169. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

AKATS ZUZENKETA, Barneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 3ko 6387E/2026 Ebazpenean, zeinaren bidez onesten baita udaltzain laguntzaileen ikastaroa egiteko eta, ondoren, udaltzain laguntzaileen gaikuntza lortzeko hautaproben deialdia.

2026ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 21ekoan, argitara eman zen Barneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 3ko 6387E/2026 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baita udaltzain laguntzaileen ikastaroa egiteko eta, ondoren, udaltzain laguntzaileen gaikuntza lortzeko hautaproben deialdia.

Ebazpen horren bigarren atalean ezartzen zen deialdia eta haren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharra; oinarriak, ordea, ez ziren argitaratu, ez baitziren igorri Aldizkarira.

Adierazitakoa dela eta, akats hori zuzentzen da, Barneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 3ko 6387E/2026 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren oinarriak argitaratuz. Interesdunei jakinarazten zaie, halaber, eskaerak aurkezteko epea iragarki hau argitaratu eta biharamunean hasiko dela zenbatzen.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 21ean.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.

UDALTZAIN LAGUNTZAILEEN IKASTAROA EGITEKO ETA, ONDOREN, UDALTZAIN LAGUNTZAILEEN GAIKUNTZA LORTZEKO HAUTAPROBEN 2026KO DEIALDIA

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da hautaprobak egitea udaltzain laguntzaileen ikastaroa egiteko eta, ondoren, udaltzain laguntzaileen gaikuntza lortzeko.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ematen die gaikuntza hori ikastaroa gainditzen dutenei, Barne Zuzendaritza Nagusiak aldian behin berariazko deialdi publiko bat egin ondoren, edo toki entitate batek sustatzen duen hautapen prozeduraren barruan; kasu horretan, Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuak sustatzen du deialdia, Segurtasunaren Koordinazio Atalaren bidez, eta hark hautatzen ditu, halaber, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ikastaroa egiten ahalko duten izangaiak.

Hogeita hamar ikaspostu daude Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak (NSLE) antolatzen duen ikastarora joateko.

Ikastarora joateko deia puntuazio-ordenaren arabera eginen da, hautaproba baztertzaileak amaitu ondoren.

1.2. Udaltzain laguntzaileen definizioa eta eginkizunak.

Udaltzain laguntzaileek tokian tokiko udaltzaingoko langileei laguntzeko lanak eginen dituzte, eta haien zuzendaritzapean arituko dira.

Langile horiek beteko dituzten eginkizunak honako hauek izanen dira soilik: ondasun, zerbitzu, instalazio eta egoitza ofizialak zaindu eta gordetzea, zirkulazio-arauei jarraituz bide-trafikoa antolatzea, udaltzaingoko edo udaltzaingo zerbitzuetako langileekin lankidetzan aritzea edo haiei laguntza ematea herritarren segurtasunaren, babes zibilaren eta herritarrentzako laguntzaren arloko eginkizunetan, eta lankidetzan aritu eta laguntzea administrazio izaera duten arauak betearazten.

1.3. Udaltzain laguntzaileek beren burua behar bezala identifikatzeko moduko bereizgarriak eraman beharko dituzte, eta behar den dokumentazioaren bidez frogatu beharko dute beren izaera.

Inoiz ez dute su-armarik eramanen.

1.4. Udaltzain laguntzaileei aplikatu beharreko araubidea Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan administrazio araubidean kontratatzen diren langileentzat ezarritakoa izanen da, Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legean ezarritako salbuespenekin. Langile hauek estatutu horren D mailan sartuko dira, eta kasuan kasuko udalak lanpostu horretarako ezarrita dauzkan lansariak jasoko dituzte.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen, gutxienez 18 urte izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Titulu hauetako bat izatea: Eskola Graduatua, DBHko Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.

d) Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

e) Beren egitekoa betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren IV. eranskinean ageri diren baztertzeko arrazoi medikoen taulako egoerarik ez izatea.

f) Dolozko delitu batengatik kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ere, eta ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

g) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta gaikuntza eskuratu arte.

Goiko paragrafoan ezarritakoa ez zaio gidabaimenari aplikatuko; izan ere, betebehar hori prestakuntza ikastaroan onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunean bete beharko da.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

3.–Eskaerak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dituzte eskaerak, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen katalogoko fitxa erabiliz, www.navarra.eus webgunean, deialdi honen 11. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve sistema eduki beharko da.

