169. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Oposizioa, betetzeko igeltserotzako 1. mailako ofizialaren (hargina) plaza bat, lanaldi osoko lan-kontratudun finkoaren araubidean, errelebo-kontratuaren bidez

Tafallako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko abuztuaren 13an egin bilkuran, erabaki zuen onestea deialdi baten oinarriak, betetzeko igeltserotzako 1. mailako ofizialaren (hargina) plaza bat, oposizio bidez. Kontratua lanaldi osoko lan-kontratudun finkoaren araubidekoa izanen da, Tafallako Udalean aritzeko, eta errelebo-kontratuaren bidez beteko da. Hona hemen hura arautzen duten baldintzak:

1. oinarria. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea igeltserotzako 1. mailako ofizialaren (hargina) plaza bat, oposizio bidez, lanaldi osoko lan-kontratudun finkoaren araubidean, eta errelebo-kontratuaren bidez. Plaza obretako brigadari dago atxikita, eta 03.1.4 zenbakia du plantilla organikoan.

Deialdia gauzatuko da honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, onesten dituena aparteko eta premiazko neurriak, langileen arloan, behin-behinekotasuna murrizteko Nafarroako administrazio publikoetan; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, hautapen prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako betetzeko 1. mailako ofizialaren (hargina) lanpostua, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera.

1.3. Izendapenak Tafallako Udaleko nomina eta plantillako langile finko eta lanaldi osokoa bilakatuko du hautatua, ondorio guztietarako bilakatu ere, lanpostuaren jabe egiten den egun beretik, eta Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio.

1.4. Lanpostua C mailakoa da, eta plantilla organikoan zehaztutako oinarrizko ordainsariak eta ordainsari osagarriak izanen ditu, bai eta hitzarmen kolektiboan eta aplikatu beharreko bestelako xedapenetan ezartzen direnak ere.

1.5. Lanaldia eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira. Horrez gain, beharrezkoa bada, kanpoaldean lan eginen du, joan-etorriak eginen ditu, gorabeherez arduratuko da, lan programatuak eginen ditu, eta, hala badagokio, prestutasuna izanen du eta txandak eginen ditu, jarraikiz aplikatu beharreko arauei eta hitzarmenean ezarritakoari.

1.6. Oro har, eta besteak beste, hauek izanen dira lanpostuaren eginkizunak:

–Hargintzako lanak, eta harri naturala lantzea, ebakitzea, arbastatzea, akabatzea, jartzea, konpontzea eta berritzea.

–Zuinketak, neurketak, nibelazioak eta atazak prestatzea; eta krokisak, planoak, eraikuntza-xehetasunak eta lan-aginduak interpretatzea.

–Hormak, zoladurak, zintarriak, eskailera-mailak, ateburuak, ate-zangoak, isurkiak, apaingarriak eta bestelako harrizko elementuak eraikitzea, konpontzea eta kontserbatzea.

–Elementu historiko edo tradizionalen kontserbazioarekin bateragarriak diren teknikak aplikatzea, zuzendaritza teknikoaren jarraibideak betez.

–Euskarrirako eta harrirako egokiak diren morteroak, itsasgarriak, ainguraketak, zigilatzaileak eta material osagarriak prestatzea eta erabiltzea.

–Eskuzko erremintak, erreminta elektrikoak, pneumatikoak eta makineria osagarria maneiatzea eta kontserbatzea, bai eta lanposturako baimendutako goragailuak ere.

–Laneko arriskuen prebentziorako neurriak betetzea, norbera babesteko ekipamenduak erabiltzea, eta seinaleztatzen eta ataza-agindua prestatzen laguntzea.

–Udal ibilgailuak gidatzea, garraiatzeko langileak, erremintak eta materialak, zerbitzuak hala eskatzen duenean.

–Obren lantaldeari eta mantentze-lanei lotutako berezko lan osagarriak egitea, baldin lanbide-kategoriarekin lotura badute.

–Lanpostuaren eta plaza-mailaren berezko beste lan batzuk.

