169. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Udalaren kirol instalazioetako barne araubidearen erregelamenduan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2026ko maiatzaren 5ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Artikako eta Berriobeitiko Udalaren kirol instalazioetako barne araubidearen erregelamenduan.

Hasierako onespenaren erabakia 2026ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 2an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Berriobeitin, 2026ko uztailaren 28an.–Alkatea, Félix Remírez Hoyos.

ARTIKAKO ETA BERRIOBEITIKO UDAL INSTALAZIOEN BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA.–Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xede nagusia da Berriobeitiko Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzea, zeinak Artikako Kirol Hiriak eta Berriobeitiko Kirol Instalazioek osatzen baitituzte (biak ere Berriobeitiko Udalaren jabetzakoak dira).

Udalaren kirol instalaziotzat hartzen dira honako espazio hauek osatzen dituzten kirolguneak:

Berriobeitiko Kirol Instalazioak.

• Helbidea: Garbikundearen Andre Mariaren kalea 1 - Berriobeiti.

• Telefonoa: 948303158.

• Honako espazio hauek dituzte:

–Igerileku klimatizatua.

–Hidromasajerako ontzi klimatizatua.

–Jacuzzia.

–Lurrun bainua.

–Terma.

–Sauna.

–Dutxa bitermikoak.

–Aldagelak.

–Muskulazio gela.

–Kanpoaldeko lorategia.

–Kanpoko aisialdiko igerilekua.

–Kanpoko plisti-plastako igerilekua.

–Erretokiak.

–Haurren jolastokia.

Artikako Kirol Hiria.

• Helbidea: Auzalor kalea 1 - Artika.

• Telefonoa: 948803748.

• Honako espazio hauek dituzte:

–Igerileku klimatizatua.

–Igerileku termoludiko klimatizatua.

–Hidromasajerako ontzi klimatizatua.

–Lurrun bainua.

–Sauna.

–Dutxa bitermikoak.

–Aldagelak.

–Jarduera gela.

–Tratamenduen eremua.

–Muskulazio gela.

–Txiki-parka.

–Kanpoaldeko lorategia.

–Kanpoko igerileku ludikoa.

–Kanpoko plisti-plastako igerilekua.

–Kanpoko plisti-plastako igerileku ludikoa.

–Splash parka.

–Erretokiak.

–Haurren parkeak.

Halaber, instalaziotzat hartzen dira kirolak, jarduera ludikoak eta kultura fisikoa egiteko gainerako espazioak, bai gaur egun daudenak, bai oraingoak handituta etorkizunean egon daitezkeenak.

Horien barnean sartuko dira, halaber, aipatutako jarduerei atxikirik dauden eta aurreko paragrafoan azaldutako instalazioetan dauden ondasun higigarriak, instalazioak eta zerbitzuak.

2. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren Udalaren kirol instalazioak hartuko dira zerbitzu publikoari atxikitako jabari publikoko ondasuntzat, eta bete beharko dituzte Foru Komunitatean indarra duten arauak, arlo hauetan: kirola, ikuskizun publikoak, ingurumen osasuna, aisialdiko jarduerak eta ingurumena babesteko jarduera sailkatuak.

3. artikulua. Udalaren kirol instalazioak jendearentzat irekita egonen dira, eta edozein erabiltzailek sartu eta erabiltzen ahalko ditu, Berriobeitiko Udalak haiek erabiltzeko onetsitako udal prezio publikoa ordainduta.

Udalaren kirol instalazioen erabiltzailetzat hartuko dira erregelamendu honen 1. artikuluan aipaturiko instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak.

Kirol eremu horietako erabiltzaile izan daitezke hala banakoak (bakarkako erabilera) nola talde antolatuak (erabilera kolektiboa), kirol klubak, elkarteak, ikastetxeak, eta erabiltzeko erreserba egiten duten entitate edo pertsonak, betiere aurretik ezarritako programazio eta ordutegi baten barnean.

Instalazioak ezin dira taldeka erabili baldin ez badute instalazioaren zuzendaritzaren edo Udalaren berariazko baimenik.

Erabiltzaileek ezin izanen dituzte instalazioak irabazi asmoz erabili baldin ez badute Kudeaketa eta Jarraipen Batzordearen berariazko baimenik.

4. artikulua. Instalazio bakoitza erabiltzen ahalko da harentzat aurreikusitako xede diren edo hari dagozkion kirolak praktikatzeko eta jarduerak egiteko.

5. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan kartela paratuko da, Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak onetsia, erabiltzaileak ongi ikusteko moduko tokian, honako hauek azaltzeko:

Zer kirol zerbitzu eskaintzen diren eta, hala behar denean, zer tarifa edo tasa ordaindu behar diren.

Instalazioen ordutegia.

Egiten diren zerbitzuak edo programak.

6. artikulua. Berriobeitiko Udalak beretako gordetzen du xedapenak eta ebazpenak emateko eskubidea, erregelamendu honetan ezartzen dena azaltzeko, aldatzeko edo garatzeko, instalazioak era egokian erabiltzearren.

Erregelamendu hau jendearen eskura egonen da Artikako Kirol Hiriko kirol instalazioetan, Berriobeitiko Kirol Instalazioetan eta instalazioen web orrian.

Nahiz eta Berriobeitiko Udalak erregelamendu honetan jasotako eskubideak ez erabili, horrek ez du adieraziko eskubide horiei uko egiten dienik.

7. artikulua. Udalak arrisku anitzeko erantzukizun zibileko asegurua izanen du Udalaren kirol instalazio guztietarako, estaltzeko instalazioaren erabileraren ondoriozko kalte eta galera guztiak. Udalak, orobat, erantzukizun zibileko aseguru bat eskatuko dio Udalaren kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresari.

8. artikulua. Udalak eta kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresak ez dute erantzukizunik izanen Udalaren inongo kirol instalaziotan kirolean aritzean gertatzen diren istripuen gainean, baldin gertatzen badira arauak ez betetzeagatik, seinale edo abisuei kasurik ez egiteagatik edo instalazio eta zerbitzuak oker erabiltzeagatik. Ildo horretan, erabiltzailearen erantzukizuna izanen dira lerraldiek eragindako istripuak. Era berean, instalazioen barnean ebasketarik edo lapurretarik gertatuz gero, Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute erantzukizuna beren gain hartuko.

8.1. Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izanen kirolean aritzetik sor daitezkeen lesioengatik.

9. artikulua. Kirolarien eta ikusleen segurtasuna eta babesa bermatzeko xedez, sarrera galaraziko zaie, Udalaren kirol-instalazioetako ikuskizunetara eta kirol saioetara, honako hauek pasatu nahi dituztenei:

9.1. Edukiz edo esanahiz indarkeria erabiltzera dei egin dezaketen pankartak, sinboloak, ikur edo idatziak.

9.2. Armak, edo kalteak eragin ditzaketen objektuak.

9.3. Bengalak edo su artifizialak.

9.4. Erregelamendu bidez debekatzen diren beste objektu edo tresna guztiak.

Nolanahi ere, debeku izanen da Udalaren kirol-instalazioetan erakustea edo erabiltzea aurreko apartatuan aipatu diren objektuak, eta instalazioaren titularrak edo kudeatzaileak beharturik daude haiek berehala kentzera.

10. artikulua. Udalak baimendutako jardueretan sarrera-salmentatik ateratzen den dirua geldituko da jarduera hori antolatzen duen entitatearen esku, eta horrek, bere aldetik, ordaindu beharko ditu egoki den erabilera tasa edo prezio publikoa eta indarreko udal zergak.

11. artikulua. Igerilekuen Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposaturik, Udalak baimena ematen ahalko du publizitatea jartzeko, mugigarria nahiz estatikoa, iraunkorra edo ez, edozein elementu tekniko edo euskarritan, baldin eta legezko arauak betetzen baditu, kirol entitateren batek eskatzen badu eta dagokion baimenean Udalak zehazten dituen arauak beteta.

12. artikulua. Instalazioetako seinale guztiek, barnekoek nahiz kanpoaldekoek, dagokien araudia bete beharko dute, hala Udalarena nola foru administrazioarena, eta araudi orokorra. Betiere, seinale horietan agertu beharko du Udalari dagokiola instalazioaren titulartasuna.

13. artikulua. Kirolean aritzeko, edozein espezialitatetan, material eta janzkera egokiak erabili beharko dira. Hori kontuan harturik, oinetakoak zaindu beharko dira bereziki, eta erabili beharko dira kirolgune bakoitzaren zoru berezian markarik utziko ez duten zolak.

