169. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Oposizio-lehiaketa, bete dadin Orkestrako eta Abesbatzako Zuzendaritzako eta Musika Hizkuntzako irakaslearen plaza bat

Alkatearen abuztuaren 4ko 3245/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi ziren, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Orkestrako eta Abesbatzako Zuzendaritzako eta Musika Hizkuntzako irakaslearen plaza bat (B mailakoa), lanaldi partzialeko lan-kontratudun finkoen araubidekoa. Betiere, prozesuak aurrera egiteko, plaza hori hutsik gelditu beharko da dagokion lekualdatze-lehiaketa bereziaren deialdian, zeina onetsi baitzen alkatearen uztailaren 13ko 3085/2026 Ebazpenaren bidez.

Arau hauei jarraikiz eginen da oposizio-lehiaketa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko idatzitako sarrera-erregelamendua; gainerako-aplikazio arauak; eta honako oinarri hauek:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren bidez betetzea Orkestrako eta Abesbatzako Zuzendaritzako eta Musika Hizkuntzako irakaslearen plaza bat, B mailakoa, lanaldi partzialeko lan-kontratudun finkoen araubidean, Tuterako Udalaren zerbitzura aritzeko.

1.2. Era berean, eta 13. oinarriari jarraikiz, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, aldi baterako betetzeko Orkestrako eta Abesbatzako Zuzendaritzako eta Musika Hizkuntzako irakaslearen lanpostua, hautapen-prozeduran probak gainditu bai baina plazarik lortzen ez duten izangaiekin.

1.3. Deialdiko lanpostuaren zeregina da Orkestrako eta Abesbatzako Zuzendaritzako eta Musika Hizkuntzako eskolak ematea, eta ikasleen musika arloko prestakuntza eta hezkuntza bermatzea. Halaber, arduratu beharko du beste edozein eginkizunez ere, baldin esleitzen bazaizkio, ezarritako helburuak betetzeko, eta betiere bat badatoz lanpostuari dagozkion gaitasun profesionalekin.

1.4. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena bihurtuko da lanaldi partzialeko langile lan-kontratudun finko, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartu eta kidetuko da.

1.5. Lanpostuak B mailako ordainsariak izanen ditu, maila horretarako honako arau hauetan oro har ezarritakoaren araberakoak: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina; uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretua, onesten duena Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendua; eta Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den akordioa. Horrez gain, ordainsari osagarriak jasotzen ahalko ditu, baldin aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.

1.6. Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez den orotan, eta udal honi dagokionez, jarraituko zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioan ezarritakoari.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.7. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuei jarraikiz, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren ezkontideek eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

C) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea musikako goi-mailako titulua Zuzendaritzako espezialitatean, edo haren baliokidea den beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izana (azkeneko hori gordekin bidez justifikatuko da).

Atzerrian lortutako unibertsitateko tituluak dituzten izangaiek aurkeztu beharko dute kasuan kasuko titulua homologatzeko frogagiria, edo, kasua bada, baliokide izatearen ziurtagiria.

D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

E) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Plaza eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aurreko baldintzak, deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiak baldintza horiek bete beharko ditu eskabideak aurkezteko epea bukatzean, bai eta hautapen-prozedura osoan mantendu ere, izendatua izan arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://sede.tudela.es); "Izapide nabarmenduak - Enplegu publikoa" apartatuan sartuta, deialdiari dagokion aipamenean. Aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.

3.2. Eskabideek bat etorri behar dute dagokien ereduarekin. Eredu hori deialdiaren aipamenean egonen da, https://sede.tudela.es egoitzan, "Izapide nabarmenduak - Enplegu publikoa" apartatuan. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.

3.3. Izangaiek eskabidea behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, eta, horretaz gain, aurkeztu beharko dituzte deialdiko baremoan ezarritakoaren arabera alegatu nahi dituzten merezimenduen frogagirien kopia arruntak. Izangaiek, behar bezala ordenaturik, alegatu eta frogatu behar dituzte merezimenduak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz. Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako merezimendurik.

3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak - Enplegu publikoa" apartatuan, deialdiaren aipamenean.