2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan parte hartzeko, izangaiak honako baldintza hauek bete beharko ditu eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek –baldin zuzenbidez bananduta ez badaude–, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izatea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat, edo eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian eskuratutako tituluak homologatuak edo aitortuak egon beharko dira, aplikatzeko arauekin bat.

d) B motako gidabaimena izatea, indarrean.

e) Gaitasun fisiko eta psikiko nahikoa izatea lanpostuaren berezko eginkizunak egiteko, esate baterako, eskulanak egiteko, erremintak erabiltzeko eta lanak kanpoaldean egiteko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, diziplinazko espediente baten bidez, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

g) Ordainduak izatea azterketa eskubideen tasak, edo ordaintzeko salbuespena frogatzea.

2.2. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik, hautapen prozesuak iraun bitartean, bai eta kontratua sinatu eta lanpostuaren jabetza hartu arte ere. Zehazki, B motako gidabaimenak indarrean egon beharko du, eta ezin izanen da gabeturik edo etenda egon ebazpen judizial edo administratibo baten bidez.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1. Aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Aurkezteko modua.

Eskabideak aurkeztu beharko dira –I. eranskineko eskabide ereduari jarraituz– Tafallako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.tafalla.es/), Tafallako Udalaren erregistro orokorrean (Nafarroako Frantzisko plazako 5. zenbakia, Tafalla), 8:30etik 14:00etara, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea); azken kasu horretan, eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria igorri beharko da posta elektronikoaren bidez rrhh1@tafalla.es helbidera, ezarritako epearen barnean.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Hautapen-prozesuan parte hartu ahal izateko, izangaiek 10,45 euro ordaindu beharko dituzte, espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik. Tasa hori ordaindu beharko da diru-sarrera eskudirutan eginez edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: ES 22 2100 3696 69 2200068626 (La Caixa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa/IFZa.

Azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (3. ordenantza fiskala) ezarritakoaren arabera, tasa ordaintzetik salbuetsita egonen dira langabezian dauden izangaiak (ez, ordea, enplegua hobetzeko egoeran daudenak), baldin agiri bidez frogatzen badute. Dagokion tasa ez ordaintzea izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko arrazoitzat hartuko da, eta azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du ordeztuko, inola ere, eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea. Ez da azterketa eskubiderik itzuliko, baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaion arrazoiren batengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio eskabideak, eta haiekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) NANaren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

Europar Batasuneko beste estatu kideetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarrean dagoena, non agertu beharko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea. Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (hala izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).

b) Tasa ordaindu izanaren egiaztagiria edo hori ordaintzetik salbuetsita egotea frogatzen duen agiria.

c) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:

a.–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b.–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, onartzen diona prestazio bat jasotzeko eskubidea, hauetako bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

c.–Agiri bat, frogatzen duena organo eskudunari eskatu diotela aitortzeko %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa.

3.5. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren fitxan, egoitza elektronikoan.

4.2. Behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak bide telematikoz aurkeztuko dira, Tafallako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

4.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko.

4.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web-fitxan.

5. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Lehendakaria: Tafallako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Gonzalo Ibarrola Inchusta, Tafallako Udaleko lehen alkateordea.

Lehen epaimahaikidea: Julio Ciaurriz González, Tafallako Udaleko obra arduradun nagusia.

Ordezkoa: Artzeina Campo Barriosuso, Tafallako Udaleko arkitekto teknikoa.

Bigarren epaimahaikidea: Fernando Valencia Luna, Tafallako Udaleko 1. mailako ofiziala (hargina).

Ordezkoa: Juan José Aldunate García, obra lantaldeko 1. mailako ofiziala.

Hirugarren epaimahaikidea: Ana Isabel Elrio Del Río, Tafallako Udaleko langileen enpresa batzordeak izendatuta.

Ordezkoa: Miren Koldobike Pérez de Iriarte Ruiz, Tafallako Udaleko langileen enpresa batzordeak izendatuta.

Idazkaria: Rosa María Ferrer García, Tafallako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Marta Pernaut Ojer, Tafallako Udaleko aholkulari juridikoa.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta epaimahaiak jarduteko beharrezkoa izanen da kideen gehiengo osoa bertan egotea.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengoa bertan ez bada.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6. oinarria. Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Oposizioa 2026ko azarotik aurrera hasiko da.