13.1. Aldageletan, pasabideetan nahiz kirolgunetzat hartzen ez diren eremu guztietan, ez dago baimenduta jostetan aritzea edo beroketa ariketak egitea erabiliz baloiak, pilotak edo bestelako objektuak.

14. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzeak berekin dakar erregelamendu honetako arauak onartzea.

II. KAPITULUA.–Instalazioak ireki eta ixtea

15. artikulua. Berriobeitiko Udalari dagokio urteko egutegia finkatzea, hala Artikako Kirol Hiriko udal kirol instalazioena nola Berriobeitiko Kirol Instalazioen funtzionamenduarena, baita instalazioak noiz itxiko diren ere (geldialdi teknikoa egiteko). Egutegia urtero onetsi beharko da.

Erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezartzen dituen indarreko legediaren arabera, "nahitaezkoa da igeri-ontzi bakoitza erabat hustea, garbitzea eta desinfektatzea, eta haren hormak, hondoa eta osagarriak konpontzea denboraldia hasi baino lehen, eta gutxienez urtean behin".

Arau orokor gisa, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egonen dira Artikako Kirol Hiria eta Berriobeitiko Kirol Instalazioak. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean, instalazioa goizez baizik ez da irekiko, arratsaldez itxita egonen da, bai eta urtero onesten diren jaiegun ofizialetan ere.

Berriobeitiko Udalak hemengo egutegi eta ordutegiak aldatzen ahal ditu, hala behar duenean, eta kirol instalazioetan kirol, kultura nahiz gizarte ekitaldiak antolatzen direnean.

Erregelamendu honen xede diren kirol instalazioetako abonatuek prezio publiko onetsiak ordaindu beharko dituzte Udalak kirol instalazioak ixteko zehaztutako aldietan, baita urteko egutegian ezarritako geldialdi teknikoetan ere.

Instalazioen geldialdi teknikoetan, erroldatutakoak bakarrik sartzen ahalko dira erregelamendu honen xede diren bi instalazioetatik edozeinetan.

III. KAPITULUA.–Abonatuak

16. artikulua. Abonatua izateko, pertsona batek inskripzioa eskatu behar du, hura onartu behar diote, erabileraren arabera unean-unean ezartzen den akreditazioa eduki behar du, eta Udalak onesten dituen prezio publikoak ordainduak izan behar ditu.

Dagokion akreditazioa izanik edozein instalaziotara abonatuta dagoenak instalazioetara sartzeko aukera izanen du (salbu eta gutxieneko adina ezartzen den eremuetan, medikuak hala agintzen duen kasuetan eta sartu aurretik prezio publikoa ordaindu beharreko espazioetan). Hala badagokio, antolatzen diren jardueretan deskontuak izaten ahalko ditu.

Akreditazioa galduz gero, Udalak onetsitako zenbateko ekonomiko bat ordaindu beharko da, kopia egiteko kontzeptuan.

17. artikulua. Abonatu motak:

17.1. Mota hauek ezarri dira:

A mota: 4 urtetik beherako haurrak.

B mota: 4tik 13 urtera bitarteko haurrak.

C mota: 14-17 urte bitarteko gazteak.

D mota: 18tik 64 urtera bitarteko helduak.

E mota: 65 urtetik gorakoak eta 60 urtetik gorako erretirodunak.

17.2. Abonatuek ordainduko dituzte Udalak finkatzen dituen kuotak; horiek aldatzen ahalko dira Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposatuta.

17.3. A motako abonatuek ez dute kuotarik ordaindu beharko. Betiere, gurasoek edo tutoreek lagunduta sartu beharko dute. Ezin izanen dira banaka egin A motako eta B motako abonuak, hau da, heldu arduradun bat abonaturik egon gabe.

17.4. E motaren barrenean sartuko dira 65 urte gutxienez dituzten erretirodunak eta 60 urtetik gorako erretiro-pentsiodunak, baita ezintasun iraunkor oso edo absolutua edo baliaezintasun handia dutenak ere, baldin badute erretirodun edo pentsiodun izatea frogatzen duen ziurtagiri ofiziala (administrazio publiko batek egina).

Era berean, E motako pentsioduntzat hartuko dira frogatzen dutenak (administrazio publiko batek emandako ziurtagiri ofizialaren bidez) %65eko desgaitasuna edo handiagoa dutela.

17.5. Familia ugarietako edo guraso bakarreko familietako pertsonek baliatzen ahalko dituzte instalazioek eskaintzen dituzten deskontuak, familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren indarreko egiaztagiria aurkeztuta.

17.6. Berriobeitiko Kirol Instalazioetara eta Artikako Kirol Hirira abonatu nahi duten guztiek sarrera kuota bat ordaindu beharko dute –kidetze saria– abonatua izateko; sarrera kuota hori ez da itzuliko baldin eta abonatuak borondatezko edo nahitaezko baja hartzen badu. Atzera egiteko eskubidea baliatzen ahalko da, esan nahi baita, ordaindutako zenbatekoa itzultzeko eskubidea, sarrera kuota ordaindu eta hurrengo 15 egunen barnean, eta, betiere, instalazioak erabili ez baditu.

Sarrera kuota ordaindutakoan hasiko zaie ordainagiriak bidaltzen, kontuan hartu gabe noiz aurkezten duten kirol instalazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Abonatutako pertsona bati baja eman ondoren, berriz alta emateko, sarrera kuota berriz ordaindu beharko du, eta ordainketa egunean izan.

Berriobeitiko Udalak abonatuak erakartzeko sustapen kanpainak ezartzen ahal ditu, deskontuekin eta hasierako sarrera kuota kenduz. Azken kasu honetan, ordaintzeko betebeharraren hasiera data izanen da instalazioaren harrera-lekuan agiriak aurkezten diren unea.

18. artikulua. Abonua egiten dutenek (hilaren 20a baino lehen edo 20an berean) hilabeteko kuota osoa ordainduko dute. Abonua hilaren 21etik aurrera egiten dutenak hurrengo hilean hasiko dira kuota ordaintzen.

Urteko abonurako ezarrita dauden ordainketa moduak (hilabeteko, hiruhileko, seihileko edo urteko kuota) banku igorpenaren bidez eginen dira, abonatuak ematen duen kontu zenbakira zuzenean; kuota ordaintzeko bestelako modurik ez dagoenez, kontu zenbaki bat eman behar da, bertara egiteko banku igorpenak. Erabiltzailearen erantzukizuna izanen da instalazioari banku-helbideratzearen edozein aldaketaren berri ematea hilabete bakoitzaren 20a baino lehen, eta hark ordaindu beharko du ordainagiria itzultzeagatiko errekargua, baldin eta ezarritako epean jakinarazi ez badu banku-helbideratzearen aldaketa.

Kirol instalazioetara sartzeko, ezinbestekoa da inskripzio fitxa bat betetzea, dokumentazio osoa jasotzen duena.

Urtean bi aldiz baino ez zaie baimenduko txartelik edo giltzarik gabe instalazioetan sartzea, gehienez ere, abonatuei, ikastaro bat egiten dutenei edo abonatuta dauden laguntzaileei. Kasu horietan, nahitaezkoa izanen da akreditazioa berriz jasotzea edo dagokion prezioa edo tasa ordaintzea haren kopia bat lortzeko.

Gimnasio-kuota dutenek "wellness system" giltza ahaztu badute, 20 euroko fidantza ordaindu beharko dute kopia bakoitzeko, eta giltza entregatzean itzuliko zaie.

19. artikulua. Kuota ordaintzen ez denean, SMS bidezko abisu bat eginen du instalazioko harrera-lekuak, eta tornua automatikoki blokeatuko da bi instalazioetan. Hala, abonatuari sarrera eragotziko zaio itzulitako ordainagiria ordaindu arte. Ordainketari gehituko zaio Udalak zehaztu eta onetsiko duen itzulketa komisio bat, kudeaketa gastuengatik.

Bi ordainagiri, jarraian izan ala ez, itzuli edo ordaintzen ez badira, horrek abonatuaren baja ekarriko du nahitaez.

Aurreko paragrafoa aplikaturik abonatuari baja eman ondotik, berriz ere alta eman nahi badu, kuoten ordainketa eguneratu beharko du, eta beste behin ordaindu beharko du sarrera kuota.

