako kirol-instalazioa erabiltzeak ez dakar berarekin kirol istripuen asegurua izatea. Erabiltzaileak berak ordaindu behariko ditu gastu medikoak, kirol lesio edo istripuren bat badago.

11. artikulua. Jardueraren iraupena.

1.–Rokodromoa erabiltzeko denbora gehienez ere 4 ordukoa izanen da. Instalazioa erabiltzeko ordutegian erabili beharko da rokodromoa, zeina 8 ordukoa den (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara).

12. artikulua. Jarduerako erabiltzaile kopurua.

1.–Gehienez ere instalazioan aldi berean 4 soka talde egoten ahal dira (8 pertsona).

13. artikulua. Jardueren programen informazio espezifikoa.

1.–Jarduera bakoitza edo jarduera talde bakoitza gidatuko duten baldintza espezifikoak jakinaraziko zaizkie erabiltzaileei denboraldiaren hasieran edo, hala badagokio, jardueraren hasieran.

2.–Informazio hori ikusgai egonen da jarduerak irauten duen bitartean, instalazioaren iragarki-tauletan.

5. KAPITULUA.–ERABILTZAILE IZAERA GALTZEA

14. artikulua. Kausak.

Erabiltzaile izaeraren ondoriozko betebeharrak ez betetzeak izaera hori galtzea ekartzen ahal du.

Ez betetze horiek arinak eta astunak izaten ahal dira, hurrengo artikulu hauetan adierazi bezala.

15. artikulua. Ez betetze arinak.

1.–Arintzat joko da erabiltzaileen betebehar batzuk ez betetzea, horren ondorioak astuntzat hartzen ez direnean.

2.–Edozein erabiltzaile, langile... modu desegokian tratatzea.

3.–Kalte arinak nahita eragitea instalazioetan, haien materialean edo ekipamenduetan.

16. artikulua. Ez betetze astunak.

1.–Erabiltzaileen betebehar batzuk behin eta berriz ez betetzea.

2.–Tratu txarra ematea, hitzez edo egitez, instalazioko beste erabiltzaile, ikusle, irakasle edo langile batzuei.

3.–Instalazioan kalte larriak nahita eragitea, edota haien materialean edo ekipamenduan.

4.–Istripu larriak eragitea norberaren buruari edo beste pertsona batzuei, axolagabekeriaz edo zabarkeriaz.

5.–Identitateari, osasun egoerari... lotutako datuak faltsutzea, nahita, eta identitatea ordeztea.

6.–Arintzat jotako ez betetzeak berriz egitea.

17. artikulua. Ondorioak.

1.–Instalazioa oker erabiltzeak berarekin dakar desgaikuntza zehapen bat ezartzea, gutxienez urte batekoa.

18. artikulua. Prozedura.

1.–Udaleko osoko bilkura izanen da prozedura izapidetzearen arduraduna.

2.–Proposamenak interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta hamar egun balioduneko entzunaldia emanen zaie, egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten eta dokumentuak eta informazioak aurkez ditzaten.

3.–Entzunaldi epea bukatuta, eta erabiltzaileak aurkeztutako alegazioak ikusita, Udalburuak interesdunari jakinaraziko dio, dagokiona ebazteko. Behin Udalburuak ebatzi ondoren, ukitutakoari jakinaraziko zaio administrazio legeriak emandako epean.

4.–Hartutako erabakien aurka, egoki iritzitako errekurtsoak jar daitezke, Administrazio Prozedurari buruzko Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

5.–Hala ere, erabiltzaileak erregelamendu honen aurka egiten badu nabarmen, instalazioko langileek baimena dute rokodromotik joateko eskatzeko, edo, kasua larria bada, segurtasun indarrei deitzeko, bertaratu daitezen, deusetan ukatu gabe kasuari aplika dakizkiokeen ondorengo ekintzak.

Xedapen gehigarria.–Eulateko Udalaren kirol-instalazioetako erabilera eta funtzionamendu arau guztiak betetzea nahitaezkoa izanen da, bai eta etorkizunean emanen direnak ere.

Azkeneko araua.–Erregelamendu honek indarra hartuko du onesteko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko legezko izapideak bete ondoren, eta horren ale bat kirol-instalazio guztietan jarriko da ikusgai, orok jakin dezan.

Iragarkiaren kodea: L2610966