6.2. Oposizioaldiak 2 proba izanen ditu. Oposizio-fasean ariketei gehienez ere 100 puntu emanen zaizkie. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Ariketa hasi baino lehen, kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko du zenbat iraunen duen ariketa bakoitzak.

6.3. Probak.

6.3.1. Lehen proba, gehienez 40 puntu: test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdiaren II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Aukera batzuk eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Proba hasi baino lehen, zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta erantzun okerren penalizazioa. Ariketan gehienez ere 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan 20 puntu gutxienez lortzen ez dituztenak.

6.3.2. Bigarren proba, gehienez ere 30 puntu: Epaimahaiak zehaztuta, hargintzako lan bat edo batzuk egin beharko dira, osorik edo zati batean. Gehieneko epea zehaztuko da, galarazi gabe denbora bat izanen dela jarraibideak emateko, proba prestatzeko, garbitzeko edo tokiz aldatzeko.

Proban, besteak beste, hauetakoren bat eginen da:

–Baldosak jartzea bide publikoan, paretetan, etxebizitzetan...

–Obra-zuinketak egitea trenkadetan.

–Galtzada-harriak, espaloiak, zintarriak eta bestelakoak jartzea.

–Planoak, angeluak eta bestelakoak neurtzea, interpretatzea...

–Trenkada-multzoak egitea.

–Erremintak, lanabesak, ekipamenduak eta material osagarriak aukeratzea eta erabiltzea.

–Prebentzio neurriak aplikatzea, seinaleztatzea, eta lanpostua garbi eta ordenaturik mantentzea.

Udalak emanen ditu erabili beharreko harriak, materialak, makinak eta erremintak. Epaimahaiak baimena ematen ahalko du izangaiek haien eskuzko erremintak eraman ditzaten, baina aldez egiaztatuko da aurretik aproposak eta seguruak diren.

Segurtasun jarraibideen ez-betetze larrien kasuan, edo arriskutsuak izan daitezkeen jokabideak izanez gero, epaimahaiak erabakitzen ahalko du, arrazoiak emanez, probatik kanpo uztea.

Proba hasi aurretik zehaztuko da proba baloratzeko irizpidea. Ariketa honetan 30 puntu lor daitezke gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketan 15 puntu gutxienez lortzen ez dituztenak.

6.3.3. Hirugarren proba, gehienez 30 puntu: kasu praktiko-teknikoa. Idatziz ebatzi beharko dira lanpostuaren berezko eginkizunekin lotutako kasu praktiko bat edo batzuk. Epaimahaiak ematen ahalko ditu planoak, argazkiak, fitxa teknikoak, neurketak edo beste agiri osagarri batzuk.

–Planoak, krokisak, eskalak, kotak eta eraikuntza-xehetasunak interpretatzea.

–Azalerak, bolumenak, luzerak, piezak, errendimenduak eta materialak kalkulatzea.

–Harriak, akabera, morteroa, itsasgarria, ainguraketa edo jartzeko teknika hautatzea.

–Patologien oinarrizko diagnostikoa egitea eta euskarriarekin bateragarria den konponketa proposatzea.

–Ataza, neurri osagarriak, faseak, baliabideak eta prebentzio neurriak planifikatzea.

–Udalerriko harrizko elementuak kontserbatzeko lanetan sortzen diren gorabeherak konpontzea.

Proba hasi aurretik zehaztuko da proba baloratzeko irizpidea. Ariketa honetan 30 puntu lor daitezke gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketan 15 puntu gutxienez lortzen ez dituztenak.

6.3.4. Bigarren eta hirugarren probak egun berean eginen dira, lehenbizi bata edo gero bestea.

6.4. Dei bakarra eginen da, eta izangaiek beren burua identifikatu beharko dute. Agertzen ez dena baztertu eginen da, salbu eta epaimahaiak onartzen badu ezinbesteko kasua dela.

6.5. Probetan, ahal dela, izangaien anonimotasuna bermatuko da. Epaimahaiak neurriak hartzen ahal ditu baimendu gabeko gailuak erabili ez daitezen eta prozesuan zehar berdintasuna mantentzeko.

6.6. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Tafallako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.tafalla.es/), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena balorazioei buruz.