Erabiltzaileak ezin izanen dira udaleko kirol instalazioetara abonatu, ez eta jardueraren batean izena eman ere, instalazio bakoitzean zor dituzten zenbateko guztiak kitatzen ez dituzten bitartean, dagozkien errekarguak barne, ordaintzeari utzi zitzaionetik igarotako denbora edozein dela ere.

Urtero gutun ziurtatu bat bidaliko zaie zordunei, ordaintzeke dituzten zenbatekoak erreklamatzeko. Ulertuko da preskripzio epea eten dela zorra jakinarazten den egunetik aurrera, eta zorra betearazpen-bidetik erreklamatzen ahalko da.

20. artikulua. Baja nahi duen abonatuak idatziz eman beharko die bere nahiaren berri instalazioetako administrariei, eta horretarako baja-inprimakia bete beharko du.

Hurrengo ordainagiria bidal ez dadin, baja jakinarazi beharko da ordainketa egunaren aurreko hilabetearen 20a baino lehen. Baja gertatzen bada tarifa edo prezio publikoa kobratzeko egunaren ondoren, ez da eskubiderik izanen tarifa edo prezio publikoa itzultzeko.

21. artikulua. Udalak abonatu kopurua mugatzen ahal du, bai eta kirol ikastaroetan izena ematea ere, kontuan hartuz instalazioen erabilera egokiena, eta lehentasuna ematen ahal die erroldaturik dauden abonatuei.

22. artikulua. Abonatuaren akreditazioa edo "wellness system" giltza pertsonalak eta besterenezinak dira. Okerreko erabilera egiteak zehapena ekarriko du.

Txartela edo giltza galdu, lapurtu edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio berehala instalazioak kudeatzen dituen entitateari, automatikoki blokeatuta gera dadin.

"Wellness system" giltza erabiltzeko, hasierako fidantza bat ordainduko beharko da. Udalak zehaztuko du fidantza hori, eta erabiltzaileak giltza itzultzen duenean berreskuratuko du. Giltza lapurtu, galdu edo desagertzen bada edo erabilera desegokiagatik hondatzen bada, fidantza galduko da eta beste fidantza bat eratu beharko da "wellness system" giltza berri bat erabili ahal izateko. Instalazioetan ordaindu gabeko zorrik edukiz gero, fidantza atxikiko da harik eta zorrak kitatu arte.

23. artikulua. Abonatuek honako eskubide hauek dituzte:

23.1. Instalazioetan libreki sartzea, abonatuaren akreditazioa erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.

23.2. Instalazioak erabiltzea, jarraikiz Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari.

23.3. Kirol ikastaroetan izena emateko, lehentasuna izatea abonatu gabeen aldean.

23.4. Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuak izatea kirol instalazioetan antolatzen diren jardueretarako.

23.5. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.

23.6. Muskulazio gela erabiltzeko, instalazioetara abonatuta egon beharko da, edo neguko edo hileko abonua eduki; izan ere, ezin da erabili sartzeko gainerako moduekin (udako abonua, eguneko sarrera, etab.). Muskulazio gela erabiltzeko, "wellness system" giltza erabili beharko da nahitaez.

24. artikulua. Abonatuak beharturik daude pertsona guztientzat, oro har, aurrerago ezartzen diren betebeharrak betetzera.

IV. KAPITULUA.–Abonatu gabeak

25. artikulua. Abonatu ez direnak hurrengo moduan soilik sartzen ahalko dira kirol instalazioetara:

• Neguko abonuaren bidez.

• Udako abonuaren bidez.

• Hileko abonuaren bidez.

• Kirol ikastaroren batean izena emanda.

• Eguneroko sarrera erosita.

• Beauty Spa-ko tratamendu bat edo zirkuitu bat erosita, bainuetxearen eremua erabili behar bada.

25.1. Neguko abonuak eskubidea ematen du Artikako eta Berriobeitiko kirol instalazio guztiak erabiltzeko. Eguneko sarrerak eskubidea ematen die abonaturik ez dauden pertsonei igerilekuak eta eremu komunitarioak erabiltzeko, muskulazio gela eta jarduera aretoak izan ezik.

"Eguneko sarrera" eskuratzen bada, instalazioak egun guztian erabiltzen ahalko dira; kirol instalaziotik ateraz gero, berriz sartzeko beharrezkoa izanen da erakustea eguneko sarreraren ordainagiria, eroslearen NANa agertzen duena.

Abonaturik ez daudenak soilik abonatuendako diren kirol eremuetara sartzen badira, instalazioko langileek ohartarazpena eginen diete, eta arau-hauste bera gehiagotan eginez gero, instalaziora sartzea ukatuko zaie, eta abonaturik ez dagoenak galduko ditu egindako ordainketa itzultzeko eskubideak.

25.2. Kirol ikastaroetan izena emateak eskubidea ematen du aipatutako ikastaroetara sartzeko soilik, hau da, ezin izanen dira instalazioak erabili beste inolako jardueretarako. Ezin izanen da instalazioan sartu 15 minutu baino lehenago, jarduera hasi aurretik. Jarduera bukatu eta hurrengo 20 minutuetan atera beharko da. Baten bat beranduago ateraz gero, instalazioko langileek kargu hartuko diote, eta arau-hauste bera aldi gehiagotan eginez gero, baja emanen zaio dagokion jardueran, eta galduko ditu hartan jarraitzeko eta kuota itzultzeko eskubideak.

25.3. Udalak finkatuko ditu abonatuek eta abonatu gabeek kasuan kasuko jardueran izena emateagatik ordaindu beharreko kuotak, baita kirolerako abonu aktiboagatik ordaindu beharreko kuotak ere. Aurrekoa gorabehera, abonatuek lehentasuna izanen dute ikastaroetan izena emateko abonaturik gabekoen aurrean.

Berriobeitiko Udalak bestelako sarbideak ezartzen ahalko ditu, bai eta erregelamendu honetan ezarritakoak aldatu ere. Halaber, baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu kirol klubentzat, desgaitasunen bat duten bizilagunentzat eta biztanleriako beste sektore batzuentzat, egoki iruditzen bazaio.

26. artikulua. Arau orokorrak, abonaturik ez daudenen sarbide guztiei dagozkienak.

26.1. Abonatu ez direnak behartuak egonen dira kuotak ordaintzera, betiere sartzeko moduaren arabera (eguneko sarrera, neguko abonua, udako abonua, hileko abonua) eta adinaren kategoriaren arabera. Kategoria horiek urteko abonatuendako ezarritako berberak izanen dira.

26.2. Eskudirutan edo txartelaren bidez ordainduko da, instalaziora sartzen denean; ezin izanen da banku-helbideratzearen bidez ordaindu. Ordainketa egin ondoren, ez da dirurik itzuliko, salbu eta atzera egiten bada legez ezarritako epearen barnean eta, betiere, zerbitzua erabili ez badute.

26.3. Eremuak alokatzeko tenorean abonatuek izanen dute lehentasuna.

26.4. Abonatuak ez direnek egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egin ditzakete, instalazioen funtzionamenduaren gainean.

V. KAPITULUA.–Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

27. artikulua. Eskubideak:

27.1. Erabiltzaileak, dagokion tasa edo tarifa ordaintzen badu, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea du, erregelamendu honetan ezartzen den gisan.

27.2. Erabiltzaileek eskubidea izanen dute Udalaren kirol instalazioetako zerbitzu guztiak erabiltzeko, haietako bakoitzaren arau partikularrak beteta. Berriobeitin erroldatutakoek baino ezin dituzte bi instalazioak erabili (Artika eta Berriobeiti).

27.3. Erabiltzaileek eskubidea dute informazioa jasotzeko Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko baldintzez eta haietan eskaintzen diren kirol programez.

27.4. Erabiltzaileek eskubidea dute egokiak iruditzen zaizkien iradokizunak aurkezteko, Udalaren kirol instalazioen kudeaketa hobetu beharrez, baita erreklamazioak aurkezteko ere haien funtzionamenduaz. Biak izapidetzen ahalko dira kirol instalazioetan dauden inprimakien bidez.

27.5. Eskubidea dute, orobat, eskatzeko Udalak bete ditzala bere zerbitzu-kartetan hartzen dituen konpromisoak.

27.6. Top-lessa baimendurik dago kanpoko instalazioetan, bai solarium aldean, bai bainu eremuan.

28. artikulua. Betebeharrak:

28.1. Akreditazioa edo sarrera aurkeztea Udalaren kirol instalazioetara sartzean, eta instalazioetako langileek eskatzen dietenean. Norbaitek kirol instalazioetara sartzean txartela aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatuko diote.