4.2. Behin-behineko zerrenda Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta haiek ebatzirik, Tuterako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak - Enplegu publikoa" apartatuan, deialdiaren aipamenean.

4.4. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski izanen deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Laura Casanova Sainz-Ajá, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Martín López Villacastín, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Ana José Martínez Navarro, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezkoa: María Cruz Pérez Omeñaca, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Batzordekidea: Diego Ramírez Parra, Fernando Remacha eskola-kontserbatorioko zuzendaria.

Ordezkoa: Raquel Cuartero Zardoya, Fernando Remacha eskola-kontserbatorioko ikasketaburua.

Batzordekidea: Isabel González Villar, Bönnigheim-eko (Alemania) musika eskolako zuzendari titularra.

Ordezkoa: Jesús María Santos Villafranca, Fernando Remacha eskola-kontserbatorioko irakaslea, aditua haize eta perkusioko instrumentu-banden zuzendaritzan.

Epaimahaikide idazkaria: Raquel Huarte del Barrio, Fernando Remacha eskola-kontserbatorioko idazkaria.

Ordezkoa: Arturo Goldaracena Asa, Fernando Remacha eskola-kontserbatorioko irakaslea.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.

6.1. Oposizioa 2027ko martxoan hasiko da, gutxi gorabehera, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik. Hautapen-prozesua bi alditan eginen da; lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zer ordutan hasiko den. Ondoren, epaimahaiak iragarkien bidez emanen du aditzera gainerako probak noiz eginen diren. Iragarkiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira (https://sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak - Enplegu publikoa" apartatuan, deialdiaren aipamenean.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, 7.3 apartatuan aipatzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

7.3. Epaimahaiak deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu alegatu eta frogatu diren merezimenduak. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 20 puntu gehienez.

B) Prestakuntza: 10 puntu gehienez.

7.4. Epaimahaiak merezimenduak baloratutakoan, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du balorazioa (https://sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak - Enplegu publikoa" apartatuan, deialdiaren aipamenean, izangai bakoitzak erdietsitako puntuazioa zehaztuta, eta 5 egun balioduneko epea emanen da, behin-behineko emaitzei alegazioak jartzeko.

7.5. Alegazioak jartzeko epea bukaturik, epaimahaiak behin betiko emaitzak argitaratuko ditu Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak - Enplegu publikoa" apartatuan, deialdiaren aipamenean.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Plika sistemaren bidez eginen da eta izangaiek, gehienez, 120 minutu izanen dituzte ariketa egiteko. Bi zatitan banatzen da:

a) Test motako 20 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen III. eranskinean ageri diren gai orokorrei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira.

b) Idatziz erantzun beharko zaie zenbait galdera teoriko-praktikori. Deialdi honen III. eranskinean ageri diren gai espezifikoei buruzkoak izanen dira.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Eskola praktiko bat eman beharko zaio Tuterako Fernando Remacha musika eskolako talde bati edo piano-jotzaile errepertorista bati. Epaimahaiak partitura bat ematen ahalko dio izangaiari, eskola praktikoan erabil dezan. Kasu horretan, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora izanen duen izangaiak aldez aurretik prestaketa egiteko.

–Hirugarren ariketa: Proba psikotekniko batzuk egin beharko dira, zehazteko izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiko lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

8.2. Oposizioko ariketen balorazioan 75 puntu ematen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 20 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 40 puntu gehienez.

–Hirugarren ariketa: 15 puntu gehienez.

8.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

8.4. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du ariketa egin den tokian eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak - Enplegu publikoa" apartatuan, deialdiaren aipamenean, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Halaber, azalduko ditu oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.5. Dei bakarra eginen da ariketa bakoitzerako. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

8.6. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

8.7. Epaimahaiak bigarren ariketaren hasieran zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei hura egiteko. Orobat, epaimahaiak zehaztuko du zer material behar den probak egiteko, eta behar den denboraz iragarriko du Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak - Enplegu publikoa" apartatuan, deialdiaren aipamenean.

8.8. Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa kalkulatzeko, ariketa guztietan lortutako puntuazioak batuko dira.