7. oinarria. Proba gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Hautaprobak amaituta, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, Tafallako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.tafalla.es/), adierazita hautagai bakoitzak zer kalifikazio lortu duen oposizioan, txandaren arabera eta lortutako puntuazioaren ordenan; horrez gain, Tafallako alkateari igorriko dio zerrenda, puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren aldeko proposamena egin dezan.

7.2. Azkeneko emaitzan berdinketarik izanez gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna. Berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da.

8. oinarria. Kontratatzeko proposamena.

8.1. Epaimahaiak izendapen proposamena igorriko dio Tafallako Udaleko alkateari, espediente osoarekin batera. Oposizioa gainditu eta deialdiko plaza kopuruan sartzen den izangaiaren alde eginen da proposamena.

Izendapen proposamena Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Epaimahaiak, orobat, honako hauek igorriko dizkio alkateari: batetik, hautapen-prozesua gaindituta plaza eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta, bestetik, oposizioaldia gainditu ez baina hautapen-probetako bat gainditu dutenena. Hala, bi zerrenda eratuko dira, aldi baterako sor daitezkeen kontratazioei erantzuteko.

9. oinarria. Agiriak aurkeztea.

9.1. Izendapen proposamena egoitza elektronikoko fitxan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Tafallako Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:

a) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Administrazioak noiznahi egiaztatzen ahalko du aurkeztutako dokumentazioa. Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsukeria antzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.

b) 2.1.d) oinarrian eskatzen den gidabaimenaren kopia konpultsatua.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.

d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dituela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Izangaiari hitzordu bat emanen zaio, lanpostua betetzeko gaitasun psikofisikoa duela egiaztatzeko; hori guztia, deialdi honetako 2.1. apartatutako e) letran ezarritakoari jarraituz. Tafallako Udalaren Prebentzio Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa hori.

9.2. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (7. oinarrian aipatutako zerrenda), eta aurreko apartatuetan ezarri bezala jokatuko da.

10. oinarria. Izendatzea eta kontratatzea.

10.1. Hautapen prozedura burututa eta izangaiak aurreko 9.1. oinarrian zehaztutako agiriak aurkezturik, proposaturiko izangaia izendatu eta kontratatuko du organo eskudunak, eskatutako baldintzak ezarritako moduan eta epean bete baditu.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu, 45. artikuluan, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izendapen ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz izangaiak.

Ezinbesteko kasuetan salbu, epe horretan ez bada jabetza hartzen, izendapenak dakartzan eskubide guztiak galduko ditu, 7.3 apartatuan ezarritako moduan eta ondorio berekin.

11. oinarria. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, honako zerrenda hauek eratuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaiak aldi baterako kontratatzeko:

a) Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda. Izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

b) Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda. Izangaien hurrenkera ezartzeko, kontuan hartuko da, lehenik, gainditutako proba kopurua, eta, gainditutako proba kopuru bera izanik, guztirako kalifikazioa hartuko da kontuan.

11.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira bi zerrendak: batetik, probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaiena; hori guztia, aplikatzekoak diren kudeaketa-arauetan ezarritakoari jarraikiz.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

11.3. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

11.4. Hartara, deiak eginen dira jarraikiz deialdi honen III. eranskinean biltzen diren arauei (aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak).

12. oinarria. Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da deialdia egin duen udal-organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo bereko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritutako aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina, aldez aurretik egintza egin duen organoari errekurritzeko asmoa jakinarazita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, orobat errekurritutako erabaki edo egintzak jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena Udalaren web-orrian argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.

Tafallan, 2026ko abuztuaren 13an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEAREN EREDUA

https://www.tafalla.es/wp-content/uploads/2026/08/INSTANCIA-CONVOCATORIA-PLAZA-DE-OFICIAL-1a-CANTERO.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Zati orokorra.

1. Toki-araubidea: udalerria, lurraldea, biztanleria eta antolaketa. Udal eskumenak.

2. Udaleko organoak: alkatea, osoko bilkura eta tokiko gobernu batzarra. Udaleko antolaketa administratiboa.

3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak, eskubideak, betebeharrak, bateraezintasunak eta diziplina-araubidea.

4. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. Jazarpenaren prebentzioa eta diskriminaziorik ezeko printzipioak enplegu publikoan.