28.2. Erabiltzaileak modu egokian jokatu beharko du instalazioen barrenean, hala hitzez nola ekintzez, gainerako erabiltzaileei traba egin gabe eta gizalegezko elkarbizitzak zehazten dituen mugen barnean.

28.3. Funtsezkotzat jotzen da, halaber, erabiltzaileek eta instalazioetako langileek elkarri begirunea izatea; erabiltzaileek langile horien esanak onartu beharko dituzte, printzipioz.

28.4. Garaiz ordaintzea ezarritako kuotak eta aurretik onartutako ordu erreserbak.

28.5. Erabiltzaileek modu egokian erabili behar dituzte instalazio eta eremu guztiak, baita horiek zaindu eta zainarazi ere; bestela, erantzun beharko dute, baldin eta kalte edo galerarik eragiten badiete kirol instalazioei edo hirugarrenei, bertan ematen duten denboran, asmo txarrez edo zabarkeriaz.

28.6. Erabiltzaileek bereziki saiatu beharko dute garbi edukitzen erabiltzen dituzten eremuak, paperontziak eta zaborrak biltzeko gainerako elementuak erabiliz horretarako.

28.7. Debeku dute instalazioetara sartzea 10 urte bitarteko adingabeek, non ez diren sartzen adin nagusiko norbaitek lagundurik, hark bere gain harturik adingabearen zaintza.

28.8. Haurrek gurasoen edo arduradunen zaintzapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihestu eta gainerako erabiltzaileei traba ez egiteko.

28.9. Erabiltzaile adin nagusikoek erantzun beharko dute, baldin eta beren gain dituzten adingabeek ez badituzte betetzen erregelamenduko arauak, edo egiten badute bertan zehaztutako arau-hausteren bat.

28.10. Erabiltzaileek beren gain hartuko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, baldin eta desagertzearen, galtzearen edo hondatzearen ondoriozkoak badira.

28.11. Erabiltzaileek instalazioko ordutegiak errespetatu beharko dituzte beti, bai eta erregelamendu hau ere, eta kasu eginen diete langileek horren inguruan eman jarraibideei.

28.12. Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aurretik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko. Idatzizko jakinarazpena eginen zaie ateratzeko ordua errespetatzen ez dutenei. Ateratzeko ordua errespetatzen ez bada berriz ere, zehapen arina ezarriko da.

28.13. Erabiltzaileak instalazioetatik egozten ahalko dira, eta erabiltzaile gisa dauzkaten eskubide guztiak galduko dituzte, baldin eta beren jarduerekin iskanbilarik sortzen badute, elkarbizitza normala nahasten badute, portaera axolagabea badute edo instalazioak erabiltzeko arauren bat hausten badute.

28.14. Arau hauetan aipatzen ez diren gainerako kasuetan, eta haiei buruzko interpretazioan, une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hartuko du dagokion erabakia, hasteko eta behin, eta gero, bidezko bada, gaia Kudeaketa eta Jarraipen Batzordera igorriko da, eta azken buruan Gobernu Batzarraren esku utziko da, behin betiko ebazpena eman dezan. Une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hasteko eta behin hartzen duen erabakia onartzera beharturik dago erabiltzailea.

28.15. Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposaturik Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

28.16. Espresuki debeku da instalazioetara sartzea infekzioak edo gaixotasun kutsagarriak dituzten erabiltzaileak, baldin nahasterik sortzen ahal badute instalazioen baldintza higieniko sanitarioetan, edo ekar badezakete gainerako erabiltzaileak kutsatzeko arriskurik. Horretarako, instalazioetako zuzendaritzak eskubidea du sarrera eragozteko nolabaiteko gaixotasun edo infekzio kutsagarriren bat duten erabiltzaileei, eta erabiltzaileek berek frogatu beharko dute, egoki deritzen moduan, ez dagoela inolako arriskurik ez pertsonendako ez eta instalazioetarako ere.

29. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak bermatzeko ondorioetarako, instalazio bakoitzean izanen dituzte erreklamazio orriak eskura. Edozein erabiltzaile baliatzen ahalko da erreklamazio orri horietaz, bertan jarrita izena, deiturak, helbidea, eta telefono eta NAN zenbakiak, baldin uste badu desegokia dela instalazioetako zerbitzuen funtzionamendua. Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat eska dezake, eta erantzuna jasoko du. Erantzuna nahitaez emanen da hura jasota uztea ahalbidetzen duen bideren bat erabiliz, nahiz eta aldez aurretik telefonoz jakinarazten ahal den.

Erabiltzaileek noiznahi eskatzen ahalko dute instalazioetako zerbitzuen enplegatu edo arduradunen identifikazioa, egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egin ahal izateko.

30. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan biltzen diren gauza galduak utziko dira instalazio bakoitzeko argibide zerbitzuan (harrera-lekua), 15 egunean. Behin epe hori iraganez gero, instalazio bereko biltegian utziko dira 30 egunean. Denbora hori ere iragandakoan, baliorik duten gauza galduak Udaltzaingoaren egoitzara eramanen dira, legez ezarritako bideak segi dezan, eta gainerakoa laguntza elkarteetara eramanen da.

VI. KAPITULUA.–Instalazioen erabilerari buruzko araudia

31. artikulua. Zerbitzu eremua.

31.1. Zerbitzugunea esaten zaion eremuan sartzen dira harrera-lekua, armairuak, dutxak, komunak, kanpoko solariuma eta botika-kutxa.

31.2. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileekin lankidetzan arituz, eta instalazioko bazter guztietan dauden paperontziak eta hautsontziak erabiliz. Higiene arrazoiak direla eta, erabat debeku da bizarra egitea, depilatzea eta pedikura, manikura edo gisako tratamenduak egitea.

31.3. Era guztietako sendaketak botikagunean eginen dira, sorosleen eskutik.

31.4. Ezin izanen da erre Berriobeitiko Udalaren kirol instalazioetako ezein gelatan, salbu eta une bakoitzean indarrean dagoen legeriak baimendutako tokietan.

31.5. Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak, etab.

31.6. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalaziorako ordutegiak, kasu eginez horretarako langileek ematen dizkieten jarraibideei.

31.7. Erabiltzaileek behar den gizalegea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

31.8. Jantzitegi zerbitzua armairuen eremuan bakarrik izanen da. Udalaren kirol instalazioetako armairuak erabiltzen direnean, behar-beharrezkoa izanen da bai pertxak bai eserlekuak libre uztea kirol eremuak erabiltzen diren bitartean.

31.9. Erabat debeku da armairu bat erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako, salbu eta alokairuan dauden armairuak. Arau hori betetzen ez duenari isuna ezarriko zaio. Orobat, armairuan gorde duen materiala handik aterako da, eta jantzitegian edo bulegoetan utziko.

31.10. Giltza galduz gero, instalazioko arduradunari emanen zaio horren berri, eta hark dagokionari emanen dio armairuaren barrenean utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen bada. Jabetza frogatzerik ez badago, egunaren bukaera arte itxaron beharko da materiala itzultzeko. Gainera, halakoetan, inplikatutako erabiltzaileak sarraila aldatzearen kostu guztia ordaindu beharko du, armairua berriz ere erabiltzeko moduan uzteko, baldin hura bortxatu behar izan bada eta, beraz, ezin erabilirik utzi bada.

31.11. Zazpi urtetik gorako haurrak ezin dira, inola ere, beste sexukoen aldageletara sartu, ez bakarrik ezta helduarekin batera ere.

31.12. Erabiltzaileek eskura izanen dute botikin zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barnean).

31.13. Higienea dela eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.

31.14. Ezin da jolas-ibilgailurik sartu instalazioan, hala nola bizikletak, skateak, patineteak, etab. Haur aulkiak horretarako prestatutako eremuan utziko dira.

31.15. Erabat debekatuta dago barneko kirol instalazioetako edozein tokitan argazkiak edo bideo-grabazioak egitea. Kanpoko instalazioetan argazkiak eta bideoak egiten ahalko dira, baldin eta horretarako kasuan kasuko pertsonaren edo pertsonen baimena badute. Gero argazki eta bideo horiek nola erabiltzen diren, egin dituenaren erantzukizuna izanen da.

31.16. Desgaitasuna dutenek edo genero-trantsizioko prozesuan daudenek banakako aldagelak izanen dituzte. Erabiltzeko, giltza eskatu beharko dute harrera-lekuan, eta bukatutakoan itzuli. Beren gauzak instalazioan horretarako gaitutako armairuetan utziko dituzte.