Halaber, eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistroko gainerako bulegoetako edozeinetan aurkezten ahalko dira (haien zerrenda www.navarra.eus webgunean dago), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideetako edozein erabiliz. Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuari zuzendu beharko zaizkio, eta deialdi honen izena adierazi beharko da.

3.3. Tasak.

Ordaindu beharreko tasa 46 eurokoa da, eta kontzeptu honi dagokio: udaltzain laguntzaileen gaikuntza lortzeko ikastaroan sartzeko hautapen prozeduren azterketa-eskubideak.

Telematika bidez ordaindu behar da tasa hori eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Tasa ordaintzetik salbuetsita daude hautapen proben deialdia argitaratu baino hilabete lehenagotik gutxienez langabe gisa inskribaturik daudenak.

Barne Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiria, eta bertan agertu beharko da izangaia zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Izena emateko orria, deialdi honen I. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Tasa ordaindu izanaren ziurtagiria.

c) Izangaiak baimenik ematen ez badu langabezia egoeraren kontsulta egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, eta bertan agertu beharko da izangaia zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina, aurkeztutako datuak edo agiriak okerrekoak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak aurkeztea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori argitara dadila www.navarra.eus webgunean, deialdi honen 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta haiek ebatzi ondoren, Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori www.navarra.eus webgunean argitara dadila, deialdi honen 11. oinarrian ezarritakoarekin bat. Zerrendarekin batera, argitara emanen da noiz eta non eginen diren deialdiaren zortzigarren oinarrian ezarritako hautapen probak.

4.4. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiko burua: Javier Ojer Alonso jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Elena Huarte Ruiz andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Ibilgailu Parkearen Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Juan Antonio Sola Ibarra jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Noelia Zubieta González andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketako Ataleko burua.

Epaimahaikide-idazkaria: David Carabantes Bernal jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

Ordezkoa: Jesús Carrascosa Martínez jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendaturiko ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendaturiko ordezkari bat.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordearen ordezkari bat.

Ordezkoa: Langileen Batzordearen ordezkari bat.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Behin epaimahaia eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixotzen bada edo haien aldi baterako absentzia-egoera justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 23.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Legez ezarritako abstentzio- eta errekusazio-arrazoiak aplikatuta epaimahaiaren osaeran aldaketaren bat gertatzen bada, onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera argitaratuko da osaera hori, deialdi honen 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Deialdiaren garapena eta balorazioa.

6.1. Deialdia 2026ko urritik aurrera hasiko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean lehenengo proba egiteko tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

Deialdiko proba bakoitza kalifikatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, www.navarra.eus webgunean, gainditu dutenen zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, orobat, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago, hori guztia deialdi honen 11. oinarrian ezarritakoaren arabera.

Prozesuko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Deialdiko probak oinarri honetan adierazitakoak izanen dira, eta bertan ezarritako hurrenkeran eginen dira.

Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

6.3. Deialdiak bi fase izanen ditu. Lehenbizikoan, ezagutza probak, proba fisikoak eta psikoteknikoak eginen dira, eta bigarrenean, berriz, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan eginen den oinarrizko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, epaimahaiak modu kodifikatuan argitaratuko ditu izangaiek ariketetan lortzen dituzten puntuazioak.

6.4. Deialdiaren lehenbiziko fasea.

Lehenbiziko fasean proba hauek egin beharko dira:

6.4.1. Lehenbiziko proba.

Ariketa teorikoa izanen da; gehienez 60 galdera erantzun beharko dira, idatziz, deialdi honen II. eranskineko gai multzoetan agertzen diren gaiei buruz. Test moduko galderak izanen dira: galdera bakoitzari erantzuteko, lau aukera eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzarengatik zuzen erantzundako galdera baten balioaren herena kenduko da.

0tik 60 puntura bitarte kalifikatuko da. Bazterturik geldituko dira 30 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

6.4.2. Bigarren proba.

III. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak eginen dira, eta haietako bakoitza baztertzailea izanen da, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Bigarren proba hau egitera gehienez ere 90 izangairi deituko zaie. Hortaz, lehenbiziko proban eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen duten izangaiak kopuru hori baino gehiago baldin badira, kalifikaziorik altuenak lortzen dituztenak baino ez dira pasatuko bigarrenera. 90. postuan kalifikazio bera duten izangai bat baino gehiago badaude, berdinduta dauden guztiak pasatuko dira bigarrenera. Gainerako izangaiak deialditik baztertuta geldituko dira.