5. 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: eskubidea, betebeharrak, prebentzio printzipioak eta babes-ekipamenduak.

6. Segurtasuna udal obra eta lanetan: seinaleztapena, itxiturak, ordena, garbiketa, garaierako lanak, kargak manipulatzea eta hautsarekiko eta zaratarekiko esposizioa.

Zati espezifikoa.

7. Igeltserotzako oinarrizko kontzeptuak. Eraikuntzako oinarrizko erremintak, ekipamenduak eta makineria.

8. Obra-zuinketak, eta planoak eta agiri grafikoak interpretatzea. Eraikuntzako neurketak eta balorazio irizpideak. Lanaren antolaketa. Lan plangintza.

9. Indusketak egitea zangetan, trabes eskoratzeak eta eskoratzeak. Zoladurak, fabrikak, trenkadak eta estaldurak eraistea.

10. Zimenduei eta egiturei buruzko oinarrizko kontzeptuak. Hormigoi armatuaren egiturak egitea.

11. Materialen propietateak eta erabilerak: zementua, karea, harea, legarra, adreilua, blokea, igeltsua, hormigoia. Morteroak eta hormigoiak: prestatzea eta aplikatzea.

12. Fabrika-obrak, klaseak eta motak. Barneko eta kanpoko paramentu bertikalak. Aparailuak, klaseak eta ezaugarriak.

13. Estaldura bertikalak: emokadurak, zarpiatuak, emokatuak, luzituak. Beharrezko baliabideak eta gauzatzea. Alikatatzea.

14. Zola eta zoladurak. Hormigoiak, baldosak, zoladura jarraituak eta zoladura arinak.

15. Hezetasunaren kontrako babesa eta isolatzaile motak. Iragazgaizteak. Estalki inklinatuak eta lauak. Terrazak.

16. Erreminta elektroniko eta pneumatikoak: erradiala, ebakigailua, mailua, zulatzeko makina, lixatzeko makina eta xurgatzeko tresneria. Arriskuak eta mantentze-lanak.

17. Mozteko, zulatzeko, leuntzeko eta akabera emateko makineria. Distira emateko disko eta lanabesak. Materialaren eta lan-motaren arabera hautatzea.

18. Bitarteko osagarriak, goragailuak eta piezak garraiatzea: eslingak, pintzak, bentosak, polipastoak eta eskorgak. Modu seguruan erabiltzeko printzipioak.

19. Planoak, krokisak, eskalak, atalak, kotak eta zatikatzeak interpretatzea. Hargintzari aplikatutako oinarrizko kalkulu geometrikoak.

20. Karezko eta zementuzko morteroak eta mortero mistoak. Dosifikatzea, oratzea, sendotasuna ematea, ontzea: bateragarritasuna eta erabilerak.

21. Morteroak eta zaharberritzeko produktuak. Esneak, junturak berdintzeko materialak, itsasgarriak, erretxinak eta zigilatzeak: bateragarritasun-irizpideak eta mugak.

22. Harria jartzeko teknikak: harlangaitz-horma, harlandua, plakazko estaldura, zoladura, zintarria eta pieza bereziak. Juntadurak eta ainguraketak.

23. Harrizko hormak: tipologiak, aparailuak, uztardurak, izkinak, erremateak, drainatzeak eta konponketak.

24. Harrizko zoladurak eta urbanizatzeak: oinarriak, maldak, lerrokadurak, piezakatzeak, harriak jartzea, trinkotzea, junturak berdintzea eta irisgarritasuna.

25. Eskailerak, mailak, atalaseak, ateburuak, ate-zangoak, isurkiak eta txapel-harriak: zuinketa, lantzea eta jartzea.

26. Azalerako akaberak: zerratzea, mutxardatzea, pikotxez lantzea, eskalifatzea, harea kentzea, gerreztatzea, leuntzea eta beste batzuk. Aplikazioak eta kontrola.

27. Harria garbitzea: metodo lehorrak, ura, lainoztapena, mikrourradura eta produktu kimikoak. Entseguak eta aldez aurreko probak.

28. Ataza antolatzea, kalitatearen kontrola, neurketak, hondakinen kudeaketa, erreminten mantentze-lanak eta beste lanbide batzuekin koordinatzea.