32. artikulua. Ur-bazterrak eta igeri-ontziak.

32.1. Ur-bazterrak eta igeri-ontziak erabiltzeari dagokionez, erregelamendu honetan ezarritakoa bete beharko da, bai eta erabilera publikoko igerilekuetan nahitaez bete behar den osasun arloko berariazko araudia ere, une bakoitzean indarrean dagoena, alegia.

32.2. Erabiltzaileek erabiliko dituzte igerilekuak (barneko ur berodunak eta kanpoan dauden aisialdikoa eta plisti-plastakoa) edo bainatzeko edo igeri egiteko, eta lehiaketa garaietan, igerileku horietako eremu bakoitza argi eta garbi mugatua egonen da.

32.3. Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu erregelamenduak ematen dituen arauak, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta igerilari guztien segurtasuna zaintzeko beste xederik gabe.

32.4. Sorosleek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, igerilekutik egozteko, baldin eta nahasmendua sortzen badute, ekipamendua gaizki erabiltzen badute eta arriskua badago erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat.

32.5. Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea; 18 urtetik beherako haur eta gazteen gurasoak edo legezko tutoreak dira beren seme-alaben arduradun nagusiak (bereziki igeri egiten ez badakite). Igeri-ontzi barnean 8 urtetik beherako haurrak beti egonen dira heldu batekin, zeina haien zaintzaz arduratuko baita, eta, era berean, lagunduta egonen dira igerian ez dakiten 18 urtetik beherakoak ere. Helduak igerilekuaren barnean egon beharko du beti, eta zaintzapean duen adingabea jagoteaz arduratuko da.

32.6. Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo instalaziotik bidaltzeko, baldin eta gainerakoenganako begirunerik ez badute.

32.7. Ur-bazterrera eta igeri-ontzira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aurretik nahitaez dutxatu behar da. Bainatu ondoren ere dutxatzeko gomendatzen da.

32.8. Ur-bazterrera edo igeri-ontzira oinutsik edo txankletak jantzita joan beharko da, instalazioko langileek izan ezik, horiek oinetako egokiak edo bereziak jantziko baitituzte, behar izanez gero. Erabiltzailea ezin da igerilekura sartu kaleko arropa eta oinetakoekin, bainurako berariazko jantzi bereziarekin baizik. Higieneagatik, ezin da azpiko arroparik eraman bainujantziaren azpian. Babesagatik igerileku-eremura kamisetarekin sartu nahi dutenek ur-bazterrean egon beharko dute, zintarrian eseri gabe eta oinak uretan sartu gabe.

32.9. Debeku da ur-bazterretan eta igeri-ontzietan erretzea, jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

32.10. Debeku da aulkiak, etzaulkiak edo oihalak sartzea, eguzkitan egoteko, ur-bazterretan.

32.11. Debekuk da baloiak edo koltxonetak sartzea, edo gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien bertzelako gauzak (hegatsak, urperako betaurrekoak etab.); onartzen dira, ordea, igeri egiteko betaurrekoak, salbu eta kirol instalazioan antolatzen diren aisialdiko jarduera edo ikastaro berezietarako egun jakinetan. Igerilekuko langileek erabakiko dute erabiltzaileei uretako materiala mailegatu ala ez, aisialdiko erabilerarako, aintzat harturik une horretan igerilekuan zer egoera dagoen (erabiltzaile kopurua, material beharra, etab.).

32.12. Ur-bazterrean eta igeri-ontzietan, debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Beraz, ahal dela, ez da ibili behar ez lasterka, ez jostetan baloiekin, eta ez jolas bortitzetan, eta ez da uretan modu zakarrean murgildu behar, hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei eragozteko edo uraren kalitateari eragiteko moduko deus.

32.13. Igeri-ontzi bakoitzak bainulari kopuru bat har dezake gehienez, arauek hala aginduta. Kopuru horretara iritsiz gero, dena delako igeri-ontzian sartzea galarazten ahalko da denbora batean.

32.14. Igeriketa ikastaroak egin bitartean, izena eman ez dutenek ez dituzte erabiltzen ahalko horretarako bereizitako alde edo kaleak.

32.15. Erabiltzaile guztiek bainurako txanoa erabili beharko dute ur berodun igerilekuetako igeri-ontzietan sartzeko.

32.16. Debeku da 5 urtetik gorako haurrek, gazteek eta helduek plisti-plastako igerilekuak erabiltzea, salbu haur txikiak zaintzen ari diren helduek. Kasu horretan, pertsona heldu horiek ur-bazterrean eta inguruan egon beharko dute, eta ez dira uretara sartuko, beharrezkoa izan ezean.

32.17. Erabat debeku da listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen gauza oro.

32.18. Izena eman dutenek, eta ikastaroetan bakarrik, erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala...).

32.19. Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei heltzea.

32.20. Bainu librean ari direnek ezin izanen diete kargua hartu, bulka edo traba egin, inola ere, ikastaroren bat edo instalazioen kudeatzaileek antolatutako jardueraren bat egiten ari diren ikastarogile, igerilari edo oro har erabiltzaileei.

32.21. Instalazioak kudeatzen dituen entitateak programaturiko jardueraren batean izena eman dutenek kasu eginen diete kirol teknikariek jardueren gainean edo instalazioak erabiltzeko moduaz emandako aholku eta aginduei, eta errespetatuko dituzte erregelamendu hau eta indarra duen araudia.

32.22. Kirolerako igeri-ontzi klimatizatuan bete beharreko arauak:

a) Igerileku horiek prestatu dira batera izan daitezen jarduera antolatuak (ikastaroak, ikastetxeetako ikasleen igeriketa saioak eta abar) eta abonatuen erabilera librea.

b) Igeri-ontzia kaletan banaturik egoteak bermatzen du bainulariek zentzuz eta ordenatuki erabiltzea. Kalearen barnean bainulariek horrexegatik ibili beharko dute eskuin aldetik; horrek aukera emanen du kale bakoitza 6 bainularik batera erabiltzeko, jarduera antolatuetan izan ezik.

c) Halako une batzuetan edo zerbitzuak hala behar duenean, kaleak zertarako erabiliko diren, horrexen arabera katalogatuko dira. Alegia:

–Azkar igeri egiteko kalea.

–Mantso igeri egiteko kalea.

–Jostetan aritzeko kalea.

–Ikastarorako erreserbaturiko kalea.

d) 0tik 3 urte arteko umeek nahitaez erabili beharko dute bainurako pixoihala.

e) Igeri egiteko elementuak, hala nola hegatsak eta palak erabiltzeko baldintza izanen da sorosleak baimena ematea eta kale berean elementu horiek ez dituzten beste bainulari batzuk ez egotea.

f) Ezin izanen da erabili flotatzeko elementu osagarririk, non eta ez diren txurroak, pull-boyak, taulak, mahukak, burbuilak edo flotatzeko uhala. Sorosleak edo instalazioko langileek baimena eman ezik.

g) Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei heltzea.

32.23. Igerileku termoludikoan bete beharreko arauak:

a) Gomendatzen da 14 urtetik beherakoek ez erabiltzea "zisne-lepoak, ur-jauziak eta hormako ur-zurrustak" deitutakoak, ezta heldu batekin daudenean ere.

b) Igeri-ontzira sartzeko nahitaez eskailerak erabili behar dira; debeku da igerileku honetan salto eginez murgiltzea, gainerako erabiltzaileei traba ez egiteko.

c) Hidroterapiako igeri-ontzian gehienez ere 30 minutuz egoten ahal da, baldin jendea sartzeko esperoan badago.

d) Gehienez ere 10 minutuz egoten ahal da hidroterapiako igerilekuaren barneko instalazioetako bakoitzean (zurrustak), baldin inor esperoan badago haiek erabiltzeko.

e) Gisa honetako lekuen ezaugarriak direla eta, bainulariek behar bezalako portaera izan beharko dute, egitez nahiz hitzez, gainerako erabiltzaileei ez eragiteko ez nahasmendurik ezta trabarik ere.

f) Ez da erabiltzen ahalko ur azalean irauteko elementu osagarririk, hots, hegala, pala edo gisakorik non eta ez diren txurroak, pull-boyak, taulak, mahukak, burbuilak edo flotatzeko uhala, salbu jarduera antolatuetarako.

32.24. Txirristak erabiltzeko nahitaezkoa da igeri egiten jakitea eta 1,20 m-ko garaiera gainditzea.

32.25. Debeku da betaurrekoekin igeri egitea, salbu eta igeritako betaurrekoak badira.

33. artikulua. Spa eta erlaxazio eremua.