8.9. Bost egun balioduneko epea izanen da oposizioaldiko ariketa bakoitzaren kontra alegazioak aurkezteko. Oposizioaldia bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, deialdiaren aipuan, probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren ordenan. Oposizioaldiko guztirako puntuazioa kalkulatzeko, oposizioaldiko hiru ariketetan eskuratutako puntuazioak batuko dira. Deialdiko guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.

Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, kontuan hartuko dira lehen eta hirugarren ariketetan lortutako puntuazioak, hurrenkera horretan. Berdinketak bere horretan segitzen badu, zozketa publikoa eginen da.

9.–Baldintzak frogatzea.

9.1. Hamar egun balioduneko epea irekiko da, probak gainditurik deialdiko plaza eskuratzen duenak aurkez dezan, erregistroaren bidez (horretarako, baliatu behar da aukera hau: "izapidetzen ari diren espedienteetan agiriak aurkeztea"), behar den dokumentazioa, frogatzeko baduela eskatzen den titulua. Hala, aurkeztu beharko du deialdiko 2.1.C apartatuan eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, edo, behar denean, ziurtagiri bat, frogatzen duena eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela.

10.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Arestian aipatutako izapidea bukaturik, epaimahaiak Tuterako Udaleko alkateari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen proposamena, egoki den izangaiaren alde, hau da, prozedura gainditu eta deialdiko plaza kopuruan sartzen den izangaiaren alde. Izendapen proposamen hori Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdiaren aipamenean.

10.2. Proposatutako izangaiak honako dokumentazio hau aurkeztu behar du, izenda dezaten, izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epean:

a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.

b) Osasun ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.

c) Zinpeko adierazpena edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dituela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskabidean faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den plaza beteko da 9. oinarrian aipatzen den izangaien zerrendaren arabera, plazaren baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

10.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Tuterako Udalak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta hark aurkeztu beharko du "Izapidetzen ari diren espedienteetan agiriak aurkeztea" aukera baliatuz.

10.6. Administrazio-organo eskudunak izangaiaren baja beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, honako kasu hauetan: izangairen batek ez badu plaza hautatzen prozedurak agintzen duen moduan eta epean, edo hautapen-prozesuari uko egiten badio, edo ez baditu betetzen plazan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak, edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa prozedurak agintzen duen moduan eta epean.

11.–Izendapena, plaza hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

11.1. Alkateak, ebazpen baten bitartez, Tuterako Udaleko lanaldi partzialeko lan-kontratudun finko izendatuko du aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, deialdiaren xede den lanpostua betetzeko, eta dagokion lanpostu hutsa esleituko dio.

11.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza hartzearen bidez, izendatua bihurtuko da nominako eta plantillako lanaldi partzialeko lan-kontratudun finko, eta izanen ditu indarreko xedapenek Nafarroako administrazio publikoetako langileen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, baldin izendatutakoa afiliaturik badago Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen ditu: edo segitzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan, babes harturik martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidea, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori dena, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zehazki, bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).

11.3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da izendapena, kontuan harturik ezen hautatutako izangaia izendapen-ebazpenean ezartzen den egunean jabetuko dela bere plazaz, salbu aski justifikaturik dauden kasuetan.

Egun horretan plazaz jabetzen ez bada (salbu behar bezala justifikatutako kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Tuterako Udalaren zerbitzuko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiaren 10.4 oinarian ezarritakoari jarraikiko zaio.

11.4. Lanaldi partzialeko lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangaiari, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, zuzenean eta berak eskatuta, lanpostuan batere aritu gabe, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua deialdiaren 10.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

11.5. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, izangai berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondorioz bete gabe gelditzen diren plazak.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Tuterako Udalaren deialdiaren fitxan argitaratuko dira, egoitza elektronikoan (https://sede.tudela.es), proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunendako jakingarri den informazio guztia ere.

13.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

13.1. Izangaien zerrenda batzuk eratuko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, eta zerrenda horietan egonen dira hautaketa-prozesuan parte hartu eta gainditu bai baina plazarik eskuratu ez dutenak. Hori dena, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, eta oinarri honetan ezarritako prozeduraren arabera.