III. ERANSKINA.–ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO IZANGAIEN ZERRENDA KUDEATZEKO ARAUAK

1.–Deia.

Onetsitako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitzen ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Aurrekoaz gain, deia egiterakoan, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan; horren bidez, hain zuzen, arautzen dira desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan lanean sartzeko xehetasunak. Horretarako, %33ko edo maila handiagoko desgaitasun aitortua dutenek egoera hori frogatu beharko dute, organo eskudunak berariaz emaniko agiri jatorrizkoaren edo kopia konpultsatuaren bidez.

2.–Dei egiteko arau orokorrak.

2.1. Lokalizaturik egon daitezen, izangaiek jakinarazi behar dituzte gutxienez harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat; izangaiak arduratuko dira informazio hori une oro eguneraturik edukitzeaz.

2.2. Deiaren bidez eskura dagoen eskaintzaren berri emanen zaio izangaiari. Deia egiteko, honako baliabide hauek erabiliko dira, ordena honetan berean, erabilgarri baldin badaude:

–Helbide elektronikoa.

–Telefono mugikorra.

–Telefono finkoa.

–Telefono mugikorrerako mezularitza (SMS).

2.3. Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da, eta 2.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.

2.4. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.

2.5. Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan, edo lanpostua premiaz bete behar bada eta dei egiteko ezarritako bi eguneko epea ezin bete bada, kontratazioa eskainiko zaio eskura dagoen lehen izangaiari, baldin berarekin harremanetan jarri ondoren onartzen badu lanean berehala hastea. Halako kasuetan, ez da bete beharko artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa.

2.6. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie eskainiko beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik, salbu deialdia beste lanpostu bati dagokion beste zerrenda batetik egiten denean.

2.7. Deitzeko salbuespenezko lehentasuna. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, Administrazioak izangai zehatz bati kontratua eskainiko dio, baldin eta aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 eguneko epearen barruan, baimentzen bada aldi baterako betetzea lanpostu berbera edo alor bereko beste berdin bat, betiere baldintza hauek betetzen badira dei egiten zaion momentuan:

a) Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

b) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

2.8. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia osatzeko, zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

3.–Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

Izangaiek aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jasotzen badute amatasun edo adopzio lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barnean, kontratua onartzen badute, hura erreserbatuko zaie, lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

Lanpostuan sartuko dira amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatutakoan.

4.–Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

4.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten badio, zerrendako azken tokira pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetakoren batean dagoela; izan ere, kasu horretan, duen postuari eutsiko dio:

a) Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik, edo aldi baterako ezintasuneko egoeran egotea. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatzen duten arte uko egiteko arrazoia bukatu dela.

c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatu arrazoia lehenago desagertzen bada.

d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinarengatik, istripuarengatik edo eritasunarengatik. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatu arrazoia lehenago desagertzen bada.

e) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

f) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

4.2. Aurreko apartatuan jasotako kasuetan, f) letrakoetan izan ezik, izangaiek zerbitzu emateko moduan daudela jakinarazi beharko dute. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendatik. a), c) eta d) letretako kasuetan, arrazoi eragile bera bi aldiz baino ezin izanen da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.

4.3. Aurreko 4.1 apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean segituko dute.

5.–Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokia hartuko dute izangaiari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik kontratua sinatzen ez duten izangaiek, behin deialdiaren ondoriozko lanpostua onartu ondoren.

6.–Zerrendetatik baztertzea.

Deia jaso duten izangaiak zerrendatik baztertuko dira, baldin honako egoeraren bat gertatzen bada:

a) Izangaiari kontratua hutsaltzea probaldian dagoen bitartean.

b) Lanpostutik alde egitea.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, alegia, kontratatzen den langileak lanpostuan aritzeko gaitasunik ez izateagatik edo ez egokitzeagatik, baldin horrek badakar errendimendu eskasa izatea, lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazteko moduan.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Kontratua azkentzea diziplinazko zehapen baten ondorioz.

7.–Lan kontratuak.

Deialdiaren xedeko lanpostua betetzeko izangaiei aldi baterako kontratu bat eskainiko zaie, kasuan kasuko beharraren arabera iraunen duena, eta haren araubide juridikoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoa.

Iragarkiaren kodea: L2611133