Proba hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute. Bertan berariaz adierazi beharko dute badutela proba egiteko nahikoa den sasoia eta osasuna. Adierazpen hori epaimahaiari eman beharko zaio deia egiten den unean. Proba egiteko eskubidea galduko dute adierazpena sinatzen ez dutenek edo adierazpena ezin sina dezaketenek, eta prozesutik kanpo geldituko dira, ondorio guztietarako. Adierazpenak bat etorri beharko du deialdiaren V. eranskinean adierazitako ereduarekin.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, proba fisikoak egin bitartean edo beste egun batean. Kontrola egin daiteke ariketa batean lortutako sailkapenari jarraikiz, edo ausaz. Horretarako deia idatziz eginen da, Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren arauen arabera ezarrita dagoen dopinaren kontrol ofizialetarako inprimakia erabiliz. Jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak behar den organo espezializatuak eginen ditu. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen prozesutik baztertu eginen da berehalakoan. Baztertzeko arrazoi izanen da, orobat, trabak jartzea dopin kontrola legeak xedatu bezala egiteko, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta ezkutatzea, bai eta, egitez edo ez-egitez, kontrola egitea saihesten, eragozten, nahasten, edo oztopatzen duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita saihestea hartu beharreko laginak biltzea, egitez edo ez-egitez.

Horren ondorioetarako, debekatutzat joko dira Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2025eko abenduaren 2ko Ebazpenaren eranskinean heldu diren substantziak, gai farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuak dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2025eko 295. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 9koan, argitaratua).

Debekatuta dagoen substantzia baten edozein kantitate hautemanez gero, izangaia hautapen prozesutik baztertuko da, deusetan galarazi gabe izangaiak kontraanalisia egin diezaiotela eskatzeko duen eskubidea, baita kalifikazio epaimahaiari bidezko alegazioak aurkezteko aukera ere.

Proba hau 50 izangaik baino gehiagok gainditzen badute, hirugarren probara lehenengo 50ak baino ez dira pasatuko. 50. postuan kalifikazio bera duten izangai bat baino gehiago badaude, berdinduta dauden guztiak pasatuko dira hurrengora. Gainerako izangaiak deialditik baztertuta geldituko dira.

Proba honetan, "Gai" edo "Ez gai" kalifikazioak emanen dira. Kanporatu eginen dira "Gai" kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.

6.4.3. Hirugarren proba.

Proba psikoteknikoa: proba honetan ebaluatuko da izangaiak zenbateraino egokitzen diren udaltzain laguntzaileen eginkizunen profil profesiografikoaren eskakizunetara. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen ditu, edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haren/haien balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Proba psikoteknikoak gehienez ere 15 puntuko balorazioa izanen du. Bazterturik geldituko dira gutxienez 7.5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Profil profesiografikoa: NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak, organo aholku-emailea den aldetik, eta kalifikazio epaimahaiak (edo horrek izendatzen dituen langileek), lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutzen baititu, behar den azterketa egin ondoren, ebaluatu beharreko faktore edo gaitasunak proposatuko dituzte, bai eta udaltzain laguntzaileen eginkizunak egoki betetzeko behar diren eskakizunak ere. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onartu eta argitaratu dezan.

Probaren garapena: nortasun orokorrari edo lan-gaitasunei buruzko galdetegi bat edo batzuk erantzutea. Osagarri gisa, elkarrizketa pertsonalak eta/edo taldekakoak egiten ahalko dira. Kalifikazio epaimahaia arduratuko da, probak egin aurretik, profilari eta proben definizioari buruz garrantzitsutzat jotzen dituen gai guztiak argitaratzeaz.

Proba honen emaitzak kalifikazio epaimahaiko idazkariari igorriko zaizkio.

6.5. Fase honetako proba guztiak deialdi bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira iragartzen den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

6.6. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.navarra.eus webgunean argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, deialdi honen 11. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematikoki.

6.7. Agiriak aurkeztea.

6.7.1. Hirugarren probaren behin betiko kalifikazioak argitaratu ondoren, bost egun balioduneko epea irekiko da izangaiei honako agiri hauek aurkezteko:

a) Nortasun agiri nazionalaren aurreko aldearen eta atzeko aldearen kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren aurreko aldearen eta atzeko aldearen kopia.

d) Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

6.7.2. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina, aurkeztutako datuak edo agiriak okerrekoak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Atal honetan eskatzen diren agirietako edozein behar den moduan ez aurkezteak eta horretarako ematen den epean akatsak ez zuzentzeak berekin ekarriko du izangai hori hautapen prozesutik baztertzea, deusetan galarazi gabe eskaera faltsutzeagatik legokiokeen erantzukizuna.

