2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EULATE
Erregelamendua, arautzen duena telelanaren modalitateko zerbitzu-ematea. Behin betiko onespena
Eulateko Udalak, 2026ko ekainaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Telelanaren modalitateko zerbitzu-ematea arautzen duen erregelamendua.
Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2026ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 23an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Eulaten, 2026ko abuztuaren 7an.–Alkatea, Beñat Ruiz de Larramendi López.
ERREGELAMENDUA, ARAUTZEN DUENA TELELANAREN MODALITATEKO ZERBITZU-EMATEA EULATEKO UDALEAN
1. artikulua. Xedea.
Erregelamendu honen xedea da baldintzak arautzea Eulateko Udalaren zerbitzura diharduten langileak telelanaren modalitatean ari daitezen.
2. artikulua. Kontzeptua.
Telelana da zerbitzuak urrutitik ematea, bitarteko teknologikoen bidez, baldin eta zerbitzuaren beharrek horretarako aukera ematen badute.
3. artikulua. Borondatezkotasuna eta itzulgarritasuna.
Telelana borondatezkoa izanen da, bai Udalarentzat, bai enplegatuentzat, eta itzulgarria izanen da noiznahi, antolaketari nahiz zerbitzuari loturiko beharrak direla-eta, behar bezala justifikaturik.
4. artikulua. Telelana izan dezaketen lanpostuak.
Lanpostuetan telelanaren modalitatean jarduten ahalko da, baldin eta dagozkien eginkizunak modu ez-presentzialean egiten ahal badira, eta jendeari etengabe arreta eman beharra ez badute.
5. artikulua. Gutxieneko lanaldi presentziala.
Oro har, telelana ezin izanen da egin astean bi egunetan baino gehiagotan, eta une oro bermatu beharko da udal zerbitzuen arreta presentzial egokia.
6. artikulua. Ordutegia eta prestasuna.
Telelanean diharduten langileek bete beharko dituzte ezarritako lanaldia eta ordutegia, eta lokalizatzeko moduan egon, lanaldiak dirauen bitartean.
7. artikulua. Bitarteko teknologikoak.
Udalak emanen ditu, ahal duen heinean, behar diren bitarteko teknologikoak, urrutiko lana bete ahal izateko.
8. artikulua. Datuak babestea eta konfidentzialtasuna.
Langileek indarreko araudia bete beharko dute datuen babesari, konfidentzialtasunari eta informazioaren segurtasunari buruz.
9. artikulua. Laneko arriskuen prebentzioa.
Langileek lan-ingurune egokia izan beharko dute, bat etorriz laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudiarekin.
10. artikulua. Baimena.
Zerbitzuak emateko telelanaren modalitatean, Alkatetzaren berariazko baimena beharko da.
Azken xedapena.–Erregelamendu hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L2610963