Horrez gain, aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak osatuko dira deialdi honetako oposizioaldiko lehen ariketa gainditzen duten izangaiekin.

Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

Lehentasun-ordena azken puntuazioaren araberakoa izanen da; nolanahi ere, aldi baterako kontratazioan deituak izateko lehentasuna izanen dute plazarik ez eskuratu arren prozesua gainditu duten izangaiek, oposizioaldiko lehen ariketa gainditu dutenen aurretik.

Halaber, oposizioaldiko lehen ariketa gainditu dutelako aldi baterako kontratazio-zerrendetan sartzen direnen aurretik, lehentasuna izanen dute lehenago eginiko hautapen-prozesuetan plazarik eskuratu ez baina prozesua gainditu zuten izangaiek, baldin eta deialdi haien ondorioz zerrendarik sortu bazen, eta zerrenda horiek indarrean badaude.

Alkatearen ebazpen bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak, eta egoitza elektronikoan (sede.tudela.es) argitaratuko dira, "Izapide nabarmenduak - Enplegu publikoa" apartatuan, deialdiaren aipamenean.

13.2. Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauek beteko dira: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; eta Tuterako Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakia (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 24an), non onetsi baitziren Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, edo irizpideak aldatuz gero, horien ordezkoak; eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.3. Titulazioa. Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartua izan nahi duenak frogatu beharko du baduela deialdian eskatzen den titulua. Nahi duenak baimena ematen ahal dio kontratazioa kudeatzen duen zentroari bere titulua kontsultatzeko, Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan ez baita ministerio horretan agertzen.

13.4. Desgaitasuna dutenei eta genero-indarkeriaren biktimei dei egitea, aldi baterako lan-kontrataziorako.

a) Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da desgaitasunaren arloan ezarrita dagoena, aplikatu behar zaiena Nafarroako administrazio publikoetako langileei. Desgaitasun-egoera noiznahi frogatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna frogatzen den unean. Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Frogagiri hori ofizioz eginen dute balorazio- eta orientazio-talde eskudunek.

b) Era berean, haien babesa gauzatzeko edo gizarte-laguntza osorako duten eskubidea gauzatzeko, erreserbatuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar plazatik bigarrena, emakumearen kontrako indarkeriaren biktima diren emakumeek betetzeko, betiere hautaprobak gainditzen badituzte eta izaera hori frogatzen badute.

14.–Datu pertsonalak babestea.

Tuterako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu-deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

Datuak zenbat denboraz gordeko diren: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datu-hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, baldin zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, jo beharko duzu Erregistro Orokorrera (Plaza Vieja 1, 31500 Tutera), edo egoitza elektronikora (https://sede.tudela.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan; horretarako, idazki bat bidali behar dute haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril) edo egoitza elektroniko honetara: https://www.agpd.es/.

15.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

MEREZIMENDUEN BAREMOA

A apartatua.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, deialdiaren xede den lanpostuaren antzeko eginkizunetan, B mailako lanpostuetan: 2 puntu urte bakoitzeko.

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, aurrekoak ez diren B mailako beste lanpostu batzuetan, edo A mailakoetan: puntu bat urte bakoitzeko.

–Administrazio publikoetan, C, D edo E mailako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,5 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak A apartaturako:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, proportzioan dagokion puntuazioa esleituko da.

2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

3. A apartatuari dagokion puntuazioa gehienez ere 20 puntu izanen da.

B apartatua.–Prestakuntza.

1. Unibertsitateko tituluengatik (lizentzia, gradua edo diploma), deialdi honetan eskatzen ez den beste batzuengatik, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute: 3 puntu.

2. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu).

Oharrak B.2 azpiapartaturako (Prestakuntza akademikoa eta etengabea):

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua zehazten ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

4. Apartatu honetan baloratutako prestakuntza ekintza bakoitzaren puntuazioa 2 puntukoa izanen da gehienez.

5. Puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea, nahiz eta erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.