7.–Deialdiko lehenbiziko fasearen emaitzak.

7.1. Deialdiko lehenbiziko faseko probak bukatuta, epaimahaiak gainditu duten izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko du, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.

7.2. Berdinketarik izanez gero, lehenbiziko proban puntu gehien lortzen dutenen alde joko da, eta, berdinketak bere horretan badirau, bigarren proban lortutako puntuak hartuko dira aintzat.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, berdinketa ebatziko da kalifikazio epaimahaiak berariaz antolatuko duen jendaurreko ekitaldi batean eginen den zozketa bakar baten bidez. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena.

8.–Deialdiaren bigarren fasea: udaltzain laguntzaileen gaikuntza ikastaroa.

8.1. Lehenbiziko fasea bukatu ondoren, udaltzain laguntzaileen gaikuntza ikastaroan onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko du epaimahaiak. Ikastaroan onartutako pertsonen guztizko kopurua ezin da handiagoa izan deialdian eskainitako ikaspostuena baino.

Ikastarorako deia puntuazioaren arabera eginen da.

Horrekin batera, eta aldi berean, epaimahaiak behar den komunikazioa igorriko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari, zehaztu ditzan oinarrizko prestakuntza ikastaroa hasteko eguna, ordua, tokia eta bestelako jarraibide batzuk.

8.2. Udaltzain laguntzaileak gaitzeko ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta gobernatuko dute Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

Gaikuntza ikastaroak 150 eta 200 ordu bitarteko iraupena izanen du, eta "gai" edo "ez-gai" gisa kalifikatuko da.

Ikastaroan baja emateak gaikuntzarik ez ematea ekarriko du.

9.–Ikastaroa gainditu dutenen zerrendak.

Izangaiek gaikuntza ikastaroan lortutako kalifikazioak jaso ondoren, kalifikazio epaimahaiak argitara emanen du, www.nafarroa.eus webgunean, gaikuntza lortu duten pertsonen zerrenda, deialdi honen 11. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, eta zerrenda hori Barneko zuzendari nagusiari igorriko dio, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

10.–Ziurtagiria.

Hautaprobak eta ikastaroa gainditu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak udaltzain laguntzaileen gaikuntza lortu izanaren egiaztagiria emanen du.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Ezertan eragotzi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitalpen ofiziala behar duten tramiteak, epaimahaiak proben deialdien eta kalifikazioen gainean egiten dituen ebazpen eta jarduketei buruzko informazioa, baita oro har interesdunentzat erabilgarria den beste edozein informazio ere, deialdiaren fitxan argitaratuko dira. Fitxara sartzeko, www.nafarroa.eus helbidera jo behar da, nabigazio-bide honi jarraikiz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/bilatzailea, tramite mota, izena ematea ikastaro, azterketa eta bestelako jardueretan. Hauxe da fitxa: "Udaltzain laguntzaileen gaikuntza lortzeko 2026ko deialdia".

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

I. ERANSKINA.–UDALTZAIN LAGUNTZAILEEN GAIKUNTZA LORTZEKO DEIALDIAN IZENA EMATEKO ESKABIDEA

Izen-abizenak: ........................................................................................., nortasun agiri nazionaleko zenbakia: ............................., jaioteguna: ............................., jaioterria: .......................................................,
probintzia: ........................................, helbidea (herria): ................................................................,
probintzia: ..........................................., kalea: ......................................................., zenbakia: ................, solairua: ................, letra: ..........., posta kodea: ...................., etxeko telefonoa: .................................., telefono mugikorra: ............................., helbide elektronikoa: ...................................

ADIERAZTEN DU:

Eskatzen duela onar dezatela udaltzain laguntzaileen gaikuntza ikastaroa egiteko 2026ko deialdian (deialdia ............ Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .................aren .....(e)koan).

Ez duela karguan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez duela.

Ez dela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe dela.

Eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.

Azaldutakoa dela eta,

Eskatzen du eskaera hau ontzat har dezatela eta aipatu deialdian onar dezatela.

Iruñean, 2026ko ……………………aren …….(e)(a)n.

(Sinadura)

Nafarroako Gobernua. Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentua. Barne Zuzendaritza Nagusia.

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Hitzaurrea. Atariko titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubide eta betebeharrak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki entitateei buruzko xedapen komunak. VII. titulua: Toki entitateen zerbitzuko langileak. X. titulua: Biztanleria handiko udalerriak antolatzeko araubidea.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. tituluaren barnean: Toki entitateen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea, I. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki entitateen funtzionamendua.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa: I. titulua: Segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko segurtasun indar eta kidegoak. III. titulua: Autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena.

