169. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARAITZ

Ordenantza fiskala, etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Araizko Udalak, 2026ko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia paratuta, 2026ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 23an, eta Udaleko iragarki oholean. Inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu eta horren ondorioz ordenantza behin betiko onetsita dago.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Araitzen, 2026ko abuztuaren 11n.–Alkatea, Jose Manuel Zubillaga Muguerza.

ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da honako arau hau babes harturik: martxoaren 10eko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, zehazki, II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 1991.era bitarteko artikuluak.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da Araizko udal-mugartean diren etxebizitzen titulartasuna.

3. artikulua. Zergaren ondorioetarako, etxe huts gisa hartzen da etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari jarraiki Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta emanda agerturik, etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak halakotzat deklaratu duena.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta nortasun juridikorik izan ez arren unitate ekonomikoa osatzen duten entitateak edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean ez dagoenean bestelako gozamen- edo xedapen-eskubide errealik.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamen- edo erabilera-eskubide erreal baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak

5. artikulua.

1) Zerga honetatik salbuetsirik egonen dira honako kasu hauetan daudenak:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzen ahal zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak arrazoi teknikoak, antolamendukoak zein ekoizpenekoak direla medio edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkion kontratuak direla bide edo toki- mugikortasunaren menpe daudelako, ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak badira.

c) Administrazio Publikoaren (Nasuvinsaren edo dagokion erakundearen) esku jarri diren etxebizitzak, gizarte alokairurako erabiltzeko.

2) Betiere zerga-salbuespena etxebizitza bakar batek izanen du.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga-oinarria izanen da Hiri-lurreko Ondasunen gaineko Kontribuzioa ordainarazteko indarra duen bera.

Kuota

7. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatu ondokoa.

Karga-tasa

8. artikulua.

1) Honakoak izango dira karga-tasaren tarteak:

–Lehen urtea: %0,50.

–Bigarren urtea: %1.

Hirugarren urterako eta hurrengoetarako %1,5 izango da.

2) Karga-tasa bat bera izanen da udal-mugarte osoan.

Zergaren sortzapena

9. artikulua.

1) Zerga lehen aldiz sortuko da etxebizitza hutsik dagoela deklaratzen duen kasuko ebazpena ematen denean.

2) Gero, zerga urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, Etxebizitza Hutsen Erregistroan etxebizitza alta emanda dagoen bitartean.

3) Kuotak sei hilean behin izanen dira, seihilekoak naturalak izanen direlarik, eta horien barnean, zatiezinak eta txikiezinak.

4) Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute itzul dakiela zergaren sortzapen-aldiari dagozkion kuoten zati proportzionala, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrerakoa.

Zergaren kudeaketa

10. artikulua. Zergaren ordainarazpena egiteko, Araizko Udalak Etxebizitza Hutsen Udal Errolda eguneraturik mantenduko du Etxebizitza Hutsen Erregistroan gertatzen diren altak eta bajak kontuan harturik. Alta eta baja horiek Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak ofizioz jakinaraziko dizkio Udalari.

11. artikulua. Erregistroan alta emanda, Udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, eta adieraziko dizkio zerga-oinarria eta karga-tasa indarduna.

12. artikulua. Zerga kudeatzeko, erabiliko dira lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak, eta batera eginen dira kasuko likidazioak eta kobrantza-dokumentuen igorpenak.

Iragarkiaren kodea: L2611039