Oharrak B apartatu osorako:

1. Apartatu honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira baldin deialdiko lanpostuarekin zerikusia badute.

2. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

3. B apartatuaren puntuazioa ez da izanen 10 puntutik gorakoa.

GAI ZERRENDA

I. zatia (zati orokorra).

1. Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Europar Batasuneko Justizia Auzitegia.

3. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: xedapen orokorrak. Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. Administrazioen arteko harremanak. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

5. 2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, onesten duena Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua: toki erakundeen beharrezko antolaketa: udalerria.

6. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: xedapen orokorrak. Prozeduretako interesdunak: jarduteko gaitasuna eta interesdunaren kontzeptua.

7. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: xedapen orokorrak. Administrazio publikoetako organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

8. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

9. 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako toki ogasunen baliabide motak eta haien ezaugarri nagusiak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

10. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

11. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

12. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

II. zatia (berariazkoa).

13. Zuzendariaren keinuen teknika. Gorputz jarrera, batutari heltzeko modua, keinuen planoak, keinuen ekonomia eta komunikazio argia.

14. Zuzendaritzaren arloko hizkera. Konpasak, prestaketak, sarrerak, mozketak, kalderoiak, konpas-aldaketak, zatiketa eta pultsua mantentzea.

15. Adierazpena zuzendaritzan. Fraseatzea, artikulazioa, dinamika, agogika, arnasketa eta musika-diskurtsoaren eraikuntza.

16. Entseguaren teknika. Plangintza, arazoak detektatzea eta ebaztea, lidergoa, komunikazioa eta taldearen kudeaketa.

17. Partitura aztertzeko prozesua. Konposizio sistemak eta sistema, formalak, harmonikoak, polifonikoak, erritmikoak, egiturazkoak, organologikoak, tinbrekoak, etab.

18. Orkestra. Antolaketa, orkestraren kokapena, soinu-oreka eta zuzendariaren eginkizunak entseguan eta kontzertuan zehar.

19. Abesbatza. Ahots taldeekin lan egiteko teknika, emititzea, tonuan jartzea, bat-egitea, ahoskera, eta testuaren eta musikaren arteko lotura.

20. Musika interpretazioa instrumentu eta ahots taldeetan. Tonuan jartzea, erritmoa, artikulazioa, koordinazioa, entzute aktiboa eta baterako soinua eraikitzea.

21. Lanbide irakaskuntzetako errepertorioa. Orkestrako eta abesbatzako lanak aukeratzeko, programatzeko, egokitzeko eta sekuentziatzeko irizpideak.

22. Orkestrako eta abesbatzako zuzendaritzako irakaskuntza lanbide irakaskuntzetan. Helburuak, metodologia eta ebaluazioa.

23. Entseatzeko metodologia lanbide irakaskuntzetako ikasleekin. Motibazioa, ikaskuntza kooperatiboa, autonomia eta ebaluazioa.

24. Zuzendaria hezitzaile eta lider artistiko gisa. Komunikatzea, emozioak kudeatzea, gatazkak konpontzea eta lan egiteko klima sortzea.

25. Musika proiektuak planifikatzea eta antolatzea. Kontzertuak, programak finkatzea, ikasleen trukeak, diziplinarteko lankidetza eta departamentuen arteko koordinazioa.

26. Orkestra barrokoa. Plantilla, instrumentuak, eginkizunak, continuoaren edo concertinoaren bidezko zuzendaritza eta interpretazio irizpideak.

27. Orkestra klasiko eta erromantikoa. Plantillaren bilakaera, zuzendari modernoaren figura agertzea eta orkestra-hizkuntzaren eraldaketa.

28. Orkestra eta abesbatza, XX. eta XXI. mendeetan. Lengoaia berriak, soinu-baliabideak zabaltzea eta interpretazio erronkak.

29. Orkestrako eta abesbatzako zuzendariaren figura. Bilakaera historikoa, eskolak, estiloak eta erreferente nagusiak.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari jarraikiz, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Tuteran, 2026ko abuztuaren 5ean.–Jarduneko alkatea, Anichu Agüera Angulo.

Iragarkiaren kodea: L2610882