5.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa: I. kapitulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Segurtasun sistemaren antolaketa, eta III. kapitulua. Udaltzaingoen koordinazioa.

6.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa: I. titulua. Nafarroako poliziak eta haien arteko harremanak. III. titulua. Nafarroako udaltzaingoak.

7.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.

8.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Egingarriari buruzkoa: I. eta II. tituluak.

9.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena: I., II., III. eta IV. kapituluak.

10.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena: 1. artikulutik 9. artikulura arte.

11.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, onesten duena establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa eta arautzen dituena enpresen eta lokalen erregistroak: 3. artikulutik 26. artikulura arte.

12.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena: V. titulua: Zehapen araubidea, 74. artikulutik 82. artikulura arte.

13.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

14.–Nafarroako Atlasa, 2023.

a) Turismoa: Sarrera. Nafarroan barnako ibilbideak. Donejakue bidea. Kultura ibilbideak. Intereseko informazioa (interes orokorreko mapa turistikoa). 131. orrialdetik 198.era arte (bi horiek barne).

b) Ingurumena: ingurumen aldetik interesa duten lekuak. 199. orrialdetik 216.era arte (bi horiek barne).

III. ERANSKINA.–HIRUGARREN PROBARI DAGOZKION ARIKETAK

Hiru proba: Banca Press-a, Barrowren testa eta Course Navette-ren testa

1.–Banca Press-a edo pisua jasotzeko proba, 35 kg (gizonezkoek) eta 25 kg (emakumezkoek).

Banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 35 kiloko pisua (gizona bada) edo 25 kilokoa (emakumea bada) goratu behar du 60 segundoan, ahal dituen jasoaldi guztiak eginez.

Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz helduz eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea neurtuta). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte.

Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira, eta barrak bularra ukituko du.

Ariketa egiten den denbora guztian ezin izanen da aldatu oinek lehen abialdian duten jarrera.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Probaren kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da, honako balorazio hauen arabera:

–Gizonezkoak, 30 jasoaldi baino gutxiago, "ez gai".

–Emakumezkoak, 20 jasoaldi baino gutxiago, "ez gai".

2.–Zalutasun proba. (Barrowren testa).

Hasierako jarrera: zutik, zutoinaren ondoan, eta irteera-marraren atzean.

Nola egin: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte, eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta gero beste aldera (grafikoko A eta B ibilbideak). Ibilbide bakoitzean, bi saiakera egin daitezke. Bigarren saioa eginen da, bakar-bakarrik, baldin lehenbizikoa baliogabea izan bada. Minutu bateko atsedenaldia utziko da bigarren saioa egin baino lehen.

Zirkuituaren eskema:

Saiakera baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:

–Zutoin bat botatzen badu.

–Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.

–Ibilbidetik ateratzen bada, hau da, lasterketako marra idealetik ateratzen bada (nahiz eta ibilbide zuzenetik itzuli).

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

–Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

–Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan emandako denbora batuko da (A + B), fotozelulak irakurri bezala, hamarrenetan, kontuan hartuz ibilbideak bukatzen direla izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Fotozelula sistemak huts egiten badu, erreserbako eskuzko kronometrajea aplikatuko da.

Probaren kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da, honako balorazio hauen arabera:

–Gizonezkoak, 24"4 segundo baino gehiago, "ez gai".

–Emakumezkoak, 26"4 segundo baino gehiago, "ez gai".

3.–Erresistentzia proba. (Course Navette-ren testa).

Nola egin: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin beharko dute, zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta denbora luzeenean.

Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork lasterketaren erritmoa gainditzea.

Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz.

Zinta magnetofonikoak tarte erregularretan eginen du soinua.

Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta lasterragoa izanen da.

Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.

Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatutako erritmoari jarraitzea eskatutako tarteak bete arte.

Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio.

Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada eta metro bateko tartetik haratago joan bada, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.

Izangai bakoitzaren proba egoera hauetan bukatuko da, eta ordura arte egin dituen tarteak kontatutako dira:

–Izangaia gelditzea, salbu eta soilik une batez gelditzen bada 20 metroko marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ez zapaltzea ibilbide oso bat bukatzeko dagoen muturreko marra.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroen marratik metro bateko eremura.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera, edo haratago, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barruan egonda, izangaiak ez badu marra zapaltzen seinale akustikoak jo baino lehen, izangaiari abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroen beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroen beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat hartuko da.