33.1. Spa eta erlaxazio eremuaren barnean sartzen dira ur ohez eta zurrustaz hornituriko hidromasaje igerilekua, jacuzzia, hala nola lurrin bainua, sauna, izotz iturria, dutxa nebulizatzailea, dutxa ziklonikoa eta etzaulkiak.

33.2. Eremu horiek erabiliko dituzte soilik 16 urtetik gorakoek; salbuespena izan daitezke instalazioak antolatzen dituen jarduerak. Berriobeitiko kirol instalazioetan "haurren ordutegia" izeneko ordutegiak ezartzen ahalko dira. Ordutegi horietan, 8 urtetik beherakoak, heldu batekin lagunduta, hidromasaje-ontzira sartzen ahalko dira ezarritako denboran. Gainerako tokietara ezin izanen da inola ere sartu horretarako ezarritako adina izan ezean.

33.3. Eremu bakoitzean, egonaldirako gehieneko denborak ezarriko dira, nahitaez bete beharrekoak.

33.4. Eremu guztietan panel batzuk paratuko dira, erabileraren gaineko aholkuak emateko, nahitaez bete beharrekoak. Erabiltzeko aholkuak eta debekuak jarrita daude, toki guztien sarreretan, denek ikusteko tokian; sartu aurretik, haiek irakurtzeko gomendatzen da.

33.5. Higieneagatik, nahitaezkoa da txankletekin sartzea eremu horietan, baita eskuoihala erabiltzea ere. Debeku da halako tokietara bizkar-zorro, poltsa edo karrikako arropekin sartzea.

33.6. Debeku da erabat edozein osagarri manipulatzea; tenperatura, zundak, harriak etab. Zalantzarik izanez gero edo argibiderik behar izanez gero, instalazioko langileengana jo beharko da.

33.7. Debeku da erabat etzaulkiak erabili baino lehen erreserbatzea. Nahitaezkoa da eskuoihala erabiltzea. Era berean, eskuoihalak ezin izanen dira etzaulkietan utzi igerilekuetan egon bitartean edo beste instalazio batzuk erabili bitartean. Eskuoihalak horretarako diren esekitokietan utzi beharko dira nahitaez.

33.8. Debeku da spa eta erlaxazio eremuetan bizarra egitea, depilatzea, jatea eta hondarrak sor ditzakeen edozein egintza.

33.9. Debeku da spa eta erlaxazio eremuetara liburuak, aldizkariak, paperak edo gailu elektronikoak sartzea.

33.10. Instalazioko zuzendaritzak osasun azterketa egitea gomendatzen die erabiltzaile guztiei, jakin dezaten eremu horiek erabiltzea osasunaren aldetik komeni zaien ala ez.

34. artikulua. Muskulazio gela edo fitness gela.

34.1. Muskulazio gelara edo fitness gelara sartu ahal izateko, urteko, neguko edo hileko abonua beharko da, eta 16 urtetik goitikoa izan; hortaz, abonatu gabekoek ezin izanen dute kirol eremu hori erabili.

34.2. Gelan dauden aparatuek kalte larria egin diezaiekete era desegokian erabiltzen dituztenei. Hortaz, gela erabili nahi duen orok gelako teknikariengana jo beharko du, aparatuak erabiltzeko aholkuak eman diezazkioten. Horretarako, nahitaezkoa izanen da aurretiko hitzordua online eskatzea, https://ciudaddeportivaartica.es/eu / webgunearen bidez, Artikako Kirol Hiriko instalazioetako hitzorduetarako, edo zuzenean gelako teknikariei esatea, Berriobeitiko Kirol Instalazioen kasuan.

34.3. Gelako teknikariek soilik daukate baimena erabiltzaileei ariketa fisikoa agintzeko fitness gelan, eta teknikari horiek ez dute erantzukizunik izanen baimenik gabeko pertsonek oker agindutakoaren ondorioz sor daitezkeen kalteengatik edo eraginengatik. Betiere, espresuki debeku da fitness gela erabiltzea gelarako kontratatutako langileak ez diren beste batzuek, ordainduta, agindutako ariketa fisikoarekin lotutako edozein jarduera egiteko. Arau-hauste astuntzat hartuko da artikulu horren arau-haustea eta Jarraipen eta Kudeaketa Batzordeak zehatu eginen du.

34.4. Muskulazio edo fitness gela erabili ahal izateko, "wellness system" giltza eskuratu beharko da nahitaez. Giltza lortzeko, haren kostua estaliko duen fidantza utzi beharko da. Berriobeitiko Udalak finkatuko du fidantza horren zenbatekoa. Giltza bakoitzak erabiltzaileari egokitutako jardun plan bat edukiko du, eta hark erregistratuko ditu erabiltzen dituen aparatu guztiak, gelako teknikariek izan dezaten modua jakiteko erabiltzaileak zer ariketa egin dituen.

34.5. "Wellness system" giltza norberarena da eta ezin zaio inori utzi. Titularra ez den beste norbaitek giltza iruzurra eginez erabiltzen badu, falta astuntzat joko da, eta 15 eguneko zehapena ekarriko du, erregelamendu honen zehapenen araubidean ezarritakoarekin bat.

34.6. Orokorrean, 16 urtetik beheitikoek ez dute fitness gela erabiltzerik. Arau hori ez betetzeak zehapena ekarriko du, eta han egotearen ondorioak haien guraso edo legezko tutoreen erantzukizuna izanen dira.

34.7. Salbuespen gisa, txosten medikoa edo erakunde edo profesional kualifikatu baten txosten teknikoa izanez gero, erabiltzaileak duen patologia edo gaixotasuna zehaztu beharrik gabe, eta gelako teknikariek gainbegiratutako kasuetan, adingabeek fitness gela erabiltzen ahalko dute, betiere gelako teknikariek gainbegiratuta, errutina pertsonalizatua edo gazteen abonu aktiboa ordainduta.

34.8. Fitness gelako teknikariek eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargua hartzeko eta, azken neurri gisa, handik kanporatzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makineria gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak baldin badira.

34.9. Fitness gelara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita.

34.10. Higienea dela eta, eta gainerako erabiltzaileenganako errespetuagatik, eskuoihala eraman beharko da aparatuak erabiltzen direnerako.

34.11. Fitness aretoaren erabiltzaileek, pisuak altxatzen aritu ondoren, pisuak beren lekuan utziko dituzte, gela txukun egon dadin eta beste erabiltzaileen entrenamendua ez trabatzeko. Gelako teknikariek kargu hartzen ahalko diete materiala beren lekuan gordetzen ez dutenei.

34.12. Erabiltzaileari gomendatzen zaio aldez aurretik osasun azterketa egin dezala.

34.13. Udalak eta instalazioa kudeatzen duen enpresak ez dute erantzukizunik izanen baldin erabiltzaileek oker erabiltzen badituzte fitness gelan dauden aparatuak eta materialak.

34.14. Makinak eta pisuak partekatu egin beharko dira atsedenaldietan, eta debekatuta egonen da horietan eserita gelditzea, baldin eta beste norbaitek makinak eta pisuak erabili nahi baditu. Edonola ere, 10 minutu egoten ahalko da, gehienez, makina bakoitzean.

35. artikulua. Jarduera gela.

35.1. Kirol instalazioak kudeatzen dituen entitateak antolatutako ikastaroetarako eta kirolerako abonu aktiboa dutenendako baizik ezin dira erabili taldeko jardueretarako gelak. Hortaz, ikastaroetako parte hartzaileak baizik ez dira haietara sartuko.

35.2. Ikastaroen orduetatik kanpo, kirol eremu hori itxita egonen da erabiltzaileentzat, non ez den baimenik ematen bestelako zio batengatik.

35.3. Kirol eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, kaletik ekartzen direnak aldatuta. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahal zaie.

35.4. Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izanen kirolean aritzetik sor daitezkeen lesioengatik.

36. artikulua. Erretokiak eta askaldegiak.

36.1. Etxetik janaria dakarten eta/edo erretokia erabiltzen duten erabiltzaileen zerbitzurako da askaldegia. Askaldegiak eta erretokiak soilik erabiliko dira bazkariak, askariak eta horrelakoak egiteko, eta ez dira beste deusetarako erabiliko.

36.2. Erretokietan egur-ikatza erabiliz soilik egin daiteke sua, eta berariaz debekatuta dago beste edozein erregai mota (gasa, egurra, etab.).