Probaren kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da, honako balorazio hauen arabera:

–Gizonezkoak, 10,5 periodo baino gutxiago, "ez gai".

–Emakumezkoak, 8,5 periodo baino gutxiago, "ez gai".

IV. ERANSKINA.–BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULA

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikus-eremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsirik eza.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-eko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizketa.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, udaltzain laguntzaile aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Aparatu muskulueskeletikoa.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, ondorio funtzionalen arabera.

–Prozesu artikularrak, ondorio funtzionalen arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en gaixotasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (ondorio funtzionalen arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretaren herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterraren ihesa.

6.–Bihotz-hodietako sistema.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TASa >140 eta TADa >90).

–Arterietako hipotentsioa (TASa <90 eta TADa <45).

–Gutxiegitasun benosoa eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikaria.

–Gaixotasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren beste nahasmendu batzuk.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, ondorio funtzionalen arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren gaixotasunak, ondorio funtzionalen arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Mugimenduaren beste nahasmendu batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, alde batera utzita prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Substantzia psikotropikoak (alkohola barne) kontsumitzearen ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.

–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, nahasmendu depresibo errepikariak, depresio-aldi larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena dutenak.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu- eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Guruin endokrinoen eritasun metaboliko oro, baldin eta zerbitzuari dagozkion eginkizunak betetzea mugatzen edo eragozten badu edo horretarako pronostiko kaltegarria badu.

–Ordezko terapia jarraitua behar duten eritasun endokrinometabolikoak.

–Bestelako gaixotasun endokrinometabolikoak, pronostikatzeko moduko alterazio morfologiko edo funtzionalak sortzen dituztenak, edo zerbitzuari dagozkion eginkizunak osotara betetzea mugatzen edo eragozten dutenak, edo lanbide jarduerak berezko dituen eskakizun operatiboengatik larriagotzen ahal direnak.

–Hipotalamo-hipofisario ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison-en gaixotasuna, Cushing-en sindromea, feokromozitoma eta guruin suprarrenalen beste nahasmendu batzuk.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena ikusirik, udaltzain laguntzaileen lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfougalkor kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en gaixotasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (heparinak, sintroma), interferona, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Beste batzuk.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 30).

15.–Alderdi orokorrak.

Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, eragin funtzionalaren arabera eta udaltzain laguntzaileen lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio epaimahaiaren iritziz, udaltzain laguntzaileen lanetan aritzea eragozten baldin badute.

–Nolanahi ere, osasun-azterketa egiteko unean, ez dute izan behar gidabaimena ukatzeko arrazoi izan daitekeen gaixotasun edo urritasunik (2. taldea), Gidarien Erregelamendu Orokorraren IV. eranskinean (gidabaimena edo gidalizentzia lortzeko eta haren indarraldia luzatzeko eskatzen diren gaitasun psikofisikoak) indarrean dagoen idazketan jasotako aurreikuspenen arabera, ez eta ibilgailuak gidatzearekin edo makineria edo tresna arriskutsuak erabiltzearekin oso bateragarriak ez diren edo udaltzaingoaren lanpostuaren zereginak betetzeko gaitasunari nabarmen eragin diezaioketen sendagaien edo beste substantzia batzuen kontsumoa ere.

V. ERANSKINA.–ADIERAZPENA, BALDINTZA FISIKOAK ETA PSIKIKOAK BETETZEARI ETA BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULAKO EGOERAREN BATEAN EZ EGOTEARI BURUZKOA

....................................................................k (izen-deiturak), ................................. NANaren jabe, adierazten dut deialdiko III. eranskinean jasotako proba fisikoak egiteko behar diren baldintza fisikoak eta osasun baldintzak betetzen ditudala, bai eta udaltzain laguntzaileen funtzioa betetzeko baldintza fisiko eta psikiko egokiak ere, eta ez nagoela baztertzeko arrazoi medikoen taulako ezen egoeratan, zeinak deialdiaren IV. eranskinean agertzen baitira, hori guztia udaltzain laguntzaileen gaikuntza lortzeari begira (2026). Deialdi hori eta haren oinarriak 2026ko ............ Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, .................. aren ...........(e)koan.

Hala adierazten dut, izangai gisa, aipatu deialdiaren 6.4.2 atalean ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2026ko ……………………aren …….(e)(a)n.

Sinatua:

Iragarkiaren kodea: F2611447