36.3. Askaldegia erabili eta gero, erabiltzaileak txukun eta garbi utzi beharko du eremu guztia (erretokiak, mahaiak eta abar).

36.4. Instalazioen Jarraipen Batzordeak zehaztuko du erretokiak eta askaldegiak ireki eta ixteko ordutegia. Behar adinako aurrerapenarekin utzi beharko dira, ezarritako gehieneko orduan instalazioetatik kanpo egoteko. Erretokian ezin izanen da inola ere sartu sarbideak kontrolatzeko zerbitzua itxita dagoenean.

36.5. Enpresa kudeatzaileak arautuko du askaldegien eta erretokien erreserben kudeaketa, erregelamendu honen xede den instalazio bakoitzean, eta Instalazioen Jarraipen Batzordeak onetsiko du.

36.6. Erabat debekatuta dago erretokietara sartzea beirazko ontziak eskuan edukita.

36.7. Erretokien eremura ezin izanen da inolako bozgorailurik edo musika-gailurik eraman. Baimendutako musika bakarra igerilekuko giro-musika da.

36.8. Erreserbarik gabe erabiltzeko mahaiek libre egon behar dute erabiltzeko unera arte. Aurrekoa bete ezean, instalazioetako langileek mahai horietan utzitako edozein gauza erretiratzen ahal dute.

37. artikulua. Aulki eta etzaulkien biltegia.

37.1. Belardietan aulkiak eta etzaulkiak erabil daitezke, baina betiere lurrean finkatu behar ez badira.

37.2. Instalazioetako abonua dutenek toki bat erabiltzen ahalko dute udan aulkiak eta etzaulkiak biltegiratzeko. Toki hori librea izanen da, eta aukerakoa da erabiltzea ala ez; hortaz, ez Udalak ez enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izanen zer edo zer lapurtzen bada. Baimendurik dago toki horretan biltegiratzen diren aulki eta etzaulkiak giltzarrapoz gakotzea.

37.3. Udako denboraldia bukatutakoan, jabeek bertatik eraman beharko dituzte aulkiak eta etzaulkiak. Hala egin ezean, udako denboraldia bukatu eta hamar egun igarotakoan, instalazioetako langileek bertan dauden aulki eta etzaulki guztiak eramanen dituzte, eta egoki iruditzen zaiena eginen dute haiekin. Halakorik gertatuz gero, erabiltzaileek ezin izanen dute inolako erreklamaziorik egin.

38. artikulua. Haurren eremua - Txiki-parka.

38.1. Haurren eremua 0 eta 12 urte arteko haurrendako erreserbaturik dago. Arduradun heldu batek egon beharko du beti 0 eta 3 urte bitarteko haurrekin batera.

38.2. Eremuaren arduradunaren zaintzapean geldituko dira 4 eta 12 urte arteko haurrak.

38.3. Irekita dagoen bitartean eremuaren arduradunaren ardurapean egonen da; hark harrera eginen die haurrei eta han egiteko denbora dinamizatuko du, antolatuz jarduerak, mahai jokoak, eskulanak, filmen proiekzioak etab.

38.4. Arduradunak erabakiko du zein den gehieneko edukiera eta zein haur bakoitza eremu horretan egoten ahal den gehieneko denbora, eta horren berri emanen die guraso edo tutoreei. Haurra bertan dagoen bitartean ez zaio kanpora ateratzera utziko, guraso edo tutorearekin ez bada.

38.5. Haurra bertan dagoen bitartean ez zaio kanpora ateratzera utziko, guraso edo tutorearekin ez bada.

38.6. Udalak eta enpresa kudeatzaileak bestelako erabilera eta alokairuak erabakitzen ahalko dituzte eremu horretarako.

38.7. Adingabeen zaintzaz arduratzen direnek kirol zentroan egon beharko dute adingabe horiek txiki-parkean dauden bitartean. Halaber, telefono zenbaki bat utzi beharko dute abisuak eman ahal izateko, gorabeheraren bat gertatuz gero.

VI. KAPITULUA.–Kirol ikastaroak eta kirolerako abonu aktiboa

39. artikulua. Artikako Kirol Hirian antolatzen diren jarduera fisiko eta kirol jardueretan parte hartzeko, erabiltzaileek kirol ikastaroetan eman beharko dute izena edo, bestela, kirolerako abonu aktiboa eskuratu. Ikastaroetan izena emateko, ezinbestekoa izanen da zorrik ez izatea instalazioetan aurreko ikasturtean eginiko ikastaroengatik. Halakorik bada, aldez aurretik ordaindu beharko dira, inskripzioa aurrez aurre zein webgunearen bidez egin.

40. artikulua. Honako hauek dira kirol ikastaroen funtzionamendu arauak:

40.1. Kirol ikastaroetan izena emateko, abonatuek izanen dute lehentasuna gainerako erabiltzaileen aurretik. Horregatik, lehenik abonatuentzako zerrendak irekiko dira, eta gero, plazarik baldin badago, abonatuak ez direnei ere izena emateko aukera emanen zaie.

40.2. Udalak banan-banan finkatuko ditu kirol ikastaro guztietan parte hartzeko prezioak.

40.3. Kirol ikastaro guztietan, gehieneko inskripzio kopuru bat ezarriko da jarduera bakoitzerako; beraz, kupo hori betez gero, ez da hartzen ahal pertsona gehiago.

40.4. Halaber, ikastaro guztietan gutxieneko inskripzio kopuru bat ere ezarriko da (instalazioko zuzendaritzak baloratu beharko du), eta izen-emateak haren azpitik geldituz gero, baztertu eginen da ikastaroak egitea.

40.5. Kirol ikastaro batean izena eman ondoren, ez da inola ere berreskuratzen ahalko ordaindutako diru kopurua (ikastaroak hasi ondoren), baldin eta jarduera aurreikusi bezala egiten bada. Jarduera fisikoarekin berriz hastea eragozten duten iraupen luzeko bajen salbuespen kasuetan bakarrik aurreikusten ahal da erabili gabeko denborari proportzioan dagokion ordainketa itzultzea, jakinarazpen egunetik hasita eta hori frogatzen duen ziurtagiri medikoa aurkeztuta.

40.6. Jarduera guztietan begiratuko da erabiltzaileak joaten ote diren kirol ikastaroetara, eta bakarrik baja ematen ahalko zaio jarduera jakin batean hiruhileko osoan saio guztietara huts egiten duenari. Neurri horren xedea da kasuan kasuko jardueraren itxarote zerrendan daudenek ikastaroan parte hartzeko aukera izatea.

40.7. Ez da inola ere onartuko egunez eta ordutegiz aldatzea, nahiz eta kirol jarduera bera izan; beraz, erabiltzaileak ezin izanen dira taldez aldatu, salbu instalazioko zuzendaritzak kirol jardueretan zehazten dituen salbuespeneko kasuetan. Era berean, ikastaro guztiak izendunak dira, eta ez da baimenduko jarduera batetik bestera aldatzea edo pertsona baten abonu aktiboa beste batendako baliatzea.

41. artikulua. Honako hauek dira kirolerako abonu aktiboaren funtzionamendu arauak:

41.1. Kirol instalazioetako abonua edo neguko abonua dutenek kirolerako abonu aktiboa ere eskura dezakete. Abonu horrek erabiltzaileei aukera ematen die astean nahi adina saiotara mugarik gabe joateko, salbu jardueraren edo instalazioaren beraren gehieneko edukierara iristen bada.

41.2. Kirolerako abonu aktiboa 3, 6 edo 9 hilabeterako eskura daiteke. Behin baizik ez da ordainduko, hautatutako denbora tarteagatik, eta instalazioak ezartzen duen sistema erabilita. Kirolerako abonu aktiboa erosteari dagokionez, hilabete osoak edo hiruhileko osoak ordaindu beharko dira; ezin da ordainketa denbora tarte txikiagoetan hainbanatu. Honela banatuko dira hiruhilekoak:

Lehen hiruhilekoa: iraileko bigarren hamabostaldiaren hasiera-urria-azaroa-abendua.

Bigarren hiruhilekoa: urtarrila-otsaila-martxoa.

Hirugarren hiruhilekoa: apirila-maiatza-ekaina.

41.3. Kirolerako abonu aktiboa eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da 16 urte beterik izatea.

41.4. Abonu aktiboa eskuratzen dutenek abonatu edo neguko abonatu gisa iraun behar dute abonu aktiboak indarrean dirauen artean.

42. artikulua. Abonatu gabeak ere sartzeko aukera duten ikastaro batean izena ematen duten abonatuek, abonatu gabe izatera aldatzen badira, kontratatutako jardueran sartzeko, eskuratu beharko dute instalazioetan sartzeko eskubidea, modu hauetakoren baten bidez:

• Eguneko sarrera erosiz, jarduerara joaten aldiro.

• Neguko abonua erosiz.

• Abonatuaren eta abonatu gabearen kuoten arteko aldea ordainduz.

43. artikulua. Kirol ikastaroetarako berariazko aldagela bat ezartzen ahal da instalazioetan, eta ikastaroa egiten dutenek nahitaez erabili beharko dute haiei esleitutako aldagela.

VII. TITULUA.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea

44. artikulua. Berriobeitiko Udaleko alkatetzari dagokio erabiltzaileei zehapen-neurriak ezartzea, helburua izanik erregelamendu hau betetzen dela zaintzea eta instalazioaren barnean dauden udal ondasunak gordetzea, jarraikiz erregelamendu honetan ezarritakoari eta Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko ordenantzan ezarritakoari.

45. artikulua. Instalazioetako langileek ahalmena dute erabiltzaileei ahoz kargua hartzeko edo instalaziotik kanporatzeko, edo abonatuei txartela kentzeko, ahozko kargu-hartzeari kasurik egiten ez dietenean, ukatu gabe arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena.

46. artikulua. Hona hemen zehapena ezartzeko prozedura:

Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake txartela kentzea eta, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik kanporatzea; hori egin dezake instalazioetako edozein langilek edo horretarako ahalmena duenak.

Instalazioetako gerentziak txosten bat eta arau-hauslearen datuak bidaliko dizkio Udalari, eta dagokion zehapen prozedura hasiko da. Ematen diren ebazpenen kontra, aurkezten ahal dira indarra duen legedian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak. Errekurtso horiek ebazten diren arte, instalaziora sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betiko kendu zaion erabiltzailea ezin da instalaziora sartu.

46.1. Aurrekoa gorabehera, instalazioetara sartzeko eskubideaz gabetzea kasu hauetan mugatuko da:

1) Instalazioetan sartzea beste pertsona baten akreditazioa erabiliz.

• Instalazioetan sartzea beste pertsona baten akreditazioa erabiliz. 15 egun, beste pertsona baten akreditazioarekin sartzen den pertsonarentzat eta txartelaren titularrarentzat.

2) Iruzurrezko sarbidea erraztea.

• Beste pertsona batzuei ateak, hesiak edo beste bitarteko batzuk erabiliz behar ez bezala sartzen uztea edo sartzen laguntzea. 15 egun.

3) Langileenganako begirune falta.

• Instalazioetako langileak iraintzea edo begirunerik gabe tratatzea. Sarbidea 3 egunez gabetzea.

4) Instalazioen ardura duten langileen esanei kasurik ez egitea.

• Langileen jarraibideei kasurik ez egitea, horrek gainerako erabiltzaileei eragozpenak eragiten badizkie edo norberaren edo gainerakoen osotasunerako arriskua sortzen badu. Sarbidea 3 egunez gabetzea.

5) Kirol jardueretan edo abonu aktiboan parte hartzea, jarduera horietan izena eman gabe.

• Tornuen azpitik pasatzea edo izena emanda egon gabe jardueretan sartzea: 7 egun.

47. artikulua. Arau-haustea izanen da barne erregelamenduan eta kirol eremuen berariazko araudiari buruzko eranskinetan jasotako arauak hausten dituen egitate oro, eta ekarriko du apartatu honetan aurreikusten diren zehapenak ezartzea.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahal dira.

48. artikulua. Arau-hauste arinak dira:

1.–Kirol espazio bakoitzaren araudi espezifikoa ez errespetatzea, instalazioetako langileek oharrak emanda ere.

2.–Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

3.–Kirol instalazioak erabiltzea abonatu izan gabe, salbu eta eguneko sarrera edo baimen zehatz puntuala badute, kirol ikastaro batean izena emanda egonik edo instalazioak erabiltzen dituzten klub edo taldeetako batekoak badira.

4.–Eremu espresuki debekatuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

5.–Kirol instalazioetan erretzea, araudian ezarritako eremuan izan ezik.

6.–Soropilean jatea.

7.–Armairuak modu desegokian erabiltzea.

8.–Instalazioetako langile akreditatuen jarraibideei kasurik ez egitea, begirune falta izan gabe.

9.–Instalazioak erabiltzea espazio bakoitzerako zehaztutako adina izan gabe.

10.–Bi zehapen-gaztigu izatea.

Araudi honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, berariaz falta astuntzat edo oso astuntzat hartzen direnak izan ezik.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

• Ohartarazpen publiko edo pribatua.

• Zehapen-gaztigua aplikatzea.

• Denbora baterako zehapena, gehienez ere hilabetez kirolgune berariazkoak ez erabiltzeko.

• Baldin arau-hauste arinen ondorioz kalterik eragiten bada instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan, zehapenean agindu ahal izanen da haren kostua ordaintzeko, baita betearazpenaren bidetik erreklamatu ere.

Arau-hauste eta zehapen arinek 6 hilabetera preskribatuko dute.

49. artikulua. Arau-hauste astunak dira:

1.–Liskarrak edo/eta eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo/eta haietan parte hartzea, dela instalazioetako langileekin dela erabiltzaileekin.

2.–Kirol instalazioak hondatzen dituzten animalia eta/edo gaiak sartzea.

3.–Instalazioak nahita zikintzea edo hondatzea.

4.–Igerilekuetako, hidromasaje igerilekuetako eta/edo jacuzziko uraren kalitatea hondatzea.

5.–Kirol instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea, zikintzea edo kalte egitea.

6.–Ez betetzea indarreko legerian ezarrita dagoena igerilekuetan 8 urtetik beherako haurren gaineko ardura duten helduen presentziari buruz.

7.–3 arau-hauste arin egitea.

8.–Abonatu txartela beste edonori uztea behin eta berriz instalazioan sartzeko.

9.–Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein arau-hauste.

10.–Instalazioko edozein higigarri edo higiezini kalte egitea.

11.–Instalazioaren barnean ordena publikoa asaldatzeak dakarren edozer egitea edo ez-egitea.

Arau-hauste astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

• Instalazioetatik behin betiko kanporatzea, eta abonua eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

• Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere sei hilabeterako, eta aldi horretan abonua eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

• Arau-hauste astunen ondorioz kaltea eragiten bada instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan, zehapenean agindu ahal izanen da haren kostua ordaintzeko, baita betearazpenaren bidetik erreklamatu ere.

Arau-hauste eta zehapen astunek 2 urtera preskribatuko dute.

50. artikulua. Arau-hauste oso astunak dira:

1.–Kirol instalazioak eta/edo materialak kaltetzea, ebastea edo lapurtzea.

2.–Instalazioetako langileei edo gainerako erabiltzaileei gorputzez, hitzez edo psikologikoki eraso egitea.

3.–Erabiltzaileen nahiz langileen gauzak ebatsi edo lapurtzea.

4.–Instalazioen barrenean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten jarduketak.

5.–Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

6.–Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larri eta nabarmenean hondatzea.

7.–Urtebetean hiru arau-hauste astun egitea.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

• Instalazioetatik behin betiko kanporatzea, eta abonua eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

• Kirol instalazioetatik denbora baterako kanporatzea, gehienez ere urtebeterako. Bitarte horretan, abonuak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.

Organo eskudunak arau-hausleari zehapen astun edo oso astun bat ezartzen dizkion ondorioez gain, Berriobeitiko Udalak 100 eurotik 700 eurora bitarteko zehapen ekonomikoa ere ezartzen ahalko du. Ordaindu ezean, betearazpen-bidetik erreklamatuko zaio, horretarako izapidetutako prozeduraren bidez.

Arau-hauste eta zehapen oso astunek 3 urtera preskribatuko dute.

51. artikulua. Ematen diren ebazpenen aurka, indarreko legedian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira.

Errekurtso horiek ebatzi arte, ezin izanen da instalaziora sartu hura erabiltzeko aukera aldi baterako edo behin betiko galdu duen erabiltzailea.

52. artikulua. Honako hauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko da zehapen araubidea: 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

VIII. KAPITULUA.–Erregelamendu honetan xedatutakoa

53. artikulua. Berriobeitiko Udalaren esku gelditzen dira erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2610489